Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2022ko martxoaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1020

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 10ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Derioko (Bizkaia) Ugaldeguren I industrialdearen Plan Partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko abenduaren 10ean, Derioko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Derioko (Bizkaia) Ugaldeguren I industrialdearen Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko azaroaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Derioko (Bizkaia) Ugaldeguren I industrialdearen Plan Partziala abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela (ingurumen-txosten estrategikoaren arabera) edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Derioko (Bizkaia) Ugaldeguren I industrialdearen Plan Partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Azterlanaren eremuan indarrean dagoen hirigintza-esparrua bat dator «Hirigintza-plangintzako Arau Subsidiarioak (98ko berrikuspena), testu bategina, 2004ko martxoa» dokumentuarekin (aurrerantzean Arau Subsidiarioak), behin betiko onartua, eta plangintzaren figura horren gidalerroetan oinarrituta egiten da aztergai den aldaketa puntuala.

Ugaldeguren I industrialdearen Plan Partzialaren Aldaketaren helburua da industria-lurzoruan baimendutako erabilerak areagotzea, indarrean dagoen araudian aurreikusitako erabilerez gain, kirol-ekipamenduaren erabilera eta merkataritza- eta ostalaritza-erabilerak ahalbidetzeko.

Planak planteatzen duen proposamenak modu egokian erantzuten die Derioko eremuaren eta Derio udalerriaren beharrei. Indarrean dagoen aukerari dagokionez (0 aukera), proposamenak hobeto erantzuten dio udalerrian kirol-ekipamenduen eskaria handitzeari, eta, industrialdearen eraikuntza-bolumen globalaren oinplanoko okupazioari eutsiz, erabileren nahasketa handitzen da eta lurzatiaren errendimendua hobetzen da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren xedea da lurzatian baimendutako erabilerak areagotzea; beraz, ondorioztatzen da ez duela eragin aipagarririk izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren irizpideak barnean hartzeko: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak barnean hartzeko. Planaren proposamenak lurzatiaren erabileren mistotasuna areagotzen du, eta dagoeneko eraldatuta dagoen lurzorua hobeto aprobetxatzea dakar.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Eragindako eremuaren eta izan daitezkeen ondorioen ezaugarriak:

Ugaldeguren I industrialdearen mugaketak –Plan Partzialaren Aldaketaren eremua da hori–, 8,88 hektareako azalera du. Hiri-lurzoru industrial finkatuko eremu bat da, produkzio-erabilerako jarduerek okupatzen dute, eta hainbat jardueratako pabiloi industrialak ditu.

Eremua Santimami auzoan dago. Iparraldean eta ekialdean, Asua ibaiaren ibilguarekin egiten du muga; mendebaldean, Zamudioko Ugaldeguren industrialdearekin; eta hegoaldean, Santimami auzoarekin eta BI-631 errepidearekin (Bilbo-Mungia autobia). Eremua Santo Domingo hiribideak zeharkatzen du iparraldetik hegoaldera.

Azterlan honen xede den eremuak aldaketa handiak ditu, industrialdea urbanizatzeko eta eraikitzeko egindako obren eta jarduera ekonomikoetarako instalazioen ondorioz. Alde horretatik, gaur egun, ia eremu osoa asfaltatuta edo eraikita dago, eta belar-landaredi erruderal eta nitrofilo bat baino ez dago.

Asua ibaiaren zatia, eremuarekin muga egiten duena, «hobetzeko zati»tzat hartuta dago Foru Dekretu honetan: ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onetsi zuena, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea baita eta babesteko neurri bereziak behar baititu. Asua ibaia, gainera, arrain hiruarantzaren (Gasterosteus aculeatus) Lehentasunezko Banaketa Eremu bati dagokio. Bestalde, eremua bat dator Schreiber muskerraren (Lacerta schreiberi) eta baso-igel iberiarraren (Rana iberica) Lehentasunezko Banaketa Eremuarekin.

«Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioak» 22 lurzati edo horien zati identifikatu ditu eremuan.

Eremu horretan, urpean gera daitezkeen eremuak identifikatu dira hego-ekialdeko muturrean, EAEko uholde-arriskuaren kartografiaren arabera (Uraren Euskal Agentzia). 100 urteko errepikatze-denborarako urpean gera daitezkeen eremuetako batzuk hego-ekialdean daude; Asua ibaia hiribidea bideak hartzen du gaur egun. 500 urteko errepikatze-denborarako uholde-arriskua duen eremuari dagokion gunea 1 ha ingurukoa da hego-ekialdeko muturrean; bertan, aipatutako bidearen zati batez gain, jarduera ekonomikoetarako zenbait instalazioren zati bat dago.

Eremuaren egungo egoera fonikoari dagokionez, inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren emaitzen arabera, BI-631 errepidetik hurbilen dagoen pabilioiaren fatxadan izan ezik, eremuaren zatirik handienean bete egingo lirateke Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak, bai egungo egoeran, bai etorkizuneko egoeran.

Plan Partzialaren Aldaketak baimendutako erabilerak areagotzea proposatzen du, Derioko Arau Subsidiarioetan ezarritako eraikigarritasuna eta gainerako parametroak aldatu gabe. Beraz, ez da alde nabarmenik aurreikusten indarrean dagoen Plan Partzialean onartutako eremuaren garapenari dagokionez sor daitezkeen inpaktuei dagokienez.

Plana garatzearen ondorio posibleak eraikina birgaitzeko obrei, urbanizazio-obra txikiei eta erabilera berrietara egokitzeari lotuta daude batez ere. Horrenbestez, gerta daitezkeen inpaktuak honako hauen ondorio izango dira: hondakinak sortzea, makinak erabiltzea eta harat-honat ibiltzea, isurketak, zaratak eta abar; horrek azaleko uretan eta lurzoruetan eragina izan dezake isurketa edo jarioen ondorioz, eta, batez ere, herritarrei eragozpenak eragin diezazkieke isuri atmosferiko eta akustikoengatik, hori guztia hiri-eremuan. Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, zarata, hondakin eta isurketei buruzkoa betetzen den guztietan, eraginak, oro har, txikiak eta aldi baterakoak izango dira.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Derioko (Bizkaia) Ugaldeguren I industrialdearen Plan Partzialaren Aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan aplikagarriak diren ingurumen-arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako hauek izango dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileak:

– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Kontuan hartu beharko dira Foru Dekretu honetan jasotako zehaztapenak: 118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onetsi zuena, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea baita eta babesteko neurri bereziak behar baititu.

Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

Eremuan dauden espezie aloktono inbaditzaileak desagerrarazteko lanak egingo dira, eta landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta abar. Neurriak hartuko dira espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko; horretarako, kontrolatu egingo da birlandaketan eta urbanizazioko lorategietan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurraren jatorria eta osaera.

Proiektuak gauzatzeak eragindako eremuak badira, lehengoratu egingo dira, eta, hala badagokio, kendu behar izan den zuhaitz-landaredia berriz jarriko da. Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara arrastatzea ekiditeko. Biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduketak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Babes hidraulikorako neurriak.

Erabilera berriak urpean gera daitezkeen guneetan ezartzeko, Errege Dekretu honetan ezarritako zehaztapenak kontuan hartu beharko dira: 1/2016 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Kantauri mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segura eta Jucarreko eta Espainiako zatiko Kantauri ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko demarkazio hidrografikoen plan hidrologikoen berrikuspena onartzen duena.

– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokalekuekin. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23,1 artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako ekintzaren baten ondorioz egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.

– Zaratari buruzko neurriak.

Zaratari dagokionez planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Horri dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du BI-631 errepidean pantaila akustiko bat jartzeko proposamena egokitzat jotzen duela, baina, hala ere, kalitate akustikoko helburuak gaindituko dituena fatxada itsutzat jotzeko aukera baloratu beharko litzatekeela. Edonola ere, behar diren isolamendu-neurriak hartuko dira, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak betetzeko, eguneko, arratsaldeko eta gaueko aldiak diren. Fatxadako isolamendu horiek berariaz justifikatu behar dira eraikuntza-proiektuan.

Bestalde, kontuan hartuta planaren esparrua Bizkaiko foru-errepideen zortasun akustikoko eremu baten barruan dagoela, eremu horietan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura horiek kudeatzen dituen organoaren txostena beharko da nahitaez.

Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegi bat errespetatuko da.

– Hondakinak ekoizteari eta kudeatzeari buruzko neurriak.

Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortzen badira, horiek Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Gainera, hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena). Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Eraikuntzaren jasangarritasunari buruzko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, Eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barrualdearen kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Derioko (Bizkaia) Ugaldeguren I industrialdearen Plan Partzialaren Aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Derioko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Derioko (Bizkaia) Ugaldeguren I industrialdearen Plan Partzialaren Aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 10a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala