44. zk., 2022ko martxoaren 2a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (141 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1022
EBAZPENA, 2022ko otsailaren 22koa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoan doktorego-titulua dutenak kontratatuz eta doktorego industrialak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzen 2022ko deialdia. Bikaintek programa.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 8ko Aginduak Bikaintek programako laguntzak arautzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan I+G proiektuak garatzeko, doktorego-titulua dutenak kontratatuz eta doktorego industrialak eginez (EHAA, 53. zk., 2021eko martxoaren 15ekoa, astelehena).
Agindu horren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoan doktorego-titulua dutenak kontratatuz eta doktorego industrialak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzen – Bikaintek programaren – deialdia egiten da, 2022ko ekitaldirako.
Horregatik guztiagatik, aipatutako aginduaren 12. artikuluan ezarritako ahalmenaren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da 2022ko ekitaldirako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 8ko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia egitea. Agindu horrek Euskal Autonomia Erkidegoan doktorego-titulua dutenak kontratatuz eta doktorego industrialak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzak arautzen ditu – Bikaintek programa.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Aurreko artikuluko helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 5.670.000 euro dira.
Doktore titulua duten pertsonak kontratatuz erakunde onuradunek garatuko dituzten I+G proiektuen lerrorako aurrekontua 2.610.000 eurokoa da. 2022ko ekitaldiko ordainketa-kreditua 652.500 eurokoa da, eta konpromiso-kredituak: 1.305.000 euro 2023an, eta 652.500 euro 2024an.
Industria-doktoregaien lerrorako aurrekontua 3.060.000 eurokoa da. 2022ko ekitaldiko ordainketa-kreditua 750.000 eurokoa da, eta konpromiso-kredituak 780.000 euro 2023an, 780.000 euro 2024an eta 750.000 euro 2025ean.
2.– Programa hau burutzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz.
Zenbateko horiek handitu ahal izango dira, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, eta laguntza horiek ebatzi baino lehen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren I+G+b arloko beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Horrelakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta ebazpen honetako gainontzeko izapideak kudeatzeko bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.
2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxaren helbidea honako hau da: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2022/bikaintek-2022/web01-s2ekono/eu
Bertan eskaera izapidetzeko jarraibideak eta eskabide-formularioetara sartzeko estekak daude eskuragarri. Eskaera-formularioetan aurki daitezke erantzukizunpeko adierazpenak eta dokumentu-ereduak.
Eskabidea egin eta geroko izapideak (jakinarazpenak eta justifikazioak barne), bide elektronikoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira. Espedientean sartzeko, honako atarira jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta elektronikoki sinatzeko onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko apirilaren 29an amaituko da.
4. artikulua.– Ebaluazio-organoaren osaera.
2022ko ekitaldian aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, bai eta laguntzak emateko proposamena egiteko ere, I+G proiektuak garatzeko laguntzak arautzen dituen Aginduaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-organoa eratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan doktorego-titulua dutenak kontratatu eta doktorego industrialak egiteko Bikaintek Programaren barruan, eta Alberto Fernández González Teknologia eta Berrikuntzaren zuzendaria izango da burua. Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria, Leire Madariaga Gangoiti, izango da ordezkoa.
Honako hauek izango dira bokalak: Xabier Domínguez López de Lacalle (Gonzalo Martínez Martínez ordezkoa), eta Joseba Beldarrain Agirre. Azken horrek Ebaluazio Organoko idazkari-lanak egingo ditu (Natividad Niño Bartolomé ordezkoa).
5. artikulua.– Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak eta ordainsarien eta egonaldien zenbatekoak.
1.– Doktore tituluarekin kontratatutako pertsona bakoitzeko dirulaguntzaren urteko gehieneko zenbatekoa ez da 30.000 eurotik gorakoa izango; industria-doktoregoen lerroan, zenbateko hori 26.000 eurora mugatzen da.
2.– Doktore titulua duten pertsonak kontratatzeko urteko gutxieneko ordainsari gordina 32.000 eurokoa izango da, eta industria-doktoregaiak prestatzeko, berriz, 20.000 eurokoa.
3.– Industria-doktoregaiek gehienez 6.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute prestakuntza-aldi osoan zehar egin beharreko egonaldi gisa, eta diruz lagun daitezkeen mantenu-gastuak ez dira 36 eurotik gorakoak izango egonaldiko egun bakoitzeko.
4.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuraduna administrazio honetako dagokion datu-basean agertu beharko da. Bertan alta emateko, edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 22a.
Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,
Estíbaliz Hernáez Laviña.