Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2022ko otsailaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
962

AGINDUA, 2022ko otsailaren 15ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten eta arautzen baita 2022an dirulaguntzak emateko emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeko xedea duten erakundeei.

Autonomia Estatutuak 10. artikuluan zehazten du Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela EAEko jarduera ekonomikoa planifikatzeko, sustatzeko eta arlo ekonomikoa garatzeko, ekonomiaren antolaketa orokorraren arabera. 9. artikuluan, berriz, xedatzen du ezen EAEko botere publikoek, beren eskumenen esparruan, bizitza eta lan arloko baldintzak hobetzeko politika bultzatuko dutela, eta neurriak hartuko dituztela enpleguaren hazkundea eta ekonomiaren egonkortasuna sustatzen laguntzeko.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.3 artikuluan, EAEko administrazio publikoei eskatzen zaie susta ditzatela emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarteak, bai eta emakumeen autonomia bultzatu eta emakumeen estatus soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea helburu dutenak ere.

Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 13.j) artikuluaren arabera, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzak, besteak beste, enpresa- eta hezkuntza-munduarekin lankidetzan jardun behar du, enpleguaren eta prestakuntzaren arloko ikerketarako, eremu horretan irtenbide berritzaileak aplikatzen lagunduz.

Hori horrela, deialdi honen bidez, bi helburu lortu nahi dira batez ere: alde batetik, dirulaguntza-deialdi guztietan izan beharreko objektibotasun, lehia eta publizitate printzipioak bermatzeko legezko oinarriak ezartzea; eta, bestetik, beharrezkoak diren mekanismoak finkatzea, Lan eta Enplegu Sailak jakin ahal izan dezan funts publikoak modu egokian erabiltzen ote diren.

Laguntza hori, agindu honen bidez lortu nahi dena Autonomia Erkidegoko enpleguaren alorrean, tresna bat gehiago bezala planteatzen du Lan eta Enplegu Sailak, hain zuzen ere, emakumeen ekintzailetza sustatzen eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzen lagunduko duen tresna gisa.

Agindu hau Lan eta Enplegu Sailaren 2022ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago. Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2021eko abenduaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori.

Azaldutako helburua betetzeko eta aipatutako aurrekontu-aurreikuspena gauzatzeko asmoz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.2 artikuluan eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuan ezarritako eskumena baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen xedea da, lehia bidezko erregimenean, oinarri arautzaileak eta deialdia finkatzea 2022ko ekitaldirako, dirulaguntzak emateko emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeko xedea duten elkarteei.

Deialdi honen ondorioetarako, eta emakumeen ekintzailetzari eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeari dagokionez, jarduera hauek hartuko dira sustapen eta laguntza gisa:

– Emakumeen ekintzailetza sustatzea eta emakumeek gidatutako enpresak edo enpresa berriak bultzatzea.

– Enpresetako zuzendaritzetan eta zuzendaritza-organo zein -postuetan emakumeak sartzen laguntzea.

– Emakume enpresaburu eta/edo zuzendarien elkartegintza garatzea.

– Erakundeen eta emakumeen arteko lankidetza-sareak sortzea, haien parte-hartze soziala eta elkarte-garapena ahalbidetuz.

– Emakume enpresaburuen, zuzendarien eta profesionalen ikusgarritasuna sustatzea erabaki-eremuetan.

Egiaztatuak izan daitezen, deskribatutako xedeak erakundearen helburu sozialean edo estatutuetan agertu beharko dira. Halakorik ezean, erakundeek egiaztatu beharko dute xede horiek beren jardueren eta helburuen parte direla; horretarako, jarduerak justifikatzeko txosten bat egin beharko dute, eta, bertan, helburu horiekin lotutako ekintzak zehaztu (0.1 eranskina). Memoria horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako aurrekontu-kredituaren kontura finantzatuko dira (150.000 euro 2022. urtean).

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira egoitza soziala eta ezarpen nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan duten elkarteak, baldin eta beren helburuen artean badaude emakumeen ekintzailetza sustatzea eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzea, betiere irabazi-asmorik ez badute eta Administrazio Publikoarekiko independenteak badira, eta, agindu hau argitaratzen den egunean, legez eratuta badaude eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude, eta, gutxienez, deialdia argitaratu baino bi urte lehenago eratu baziren.

2.– (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz) Ezin izango dira agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan beheko egoeraren batean dauden elkarteak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak, edo zigorra jaso dutenak prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta.

b) Erakundearen legezko ordezkaritza duen pertsona Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean edo Administrazio Publikoen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuren batean dagoenean, edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsia denean, lege horretan ezarritako baldintzetan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudietako baldintzetan.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez dituztenak.

e) Epai irmo bidez zehatuta daudenak eta, beraz, dirulaguntzak lortzeko aukera galdu dutenak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak edo beste batzuetan zehaztutakoaren arabera.

f) Sexu-bereizkeria dela-eta jasotako zehapen penal edo administratiboaren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu dutenak, edo debeku hori dutenak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela-eta.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, dirulaguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala badagokio, erakunde onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

4.– Erakunde eskatzaileek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute aurreko baldintza guztiak betetzen dituztela.

5.– Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta itzulketa-betebeharrak egunean izateko baldintza beteta izan beharko da laguntza ematerakoan eta ordaintzerakoan.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Deialdi honen bidez diruz lagundu ahal izango diren gastuak 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean egindakoak izango dira, baldin eta dirulaguntzaren xedearekin lotuta badaude, betiere. Justifikazio-aldia amaitu aurretik ordaindutakoak hartuko dira egindako gastutzat.

2.– Erakunde onuradunen instalazio eta egoitza sozialen mantenimenduari eta funtzionamenduari zuzenean lotuta dauden gastuak lagundu ahal izango dira diruz, erakundeak betearazpen-aldian izan baditu, hau da, hornidura-gastuak (adibidez, argia eta ura), lokalaren errentamendu-gastuak, zerbitzu profesional independenteak, soldatak eta ordainsariak, publizitatea, propaganda eta harreman publikoak, baldin eta dirulaguntzaren xede diren helburuen zerbitzura badaude eta erakundea sendotzen eta garatzen laguntzen badute. Erakundeek, dirulaguntzaren xede diren jarduerez gainera beste mota bateko jarduerak ere garatzen badituzte, dirulaguntzaren xederako aipatutako gastuen ehunekoa baino ez da aplikatuko.

3.– Ez dira diruz lagunduko finantza-gastuak, inbertsio-gastuak, administrazio-lizentziak, berandutze-errekarguak, eta zehapen administratibo eta penalak, honako hauek barne direla: ordainketetan berandutzearen ondoriozko zehapenak; zerga, tributu eta tasak edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozeduren gastuak.

4.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaiei dagokionez, oinarrizko araudi gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

4. artikulua.– Dirulaguntza-lerro bereziak eta horietan sartzeko gutxieneko puntuazioa.

1.– Baliabide ekonomikoak esleitzeko dirulaguntza-lerro bi ezartzen dira, horien helburuaren arabera:

a) Dirulaguntzen 1. lerroa: dirulaguntzen aginduaren helburu nagusiaren ondoriozko gastuak, deialdiaren 1. eta 3. artikuluetan azaltzen direnak.

b) Dirulaguntzen 2. lerroa: erakunde txikiagoei eta/edo finantza-nahikotasun txikiagoa dutenei garatzen laguntzea.

2.– Eskabideek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte dirulaguntzaren 1. lerroan, agindu honen 5., 6. eta 7. artikuluetan deskribatzen diren irizpide, baremo eta puntuazioen arabera. Gainerakoak ezetsi egingo dira.

5. artikulua.– Balorazio-irizpideak, dirulaguntza-lerroen arabera.

Helburua aintzat hartuta baliabide ekonomikoak esleitu ahal izateko, balorazio-irizpide batzuk ezarri dira aurreko artikuluan ezarritako dirulaguntza-lerroetan. Honako hauek dira irizpideak:

1.– Balorazio-irizpideak 1. dirulaguntza-lerroan:

a) Lurralde-ezarpena.

Lehenik eta behin, baloratuko da erakundeak lurralde historikoan edo EAEn izatea jarduera-eremua eta presentzia instituzionalaren eremua. Horretarako, estatutuetan agertzen den lurralde-eremua egiaztatuko da.

Bigarrenik, tokiko jardun-eremua baloratuko da.

b) Sareko lana: beste erakunde batzuekin lankidetzan egindako jarduerak.

Baloratuko da erakundeak sarean egitea ahalik eta jarduera gehien. Horretarako, 2021. urtea hartuko da erreferentzia gisa, bai eta aurreikusitako jarduera-plana eta 2022an egindako jarduerak ere. (III. eranskina).

Dirulaguntzaren xedearekin zerikusia duten lankidetza-jarduerak hartuko dira kontuan, eta zehazki, enpresen eta erakundeen zuzendaritza-organoetan emakumeen ekintzailetza sustatzea eta emakumeen talentua txertatzea. Jarduerak oro har zenbatuko dira, hau da, prestakuntza-programa bat bada behin bakarrik zenbatuko da eta ez prestakuntza-programaren saio bakoitzeko.

Sarean lankidetzan aritzen den erakunde-motari dagokionez, zenbaketatik kanpo geratuko dira Eusko Jaurlaritza, aldundiak, udalak, aipatutako erakundeetako erakunde autonomoak eta finantza-erakundeak.

c) Espezializazioa: dirulaguntzaren xede diren jardueretan izandako dedikazioa.

Baloratuko da erakundeak dirulaguntzaren xedearekin lotutako ekintzetan kontzentratzea bere jarduera; beraz, erakundeei puntuazio handiagoa emango zaie, baldin eta egiaztatzen badute 2022rako dituzten programa eta jarduera guztiak zuzenean daudela lotuta dirulaguntzaren xede den gaiarekin, emakumeen ekintzailetza sustatzearekin, eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzearekin. (IV. eranskina).

d) Afiliazioa.

Erakundean bazkidetutako pertsonen kopuru osoa baloratuko da. Zenbatu ahal izateko, afiliatuak 2021eko abenduaren 31n inskribatuta egon behar dira elkarteko eskubide osoko bazkide moduan, eta partaidetza-kuota ordainduta izan behar dute. Kuota-salbuespena duten elkartekideak zenbatuko dira baldin eta elkarteak inguruabar hori eta arrazoiak egiaztatzen baditu.

Bazkideen kopurua egiaztatzeko, egoera hori legez egiaztatzen duen edozein dokumentu aurkeztuko da, edo, halakorik ezean, legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat, non zehaztuko baita 2021eko abenduaren 31n afiliatuta dauden pertsonen kopurua. Administrazioak bazkideen datuak eskatu ahal izango ditu, emandako informazioa egiazkoa dela egiaztatzeko.

e) Boluntariotza.

Baloratuko da zenbat pertsona aritzen diren boluntario gisa, dirulaguntzaren xede diren helburuak betetzeko. Borondatez egin dituzten jarduerak zehaztuko dira.

Balorazioa egiteko, tarteen araberako boluntario kopuruari dagokion puntuazio-banaketa finkatuko da. Hori baloratzeko, egoera hori legez egiaztatzen duen edozein dokumentu aurkeztuko da, edo, halakorik ezean, legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpen bat, non zehaztuko baita zenbat boluntario dauden eskabidea aurkeztu den egunean.

f) 2021ean egindako jarduerak.

2021ean egindako jarduerak baloratuko dira, bereziki dirulaguntzaren xedearekin zerikusia dutenak. Eskabidearekin batera, memoria deskribatzaile bat aurkeztu beharko da (II. eranskina), gutxienez honako hauek jasoko dituena urte horri dagokionez:

– Helburuak.

– Egindako jarduerak.

– Jardueren ebaluazioa, helburu- eta emaitza-adierazleen bidez.

– Aurrekontua.

– Aurrekontuaren finantzaketa: diru-sarreren jatorria eta xedea.

– Emakume ekintzaileak, zuzendaritza-postuetan, informazio- eta hedapen-postuetan eta elkartekideentzako nahiz elkartekide ez direnentzako aholkularitza-postuetan dauden emakumeak ikusarazteko jardueren kopurua; eta bazkide berriak eta bestelako finantzaketa-iturri pribatuak erakartzeko merkataritza- eta marketin-ekintzen kopurua.

g) 2022ko jardueren programa.

Eskabidearekin batera, 2022. urterako memoria deskribatzailea aurkeztu beharko da (II. eranskina).

2022rako planifikatutako/egindako jarduerak baloratuko dira, bereziki dirulaguntzaren xedearekin zerikusia dutenak.

– Helburuak.

– Jarduera-plana (jarduerak, proiektuak...).

– Jardueren jarraipena egiteko eta emaitzak ebaluatzeko plana.

– Aurrekontua.

– Aurrekontuaren finantzaketa: diru-sarreren jatorria eta xedea.

– Emakume ekintzaileak, zuzendaritza-postuetan, informazio- eta hedapen-postuetan eta elkartekideentzako nahiz elkartekide ez direnentzako aholkularitza-postuetan dauden emakumeak ikusarazteko jardueren kopurua; eta bazkide berriak eta bestelako finantzaketa-iturri pribatuak erakartzeko merkataritza- eta marketin-ekintzen kopurua.

Dirulaguntza justifikatzeko memoria 2022ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da, eta 2022ko jarduera-planarekin koherentea izan beharko du. Aldaketarik izanez gero, arrazoitu egin beharko dira.

h) Finantzen kontrola.

Elkarteen legeriak ezartzen dituen kontabilitate- eta finantza-baldintzak betetzen ote diren baloratuko da. (VI. eranskina).

Modu positiboan baloratuko da erakundeak efizientzia-, legezkotasun-, berrikuspen- eta finantza-kontroleko jardueren mende jartzea bere kudeaketa. Arlo honetan, balorazio-maila hauek zehazten dira:

– Gehieneko puntuazioarekin baloratuko da kanpoko auditoretza independente batek azken 2 urteetan egiaztatu izana.

– Kanpoko erakunde batek ikuskatu ez badu, bigarren puntuazio-mailan baloratuko da ekonomia- eta finantza-arloko barne-kontrola, kontabilitate-arauen arabera.

2.– Balorazio-irizpideak 2. dirulaguntza-lerroan:

Dirulaguntzaren 1. lerroan 50 puntu edo gehiago lortu dituzten erakundeak bakarrik sartuko dira partida ekonomiko horretan, eta haiei bakarrik aplikatuko zaizkie balorazio-irizpideak. Zenbatekoa hazteko pizgarri gisa banatuko zaie oinarri sozial txikiena eta finantza-nahikotasun txikiena duten erakundeei, honako hauen arabera:

– Ekarpena kuotetan eta baliabide propioetan.

– Erakundean bazkidetutako pertsonen kopurua, kuotarekin eta kuotarik gabe.

– Erakundearen 2022ko aurrekontuari esleitutako kanpoko baliabide pribatuak.

– Erakundearen 2022ko aurrekontuari esleitutako baliabide publikoak.

6. artikulua.– Baliabide ekonomikoak, dirulaguntza lerroen arabera.

Agindu honen 4. artikuluan jasotzen diren dirulaguntza-lerroei honako baliabide ekonomiko hauek esleitu zaizkie:

1.– Dirulaguntzen 1. lerroa: dirulaguntzen aginduaren helburu nagusiaren ondoriozko gastuak, deialdiaren 1. eta 3. artikuluetan azaltzen direnak.

Guztira 142.000,00 euro dira; oinarrizko zenbateko batek eta zenbateko aldakor batek osatzen dute:

a) Oinarrizko zenbatekoa:

Dirulaguntza-lerro honen zenbateko osotik, 100.000,00 euro banatuko dira (zati berdinetan) 50 puntu edo gehiago lortzen dituzten erakundeen artean, 7. artikuluan dirulaguntzen 1. lerrorako adierazitako baremoen arabera lortutako puntuazioak oinarri hartuta.

50 puntu edo gehiago lortzen dituzten erakundeak 7 baino gehiago badira, puntuazio handiena lortu duten 7 erakundeetara mugatuko da oinarrizko zenbatekoaren banaketa. Zazpigarren tokian geratu diren erakundeen puntuazioan berdinketa badago, zenbateko proportzionala (guztizkoaren 1/7) haien artean banatuko da.

b) Zenbateko aldakorra:

Gainerako zenbatekoa, 42.000,00 eurokoa, puntuazio onenak lortzen dituzten 5 erakundeen artean banatuko da, 7. artikuluan dirulaguntzen 1. lerrorako adierazitako baremoen arabera lortutako puntuazioak oinarri hartuta, eta portzentaje hauekin:

– % 30 esleituko zaio puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

– % 25 esleituko zaio 2. puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

– % 20 esleituko zaio 3. puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

– % 15 esleituko zaio 4. puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

– % 10 esleituko zaio 5. puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

Baldin eta 50 puntu edo gehiago lortu dituzten 5 erakunde parte-hartzaile baino gutxiago badaude, soberakina bidezko eran banatuko da eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten erakundeen artean.

Puntuazioetan berdinketa badago, balorazio-fase aldakorrean esleitutako gehieneko zenbatekoa (42.000,00 euro) ezin izango da inoiz gainditu. Hala badagokio, banaketa hau aplikatuko da: puntuazio onena lortzen duten bi erakunde badaude, adibidez, puntuaziorik handienean (% 30), portzentaje hori % 27,5era egokituko da erakunde bakoitzarentzat. Ondorioz, hurrengo sailkatuak 3. postua izango du eta % 20 egokituko zaio, eta horrela hurrenez hurren.

2.– Dirulaguntzen 2. lerroa: erakunde txikiagoei eta/edo finantza-nahikotasun txikiagoa dutenei garatzen laguntzea. Zenbateko aldakorra (8.000,00 euro).

Dirulaguntzen 1. lerroan 50 puntu edo gehiago lortu dituzten erakundeei baino ez zaie aplikatuko dirulaguntza-lerro honen zenbatekoa (8.000,00 euro). Kopuru hori gizarte-oinarri txikiena eta finantza-nahikotasun txikiena duten erakundeen artean banatuko da, hazteko pizgarri gisa, bai bazkideen kopurua bai beste finantzaketa-iturri pribatu batzuk kontuan hartuta. Halaber, 7. artikuluan dirulaguntzen 2. lerrorako adierazten diren baremoen arabera lotutako puntuazioak hartuko dira aintzat baliabideak esleitzeko.

Zenbatekoaren banaketa:

– 4.000,00 euro, puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

– 3.000,00 euro, 2. puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

– 1.000,00 euro, 3. puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

7. artikulua.– Balorazio-irizpide orokorrak eta espezifikoak: mailaketa eta puntuazioak.

Dirulaguntza esleitzeko, agindu honen 1. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako aurrekontu-kredituaren zenbatekoaz gain, balorazio-irizpideen baremo eta puntuazio hauek hartuko dira kontuan:

1. lerroa: oinarrizko zenbatekoa eta zenbateko aldakorra zehazteko irizpideak eta puntuazioak.

(Ikus .PDF)

2. lerroa: zenbateko aldakorra zehazteko irizpideak, mailaketa eta puntuazioak.

(Ikus .PDF)

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Laguntzak emateko deialdi honetako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz egingo dira.

2.– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa https://euskadi.eus/servicios/1112302 helbidean dago, eta fitxa horren bitartez sartu ahal da eskabidea egiteko inprimakian.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Agindu honetako espedienterako irispidea, eta errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta eskabidearen osteko gainerako kudeaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren «Nire Karpeta» atalaren bitartez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta).

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren aipatu egoitza elektronikoan sartuta.

3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

10. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daitekeen inprimakian egin beharko da. (I. eranskina).

2.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Sinatzailearen identifikazioa, edo, hala badagokio, deialdi hau kudeatzen duen organoari hura egiaztatzeko emandako baimena, eta haren ordezkaritza egiaztatzen duen agiria, edo erakundeko organo eskudunak emandako ziurtagiria, sinatzaileak haren izenean jarduteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

b) Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ).

c) Behar bezala legeztatutako estatutuak.

d) 2021eko eta 2022ko jarduera-memoriak. (II. eranskina).

3.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, zeina eskabidearen inprimakian baitago eta eskatzaileak bete baitu bere erantzukizunpean (V. eranskina), honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatuko da:

a) Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren egoera (eskatuta, jasota edo izapidetzen).

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduren egoera, artean izapidetzen ari direnak.

c) Erakunde eskatzailea ez egotea epai irmo bidez zigortuta dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrarekin, edo ez izatea zigorrik prebarikazioagatik, eroskeriagatik, diru publikoen erabilera bidegabeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur eta ordainarazpen ilegalengatik edo hirigintza-delituengatik.

d) Erakunde eskatzaileak egunean izatea dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa, erregelamenduz ezarritako eran.

e) Erakunde eskatzailea ez egotea epai irmo bidez zigortuta dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zigorrarekin, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoaren arabera.

f) Erakunde eskatzaileak, sexu-bereizkeria dela-eta, ez izatea zehapen penal edo administratiborik dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrarekin, eta debeku hori ere ez izatea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela-eta.

g) Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta eskatzaileak betetzen dituela dirulaguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

4.– Organo kudeatzaileak automatikoki eta beharrezkoa den guztietan egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituzten erakundeek egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, horretarako haien baimena behar izan gabe. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Elkarteen Erregistroan inskribatuta egoteari buruzko ziurtagiria ofizioz egingo da, organo kudeatzailearen bitartez.

11. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo nahitaezko agiri guztiak ez baditu, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak adierazitako ondorioetarako.

12. artikulua.– Eskabideak baloratzeko batzordea.

1.– Eskabideak balorazio batzorde batek baloratuko ditu. Izan ere, batzorde horrek baloratuko ditu proiektuak aurreko artikuluetan ezartzen diren irizpideak aplikatuz, eta dirulaguntzak ebazteko ebazpen-proposamena emango du.

