44. zk., 2022ko martxoaren 2a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (140 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1012
85/2022 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean Zamudioko Ospitaleko Zerbitzu Orokorretako Taldeburu lanpostu bat izendapen askez betetzeko deialdia egiten den.
Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Zamudioko Ospitaleko Zerbitzu Orokorretako Taldeburua lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarri hauen arabera
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratuduna), eta lanpostua jabetzan edukitzea C2/C3 edo D2/D3 lanbide-taldean.
b) C2/C3 edo D2/D3 lanbide-taldeko titulazioa edukitzea.
c) Gutxienez bi urteko lan-esperientzia izatea C2/C3 edo D2/D3 lanbide-taldean.
d) 2. hizkuntza-eskakizuna izatea (derrigortasun-datarik gabe).
e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako baldintzak.
Ospitaleko Administrazioko eta Kudeaketako zerbitzuburuaren menpe jardungo du, eta zuzenean arduratuko da buruzagitza horri dagozkion eginkizunez; bereziki, honakoak izango dira:
– Kudeaketako helburuak ezartzen laguntzea, bai garbiketako, sukaldeko eta arropa zuriko arloetan, bai zentroko bestelako zerbitzu orokorretan.
– Ezarritako lan-planak betetzen ari diren ebaluatu eta gainbegiratzea, eta beroietan hobekuntzak egitea.
– Zereginetarako beharrezkoak diren materialak eskuragarri dauden gainbegiratzea, hornidura egitea eta hura ere gainbegiratzea.
– Lantaldearen zereginak antolatzea eta baliabideak banatzea, hornikuntza-ordenarik eta eraginkortasunik egokienean.
– Lan-jarduerari buruzko irizpideak betetzen diren gainbegiratzea bere lan esparruan, egindako lanketen kalitatea ebaluatuz, egon daitezkeen eraginkortasun-gabeziak detektatuz eta hobekuntzen ezarpena kudeatuz.
– Langile-beharrak programatzea, aintzat hartuta zerbitzuaren langile kopurua eta ezarritako jarduera-maila. Karteldegiak kudeatzea eta langileak kontratatzea.
– Unitatearen jarduera koordinatzea erakundeko beste esparru batzuekin.
2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.
– Esperientzia izatea ospitaleetako sukaldeko eta garbiketako kudeaketako lanpostuetan.
– Lantaldeak antolatzeko eta kudeatzeko gaitasuna izatea.
– Esperientzia izatea horniketa eta hornitzaileen gaineko kudeaketan.
– Ezagutza eta esperientzia izatea APPCC eta Dietools prozesuetan.
– Sukaldaritzako edo Ostalaritzako Teknikari Espezialista titulazioa edo baliokidea edukitzea.
– Ezagutza izatea kudeaketa-erremintetan (SAP, Karteldegiak, Osakidetzakoa, etab.).
– Prestakuntza izatea ospitaleko hondakinen kudeaketan.
– Prestakuntza izatea pazientearen segurtasunaren arriskuen inguruan, garbiketaren esparruan.
– Erabiltzaile-ezagutza izatea informatikaren arloan (Excel, Word, etab.).
Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahal izango da.
3.– Euskararen ezagutza.
Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
4.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek Osakidetzako Osasun Mentaleko Sareko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskaerak (Maria Diaz Haroko kalea 58, Bilbao). Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran.
Interesdunek Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Langileen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea (Maria Diaz Haroko kalea 58, Billbao). beren datu pertsonal guztiekin eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera.
Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionario edo estatutupeko langile-izendapenaren fotokopia konpultsatua, edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun langile finkoa izatea egiaztatzen duen agiriarena.
– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
– Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.
CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
5.– Balorazio Batzordea.
Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horren berri emango die.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.
6.– Hautaketa-prozedura.
Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunerako eskuratu ez diren merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
7.– Prozedura amaitzeko ebazpena.
Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea) Osakidetzako Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bitartez, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren intranetean eta webgune korporatiboan argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bilbao, 2022ko otsailaren 9a.
Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentea,
CARLOS PEREIRA RODRÍGUEZ.