44. zk., 2022ko martxoaren 2a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (159 KB - 5 orri.)
- EPUB (152 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1018
29/2022 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarien 2022rako igoerak onartzeko erabakia argitaratzeko dena.
Gobernu Kontseiluak, 2022ko otsailaren 22an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarien 2022rako igoerak onartu zituen, eta behar bezalako publizitatea emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea erabakiaren testua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarien 2022rako igoerak onartzeko dena. Eranskin gisa ageri da.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 1a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 1EKO 29/2022 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN BAITIRA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOKO LANGILEEN ORDAINSARIEN 2022. URTEKO IGOERAK
Estatuko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legearen 19. artikuluan ezartzen dira sektore publikoaren zerbitzuko langile-gastuen arloko jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa.
Artikulu horren bigarren apartatuaren arabera, 2022an, sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariek ezin izango dute ehuneko 2tik gorako igoera orokorrik izan, 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, alderatutako bi aldiak homogeneoak izanik bai langile kopuruari bai horien antzinatasunari erreparatuta.
Portzentaje hori bera aplikatuko zaie, halaber, goi-kargudunei, zuzendaritzako langileei eta sektore publikoko lan-kontratudunei.
Autonomia-erkidegoaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legearen 19. artikuluak arautzen zer ordainsari ordainduko zaizkien Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileei.
19.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe sektore publikoko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenak, 2022. urtean, lan-kontratudunak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako langileen urteko guztizko ordainsariek ezin izango dute % 2tik gorako hazkunde orokorrik izan 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean. Ordainsari horiek, betiere, homogeneotasunaren arabera kalkulatuko dira, erkaketaren bi aldietarako, bai langileen kopuruari eta antzinatasunari dagokienez, bai lanaldi-araubideari dagokionez.
19.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, lan-araubidekoak ez diren langileek jaso beharreko oinarrizko ordainsariak izango dira aurrekontu-ekitaldian zehar indarrean daudenak, Administrazio Publikoetako funtzionarioen oinarrizko ordainsarien araubidea erregulatzen duten arauei jarraituz.
19.13 eta 19.14 artikuluek igoera bera ezartzen dute lehendakariaren, kontseilarien, goi-kargudunen eta parekatuen ordainsarietarako, bai eta behin-behineko langileen ordainsarietarako ere.
22.1 artikuluak igoera bera aurreikusten du Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko ente publikoetako, sozietate publikoetako, fundazioetako eta sektore publikoko partzuergoetako zuzendarien ordainsarietarako.
19.7 artikuluan xedatutakoaren arabera, ordainsari osagarriek ezin izango dute % 2tik gorako hazkunde orokorrik izan 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, hargatik eragotzi gabe programa bakoitzari atxikitako langile kopurua aldatzearen ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz egin daitezkeen aldaketak.
Lan-araubideko langileei dagokienez, 19.9 artikuluaren arabera, 2022an soldata-masak % 2ko gehikuntza izan ahal izango du gehienez, 2021eko ekitaldirako ezarritakoaren aldean.
Azkenik, Ertzaintzako langileen ordainsariak 20. artikuluan arautzen dira, zeinaren arabera Gobernu Kontseiluari baitagokio uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 115.1.a) artikuluan araututako kategoria-maila bakoitzari dagokion lanpostu-osagarriaren urteko zenbatekoa zehaztea.
Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio urtero ezartzea zer arau eta jarraibide bete behar diren aplika daitezen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen ordainsari-araubidea eta gainerako langileen ordainsari-baldintzak.
Hori guztia dela eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez gaia eztabaidatu ostean, Gobernu Kontseiluak hau erabakitzen du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Baimentzea, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, ordainsarien % 2ko igoera orokorra 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko entitate publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako langileentzat, lan-kontratukoak ez direnak, baita lehendakariarentzat, sailburuentzat, goi-kargudunentzat eta parekoentzat eta behin-behineko langile eta zuzendaritza-kideentzat ere.
Bigarrena.– Honako oinarrizko ordainsari hauek jasoko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionario eta estatutupeko langileek:
a) Soldata eta hirurteko gisa, 2022ko urtarriletik abendura bitarteko nomina arruntetan (zenbatekoak hamabi hilekori dagozkie):
(Ikus .PDF)
b) 2022ko ekaineko eta abenduko aparteko ordainsari bakoitzerako, honako kopuru hauek jasoko dira soldata eta hirurteko kontzeptu gisa:
(Ikus .PDF)
Hirugarrena.– Honako hau izango da, bat etorriz Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 79.1.a) artikuluan ezarritakoarekin, 12 hilekori dagokion lanpostu-mailako osagarriaren zenbatekoa 2022. urtean, lanpostu-maila bakoitzari dagokiona:
(Ikus .PDF)
Laugarrena.– Honako hau izango da 2022. urteko destino-osagarriaren zenbatekoa, 12 hilabeteri dagokiena eta Ertzaintzaren kategoria maila bakoitzari dagokiona:
(Ikus .PDF)
Bosgarrena.– Funtzionarioen gainerako ordainsari osagarriek, halaber, % 2ko igoera izango dute, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean. Hala ere, aldaketa batzuk egiteko modua izango da programa bakoitzari atxikitako langile kopurua aldatzearen ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz.
Seigarrena.– Honako hauek izango dira, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta parekoen ordainsariak:
(Ikus .PDF)
Zazpigarrena.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, % 2ko igoko dira behin-behineko langileen ordainsariak, 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, hargatik eragotzi gabe antzinatasunagatik egokitu ahal zaiena.
Zortzigarrena.– Justizia Administrazioko langileen ordainsariei langile horiei dagokien berariazko araudia aplikatuko zaie.
Bederatzigarrena.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, % 2 igoko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, haren organismo autonomoetako eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko entitate publikoko lan-kontratudunen ordainsariak, 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean.
Hamargarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako enteen zerbitzuan diharduten lan-araubideko langileen soldata-masa ezin izango da % 2 baino gehiago igo 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean.
Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa da 2022ko soldata-masak gehienez ere izan dezakeen muga; negoziazio kolektiboaren bidez erabakiko da nola banatu eta aplikatu modu indibidualean.
Hamaikagarrena.– Osagarri pertsonalak eta iragankorrak, baita zerbitzuarengatiko kalte-ordainak ere, beren araudi espezifikoaren arabera arautuko dira, eta horien kopuru indibidualak ezingo dira % 2 baino gehiago igo 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean.
Halaber, ordainsari-kontzeptu batzuk erabaki honetan xedatzen denetik salbuetsita geratuko dira, baldin eta haien araubideak, aplikagarri zaien araudiari jarraituz, baztertzen badu ordainsari-igoera orokorraren bidez eguneratzea.
Hamabigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea.