Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2022ko otsailaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
959

17/2022 DEKRETUA, otsailaren 1ekoa, Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroarena.

Estatuko Osasun Sistemaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen V. kapituluan arautzen da Administrazio sanitarioen artean informazioa eta komunikazioa trukatzea bermatuko duen informazio sanitarioko sistema, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluan hitzartutako baldintzekin bat.

Ondoren, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legeak arautu zuen profesionalen erregistroak izatea, horrela bete ahal izateko prestazio sanitarioen inguruan herritarrek dituzten eskubideak eta osasun-sistemaren giza baliabideen behar bezalako planifikazioa, izaera publikoa duten profesionalen datuak zehaztuta.

Halaber, osasun-zerbitzu bakoitzaren esparru propiorako, Osasun Zerbitzuetako Estatutupeko Langileen Esparru Estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 16. artikuluaren arabera, giza baliabideak planifikatzeko oinarrizko tresna gisa, langileen erregistroak ezarriko dituzte osasun-zerbitzuek, zeinetan inskribatuko baitira dagokien zentro edo erakunde sanitarioan zerbitzuak eskaintzen dituztenak.

Lege-aurreikuspen hauek betetzeko, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak profesional sanitarioen erregistroei buruzko 2007ko martxoaren 14ko Erabakia hartu zuen, zeinaren bidez ezartzen baitziren administrazio sanitario eskudunek ezarri beharreko gutxieneko irizpideen eta eskakizunen printzipio orokorrak, administrazio horiek elkargo profesionalen eremuan eta zentro eta aseguru-etxe pribatuetan izan behar diren langileen erregistro publikoak arautzen dituztenean. Era berean, erabaki horrek jasotzen du autonomia-erkidego bakoitzean profesional sanitarioen erregistro bat sortzeko konpromisoa; erregistro hori osatuko dute dagokion osasun-zerbitzuko langileen erregistroan jasotako datuek eta aipaturiko profesionalen erregistro publikoek dituzten datuek.

2011ko uztailaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (139. zk.) argitaratu zen Profesional Sanitarioen Informazio Sistemari buruzko uztailaren 5eko 153/2011 Dekretua, goian aipatutako araudiaren oinarrizko alderdiak garatzeko.

Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua Estatuko Osasun Sistemaren iraunkortasuna bermatzeko eta sistemaren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa da, eta bere 9. artikuluan, hamargarren xedapen gehigarri bat eransten zaio lehen aipatutako Estatuko Osasun Sistemaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeari, zeinaren bidez sortzen baita Profesional Sanitarioen Estatuko Erregistroa, Estatuko Osasun Sistemaren Informazio Sistema Sanitarioaren barnean.

Aurrekoa garatzeko, 2014ko abuztuaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofizialean (197. zk.) argitaratu zen uztailaren 25eko 640/2014 Errege Dekretua, zeinaren xedea baita arautzea apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak sortutako Profesional Sanitarioen Estatuko Erregistroa. Arau hori oinarrizkoa da, eta alderdi hauek arautzen ditu, besteak beste: erregistratu beharreko langileen datuak; bertan sartu behar diren langile erregistratuen datuen gutxieneko edukia; erregistroari datuak jakinarazi behar dizkieten erakunde, entitate eta korporazioak, eta profesional sanitarioen erregistroan datuak sartzea.

Aipatutako errege-dekretuaren 12.1 artikuluaren arabera, Osasun Ministerioko, Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuetako titularraren ordenaren arabera zehaztuko dira datuak transferitzeko euskarria, formatua eta bestelako ezaugarriak, aldez aurretik Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak erabakita, maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 53.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hori irailaren 15eko SSI/890/2017 Aginduaren bidez garatzen da, eta aintzat hartzen da Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren 2015eko urtarrilaren 14ko Erabakia, Profesional Sanitarioen Estatuko Erregistroari buruzkoa. Aipatutako aginduaren (2017ko irailaren 22ko BOE, 229. zk.) helburua da zehaztea Profesional Sanitarioen Estatuko Erregistroari datuak transferitzeko euskarria, formatua eta bestelako ezaugarriak, eta arautzea izaera publikoa ez duten erregistro-datuetarako sarbidea, eta ezartzen du 2017ko abenduaren 22an sartuko dela indarrean erregistroa.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren 2015eko martxoaren 26ko osoko bilkurak erabaki zuen profesional sanitarioen elkargo, kontseilu autonomiko eta kontseilu orokorretako profesionalen erregistro publikoen printzipio orokorrak ezartzea.

Aipatutako erabakiak ezartzen du profesional sanitarioen elkargo, kontseilu autonomiko eta kontseilu orokor bakoitzean profesionalen erregistro publiko bat izateko betebeharra, non jasoko baitira gutxienez dagokien lurralde-eremuan diharduten profesional sanitario elkargokideen datuak eta ez dihardutenenak, eta ezartzen ditu, halaber, erregistro horien funtzionamendu-printzipioak, erregistroetan sartu beharreko datuen gutxieneko multzoa, haien izaera publikoa eta haren euskarri digitala, diseinua eta egitura bermatzeko gutxieneko baldintzak. Azkenik, autonomia-erkidegoei esleitzen dizkie irizpide orokorrak arautzeko zeregina eta elkargo profesionaletako eta kontseilu autonomikoetako profesionalen erregistro publikoen gutxieneko eskakizunak betetzea, bakoitzari dagokion lurralde-eremuan.

Azkenik, ez dugu ahaztu behar azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako martxoaren 27ko 3/2014 Legearen edukia, zeinaren bidez aldatzen baitira Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren testu bategina eta beste lege osagarri batzuk.

Horregatik guztiagatik, dekretu hau ematen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenaz baliatzeko, zeina Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 18.1 artikuluan jasotzen baita: dekretu horren helburua da agindu horiek betetzea, eta Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroa sortu eta arautzea eta profesional sanitarioen erregistro publikoek bete beharreko irizpide orokorrak ezartzea. Erregistro publiko horiek profesional sanitarioen elkargoek eta kontseilu autonomikoek, zentro eta aseguru-etxe sanitarioek, gizarte-segurantzaren mutualitate laguntzaileek eta lan-arriskuen prebentzio-zerbitzuek jarri beharko dituzte abian, orain arte indarrean egon den Profesional Sanitarioen Informazio Sistemari buruzko uztailaren 5eko 153/2011 Dekretua ordezkatzeko.

Azkenik, dekretu honen bidez honako datu hauek txertatzen dira: gutxieneko datu-multzoa (I. eranskina); profesional sanitarioen elkargo eta kontseiluen erregistro publikoetako, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateetako langileen erregistroetako, eta lan-arriskuen prebentzio-zerbitzuetako langileen erregistroetako gutxieneko datu-multzoa (II. eranskina); eta horien definizioak (III. eranskina).

Horrenbestez, Osasuneko sailburuaren proposamenez, egin beharreko izapideak egin ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 1ean eginiko bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea da Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroa ezartzea, horrela bete ahal izateko prestazio sanitarioen inguruan herritarrek dituzten eskubideak eta osasun-sistemaren giza baliabideen behar bezalako planifikazioa, izaera publikoa duten profesionalen datuak zehaztuta.

Honako hauek hartzen ditu barne Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroak:

a) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren, elkargo eta kontseilu profesional autonomikoen, zentro sanitarioen eta Euskal Autonomia Erkidegoan osasunaren adarrean diharduten aseguru-etxeen informazio-sistemak edo fitxategiak.

b) Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan aurreikusitako zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen erregistroan inskribatutako zentro sanitario pribatuetako profesional sanitarioei buruzko datuak.

c) Gizarte-segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateetako langileen erregistroak.

d) Administrazio publikoarenak ez diren lan-arriskuen prebentzio-zerbitzuak, langileen erregistroak barne hartzen dituen profesional sanitarioei dagokienez.

2.– Dekretu honetan, Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroaren irizpide orokorrak ezarri, eta profesional sanitarioen erregistro publikoen gutxieneko baldintzak zehazten dira, honako lege hauei jarraikiz eratu behar direnak: 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Estatuko Osasun Sistemaren Kohesioari eta Kalitateari buruzkoa; 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa; 55/2003 Legea, azaroaren 16koa, Osasun Zerbitzuetako Langile Sanitarioen Esparru Estatutuari buruzkoa; 16/2012 Errege Lege Dekretua, apirilaren 20koa, Estatuko Osasun Sistemaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa; 640/2014 Errege Dekretua, uztailaren 25ekoa, Langile Sanitarioen Estatuko Erregistroa arautzen duena; 3/2014 Legea, martxoaren 27koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina aldatzen duena, azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onartua.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Honako hauei aplikatuko zaizkie dekretu honen xedapenak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten profesional sanitarioei.

b) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoari, profesionalen elkargo eta kontseilu autonomikoei, zentro sanitarioei eta osasunaren adarrean diharduten aseguru-etxeei, eta Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateei eta prebentzio-zerbitzuei.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren profesional sanitarioei, bertan jardun gabe ere, Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroan euren borondatez inskribatzen direnei eta Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu-kide batekoak direnei edo, Espainian indarrean den bizileku- eta lan-baimena izanda, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnei, ez badaude desgaikuntza- edo etendura-egoeran haien lanbide-jarduna gauzatzeko.

2.– Arau honen ondorioetarako, hauek hartuko dira profesional sanitariotzat:

a) Osasun-zientzietako adarreko unibertsitateko titulua duten profesionalak, osasun-zientzietako espezialistaren titulua dutenak eta Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legean aipatutako lanbide-prestakuntza sanitarioaren arloko profesionalak.

b) Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian –osasunaren arloan psikologia arautzeari buruzkoa– aipatutako profesional sanitarioak.

3. artikulua.– Inskriba daitezkeen datuak.

1.– Dekretu honen I. eta II. eranskinetan zehazten dira profesional sanitarioen erregistroetan nahitaez jaso behar diren datuak.

2.– Nahi izanez gero, profesionalek hala eskatzen badute, datu publiko gisa erregistratu ahal izango da profesional horiek aitortua duten garapen profesionaleko maila, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko Legearen 38.1.e) artikuluak eta hura garatzen duen arautegiak aurreikusten duten bezala.

3.– Dekretu honen 1.2 artikuluan adierazitako araudian xedatutakoarekin bat, izaera publikoa dute profesionalen datu hauek: izen-abizenak, tituluak, espezialitatea, non jarduten den, eta profesionalaren kategoria eta egitekoa, trebakuntza espezifikoaren arloko diploma eta akreditazio diploma eta akreditazio aurreratuko diplomak, halakorik balego, eta horiek lortu ziren data eta bakoitzaren errebalidak.

4. artikulua.– Erregistroetara sarbidea.

1.– Eskabidea bere izenean edo beste norbaiten ordez egiten duen pertsona fisiko orok izango du aukera izaera publikoa duten eta profesional sanitarioen erregistroetan jasota dauden datuak eta informazioak eskuratzeko; horretarako, ez dute ziurtatu beharrik izango interes jakin bat dutenik, eta bermatua izango dute beren identitateari buruzko konfidentzialtasuna.

2.– Erregistroetan dauden gainerako datuak eskuratzeko, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoa eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa bete beharko dira.

5. artikulua.– Datuen babesa.

1.– Indarrean dagoen datu pertsonalak babesteko legea bete behar dute dekretu honetan arautzen diren profesional sanitarioen erregistroek.

2.– Erregistroetan ezingo da azaldu profesionalen ideologiari, sindikatuetako afiliazioari, sinesmenei, erlijioari, arrazari, osasunari edo sexualitateari buruzko daturik, datu genetikorik edo datu biometrikorik.

3.– Datuen titular diren profesionalek une oro gauzatu ahal izango dituzte datu pertsonalen gaineko eskubideak (norberaren datuak ikusi, zuzendu, ezabatu, tratamendua mugatu, ahaztu edo aurkaratzea), Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta haiek garatzen dituzten arauetan ezarritako baldintzetan.

II. KAPITULUA
PROFESIONAL SANITARIOEN EUSKAL ERREGISTROA

6. artikulua.– Adskripzioa.

Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroa profesional sanitarioak arautzeko arloan egitekoak esleitu zaizkion zuzendaritza-organoari adskribatuta dago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren barnean, eta hari dagokio erregistroa antolatu eta kudeatzea, baita datuen konfidentzialtasuna, segurtasuna eta osotasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea ere. Erregistroaren titularra izango da sektoreko zuzendaritza-organoak garatutako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

7. artikulua.– Helburuak.

Hauek dira Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroaren helburuak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten profesional sanitarioei buruzko irisgarritasun publikoko datuen homogeneotasuna bermatzea.

b) Sortzen diren profesional sanitarioen erregistro publiko guztietako datuak sartzea.

c) Administrazio sanitarioei informazio nahikoa eta egokia ematea giza baliabideen plangintzaren eta kudeaketaren arloan dituzten eskumenez baliatzeko.

8. artikulua.– Egitekoak.

Egiteko hauek izango ditu Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroak:

a) Bere aplikazio-eremuko langileei buruzko datuak erregistratzea.

b) Mekanismoak ezartzea publiko gisa zehaztutako datuetara iristeko eta horiek kontsultatzeko, eta herritarrei erraztasunak ematea horiek erabiltzeko.

c) Giza baliabideak planifikatzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren datu eguneratuak ematea Administrazio sanitarioko erakundeei.

d) Profesional Sanitarioen Estatuko Erregistroari jakinaraztea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko informazio-sistemetan edo fitxategietan sartutako profesional sanitarioen datuak (dekretu honen I. eranskinean adierazten dira), Akreditazio Diploma eta Akreditazio Aurreratuko Diplomen erregistroen datuak, elkargo profesionalek eta kontseilu autonomikoek jakinarazitako profesional sanitarioen datuak, Zentro, Zerbitzu eta Establezimendu Sanitarioak Baimentzeko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan aurreikusitako zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen Erregistroan inskribatutako zentro sanitario pribatuetako profesional sanitarioei buruzko datuak, eta Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateei eta prebentzio-zerbitzuei buruzko datuak, haien profesional sanitarioen erregistroei dagokienez, Osasun Profesionalen Estatuko Erregistroa arautzeko uztailaren 25eko 640/2014 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko.

9. artikulua.– Datuak erregistratzeko prozedura.

1.– Erregistroak modu hauetara eskuratuko du dekretu honen I. eranskinean zehazten den informazioa:

a) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko informazio-sistemetan edo fitxategietan ageri diren datuak sartuta.

b) Profesionalen elkargoek eta kontseiluek, zentro sanitario pribatuek eta Euskal Autonomia Erkidegoan osasunaren adarrean diharduten aseguru-etxeek nahitaez sortutako profesional sanitarioen erregistro publikoetan inskribatutako datuak jasota.

c) Zentro, Zerbitzu eta Establezimendu Sanitarioak Baimentzeko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan aurreikusitako zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen Erregistroan inskribatutako zentro sanitario pribatuetako profesional sanitarioei buruzko datuak eta Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateei buruzko datuak jasota.

2.– Datuak behin betiko erregistratu baino lehen, egiazkoak direla egiaztatuko da informazio-gurutzaketa eta -arazketaren bidez. Erregistroko arduraduna izango da jarduera horren arduraduna.

10. artikulua.– Erregistroaren informatizazioa.

1.– Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroa euskarri informatikoa erabiliz kudeatuko da, eta euskarri horren konfigurazioan bermatuko da elkar-komunikazio eta sinkronizazio egokia izatea Profesional Sanitarioen Estatuko Erregistroarekin, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko informazio-sistemekin edo fitxategiekin, profesionalen elkargo eta kontseiluek, zentro sanitario pribatuek eta osasunaren adarrean diharduten aseguru-etxeek nahitaez sortu beharreko profesional sanitarioen erregistro publikoekin, eta Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateekin.

2.– 8.d) artikuluan zehaztu bezala, profesional sanitarioen datuak telematikoki jakinaraziko zaizkio Profesional Sanitarioen Estatuko Erregistroari, Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroak datuak jaso eta 7 egun naturaleko gehieneko epean.

3.– Dekretu honen II. eranskinean behar bezala zehazten da profesional sanitarioen elkargo eta kontseiluen erregistro publikoetako, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateetako langileen erregistroetako, eta lan-arriskuen prebentzio-zerbitzuetako langileen erregistroetako gutxieneko datu-multzoa.

11. artikulua.– Inskripzioaren izaera.

Nahitaezkoa den arren, Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroan inskribatzea deklaratiboa da soilik, informatzea du helburu, eta ez da eskakizuna edo baldintza bat dagokion lanbide-jarduera gauzatzeko.

III. KAPITULUA
PROFESIONAL SANITARIOEN BESTE ERREGISTRO PUBLIKO BATZUK

12. artikulua.– Sorrera.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lanbide sanitarioen elkargoek eta kontseilu autonomikoek profesionalen erregistro publiko bat izan behar dute, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko Legearen 5.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

2.– Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten zentro sanitario eta aseguru-etxe guztiek –Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko Legearen 41. eta 42. artikuluetan aipatuak– eta Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateek norbere kontura edo inoren kontura zerbitzuak emateko kontratatzen dituzten profesional sanitarioen erregistro publikoa egin beharko dute, eta eguneratuta eduki, aipaturiko legearen 43. artikuluak agintzen duen bezala.

13. artikulua.– Helburuak eta funtzionamendu-printzipioak.

1.– Helburu hauek dituzte profesional sanitarioen erregistro publikoek:

a) Herritarrei bermatzea Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko Legearen 5. artikuluko 1. apartatuko d) eta e) letretan jasotako eskubideak erabili ahal izatea.

b) Administrazio sanitarioei datu eguneratuak ematea, datu horiek ahalbidetuko baitute euren eskumenez baliatzea, eta, bereziki, giza baliabideen plangintza eta kudeaketa egokia egitea.

2.– Printzipio hauetara doituko dute euren funtzionamendua profesional sanitarioen erregistro publikoek:

a) Datu pertsonalak babesteari buruzko araudia errespetatzea.

b) Konfidentzialtasuna.

c) Administrazio publikoekiko lankidetza.

d) Erregistroen kanpoko elkarregingarritasuna Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroarekin, eta barnekoa lanbide sanitario bereko elkargo-korporazioen erregistroen artean.

e) Elkargo profesionalen araudia betetzea, datuak elkargo profesionaletatik dagokien kontseilu orokorrei emateko.

f) Datuetara sartzeko erraztasuna, baita eguneratu eta gordetzekoa ere.

g) Kontseilu sanitario orokor bakoitzaren eskumeneko agintaritza-izaerarekiko euren eskudantzien eremuan.

14. artikulua.– Sartutako profesional sanitarioak.

1.– Elkargo eta kontseilu profesionaletako profesionalen erregistro publikoetan jasota geratuko dira horietako bakoitzean inskribatuta dauden profesional sanitarioen datuak, langile horien izaera dena dela.

2.– Zentro sanitario pribatuetako eta aseguru-etxe sanitarioetako profesionalen erregistro publikoetan, eta Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateen eta prebentzio-zerbitzuen erregistroetan haientzat zerbitzuak ematen dituzten profesional sanitario guztien datuak agertu behar dira, edozein dela ere laguntzaren lotura juridikoa, modalitatea eta prestazio-lekua, edo dedikazioaren maila eta baldintzak.

15. artikulua.– Datuak biltzea eta eguneratzea.

1.– Elkargo bakoitzak ofizioz erregistratuko ditu profesionalen datuak (profesional horiek elkargokide egin ondoren), profesional bakoitzaren elkargokide-espedientean dauden datuetatik abiatuta. Halaber, ofizioz eguneratuko dira datuok, inskribatutako datuei eragiten dieten aldaketak gertatzen direnean.

2.– Kontseilu autonomikoen erregistroak haiek osatzen dituzten profesionalen elkargoetako erregistro publikoetatik eratuko dira, haien estatutuek beste formula bat ezarri ezean.

3.– Zentro sanitario pribatuen eta osasunaren adarrean diharduten aseguru-etxeen erregistroen kasuan, eta Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateen eta prebentzio-zerbitzuen erregistroen kasuan, profesional sanitarioekin kontratua sinatzean egingo da inskripzioa, edozein dela ere kontratu horien izaera, dedikazio-maila edo ardura-maila.

4.– Erregistroari jakinarazi egin beharko zaizkio dagozkien erregistroetan jasota dauden datuetan gertatzen diren aldaketak, gehienez ere 10 eguneko epean, aldaketa horiek jasotzen direnetik kontatzen hasita.

16. artikulua.– Datuen kontsulta.

1.– Herritarrek erregistro horiek eskura izatea bermatzeko, erregistroen antolamenduak eta egiturak ahalbidetu behar du, alde batetik, datuak agerian jartzea, eta, bestetik, eta, hala badagokio, datu jakin batzuei buruzko informazio-oharrak egitea, datuok eskuratzeko inongo bitartekoren beharrik izan gabe.

2.– Datuak errazago eskuratzeko, erregistroak irekitzeko ordutegia profesional sanitarioen elkargoek eta kontseilu autonomikoek, zentro eta aseguru-etxe sanitarioek eta Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateek jendearentzat duten irekitze-ordutegia izan beharko da gutxienez, eta behar adina iragarri beharko da.

17. artikulua.– Administrazioaren babesa.

1.– Pertsona partikular batek profesional sanitarioen erregistro publiko batera sartzeko eskaera egin eta ukatzen bazaio, pertsona horrek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren babesa eskatu ahal izango du, zeinek beharrezko neurriak hartuko baititu dagokion eskubide hori gauzatu dezan. Publikoak ez diren datuak eskuratzeko eskaera ukatzen denean, Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Kontseiluari aurkeztu beharko zaio erreklamazioa, betiere Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeko Bideari eta Gobernu Onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeari jarraikiz.

2.– Aurreko apartatuko helburuetarako, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ahalbidetu ahal izango du informazio hori atzitzea Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroan.

18. artikulua.– Autonomia Erkidegoko Administrazioari datuak lagatzea.

1.– Profesional sanitarioen erregistro publikoen erakunde titularrek nahitaez eman behar dizkiote Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroari dekretu honen II. eranskinean jasotzen diren datuak.

2.– Datuak eman eta eskuratzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritako bermeak eta baldintzak eta datuen babesa arautzen duten gainerako xedapenak bete beharko dira.

19. artikulua.– Bitarteko elektronikoak.

1.– Profesional sanitarioen erregistro publikoak euskarri elektronikoan ezarriko dira, Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroarekin sinkronizatzea eta interkonektatzea bermatzen duen antolamendu, egitura eta diseinuarekin.

2.– Erregistro elektronikoak beharrezko neurri teknikoak eta antolamendukoak izan beharko ditu, egiazkotasuna, osotasuna, aldaezintasuna, eskuragarritasuna, informazioaren kontserbazioa, datuen babesa eta konfidentzialtasuna bermatzeko.

3.– Aurreko apartatuan ezarritakoa betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beharrezkoak diren jarraibide teknikoak emango ditu, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak ezarritako printzipio orokorren esparruan.

4.– Erregistroen diseinuak eta egiturak bermatuko dute:

a) Profesional elkargokideak euren erregistro-datuetara sarbidea izatea.

b) Administrazio sanitarioek sarbidea izatea.

c) Herritarrek izaera publikoko datuetara sarbidea izatea.

d) Kontseilu orokorrek kontseilu autonomikoen eta elkargo profesionalen erregistroen datuetara sarbidea izatea.

20. artikulua.– Datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Erregistroek ezartzen dituzten arauek izendatuko dute tratamenduaren arduraduna, eta adieraziko dute nola baliatu datuak babesteko legediak aitortutako eskubideez.

21. artikulua.– Arau-hausteak.

Arau-hauste administratibotzat joko da dekretu honetan xedatutakoak ez betetzea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legean eta Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 35. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko 2/1998 Legearen arabera izapidetutako prozedura egokia bideratu ondoren, kasuan kasuko zigor administratiboak ezartzea ekarriko du berekin.

22. artikulua.– Zehapenak.

1.– Arau-hausteak apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 36. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 37. artikuluan jasotako isunekin eta gainerako neurriekin zigortuko dira.

2.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 39. artikuluan aipatutakoak izango dira isunak ezartzeko organo eskudunak, betiere haien zenbatekoa kontuan hartuta.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lankidetza-hitzarmenak.

1.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren bidez hitzarmenak egin ahal izango dira lanbide-prestakuntzan eskumena duenarekin eta EAEko unibertsitateekin, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko Legearen 2. eta 3. artikuluetan araututako lanbide sanitario batean jarduteko titulua lortzen dutenen datuak eskuratzeko eta, hala badagokio, ofizioz inskribatzeko. Datu pertsonalen kasuan, hitzarmen horiek datuak babesteko legeriak ezarritakoa bete behar dute.

2.– Izenpetzen diren lankidetza-hitzarmenetan, bide egokiak ezarriko dira unibertsitateak Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroari jakinaraz diezaion inskribatutako profesionalek prestakuntza gainditu dutela.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Profesionalak salbuespenez inskribatzea.

Gaikuntza, balioespena edo bestelako ezein administrazio-baimeni jarraikiz lanbide sanitarioan jarduten dutenak Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroan inskribatuko dira, lanbide-jarduerara sarbidea ematen duen titulu bakoitzari dagokion apartatuan.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ezartzeko epea.

1.– Profesional sanitarioen erregistro publikoak eraginkorrak izan beharko dira dekretu hau indarrean jarri eta hemezortzi hilabetera.

2.– Nolanahi ere, behin-behineko aldi honetan, elkargoek, kontseiluek, zentro eta aseguru-etxe sanitarioek eta Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateek eta prebentzio-zerbitzuek behar diren neurriak hartu beharko dituzte, herritarrek, egokitze-aldi horretan, profesional sanitarioen datuetara sarbidea izan dezaten, zeinek publikoak izan behar baitute dekretu honetan aipatutakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Dekretu hau indarrean sartzean, indarrik gabe geratuko da Profesional Sanitarioen Informazio Sistemari buruzko uztailaren 5eko 153/2011 Dekretua eta haren aurka doan profesional sanitarioen erregistroen arloko xedapen oro.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko otsailaren 1ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

I. ERANSKINA
GUTXIENEKO DATU-MULTZOA

[Dekretu honen III. eranskinean jasotzen dira datu horien definizioa eta edukia.]

1.– Erregistratze-zenbakia.

2.– NAN, ANA edo pasaportearen zenbakia:

3.– Izen-abizenak:

4.– Jaiotze-data:

5.– Sexua:

Gizonezkoa

Emakumezkoa

Besterik

6.– Herritartasuna:

7.– Jakinarazpenetarako erabili nahi den bidea edo lekua.

8.– Lanbide-jardunaren lekua:

9.– Titulazioa (eremu bat baino gehiago betetzeko aukera dago):

Graduko titulua edo lizentzia

Medikuntza

Farmazia

Odontologia

Albaitaritza

Elikagaien Zientzia eta Teknologia

Osasun-zientzietako espezialistaren titulu ofizialera sartzea ahalbidetzen duten bestelako tituluak

Graduko titulua edo diplomatura:

Erizaintza

Fisioterapia

Terapia okupazionala

Podologia

Optika eta optometria

Logopedia

Giza elikadura eta dietetika

Psikologia

Beste titulazio batzuk

Lanbide-heziketako arlo sanitarioko profesionalak

Anatomia patologikoko eta zitologiako goi-teknikaria

Dietetikako goi-teknikaria

Dokumentazio sanitarioko goi-teknikaria

Aho-hortzetako higieneko goi-teknikaria

Diagnosi-irudietako goi-teknikaria

Diagnostiko klinikorako laborategiko goi-teknikaria

Ortoprotesiko goi-teknikaria

Hortz-protesietako goi-teknikaria

Erradioterapiako goi-teknikaria

Ingurumen-osasuneko goi-teknikaria

Audioprotesiko goi-teknikaria

Erizaintzako zaintza osagarrietako teknikaria

Farmaziako teknikaria

Beste titulazio batzuk

Espainiako titulua

Europako titulua

Europaz kanpoko titulua

10.– Osasun-zientzietako espezialistaren titulu ofiziala:

Ez

Bai (eremu bat baino gehiago betetzeko aukera dago)

Medikuntza ------ goitibehera-koadroa

Farmazia ------ goitibehera-koadroa

Biologia ------ goitibehera-koadroa

Kimika ------ goitibehera-koadroa

Biokimika ------ goitibehera-koadroa

Fisika ------ goitibehera-koadroa

Psikologia ------ goitibehera-koadroa

Erizaintza ------ goitibehera-koadroa

11.– Espezialistaren titulu ofiziala lortzeko bidea:

Bizilekua

Homologazioa

Bestelakoak

12.– Diplomak trebakuntza espezifikoaren arloetan:

13.– Akreditazio diploma eta akreditazio aurreratuko diploma.

14.– Garapen profesionalaren maila.

Maila edo gradua (I-IV)

Aitortza-erabakiaren eguna:

Ematen duen agintaritza

15.– Egoera profesionala:

Ez-aktiboa

o Langabezian

o Erretiroan

o Bestelako administrazio-egoerak

Aktiboa:

o Finkoa

o Aldi baterakoa

16.– Lanbide-jarduna:

Autonomoa

Besteren kontura:

Publikoa:

Osasun-zerbitzua

Beste administrazio publiko batzuk

Pribatua

Hitzartua

17.– Lanbide-kategoria:

A1

A2

18.– Egitekoa:

Asistentziala

Ez-asistentziala

Jarduera sanitariorik gabe

19.– Profesionalen elkargoko kide egitea.

Probintziako edo autonomiako elkargoa:

Elkargokide-zenbakia:

Noiz egin zen elkargoko kide:

Baja-eguna (hala badagokio):

20.– Erantzukizun zibileko estaldura:

21.– Etendura.

Etendura edo desgaikuntza noiz hasten den, eta zenbat irauten duen:

Administrazio publikoen zehapen-ebazpenen kopia, profesional sanitarioen etendura- edo desgaikuntza-egoerari eragiten diotenak lanbidean jarduteko, horiek hartzen edo gauzatzen direnean:

22.– Preskripziorako akreditazioa.

II. ERANSKINA
PROFESIONAL SANITARIOEN ELKARGO ETA KONTSEILUEN ERREGISTRO PUBLIKOETAKO, GIZARTE SEGURANTZAREKIN ELKARLANEAN ARITZEN DIREN MUTUALITATEETAKO LANGILEEN ERREGISTROETAKO, ETA LAN-ARRISKUEN PREBENTZIO-ZERBITZUETAKO LANGILEEN ERREGISTROETAKO GUTXIENEKO DATU-MULTZOA

a) Erregistratze-zenbakia.

b) Izen-abizenak.

c) Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) edo Atzerritarraren Nortasun Agiriaren (ANA).

d) Jaioteguna.

e) Sexua.

f) Herritartasuna.

g) Jakinarazpenetarako erabili nahi den bidea edo lekua.

h) Titulazioa.

i) Espezialitatea Osasun Zientzietan.

j) Diploma trebakuntza espezifikoaren arloetan.

k) Akreditazio diploma eta akreditazio aurreratuko diploma.

l) Egoera profesionala.

m) Lanbide-jarduna.

n) Non diharduen.

o) Kategoria profesionala.

p) Egitekoa.

q) Garapen profesionala.

r) Elkargo profesionala.

s) Erantzukizun zibileko estaldura lanbide-jardunaren eremu bakoitzean.

t) Lanbidean jarduteko desgaikuntza- edo etendura-egoera.

III. ERANSKINA
DEFINIZIOAK

1.– Erregistratze-zenbakia: kode bakarra inskribatutako profesional bakoitzarentzat; datuak erregistratzean sortuko du erregistroak berak.

2.– Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Nortasun Agiria (ANA): dagokion agirian ageri dena.

3.– Izen-abizenak: profesionalaren Nortasun Agiri Nazionalean, Atzerritarraren Nortasun Agirian edo Pasaportean ageri direnak.

4.– Jaioteguna: profesionalaren Nortasun Agiri Nazionalean, Atzerritarraren Nortasun Agirian edo Pasaportean ageri dena.

5.– Sexua: Nortasun Agiri Nazionalean, Atzerritarraren Nortasun Agirian edo Pasaportean ageri dena.

6.– Nazionalitatea: profesionalaren Nortasun Agiri Nazionalean, Atzerritarraren Nortasun Agirian edo Pasaportean ageri dena.

7.– Jakinarazpenetarako erabili nahi den bidea edo lekua: erakundeen, entitateen eta korporazioen erregistroan dagoena.

8.– Lanbide-jardunaren lekua: Lanbide-zerbitzuak ematen diren lekuaren edo lekuen posta-helbidea.

Urriaren 10eko 1277/2003 Errege Dekretuan aurreikusitako zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen erregistro orokorrean inskribatutako zentroetan ematen denean lanbide-zerbitzua, posta-helbideak barne hartuko du bertan ageri den zentroaren kodea.

9.– Tituluak: Espainian titulatu direnen kasuan, lanbide sanitario batean jarduteko tituluaren izen ofiziala (unibertsitatekoa edo lanbide-heziketakoa), unibertsitatea edo hezkuntza-zentroa, eta lorpen-data. Hasierako titulua Espainiatik kanpo lortu bada (EBn nahiz hirugarren herrialdeak), hauek adieraziko dira: titulua zer herrialdetan lortu zen; balioetsitako edo homologatutako Espainiako tituluaren izena; Espainian noiz homologatu edo balioetsi zen, eta agintaritza eskuduna.

– Gaikuntzak: gaikuntza mota, ebazpenaren data eta agintaritza eskuduna adieraziko dira.

– Prestakuntza-aldian dauden espezialistak: espezialitatea, erregistratze-eguna eta prestakuntza sanitario espezializatuaren zentroa edo irakaskuntza-unitate akreditatua adieraziko dira.

10.– Osasun-zientzietako espezialistaren titulu ofiziala:

– Titulua Espainian lortu duten espezialistak: espezialitatearen izen ofiziala jasoko da, baita noiz lortu den, zentroaren edo irakaskuntza-unitatea eta sarbidea ere.

– Espainiatik kanpo (EBn nahiz hirugarren herrialdeak) lortutako espezialista-titulu baten homologazio edo balioespenaren kasuan, hauek adieraziko dira: zer espezialitate aitortzen den, hori zer herrialdetan lortu zen eta Espainian homologatu edo balioetsi zen eguna, eta agintaritza eskuduna.

– Trebakuntza espezifikoaren arlo batean prestakuntzan diren espezialistak: arloa, erregistratze-eguna eta prestakuntza sanitario espezializatuaren zentroa edo irakaskuntza-unitate akreditatua adieraziko dira.

11.– Espezialistaren titulu ofiziala lortzeko bidea: egoiliartza, homologazioa edo espezialitatera heltzeko bestelako sarbideak.

12.– Trebakuntza espezifikoaren arloetako diploma: diplomaren izen ofiziala, baita zentroa edo irakaskuntza-unitatea, lortu zen data eta, hala badagokio, errebalida ere. Espainiatik kanpo (EBn nahiz hirugarren herrialdeak) lortutako trebakuntza espezifikoaren arloko diploma bat balioetsiz gero, adieraziko da zer herrialdetan lortu zen eta Espainian noiz balioetsi zen.

13.– Akreditazio diploma eta akreditazio aurreratuko diploma: diploma ofizialaren izena eta lorpen-data, eta, hala badagokio, berrespena eta agintaritza eskuduna.

14.– Garapen profesionalaren maila: Estatuko Osasun Sistemako profesionalentzat, karrera profesionala, maila edo gradua, aitortza-erabakiaren eguna, eman duen erakundea edo agintaritza.

15.– Lanbide-egoera: adieraziko da profesionala aktibo dagoen kontratu finkoarekin edo mugagabearekin, aldi baterako kontratuarekin edo autonomo gisa, eta denbora osoko edo partzialeko lanaldia duen. Profesionala jardunean ez badago, langabezian, erretiratuta edo beste egoera batean dagoen adieraziko da.

16.– Lanbide-jarduna: aurreko apartatuan adierazitako egoera profesional bakoitzeko, adieraziko da lan-loturaren mota, hau da, profesionala autonomoa den edo besteren kontura lan egiten duen. Kasu honetan, adieraziko da erakunde publiko batentzat (osasun-zerbitzua edo bestelako administrazio publikoak) edo erakunde pribatu batentzat lan egiten duen.

17.– Lanbide-kategoria: Estatuko Osasun Sistemako profesionalentzat, kategoriaren izena eta titulu-taldea edo -sailkapena (A1-tik C2-ra) Estatuko Osasun Sisteman.

18.– Egitekoak:

– Asistentziala: profesionalaren egiteko nagusia pazienteei zuzeneko arreta eskaintzea denean.

– Ez-asistentziala: profesionalaren egiteko nagusia kudeaketa, ikerketa, administrazioa edo irakaskuntza denean, egiteko horietarako titulu profesional sanitarioa eskatzen denean, betiere.

– Jarduera sanitariorik gabe: profesionalak egiten duen lanak ez duenean eskatzen titulu profesional sanitariorik, nahiz eta horrelako titulu bat izan.

19.– Profesionalen elkargoko kide egitea: probintziako edo erkidegoko elkargoa, elkargokide-zenbakia, noiz egin zen elkargokide eta, hala dagokionean, bajaren eguna.

20.– Erantzukizun zibileko estaldura lanbide-jardunaren eremu bakoitzean:

– Jardun pribatuko profesionalak (autonomoa edo inoren kontura): erantzukizun-aseguruaren ziurtagiria, abala edo finantza-bermea, laguntza edo zerbitzu sanitarioa ematean pertsonei eragindako balizko kalte baten kalte-ordainak estaliko dituena, baita aseguru horren balio-denbora ere.

– Jardun publikoko profesionalak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako erantzukizun-araubidea aplikatzearen justifikazioa, edo, hala badagokio, osasun-erakunde publikoak eta bertako langileek sinatutako erantzukizun-aseguruaren ziurtagiria, abala edo finantza-bermea, baita aseguru horren balio-denbora ere.

21.– Lanbidean jarduteko etendura edo desgaikuntza: profesionala eten edo desgaitu badu profesional horrek zerbitzuak ematen dituen entitate titularrak, dagokion kontseiluak edo elkargo profesionalak, edo dagokion justizia-epaitegiak:

– Etendura edo desgaikuntza hasten deneko eguna eta lanbidean jarduteko etendura- edo desgaikuntza-epai irmoen iraunaldia.

– Administrazio publikoen zehapen-ebazpenen kopia, profesional sanitarioen etendura- edo desgaikuntza-egoerari eragiten diotenak lanbidean jarduteko, horiek hartzen edo gauzatzen direnean.

22.– Preskripziorako akreditazioa: Apartatu honetan sartuko dira erizainek, bai zaintza orokorren esparruan bai berezituenetan, gizakientzako sendagaiak eta produktu sanitarioak aholkatu, erabili eta banatzeko baimena badutela akreditatzeko ziurtagiriak, Erizainek gizakientzako sendagaiak eta osasun-produktuak aholkatu, erabili eta banatzeko baimena izan dezaten arautzeko urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuz; agiriok Osasuneko sailburuaren 2019ko abenduaren 10eko Aginduan ezarritako prozeduren ondoriozkoak dira.


Azterketa dokumentala