Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2022ko martxoaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1276

ERABAKIA, 2022ko otsailaren 3koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza ezartzekoa.

Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza egiteko plangintza bat prestatze aldera Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan, errektoreordetza honek behar diren akordioak sustatu ditu gradu hau 2022-2023 ikasturtetik aurrera abian jartzeko.

Hori dela eta, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordearen proposamenez, eta unibertsitateko Graduko Batzordeak 2022ko urtarrilaren 19an aldeko txostena egin eta gero, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea, eranskinean jasota dagoen bezala, UPV/EHUko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza lortzeko arautegia.

Bigarrena.– Argitara ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Leioa, 2022ko otsailaren 3a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ARAUTEGIA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO VITORIA-GASTEIZKO INGENIARITZA ESKOLAKO INGENIARITZA MEKANIKOKO ETA INDUSTRIA ELEKTRONIKAREN ETA AUTOMATIKAREN INGENIARITZAKO GRADU BIKOITZA ESKURATZEARI BURUZKOA

1. artikulua.– Xedea.

Arautegi honen helburua da programazio bat zehaztea ikasleek Ingeniaritza Mekanikoko Graduaren ikasketa planeko irakasgaiak eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Graduaren ikasketa planeko irakasgaiak egin ahal izateko, hartara graduko titulu biak eskura ditzaten. Programazio horren kudeaketa Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolari dagokio, horrek traba egin barik arautegi honetako 5. artikuluan aurreikusten den Batzorde Akademikoaren eskumenei.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

2.1.– Arautegi hau aplikatuko zaie Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitzean (aurrerantzean «gradu bikoitzean») UPV/EHUk emango dituen ikasketei.

2.2.– Gradu bikoitzean matrikulatuta dauden eta haren programazioko ikasketak gainditzen dituzten ikasleek bi titulu ofizialak eskuratuko dituzte aldi berean: Ingeniaritza Mekanikoko Gradua eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua, eta bi tituluek balioa izango dute estatu osoan.

2.3.– Erregimen akademikoa, gaien irakaskuntza, ikasleen ebaluazioa eta, oro har, gradu bikoitzaren programazio espezifikoaren alderdi akademiko guztiak arautegi honen bitartez arautuko dira, eta hemen jasotzen ez den guztirako, UPV/EHUko arautegi orokorrari jarraituko zaio.

3. artikulua.– Zuzendaritza akademiko eta exekutiboa.

3.1.– Gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoari dagokio. Hurrengo artikuluan zehazten da haren osaera.

3.2.– Gradu bikoitzaren koordinatzaile karguan txandakatuko dira, bi ikasturtean behin, Ingeniaritza Mekanikoko Graduko koordinatzailea eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Graduko koordinatzailea.

4. artikulua.– Batzorde Akademikoaren osaera.

4.1.– Batzorde Akademikoak honako kide hauek izango ditu:

– Ingeniaritza Mekanikoko Graduko koordinatzailea eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Graduko koordinatzailea.

– Mailako koordinatzaileak, bai Ingeniaritza Mekanikoko Gradukoak eta bai Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradukoak.

– Gradu bikoitzeko ikasleen ordezkari bat.

– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendaritzaren ordezkari bat, bertako zuzendariak proposatua.

4.2.– Batzorde Akademikoko burua izango da Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendaritzaren ordezkaria.

4.3.– Batzorde Akademikoko idazkari karguan txandakatuko dira, bi ikasturtean behin, titulazio bietako graduko koordinatzaileak.

5. artikulua.– Batzorde Akademikoaren eginkizunak.

5.1.– Gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa graduko bikoitzeko Batzorde Akademikoaren ardura izango da. Zehazki, eginkizun hauek izango ditu:

Gradu bikoitzaren antolaketa akademikoa.

Gradu bikoitzaren irakaskuntzaren kalitatea bermatzea eta zaintzea, ikastegiko Kalitate Batzordearekin koordinazioan.

5.2.– Batzorde Akademikoa gutxienez sei hilean behin bilduko da, batzordeko buruak deituta.

Era berean, Batzorde Akademikoko hiru kidek gutxienez hala eskatzen dutenean ere bilera egin ahal izango da.

5.3.– Batzorde Akademikoak ahalegina egingo du erabakiak aho batez hartzeko, eta, ezinezkoa denean, ikastegiko zuzendariak hartuko du erabakia.

6. artikulua.– Gradu bikoitzaren koordinatzailearen eginkizunak.

Honako hauek izango dira gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak:

– Batzorde Akademikoak hartutako erabakiak betetzea.

– Gradu bikoitzaren ordezkaria izatea.

– Beste zeregin batzuk, Batzorde Akademikoak emandakoak edo UPV/EHUko arautegiek titulazioko koordinatzaileari esleitzen dizkiotenak.

7. artikulua.– Graduan sartzeko baldintzak eta irizpideak.

7.1.– Ikasleak gradu bikoitzean onartzeko aplikatuko dira UPV/EHUk ikasleak onartzeko dituen arau orokorrak.

7.2.– Gradu bikoitzerako sarrera nota kalkulatzeko, kontuan hartuko da bi graduetarako sarrera notarik onena, hau da, Ingeniaritza Mekanikoko Gradurako sarrera notaren eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradurako sarrera notaren arteko onena.

8. artikulua.– Matrikula.

8.1.– Kontu administratiboei dagokienez, gradu bikoitz honen kudeaketa Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolak egingo du.

8.2.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleak bertan matrikulatuko dira UPV/EHUko gainontzeko ikasleen baldintza berberetan.

8.3.– Graduan onartutako ikasleek ordaindu beharko dituzte ikasketen prezioei buruzko arauetan zehaztutako prezio publikoak, eta, baldintzak betetzen dituztenean, aplikatuko zaizkie arau horietan edo beste lege batzuetan jasotako salbuespenak.

9. artikulua.– Gradu bikoitzaren arautegi akademikoa.

9.1.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleak beren programazioko irakasgaietan baino ez dira matrikulatuko maila bakoitzean. Ikasketen programazioa arautegi honen I. eranskinean dago jasota.

9.2.– Lehenengo mailan, maila horretako kreditu guztietan matrikulatu beharko dira. Hurrengo maila bakoitzean ikasleak gutxienez 60 kreditutan matrikulatu beharko dira, gradu bikoitzeko programa osoa amaitzeko 60 kreditu baino gutxiago falta zaizkienean izan ezik.

9.3.– Ikasturte bakoitzean ikasleek gutxienez 36 ECTS gainditu beharko dituzte, ohiko eta ezohiko deialdien artean. Edozelan ere, gehienez ere zazpi ikasturtean amaitu beharko dute programa.

9.4.– Baldintza horietakoren bat betetzen ez duten ikasleek utzi egin beharko dute gradu bikoitza. Hori gertatzen zaienek jarraitu ahal izango dute Ingeniaritza Mekanikoko Graduan edo Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Graduan, nahi bezala. Horretarako, eskaria aurkeztu beharko dute ikastegiko idazkaritzan. Ikasle horiek eskolak ezarritako epeetan eta irizpideen arabera egin beharko dute matrikula.

Era berean, ikasle batek erabakitzen badu gradu bikoitza bere borondatez uztea, aurreko paragrafoan azaldutako prozedura aplikatuko zaio, pasatu ahal izan dadin Ingeniaritza Mekanikoko Gradura edo Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradura.

9.5.– Ingeniaritza Mekanikoko Graduko titulua eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Graduko titulua lortzeko kredituen aitorpena egingo da ikasleak gaindituta dituenean gradu bikoitzeko ikasketa programako irakasgai guztiak, bi titulazioetako gradu amaierako lanak barne.

10. artikulua.– Ebaluazioa.

Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleen ebaluazioa egingo da gainontzeko titulazio ofizialetako ohiko prozedurari jarraituz, eta graduko titulu ofizialetarako Gobernu Kontseiluak onartutako egutegiaren arabera.

11. artikulua.– Tituluak eta tituluen gehigarri europarrak (TGE) ematea.

Gradu bikoitzaren programa gainditzen duten ikasleek Ingeniaritza Mekanikoko Graduko titulua eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Graduko titulua eta horien gehigarri europarrak eskatu ahal izango dituzte, kasuan kasuko prezio publikoak ordainduta.

12. artikulua.– Arautegiaren onarpena.

Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleek arautegi honi jarraitu beharko diote, eta hemen jasota ez dagoenerako, UPV/EHUko arautegi orokorrari.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Graduko Batzordeari behar izanez gero arautegi hau moldatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Gaian eskumena duen errektoreordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau aplikatzean sor daitezkeen auziak interpretatu eta ebazteko.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Arautegi hau 2022-2023 ikasturtean sartuko da indarrean.

ERANSKINA
INGENIARITZA MEKANIKOKO ETA INDUSTRIA ELEKTRONIKAREN ETA AUTOMATIKAREN INGENIARITZAKO GRADU BIKOITZAREN PROGRAMAZIOA VITORIA-GASTEIZKO INGENIARITZA ESKOLAN
1. MAILA (60 ECTS)
(Ikus .PDF)

2. MAILA (60 ECTS)
(Ikus .PDF)

3. MAILA (60 ECTS)
(Ikus .PDF)

4. MAILA (60 ECTS)
(Ikus .PDF)

5. MAILA (48 ECTS)
(Ikus .PDF)
MAILA BAKOITZEKO ECTS KREDITU KOPURUA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala