Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2022ko martxoaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1143

262/2021 DEKRETUA, abenduaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak erregistratzeari buruzkoa.

EAEko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 30. artikuluan dago xedatuta ezen kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek, eta horiek osatutako federazioek eta konfederazioek, arau aplikagarriek ematen dizkieten onurak izateko, egon behar dutela EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan inskribatuta. Horretaz gain, egoitza ere Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute eta arauz ezarritako baldintzak eta eskakizunak bete behar dituzte onuretariko bakoitza izateko. Horretarako, kontuan hartuko dira zer irizpide izan diren lurraldeka ezartzeko, zenbat elkartekide diren, eta zer-nolako jarduera-programa den.

Gaur egun, indarreko arauak uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuan daude. Dekretu horren bidez aldatu zen Kontsumitzaileen Erakundeen Errolda sortzeari buruzko 1981eko abuztuaren 17ko Dekretua, Kontsumitzaileen Estatutuari buruzko Legean xedatutakoaren arabera –estatutu hori azaroaren 18ko 10/1981 Legea garatzeko sortu zen–. Dekretu horrek, batetik, Kontsumo Zuzendaritzari atxikitzen zion errolda; baina, gaur egun, ez dago halako organorik Eusko Jaurlaritzaren egituran. Izan ere, zuzendaritza horren eskumenak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari eskualdatu zitzaizkion ekainaren 29ko 9/2007 Legearen bidez. Lege horretan, batetik, erakunde autonomoa sortu zen eta, bestetik, elkarteak inskribatzeko baldintzak eta ondorioak arautu ziren, esate baterako: eskakizunetako bat da izatea gutxienez 100 kide eta gutxienez 100.000 pezetako urteko sarrerak.

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina onartzen duen azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak Kontsumitzaileen elkarteen eta horien erregistroaren arloko oinarrizko araudia jasotzen du.

Indarrean jarri zenetik igarotako denborari erreparatuta, araua eguneratu behar da, gaur egungo legera eta inguruabarretara egokitu ahal izateko, bai izendapena aldatzeko, bai inskripzioaren eskakizunak eta ondorioak arautzeko.

Xede horretarako, dekretu honek EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroa Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritzari atxikitzen dio, erregistro administratibo, publiko eta doako gisa eratzen du eta telematikoki kudeatuko da. Arauan aurreikusita dago kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan inskribatzeko eskatzen dutenek bete behar dituztela EAEko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legeak eta erregelamendu-arauek ezarritako eskakizunak.

Aipatutako legezko xedapen horrekin bat etorriz, dekretuak hauek hartzen ditu kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkartetzat: bai zentzu hertsian irabazi-asmorik gabekoak izanik kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak babesteko eta defendatzeko helburua dutenak, bai kooperatiben legeen arabera sortutako kontsumitzaile- eta erabiltzaile-elkarteak baldin eta bazkideak hezteko eta prestatzeko helburua badaukate nahitaez –horretarako funts bat eratu beharko dute nahitaez–, bai erakunde horiek sortutako federazioak eta konfederazioak.

Inskripzioa lortu ahal izateko, egoitza eta jardun-esparrua Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dituzte kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek. Gainera, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte: gutxienez 100 bazkide izatea kuotak edo ekarpenak ordainduta; bazkideei edo jendeari, oro har, eskura jartzea kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako arreta- eta informazio-zerbitzu bat, aurrez aurrekoa edo telematikoa, non beti egongo baita harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat; eta, jardueretarako, urteko, 10.000 eurotik gorako aurrekontua izatea.

Halaber, inskripzio-eskabidea eta erantsi beharreko dokumentazioa daude araututa dekretuan. Eskabidea egin ostean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritzak eman eta jakinaraziko du ebazpena lau hileko epean; epea amaitutakoan, baietsitakotzat hartuko da administrazio-isiltasunaren ondorioz.

Dekretuan dago zehaztuta zer datu jasoko diren erregistroko inskripzioan. Datu horiek aldatuz gero, elkarteek eman beharko dute horren berri hilabeteko epean. Halaber, ezarrita dago elkarteek nahitaez eskatu behar dutela erregistroko baja inskripzio-eskakizunak betetzeari uzten badiote. Horretaz gain, aurreikusita dago ofiziozko baja erabaki daitekeela hiru kasu hauetan: inskripzio-eskakizunak ez betetzea –eta, jakina, baja eskatu ez bada–; EAEko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 33. artikuluan adierazitako kasuetariko batean egotea; eta inskripzioan jasotako datuak aldatu eta ez jakinaraztea, edo 12. artikuluan xedatutako informazio-betebeharrak ez betetzea. Ofiziozko bajaren ebazpena emateko, lehenik, amaitu behar da elkarte interesdunaren entzunaldiaren prozedura izapidetzen.

Erregistroaren izaerarekiko koherentziari eusteko, dekretuak azaltzen du inskripzioan jasotako datuak publikoak direla eta jendaurrean jarriko ez direnak zein diren adierazten du.

Azkenik, 12. artikulu horretan dago xedatuta, batetik, inskribatutako elkarteek zenbait dokumentu aurkeztu behar dutela urtero, lehen hiruhilekoan, inskripzio-eskakizunei eusten dietela justifikatzeko xedez, eta, bestetik, oro har, nahitaez jarri behar dutela Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren eskura eskatzen zaien edozein informazio eta dokumentu, arauan xedatutakoa betetzen dutela egiaztatzeko xedez.

Lehen xedapen gehigarrian dago xedatuta ezen, dekretu honetan araututako erregistroan sartzeko, Kontsumitzaileen Erakundeen Erroldan –uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuan aratuta– inskribatuta dauden elkarteek dekretu honetan ezarritako eskakizunak bete behar dituztela; horretarako, beste inskripzio-eskabide bat egin beharko dute, 6. artikuluan adierazi bezala, dekretu hau indarrean jarri eta sei hileko epean. Epe hori igarota, errolda zaharreko inskripzioak ondoriorik gabe geratuko dira.

Dekretua honela dago egituratuta: 12 artikulu, hiru xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat. Edukia honako hau du: 1. artikuluak arauaren helburua ezartzen du; 2. artikuluak erregistroaren izaerak ezartzen ditu; 3. artikuluak inskribatu beharreko elkarteak definitzen ditu; 4., 5. eta 6. artikuluek, hurrenez hurren, eskakizunak, erregistroko inskripzio-eskabidea eta -ebazpena ezartzen dituzte; 7. artikuluak erregistro-inskripzioaren edukia xedatzen du; 8. artikuluak inskripzioan jaso beharreko datuen aldaketa arautzen du; 9. eta 10. artikuluek elkarteari erregistroan baja ematea xedatzen dute, bai elkarteak berak hala eskatuta, bai ofizioz; 11. artikuluak erregistroko informazioaren publikotasuna arautzen du; eta, azkenik, 12. artikuluak xedatzen du inskribatutako elkarteek dituzten informatzeko betebeharrak.

Era berean, arauak hiru xedapen gehigarri ditu: lehenengoa, dagoeneko aipatu dena, indarreko Kontsumitzaileen Erakundeen Erroldan egindako inskripzioek eraginkortasuna galtzeari buruzkoa, bigarrena, datuen bilketan «sexua» aldagaia jasotzeari buruzkoa, eta hirugarrena, izaera pertsonaleko datuak tratatzeari buruzkoa. Gainera, dekretuak xedapen indargabetzaile bat du, indarreko erroldaren dekretu arautzailearen gainean ondorioak sortzen dituena, eta azken xedapen bat, dekretua indarrean sartzeari buruzkoa.

Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 28an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau.

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak erregistratzeko arauak ematea.

2. artikulua.– Erregistroaren izaera.

1.– EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroak izaera administratiboa, publikoa eta doakoa du, eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzenbideari atxikita dago.

2.– Erregistroko eskabideak eta jakinarazpenak telematikoki kudeatu eta izapidetuko dira.

3. artikulua.– Inskribatu beharreko elkarteak.

1.– Dekretu honen ondorioetarako, honako hauek izango dira kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak:

a) Elkarteen arloan indarrean dauden legeen arabera eratutako irabazi-asmorik gabeko elkarteak, baldin eta, estatutuei jarraikiz, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestu eta defendatzeko helburua badute, orokorrean edo produktu edo zerbitzu zehatz batzuei loturik.

b) Kooperatibei buruzko legeen arabera eratutako kontsumitzaile- eta erabiltzaile-erakundeak, baldin eta euren helburuetako bat bazkideak hezi eta prestatzea bada, eta helburu horretarako funtsa eratzera behartuta badaude, dagokion berariazko legeriaren arabera.

c) Aurreko apartatuetako elkarte eta erakundeen federazio eta konfederazioak.

2.– Arau honek kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei egiten dizkien erreferentzia guztiak, espresuki kontrakoa adierazi ezean, aurreko apartatuko erakundeei egindakotzat hartuko dira.

3.– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarte izendapena edo nahastea edo gaizki ulertzea eragin dezakeen beste antzeko adierazpenen bat soilik erabili ahal izango dute izan baden kontsumitzaileen elkarteen erregistroren batean inskribatuta dauden erakundeek.

4. artikulua.– Inskripzioa egiteko eskakizunak.

1.– Inskripzioa egiteko, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek eskakizun hauek bete behar dituzte:

a) Egoitza eta jardun-esparru nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Gutxienez 100 bazkide izatea kuotak edo kapital sozialerako ekarpenak ordainduta.

c) Bazkideei edo jendeari, oro har, eskura jartzea kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako arreta- eta informazio-zerbitzu bat, aurrez aurrekoa edo telematikoa, non beti egongo baita harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat.

d) Jardueretarako, urteko, 10.000 eurotik gorako aurrekontua izatea Kooperatiben kasuan, aurrekontua izango da bazkideen hezkuntza eta prestakuntzarekin lotutako jardueretarako, helburu horretarako eratutako funtsaren kargura.

2.– Elkarteen federazio edo konfederazioren bat inskribatzeko eskatzen bada, artikulu honetako eskakizunak betetze aldera, kontuan hartuko da zenbat bazkide diren, zer jarduketa dagoen arreta- eta informazio-zerbitzuan, eta zer jarduera egin duten, oro har, federazio edo konfederazio horiek osatzen dituzten elkarte edo federazioetan.

3.– Ezin izango dira inskribatu Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 33. artikuluan adierazitako kasuetariko batean dauden elkarteak.

5. artikulua.– Inskripzio-eskabidea.

1.– EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan inskribatzeko, elkarte interesdunak behar den eskabidea aurkeztu beharko du.

2.– Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Eratze-agiria eta erakundearen estatutuak eta, federazioak edo konfederazioak badira, eratze-erabakiak eta bakoitza osatzen duten elkarteen edo federazioen estatutuak ere bai.

b) Erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, non jasoko baita presidentearen oniritzia eta egiaztatuko baita dekretu honen 4. artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen direla eta, zehatz-mehatz, honako hauek:

1) Elkartearen izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

2) Elkartearen egoitza eta, halakorik izanez gero, ordezkaritzenak.

3) Elkartearen artezkaritza-organoen osaera, eta organo horiek osatzen dituzten pertsonen identifikazio fiskaleko zenbakia.

4) Kuoten edo ekarpenen ordainketa egunean duten bazkide-kopurua.

5) Kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako arreta- eta informazio-zerbitzuaren identifikazioa, honako hauek adierazita: baliabide elektronikoak, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa eta, hala badagokio, erabilitako instalazioak non dauden.

6) Diru-sarreren eta gastuen urteko aurrekontua, non, zentzu hertsian elkarteak diren kasuan, kuota sozialen urteko zenbatekoa adieraziko den, eta kooperatiben kasuan, bazkideen hezkuntza- eta prestakuntza-helburuetarako erabilitako funtsa adieraziko den.

7) Zenbateko kuota ordaindu behar duten elkartekideek urteko.

8) Hala badagokio, zer federazio edo konfederaziotakoa den.

c) Urteko jardueren memoria. Kooperatiba bat denean, memoriak adierazi behar du zer jarduera garatu den bazkideen hezkuntzarako eta prestakuntzarako, helburu horretarako eratutako funtsaren kargura.

d) Entitatearen ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena; bertan adieraziko da ez dagoela Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 33. artikuluan aurreikusitako ezein egoeratan.

6. artikulua.– Inskribatzeko ebazpena.

1.– Eskabidea osorik ez badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio elkarteari konpontzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, izapidetzen amaitu ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

2.– Elkartea inskribatzeko behar diren eskakizun guztiak bete badira eskabidean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritzak emango du horretarako ebazpena. Bestela, inskribatzeko eskera ezeztatuko du, ebazpen arrazoituaren bidez.

3.– Ebazpena eman eta jakinarazteko epea lau hilekoa izango da, eskabidea Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren erregistro elektronikoan sartzen denetik aurrera.

4.– Ematen den ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzan kontsumoaren arloan eskumenak dituen sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela iritziko zaio.

7. artikulua.– Inskripzioaren edukia.

Elkartearen inskripzioan, datu hauek jasoko dira:

a) Elkartearen izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia, adierazita hauetariko bat den: zentzu hertsiko elkarte bat, kooperatiben legeen arabera sortutako erakunde bat, edo aurreko horiek osatutako federazio edo konfederazio bat.

b) Erregistroko inskripzio-zenbakia.

c) Jarduteko lurralde- eta funtzio-esparrua, hau adierazita: kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko helburu hori orokorra den edo produktu mota edo zerbitzu zehatz batzuei loturik dagoen.

d) Elkartearen artezkaritza-organoen titularren izen-abizenak.

e) Zenbat diren kuotak edo ekarpenak ordainduta dauzkaten elkartekideak, urtero abenduaren hogeita hamaikan.

f) Zenbateko kuota ordaindu behar duen elkartekide bakoitzak urteko.

g) Zer arreta- eta informazio-zerbitzu eskaintzen zaien kontsumitzaile eta erabiltzaileei, hauek adierazita: baliabide elektronikoak, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa eta, hala badagokio, erabilitako instalazioak non dauden.

h) Hala badagokio, zer federazio edo konfederaziotakoa den.

i) Noiz inskribatu den elkartean; halakorik izanez gero, noiz izan duen aldaketarik, eta noiz eman duen baja erregistroan.

8. artikulua.– Inskripzio-datuak aldatzea.

1.– Erregistroan inskribatutako kontsumitzaile- eta erabiltzaile-elkarteek Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari eman behar diote inskripzio-datuetan egiten duten edozein aldaketaren berri; aldaketa horiek ez dute izan behar inskripziorako behar diren eskakizunetako bat galtzea eragin dezakeen bat ere.

2.– Aldaketen jakinarazpenarekin batera, aldaketaren egitatea egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da.

3.– Jakinarazpena aurkezteko epea hilabetekoa izango da, aldaketa egiten den unetik aurrera.

9. artikulua.– Erregistroan baja emateko eskabidea.

1.– Inskripziorako eskatutako eskakizunetako bat galduz gero, erregistroko baja eskatu beharko du elkarteak dekretu honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Eskabidea hilabeteko epean egin beharko da, baja eragiten duten egitateak sortzen direnetik hasita.

3.– Baja erabakitzeko, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritzak emango du ebazpena, zeina eman eta jakinarazi beharko baita hiru hileko epean, eskabidea erakunde autonomoaren erregistro elektronikoan sartzen denetik hasita. Ez bada epe horretan ebazpena jakinarazten, baietsitakotzat hartuko da administrazio-isiltasunaren ondorioz.

10. artikulua.– Erregistroan baja emateko agindua.

1.– Erregistroko baja ofizioz ere agindu ahal izango da egoera hauetan:

a) Inskripzioko elkarteak inskripzio-eskakizunak betetzeari utzi badio, dekretu honetan xedatutakoarekin bat etorriz, nahiz eta erregistroan baja emateko eskabiderik ez aurkeztu.

b) Elkarteak ez baditu betetzen dekretu honen 8. eta 12. artikuluetan ezarritako betebeharrak.

2.– Hala bada, baja ematea erabaki ahal izango da Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritzak emandako ebazpen ziodun baten bidez, eraginpeko elkarteari entzunaldiaren izapidea egin ostean.

3.– Elkarte bati baja emateko agintzen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzan kontsumoaren arloan eskumenak dituen sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Erregistroan baja eman ahal izango zaio, halaber, egiaztatzen bada, administratiboki edo judizialki, inskribatutako betebeharra Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 33. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dagoela.

11. artikulua.– Erregistroko informazioaren publikotasuna.

1.– EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan inskribatzeko eman beharreko datuak publikoak dira.

2.– Erregistroak ez ditu publiko egingo egoera zibila, helbidea, nortasun agiri nazionalaren zenbakia edo erregistroko dokumentazioan dauden eta izaera pertsonala duten bestelako datuak, dekretu honetako 7. artikuluan inskripzioaren edukiaren osagai gisa berariaz jasotzen ez badira.

3.– Interesdunak eskatuta, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritzak egiaztatuko du erregistroko inskripzioen edukia.

12. artikulua.– Inskribatutako elkarteen informazio-betebeharrak.

1.– Inskribatutako kontsumitzaile- eta erabiltzaile-elkarteek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute urte natural bakoitzeko lehen hiruhilekoan:

a) Aurreko urtean egindako jardueren deskripzio-memoria.

b) Aurreko urteko sarreren eta gastuen aurrekontuaren likidazioa.

c) Uneko urterako programatutako jardueren memoria.

d) Uneko urteko sarrera-gastuen aurrekontua, hauek adierazita: elkartearen urteko kuoten zenbatekoa edo, kooperatibak badira, helburu horietara bideratutako funtsaren zenbatekoa.

e) Zenbateko kuota ordaindu behar duen elkartekide batek urteko.

f) Zenbat diren kuotak edo ekarpenak ordainduta dauzkaten elkartekideak abenduaren hogeita hamaikan.

2.– Kooperatiben kasuan, aurreko apartatuetan adierazitako agiriak bazkideen heziketa-jardueraren eta horretara bideratutako funtsaren arlora mugatuko dira.

3.– Inskribatutako kontsumitzaile- eta erabiltzaile-elkarteek eskura jarriko diote Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari edozein informazio eta dokumentazio, dekretu honetan xedatutakoa betetzeko eskatzen baldin bazaie.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kontsumitzaileen erakundeen indarreko errolda.

1.– Dekretu hau indarrean jartzen denean, uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuak araututako Kontsumitzaileen Erakundeen Erroldan inskribatuta dauden elkarteek nahi badute EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan sartu, dekretu honetako eskakizunak bete beharko dituzte, eta inskripzio-eskabidea egin 5. artikuluan adierazitakoaren arabera (uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuak Kontsumitzaileen Erakundeen Errolda sortzeari buruzko 1981eko abuztuaren 17ko Dekretua aldatu zuen Kontsumitzaileen Estatutuari buruzko Legean xedatutakoaren arabera).

2.– EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan inskribatzeko eskabidea egiteko epea sei hilekoa izango da, dekretua indarrean jartzen denetik hasita.

3.– Inskribatzeko prozedura ebazteko, kontuan hartuko da 8. artikuluan xedatutakoa; hala ere, ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da.

4.– Uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuan arautako Kontsumitzaileen Erakundeen Erroldako inskripzioek eraginkortasun osoa izango dute dekretua indarrean jarri eta sei hileko epean; baina, epe hori igarota, ez dute inolako eraginik izango.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuak jasotzeko, sexuaren aldagaia sartzea.

EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan egindako inskripzioetan eta dekretu honetan xedatutakoa aplikatzeko datuak biltzeko bestelako dokumentu guztietan, sexuaren aldagaia sartu beharko da, halako moldez non datuak bereizita jasotzeko eta ustiatzeko bidea izango baita.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak babestea.

Datu pertsonalen tratamendua egin behar bada, honako araudi hau beteko da: batetik, 2016/679 (EB) Erregelamendua –Datuak babesteko erregelamendu orokorra–, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du), eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten da uztailaren 30eko 249/1985 Dekretua –honen bidez aldatu zen Kontsumitzaileen Erakundeen Errolda sortzeari buruzko 1981eko abuztuaren 17ko Dekretua, Kontsumitzaileen Estatutuari buruzko Legean ezarritakoaren arabera–, eta arau honetan xedatutakoaren aurka egiten duten xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko abenduaren 28an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.


Azterketa dokumentala