2.– Honako kide hauek izango ditu Balorazio Batzordeak:

– Francisco Pedraza Moreno, Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendaria, presidente lanetan arituko dena.

– Iratxe Moreno Yarritu, Enplegu eta Gizarteratze Zerbitzuaren arduraduna.

– Helena Flores Serrano, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzako teknikaria, idazkari lanetan arituko dena.

– María Sanz de las Heras, Lan eta Enplegu Saileko berdintasun-teknikaria.

13. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek xede eta helburu bererako ematen dituztenekin. Edonola ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu diruz lagunduko den jardueraren kostu osoa.

2.– Agindu honetan jasotako laguntzekin batera, erakunde onuradunak jasotzen baldin baditu beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek arrazoi eta helburu bererako emandako beste laguntza batzuk, eta laguntza horien baturak diruz lagundu den jardueraren kostu osoa gainditzen badu, soberakina bateraezina dela adieraziko da, eta gutxitu egingo da Eusko Jaurlaritzak Lan eta Enplegu Sailaren bitartez eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasuna.

1.– Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetza titularrak emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lan eta Enplegu Saileko titularrari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Ebazpena, gehienez ere, 4 hilabeteko epean eman beharko da, bai eta erakunde interesdunei jakinarazi ere, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Epe hori igaro, eta ez bada ebazpena berariaz jakinarazi, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie elkarte interesdunei, eta, horrez gain, urtero, esleipendunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

15. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta ulertzen baldin bada dirulaguntzaren helburua bete egin dela eta, hala badagokio, beste edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk emandako dirulaguntzak edo laguntzak lortu badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta erakunde onuraduna izateko agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen badira. Ondorio horietarako, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berregokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakin gisa jasotako zenbatekoak.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan aipatutako betebeharrak betetzeaz gain, laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Jarduera egitea edo dirulaguntza ematea eragin duen egoeran egotea, dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiliz.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, fiskalizazio-eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatutako informazioa ematea.

d) Dirulaguntza eman duen entitateari jakinaraztea beste administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak emanez gero.

e) Dirulaguntza eman duen entitateari jakinaraztea dirulaguntza ematerakoan kontuan izan zen egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada.

f) Dirulaguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatzea konpromisozko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren).

2.– Era berean, erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betekizunak bete behar dituzte.

17. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa betez, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharko da, 2022ko abenduaren 31 baino lehen, dirulaguntzak eman zireneko helburua bete egin dela. Horretarako, egindako jardueren azalpen-memoria aurkeztu beharko da.

Gainera, justifikazio-kontu bat erantsi beharko da (VIII. eranskina) 2022. urtean egindako gastuekin. Kontu horretan jasoko da gastu arrunten eta funtzionamendu-gastuen zerrenda, aintzat hartuta eskuratze-kostua ezin dela izan merkatuko balioa –nominak, fakturak eta abar– baino handiagoa. Horien originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, bai eta, hala badagokio, kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioa egiaztatzen duten TC kotizazio-buletinak ere.

18. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Ordainketa zatika egingo da, honela:

a) Lehenengo ordainketa dirulaguntzaren % 50 izango da, eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da.

b) Bigarren ordainketa, egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoari dagokiona, erakunde onuradunek 2022ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko duten dirulaguntzaren gastu osoa justifikatu ondoren egingo da.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro elektronikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://euskadi.eus/hirugarrenak

19. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu zen baldintzaren bat bete ez dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak itzuli egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluarekin bat etorriz eta horietan ezarritako moduan.

2.– Erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

3.– Era berean, dirulaguntza bueltatzeko arrazoiei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuz biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta aplikatu behar den gainerako araudiak xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago jaso ahal izateko, helbide honetara jo: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0036519/web01-tramite/eu/

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 15a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

0.1 ERANSKINA
JARDUERA JUSTIFIKATZEKO MEMORIA, DEIALDIAREN HELBURUEKIN LOTUTAKO JARDUERAK ZEHAZTEN DITUENA
(Ikus .PDF)
I. ERANSKINA
ESKABIDE-EREDUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
2021EKO JARDUEREN ETA 2022KO AURREIKUSPENAREN ETA AURREKONTUAREN DESKRIBAPEN-MEMORIA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
SAREKO LANA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
ESPEZIALIZAZIOA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
FINANTZA-KONTROLA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
2. LERROA
(Ikus .PDF)
VIII. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO KONTUA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala