Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2022ko otsailaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
758

19/2022 DEKRETUA, otsailaren 8koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onesten duen dekretua.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.35 artikuluaren arabera, eskumen esklusiboa du kasino, joko eta apustuen arloan, kirol eta ongintzako elkarrekiko apustuen kasuan izan ezik. Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoa Arautzeko Agintaritzak, besteak beste, honako eginkizun hauek ditu: jokoari buruzko politika publikoak egitea; joko arduratsu eta bermedun baten aldeko sentsibilizazioa sustatzea; eta jokoak gizartean duen eraginari buruzko ikerketa egitea, herritarren portaerei, adingabeei eta adikzio-portaeren kontrolari dagokienez; eta jokoen antolaketa baimentzea eta kontrolatzea.

Jokoaren elementuek osasun eta segurtasun publikoan duten eragina oinarri hartuta, Europako Parlamentuaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauak, barne merkatuko zerbitzuei buruzkoak, bere aplikazio-eremutik kanpo utzi zituen diruaren bidezko joko-jarduerak. Hala ere, horrek ez du esan nahi kokatzeko eta zerbitzuak emateko askatasunak ez zaizkienik aplikatuko ausazko zerbitzuei. Nolanahi ere, askatasun horiek murrizteko neurriak proportzionatuak izan behar dira, agintari eskudunek osasuna eta segurtasuna babesteko lortu nahi dituzten helburuei dagokienez.

Testuinguru horretan, jokoaren politika publikoen definizioak eta ebaluazioak xede duten errealitatea sistematikoki ezagutzea eskatzen du. Horretarako, bai jokoaren eskaintzari, bai haren eskaera sozialari eta horren inguruan Autonomia Erkidegoaren esparruan zein beste eremu geografiko batzuetan azaltzen diren joera prospektiboei erreparatu behar die.

Helburu honekin, Jokoaren Euskal Behatokia sortu zen, urriaren 16ko 147/2018 Dekretuaren bidez (2018ko urriaren 23ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko jokoaren errealitatearen informazioaren, azterketaren eta ikerketaren zerbitzu zentralizatu gisa. Helburua du Euskadiko Jokoa Arautzeko Agintaritzari fenomenoaren ikuspegi orokorra ematea, bere politika publikoak garatu eta ezartzeko orduan.

Jokoaren Euskal Behatokiaren baitan egindako azterketetatik ondorioztatzen da jokoaren eskaintza eta eskuragarritasuna handitu egin direla, batez ere informazioaren kanal eta teknologia berriak agertu direnetik. Nabarmentzekoa da online jokoan izandako gorakada, eta, zehazkiago, online kirol-apustua, eguneko 24 orduetan eskuragarri egoteaz gain, praktika ezkutatzeko eta pribatizatzeko aukera ematen baitu. Era berean, agerian geratzen da modalitate hori ugaritzen ari dela gazteen eta nerabeen artean. Horren guztiaren ondorioz, errehabilitazio-elkarteek azpimarratu dutenez, gora egiten ari da adikzioagatiko edo neurriz kanpo jokatzeagatiko tratamenduen eskaria. 2017ko datuen arabera, EAEko biztanleen % 0,2 neurriz kanpoko jokalaritzat jo daiteke. Hori dela eta, EAEko biztanleen % 53,2k uste du adingabeei eta gazteei zuzendutako prebentzio-ekintzak Administrazioaren lehentasunezko jarduera-eremua direla.

Laguntza garrantzitsua duten beste arlo batzuk dira, bai arrisku praktiken sentsibilizazio jarduerak, bai publizitateari eta establezimenduetara sartzeko kontrolari buruzko arauketa. Horregatik guztiagatik, prebentzio-ekintzak ezin dira autokontrol-neurrietan edo joko arduratsuaren sustapen orokorrean soilik oinarritu.

Bestalde, jokoa osasun publikoaren ikuspegitik arautu behar da, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak ezartzen duen moduan. Lege horrek, 50. artikuluan, agintzen dio joko-arautzaileari, neurri zehatzak har ditzala joko arazotsu edo patologikoko egoerak gerta ez daitezen. Agindu hori aplikatuz, eta onartu zen uneko egoera ekonomiko eta sozialean oinarrituta, 120/2016 Dekretuak joko arduratsuaren eta erantzukizun korporatiboaren printzipioak sartu zituen III. kapituluan, bai eta publizitatearen erregulazio murriztailea ere. Era berean, jokoaren hiru urteko plangintzaren tresna sartu zuen, jokoaren dimentsionamendu orekatua lortzeko helburuarekin.

Jokoaren Euskal Behatokiak Ekintza Plan bat egin du, egindako azterlanetatik ondorioztatzen diren ebidentzietan oinarrituta, eta Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkulariari eta Jokoaren Euskal Kontseiluari helarazi zaie. Azken horrek, Plana onartu ondoren, erregelamendua berrikusteko prozesuari hasiera ematea erabaki zuen, proposatutako jarduera-ildoen arabera.

Zehazki, Jokoaren Euskal Behatokiak beharrezkotzat jotzen du jokoaren eskaintza moldatzeko neurriak hartzea, gizartearen eskaria kontuan hartuta, bai eta Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak berak emandako agindua ere. Zehazki, Jokoaren Euskal Behatokiak agerian uzten du neurriak hartu behar direla jokorako sarbidearen kudeaketa eta kontrola hobetzeko, batez ere adingabeen eta joko patologikoko arazoak dituzten pertsonen kasuan. Gainera, oraintsuko garapen teknologikoa dela eta, beharrezkoa da jokoaren adikzio-potentziala moderatzea eta hura kontrolatzeko eta ikuskatzeko protokoloak indartzea, hori guztia informazioaren eta komunikazioaren teknologien potentziala ustiatuz.

Alde horretatik, Jokoaren Euskal Behatokiak nabarmendu du aurrerapen teknologikoek ez dutela soilik errazten jokorako sarbidea, baizik eta haien garapenean bertan ere eragiten dutela. Izatez, batzuetan, zaildu egiten dute arauen gardentasuna eta sarien banaketaren kontrola, kontsumitzailea edo erabiltzailea nahastu dezaketelako. Hori dela eta, komeni da teknologia bermatzea aurrez aurreko edo sareko edozein joko-sistematan egindako joko-eragiketa guztien monitorizazio eta trazabilitate zuzenerako tresna gisa, kontsumitzaileen/erabiltzaileen babesa indartuz eta, aldi berean, operadoreen administrazio-karga murriztuz.

Jokoaren Euskal Behatokiari emandako aginduaren ildotik, eta Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onesten duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretua indarrean sartu zenetik 5 urte betetzen direla, beharrezkoa da jokoaren plangintzaren berrikuspen-prozesuari ekitea. Helburua da sektorea behar bezala dimentsionatzea, neurri dinamikoak hartuz, joko-eskaintzaren ikuspegi orokorrarekin edo osoarekin, joko-eskaintzari sozialki onargarriak diren marjinetan eustea ahalbidetuko duena, betiere, arreta osasunaren babesean eta joko problematikoaren prebentzioan jarriz.

Horretarako, sail sustatzaileak joko-lokalen eta haien kokapenaren arteko gutxieneko distantzien inpaktua ebaluatu du, distantzia egokiak finkatzeko, eta, horrela, eremu jakin batean joko-lokal ugari ez pilatzeko. Azterlanean, joko- eta apustu-lokalen kontzentrazio handia duten udalerriak agertzen dira: Vitoria-Gasteiz, Irun, Eibar, Gernika, Bilbo eta Donostia. Era berean, erakusten du 2016an ezarritako plangintzak, neurri batean, beste udalerri batzuetara eta hirien kanpoaldera eraman zuela joko-eskaintza.

Egindako azterketa geoespazialean eta hainbat simulaziotan oinarrituta –dokumentu honi erantsi zaizkio–, joko-lokalen arteko distantziak aldatu egiten dira: lokalaren tipologiaren arabera bereizitako distantzia-sistema bat ezarri beharrean, orain 500 metroko distantzia bakarra finkatu da, eta horrek ez du diskriminatzen lokalaren tipologiaren arabera, edozein lokaletan egiten baitira joko-jarduerak. Halaber, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako ikastetxeekiko gutxieneko distantzia bat ezartzen da, 150 metrokoa, jokorako sarbiderik izan ez dezaten, eta, gainera, bingo eta kasinoetako sarbide-kontrola joko-aretoetara eta apustu-lokaletara ere hedatzen da.

Bestalde, beharrezkotzat jotzen da joko-lokaletarako baimenen gehieneko kopurua murriztea, lokalen pilaketa handia arintzeko. Horretarako, ratio onargarri hau ezarriko da: joko-lokal bat 10.000 biztanleko. Ratio hori aplikatuta, gehieneko atalase berri batzuk ezarriko lirateke: 170 joko-areto, 14 bingo eta 20 apustu-lokal operadore bakoitzeko; kasino-kupoari eutsi egingo zaio (3).

Joko-lokalei buruzko zenbait alderdi aldatzen dira, besteak beste: lizentzia kopurua, barne eta kanpoko gunearen ezaugarriak, edukierak, joko-makina motak eta sari motak. Zentzu honetan, eta «B» motako makinen kopuru osoa murrizteko, I. eranskina berriz berrikusi arte, makina-mota honen baimen berriak ematea eteten da.

Jokoen funtzionamendurako alderdiak aldatzen dira, adikzio-potentziala moderatzen duten elementuak sartuz. Hori guztia sarien egiazkotasuna bermatzearren, monitorizazioa hobetzearren edo kontsumitzailearentzat/erabiltzailearentzat ulergarriak diren joko-arauak ziurtatzearren.

Jokalarien eta joko-lokalen arteko erreklamazioen testuinguruan sortutako eztabaidak ebazteko, arbitrajearen figura sartzea aurreikusten da.

Bestalde, aldatu egin da Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkulariaren osaera, bai fabrikatzaileen sektoreko ordezkariak bai hezkuntzaren eta gazteriaren arloetan eskumena duten Sailetako ordezkariak sartzeko, haien ekarpena garrantzitsua izan baitaiteke eta jatorrizko osaeran sartuta ez zeudelako.

Administrazioak, distantzia horiek neurtzeko, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren distantziak neurtzeko informatika-tresnak erabili ahal izango ditu.

Xedapen iragankor bat sartu da, joko-lokalen lekualdaketak eta handitzeak debekatzeko, betiere baimendutako lokalen gehienekoaren azpitik ez badago.

Hamargarren xedapen iragankor berri bat sartzen da, sektoreari laguntzeko neurri bat berrezartzen duena –lehenago ere ezarri zen 2020an eta 2021ean, alarma-egoeretan–, COVID-19ak eragindako pandemiaren olatu berriaren kutsadura-tasen gehikuntza geldiarazteko adostutako neurri murriztaileek eragindako kalteak arintzeko.

Dauden kontzeptu eta definizio batzuk findu nahi dira, artikuluei argitasun eta zehaztasun handiagoa emateko.

Aldatu egiten da joko-makinak kokatzeko buletinean ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak arautzen dituen manua.

Arau hau Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko irailaren 9ko 2015/1535 (EB) Zuzentarauan aurreikusitako arau eta araudi teknikoen eta informazioaren gizarteko zerbitzuei buruzko erregelamenduen arloko informazio-prozedurarako onartu da, betiere zuzentarauan ezarritako hiru hilabeteko epea errespetatuz, erregelamendu-proiektua Batzordeari jakinarazten zaionetik hura onartu arte. Prozedura honek helburu du arauari eta araudi teknikoei buruzko gardentasuna eta kontrola garatzea, estatu kideen artean arrazoirik gabeko oztopoak sortzeko arriskua murriztuz.

Ondorioz, lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 8an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. – Aldatu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onesten duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren manu hauek:

1.– 3. artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"2.– Zehazki, debekatuta dago honako hauek antolatzea eta praktikatzea:

a) Kasino-jokoen modalitateak, izen berarekin edo desberdinarekin, txapelketa-modalitatea barne, kasinoetatik kanpo egiten badira edo Erregelamendu honetan ezarritako baimenetatik, betekizunetatik edo baldintzetatik kanpo egiten badira.

b) Bingo-jokoaren modalitateak, izen berarekin edo desberdinarekin, Erregelamendu honetan aurreikusita ez badaude edo Erregelamendu honetan ezarritako baimenetatik, betekizunetatik edo baldintzetatik kanpo egiten badira.

c) Erregelamendu honetan ezarritako baimenetatik, betekizunetatik edo baldintzetatik kanpo egiten diren apustuak edo Erregelamendu honetan aurreikusita ez dauden ekitaldietan egiten diren apustuak.

d) Pertsonen duintasunaren aurka, intimitaterako eskubidearen aurka, ohorerako eskubidearen aurka, eta norbere irudiaren eskubidearen aurka doazen apustuak, dela apustuaren beraren berezko ezaugarriengatik dela apustua jokatzen den ekitaldiaren ezaugarriengatik.

e) Delituak edo faltak egitean oinarritzen diren apustuak, gertakari politikoetan edo erlijiosoetan oinarritzen direnak edo indarreko arauek debekaturiko ekitaldietan jokatzen direnak, eta apustuan parte hartzen duten aldeekin zerikusirik ez duen amaiera ezezaguna ziurtatzen ez dutenak.

f) Zaldiek parte hartzen duten eta Erregelamendu honetan jasota ez dauden kirol-jardueretan edo lehiaketetan eginiko apustuak.

g) Saldutako produktuen artean txartelak eta loteriak saltzen dituzten salmenta-makinak eta -gailuak jartzea eta ustiatzea, horretarako baimenik ez duten establezimenduetan badaude.

h) Erregelamendu honetan araututako makinak erabiliz, edozein jarduera baimen egokirik gabe egitea, edo baimen hori izanda ere, bertan jasotako parametroak gainditzea.

2.– 5. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"5. artikulua.- Jokoa Arautzeko Agintaritza.

Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen Jokoa Arautzeko Agintaritza joko-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritza da. Hortaz, Jokoa Arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legean, Erregelamendu honetan, eta Zuzendaritza hori atxikita dagoen saileko egitura-dekretuan xedatutakoaren arabera, Zuzendaritza horri dagokio:

a) Jokoari buruzko politika publikoak egituratzea.

b) Joko-modalitateen enpresa ustiatzaileak eta jokoen ustiapena eta praktika baimentzea.

c) Joko-jarduerak egingo dituzten lokalak baimentzea, baita lokal horiek irekitzeko aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenak jasotzea ere.

d) Joko-makinak eta makina laguntzaileak jartzeko baimena ematea, baita AR motako makinak edo erredentzioko jolas-makinak eta jolas-aretoetan ustiatzen direnak jartzeko erantzukizunpeko adierazpenak jasotzea ere.

e) Bitarteko elektronikoen, informatikoen, telematikoen eta elkarreragileen bidez egiten diren joko-jarduerak baimentzea, dagokien arauketaren eta plangintzaren baitan.

f) Jokoaren Erregistro Nagusia kudeatzea.

g) Joko-elementuak eta apustuak homologatzea.

h) Saiakuntza-laborategiak eta ikuskapen-erakundeak gaitzea.

i) Joko arduratsu eta bermedun baten aldeko sentsibilizazioa sustatzea, eta jokoak gizartean duen eragina aztertzea, batik bat herritarren jokabideetan, adingabeengan eta, genero-ikuspegiarekin, adikzio-portaerak kontrolatzeko garaian.

j) Joko-arloa kontrolatzea; ikuskatzea; eta, zehatzeko ahala beste organo batzuei ez dagokienean, zehatzeko ahala egikaritzea".

3.– 7. artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"2.– Batzordekideak izendatzeko orduan, gizonen eta emakumeen kopurua orekatua izatea bilatuko da jatorrian okupatzen duten kargua dela-eta izendatuak ez diren batzordekideen kasuan. Honela osatuko da batzordea:

a) Batzordeburua. Joko-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaria, edo zuzendariak izendatutako beste bat.

b) Joko arloan eskumena duen sailburuak izendatutako hiru ordezkari.

c) Tributu-, osasun-, hezkuntza-, turismo- eta gazteria-arloan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako sailetako titularrek izendatutako bost ordezkari.

d) Erregelamendu honetan jasotako arau zehatzak zenbat izan, jokoaren sektore profesionaleko beste horrenbeste ordezkari, bakoitza arau zehatzak dituen azpisektorearen ordezkaritzan. Baita enpresa fabrikatzaile, inportatzaile eta merkaturatzaileen sektoreko ordezkari bat ere. Ordezkari bakoitza eremu bakoitzeko elkarte nagusiak izendatuko du. Elkarterik ez badago, enpresen artean txandakatuko da ordezkaritza. Horrenbestez, urte bakoitzean ordezkari bat izendatuko dute.

e) Sektorean ordezkagarritasun handiena duten kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek izendatutako bi ordezkari.

f) Adikzioak errehabilitatzeko elkarteek –sektorean ordezkagarritasun handiena dutenek– izendatutako hiru ordezkari, lurralde historiko bakoitzeko bana.

g) Idazkaria: joko-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzako ordezkari bat, hitz egiteko eskubidearekin, baina botoa emateko eskubiderik gabe."

4.– 9. artikuluaren lehenengo paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Gobernu Kontseiluak jokoen plangintza onartuko du, honako hauek aintzat hartuta: Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa Arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 4. artikuluan aurrez ikusitako irizpideak; horiez gain, kontuan hartuko du Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 50. artikuluan xedatutakoa, baita Jokoaren Euskal Behatokitik ateratako datuak ere».

5.– Seigarren paragrafoa sartzen da 11. artikuluan, eta honela geratzen da idatzita:

«6.- Jokoa Arautzeko Agintaritzak sustatuko du Erregelamendu honetan araututako joko-enpresak kontsumoko arbitrajeari atxiki daitezen, joko-jardueretan erabiltzaile eta kontsumitzaileekiko sor daitezkeen gatazkak konpontzeko».

6.– 12. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"12. artikulua.- Informazioa.

1.– Joko-lokal guztiek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Jendaurrean erakustea joko-lokal moduan jartzeko gaitzen dituen titulua, Jokoa Arautzeko Agintaritzak jaulkitakoa.

b) Ohartaraztea joko ez arduratsuak mendekotasuna sorraraz dezakeela.

c) Ohartaraztea joko-lokalak adin nagusikoentzako lokalak direla, jolas-aretoen kasuan izan ezik.

d) Erabiltzaileen esku jartzea lokal horietan eskaintzen diren joko-modalitateen araudi ofizialak, eta, halakorik balego, establezimenduaren barne erregelamendua, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan.

e) Joko edo apustu bakoitzaren baldintza zehatzen berri ematea, modu argi eta ulergarrian, bai horiek jokatzen diren gailuetan bai horiek jokatzen diren leku fisikoetan edo birtualetan, baita sariak banatzeko arauen berri ematea ere.

f) «B» eta «C» motako makinen aurrealdean edo bideo-pantailan, modu grafikoan jaso beharko da, ikusteko moduan, eta idatziz, jarraian adierazten den informazioa: konbinazio irabazleen deskripzioa; onartutako txanponen, fitxen, txartelen edo euskarri fisikoen edo elektronikoen balioak; partida bakoitzari dagozkion sarien zenbatekoa; sarietan itzultzeko gutxieneko portzentajea; adingabeek erabiltzeko debekua; eta jokoa praktikatzeak mendekotasuna sorraraz dezakeela egiten duen ohartarazpena.

2.– Jokoaren webguneko orrialdeetan, informazio hau erakutsi beharko da (toki nabarmenean, eta webguneko orrialde guztietatik eskuratzeko moduan):

a) Jokoaren enpresa operadorearen datuak, besteak beste honako hauek: izen soziala, erregistro-tokia, helbide elektronikoa eta gaikuntza-titulua.

b) Jokoan parte hartu ahal izateko gutxieneko adina adierazten duen abisua.

c) «Joko arduratsuari» buruzko mezua, zeinaren bidez adieraziko baita jokoa, kontrolatzen ez bada, kaltegarria izan daitekeela; webgunean erabiltzaileei laguntzeko neurriei buruzko informazioa; autoebaluazio-probak, erabiltzaileek jokoarekiko duten portaera egiaztatzeko aukera izan dezaten; eta jokoarekin lotutako nahasmenduei buruzko informazioa eta laguntza eskaintzen dituzten erakundeekin harremanetan jartzeko esteka.

d) Jokoaren kontratu-baldintzei buruzko informazio zehatza eta irakurtzeko modukoa. Baldintza horiek onartu eta baieztatu egin beharko ditu jokalariak jokalari-kontua irekitzeko eta erregistratzeko prozesuan, eta bide elektronikoetatik eskuragarri egon beharko dute, kontsumitzaileak gorde eta berreskuratu ahal izan ditzan. Informazio horren barruan, hauei buruzko argibideak jasoko dira: kontutik funtsak ateratzeari buruzko mugak eta epeak, kontu horretan eginiko transakzioekin lotutako edozein gastu, eta joko bakoitzerako sarien itzulketa-ehunekoetarako esteka.

e) Jokoaren webgunean eskuragarri dauden apustuei eta jokoei buruzko arauen informazioa, modu argi eta ulergarrian.

3.– Joko-lokal guztiek eta joko- eta apustu-enpresen webgune edo web orrialdeek erabiltzaileen eskura izango dituzte erreklamazio-orriak. Horiek eskuratzea, betetzea eta izapidetzea uztailaren 1eko 142/2014 Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da, Kontsumoko erreklamazio-orriei eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kexa, erreklamazio eta salaketei erantzuteko prozedurari buruzkoan.

7.– 15. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"15. artikulua.- Jokalariaren estatutua.

1.– Jokoaren enpresa operadorearekin, joko-establezimenduarekin eta haren langileekin dituzten harremanetan, jokalari orok jarraian adierazten diren eskubideak izango ditu:

a) Begirunez eta adeitasunez hartua izateko eskubidea.

b) Partidaren prezioari dagokion erabilera-denbora izateko eskubidea.

c) Dagozkion sariak kobratzeko eskubidea, joko bakoitzaren arau zehatzen arabera.

d) Askatasunez jokatzeko eskubidea, gainerako jokalariengandik, joko-establezimenduko langileengandik edo bestelako norbanakoengandik hertsapenik edo mehatxurik jaso gabe, baita jokoa modu garbian joan dadin, erregelamenduetan ezarritakoa betez.

e) Jokoa edo apustua arautuko duten arauei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, modu argi eta ulergarrian.

f) Une oro jakiteko zenbat diru jokatu edo apustu egin duen, euskarri elektronikoaren bidez jokatutako jokoetan; baita ere, joko-establezimenduan araudiak baimendutako kontu bat irekita izanez gero, kontu horretan zenbat saldo geratzen zaion ezagutzeko eskubidea.

g) Bitarteko elektronikoen, informatikoen, telematikoen eta elkarreragileen bidez gauzatutako jokoetan, bere burua modu ziurrean identifikatzeko eskubidea nortasun agiri nazionala, pasaportea edo agiri baliokidea erakutsiz, sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez; bai eta bere datu pertsonalak babestuak izateko eskubidea ere, datuak babesteko arauetan xedatutakoarekin bat etorriz.

h) Une oro jokoaren enpresa operadorearen izena ezagutzeko eskubidea, bereziki, bitarteko elektronikoen, informatikoen, telematikoen eta elkarreragileen bidez garatutako jokoetan; baita ere, erreklamazioen edo ustezko arau-hausteen kasuan, haiekin elkarreragiten duten langileen identitatea ezagutzeko eskubidea.

i) Erreklamazio-orriak berehala eskuragarri izateko eskubidea.

j) Joko-establezimenduetan joko arduratsua praktikatzeko beharrezkoa den informazioa jasotzeko eskubidea.

k) Joko-galarazpenen erregistroan sartzeko edo baja emateko eskatzeko eskubidea, 18. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

l) Jokoaren enpresa operadorearekin sortzen diren eztabaidak kontsumoko arbitrajearen mende jartzeko eskubidea, betiere enpresa hori kontsumoko arbitraje-sistemari atxikita badago.

2.- Jokalariek une oro errespetatu beharko dituzte joko-arauak, joko arduratsuaren printzipioak, eta gailuen eta makinen erabilera egokia. Halaber, jarrera adeitsua izan beharko dute lokaletako langileekin eta gainerako erabiltzaileekin.

Era berean, joko-lokaletako sarrera-kontrolean identifikatu beharko dira, 17. artikuluan ezarritako debeku-arrazoirik ez dagoela egiaztatzeko".

8.– 17. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"17. artikulua. – Joko-aretoetara eta web orrialdeetara sartzeko debekua.

1.– Honako hauei galaraziko zaie joko-lokaletara sartzea:

a) Adingabeei, joko-kasinoen, bingo-lokalen, joko-aretoen, apustu-lokalen eta zaldi-apustuen lokalen kasuan.

b) Edanda joatearen zantzuak antzematen zaizkienei edo substantzia psikotropikoak hartu izanaren eraginpean daudela antzematen zaienei, edo haien jarrera oldarkorrarekin edo bortitzarekin jokoen ordena, lasaitasuna eta jardun ona oztopatu dezaketenei.

c) Joko-galarazpenen Erregistroan inskribatutako norbanakoei.

2.– Aurreko artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, jokatzeko debekua duten norbanakoei ez zaie utziko web orrialdeetan jokalari-kontu bat irekitzen ezta erregistratzen ere.

3.– Lokal horietako sarreran eta web orrialdeko atarian, modu argian idatzita jaso behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan, adingabeek debekatuta dutela sartzea".

9.– 18. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

" 18. artikulua.– Joko-galarazpenen erregistroa.

1.– Joko-galarazpenen Erregistroaren xedea da hor inskribatzen diren pertsonei sarrera debekatzea joko-lokaletara edo bitarteko elektronikoen, informatikoen, telematikoen eta elkarreragileen bidezko joko-arloko webguneetara.

2.– Jokoa Arautzeko Agintaritzak honako hauek inskribatuko ditu Joko-galarazpenen Erregistroan:

a) Euren borondatez jokoa galaraz diezaietela eskatu duten pertsonak.

b) Jokoarekiko adikzio patologikoa duten pertsonak, interes legitimoa duen hirugarren batek eskatuta.

c) Epai judizial irmoaren bidez ezgai edo zarrastel deklaratutako pertsonak, eta, hala badagokio, joko-jarduera mugatzeko behin-behineko neurrien eraginpean daudenak (ezgaitasun- edo zarrastelkeria-prozeduran hartutako neurriak), neurriok indarrean dauden aldian.

d) Epai judizial irmoaren bidez (modu nagusian edo osagarrian) joko-jarduera mugatu zaien pertsonak eta, hala badagokio, joko-jarduera mugatzeko behin-behineko neurrien eraginpean daudenak, neurriok indarrean dauden aldian.

e) Joko-araudi honetan jasotako arau-hauste astunengatik edo oso astunengatik zehatutako norbanakoak.

f) Jokoaren enpresa operadoreen eskariz erregistroan inskribatzen diren pertsonak, jokoan duten portaera oinarri hartuta.

3.- Interesdunaren borondatezko inskripzio-eskaera interesdunak berak edo bere ordezkariak egin dezake Jokoa Arautzeko Agintaritzan. Osakidetza/Euskal osasun zerbitzuak eta jokoarekiko adikzio-arazoak dituzten pertsonak errehabilitatzea helburu duten elkarteek ere (elkarte horietan errehabilitatzen ari diren pertsonei dagokienez) aurkez dezakete eskaera, betiere interesdunak aldez aurretik horretarako baimena ematen badu.

Inskripzioa erabakitzeko epea hiru egunekoa izango da, eskaera Jokoa Arautzeko Agintaritzaren erregistroan sartzen denetik zenbatzen hasita, eta indarraldi mugagabea izango du. Nolanahi ere, inskribatzea egin zenetik sei hilabete igarotakoan, interesdunak inskribatzea ezeztatzeko eska dezake.

4.- Borondatezko inskripzioaren eskabidea joko-lokalen sarrera-kontrolean aurkeztu ahal izango da, bai eta bitarteko elektroniko, informatiko, telematiko eta interaktiboen bidez egindako sarbide-kontrolean ere, baldin eta eskatzailea behar bezala identifikatzen badute. Joko-lokal edo -enpresatik elektronikoki bidali beharko diote Jokoa Arautzeko Agintaritzari, aurkezten denetik 3 eguneko epean. Jokoa Arautzeko Agintaritzak hiru eguneko epean erabakiko du inskripzioa, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Inskripzioak indarraldi mugagabea izango du, baina interesdunak hura ezeztatzeko eskatu ahal izango dio Jokoa Arautzeko Agintaritzari, inskripzioa egin eta sei hilabete igaro ondoren.

5.- Ertzain-etxeetan ere aurkeztu ahal izango da jokoan parte hartzeko borondatezko galarazpenari buruzko eskaera, bai borondatez inskribatzeko, bai Joko-galarazpenen Erregistroan ezeztatzeko. Dagokion ertzain-etxetik Jokoa Arautzeko Agintaritzari bidali beharko diote 3 eguneko epean, eskatzailea modu frogagarrian identifikatu dela egiaztatzen duen identifikazio-eginbidea erantsita."

6.- Interes legitimoa egiaztatzen duen edozein pertsonak ere aurkeztu ahal izango du inskribatzeko eskaera. Kasu horietan, Jokoa Arautzeko Agintaritzak alegazioak aurkezteko epe bat ezarriko du, eta alderdiei entzunaldia emango die ebazpena eman aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera. Jokoa Arautzeko Agintaritzak eskaera ukatu ahal izango du, eskatzailearen legitimaziorik ezagatik edo hura oinarritzen duten oinarri faktiko edo juridikoak nahikoak ez izateagatik.

Inskribatzea erabakitzeko epea hilabetekoa izango da, dagokion prozedura hasten denetik. Inskripzioak indarraldi mugagabea izango du, baina interesdunak hura ezeztatzeko eskatu ahal izango dio Jokoa Arautzeko Agintaritzari, inskripzioa egin eta sei hilabete igaro ondoren.

7.- Ebazpen judizialetatik eta joko-araudiaren ondoriozko zehapenetatik datozen inskripzioak ofizioz egingo dira, 3 eguneko epean, eta haietan zehaztutako indarraldia izango dute.

8.- Inskribatzeko eskaera jokoaren enpresa operadoreek egin ahal izango dute, jokoan portaera jakin bat duten pertsonei dagokienez. Kasu horietan, Jokoa Arautzeko Agintaritzak alegazioak aurkezteko epe bat ezarriko du, eta alderdiei entzunaldia emango die ebazpena eman aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera. Jokoa Arautzeko Agintaritzak eskaera ukatu ahal izango du, eskatzailearen legitimaziorik ezagatik edo hura oinarritzen duten oinarri faktiko edo juridikoak nahikoak ez izateagatik.

Inskribatzea ebazpenean ezarritako aldirako egingo da, gutxienez 3 hilabeterako eta gehienez urtebeterako, kontuan hartuta jokabidea (nahita jokatu ote duen), sorrarazitako kaltea eta arau-haustean berrerori den. Ebazpenak zehaztuko du debeku-esparrua (eraginpeko joko-lokala edo webgunea izan daiteke).

9.- Jokoa Arautzeko Agintaritzak koordinazio-lana egingo du Joko-galarazpenen Erregistroaren eta Espainiako Estatuan dauden baliokideen artean. Horretarako, hitzarmenak egingo dira datuak komunikatzeko, eta, hala badagokio, joko-galarazpenen erregistroak interkonektatzeko.

10.– Joko-galarazpenen Erregistroak honako datu hauek jasoko ditu: ukitutako pertsonaren izen-abizenak, sexua, nortasun agiri nazionalaren zenbakia edo agiri baliokidearena eta ohiko bizilekua duen udalerriaren posta-kodea."

10.– 19. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"19. artikulua.– Sarrera-baldintzak eta sarrera ukatzeko eskubidea.

1.– Sarrera ukatzeko eskubidea bereizkeriarik ezaren printzipioarekin eta berdintasun printzipioarekin bat etorriz egikarituko da beti. Hori dela eta, debekatuta dago pertsonen duintasunaren aurkako erasoa sor dezakeen edozein egikaritza edo pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen dituen edozein egikaritza.

2.– Lokaleko sarreretan, dagokion udal-agintaritzak jaulkitzen duen establezimenduaren idazkunean edo plakan, ikusteko moduan egon beharko da debekuei, mugei eta sarrera-baldintzei buruzko informazioa".

11.– 20. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"20. artikulua.– Sarrera ukatzeko eskubidearen kontrola joko-lokaletan.

1.– Joko-lokal guztiek, jolas-aretoek izan ezik, sarrera ukatzeko eskubidea kontrolatzeko sistema bat izan beharko dute lokalera sartzeko ate bakoitzaren sarreran, 17. artikuluko kasuetan dauden pertsonei sartzen ez uzteko. Instalazioetara sartzeko sarbide bat baino gehiago dutenean, lokalek sarrera ukatzeko eskubidea kontrolatzeko sistema bat baino gehiago izan dezakete.

2.- Sartzeko egon daitezkeen debekuak egiaztatze aldera, sarrera ukatzeko eskubidearen kontrolak sistema informatiko bat izan beharko du, joko-galarazpenen erregistroarekin konektatzeko, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren ebazpen bidez ezarritako ezaugarrietara egokituko dena.

3.- Lokaleko arduradunak egin beharko du kontrol hori, eta joko-lokalera sartu nahi dutenei Nortasun Agiri Nazionala edo pertsonaren identifikazioa modu frogagarrian egiaztatzen duen agiri baliokidea aurkezteko eskatuko die.

4.- Bezeroaren datuak digitalizatuta edo euskarri elektronikoan eta Galarazpenen Erregistroarekin gurutzatuta dauden joko-lokaletan, sartzeko debeku posibleak egiaztatzeko eta frogatzeko, identifikatze- eta egiaztapen-sistema elektronikoak erabili ahal izango dira, baldin eta aldez aurretik Jokoa Arautzeko Agintaritzak edo beste Administrazio Publiko batzuek baimendu badituzte; azken kasu horretan, Jokoa Arautzeko Agintaritzak baliozkotu ahal izango ditu, 61.5 artikuluan aurreikusitako moduan.

5.- Euskarri informatikoak, identifikatze eta egiaztapen elektronikoko sistemak eta erabiltzaileak erregistratzeko beste edozein sistema erabiltzeko, datu pertsonalak babesteko araudiaren aginduak bete beharko dira. Betiere, kontrolean edo sarrera-erregistroan jasotako datuak Erregelamendu honetan zehaztutako helburuetarako soilik erabili ahal izango dira, eta, hala badagokio, Kapital Zuriketa eta Terrorismoaren Finantzaketa prebenitzeko araudiaren arabera.

6.- Joko-lokaletako langileek erantzukizunez adierazi beharko dute prestakuntza jaso dutela erregelamendu honek ezartzen dituen sarrera ukatzeko eskubidearen kontroleko betebeharrei buruz, 2. apartatuan aipatzen den sistema informatikoaren funtzionamenduari buruz eta, hala badagokio, 3. paragrafoan aipatzen diren identifikatze- eta egiaztapen-sistema elektronikoei buruz.".

12.– 24. artikuluaren lehenengo paragrafoko i) letra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«i) Joko bakoitzaren araudi espezifikoak hala eskatzen duenean, Euskal Autonomia Erkidegoaren Diruzaintzan dagokion zenbatekoarengatik fidantza eratu izanaren egiaztagiria».

13.– 25. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"25. artikulua.– Lehiaketa publikoaren bidez baimena emateko prozedura.

1.– Lehiaketa publikoaren deialdia joko-arloan eskumena duen sailburuaren Aginduz egingo da. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta lehiaketaren oinarri-arauak zehaztuko ditu.

2.– Deialdia egiten duen Aginduan eskabideak aurkezteko epea zehaztuko da. Epe hori ezingo da izan hilabetetik beherakoa, ezta hiru hiletik gorakoa ere. Halaber, eskabidean jaso beharreko datuak eta aurkeztu beharreko datuak zehaztuko dira. Gutxienez, datu hauek jaso beharko dira:

a) Eskatzailearen izen-abizenak, nazionalitatea, egoitza eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia, eta bere izenean jarduten duen edo enpresa nahiz erakunde interesdunaren izenean eta ordezkaritzan.

b) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, izen-abizenak, nazionalitatea, egoitza eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia –atzerritarren kasuan, agiri horren baliokidearena–.

c) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, merkataritza-sozietatearen edo kooperatibaren izena eta egoitza, eta sozietatearen kapital-kopurua.

d) Sozietatea eratzen duten edo eratuko duten bazkideen edo partaideen zerrenda. Horien nortasun agiri nazionalaren zenbakia jaso beharko da, edo, hala dagokionean, horien pasaporte-zenbakia, baita horietako bakoitzak sozietatean duen partaidetza-kuota ere.

e) Merkataritza-sozietatea edo kooperatiba administratzen, zuzentzen edo kudeatzen dutenen, edo haien legezko ordezkaritzan jarduten dutenen zerrenda, horien nortasun agiri nazionalaren zenbakia adierazita –atzerritarren kasuan, agiri horren baliokidearena–.

f) Sozietatearen eratze-eskrituraren eta haren estatutuen kopia edo notarioaren testigantza, baita sozietatea merkataritza-erregistroan inskribatuta dagoela adierazten duen egiaztagiria ere. Sozietatea eratu gabe badago, eskrituren eta estatutuen proiektuak aurkeztuko dira.

g) Legezko ordezkari edo ordezkari estatutario gisa jarduten ez duenean, eskatzailearen ahalordearen egiaztagiria.

h) Pertsona fisiko eskatzailearen edo sozietateko bazkideen nahiz partaideen adierazpena, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 19. artikuluko 4. eta 5. zenbakietako desgaikuntzetan ez egoteari buruzkoa. Adierazpena Jokoa Arautzeko Agintaritzaren eredu normalizatuan adierazi bezala egin beharko da.

i) Artikulu honetako bigarren apartatuko b), d) eta e) letretan zehaztutako pertsonak Espainiako egoiliarrak ez badira, haien jatorri-egoitzako herrialdeak igorritako zigor-aurrekarien egiaztagiri baliokidea aurkeztu beharko dute, zinpeko itzultzaile edo interpretari batek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetara itzulia.

3.– Eskatzailearen bazkideak pertsona juridikoak badira, aurreko paragrafoko d), h) eta i) letretan zehaztutako dokumentazioa pertsona juridiko horien titularrak diren pertsona fisikoei eskatuko zaie; betiere, gutxienez, joko-makinen eta makina laguntzaileen enpresa operadoreetako sozietate kapitalaren % 10eko partaidetza kuota badute.

4.– Baimen-mota bakoitzerako gara daitezkeen irizpide espezifikoak eragotzi gabe, lehiaketa-deialdia egiten duen Aginduak esleipena egiteko irizpide objektiboak zehaztuko ditu. Irizpideak, oro har, honako hauek izango dira:

a) Lanbide-gaitasuna eta kaudimena.

b) Negozio-plana; plan horretan ondokoak agertu behar dira, gutxienez: proiektuaren bideragarritasuna; inbertsio-programa; proiektua gauzatzeko faseak; sortuko diren lanpostuak; langileak hautatzeko eta trebatzeko plana.

c) Erabiliko diren joko-elementuen eta -sistemen teknologia eta segurtasuna. Joko-materialaren kalitatea eta aldian aldiko berrikuspenak.

d) Proiektaturiko kontrol- eta segurtasun-neurriak, eta, hala badagokio, erabiltzaileei sarrera ukatzeko eta kontrolatzeko sistemak.

e) Instalazioen kalitatea eta, hala badagokio, aurreikusitako zerbitzu osagarriena.

f) Gizarte-erantzukizun korporatiboa, joko arduratsuaren printzipioak eta araudia betetzeko programak, horiek guztiak, garatzea eta ezartzea.

g) Legez baimendutako joko-modalitatearen ustiapenean pilatutako eskarmentua.

5.– Kasino bat, bingo-lokala edo joko-aretoa jartzeko baimena esleitzeko lehiaketa ebatzi aurretik, Jokoa Arautzeko Agintaritzak txostena eskatuko dio kasinoa jarriko den herriko udalari, hirigintza-arauekin bat datorren azter dezan. Txosten hori hogeita hamar eguneko epean egin beharko da. Epe hori igarota berariazko komunikaziorik egiten ez bada, txostena aldekoa dela joko da.

6.– Manuzko txostenak eta espedientea hobeto ebazteko egokiak diren agiriak batu ondoren, Jokoa Arautzeko Agintaritzak lehiaketa esleitzeko ebazpena emango du, edo, hala badagokio, hutsik uzteko ebazpena, eskaera egin duten pertsonek edo erakundeek eskaturiko betekizunak betetzen ez dituztenean edo haien proposamenek deialdiaren oinarri-arauetan ezarritako bermeak betetzen ez dituztenean.

Lehiaketa ebazteko eta jakinarazteko epea ez da sei hiletik gorakoa izango, deialdia argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

7.– Baimena ematen duen ebazpenak, gutxienez, zehaztasun hauek izango ditu:

a) Pertsona fisikoa bada, esleipendunaren izen-abizenak; aldiz, pertsona juridikoa bada, izena, helbidea, sozietatearen kapitala eta atzerriko kapitalaren partaidetza sozietate titularrean.

b) Bazkideen zerrenda, bazkide bakoitzak kapitalean duen partaidetza zehaztuta, eta administrazio-kontseiluko kideen, kontseilari delegatuaren, zuzendari nagusien eta, halakorik balego, ahalordedunen zerrenda.

c) Organo ebazleak beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak, alegia zerbitzu osagarrietan egin beharreko aldaketen onespena, segurtasun-neurrien onespena, edo egoki jotzen den beste edozer.

d) Baimendutako jokoak eta apustuak.

e) Baimenaren data eta Joko Erregistroko inskripzio-zenbakia.

f) Baimenaren iraungipen-data.

g) Kasinoen kasuan, irekierarako azken eguna. Baimenean ohartaraziko da ireki aurretik jarduteko baimena eskatu beharko dela.

h) Sozietatea eraturik ez balego, sozietatea hogeita hamar eguneko gehieneko epean eratzeko betebeharra. Horretarako, lehiaketa publikoaren deialdia egiten duen Aginduan zehaztutako agiriak aurkeztu beharko zaizkio Jokoa Arautzeko Agintaritzari.

i) Baimenaren eskualdaezintasuna.

8.– Nolanahi ere, esleipen-ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, pertsona edo erakunde esleipendunak bere adostasuna adierazi beharko die planteatu ahal izan dizkioten aldaketei, betiere aldaketa horiek bat baldin badatoz baimena hari esleitzea ekarri duten irizpideekin. Aldaketok onartzen ez baditu, ordea, baimena jasotzeko eskubidea ezerezean geratuko da.

9.– Halaber, baimena jasotzeko eskubidea ezerezean geratuko da sozietatea artikulu honetako 7. paragrafoko h) letran ezarritako epean eratzen ez bada.

10.– Jarduera ustiatzen hasi aurretik, baimenaren titularrak edo erakunde titularrak arauetan ezarritako fidantza eratu beharko du".

14.– Aldatu egiten da 26. artikulua; honela geratzen da idatzita:

«26. artikulua.– Baimenaren eskualdaezintasuna eta aldaketak baimenean.»

15.– 26. artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"2.- Baimenaren titular diren enpresen sozietate-kapitala eratzen duten akzioak edo partaidetza eskualdatzeko, aurretiaz Jokoa Arautzeko Agintaritzari jakinarazi beharko zaio, formalizatu baino 15 egun lehenago, gutxienez. Jakinarazpen horrekin batera, 24. artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da. Dokumentazio horren bitartez pertsona fisiko edo juridiko eskuratzaileek egiaztatu ahal izango dute joko-enpresa operadoreek baimenean ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

Eskualdaketa formalizatu eta hamar eguneko epean, enpresa eskualdatzaileen eta eskuratzaileen legezko ordezkariek informazio hau aurkeztu beharko diote Jokoa Arautzeko Agintaritzari:

a) Kontratu pribatuaren kopia edo, hala badagokio, akzioen edo partaidetzen eskualdaketaren eskritura publikoarena.

b) Eskualdatzen diren akzio zenbakituak edo partaidetzen zenbakiak.

c) Sozietatearen akziodunen edo partaidetzen eraketa, eskualdatu eta eskuratu ondoren".

16.– 29. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"29. artikulua.– Joko-lokalak.

Honako lokal hauetan baimendu ahal izango da jokoak praktikatzea:

a) Joko-kasinoetan: kasinoei dagozkien jokoak praktikatzeko baimendutako establezimenduak.

b) Bingo-lokaletan: bingo-jokoak kudeatzeko eta ustiatzeko baimena duten establezimenduak.

c) Joko-aretoetan: saria ematen duten makinak soilik ustiatzen dituzten establezimenduak, «BG» eta «C» motako makinak salbuetsita.

d) Jolas-aretoak: «AR» edo erredentzioko jolas-makinak soilik ustiatzen dituzten establezimenduak.

e) Apustuak egin daitezkeen hipodromoetan, zaldi-lehiaketetako pistetan, pilotalekuetan edo bestelako establezimenduetan.

f) Apustu-lokalak: apustuak formalizatzeko baimena duten establezimenduak".

17.– 31. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"31. artikulua.– Betekizunak.

1.– Joko-lokalek jendarteari irekitako lokalek bete beharreko arau orokorrak bete beharko dituzte.

2.– Joko-lokalek haien arteko eta ikastetxeekiko gutxieneko distantziei buruz ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, Plangintzaren I. eranskinean ezarritakoak, hain zuzen ere.

3.– Joko-lokalek ondoren adierazten diren baldintza teknikoak bete beharko dituzte:

a) Kokapena. Joko-lokalen sarbidea eta irteera Eraikingintzaren Kode Teknikoan eta arau osagarrietan ezarritako segurtasun- eta distantzia-neurrietara egokitzen diren kaleetan edo espazio baliokideetan egongo dira.

b) Ebakuazio-bideak, ateak eta eskailerak. Joko-lokaletako ebakuazio-bideak, ateak, eskailerak eta arrapalak kalkulatzeko ondorioetarako, Eraikingintzaren Kode Teknikoan eta araudi osagarrian xedatutakoa beteko da.

c) Azalerak. Araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera zehaztuko da joko-lokalen, joko-modalitateak ustiatzen diren eremuen eta horietan jartzen diren zerbitzu osagarrien guztizko azalera.

Azalera erabilgarria: barruko eta kanpoko itxituren barruko aldeak definitutako perimetroak mugatutako lurzoruaren azalera, estalitako erabilera pribatiboko kanpoko espazioetako lurzoruaren azaleraren erdia barne (hala nola terrazak, balkoiak, portxeak, zamalanetarako kaiak, hegalak, etab.), estalkiaren proiekzio horizontalaren gainean neurtuta.

Erabilera publikoko azalera erabilgarria: erabiltzaileak baldintza normaletan erabil dezakeen azalera erabilgarria. Harrera-gunea, makinen eremua, joko-eremua, zerbitzu osagarriak, zerbitzuak edo komunak, pasabideak, korridoreak eta eskailerak barne hartzen ditu. Ez da sartzen kanpoko hallik edo kanpoko eremu atzeraemangarririk (sarrerako atea, jendearentzat mugatuta dauden eremuak: biltegiak, aldagelak, sukaldea, bulegoak, etab.).

Azalera eraikia: azalera erabilgarria da, definizio horretan aipatutako barneko elementuek okupatutako azalera alde batera utzi gabe, eta kanpoko itxiturak % 100ean edo % 50ean sartuta, hurrenez hurren fatxadako itxiturak edo mehelinak diren edo eraikin bereko beste elementu batzuekin partekatutako itxiturak diren kontuan hartuta.

Zerbitzu osagarrien azalera: joko-lokaletako zerbitzu osagarrietarako azalera araudi espezifikoen arabera zehaztuko da.

d) Komunak. Joko-lokal guztiek komunak izan behar dituzte, arauetan xedatutakoarekin bat etorriz.

e) Edukiera: Lokalaren edukiera horrelako lokaletan aplikatu beharreko araudiak ezarritakoaren arabera zehaztuko da.

f) Makina kopurua eta banaketa. I. eranskinak, berariazko araudiek eta hura garatzeko eta planifikatzeko hartzen diren aginduek zehazten dute ustiapen-baimenen gutxieneko edo gehieneko kopurua, joko-makinak, lokalean instala daitezkeen joko-postuak, azaleraren, okupazio-indizearen eta makina-motaren arabera.

Makina horiek lokaleko pasabideak eta ebakuazio-bideak ez eragozteko moduan jarri behar dira. Betiere, zirkulazio-pasilloek Eraikingintzaren Kode Teknikoak eta arau osagarriek ezarritako ezaugarriak bete beharko dituzte.

g) Instalakuntza elektrikoa. Behe-tentsioko sektoreko arauketa eta horrekin bat datorrena izango da aplikagarri.

h) Bestelako segurtasun-neurriak. Bolumenei, konpartimentazioei, suteen aurkako babes-neurriei eta, orokorrean, lokalen segurtasun-neurriei dagokienez, Eraikingintzaren Kode Teknikoan eta sektoreko arauetan ezarritakoa aplikatuko da.

i) Autobabes-plana. Autobabes-planetan indarrean den arautegia aplikatuko da."

18.– 32. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"32. artikulua.- Joko-lokalen eta ikastetxeen arteko distantziak betetzea.

1.- Joko-lokal bat ustiatzeko interesa duen pertsona fisikoak edo juridikoak informazioa eskatu ahal izango dio Jokoa Arautzeko Agintaritzari, jakiteko ea kokapen jakin batek betetzen dituen joko-lokalen arteko araututako distantziak. Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Pertsona fisikoaren edo pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo agiri baliokidearen fotokopia.

b) Kokapen-planoa, kontsultaren xede den lokalaren eta sartzeko ate nagusiaren kokapen zehatzarekin.

2.- Joko-lokalen eta horien eta ikastetxeen arteko gutxieneko distantziak une bakoitzean indarrean dagoen plangintzan ezarritakoak dira. Distantzia erradiala, zirkunferentzia baten erradioaren neurria izango da, eta haren erdigunea baimena lortu nahi duen lokalaren sarrera-ate nagusiaren erdiko puntua izango da. Ikastetxeekiko gutxieneko distantziak betetzen dituztela ulertuko da, baldin eta lokalen erradioan ez badago ikastetxerako sarbide nagusia.

3.- Jokoa Arautzeko Agintaritzak gehienez ere 10 eguneko epean jakinaraziko dio eskatzaileari kokapen horrek joko-lokalen arteko distantziak betetzen dituen. Jakinarazpenak interesdunari jakinarazten zaion eguneko eraginak sortuko ditu, eta ez dio eskubiderik ematen kontsultaren xede izan den lokala jartzeko, ezta kokapen hori erreserbatzeko ere.

4.- Distantzia horiek neurtzeko, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren (DEA) distantziak neurtzeko tresna informatikoak erabili ahal izango dira".

19.– 33. artikulua indargabetzen da.

20.– 34. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"34. artikulua.– Joko-lokalak irekitzeko eta jarduteko baimena.

Joko-lokal bat instalatzeko eta ustiatzeko baimena lehiaketa publikoaren prozeduraren bidez lortuko da, hargatik eragotzi gabe apustu orokorretarako eta zaldi-apustuetarako lokaletarako prozedura espezifikoak. Enpresa esleipendunek lokalaren funtzionamendurako eta irekierarako baimena eskatu beharko dute, berariazko araudian ezarritako prozeduraren arabera".

21.– 35. artikulua indargabetzen da.

22.– 37. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"37. artikulua.– Aldaketak joko-lokaletan.

1.- Lokala eraberritzea eta handitzea, baldin eta azalera erabilgarria erabat edo zati batean aldatzea badakar, erabilera publikokoa izan edo ez; sartzeko ateen kokapena edo funtsezko beste edozein alderdi Jokoa Arautzeko Agintaritzak baimendu beharko du aldez aurretik.

2.- Era berean, lehiaketa publikoaren bidez lortutako baimenean zehaztutako edozein alderdi aldatzeko ere Jokoa Arautzeko Agintaritzaren baimena beharko da.

3.- Entregatu beharreko dokumentazioa honako hau izango da:

a) Jokoaren Erregistro Nagusiko inskripzio-zenbakia.

b) Lokaleko obren eta instalazioen oinarrizko proiektua, teknikari eskudunak idatzia eta dagokion lanbide-elkargoak onetsia, Elkargoaren nahitaezko oniritziari buruzko abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuaren 2. artikuluak hala ezartzen badu. Gutxieneko edukia honako hau izango da:

– Joko-lokala jarri nahi den lokalaren planoa, 1/50 eskalan, berariaz adieraziko da: lokala osatzen duen gela bakoitzaren metro koadro eraikiak eta azalera-tresnak.

– Suteen aurka babesteko eta ebakuatzeko bitartekoen kokapena adierazten duen planoa.

– Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, indarrean dagoen araudi aplikagarriak eskatzen dituen segurtasun-neurriak betetzeari buruzkoa, berariaz aipatuta egiturazko sendotasuna, larrialdietako ebakuazio- eta seinaleztapen-bideak, suteen aurkako babes-neurriak, instalazio elektrikoak eta intsonorizazioa, bai eta dagokion autobabes-plana ere, hala badagokio.

– Distantziei buruzko 32. artikulua betetzen dela adierazten duen planoa.

c) Dagokion udalak emandako agiria, joko-lokala jarri nahi den lokalean jarduera egiteko aukerari buruzkoa, baldin eta baimendutako lokala ez den beste lokal bat handitu nahi bada.

d) Lokala erabilgarri dagoela egiaztatzen duen agiria, baimendutako lokala ez den beste lokal baten gaineko zabalkuntza bada".

23.– Aldatu egiten dira 38. artikuluaren lehenengo eta bigarren paragrafoak; honela geratzen dira idatzita:

«1.- Joko-lokalak jartzeko eta jarduteko baimenaren indarraldia baimen-ebazpenak zehazten duena izango da».

«2.- Lehiaketa publikoaren prozeduraren ondoren baimendutako enpresa operadoreei lotutako joko-lokalak irekitzeko, instalatzeko eta funtzionatzeko baimenen indarraldiak kasuan kasuko enpresen baimenen indarraldi bera izango du».

24.– 39. artikuluaren hirugarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.- Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamenduaren arabera udal-agintariek adostu ditzaketen ordutegi-luzapenak berariaz eman beharko zaizkie joko-lokalei».

25.– 47. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"47. artikulua.– Berariazko debekuak.

Hamaseigarren artikuluan ezartzen zaizkien debeku orokorrez gain, joko-langileei honako hauek ere aplikatuko zaizkie:

a) Joko-lokaletan kredituak, maileguak, eskudirua edo bestelako finantza-laguntza ematea, eskudirua ateratzeko eta erositako ondasun edo zerbitzuengatik ordaintzeko zerbitzu konbinatuak edo "cashback" zerbitzua barne.

b) Erabiltzaileari hobariak edo doako partidak eskaintzea, indarreko arauei jarraikiz enpresak egiten dituen promozio-jarduerak eragotzi gabe.

26.– 53. artikuluaren lehenengo paragrafoari g) letra gehitzen zaio:

«g) Joko-programaren softwarearen identifikazioa, gutxienez algoritmo hauetako 2 erabiliz: CRC32, MD5 eta/edo SHA1. Algoritmo horiek eguneratzeko, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren ebazpen baten bidez ordeztu ahal izango dira. »

27.– 53. artikuluko laugarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«4.- Makina ustiatzeko baimena lortzeko eta makina aldatzea dakarren kokatze-buletin berria sinatzeko prozedurarako, nahitaezko betekizuna izango da deklarazio hori aurkeztea».

28.– 56. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"56. artikulua.– Joko-elementuen homologazioa.

Erregelamendu honetan araututako jarduerak garatzeko beharrezko material, sistema, makina, terminal, software-material, eta tresna guztiek homologatuta eta Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatuta egon beharko dute, jokaldiak edo apustuak ordaintzeko eta kobratzeko sistemak eta gailuak barne. Betekizun bera bete beharko da horiek guztiak fabrikatzeko, ustiatzeko, merkaturatzeko eta lokaletan jartzeko.

Homologatu eta inskribatu aurretik, saiakuntzak egingo dira aurretiaz gaitutako saiakuntza-laborategian."

29.– 58. artikuluko laugarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«4.- Jokoa Arautzeko Agintaritzak, egoki deritzon informazioak jaso eta egiaztapenak egin ostean, aurkeztutako eskabidearen gainean ebatziko du. Eskatzaileak eskatutakoaren arabera, saiakuntza-laborategi moduan gaitzen duen titulua edo ikuskapen-erakunde moduan gaitzen duen titulua emango dio, eta eskabidea aurkeztu eta 3 hileko epean inskribatu egingo du. Epe horretan ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, baietsitzat jo beharko da».

30.– 59. artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2.- Saiakuntza-laborategiek egiaztagiri bat igorriko dute. Egiaztagiri horretan, Jokoa Arautzeko Agintaritzak onartutako protokoloek zehaztutako formatuan adierazi beharko da modeloaren ezaugarriak eta makinaren edo joko-sistemaren funtzionamendua bat datozela Erregelamendu honetan jasotako homologatze-betekizunekin, joko-arloko sailburu eskudunaren Aginduan ezarritakoekin, eta aurkeztutako agirietan jasotako zehaztasunekin».

31.– 62. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

62. artikulua.– Homologatutako modeloaren aldaketa.

1.– Joko-makinak.

a) Homologatutako eta inskribatutako modelo bat aldatzeko, aurretiaz baimena eskatu behar da, eta, ondoren, inskribatu, aurreikusitako prozedura orokorrari jarraikiz. Horrez gain, makinaren erregistro-liburuan inskribatu beharko da.

b) Eredu homologatu baten funtsezko aldaketatzat joko da, zuzenean edo zeharka, joko-programari edo haren parametroei eragiten diena, hala nola, partidaren prezioari, itzultze-ehunekoari, jokoaren abiadurari, irabazi-planari, jokoak gehitzeari edo jokoaren garapenari dagozkion beste baldintza batzuei. Funtsezko aldaketa horiek 67. artikuluan ezarritakoaren arabera izapidetuko dira.

c) Makinaren aldaketa ez-funtsezkotzat jotzen da b) apartatuan deskribatutako alderdiak aldatzea ez dakarrena.

Aldaketa ez-funtsezkoa egiteko eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: jokoaren memoriaren kopia, aldaketaren justifikazio-memoria teknikoa, joko-programa biltegiratzeko euskarria, enpresa fabrikatzaile edo inportatzaileko teknikari eskudunak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, artikulu honetako 1. apartatuaren arabera aldaketa ez-funtsezkoa dela adierazten duena. Justifikazio-memoria teknikoak honako hauek jasoko ditu: egindako zuzenketaren deskribapena, aldaketaren aurreko eta ondorengo portaera, ukitutako joko-programaren zatiak eta gailuak.

Makina-modelo baten aldaketa ez-funtsezkoa egiteko prozedura gehienez ere 3 hileko epean ebatzi eta jakinaraziko da. Epe hori igarota interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskaera baietsi egin dela ulertu ahal izango du.

d) Birritan baino gehiagotan eskatzen denean makina-modelo baten aldaketa ez-funtsezkoa egitea, programa horren homologatze-saiakuntza eskatuko da, eta artikulu honetako 1 b) paragrafoan ezarritako moduan jokatuko da.

Salbuespenez, aldaketa egitea beharrezkoa balitz erabiltzaileei edo enpresei kalte eragiten dien izaera teknikoko akats bat zuzentzeko, erregistroan dagokion komunikazioa aurkeztu eta berehala ekingo zaio akatsa zuzentzeari, bereziki ustiapenean dauden joko-makinetan. Akatsa zuzendutakoan, eginiko zuzenketari buruzko justifikazio-dokumentazioa aurkeztuko dio fabrikatzaileak Jokoa Arautzeko Agintaritzari.

2.– Joko-sistemak:

Jokoaren arloko sail eskuduneko titularraren aginduz, 40. artikuluan homologatutako joko-sistemak aldatzeko betekizunak ezarriko dira, eta prozesu hori berariazko saiakuntzen eta egiaztapenen protokolo eta prozedura baten bidez arautuko da".

32.– 64. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"64. artikulua.– Modeloen proba komertziala.

1.- Makinak eta joko-sistemak homologatu aurretik, eta joko berri bat dela egiaztatuta, proba komertzialean jartzeko baimena eman ahal izango zaie Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatuta dauden fabrikatzaileei edo inportatzaileei.

Jendaurreko lokal baimenduetan proba komertziala egiteko baimenak ez du berarekin ekarriko makina edo joko-sistema horiek jartzeko eskubiderik.

2.– Joko-makinen proba komertzialak honako baldintza hauetan egin beharko dira:

a) Proba komertziala lau hileko aldian baimendu ahal izango da, eta aldi hori ezin izango da luzatu. Modelo bakoitzetik hamar makina instalatu ahal izango dira gehienez. Eskatzaileak proba komertzialaren hasiera- eta amaiera-datak adieraziko ditu.

b) Probaldian, modeloaren establezimendu-aldaketa bat bakarrik baimenduko da.

c) Proba komertzialean dagoen makina bakoitzak ustiapen-baimena altan duen beste makina bat ordezkatuko du. Ez da aldaketarik onartuko makinak proba komertzialean oinarritzen diren ustiapen-baimenetan.

d) Joko-sistema jartzeko eskaeran, fabrikatzaileak ziurtatu beharko du baimendu beharreko modeloak arauzko betekizun guztiak betetzen dituela.

e) Makina horietan argi eta garbi adieraziko da modelo ez homologatuak direla.

f) Jokoa Arautzeko Agintaritzak makina horiekin saiakuntzak egin ahal izango ditu jarraian adierazten diren arauzko betekizunak behar bezala betetzen dituztela egiaztatzeko: gehieneko apustua, jokoaren azkartasuna, eta, oro har, indarreko legeria. Era berean, makina horiek Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitateak kontrolatu eta ikuskatu ahal izango ditu.

g) Prototipoa proba komertzialean dagoen epean, fabrikatzaileak edo inportatzaileak egiten doazen zuzenketak jakinaraziko dizkio Jokoa Arautzeko Agintaritzari, eta egindako eragiketen erregistro-liburu bat gordeko du; gehienez ere 10 eragiketa izango dira.

h) Hainbat joko homologatu dituzten makinetan, joko berriak probatu ahal izango dira, bai aurretik dauden jokoetako batzuei beste batzuk gehituz edo aurretik dauden jokoetako batzuk beste batzuengatik ordezkatuz, bai aurretik dauden jokoen bertsio berriak ezarriz.

3.– Joko-sistemen proba komertzialak baldintza hauetan egin beharko dira:

a) Proba komertziala lau hileko aldian baimendu ahal izango da, eta aldi hori ezin izango da luzatu. Eskatzaileak proba komertzialaren hasiera- eta amaiera-datak adieraziko ditu.

b) Joko-sistema jartzeko eskaeran, fabrikatzaileak egiaztatu beharko du baimendu beharreko modeloak arauzko betekizun guztiak betetzen dituela.

c) Argi eta garbi adieraziko da joko-sistemen modelo ez homologatuak direla.

d) Jokoa Arautzeko Agintaritzak makina horiekin saiakuntzak egin ahal izango ditu jarraian adierazten diren arauzko betekizunak behar bezala betetzen dituztela egiaztatzeko: gehieneko apustua, jokoaren azkartasuna, eta, oro har, indarreko legeria. Era berean, makina horiek Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitateak kontrolatu eta ikuskatu ahal izango ditu.

e) Prototipoa proba komertzialean dagoen epean, fabrikatzaileak edo inportatzaileak egiten doazen zuzenketak jakinaraziko dizkio Jokoa Arautzeko Agintaritzari, eta egindako eragiketen erregistro-liburu bat gordeko du; gehienez ere 10 eragiketa izango dira.

f) Hainbat joko homologatu duten sistemetan, joko berriak probatu ahal izango dira, bai aurretik dauden jokoetako batzuei beste batzuk gehituz edo aurretik dauden jokoetako batzuk beste batzuengatik ordezkatuz, bai aurretik dauden jokoen bertsio berriak ezarriz.

4.- Prozedura interesdunak Jokoa Arautzeko Agintaritzari zuzendutako eskaeraren bidez hasiko da. Eskaera horri erantsiko dizkio eskaera arrazoitzen duen memoria bat eta memoria tekniko bat; hala badagokio, proba zer lokaletan instalatuko den eta noiz egingo den ere adieraziko du. Jokoa Arautzeko Agintaritzak, dagozkion egiaztapenak egin ondoren, ebazpen zioduna emango du, betiere erabiltzaileen eskubideak babestuz.

Joko-sistemetan, memoria teknikoak, gutxienez, jokoaren funtzionamenduari, segurtasun-elementuei eta sistema teknikoak Jokoa Arautzeko Agintaritzarekin eta zerga-arloan eskudun den agintaritzarekin konektatzeko sistemei buruzko informazioa jaso beharko du.

5.– Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea hilabetekoa da. Epe hori igarota interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskaera baietsi egin dela ulertu ahal izango du".

33.– 65. artikuluaren bosgarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«5.- Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilekoa da. Epe hori igarota interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskaera baietsi egin dela ulertu ahal izango du».

34.– 67. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"67. artikulua.- Makinak homologatzea.

1.– Joko-makinek eta makina laguntzaileek CE zigilu-marka izan beharko dute, bai eta indarreko arauak betetzen dituztela ziurtatzeko deklarazioak ere (2014/30/EE Zuzentaraua, bateragarritasun elektromagnetikoari buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/35/EB Zuzentaraua, 2014ko otsailaren 26koa, tentsio-muga zehatz batzuekin erabiltzeko material elektrikoa merkaturatzearen arloan Europar Batasuneko estatuen legeriak harmonizatzeari buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011/65/EB Zuzentaraua, 2011ko ekainaren 8koa, gailu elektriko eta elektronikoetan substantzia arriskutsu zehatz batzuk erabiltzeko mugei buruzkoa; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/53/EB Zuzentaraua, 2014ko apirilaren 16koa, ekipo erradioelektrikoak merkaturatzearen arloan Europar Batasuneko estatuen legeriak harmonizatzeari buruzkoa, zeinaren bidez 1999/5/EE Zuzentaraua indargabetzen baita).

2.– Homologatzeko eta Modeloen Sekzioan inskribatzeko eskaera Jokoa Arautzeko Agintaritzari egin beharko zaio. Eskaerak, gutxienez, honako eduki hau izan beharko du:

a) Modeloaren izen komertziala eta makinen bertsioa edo bertsioak.

b) Fabrikatzailearen edo inportatzailearen izena, eta Jokoaren Erregistro Nagusiko Sekzioko erregistro-zenbakia.

c) Makinaren eta haren altzarien, kabineteen eta postuen posizioen behar adina argazki, baita makinaren neurriak ere.

d) Makinetako jokoaren edo jokoen eta partiden ezaugarrien azalpena, eta, hala badagokio, horiek erabiltzeko moduarena.

e) Makinaren eta bere sistema elektrikoaren planoak.

f) Behe-tentsioaren arloan indarrean dagoen erregelamendu elektroteknikoa eta jarraibide tekniko osagarriak betetzen direla adierazten duen deklarazioa (842/2002 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa onesten duena).

g) Makinaren eskuorri teknikoa, makinak nola funtzionatzen duen eta nola jokatzen den azaltzen duena.

h) Makinak beste elementu batzuekin, makinekin, pilatutako sariak ikusteko pantailekin, kontrol-gailu nagusiekin, joko sistemekin edo bestelako gailuekin zein mekanismoekin izan litzakeen interkonexio guztiei buruzko xehetasunak; baita horien funtzionamendu- eta erabilera-protokoloak ere, instalatuko diren interkonexioak adierazita.

i) Hala dagokionean, joko-programen zerrenda, joko-programa duen gailua eta hura identifikatzeko eta egiaztatzeko elementuak zehaztuta. Oso ohikoak ez diren prozedura teknikoak erabiltzen badira, enpresa fabrikatzaileak edo inportatzaileak homologatze-prozesuan horiek egiaztatzeko bitartekoak jarriko ditu. Edonola ere, enpresa fabrikatzaileak joko-programak eta horiek identifikatzeko eta egiaztatzeko elementuak modu independentean ikuskatzeko aukera emango dio Jokoa Arautzeko Agintaritzari.

j) Homologatu nahi den modeloak indarreko arauak betetzen dituela jasotzen duen adierazpena.

k) Gaitutako saiakuntza-laborategian eginiko saiakuntzari buruzko txostena, zeinaren xedea baita ziurtatzea modeloaren ezaugarriak eta funtzionamendua bat datozela Erregelamendu honetan eta garatzen duten arauetan ezarritakoarekin, baita aurkeztutako agirietan eginiko zehaztapenekin ere."

3.– «B» eta «C» makinen eta makina laguntzaileen kasuan, gainera, honako datu hauek jasotzen dituen azalpen-memoria erantsiko da:

a) Partida soilaren prezioa, eta hala dagokionean, aldibereko partidena, baita makinan egin litezkeen apustuena ere, zentimo, euro, fitxa, kreditu edo antzeko euskarrietan egiteko aukera adierazita.

b) Makinak eman dezakeen sari handiena, baita irabazien planaren eta sarien ezaugarrien zehaztapena ere. Postu anitzeko makinen kasuan, honako hauek deskribatuko dira: joko arruntaren funtzionamendua, poltsa, sari komuna edo "jackpot" bat dagoen ala ez, zozketaren funtzionamendua eta hura kudeatzeko modua.

c) Sarien itzulketaren ehunekoa, horiek lortzeko egin beharreko zikloa edo partida kopurua zehaztuz, eta ausazko makinen kasuan, ehuneko hori kalkulatzeko beharrezkoa den ziklo estatistikoa zehaztuz. Postu anitzeko makinen kasuan, ehuneko hori modu independentean kalkulatuko da postu bakoitzerako.

d) Sari-portzentajea aldatzea ahalbidetzen duen gailurik edo mekanismorik duen ala ez, alda daitekeen portzentajea zehaztuta.

e) Makinak duen beste edozein gailu edo mekanismo, haien funtzionamenduari buruzko azalpenarekin.

f) Joko-programaren softwarearen identifikazioa. Jarraian adierazten diren algoritmoetako bi jaso beharko dira, gutxienez: CRC32, MD5 eta/edo SHA1. Algoritmo horiek eguneratzeko, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren Ebazpenaren bidez ordezkatu ahal izango dira.

g) Jokoaren edo jokoen ezaugarrien azalpen-memoria, makinetan nola erabili eta nola jokatzeari buruzkoa.

h) Joko-programa biltzen duten memoria, mikrokontrolagailu, disko gogor, DVD, edo bestelako gailu guztietako bakoitzean itsatsita egon beharko duen estalkia identifikatzeko modeloa.

i) Jokoaren sekuentziaren estatistiken laburpena, zeinak gutxienez joko-arloko sailburu eskudunaren Aginduan ezarritako segidako partida-zikloa jasoko baitu.

Simulazio horren originala gordailuan lagako da, formatu digitalean, Jokoa Arautzeko Agintaritzan.

j) Jokoaren programa gordeta dagoen euskarriaren ale bat edo lineako sarbidea. Euskarri hori bakarrik ordezkatu ahal izango da aurretiaz beste homologazio bat ematen bada. Eskatzaileak doan laga beharko dio Jokoa Arautzeko Agintaritzari dagokion memoria-irakurgailua.

k) Modeloak dakarren kontagailu homologatuaren ezaugarrien zehaztapena, eta metrologiari buruz indarrean dagoen araudiarekin bat datorrela dioen adierazpena. Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, horretarako baimendutako erakunde edo organismoek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, Europar Batasuneko eta Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideentzat eta Turkiarentzat izan ezik; horietan nahikoa izango baita beren araudietan jasotako zehaztapen baliokideak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria. Kontagailuan, zer makinatan instalatuta dauden identifikatuko da."

4.– Jokoa Arautzeko Agintaritzak eskaera erregistroan sartu eta gehienez ere hiru hileko epean ebatzi eta jakinaraziko du ebazpena. Epe hori igarotakoan ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaera baietsitzat joko da.

5.– Jokoari eragiten dion makinari erantsitako edozein gailuk Jokoa Arautzeko Agintaritzak identifikatzeko eta eskura izateko modukoa izan beharko du. Beharrezkoa jotzen duenean, Administrazioak makinaren iturri-kodea eskatu ahal izango du.

6.– Jokoaren programa ordezkatuz edo haren plaka elektroniko bat edo euskarri informatiko bat aldatuta alda daitezkeen jokoak dituzten makinen kasuan, modelo moduan inskribatu ahal izango da joko-mekanismo batez eta joko-gailuez osatutako euskarri solidarioa; baina, modelo horietan, Modeloen Sekzioan behar bezala inskribatutako programa aldagarriak dituzten jokoak baino ezingo dira ustiatu.

Era berean, makina homologatu baten jokoa aldatu eta softwarea bakarrik aldatzen bada, softwarea bakarrik homologatuko da, betiere aldaketa horrek hardwareari edo haren funtzionamenduari eragiten ez badio.

Euskarri horiek edo software hori bateragarriak baldin badira aurretik homologatutako makinekin, jada homologatutako modeloaren funtsezko aldaketatzat hartu ahal izango da aldaketa hori. Horrenbestez, kasu horretan, fabrikatzaileak artikulu honetako 3. puntuan jasotako dokumentaziotik berari dagokiona soilik aurkeztu beharko du (azalpen- eta xehetasun-memoria, jokoen sinadura elektronikoak jasotzen dituena; eta betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen gaitutako laborategiaren saiakuntza).

7.- «AR» motako makinen modeloek, aurkeztutako agiriekin batera, beste hauek aurkeztu beharko dituzte: dagokion euskarri digitala eta hura irakurtzeko sistema, CD-ROM, DVD edo antzeko formatuan; eta paperezko euskarrian, jokoen programa guztia eta beren funtzionalitateak, Jokoa Arautzeko Agintaritzak egiazta dezan inskribatu nahi den modeloa ez dela Erregelamendu honetako 57. artikuluan jasotako debekuetan sartzen, eta, aldi berean, Erregelamendu honetan makina-mota horiei eskatzen zaizkien betekizun eta baldintza tekniko guztiak betetzen dituela.

35.– 68. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"68. artikulua.- Joko-sistemak homologatzea.

1.– Jokoa Arautzeko Agintaritzari dagokio 40. artikuluan deskribatutako joko-sistemak homologatzea eta jarduteko beharrezko betekizun zehatzak ezartzea.

2.– Homologatzeko eta Jokoaren Erregistro Nagusiko Sekzioan inskribatzeko eskaerak, gutxienez, eduki hau izan beharko du:

a) Modeloaren izen komertziala eta joko-sistemaren eta hura osatzen duten jokoen bertsioa edo bertsioak.

b) Fabrikatzailearen edo inportatzailearen izena, eta Jokoaren Erregistro Nagusiko Sekzioko erregistro-zenbakia.

c) Joko-sistemaren funtzionalitateen azalpena eta hura osatzen duten elementu teknikoen zehaztapena, baita dituen jokoena ere; eta, hala badagokio, horiek erabiltzeko moduarena ere, eta egon daitezkeen interkonexioen xehetasunak.

d) Joko-sistemak jokoa praktikatzeko lokal baimenduetan jartzeko terminalak baditu, terminal horien ezaugarrien azalpena.

e) Oso ohikoak ez diren prozedura teknikoak erabiltzen badira, enpresa fabrikatzaileak edo inportatzaileak homologatze-prozesuan egiaztapenak egin ahal izateko bitartekoak jarriko ditu.

f) Homologatu nahi den modeloak indarreko arauak betetzen dituela jasotzen duen adierazpena.

g) Gaitutako saiakuntza-laborategi batek aurretiazko saiakuntzei buruz Erregelamendu honetan eta garapen-araudian xedatutakoarekin bat etorriz eginiko egiaztagiria.

h) 67. artikuluaren 3. apartatuan eskatutako gainerako alderdiak.

3.– Homologatu beharreko joko-sistemek honako sistema hauek izan beharko dituzte:

a) Jokalari-kontuak irekitzea eskatzen duten joko-sistemetan, jokalarien kontuak banatzeko sistema.

b) Erabiltzailearen sarrera-kontrola eta erregistroa eramateko sistemak, hala eskatzen duten joko-sistemetan.

c) Partidak eta joko-eragiketak artxibatzeko eta egiaztatzeko sistemak.

d) Datuen segurtasun-, prebentzio- eta berreskuratze-sistemak.

4.– Saiakuntza-laborategiak igorritako egiaztagiria eskatutako baimenari dagozkion betekizun teknikoak betetzeari buruzkoa izango da, eta, gutxienez, honako baldintza hauek betetzen diren aztertuko du:

a) Joko-jarduerarekin jarraitu ahal izateko erreplika bat dagoen, sistema nagusiak txarto funtzionatzen duenerako.

b) Erregistraturiko joko-eragiketen trazabilitatea ezagutzeko mekanismoak dauden. Mekanismo horiek bermatu beharko dute aurretiaz eginiko joko-eragiketak ezagutzea, sekuentzia-kate guztietan eginiko eragiketa guztien kokapena eta ibilbidea ezagutzea, eta sisteman gordetako edozein eragiketa osorik berregiteko gaitasuna izatea.

c) Makinaren zaurgarritasunak antzemateko eta berehala konpontzeko modua ote dagoen.

d) Hornidura elektrikoan edozein matxura gertatzen bada, ekipoek eta plataformek funtzionatzen jarraituko dutela bermatuko duen etenik gabeko elikadura-sistemarik dagoen.

e) Egiten diren joko-jarduerei dagozkien datu guztiak Jokoen Unitate Nagusian biltzen diren, erabilitako kanala edo modalitatea edozein dela ere.

f) Euskal Autonomia Erkidegoan, joko-sistemak ustiatzeko zerbitzariek konexioa izan beharko dute Jokoen Unitate Nagusiarekin.

g) Jokoa Arautzeko Agintaritzak jokoaren ikuskapena, kontrola eta jarraipena egitea ahalbidetzen den.

h) Herri-administrazioekin online konexiorik dagoen, administrazioek erabiltzaileek jokoan aritzeko dituzten sarbide-baldintzak betetzen direla egiazta ditzaten.

i) Joko-sisteman konexio informatiko segururik jasotzen ote den, administrazioak zehaztuko dituen sistemekin bateragarria izango dena, eginiko joko-eragiketen erregistroen gaineko kontrola eta jarraipena egiteko. Hori guztia, Jokoa Arautzeko Agintaritzak, ebazpen bidez, ezarritako edukiarekin eta formatuarekin bat etorriz.

j) Transakzio ekonomikoak egiteko sistemarik dagoen, apustuak ordaintzea, sariak kobratzea eta apustu egindako edo jokatutako zenbatekoen itzulketa jokalariaren kontuan egingo dela bermatuko duena.

k) Joko-arloko sailburu eskudunaren Aginduan zehazten diren gainerako baldintza teknikoak betetzen diren.

5.- Jokoa Arautzeko Agintaritzak gehienez ere hiru hileko epean ebatzi eta jakinaraziko du ebazpena. Epe hori igarotakoan ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera baietsitzat joko da.

36.– 70. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"70. artikulua.– Interkonexio-sistemak.

Barneko nahiz kanpoko interkonexio-sistemak homologatzeko eta jartzeko beharrezko betekizunak eta baldintza teknikoak kapitulu honetan joko-sistemetarako orokorrean ezarritakoak eta bigarren tituluko I. kapituluan makinen interkonexio-sistemetarako ezarritakoak izango dira. Era berean, Erregelamendu hau garatzeko arau zehatzetan ezarritakoa ere bete beharko dute".

37.– 74. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"74. artikulua.– Araubide orokorra.

Erregelamendu honetan araututako joko-jarduerei buruz egiten diren publizitate-, promozio-, eta babesletza-jarduerak, baita egiten den beste edozein komunikazio komertzial mota ere, erabilitako kanala, formatua edo euskarria edozein delarik ere, kapitulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz egingo dira".

38.– 75. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"75. artikulua.– Definizioak.

Erregelamendu honen ondorioetarako, definizio hauek aplikatu dira:

a) Publizitatea: jokoarekin zerikusia duten zerbitzuen zuzeneko edo zeharkako zabalkundea eta promozioa egiteko komunikatzeko modu oro, ordaindua ala ez.

Zeharkako publizitatetzat hartuko da jokoa praktikatzera edo apustuak egitera bultzatzen duen edo joko-lokalak sustatzen dituen komunikazio oro; baita, mezu bat edo irudi batzuk baliatzea publizitatea egitea xede duen azpiko beste mezu bat edo irudi batzuk ezkutuan zabaltzeko.

b) Babesletza: Joko-jarduerak garatzeko gaitutako pertsona fisiko edo juridiko batek ondasunak, zerbitzuak, jarduerak, ekitaldiak, programak edo beste edozein eduki finantzatzeko egiten duen edozein motatako ekarpena, haren izena, marka, irudia, jarduerak edo produktuak sustatzeko.

c) Promozio komertziala: ondasunak edo zerbitzuak doan ematea, edo beste edozein jarduera doan egitea, jokoen eta apustuen establezimenduak eta enpresa-jarduera promozionatzeko. Gerta liteke produktu edo ondasun horiek publizitatea edukitzea.

d) Informazio komertziala: informatzeko xede hutsarekin, edozein bide erabilita, jokoaren sektorean diharduten eta behar bezala baimenduta dauden pertsona fisikoei eta juridikoei buruzko identifikazio-datuen komunikazioa. Erregelamendu honen ondorioetarako, identifikazio-datuak izango dira honako hauek:

– Izen komertziala edo sozietatearen izena.

– Establezimenduaren errotulua.

– Logotipoa edo anagrama.

–Posta helbidea, web orrialdea, helbide elektronikoa eta harremanetarako telefonoa.

– Jardueren ordutegia.

– Eskainitako apustu-katalogoaren informazioa.

– Eskainitako jokoen zerrenda.

– Joko-lokalek eskaintzen dituzten zerbitzuen eta jarduera osagarrien zehaztapena eta programazioa.

– Jokalarien kontuen jarduerekin eta erregistroarekin loturiko jarduera telematikoko eragiketei dagozkien bestelako informazioak.

e) Iragarlea, babeslea edo promotorea: bere interesen alde publizitatea, babesletza edo promozioa egiten duen pertsona fisiko edo juridiko oro, dela haren kabuz dela hirugarrenen bitartez.

Kontzeptu horren barruan sartzen dira ere, haien kabuz edo hirugarrenen bitartez beren azpisektoreko publizitate-, babesletza- eta promozio-jarduerak kontratatzen dituzten joko- eta apustu-sektoreetako federazioak edo elkarteak.

f) Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak: zerbitzu-emaile bati dagokionean argitalpen-erantzukizuna, haren helburu nagusia izanik, komunikazio elektronikoen sareen bitartez, programak eta edukiak eskaintzea. Programa eta eduki horiek izango dira publiko orokorra informatzeko, entretenitzeko edo hezteko, bai eta merkataritza-komunikazioak igortzeko ere, bat etorriz ikus-entzunezko komunikazioaren araudi orokorrarekin".

39.– 76. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"76. artikulua.– Oinarrizko printzipioak.

Jokoaren publizitate-, promozio- eta babesletza-jarduerak honako printzipioekin bat etorriz gauzatuko dira:

a) Egiazkotasun-printzipioa; horren arabera, egiazkoak izan beharko dute, ez dute errakuntzarik eragin beharko hartzaileengan, eta ez dute jarduerari buruzko funtsezko daturik edo datu esanguratsurik ezkutatuko edo isilduko.

b) Identifikazio-printzipioa; horren arabera, erraz ezagutzeko eta identifikatzeko modukoak izan beharko dute, eta ezin izango dira erabiltzaileei zuzendutako joko-eskaintzen jarduerekin nahastu.

c) Joko informatuaren printzipioa; horren arabera, argi eta garbi ohartarazi beharko zaio kontsumitzaileari jokoak dakartzan arriskuez, eta jokoa ez da aurkeztuko arazo ekonomikoetarako konponbide gisa, diru-sarreren iturri gisa edo arrakasta soziala lortzeko modu gisa.

d) Gizarte-erantzukizunaren printzipioa: promozio-mezuak pertsona guztiei zuzenduko zaizkie, generoagatik, erlijioagatik, arrazagatik edo gizabanakoaren eskubideak kaltetu ditzakeen beste edozein arrazoirengatik inolako bereizkeriarik egin gabe.

e) Adingabea babesteko printzipioa: adingabeek eskubidea dute jokoari buruzko publizitaterik gabeko nahiz adin nagusikoei zuzendutako beste edozein jarduerarik gabeko espazioak izateko.

Edonola ere, jokoaren publizitate-, promozio- eta babesletza-jarduerek men egin beharko diote Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorrak xedatutakoari".

40.– 77. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"77. artikulua.– Debekuak.

Debekatuta dago jokoaren eta joko-lokalen publizitatea eta promozioa egitea honako kasu hauetan:

a) Jokoa praktikatzeko grina pizteko mezu zuzenak dituenean.

b) Herri-administrazioaren zentroetan eta bulegoetan, osasun-etxeetan edo osasun-zerbitzuetan, zerbitzu soziosanitarioetan eta ikastetxeetan egiten denean, dela ikastetxe publikoetan zein pribatuetan. Aldez aurretik komunikatuz gero, publizitatea edo promozioa egin daiteke turismoa eta aisia sustatzeko administrazio-erakundeetan eta haien webguneetan.

c) Gehienbat adingabeei zuzenduta dauden zentroetan eta ikuskizunetan egiten denean.

d) Gehienbat hemezortzi urtetik beherakoek parte hartzen duten kirol-jardueren edo kultur jardueren babesletza-jarduerak direnean.

e) Irudien eta soinuen bidez pertsonak jokoren bat praktikatzen erakusten dituenean, zuzenean nahiz zeharka, baimendutako txapelketa baten erretransmisioa denean izan ezik.

f) Eskudirua edo tiketak edo beste edozein euskarri baliokide, promozio-artikuluak edo promozio-opariak ematen direnean Erregelamendu honetako 81. artikulutik ezarritakotik kanpo. Ondorio horietarako, operadoreek beren webguneetako erabiltzaileei bakarrik eskaini ahal izango dizkiete promozio-artikulu edo -opariak, baldin eta, metatuta, erabiltzaile horiek:

a. Gutxienez 30 egunez joko-kontu bat irekita badute.

b. Agiri bidez egiaztatu badira.

g) Jokoen erabiltzaileei eginiko mailegu-, kreditu-eragiketak, diru-aurrerapenak edo finantza-laguntza eta zerbitzu konbinatuak direnean.

h) Mezu arrazistak, sexistak, edo pornografikoak dituenean; bortizkeriaren apologia egiten duenean; edo jokabide konpultsiboak edo gizakiaren oinarrizko eskubideen aurkakoak diren jokabideak bultzatzen dituenean.

i) Publizitate-euskarrietan ezagunak diren pertsonen irudia erabiltzen bada.

j) Iradokitzen badu jokoa metodo erraza dela baliabide ekonomikoak azkar eta esfortzurik gabe lortzeko.

k) Ezingo da babesletza-jarduerarik egin, baldin eta operadore baten izena, marka edo izen komertziala erabiltzen bada kirol-instalazio bat edo entretenimenduko edozein zentro identifikatzeko. Era berean, kirol-talde baten, kirol-lehiaketa baten edo ausazko jokoen eta apustuen sektoretik kanpoko beste edozein erakunderen izenari ezin izango zaio gehitu –ez eta ordeztu ere– operadore baten izena edo izen komertziala.

l) Ez da onartuko babesletza-jarduerarik kamisetetan edo kirol-ekipamenduetan.

41.– 78. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"78. artikulua.– Adingabeen babesa.

Adingabeak babesteko, debekatuta daude joko-jardueren publizitate-, promozio- eta babesletza-jarduera hauek:

a) Adingabeek joka dezaketela iradokitzen dutenak.

b) Adingabeak erabiltzen edo sartzen dituztenak.

c) Gehienbat adingabeei zuzendutako ikus-entzunezko, hitzezko edo idatzizko euskarriak erabiltzen dituztenak.

d) 18 urtetik beherakoei zuzendutakoak.

e) Jolasa heldutasun-seinale bat dela iradokitzen dutenak

f) 00:00etatik 06:00etara bitarteko ordu-tartetik kanpo ematen direnak".

42.– 80. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"80. artikulua.- Publizitatea joko-lokalen barruan.

Kapitulu honetan ezarritako murrizketak eragotzi gabe:

1.– Joko-lokalen barruan, joko-enpresen eta joko-establezimenduen, zerbitzu osagarrien, eta jardueren, jokoen eta sarien edozein publizitate-jarduera egin ahal izango da, baimenik eskatzeko betebeharrik gabe edo aurretiaz komunikatu beharrik gabe, betiere Erregelamendu honetan ezarritako printzipioak eta debekuak errespetatzen baditu.

2.– Nolanahi ere, joko-lokalen barruan eta joko-elementuak dituzten establezimenduetan, joko arduratsuari buruz eta jokoa gehiegikeriaz praktikatzearen ondorioei buruz ohartarazteko kartelak eta mezuak jartzeko eskatuko da".

43.– 81. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"81. artikulua.– Promozio-artikuluen banaketa joko-lokaletara bertaratutakoen eta jokoaren web-orrietako parte-hartzaileen artean.

1.– Joko-lokalen barruan, eta jokoan aritzeko web orrialdeen bidez, balio eskaseko promozio artikuluak edo edariak banatu ahal izango dira, ohiko gizarte-usadioekin bat.

2.– Era berean, joko-lokalen barruan eta jokorako web-orrien bidez, operadoreak merkaturatzen dituen jokoen eskaintza sustatzeko jarduerak burutu ahal izango ditu, baldin eta praktika horiek araudiaren kontrakoak ez badira, jokoaren dinamika aldatzen ez badute eta parte-hartzaileari jokoaren izaeraren inguruan nahasterik eragiten ez badiote.

3.– Debekatuta dago:

a) Loteria-txartelen edo beste edozein jokoren partaidetzak edo txartelak ematea. Salbuetsi egiten dira joko-lokal baten barruan promozio moduan egin daitezkeen errifak edo zozketak, aurretiaz Jokoa Arautzeko Agintaritzari komunikatzen bazaizkio.

b) Bezero berriak erakartzeko promozioak, promozioaren baldintzak edozein izanda ere, "AR" motako makinetarako xedatutakoa izan ezik.

4.– Artikulu honen lehenengo paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, jokoaren arloan eskuduna den saileko titularrak balio eskaseko promozio-artikulutzat har daitezkeenak zehaztu ahal izango ditu".

44.– 82. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"82. artikulua.– Publizitatea ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetan.

1.- Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen publizitateak eta promozioak espezifikoa izan beharko du, eta erregelamendu honetan ezarritako printzipioak errespetatu beharko ditu; gainera, 00:00etatik 06:00etara bitartean soilik eman ahal izango da.

2.- Kirol-izaerako gertaera bat xede duten apustuei buruzko publizitatea eta promozioa 00:00etatik 06:00etara soilik eman ahal izango da".

45.– 83. artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2.- Idatzizko hedabideetan, publizitate- edo promozio-iragarkiaren gehieneko tamainak ezingo du gainditu hura argitaratzen den orrialdearen azaleraren ehuneko hogeita bosta».

46.– 84. artikuluaren lehenengo paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.- Jokoaren publizitate- eta promozio-jarduera egin ahal izango da informazio-izaerako publizitate estatikoaren bidez, dagozkion udal-ordenantzetan eta gainerako arauetan ezarritakoarekin bat etorriz, betiere lehen eta bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako ikasketa arautuetako ikastetxeekiko 150 metro erradialeko gutxieneko distantzia errespetatzen bada; salbuetsita geratzen dira legez baimendutako ekoizpen- eta salmenta-puntuen seinaleak».

47.– 85. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"85. artikulua.- Banaketa masiboko eskuorriak.

1.– Kalean jendeari eskuorriak banatzea helburu hauekin soilik egin ahal izango da: apustuak egin daitezkeen kirol-ekitaldi bereziak iragartzeko, joko berriak iragartzeko eta joko-lokal berrien irekieraren berri zabaltzeko; eskuorriek informazio komertziala baino ezingo dute izan, erregelamendu honen 75.d) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, joko-lokalek han egiten dituzten ekitaldien eta zerbitzu osagarrien berri zabaltzeko eskuorriak egin ahal izango dituzte, eta eskuorri horiek leku hauetan soilik utzi ahal izango dituzte: hoteletan, bidaia-agentzietan, bidaiarien garraio-guneetan, ikuskizun publikoetako lokaletan edo instalazioetan, eta, orokorrean, turismo-establezimenduetan.

Banaketa hori ezingo da egin lehen eta bigarren hezkuntzako ikasketa arautuetako ikastetxeetatik 150 metro baino gutxiagora, lanbide-heziketako ikastetxeak barnean direla.

2.– Debekatuta dago banaketa masiboko bitartekoen bidez eginiko publizitatea, dela postontzietan sartzen den publizitatea, dela posta elektronikora bidaltzen dena, dela sare sozialetan jartzen dena. Azken bi kasu horietan, bitarteko hori baliatuz eginiko publizitatea ez da debekaturik egongo jasotzailea adin nagusikoa bada eta berariaz onartzen badu lokalaren sarbide-zerbitzuan edo dagokion webgunearen erregistro-inprimakian bide horretatik publizitatea jasotzea".

48.– 86. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"86. artikulua.– Publizitatea web orrialdeetan, posta elektronikoaren, bideoak trukatzeko zerbitzuen eta sare sozialen bidez.

1.- Joko-enpresa moduan inskribatutako pertsona fisikoek edo juridikoek haiek egiten duten jarduerari buruzko publizitatea egin ahal izango dute haien web orrialdeetan, Jokoa Arautzeko Agintaritzari aldez aurretik jakinarazi beharrik gabe, honako irizpide hauen arabera:

a) Iragarlearen web orrialdeetan, iragarleari berari eta egiten dituen jarduerei buruzko informazioaz gain, honakoa eskaini ahal izango da: joko motak, sariak, zerbitzu osagarriak eta jarduerak, garatzen dituen jokoen mekanikaren eta funtzionamenduaren deskribapen interaktiboa, eta jokoaren sektorearekin lotutako albisteak eta ekitaldiak, foroak, iradokizunen postontzia eta erabiltzaileak aktiboki parte hartzeko beste gune batzuk.

b) Joko-enpresen web orrialdeek ezingo dute jokalariak banketxeen edo, orokorrean, kreditu-zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeen web orrialdeetara birbideratzen dituzten estekak txertatu.

c) Jokoaren webguneetatik edo webguneetara birbideratutako orrialdeak joko-jarduerei buruzko merkataritza-informaziotzat baino ezin izango dira hartu, erregelamendu honen 75 d) artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.- Apustuen xede diren kirol-ekitaldiekin lotutako albisteak ezin izango dira jokoaren web-orrialdeetara birbideratu.

3.- Bideoak trukatzeko plataformetan eta hartzaileak adinaren arabera bereizteko sistemak dituzten plataformetan soilik bidali ahal izango zaizkie joko-komunikazio komertzialak aldez aurretik horretarako adostasuna adierazi duten pertsonei.

4. – Aldez aurretik adostasuna adierazi duten edo kontu horien jarraitzaile diren pertsonei baino ezin izango zaizkie bidali jokoaren komunikazio komertzialak posta elektronikoz, edo beste bitarteko baliokideren batez.

5.- Erabiltzaile-profila duten sare sozialetan egiten diren komunikazio komertzialak adin nagusikoei bakarrik egin ahal izango zaizkie, eta, horretarako, hartzaileak adinaren arabera bereizteko aukera ematen duten sistemak izan beharko dituzte".

49.– 88. artikuluaren bosgarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"5.- Ez dira aurretiaz komunikatu beharko jarraian adierazten diren promozio-jarduerak:

a) Joko-lokala kokatuta dagoen eraikinaren aurrealdean edo hirigintza-esparruko sarbidean jartzen diren errotuluak, udaleko arauek edo sektoreko arauek ezarritakoarekin bat etorriz, betiere kapitulu honetan ezarritakoa errespetatzen bada.

b) Joko-arloko aldizkari adituetan egiten den publizitatea eta promozioa.

c) Baimendutako jokoen enpresa titularren web orrialdeetan emandako informazio komertziala.

d) 80. artikuluaren arabera lokalen barruan egiten diren publizitate-jarduerak".

50.– 95. artikuluaren lehenengo paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"1.– Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen arabera, jokoaren alderdi administratibo eta teknikoen eta jarduera honekin lotutako enpresen eta lokalen ikuskapena, zaintza eta kontrola, erregelamendu honetan arautuak, Jokoa Arautzeko Agintaritzari dagozkio, eta haren mendean jardungo du, gorago xedatutakoa betetze aldera, Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitateak.

Jokoa Arautzeko Agintaritzak kontrol- eta ikuskapen-lanak agindu ahalko dizkie funtzionarioei".

51.– 96. artikuluko laugarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«4.- Aktaren ale bat lokalaren titularrari emango zaio beti, eta, beste bat, ustiapen-baimenaren titularrari. Eskubide horri uko egiten badio, horren berri jaso beharko da aktan.»

52.– Aldatu egiten dira 99. artikuluaren f), m) eta v) letrak.

f) Jokoa Arautzeko Agintaritzari aurretiazko jakinarazpenik egin gabe edozein akzio nahiz partaidetza eskualdatzea.

m) Joko-makinak edo -elementuak jarrita dauden jokoaren enpresa operadorearen akziodunek, partaidetzadunek edo titularrek, enpresako pertsonalak, zuzendaritzako kideek eta enplegatuek, bai eta horien ezkontideek, lehen mailako aurreko ahaideek eta ondorengo ahaideek maileguak, kredituak, eskudirua, edozein euskarri elektronikoren bidez edo kontura, bai eta beste edozein finantza-laguntza, eskudirua ateratzeko eta erositako ondasun edo zerbitzuengatik ordaintzeko zerbitzu konbinatuak edo cashback zerbitzuak ematea jokalariei zein apustugileei, zuzenean nahiz hirugarren pertsonen bitartez.

v) Informazio-promozioak egitea adingabeen joko-debekua eta joko arduragabearen ondorio kaltegarriak berariaz jaso gabe, edo erregelamendu honetan publizitateari buruz ezarritako arauak hautsiz, bereziki mezu iradokitzaileak edo zuzenean jokora bultzatzen dutenak erabiliz."

53.– 104. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"104. artikulua.– Zehapenak, kautelazko neurriak eta neurri osagarriak.

1.– Aurreko artikuluetan tipifikatutako arau-hausteei honenbesteko isun-zehapena ezarriko zaie:

a) Oso astunengatik, 60.101,22 eurotik 601.012,10 eurora. 601.012,10 eurotik gorako legez kontrako irabazia egiaztatzen den kasuetan, zehapena irabazi hori hiru halako izango da.

b) Astunengatik, 6.010,13 eurotik 60.101,21 eurora.

c) Arinengatik, 60,10 eurotik 6.010,12 eurora.

2.– Arau-hauste astun eta oso astunak egiten diren kasuetan honako zehapen hauek ere jarri ahal izango dira:

a) Jokoarekin zerikusia duten jarduerak ustiatzeko baimena eta saiakuntza-laborategiko baimena bi urteko gehieneko denboraldi baterako etetea edo behin betiko errebokatzea.

b) Joko-makinak ustiatzeko baimena urtebeteko gehieneko denboraldi baterako etetea edo behin betiko errebokatzea, bai eta ostalaritza alorreko establezimenduetan joko-makinak ustiatzeko baimena etetea ere urtebeteko gehieneko eperako.

c) Kasino-jokoetan aritzeko lokala aldi baterako ixtea –gehienez ere bi urterako–, edo behin betiko ixtea.

d) Aldi baterako –gehienez bi urterako– edo behin betiko kentzea jokorako eduki behar den baimenaren titularra izateko gaikuntza, eta, hala badagokio, joko-enpresa eta -lekuetan jardutekoa.

e) Arau-haustearen ondorioak, arau-haustea gauzatzeko erabili diren tresnak eta arau-haustearen euskarri diren objektuak konfiskatzea, eta, zehapena irmoa denean, arau-haustearen osagaiak, makinak edo joko-elementuak suntsitzea edo baliogabetzea.

3.– Zehapena jartzeko orduan, dauden inguruabarrak haztatuko dira, lurralde- eta gizarte-eremuan daukaten eragina kontuan hartuz, eta, betiere, proportzionaltasun-irizpideak erabiliz; halere, zehapena inoiz ez da izango modu ez-zilegian lortutako irabazien hiru halakotik beherakoa.

4.– Falta astunaren edo oso astunaren zantzuak daudenean, kautelazko neurritzat hartu ahalko da jokoa egiten den establezimenduak ixtea edo joko-elementuak edo jokatzeko erabilitako materialak zigilatu, gordailutu edo konfiskatzea.

Arau-hauste astuna edo oso astuna egin delako zantzurik ageri denean, erabaki ahal izango da kautelazko neurri gisa legez kanpoko gunerako sarbidea blokeatzea edo jokoa eskaintzen duen webguneko ordainbideak blokeatzea.

Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 33.5 artikuluan ezarritako moduan.

54.– 108. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"108. artikulua.- Eremua eta modalitateak.

1.– Joko-makinak dira diru truke edo ordainketa-modu baliokideen bitartez erabiltzaileari aparatua denbora-tarte batez erabiltzeko aukera ematen diotenak; eskuzkoak zein automatikoak izan daitezke eta kasu batzuetan hainbat motatako sariak lortzeko aukera ematen diote: eskudirutan, espezietan, zerbitzutan edo horiekin trukatzeko moduko beste edozein produktutan ordaindutakoak.

2.– Terminal edo makina laguntzaileak dira indarrean dagoen Joko Katalogoan agertzen diren beste modalitate batzuetan parte hartzeko aukera ematen duten gailuak (eskuzkoak edo automatikoak). Salmenta-terminalak terminal horiek instalatuta dauden establezimenduko edo enpresako operadore batek manipulatzen ditu. Makina laguntzaileak zuzenean erabiltzen ditu erabiltzaileak, instalatuta dauden establezimenduan.

3.– Joko-makinak honela sailkatzen dira:

a) Erredentzioko jolas-makinak edo «AR» motakoak: erabiltzailearen trebetasunaren arabera, makina erabili edo jokatzeko denbora bat lortzeaz gain txartelak, fitxak edo antzeko elementuak irabazteko aukera ematen dute, eta horiek metatu eta trukatu egin daitezke. Erabiltzaileek irabaz daitezkeen ondasunen balioa ezagutzen dute eta aldez aurretik ezarrita dago. Ondasun horien diruzko kostua ez da izango haiek lortzeko gutxienez jokatu behar diren partiden prezioa baino altuagoa.

b) «B» motako makinak edo saria duten jolas-makinak: prezio baten truke, jokalariari erabiltzeko denbora bat eta, kasu batzuetan, eskudiruzko saria ematen diote. Azpimota hauek daude:

– «BH» makinak. Honako hauetan instalatu ahal izango dira: joko-aretoetan, ostalaritza-establezimendu publikoetan, dantzalekuetan eta diskoteketan. «BHZ» izeneko makinek «BH» motako makinek baino sari txikiagoa emango dute, eta lokal berdinetan instalatu ahal izango dira. «BH+» izeneko makinek «BH» motako makinek baino sari handiagoa emango dute, eta lokal berdinetan instalatu ahal izango dira.

– «BS» motako makinak, edo sari berezidun jolas-makinak: «BH» motako makinek baino sari handiagoak eskaini ahal izango dituzte, eta joko-aretoetan, bingo-lokaletan eta kasinoetan baino ezingo dira instalatu. Makina horien aurreko aldean, bideo-pantailan edo antzeko euskarri fisiko batean hauxe adierazi beharko da argi eta garbi: «joko-lokalerako makina berezia».

– «BS+» izendatutako makinak: «BS» motako makinek baino sari handiagoak eskaini ahal izango dituzte, eta lokal berdinetan instalatu ahalko dira.

– «BG» motako makinak edo sari berezidun jolas-makinak bingo-lokaletarako eta kasinoetarako: «BS+» motako makinek baino sari handiagoak eman ahal izango dituzte, erabiltzaileek apustu egindakoaren proportzioan, edo aldez aurretik ezarritako sari-programaren arabera. Makina horiek bingo-jokoa gehitzen badute, joko hori bideo-seinalez edo antzera kontrolatutako pantailak erabiliz gauzatuko da, eta ezingo da, inola ere, informatikoki jokatzen den jokoaren kartoirik edo euskarri fisikorik esleitu, aretoko langileen esku-hartzerik gabe.

c) «C» motako makinak edo ausazko makinak: prezio baten truke erabiltzaileari erabilera-denbora bat ematen diote eta, kasu batzuetan, eskudiruzko saria, beti ausaren arabera.

4.– Joko-makinen motak eta azpimotak modalitate hauetakoak izan daitezke:

a) B motako postu anitzeko makinak, «BM» izenekoak, hau da, B motako makinen ezaugarri teknikoak izanik, bi jokalarik edo gehiagok modu independentean edo aldi berean parte hartzea ahalbidetzen dutenak, joko komun bat izanik altzari bakarra osatzen dutenak.

BM makinek altzari bakarra osatzen dute, makina bakar bati dagokion saria ematen dute, eta postu bakoitzari dagokion itzulketa-ehunekoa bereizia da. Horrez gain, jokatutako kopuruetatik datorren diru-kopuru bat metatu ahal izango dute, sari edo poltsa komun bat eratzeko. Sari hori postu bakoitzetik ehuneko bat kenduz lortuko da, eta makinan bertan kokatuko den eta Jokoa Arautzeko Agintaritzak homologatu beharko duen sistema baten bidez kudeatuko da.

Joko-aretoetan instalatutako «BM» postu anitzeko makinek, gehienez, hamar postu izango dituzte.

b) C motako postu anitzeko makinek, «CM» izenekoek, konfigurazio modularra izan dezakete, aldez aurretik baimendu beharko dena, eta zilindro birtual edo mekaniko batekin edo gehiagorekin funtzionatu ahal izango dute; azken horiek elektromekanikoki edo eskuz bultza daitezke. Makina horiek ez dute gehieneko postu-kopururik izango.

c) Makina partekatuak, «BC» edo «CC» izenekoak: programa bakarrarekin eta altzari bakarra izanik, elkarrekin eta aldi berean jokatzen duten bi pertsonei elkarrekin lehiatzeko aukera ematen die, eta makina bakarrari dagokion saria ematen dute.

5.– Makina laguntzaileak honako modalitate hauetan sailkatzen dira:

a) Apustu orokorretarako makina laguntzaileak (P).

b) Zaldi-apustuetarako makina laguntzaileak (H).

c) Txarteletarako makina laguntzaileak (T).

d) Loteriako makina laguntzaileak (L).

Hala ere, joko-katalogoan jasotako modalitate adina makina laguntzaile mota egon daitezke".

55.– 109. artikuluaren lehenengo paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"109. artikulua.– Ustiatzeko baimena eta erregistro-inskripzioa.

1.- Joko-makinak eta makina laguntzaileak ustiatzeko, aurretiazko baimena behar da makinen enpresa operadore gisa, «AR» motako joko-makinen kasuan izan ezik; kasu horretan, nahikoa da aldez aurretik erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

Aurrekoa gorabehera, joko-kasino, bingo-lokal edo joko-areto izateko baimena duen eta hala inskribatuta dagoen enpresak eskumena du lokal horietan instalatutako joko-makinak ustiatzeko, honako baldintzetan:

a) IV. kapituluaren arabera, jokoaren enpresa operadoreak beren lokaletan instalatutako joko-makinen BH eta BS motako ustiapen-baimenen titularrak izan ahalko dira.

b) III. kapituluaren arabera, bingoaren enpresa operadoreak beren lokaletan instalatutako joko-makinen BH, BS eta BG motako ustiapen-baimenen titularrak izan ahalko dira.

c) II. kapituluaren arabera kasinoak instalatzeko eta ustiatzeko baimena duten enpresak beren lokaletan instalatutako joko-makinen BH, BS, BG eta C motako ustiapen-baimenen titularrak izan daitezke.

56.– 111. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"111. artikulua.– «B» eta «C» motako makinen betekizunak.

1.– Jokoaren arloko sail eskuduneko titularraren aginduz, «B» eta «C» motako makinek bete beharreko baldintzak eta jokorako mugak zehaztu ahal izango dira, bai eta eduki beharko dituzten zehaztapen tekniko, gailu tekniko eta segurtasun-mekanismoak ere. Zehaztapen horiek halabeharrez bete beharko dira modeloa homologatzeko eta makina ustiatzeko.

2.– Agindu horretan hau finkatu beharko da, gutxienez:

a) Jokoaren mugak: hala nola partidaren gehieneko eta gutxieneko prezioa, aldi berean gehienez zenbat partida egin daitezkeen, partida sinpleetan edo aldi bereko partidetan gehienez zenbateko saria jaso daitekeen; bai eta partidaren batez besteko iraupena ere.

b) Ondoz ondoko partida-ziklo jakin bat betetzean, sari gisa itzuli beharreko gutxieneko ehunekoa eta denbora jakin batean gehienez zenbat partida joka daitekeen «B» motako makinen kasuan.

c) Jokaldi-serie estatistiko mugatu bat betetzean, sarietan itzuli beharreko gutxieneko ehunekoa, konbinazio posibleen arabera, «C» motako makinen kasuan.

d) Kreditu eta ordainketen sistema. Nahitaezkoa izango da diru-metaketarako kontagailu espezifikoak edukitzea, hala nola sarrera-kredituetarako, ezartzen diren metatze-mugetarako, eta hala badagokio, erreserbako kontagailu gehigarriak. «C» motako makinen kasuan, gainera, ordainketa erreserbatzeko gordailua, irabazien gordailua eta argi- eta soinu-mekanismo ohartarazleak.

e) Makinek jokoa eragozteko blokeatze-mekanismoa izan beharko dute nahitaez, ordainketa behar bezala egiten ez den kasuetarako.

f) Makinan zer nolako informazioa jarri beharko den idatziz, modu grafiko eta ikusgarrian; informazio horrek joko-arauak azalduko ditu, erabiltzailearen babesa eta joko-debekuak.

g) Hala badagokio, beharrezkoak diren segurtasun-gailuak, bai eta mendekotasun-potentzialean eragin handiena duten ezaugarriak arintzeko sistemak ere.

h) Makinara eta haren eremu kritikoetara sartzeko sistemak.

i) Makinaren komunikazio-sistemak.

j) Dirua onartzeko eta sariak ordaintzeko sistemak eta gailuak.

k) Joko-eragiketen segurtasunerako beharrezkotzat jotzen diren gainerako software-betekizunak.

3.– «C» motako makinak edo ausazkoak homologatu ahal izango dira baldin eta jokatutako kopuruen ehuneko bat metatzeko aukera ematen badute, hartara sari gehigarri progresiboak osatzeko. Sari horiek modelo bakoitzerako espezifikoak izango diren konbinazioen bitartez eskuratu ahal izango dira.

4.- BG, BS, BS+ eta C motako makinek aurretiaz Jokoa Arautzeko Agintaritzak baimendutako informazio-sistema bat inplementatu ahal izango dute euren zerbitzarian. Informazio-sistema horrek, makinetara konektatuta, 67, 3, k) artikuluan adierazitako kontagailuen funtzionalitate berdinak erregistratuko ditu, eta sistema horren ezaugarriak eta funtzionalitateak makinen ezaugarriak arautzen dituen garapen-araudian zehaztuko dira.

57.– 112. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

112. artikulua.– «B» eta «C» motako makinen sariak ordaintzea.

1.– Konbinazio irabazlea lortzen denean, makinaren aurrealdea argituko da edo, bestela, ondo nabarmen geratuko da sari hori lortu dela.

2.– Sariak legezko erabilerarako dirutan ordaindu beharko dira nahitaez, eta makinak eman beharko ditu. Hala ere, interkonexio-sistemetan, saria «gauzatan» edo «espezietan» ere eman ahal izango da, betiere aretoan horren berri ematen bada, horretarako ezarritako errotuluan eta Jokoa Arautzeko Agintaritzak aldez aurretik baimendu badu.

3.- Aurreko paragrafoan ezarritakoaren salbuespen gisa, joko-lokaletan instalatutako makinen kasuan, sariaren ordainketa Jokoa Arautzeko Agintaritzak aldez aurretik baimendutako legezko edozein bide erabilita egin ahal izango da, jokalariak aldez aurretik eskatuta eta lokalak ontzat ematen badu.

Kasu horietan, Jokoa Arautzeko Agintaritzak, legezko diruaren ordez, txartelak edo ordaintzeko eta dirua itzultzeko euskarri fisiko edo elektronikoak erabiltzeko baimena eman ahal izango du, eta euskarri horiek aurretiaz eskuratu ahal izango dira establezimenduetan bertan. Horrelakoetan, sariak modu horretan eman ahal izango dira, eta joko-aretoan bertan legezko diruz edo bestelako legezko ordainketa-moduez trukatu beharko dira. Horrek ez du ekarriko inolako gasturik saria lortu duen pertsonarentzat.

4.– «C» motako makinek adierazle argidun bat eduki beharko dute makinak dirua, fitxak, txartelak edo euskarri fisiko edo elektronikoa onartu duela jakinarazteko eta, hala dagokion kasuetan, apustua onartu dela adierazteko.

Saria osatzen duten txanponen bolumena sariak ordaintzeko erreserba-gordailuaren edukiera baino handiagoa bada edo makinaren saria apustuak eta ordainketak egiteko erabilitako unitatearen zatikia bada, aretoko langileak eskuz ordaindu ahal izango dizkio apustuak erabiltzaileari (halakoetan, makinek argi- edo soinu-ohartarazle bat izan beharko dute, eta automatikoki aktibatuko da erabiltzaileak sari hori eskuratzen duenean)".

58.– 113. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"113. artikulua.– Interkonexio-sistemak.

1.– «B» motako makinen interkonexioa baimendu ahal izango da, sari gehigarri bat emateko xedearekin, dirutan edo espezietan ordaindutakoa. Sari hori elkarri konektatutako makina guztien gehieneko sarien batura izango da, eta baldintza hauek bete beharko dira:

a) Makinen interkonexioari esker gehienez lor daitekeen zenbatekoak ez du ekarriko makina bakoitzak bere aldetik eman behar dituen sarien ehunekoa txikitzea. Gainera, partida-ziklo jakin batean eman beharko da.

b) Elkarri konektatuta dauden makinetako bakoitzean argi eta garbi adierazi beharko da gehienez zenbateko saria eskura daitekeen, eta azaldu beharko da horrek ez duela ekarriko elkarri konektatutako makina bakoitzaren sarien ehunekoa txikitzea. «Espezietan» adierazlea, hala badagokio, aretoan bertan iragarriko da, horretarako ezarritako errotuluan.

c) Elkarri konektatutako makinen bitartez modu guztietara eskura daitekeen gehieneko saria ezingo da izan elkarri konektatutako makina bakoitzaren gehieneko sarien batura baino handiagoa. Jokoaren arloko sail eskuduneko titularraren aginduz ezarri ahal izango dira horretarako mugak.

d) Interkonektatutako sistema bakoitzak erabiltzaileek argi eta garbi irakurtzeko moduko argibide-panel bat izan beharko du, eta bertan informazio hauxe jaso, gutxienez: elkarri konektatutako makinen kopurua eta dagozkien postuak, baimendutako sariaren gehieneko zenbatekoa eta dirutan edo espezietan ordainduko den.

e) Jokoaren arloko sail eskuduneko titularraren aginduz emango diren gainerako zehaztapen teknikoak.

f) Interkonexioaren xede diren makinek kategoria berekoak izan beharko dute, eta ustiapen-baimen mota berarekin baimenduta egon beharko dute.

2.– «C» motako makinen interkonexioa baimendu ahal izango da joko-kasino berean edo hainbat kasinotan instalatutako makinen artean, sari gehigarri bat emateko xedearekin, dirutan edo espezietan ordaindutakoa. Sari hori elkarri konektatutako makina guztien gehieneko sarien batura izango da, eta baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eskura daitezkeen sariak bi motatakoak izan daitezke: apustuak egiteko erabiltzen diren mota berekoak edo «espezietan» ordaindutakoak, erabiltzaileak aldez aurretik ezarritako zenbateko batekin trukatu ahal izango dituenak. Lokalean bertan adierazi beharko da sariaren zenbatekoa eta saria «espezietan» ordainduko dela, berariaz horretarako jarritako errotulu batean, bai eta elkarri konektatutako makina bakoitzean ere.

b) Elkarri konektatutako makina bakoitzean argi eta garbi adieraziko da hori hala dela. Halaber, erabiltzaile bakoitzak begi bistan izan beharko du uneoro elkarri konektatutako makinek guztira zenbat diru metatu duten.

c) Hainbat makinatan ausazkotasuna sortzeko elementu bakarra dagoenean eta makina guztiek hura partekatzen dutenean, makina horiek elkarri konektatzeko baimena eman ahal izango da, nahiz eta elementu hori kanpoan eta makinetatik bereizita egon.

d) Elkarri konektatutako makinek interkonexiorako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ahal izateko mekanismo edo sarrera espezifiko bat izan beharko dute.

e) Interkonektatutako sistema bakoitzak erabiltzaileek argi eta garbi irakurtzeko moduko argibide-panel bat izan beharko du, eta bertan informazio hauxe jaso, gutxienez: elkarri konektatutako makinen kopurua eta dagozkien postuak eta baimendutako sariaren zenbatekoa.

f) Jokoaren arloko sail eskuduneko titularraren aginduz emango diren gainerako zehaztapen teknikoak.

3.– Makinen interkonexio-sistemaren eskaeran adierazi beharko da zenbat makina konektatu behar diren, makina bakoitzaren banakako identifikazioa zein den, zein establezimendutan dauden instalatuta, zer nolako interkonexio-sistema edo -modeloa erabiliko den, eta lor daitekeen gehieneko saria zenbatekoa den eta zer motatako sariak dauden.

4.– Interkonexioa beste autonomia-erkidego batzuetan kokatuta dauden establezimenduetan instalatutako makinen artean egingo bada, beste hauek ere bete beharko dira:

a) Ukitutako autonomia-erkidegoetako araudiak interkonexio hori ahalbidetzea, eta ukitutako autonomia-erkidego guztiek interkonexio-sistema baimentzea bakoitzaren lurralde-esparruetan.

b) Elkarrekin konektatu beharreko makinek parametro baliokideak betetzea, eta Euskadin indarrean dagoen araudiarekin bat etortzea; horrez gain, interkonexio-azpiegiturak aukera eman behar dio Euskal Autonomia Erkidegoari lineako konexioa ezartzeko, jokoaren kontrolerako irispidea izateko.

59.– 115. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"115. artikulua.– Ustiatzeko baimena.

1.- Ustiatzeko baimenak joko-makina edo terminal bat edo makina laguntzaile bat ustiatzeko baimena ematen du, establezimendu presentzial batean instalatuz, bai joko-lokaletan bai legez onargarriak diren beste toki batzuetan, modelo homologatu batekin bat datorrela egiaztatu ondoren.

2.- Ustiapen-baimenak kategoria hauen arabera sailkatzen dira:

a) BH baimena, soilik BH motako makinak ustiatzeko.

b) BS baimena, BH, BS motako makinak ustiatzeko.

c) BG baimena, BH, BS eta BG motako makinak ustiatzeko.

d) C baimena; horren bidez, BH, BS, BG eta C motako makinak ustiatu ahal izango dira.

e) P baimena; horren bidez, apustu orokorretarako makina laguntzaileak ustiatu ahal izango dira.

f) H baimena; horren bidez, zaldi-apustuetarako makina laguntzaileak ustiatu ahal izango dira.

g) T baimena; horren bidez, txartel-makina laguntzaileak ustiatu ahal izango dira.

h) L baimena; horren bidez, loteria-makina laguntzaileak ustiatu ahal izango dira.

2.- Ustiatzeko baimenen eskaera bat etorriko da erregelamendu honetan eta hori garatzeko araudian aurrez ikusitako zehaztapenekin. Eskaeran, makina instalatuko den lokalaren izaera adierazi behar da.

3.– Jokoa Arautzeko Agintaritzak ofizioz egingo ditu alegatutako egintzak edo datuak egiaztatzeko bidezkotzat jotzen dituen jarduerak; zeregin horretan, espedientea ebazteko beharrezkoa den dokumentazio osagarria aurkeztea edo instrukzio-egintzak burutzea eska dezake.

4.– Jokoa Arautzeko Agintaritzak baimen-prozedura ebatzi eta ebazpena jakinaraziko du, gehienez ere sei hilabeteko epean. Epe hori igarota enpresa operadoreak ez badu jakinarazpenik jaso, eskaera baietsitzat jo ahal izango du.

5.– Ustiatzeko baimenak bi urteko indarraldia izango du, eta, automatikoki, bi urteko aldietan berrituko da behin eta berriz, baldin eta, berritze hori gauzatzerakoan, indarrean dagoen araudiak eskatutako baldintzak betetzen badira, behin betiko baja eman arte.

6.– Ustiatzeko baimenen eskualdatzea Jokoa Arautzeko Agintaritzak baimendu behar izango du, baimen-emaileak aldez aurretik eskatuta; eta baimen-hartzaileak eta baimen-emaileak enpresa operadore moduan inskribatuta egon behar dute. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dituzte, eta ustiapen-baimen berriak bermatzeko beharrezko fidantzak izan beharko dituzte. Inola ere ezingo da baimendu enbargatuta dauden ustiapen-baimenak eskualdatzea.

Ustiatzeko baimenak eskualdatzeko baimenaren ebazpena eta horren jakinarazpena gehienez ere 6 hilabeteko epean egin beharko dira. Epe hori igarota enpresa operadoreak ez badu jakinarazpenik jaso, eskaera baietsitzat jo ahal izango du.

7.- «B» motako makinen enpresa operadoreek gehienez ere euren titulartasuneko ustiapen-baimenen % 10 bideratu ahal izango dute «BHZ» eta «BHM» motako makinak ustiatzera, mota bakoitzeko.

8.– «B» motako makinen enpresa operadoreek, gehienez ere, euren titulartasuneko baimenen % 10 izan ahalko dute ustiakizun egoeran, baldin eta sailburuaren aginduz ehunekoa handitzen ez bada ezinbesteko arrazoien arabera. 20 ustiapen-baimen baino gutxiagoren titular diren enpresa operadoreek gehienez ere 2 baimen izan ahalko dituzte ustiakizun.

60.– 116. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"116. artikulua.- Ustiatzeko baimenen kokapena.

1.- «AR» motako makinak lokal hauetan instalatu ahal izango dira:

a) Jolas-aretoetan.

b) «B» motako joko-makinak instalatzeko baimena duten lokaletan.

c) Kanpin, jolas-parke, azoka-esparru edo antzekoetan horretarako egokitutako lekuetan.

d) Bakar-bakarrik ostalaritzara, edo, besteak beste, ostalaritzara ere dedikatzen diren lokal publikoetan.

2.- «BH» motako makinak, joko-aretoetan instalatzeaz gain, baita ere jarri ahal izango dira ostalaritzako establezimendu publikoetan, dantzalekuetan, dantza-aretoetan eta diskoteketan, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Establezimendu iraunkorrak izatea, jendearen iraganbideetatik aparte badaude, eta makinak lokalen barruan badaude.

b) Garraio publikoaren geltokietan, aireportuetan edo merkataritza-zentroetan edo -guneetan edo ikuskizun publikoak eta jolas jarduerak egiten diren tokietan ez egotea, salbu eta lokala itxita eta jendearengandik isolatuta badago.

c) Terrazetan edo bide publikoak okupatzeko eremuetan kokatuta ez egotea, edo edozein eratako instalazio desmuntagarriak izatea.

d) Adingabeentzako berariazko lokalak ez izatea edo ohiko erabiltzaile gehienak adingabeak ez izatea.

Ostalaritzako lokaletan edo antzekoetan instalatzen d(ir)en makina(k) euskarri espezifiko baten gainean jarriko d(ir)a. Ezingo da euskarritzat hartu barrarik, mahairik edo helburu horretarako erabiltzen ez den gainerako objekturik.

3.- «BS» baimenak joko-aretoetan, bingo-lokaletan eta kasinoetan soilik instalatu ahal izango dira. Joko-aretoetan, sarrera-kontrola igaro ondoren instalatu beharko dira. Bingo-lokaletan eta kasinoetan, sarrera-kontrola gainditu ondoren instalatu beharko dira, lokal horietako joko-partiden ohiko garapenari eragin gabe.

4.- "BG" baimenak bingo-lokalen barruan eta kasinoetan instalatu ahal izango dira.

Bingo-lokaletan eta kasinoetan, partida horien ohiko garapenari ez eragiteko moduan instalatuko dira.

Bingo-lokaletan eta kasinoetan, banaketa desmuntagarriak onartuko dira, baldin eta indarreko araudian ezarritako segurtasun-neurriak betetzen badira, eta zerbitzu osagarriak ere eskaini ahal izango dira, betiere, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren baimena izanez gero.

5.- «C» motako baimenak joko-kasinoetan eta baimendutako ontzietan bakarrik instala daitezke.

Kasinoaren joko-aretoan dauden makinek soinu-maila murriztu behar dute, gainerako jokoak garatzeko eragozpen izan ez daitezen.

«C» motako makinak kasinoaren joko-aretotik kanpoko beste areto zehatz batzuetan badaude, areto horien kanpoaldean argi eta garbi jaso beharko da adingabeek sarrera galarazita dutela; Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan adierazi beharko da hori. Halaber, kontrolerako eta zaintzarako berariazko zerbitzu edo sistema bat izango dute, eta kasinoaren erantzukizunpean, galarazi egingo zaie kasinora sartzea adingabeei eta legez debekatuta daukaten beste pertsona batzuei. Sistema horren bidez, lokalak baimenduta daukan edukiera ere kontrolatuko da. Horregatik, titularrek, sarrera-zerbitzuaren bitartez, identifikatu egingo dituzte makina-aretora sartu nahi duten pertsonak.

Indarrean dagoen araudian ezarritakoak izango dira makina-aretoetako segurtasun-baldintzak. Horretaz gain, ondoko baldintzak ere bete behar dituzte:

a) Aretoaren barruan dirua eta fitxak trukatzeko zerbitzu bat egon behar da.

b) Kasinoko makina-aretoetan zerbitzu osagarriak edo erregelamendu honetan adierazitako beste zerbitzu batzuk instalatzeko, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren baimena beharko da.

c) Makinen irabazien gordailuak jendearentzako ordutegiz kanpo irekiko dira, eta erregistratu egingo da hori dagokion kontrol-liburuan edo behar bezala baimendutako beste sistema baliokide batzuetan.

d) Makina-aretoan erreklamazio-orriak izan beharko dituzte, erregelamendu honen 12.2 artikuluan jasotakoaren arabera.

6.– P, H, T eta L baimenak kasuan kasuko jokorako egokitutako lokal edo postu espezifikoetan instalatu ahal izango dira, betiere, joko bakoitzerako araudiak ezartzen dituen baldintzak betez. Halaber, joko bakoitzaren araudi espezifikoan zehaztuko dira jendea biltzen duten beste lokal batzuetan makina laguntzaileak instalatzeko baldintzak.

7.- Joko-aretoan instalatuta dauden joko-makinei lotutako ustiapen-baimenak areto horren izena jasoko du, eta, hala badagokio, baita makinaren enpresa operadorearena ere.

8.- Jokalari biren edo gehiagoren parte-hartzea ahalbidetzen duten joko-makinak, «BM», «CM», «BC» edo «CC», postu-kopurua gorabehera, ustiapen-baimen bakarraren babespean daude.

9.– Establezimendu bakoitzean instala daitezkeen ustiapen-baimenen, makinen eta postuen gehieneko kopurua I. eranskinean ezarriko da".

61.– 117. artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"2.- Ostalaritzako establezimendu batean, dantza-areto, dantzaleku edo diskoteka batean, «B» motako makina bat edo makina laguntzaile bat instalatzeko kasuan, aurretiazko jakinarazpenarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Establezimenduaren titularraren NANaren kopia —pertsona fisikoa baldin bada— edo identifikazio fiskaleko zenbakiaren kopia —pertsona juridikoa baldin bada, titulartasun-aldaketa bat bada edo lokalean egiten den lehenengo makina-instalazioa baldin bada—.

b) Kokatze-buletina, zeinaren bidez enpresa operadorea eta lokalaren titularra instalazio horretarako lotzen baitira aldi jakin baterako.

c) Kokatze-buletina izenpetzen duenaren aitorpena, zeinetan aitortuko baitu baduela lokal hori. Horrek ez du esan nahi jarduera burutzeko beharrezko lizentziak edo dagozkion baimenak ere eskatuko ez zaizkionik."

62.– 119. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"119. artikulua.- Kokatze-buletina iraungitzea.

1.- Kokatze-buletinaren bidez hartutako konpromisoa ondoko arrazoi hauetako baten ondorioz iraungiko da:

a) Kokatze-buletinaren indarraldia amaitzea.

b) Alderdiek aho batez hala erabakitzea; Administrazioari idatziz jakinarazi behar zaio hori.

c) Kokatze-buletina iraungi dela adierazten duen ebazpen judiziala.

d) Jokoa Arautzeko Agintaritzak ebazpen arrazoitua ematea. Ebazpen horretan adieraziko du funtsezko zehaztasun-gabeziak daudela makinan, edo buletina bideratzeko erantsitako dokumentazioan edo datuetan, dagokion espedientea bideratu eta gero.

e) Kokatze-buletina babesten zuen ustiapen-baimena iraungitzea, edo enpresa operadorearen baimena errebokatzea.

f) Kokatze-buletina babesten duen ustiapen-baimena iraungitzea edo etetea dakarren zehapena dela-eta.

g) Alderdietako batentzat errentagarria ez izatea kokatze-buletina duen joko-makina ustiatzea. Kasu horretan, Jokoa Arautzeko Agintaritzak, espedientea ebazteko, errentagarritasun eza argudiatzen duenari eska diezaioke makina horren ustiapenari buruzko kontu-ikuskapena egiteko.

h) Establezimendua 9 hilabetez (etenik gabe) itxita egotea, dagokion espedientea bideratu eta gero. Ez da iraungitzerik egongo baldin eta alderdiek indarraldiari eustea adosten badute, edo lokala obrak egiteko itxi bada, betiere lokalaren titularrari egotzi ezin bazaio.

2.– Establezimenduan titularra aldatzen bada, titular berria lehengo titularraren eskubide eta betebeharretan subrogatuko da kokatze-buletinari dagokionez. Hala ere, subrogazio hori titulartasuna aldatzen denetik bi urteko epera mugatuko da, baldin eta titular berriak enpresa operadoreari eta Jokoa Arautzeko Agintaritzari adierazten badie titulartasuna aldatu zenetik hiru hilabeteko epean.

Baimena eskualdatzen bada, baimenaren titular berria subrogatuko da lehengo titularrak kokatze-buletinari dagokionez dituen eskubide eta betebeharretan. Hala ere, subrogazio hori titulartasuna aldatzen denetik bi urteko epera mugatuko da, baldin eta titular berriaren nahia hori bada eta establezimenduaren titularrari eta Jokoa Arautzeko Agintaritzari adierazten badie titulartasuna aldatzen denetik hiru hilabeteko epean.

Aipatutako arauaren salbuespen gisa, kokatze-buletina izenpetzen denetik jarduerari utzi arte sei hilabete baino gutxiago igaro badira, subrogazioa aurretiko buletinarekiko egingo da. Izan ere, buletin horrek indarraldia berreskuratuko du, geratzen zaion eperako. Arau hori ez da aplikatuko establezimenduaren titular berriaren eta jarduerari utzi zionaren artean bigarren mailarainoko ahaidetasun-lotura edo merkataritza-lotura badago; kasu horretan, arau orokorraren arabera jardungo da".

Kokatze-buletineko subrogazioa gertatu bada ustiatzeko baimenaren nahitaezko eskualdatze baten ondorioz, horren titular berriak Jokoa Arautzeko Agintaritzari eskatu ahal izango dio, alde bakarretik, kokatze-buletina aldatzeko, baina joko-makinari edo makina laguntzaileari dagokienez soilik. Horrela, makina horren ordez, kokatze-buletinean ageri zenaren antzeko ezaugarriak dituen modelo eta motako makina bat jarri ahal izango du.

3.- Alderdietako batek indarrean dagoen kokatze-buletinarekin joko-makina bat ustiatu nahi ez badu, artikulu honen lehen paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Jokoa Arautzeko Agintaritzak hau ebatziko du:

a) Erantzukizuna establezimenduaren titularrarena bada, kokatze-buletin berriak zigilatzeko desgaitzea, harik eta aurrekoak zeukan epea bete arte.

b) Erantzukizuna enpresa operadorearena bada, ustiapen-baimena ezin edukitzea kokatze-buletinean adierazitako epea bete arte.

Bi kasuetan, baimena «ustiapenik gabeko igurikimena» egoerara igaroko da.

Operadoreak baimenik ez badu, desgaikuntza ondoriorik gabe geratu ahal izango da, bi alderdiak ados jarrita, eta makinaren ustiapenari berrekingo zaio kokatze-buletinean aurreikusitako moduan".

63.– 120. artikuluko hamargarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"10.- Makinetan egiten diren eragiketa guztiak –baita ustiatzen ari ez diren makinetan egiten direnak ere– ziurtatu eta jaso egin behar ditu –ahal dela, erregistroko liburu batean– horretarako baimena duen pertsona edo enpresa batek, Ertzaintzako Joko eta Ikuskizun Unitateak egiten dituenak izan ezik.

Liburu horretan honako datu hauek idatziko dira:

a) Makina bakoitzaren instalazioa, data, modeloa, serie-zenbakia eta ustiapen-baimena adierazita, bai eta enpresa operadore titularraren izena eta erregistro-zenbakia ere.

b) Makinaren kontagailuen data eta irakurketa, horiek instalatzerakoan, erretiratzerakoan edo ordezkatzerakoan.

c) Joko-makina bakoitza noiz kendu den eta zergatik (ordezkatzea, matxura, baimenaren amaiera, etab.).

d) Makina erabiltzean sor daitekeen edozein gorabehera edo erreklamazio.

e) Makina ikuskatu duten agintaritzaren agenteek jasota uzten dituzten eginbideak".

64.– Laugarren paragrafo bat eransten zaio 123. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«4.- 29. artikuluan jasotakoez bestelako lokaletan instalatutako apustu-makina laguntzailea egonean dagoenean, bistaratzaile edo monitoreetan informazio-etiketa birtual dinamiko bat agertuko da. Etiketa horrek bistaratzaile edo monitore nagusien tamaina osoaren % 50 hartuko du, eta adingabeek jokoa debekatuta dutela ohartaraziko du, Jokoaren arloan eskumena duen saileko titularraren aginduan zehaztutako testu eta formatuarekin bat etorriz».

65.– 125. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"125. artikulua.– Eremua eta modalitateak.

1.– Joko-kasinoetan honako hauek antolatu eta egin ahal izango dira: kasino-jokoak, bingo-lokaletan eta joko-aretoetan jokatzeko baimena duten jokoak eta txapelketak; erregelamendu honetan zehaztutako makinak ere instalatu ahal izango dira.

2.– Kasino-joko esklusiboen arau propioak dekretu honen II. eranskinean jasota dagoen kasino-jokoen katalogoan zehazten dira.

3.– Joko-kasinoetan ausazko makinak ustiatzeko araubidea joko-makinen araudi espezifikoan jasotakoa izango da.

4.– Joko-kasinoetan bingo-jokoa ustiatzeko araubidea bingo-jokoaren araudi espezifikoan jasotakoa izango da".

66.– 127. artikuluko hirugarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.- Gutxienez hamabost egun lehenago, joko-kasinoek egin nahi duten/ dituzten txapelketa/k egiteko baimena Jokoa Arautzeko Agintaritzari eskatu beharko diote, egunak eta orduak adierazita eta beharrezko agiriak aurkeztuta, artikulu honen lehen paragrafoan xedatutakoari jarraituz».

67.– 128. artikuluko laugarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«4.- Kasinoa ustiatzeko baimenaren indarraldia 10 urtekoa izango da, eta iraupen bereko epe bakar baterako berritu ahal izango da, baldin eta berritzea eskatzeko unean indarrean dagoen araudiak eskatutako baldintzak betetzen badira».

68.– 129. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"129. artikulua.– Lokala irekitzeko baimena.

1.- Ustiatzeko baimenaren titularrak sei hilabeteko epea izango du joko-kasinoa irekitzeko baimena eskatzeko. Epe hori beste hiru hilabetez luzatu ahal izango da, baina, horretarako, eskatu egin behar izango da, epea amaitu baino lehen.

2.- Irekitzeko baimen-eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Sozietatearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia edo notario-testigantza, eta, aurretik aurkeztu ez bada, sozietatea Merkataritza Erregistroan inskribatuta dagoela dioen egiaztagiria.

b) Kasinoa kokatzen deneko udalerriaren arabera aginpidedun den udalaren egiaztagiria, aretoak edo establezimenduak irekitzeko beharrezko lizentziak badituela ziurtatzekoa.

c) Erregelamenduaren arabera eskatu beharreko fidantza eratu duela egiaztatzen duen agiria.

d) Joko bakoitzeko apustuen gutxieneko eta gehieneko mugak eta jarri nahi den «C» motako makina-kopurua.

e) Joko-materialez hornitzen duten enpresen zerrenda.

f) Egiaztagiria, obrak bukatuta daudela eta egindako obrak kasinoa jartzeko emandako baimenaren araberako oinarrizko proiektuarekin funtsean bat datozela ziurtatzen duena.

g) Teknikari eskudunaren egiaztagiria, dagokion lanbide-elkargoak ikus-onetsita, elkargoaren nahitaezko oniritziari buruzko abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuaren 2. artikuluak horrela ezartzen badu, jokoaren inguruko instalazio guztiek eta kasinoko segurtasun-neurriek ondo funtzionatzen dutela ziurtatzen duena.

h) Obra berriaren deklarazio-eskrituraren kopia edo notario-testigantza, obra ordaindu eta jabetza-erregistroan inskribatu izana zehaztasunez jasotzen duena.

i) Lehiaketa publikoaren deialdiaren aginduak eskatzen dituen bestelako agiriak, edota instalatzeko baimena emateko ebazpenean ezarritako baldintza teknikoak bete direla egiaztatzen dutenak.

3.- Adierazitako epe horretan esleipendunak lokala irekitzeko baimena eskatzen ez badu, instalatzeko baimena iraungita gelditu dela ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak lehiaketan parte hartu duen beste enpresaren bati esleitu ahalko dio, baldin eta horretarako baldintzak betetzen baditu.

4.– Eskabidea eta aurreko artikuluetan aipatutako agiriak jaso ondoren, Jokoa Arautzeko Agintaritzak ikuskapena egingo du lokala ustiatzeko baimena emateko ebazpenean ezarritako baldintzak eta bestelako legezko betebeharrak bete diren ikusteko. Ikuskapen horren emaitza aktan jasoko da. Pertsona edo entitate esleipendunari hamabost eguneko epea eman ahalko zaio ikusitako hutsak zuzen ditzan.

Instruitutakoa ikusita, Jokoa Arautzeko Agintaritzak 3 hilabeteko epean emango du irekitzeko baimena emateko edo ukatzeko ebazpena, eta, epe horretan ebazpena jakinarazi ez bada, baimena eman dela ulertuko da.

5.– Kasinoa irekitzeko baimena ematen duen ebazpenak honako zehaztasun hauek jasoko ditu:

a) Entitate esleipendunaren izena; izen-abizenak, pertsona fisikoa bada.

b) Kasinoaren izen komertziala, kokapena eta edukiera.

c) Baimendutako jokoen zerrenda eta jokoan aritzeko mahai- edo elementu-kopurua.

d) Jar daitezkeen «C» motako gehienezko makina- eta postu-kopurua eta, behar bada, horiek jartzeko areto espezifikoak.

e) Apustuen muga maximoak eta minimoak.

f) Kasinoaren zerbitzu guztiak irekitzeko epeak, baldin eta guztiak batera martxan jartzen ez badira.

g) Kasinoko joko-zuzendariaren izen-abizenak, zuzendariordearenak eta zuzendaritza-batzordeko kideenak, behar izanez gero.

h) Baimenaren iraunaldia.

i) Emandako baimena lagatzeko debekua, kostubidez zein doan.

6.– Irekitzeko baimena, ustiatzeko baimenaren indarraldiari lotuta egongo da beti.

7.– Irekitzeko baimena emateko ebazpenean zehaztutakoari edozein aldaketa egin ahal izateko, aldez aurretik, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren baimena beharko da.

69.– 130. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"130. artikulua.- Fidantza.

Kasinoa irekitzeko baimen-eskaerarekin batera, erregelamendu honetan aurreikusitako fidantza jarriko da, 300.000 eurokoa."

70.– 135. artikuluko hirugarren paragrafoa indargabetzen da.

71.– Aldatu egiten da 147. artikuluaren hirugarren paragrafoaren a) letra; honela geratzen da idatzita:

«a) Bola-jokoan, irekitzeko baimenean ezarritako gutxieneko apustuaren zenbatekoa bider 4.000 eginda ematen duena.»

72.– 162. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"162. artikulua.– Eremua, sailkapena eta modalitateak.

1.– Bingo-jokoa hainbat modalitatetan egin daiteke, modu esklusiboan bingo-jokorako lokalen joko-aretoetan eta informatika-sareen bidez, sare telematikoz, satelite bidez edo bestelako urruneko komunikazio edo konexio sistemen bidez.

Nolanahi ere, bingo-lokalek, gutxienez, ohiko bingo-jokoaren edo e-plus bingo-jokoaren modalitatea izan beharko dute, eta areto bereizi batean kokatuko dira, lokaleko gainerako jokoek partiden garapen normalari eragin ez diezaioten.

2.– Erregelamendu honetan sartzen diren arauen arabera, bingo-jokoaren modalitate hauek ezartzen dira:

a) Bingo tradizionala.

b) Bingo pilatua.

c) Interkonektatutako bingo pilatua eta sari «berezia».

d) Bingo eratorria, bertsio guztietan.

e) e-plus bingoa.

3.- Bingo-joko tradizionalaren arauak e-plus bingoari aplikatuko zaizkio, eta, modu osagarrian, interkonektatutako bingo pilatuari eta sari «bereziari».

4.– Bingo-jokoaren lokalak bi kategoriatan sailkatzen dira.

a) 150 eta 300 pertsona arteko edukiera duten lokalak bigarren kategoriakoak dira.

b) 300 pertsonatik gorako edukiera duten lokalak lehen kategoriakoak dira.

73.– 163. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.- Bingo-jokoa antolatzeko eta ustiatzeko, enpresa operadoreak egingo den lokalaren instalatze- eta ustiatze-baimenak behar ditu aldez aurretik, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren aurrean».

2.- Jokoaren erregistro nagusiko lehen liburuko bingoen atalean soilik inskribatzen dira bingoa ustiatzeko baimena lortu duten enpresak, administrazioak lehiaketa publiko baterako deialdia egin eta ebazpena eman ondoren.

3.- Bingo-lokal bat ustiatzeko baimena lortzeko lehiaketa publikoetan parte hartzeko betekizunak oro har joko-enpresentzat aurreikusitakoak dira, honako berezitasun hauekin:

a) Bingo-lokala jartzeko baliatuko den eraikina edo lokala erabilgarri izan beharko dute, jabetza-erregistroaren ziurtagiriarekin espedientean egiaztatuta, edo eraikin hori erabilgarria dela egiaztatzen duten agiriak izan beharko dituzte.

b) Pertsona juridikoen kasuan, helburu sozial bakarra eta esklusiboa izan behar dute: joko hori eta horrekin lotutako joko eta zerbitzu osagarriak ustiatzeko jarduerak egitea. Horrez gain, 90.000 euroko gutxieneko kapital soziala izan beharko dute lehen kategoriako lokalek, eta, 48.000 eurokoa, berriz, bigarren kategoriakoek.

4.- Baimen horrek berariaz baimendutako lokaletan bingo-jokoaren modalitatea egiteko gaitzen du.

5.- Bingoa ustiatzeko baimenek indarrean jarraituko dute, baldin eta baimena emateko kontuan hartu ziren baldintza guztiak betetzen badira.

74.– 164. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"164. artikulua.– Lokala irekitzeko baimena.

1.– Baimenaren titularrak sei hilabeteko epea izango du, esleipen-ebazpena jakinarazten denetik, bingo-lokala irekitzeko baimena eskatzeko. Epe hori beste hiru hilabetez luzatu ahal izango da, enpresa esleipendunak eskaera egin ondoren, betiere hasierako epea amaitu baino lehen egiten bada eta interesdunari egotzi ezin zaion atzerapena, ezinbesteko kasua edo aurreikusi ezin den eta saihestezina den beste egoera bat egiaztatzen bada.

2.- Irekitzeko baimen-eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Sozietatearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia edo notario-lekukotza, eta Merkataritzako Erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria, aurretik aurkeztu ez bada.

b) Bingo-lokala kokatuta dagoen udalerriaren arabera, eskumena duen udalaren ziurtagiria, lokalak edo establezimenduak irekitzeko lizentzia egokiak dituela adierazten duena.

c) Erregelamendu bidez eska daitekeen fidantza eratu izanaren egiaztagiria.

d) Obra bukatuaren ziurtagiria eta egindako obrak lehiaketa publikoaren prozeduran aurkeztutako oinarrizko proiektuarekin bat datozela egiaztatzen duen ziurtagiria.

e) Teknikari eskudunaren ziurtagiria, dagokion lanbide-elkargoak ikus-onetsita, elkargoaren nahitaezko oniritziari buruzko abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuaren 2. artikuluak horrela ezartzen badu, jokoaren inguruko instalazio guztiek eta bingoko segurtasun-neurriek ondo funtzionatzen dutela ziurtatzen duena.

f) Obra berriaren deklarazio-eskrituraren kopia edo notario-lekukotza, obra ordaindu eta jabetza-erregistroan inskribatu izana zehaztasunez jasotzen duena.

g) Lehiaketa publikoa deitzeko aginduak eskatzen dituen beste agiri guztiak edo lokala ustiatzeko baimena emateko ebazpenean ezarritako baldintza teknikoak betetzen direla egiaztatzen dutenak.

3.- Adierazitako epe horretan esleipendunak lokala irekitzeko baimena eskatzen ez badu, instalatzeko baimena iraungita gelditu dela ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak lehiaketan parte hartu duen beste enpresaren bati esleitu ahalko dio, baldin eta horretarako baldintzak betetzen baditu.

4.- Aurreko artikuluetan aipatutako eskaera eta dokumentazioa jaso ondoren, Jokoa Arautzeko Agintaritzak ikuskapena egingo du, irekitzeko baimena emateko ebazpenean ezarritako baldintzak eta gainerako legezko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, eta horri buruzko akta egingo du. Pertsona edo entitate esleipendunari hamabost eguneko epea eman ahalko zaio ikusitako hutsak zuzen ditzan.

Instruitutakoa ikusita, Jokoa Arautzeko Agintaritzak 3 hilabeteko epean ebatzi beharko du irekitzeko baimena ematea edo ukatzea. Epe horretan ebazpena jakinarazi ez bada, baimena eman dela ulertuko da.

5.- Bingo-lokalaren irekiera baimentzeko ebazpenean honako hauek jasoko dira:

a) Erakunde esleipendunaren izen soziala.

b) Merkataritza-izena, kokapena eta edukiera.

c)Baimendutako jokoen zerrenda eta horretarako mahai edo elementuen kopurua.

d) Joko-postuen eta, hala badagokio, makinen eta ustiapen-baimenen gehieneko kopurua.

e) Zerbitzu osagarriak.

g) Baimenaren iraupen-epea.

h) Emandako baimena kostu bidez edo doan lagatzeko debekua.

6.- Irekitzeko baimena, ustiatzeko baimenaren indarraldiari lotuta egongo da beti.

7.– Irekitzeko baimena emateko ebazpenean zehaztutakoari edozein aldaketa egin ahal izateko, aldez aurretik, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren baimena beharko da".

75.– 166. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"166. artikulua.- Joko-lokalen arteko distantzia.

Bingo-jokoaren lokalek plangintzari buruzko I. eranskinean ezarritako gutxieneko distantziak errespetatu beharko dituzte".

76.– 167. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"167. artikulua.– Edukiera.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-areto guztien edukiera dekretu honen I eranskinean ezarritakoa izango da.

2.– Bingo-jokoaren lokal bakoitzaren edukiera ez da 150 pertsona baino gutxiagokoa izango, bingo-jokoaren modalitate guztiak aintzat hartuta.

3.– Bingoan jokatzeko lokaletan ezin da sartu baimenean agertzen den gehieneko edukiera baino erabiltzaile gehiago.

4.– Bingo-lokalek 250 metro koadroko azalera erabilgarri bereizia izan beharko dute, bingo-joko tradizionala edota "e-plusa" ustiatzeko soilik erabiltzeko. Azalera horretan sartuko dira bingo-jokorako mahaiak eta bolak ateratzeko eta bistaratzeko mahaiak.

Bingoaren gela guztietan makinetara bideratutako azalera erabilgarria ez da inola ere izango bingo tradizionalera edo e-plusera bideratutakoa baino handiagoa".

77.– 169. artikuluko hirugarren paragrafoa indargabetzen da.

78.– 172. artikuluaren lehenengo paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.- Bingo-jokorako aretoek honako elementu hauek izan beharko dituzte, gutxienez:»

79.– 175. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"175. artikulua.– Joko-makinak eta makina laguntzaileak.

1.– Bingo-jokoan, jokorako makina laguntzaileak erabili ahal izango dira. Makina horiek bingoan jokatzeko lokaletan dagoen kontrol-mahaira konektatuta egongo dira eta txartel fisikoen ordez erabili ahal izango dira.

2.– Bingo-jokorako makina laguntzaileak erabiltzeko, Jokoa Arautzeko Agintaritzak aldez aurretik homologatu beharko ditu.

3.– Plangintzaren I. eranskinean jasotako plangintzak zehazten du bingo-jokoaren zenbat makina laguntzaile egon daitezkeen bingo-lokal bakoitzean gehienez.

4.– Partida batean, makina eta erabiltzaile bakoitzeko gehienez 6 serie eta serie bakoitzean 6 kartoi jokatu ahal izango dira.

5.– Makina laguntzaileetan, jokatu diren txartelen identifikazioa ikusteko moduan egongo da, txartelen seriea eta zenbakia azalduz eta partida bakoitzean jokatu diren txartelak zein diren adieraziz.

6.– Bingo-lokaletan, «B» motako makinak edo saria duten jolas-makinak instalatu ahal izango dira, modalitate guztietan, bai eta apustu orokorren eta zaldi-apustuen makina laguntzaileak ere, plangintzaren I. eranskinean ezarritako baldintzetan. Era berean, apustu-lokal gisa gaitu ahal izango dira, 209. artikuluaren arabera.".

80.– 182. artikuluaren lehenengo paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.- Joko-modalitate hau eduki nahi duten enpresa operadoreek aurretiazko komunikazioa aurkeztu beharko diote Jokoa Arautzeko Agintaritzari eta, horrekin batera, aurreko ekitaldiko salmenten bolumenari buruzko dagokion Foru Aldundiaren ziurtagiria ere bidaliko dute. Aurretiazko komunikazioa, gainera, enpresarien elkarteak ere aurkeztu ahal izango du berak ordezkatzen dituen bingo-lokal guztien izenean».

81.– 189. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"189. artikulua.– Lokala irekitzeko baimena.

1.- Lokal bat joko-areto gisa instalatu eta funtzionatzeko, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren aldez aurreko baimena behar da, lehiaketa publiko baterako deialdia eta ebazpena egin ondoren, eta joko-aretoen plangintzari buruzko I. eranskinean ezarritako «BS» edo «BS+» makinak ustiatzeko baimenen gutxienekoa izan behar da.

2.- Joko-aretoak ustiatzeko baimena lortzeko lehiaketa publikoetan parte hartzeko betekizunak, oro har, joko-enpresentzat aurreikusitakoak dira. Gainera, araudi sektorial honetan joko-aretoetarako aurreikusitako betekizunak eta baldintzak bete beharko dituzte.

3.- Joko-aretoak ustiatzeko baimenek indarrean jarraituko dute, baldin eta baimena emateko kontuan hartu ziren baldintza guztiak betetzen badira.

4.- Baimenaren titularrak sei hilabeteko epea izango du, esleipen-ebazpena jakinarazten denetik, joko-aretoa irekitzeko baimena eskatzeko. Epe hori beste hiru hilabetez luzatu ahal izango da, enpresa esleipendunak eskaera egin ondoren, betiere hasierako epea amaitu baino lehen egiten bada eta interesdunari egotzi ezin zaion atzerapena, ezinbesteko kasua edo aurreikusi ezin den eta saihestezina den beste egoera bat egiaztatzen bada.

5.- Irekitzeko baimen-eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Sozietatearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia edo notario-testigantza, eta, aurretik aurkeztu ez bada, sozietatea Merkataritza Erregistroan inskribatuta dagoela dioen egiaztagiria.

b) Bingo-lokala kokatuta dagoen udalerriaren arabera, eskumena duen udalaren ziurtagiria, lokalak edo establezimenduak irekitzeko lizentzia egokiak dituela adierazten duena.

c) Erregelamenduaren arabera eskatu beharreko fidantza eratu duela egiaztatzen duen agiria.

d) Obra bukatuaren ziurtagiria eta egindako obrak lehiaketa publikoaren prozeduran aurkeztutako oinarrizko proiektuarekin bat datozela egiaztatzen duen ziurtagiria.

e) Teknikari eskudunaren ziurtagiria, dagokion lanbide-elkargoak ikus-onetsita, elkargoaren nahitaezko oniritziari buruzko abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuaren 2. artikuluak horrela ezartzen badu, jokoaren inguruko instalazio guztiek eta joko-aretoko segurtasun-neurriek ondo funtzionatzen dutela ziurtatzen duena.

f) Obra berriaren deklarazio-eskrituraren kopia edo notario-lekukotza, obra ordaindu eta jabetza-erregistroan inskribatu izana zehaztasunez jasotzen duena.

g) Lehiaketa publikoa deitzeko aginduak eskatzen dituen beste agiri guztiak edo lokala ustiatzeko baimena emateko ebazpenean ezarritako baldintza teknikoak betetzen direla egiaztatzen dutenak.

6.- Adierazitako epe horretan esleipendunak lokala irekitzeko baimena eskatzen ez badu, instalatzeko baimena iraungita gelditu dela ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak lehiaketan parte hartu duen beste enpresaren bati esleitu ahalko dio, baldin eta horretarako baldintzak betetzen baditu.

7.- Aurreko artikuluetan aipatutako eskaera eta dokumentazioa jaso ondoren, Jokoa Arautzeko Agintaritzak ikuskapena egingo du, irekitzeko baimena emateko ebazpenean ezarritako baldintzak eta gainerako legezko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, eta horri buruzko akta egingo du. Pertsona edo entitate esleipendunari hamabost eguneko epea eman ahalko zaio ikusitako hutsak zuzen ditzan.

Instruitutakoa ikusita, Jokoa Arautzeko Agintaritzak 3 hilabeteko epean ebatzi beharko du irekitzeko baimena ematea edo ukatzea. Epe horretan ebazpena jakinarazi ez bada, baimena eman dela ulertuko da.

8.- Joko-aretoa irekitzea baimentzeko ebazpenean, honako hauek jasoko dira:

a) Erakunde esleipendunaren izen soziala.

b) Merkataritza-izena, kokapena eta edukiera.

c) Baimendutako jokoen zerrenda.

d) Joko-postuen eta, hala badagokio, makinen eta ustiapen-baimenen gehieneko kopurua.

e) Zerbitzu osagarriak.

f) Distantzien txostena.

g) Baimenaren iraunaldia.

h) Emandako baimena kostu bidez edo doan lagatzeko debekua.

9.- Irekitzeko baimena ustiatzeko baimenaren indarraldiari lotuta egongo da beti.

10.– Irekitzeko baimena emateko ebazpenean zehaztutakoari edozein aldaketa egin ahal izateko, aldez aurretik, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren baimena beharko da".

82.– 191. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"191. artikulua.– Joko-lokalen arteko distantzia.

Joko-aretoek plangintzari buruzko I. eranskinean ezarritako gutxieneko distantziak errespetatu beharko dituzte".

83.– 192. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"192. artikulua.– Erabilera publikoko azalera erabilgarria.

1.- Jolas-aretoetan, jolas-makinak ustiatzeko gutxieneko azalera erabilgarria berrogeita hamar metro koadrokoa izango da.

2.- Joko-aretoak ustiatzeko lokalen gutxieneko erabilera publikoko azalera erabilgarria ehun metro koadrokoa izango da. Aretoak solairu bat baino gehiago hartu ahal izango ditu, baldin eta sarrerako solairu nagusiak gutxieneko azalera hori betetzen badu.

3.- Ostalaritzako zerbitzu osagarriek, apustuetarako egokitutako joko-aretoek eta gainerako esparruek, egongo balira, aurreko atalean eskatutako gutxieneko azalerari gehituko zaion azalera izan beharko dute".

84.– 193. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"193. artikulua.– Zerbitzu osagarriak.

Jolas- edo joko-aretoetan, ostalaritza-zerbitzua jarri ahal izango da, eta horren azalera erabilgarria ez da izan behar aretoaren erabilera publikoko azalera erabilgarriaren ehuneko hogeita hamar baino handiagoa.

Ostalaritzarako azaleraren ezaugarriak eta mugak jokoaren arloan eskuduna den Saileko titularraren Agindu baten bidez ezarriko dira.

Jolas-aretoetan ezin izango da edari alkoholdunik saldu.

2.- Apustu-lokal gisa gaitutako joko-aretoetan, apustu-gune bat jarri ahal izango da, eta haren gutxieneko azalera erabilgarria 35 metro koadrokoa izango da.

Apustu-lokal gisa gaitutako joko-areto bateko ostalaritza-zerbitzu osagarriaren azalera erabilgarria, apustu-gune bat badu, aretoaren erabilera publikoko azalera erabilgarriaren ehuneko hogeita hamar izango da gehienez, apustu-eremurako azalera erabilgarri gehigarria kendu eta gero.

Joko-aretoetan, jarduera kulturalak edo sozialak edo antzerki edo musika ikuskizunak egin ahal izango dira jarduera nagusiaren osagarri eta akzesorio gisa, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legearen 25.4 artikuluan ezarritako baldintzetan, eta betiere jokoa sustatu gabe edo ludopatia edo joko patologikorako arriskua areagotu gabe. Jarduera horiek aldez aurretik jakinarazi beharko zaizkio Jokoa Arautzeko Agintaritzari.

85.– 195. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"195. artikulua.– Sarrera-kontrola.

Joko-aretoek sarrera kontrolatzeko zerbitzua izan beharko dute 20. artikuluaren arabera, jolas-aretoek izan ezik".

86.– 196. artikulua indargabetzen da.

87.– 197. artikuluaren lehenengo eta bigarren paragrafoak indargabetzen dira. Hirugarren eta laugarren paragrafoei lehenengo eta bigarren zenbakiak jarriko zaizkie, hurrenez hurren.

88.– 201. artikuluaren hirugarren paragrafoaren b) apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«b) Apustu orokorren esleipendun diren sozietate ustiatzaileek, edo sozietate horien akziodunek, ezin dute eduki Euskadin kokatutako beste apustu-enpresa batzuen akzioen edo partaidetzen % 10 baino gehiago, eskumena duen euskal agintaritzak emandako lizentziaren emakidadunak baldin badira, edo sozietate-talde bereko kide izan, Merkataritza Kodearen arabera. Aurreko muga hori bera aplikatuko zaie norberaren izenean baina beste baten onurarako ari diren tarteko pertsonei ere; horrelako kasuetan, akzioak edo partaidetzak tartekaritza-lanaren onura jasotzen duenarenak direla pentsatuko da».

89.– 201. artikuluaren bosgarren paragrafoko a) apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"5.a) Apustu-lokalak instalatzea. Jardunean egongo diren lokalen gehieneko kopurua dekretu honen I. eranskinean ezarritakoa izango da.

Gehieneko kopuru horietan, apustu-lokal gisa gaitutako kasinoak, apustu-lokal gisa gaitutako bingoak eta apustu-lokal gisa gaitutako joko-aretoak zenbatuko dira, erregelamendu honetan ezarritako baldintzen arabera".

90.– 201. artikuluaren seigarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«6.- Apustu orokorrak ustiatzeko baimenaren indarraldia 10 urtekoa izango da, eta iraupen bereko epe bakar baterako berritu ahal izango da, baldin eta berritzeko eskaera egiteko unean indarrean dagoen araudiak eskatutako baldintzak betetzen badira.»

91.– 203. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"203. artikulua.– Lokala instalatzeko eta jardunean jartzeko baimena.

1.- Apustu-lokal bat instalatzeko eta jardunean jartzeko, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren aldez aurreko baimena behar da, eta apustu orokorren ustiapenaren enpresa esleipendunak eskatu beharko du.

2.- Apustu-lokal bat instalatzeko eta jardunean jartzeko baimen-eskaera aurkezten denean, Jokoa Arautzeko Agintaritzak joko-lokalen arteko distantziak betetzen direla egiaztatuko du. Hala ere, interesdunak teknikari eskudun batek egindako ziurtagiri bat aurkeztu ahal izango du.

Eskabidearekin batera, instalatzeko eta jardunean jartzeko baimena lortu nahi duen pertsonak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Jokoaren Erregistro Nagusiko inskripzio-zenbakia.

b) Lokalean egin beharreko obren eta egokitu beharreko instalazioen oinarrizko proiektua, tekniko adituak sinatua eta dagokion elkargo profesionalak ontzat emandakoa, abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuaren 2. artikuluak hala eskatzen badu. Gutxieneko edukia honako hau izango da:

– Apustu-lokala jarri nahi den lokalaren planoa, 1/50 eskalan egina, lokala osatzen duten areto eta eremu bakoitzaren metro koadro eraikiak eta azalera erabilgarria berariaz adierazita.

– Suteen aurkako babeserako eta ebakuaziorako bitartekoen kokapena adierazten duen planoa.

– Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, indarrean dagoen araudi aplikagarriak eskatzen dituen segurtasun-neurriak betetzen direla egiaztatzen duena, honako hauek berariaz aipatuta: egituraren sendotasuna, ebakuazio-bideak eta larrialdi-seinaleak, suteen aurkako babes-neurriak, instalazio elektrikoak eta intsonorizazioa, bai eta, hala badagokio, dagokion autobabes-plana ere.

– Distantziei buruzko 32. artikulua betetzen dela adierazten duen planoa.

c) Dagokion udalak igorritako agiria, joko-lokala jarri nahi den lokalean jarduera hori egin daitekeela jasotzen duena.

d) Lokala erabilgarri dagoela egiaztatzen duen agiria.

3.- Jokoa Arautzeko Agintaritzak, espedientea bideratu ondoren, eskatutako baimenari buruzko ebazpena emango du. Ebazteko eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa da, eta eskaera baietsitzat joko da ebazpena epe horretan jakinarazi ez bada. Eskabideak sarrera-ordenaren arabera ebatziko dira; hala ere, bat baino gehiago distantzia-mugen eraginpean badaude eta bat bertan behera geratzen bada irekiera garaiz ez jakinarazteagatik, baimena emango zaio eskaera-ordenaren arabera hurrengoa denari.

4.- Baimena ematen duen ebazpena Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatuko da, eta bertan jasoko dira, gutxienez:

a) Baimendutako pertsona fisiko edo juridikoaren identifikazioa eta Jokoaren Erregistro Nagusiko inskripzio-zenbakia.

b) Kokalekua eta izen komertziala.

c) Indarraldia, zeina betiere emakidarena izango baita.

d) Baimendutako gehieneko edukiera.

e) Baimendutako jokoak.

f) Gehienez instalatu beharreko joko-makinen kopurua eta, hala badagokio, horien kategoria.

g) Zerbitzu osagarriak.

h) Hala badagokio, ezartzen diren neurri zuzentzaileak.

i) Distantzien txostena.

5.- Instalazioa gaitu ostean, eta, hala badagokio, instalatzeko eta jarduteko neurri zuzentzaileak ezarri ostean, lokala ireki aurretik, aurretiazko komunikazioa aurkeztu beharko da instalatzeko eta jarduteko baimenaren jakinarazpena jaso eta sei hileko epean, eta komunikazioari agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Teknikari eskudunak eginiko egiaztagiria, artikulu honetako 1. paragrafoko b) letran proiektatutakoa eta azkenean egikaritutakoa bat datozela jasoko duena. Hala badagokio, organo eskudunaren aginduz hartutako neurri zuzentzaileak ere adieraziko dira.

b) Eskatu beharreko fidantza gordailuan utzi izanaren egiaztagiria.

Salbuespenez, epe hori hiru hilabetez luzatu ahal izango da, betiere komunikazioa aurkezteko epea amaitu baino lehen eskatzen bada eta interesdunari egotz ezin dakiokeen atzerapena egiaztatzen bada, ezinbesteko kasuagatik edo aurreikusi ezin diren inguruabar saihetsezinengatik.

6.- Komunikazioa egin ondoren, aurkezten den egunetik hasi ahal izango da jardueran, administrazio publikoen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

7.- Jokoa Arautzeko Agintaritzak dagokion ikuskapena egingo du eskatutako baldintzak eta dokumentazioa betetzen direla egiaztatzeko, bai eta instalazioa baimentzeko ebazpenean eta gainerako legezko betebeharretan adierazitakoak ere.

8.- Baimen hori emandakotzat joko da, indarrean dagoen araudiaren arabera eskatzen diren udal gaikuntza-tituluak alde batera utzi gabe.

9.- Instalatzeko eta jarduteko baimenaren ebazpenean jasotako alderdiei buruzko aldaketa guztiak Jokoa Arautzeko Agintaritzak baimendu beharko ditu aldez aurretik."

92.– 204. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"204. artikulua.- Distantziak.

Apustu-lokalek plangintzari buruzko I. eranskinean ezarritako gutxieneko distantziak edo tarteak errespetatu beharko dituzte."

93.– 205. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"205. artikulua.– Erabilera publikoko gutxieneko azalera erabilgarria.

Apustu-lokalek gutxienez 50 metro koadroko erabilera publikoko azalera erabilgarria izan behar dute".

94.– 207. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"207. artikulua.– Zerbitzu osagarriak.

1.– Ostalaritza-zerbitzua jarri ahal izango da lokalaren erabiltzaileei zerbitzua emateko, modu esklusiboan. Zerbitzu hori jartzen bada, beraren eremuak ezin du hartu lokalaren azalera erabilgarriaren % 30 baino gehiago.

2.– Ostalaritza-zerbitzu osagarriak, egongo balitz, erregelamendu honen 205. artikuluan eskatutako gutxieneko erabilera publikoko azalera erabilgarriari gehituko zaion azalera erabilgarria izan beharko du.

Ostalaritzarako azalera horren ezaugarriak eta mugak jokoaren arloan eskuduna den saileko titularraren agindu bidez ezarriko dira".

95.– 209. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"209. artikulua.– Gaitutako kasinoak, bingoak eta joko-aretoak.

1.– Apustuen enpresa operadore batek eskatu ahal izango du kasinoak, bingoak eta joko-aretoak apustu-lokal gisa gaitzeko, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Kasinoak, bingoak edo joko-aretoak apustu-lokaletarako ezarritako betekizunak betetzea, alde batera utzi gabe gutxieneko erabilera publikoko azalera erabilgarriari buruzko betekizuna.

b) Kasinoak, bingoak edo joko-aretoak 35 m2 erabilgarri gehiago izatea joko-lokalak nahitaez bete behar duen gutxieneko erabilera publikoko azalera erabilgarria baino.

2.– Apustu-lokal gisa gaitutako lokal horiek espazio bereizian kokatuta egon ahal izango dira, betiere sarrera independentea badaukate eta 32. artikuluan ezarritako distantzien gutxieneko baldintzak betetzen badituzte.

3.– Gaitutako kasino, bingo edo joko-areto bakoitzak apustuen enpresa operadore batekin soilik adostu ahal izango du apustu-lokalaren izaera.

4.– Artikulu honen arabera gaitutako lokaletan, instalatutako apustu-makina laguntzaileen kopurua ezin izango da izan 5 baino handiagoa.

96.– 212. artikuluko laugarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«4.- Gertaera bat geroratzeagatik edo bertan behera uzteagatik gertaera hori ezin bada amaitutzat eman 4 eguneko epean, gertaera programatu zenetik aurrera zenbatzen hasita, deuseztzat hartuko dira gertaera horren pronostikoarekin formalizatu diren apustu guztiak. Apustua deuseztatutzat hartzen bada, erabiltzaileak apustuaren zenbatekoa itzultzeko eskatu ahal izango du. Apustu konbinatuen kasuan, soilik deuseztatuko dira geroratutako edo bertan behera utzitako gertaeren gaineko apustuak edo pronostikoak».

97.– 216. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"216. artikulua.– Barneko apustuak.

1.– Jokoa Arautzeko Agintaritzak barneko apustuak baimendu ahal izango ditu kirol-ekitaldiak izaten diren kirol-esparruetan, ondoko baldintza hauek betez gero:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko apustu-enpresa batek egin behar ditu, ekitaldiaren antolatzailearekin akordioa lortu ondoren; enpresak apustuen erantzukizuna bereganatu behar du erregelamendu honetan ezarrita dagoen bezala.

b) Apustu-makina laguntzaile homologatuak jar daitezke, bai eta apustuak norberak erregistratzeko zerbitzuak ere, hain zuzen ere bi unitate esparruaren edukieraren zatikiko edo 5.000 pertsonako.

c) Apustu-makina laguntzaileak eta apustuak eskuz erregistratzeko zerbitzuak Jokoa Arautzeko Agintaritzak baimendu behar ditu berariaz; aldi baterako eta behin-behinekoak direnez gero, ez dira kontabilizatuko erregelamendu honetan ezarritako plangintzarako.

2.– Artikulu honetan zehaztutako kirol esparruetan egiten diren barneko apustuei erregelamendu honetan apustu motez, apustuen zenbatekoen mugez, apustuen baliozkotzeaz, koefizienteez eta sarien ordainketaz ezarritakoa aplikatuko zaie. Horrez gainera, apustularientzako informazioaz eta joko-langileez ezarritakoa ere aplikatuko zaie.

3.– Artikulu honetan aipatutako instalazioak eta apustu-makina laguntzaileak ekitaldia baino bi ordu lehenago has daitezke funtzionamenduan, eta hura amaitu eta ordubete geroago gelditu behar dira.

4.- Behin-behineko instalazioek ikusgarri jarri beharko dute joko arduratsuaren arauei buruzko informazioa, Jokoa Arautzeko Agintaritzak emandako testuaren eta formatuaren arabera, bai eta adingabeek parte hartzeko duten debekua ere.

5.- Apustuen enpresa operadoreak, ekitaldia baino gutxienez hilabete lehenago, egin beharko du baimen-eskaera. Prozedura ebazteko gehieneko epea hilabetekoa izango da. Epe hori igaro eta interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskaera baietsitzat jo ahal izango du".

98.– 219. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"219. artikulua.– Apustu-makina laguntzaileak.

Apustu-makina laguntzaileak Jokoen Unitate Nagusiari konektatu ahalko dira, apustulariei baimendutako gertaeren gainean apustuak egiteko beharrezko prozesu guztiak burutzea ahalbidetu behar diete eta apustua baliozkotzeko dagokion frogagiria eman behar dute.

Apustuen enpresa operadoreak apustu-makina laguntzaileen enpresa operadoreak izango dira euren makinei dagokienez".

99.– 220. artikuluko hirugarren paragrafoa indargabetzen da.

100.– 221. artikuluaren lehenengo paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.- Ustiatzeko baimenek apustu-makina laguntzaileak ustiatzeko baimena ematen dute, eta erregelamendu honen 201. artikuluan aurreikusitakoaren arabera baimendutako apustu orokorren enpresa operadoreei bakarrik eman ahal izango zaizkie».

101.– 222. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"222. artikulua.– Instalatzeko baimena.

1.- Apustuak ustiatzeko gaitutako joko-lokaletan eta apustu-lokaletan instalatutako apustu-makina laguntzaileek ez dute kokatze-buletinik beharko. Hala ere, kokapena jakinarazi beharko diote Jokoa Arautzeko Agintaritzari.

2.- Kokatze-buletinaren araubidea joko-makinen eta makina laguntzaileen araudian aurreikusitakoa da".

102.– 226. artikuluko f) apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«f) Zaldi-apustuetarako makina laguntzaileak: zaldi-apustuak egiteko berariaz homologatutako joko-makinak dira».

103.– 237. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"237. artikulua.– Lokala instalatzeko eta jardunean jartzeko baimena.

1.- Kanpoko zaldi-apustuetarako lokal bat instalatzeko eta jardunean jartzeko, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren aldez aurreko baimena behar da, eta kanpoko zaldi-apustuen ustiapenaren enpresa esleipendunak eskatu beharko du.

2.- Baimen horrek eskatzen du araudi sektorial honetan apustu-jokorako lokaletarako aurreikusitako betekizunak eta baldintzak betetzea.

3.- Apustu-lokal bat instalatzeko eta jardunean jartzeko baimen-eskaera aurkezten denean, Jokoa Arautzeko Agintaritzak joko-lokalen arteko distantziak betetzen direla egiaztatuko du. Hala ere, interesdunak teknikari eskudun batek egindako ziurtagiri bat aurkeztu ahal izango du.

Eskabidearekin batera, instalatzeko eta jardunean jartzeko baimena lortu nahi duen pertsonak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

Jokoaren Erregistro Nagusiko inskripzio-zenbakia.

Lokalean egin beharreko obren eta instalazioen oinarrizko proiektua, teknikari eskudunak idatzia eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsia, elkargoaren nahitaezko oniritziari buruzko abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuaren 2. artikuluak hala eskatzen badu. Gutxieneko edukia honako hau izango da:

– Joko-lokala jarri nahi den lokalaren planoa, 1/50 eskalan; berariaz adieraziko da: lokala osatzen duen gela bakoitzaren metro koadro eraikiak eta erabilgarriak.

–Suteen aurka babesteko bitartekoen eta ebakuazio bideen kokapenaren planoa.

–Segurtasun-neurriak betetzeari buruz indarreko arauek eskatutakoa betetzen dela ziurtatzen duen teknikari eskudunaren egiaztagiria. Aipamen berezia egingo zaie egituraren sendotasunari, ebakuazio-bideei eta emergentzia-seinaleei, suteen aurkako babes-neurriei, instalazio elektrikoei eta intsonorizazioari, eta, hala badagokio, autobabes-planari.

– Distantziei buruzko 32. artikulua betetzen dela adierazten duen planoa.

Dagokion udalak igorritako agiria, joko-lokala jarri nahi den lokalean jarduera hori egin daitekeela jasotzen duena.

Lokala erabilgarri dagoela egiaztatzen duen agiria.

4.- Jokoa Arautzeko Agintaritzak, espedientea bideratu ondoren, eskatutako baimenari buruzko ebazpena emango du. Ebazteko eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa da, eta eskaera baietsitzat joko da ebazpena epe horretan jakinarazi ez bada. Eskabideak sarrera-ordenaren arabera ebatziko dira; hala ere, bat baino gehiago distantzia-mugen eraginpean badaude eta bat bertan behera geratzen bada irekiera garaiz ez jakinarazteagatik, baimena emango zaio eskaera-ordenaren arabera hurrengoa denari.

5.- Baimena ematen duen ebazpena Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatuko da, eta bertan jasoko dira, gutxienez:

a) Baimendutako pertsona fisiko edo juridikoaren identifikazioa eta Jokoaren Erregistro Nagusiko inskripzio-zenbakia.

b) Kokalekua eta izen komertziala.

c) Indarraldia.

d) Baimendutako gehieneko edukiera.

e) Baimendutako jokoak.

f) Gehienez instalatu beharreko joko-makinen kopurua eta, hala badagokio, horien kategoria.

g) Zerbitzu osagarriak.

h) Hala badagokio, ezartzen diren neurri zuzentzaileak.

i) Distantzien txostena.

6.- Instalazioa gaitu ostean, eta, hala badagokio, instalatzeko eta jarduteko neurri zuzentzaileak ezarri ostean, lokala ireki aurretik, aurretiazko komunikazioa aurkeztu beharko da instalatzeko eta jarduteko baimenaren jakinarazpena jaso eta sei hileko epean, eta komunikazioari agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Teknikari eskudunak eginiko egiaztagiria, artikulu honetako 1. paragrafoko b) letran proiektatutakoa eta azkenean egikaritutakoa bat datozela jasoko duena. Hala badagokio, organo eskudunaren aginduz hartutako neurri zuzentzaileak ere adieraziko dira.

b) Eskatu beharreko fidantza gordailuan utzi izanaren egiaztagiria.

Salbuespenez, epe hori hiru hilabetez luzatu ahal izango da, betiere komunikazioa aurkezteko epea amaitu baino lehen eskatzen bada eta interesdunari egotz ezin dakiokeen atzerapena egiaztatzen bada, ezinbesteko kasuagatik edo aurreikusi ezin diren inguruabar saihetsezinengatik.

7.- Komunikazioa egin ondoren, aurkezten den egunetik hasi ahal izango da jardueran, administrazio publikoen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

8.- Jokoa Arautzeko Agintaritzak dagokion ikuskapena egingo du eskatutako baldintzak eta dokumentazioa betetzen direla egiaztatzeko, bai eta instalazioa baimentzeko ebazpenean eta gainerako legezko betebeharretan adierazitakoak ere.

9.- Baimen hori emandakotzat joko da, indarrean dagoen araudiaren arabera eskatzen diren udal gaikuntza-tituluak alde batera utzi gabe.

10.- Jardunean jartzeko eta irekitzeko baimenaren ebazpenean jasotako alderdiei buruzko aldaketa guztiak Jokoa Arautzeko Agintaritzak baimendu beharko ditu aldez aurretik.

104.– 239. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"239. artikulua.– Erabilera publikoko gutxieneko azalera erabilgarria.

Zaldi-apustuen lokalek 50 metro koadroko gutxieneko erabilera publikoko azalera erabilgarria izan behar dute".

105.– 240. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"240. artikulua.- Ordutegia.

Zaldi-apustuen lokalak irekitzeko eta ixteko ordutegien araubidea jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren ordutegiak arautzen dituen euskal araudian ezarritakoa izango da".

106.– 241. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"241. artikulua.- Zerbitzu osagarriak.

1.– Ostalaritza-zerbitzua jarri ahal izango da lokalaren erabiltzaileei zerbitzua emateko, modu esklusiboan. Zerbitzu hori jartzen bada, beraren azalera erabilgarriak ezin du hartu lokalaren erabilera publikoko azalera erabilgarriaren % 30 baino gehiago.

2.– Ostalaritza-zerbitzu osagarriak, egongo balitz, erregelamendu honen 239. artikuluan eskatutako gutxieneko erabilera publikoko azalera erabilgarriari gehituko zaion azalera izan beharko du.

Ostalaritzarako azalera horren ezaugarriak eta mugak jokoaren arloan eskuduna den saileko titularraren agindu bidez ezarriko dira".

107.– 242. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"242. artikulua.– Makinak instalatzea.

1.– Apustu-lokaletan, gehienez ere, plangintzaren I. eranskinean ezarritako zaldi-apustuen makina laguntzaileen kopurua instalatu ahal izango da.

2.– Zaldi-apustuen makina laguntzaileak lokaleko pasabideak eta ebakuazio-bideak ez eragozteko moduan jarri behar dira. Makina bakoitzean apustularientzako eremua 0,60 metrokoa izan behar da, gutxienez.

3.– Ilaran jarritako makinen artean 0,60 m utzi behar dira gutxienez.

4.– Ostalaritza-establezimenduetan ere apustuetarako makina laguntzaileak jar daitezke, hain zuzen ere bat lokal bakoitzean, plangintza orokorraren arabera.

5.– Joko-kasinoetan, bingoetan eta joko-aretoetan, plangintzaren I. eranskinean ezarritako kopurua beteko da zaldi-apustuak egiteko apustu-makina laguntzaileak instalatzea baimentzerakoan.

6.– 4. eta 5. zenbakietan aipatutako zaldi-apustuen makina laguntzaileen kopurua ezin da izan plangintzaren I. eranskinean ezarritakoa baino handiagoa Euskal Autonomia Erkidegoan.

7.- Apustu-makina laguntzaileak ustiatzeko baimenak zaldi-apustuen enpresa operadoreei bakarrik eman ahal izango zaizkie.

8.- Ustiapen-baimenen araubidea joko-makinen eta makina laguntzaileen araudian aurreikusitakoa da.".

108.– 252. artikuluaren bosgarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"5.– Ausazko konbinazioa egiteko interesa duen pertsonak, erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, zeinak gutxienez identifikazio-datuak eta, hala badagokio, ordezkaritza-datuak jasoko baititu, bai eta promozio-jardueraren deskribapena eta hasiera- eta amaiera-data ere, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun-agiri nazionalaren fotokopia edo baliokidea; pertsona juridikoen kasuan, merkataritza-sozietatearen identifikazio fiskaleko zenbakiaren fotokopia, eta sozietatearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia konpultsatua edo notario-lekukotza.

b) Sariaren eskuragarritasuna, zerbitzu edo espezietan.

c) 252. artikuluko 3. apartatuko agiriak."

109.– Aldatu egiten da bosgarren xedapen gehigarriaren lehenengo paragrafoaren b) letra; honela geratzen da idatzita:

«b) Xedapen gehigarri honen ondorioetarako, artekariak dira ekitaldia antolatzen duen enpresak lokalean bertan ekitaldira bertaratu direnen artean egiten diren apustu gurutzatuetan bitartekari gisa aritzeko baimentzen dituen pertsonak. Halaber, Jokoa Arautzeko Agintaritzak apustuak kudeatzeko sistema edo gailu mugikor osagarriak baimendu ahal izango ditu, betiere ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta ekitaldia antolatzen duen enpresak kudeatzen baditu.»

110.– Aldatu egiten da bosgarren xedapen gehigarriaren bigarren paragrafoa; honela geratzen da idatzita:

«2.- Halaber, xedapen gehigarri honen lehenengo paragrafoan zehaztutako betekizunen arabera egin ahalko dira apustuak herri kirolen kirol-lehiaketa federatuen emaitzen gainean, esparru itxietan egiten badira.»

111.– Aldatu egiten da zortzigarren xedapen gehigarria, eta honela geratzen da idatzita:

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Apustu birtualak.

"Apustuen enpresa operadoreek kirol-ekitaldien, galgo-lasterketen eta zaldi-lasterketen emanaldi birtualen emaitza ezezagunaren gaineko apustuak ustiatzea, jokoaren alorrean eskumena duen saileko titularraren aginduz ezartzen diren termino eta baldintzetan bakarrik egin ahal izango da, betiere ekitaldi birtualaren amaiera ezezaguna bermatzen bada.

112.– Aldatu egiten da I. ERANSKINA; honela geratzen da idatzita:

" I. ERANSKINA

JOKOEN PLANGINTZA.

1.- Distantziak.

Joko-lokalek, kasinoek izan ezik, gutxieneko distantzia hauek errespetatu beharko dituzte:

500 metro erradialeko distantzia edozein joko-lokaletatik, edozein motatakoa dela ere. Zenbaketa horretatik kanpo geratzen da Estatuaren legezko erreserba duten jokoen salmenta-puntuekiko distantzia.

150 metro erradialeko distantzia lehen eta bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako ikasketa arautuen ikastetxeekiko.

2.- Makinen ratioa.

Joko-lokaletako makina-postuen gehieneko kopurua zenbatzeko, 3 metro koadroko postu baten ratioa aplikatuko da.

3.- Joko-kasinoak.

3.1.- Gehienez ere hiru baimen emango dira Euskal Autonomia Erkidegoan joko-kasinoak instalatzeko (lurralde historikoek bana izango dute), baimendu daitezkeen ontziak barnean direla.

3.2.- Lokal horietan, kasinoetan baimenduta dauden jokoez gain, makina-mota hauek instalatu ahalko dira:

a) «B» motako joko-makinak edo saria duten jolas-makinak, modalitate guztietan.

b) «C» motako ausazko makinak edo ausazkoak: Kasino batean instalatu beharreko «C» motako makinen postuen gehieneko kopurua, arau hauen arabera:

– Makinak kasinoaren joko-aretoarenak ez diren sarrera espezifikoak ditu(zt)en areto batean/batzuetan kokatuta badaude, ezin izango da «C» motako 15 postu baino gehiago instalatu 30 pertsonako, betiere kasinoaren gehieneko edukiera kontuan hartuta.

– Kasinoaren aretoetan barrena makinek hartuko duten azalera ez da inolaz ere izango gainerako jokoek hartuko duten azalera baino handiagoa.

c) Makina laguntzaileak. Gehienez apustu orokorretarako hiru makina laguntzaile instalatu ahalko dira, hargatik eragotzi gabe apustu-lokal gisa gaituko diren kasinoak, bai eta zaldi-apustuetarako makina laguntzaile bat ere.

d) «AR» motakoak edo erredentzioko jolas-makinak. Instalatu beharreko makinen gehieneko kopurua lokalaren azaleraren arabera zehaztuko da. Lokaleko pasabideak eta ebakuazio-bideak ez oztopatzeko moduan jarri behar dira makinak, eta makina bakoitzean jokalarientzako eremuak 0,60 metrokoa izan behar du, gutxienez.

4.- Bingo lokalak.

4.1.- Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-areto guztien edukiera ez da 10.000 plazatik gorakoa izango, eta gehienez ere 14 lokal izango dira guztira.

4.2.- Bingo-lokaletan, dekretu honetan araututako makina-mota hauek instalatu ahal izango dira:

a) «B» motako joko-makinak edo modalitate guztietan saria duten jolas-makinak. Hauek izango dira mugak:

- «BG» motako makinak kontrol- eta sarrera-zerbitzua igaro ondoren jarri beharko dira.

- «BH», «BS» edo «BS+» motako 10 makina instalatu ahal izango dira, gehienez, lokalaren barruan, kontrol- eta sarrera-zerbitzutik igaro eta gero. Gehienez ere 30 postu izango dira. Zenbaketa horren barruan, gehienez 7 postu edo gehiagoko bi BSM makina instalatu ahal izango dira.

- Gehienez ere «BH» motako 3 makina instalatu ahal izango dira, gehienez 3 postu izanik, harrera-eremuan, sarrera-kontrolaren aurretik.

b) Makina laguntzaileak. Lokalaren barruan instalatu ahal izango dira, kontrol- eta sarrera-zerbitzua igaro ondoren:

- Bingo-jokoaren makina laguntzaileak.

- Apustu orokorretarako edo zaldi-apustuetarako 3 makina laguntzaile gehienez, hargatik eragotzi gabe apustu-lokal gisa gaitutako joko-lokalak.

c) «AR» motakoak edo erredentzioko jolas-makinak. Instalatu beharreko makinen gehieneko kopurua lokalaren azaleraren arabera zehaztuko da. Lokaleko pasabideak eta ebakuazio-bideak ez oztopatzeko moduan jarri behar dira makinak, eta makina bakoitzean jokalarientzako eremuak 0,60 metrokoa izan behar du, gutxienez.

5.- Joko-aretoak.

5.1.- Gehienez ere, 170 joko-areto baimenduko dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

5.2.- Sartzeko eta onartzeko kontrola gainditu ondoren, makina mota hauek instalatu ahal izango dira:

a) «B» motako makinak: joko-aretoetan, gutxienez, 12 «BS» baimen instalatuko dira. Zenbaketa horren barruan, gehienez, bi "BSM" makina instalatu ahal izango dira 7 postu edo gehiagokoak.

Plangintzaldian, Jokoa Arautzeko Agintaritzak, joko-aretoko operadore batek hala eskatuta, ustiatzeko baimenen gutxieneko kopurua murrizteko baimena eman ahal izango du, betiere 10 baino gutxiago izan gabe. Kasu horretan, Jokoa Arautzeko Agintaritzak baja emango die soberan geratu diren baimenei, eta aldatu egingo du lokalaren instalazioari eta funtzionamenduari buruzko ebazpena; horrela, joko-areto horretarako ustiapen-baimenen eta makina-postuen kopurua finkatuta geratuko da, eta ezin izango da aldatu.

b) Apustu orokorretarako edo zaldi-apustuetarako 3 makina laguntzaile instalatu ahal izango dira gehienez, hargatik eragotzi gabe apustu-lokal gisa gaituko diren joko-lokalak.

c) «AR» motakoak edo erredentzioko jolas-makinak. Instalatu beharreko makinen gehieneko kopurua lokalaren azaleraren arabera zehaztuko da. Lokaleko pasabideak eta ebakuazio-bideak ez oztopatzeko moduan jarri behar dira makinak, eta makina bakoitzean jokalarientzako eremuak 0,60 metrokoa izan behar du, gutxienez.

6.– Apustu orokorren antolakuntza.

6.1.– Guztira, 3 ustiatze-baimen, eta gehienez, oro har, 60 apustu-lokal, hau da, apustu-operadore bakoitzeko 20. Hori da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan kokatutako apustu-lokaletan edo antolatzaileak ezartzen dituen beste establezimendu fisiko batzuetan instalatutako makina laguntzaileak erabiliz apustuak antolatzeko edo ustiatzeko muga. Apustu-lokal gisa gaitzen diren joko-lokalak kontuan hartuko dira aipatutako gehieneko kopuru horretan.

6.2.– Apustu-makina laguntzaileak sarrera-kontrola igaro ondoren jarri beharko dira. Establezimendu bakoitzeko, apustu-makina laguntzaileen gehieneko kopurua honako hau izango da:

a) Apustu-lokaletan: 10 apustu-makina laguntzaile.

b) Apustu-lokal gisa gaitutako joko-lokaletan: 5 makina.

c) Ostalaritza-lokaletan, dantza-aretoetan, dantzalekuetan, diskoteketan eta hoteletako espazio publikoetan, apustuak egiteko makina laguntzaile bat instalatu ahal izango da, eranskin honen 10. apartatuan ezarritako parametroen arabera.

6.3.– Apustu-lokaletan, sarrera-kontrola igarotakoan, 3 "BH" makina instalatu ahal izango dira gehienez, guztira 3 postu izanik.

6.4.- «AR» motakoak edo erredentzioko jolas-makinak instalatu ahal izango dira. Instalatu beharreko makinen gehieneko kopurua lokalaren azaleraren arabera zehaztuko da. Lokaleko pasabideak eta ebakuazio-bideak ez oztopatzeko moduan jarri behar dira makinak, eta makina bakoitzean jokalarientzako eremuak 0,60 metrokoa izan behar du, gutxienez.

7.- Zaldi-apustuen antolakuntza.

7.1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, kanpoko zaldi-apustuen enpresa operadore bat bakarrik baimendu ahal izango da.

7.2.– Euskal Autonomia Erkidegoan, hipodromo batean bakarrik egin ahal izango dira apustuak.

7.3.– Euskal Autonomia Erkidegoan, gehienez ere, zaldi-apustuetarako 10 lokalek baino ez dute izango zaldi-apustuen joko-txartelak jasotzeko edo baliozkotzeko baimena. Nolanahi ere, hipodromo barruan ere ezarri ahalko dira hori egiteko esparruak.

7.4.– Establezimendu bakoitzak apustu-makina laguntzaile hauek izan ahalko ditu gehienez:

Zaldi-apustuetarako lokaletan, 10 makina gehienez.

Ostalaritzako lokaletan, dantza-aretoetan, dantzalekuetan, diskoteketan eta hoteletako espazio publikoetan, zaldi-apustu makina- laguntzaile bat.

7.5.– Zaldi-apustuetarako lokaletan, gainera, «BH» motako 3 joko-makina instalatu ahal izango dira, gehienez 3 postu izanik, betiere sarrera-kontrola igaro ondoren.

7.6.- Zaldi-apustuen lokaletan, «AR» motako makinak edo erredentzioko jolas-makinak instalatu ahal izango dira. Instalatu beharreko makinen gehieneko kopurua lokalaren azaleraren arabera zehaztuko da. Lokaleko pasabideak eta ebakuazio-bideak ez oztopatzeko moduan jarri behar dira makinak, eta makina bakoitzean jokalarientzako eremuak 0,60 metrokoa izan behar du, gutxienez.

8.- Loterien antolakuntza.

Baimen bat emango da gehienez Euskal Autonomia Erkidegoan loteria-jokoa antolatu eta ustiatzeko.

9.- Txartel-jokoaren antolakuntza.

Baimen bat emango da gehienez Euskal Autonomia Erkidegoan txartel-jokoa antolatu eta ustiatzeko.

10.- Ostalaritza-lokalak eta antzekoak:

10.1.- Ostalaritza-lokaletan, dantza-aretoetan, dantzalekuetan, diskoteketan eta hoteletako espazio publikoetan, hauek bakarrik instalatu ahal izango dira: «BH» motako saria duten jolas-makinak, edo makina laguntzaileak.

10.2.- Lokal edo establezimendu horietan, gehienez ere bi joko-makina instalatu ahal izango dira, banaketa honen arabera.

a) BH motako makina bat, gehienez 2 posturekin.

b) «AR» motako edo erredentzioko bi jolas-makina.

c) Bata zein beste, apustu orokorretarako makina laguntzaile bat, 6.3 apartatuaren arabera; zaldi-apustuetarako makina bat, 7.5 apartatuaren arabera; loterien makina bat, edo txartelen makina bat.

11.- Ustiatzeko baimenen gehieneko kopurua:

11.1.- Honako hauen baimenek ez dute gehieneko kopururik: «C» motako ausazko makinak edo ausazkoak; ez eta txartel eta loterien eta ausazko konbinazioen makina laguntzaileak ere.

11.2.- «BH» edo «BS» motako ustiapen-baimenak:

Ustiapen-baimenen gehieneko kopurua urtero aldatuko da sortzen diren behin betiko bajen eta trukeen ondorioz, eta horrela finkatuko da gehieneko kopurua.

11.3.- «BG» motako joko-makinetako baimenak: Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-areto guztietan ezingo dira 225 ustiapen-baimen baino gehiago eman.

11.4.- Makina laguntzaileak:

Apustu orokorretarako makina laguntzaileak. Gehienez ere, 2.250 ustiapen-baimen eman ahal izango dira.

Zaldi-apustuetarako makina laguntzaileak. Ustiapen-baimenen gehieneko kopurua ez da izango 150 baino handiagoa apustu-lokaletan eta 100 baino handiagoa ostalaritza-lokaletan, dantza-aretoetan, dantzalekuetan, diskoteketan, hoteletako espazio publikoetan, kasinoetan, bingoetan eta joko-aretoetan.

12.- «B» motako makinak ustiatzeko baimenen trukea eta baimen berriak.

12.1 Plangintzaldi honetan ez da BH eta BS motako makinak ustiatzeko baimenik emango, truke-prozeduraren ondorio direnak izan ezik.

12.2 BG makinak ustiatzeko baimen berriak eman ahal izango dira, betiere eranskin honetan ezarritako baimendutako gehieneko makina-kopurua gainditzen ez bada.

12.3.- Plangintzaldia indarrean dagoen bitartean, Jokoa Arautzeko Agintaritzak ustiapen-baimenak trukatzeko baimena eman ahal izango die joko-makinen enpresa operadoreei eta aretoen enpresa operadoreei, honako baldintza hauetan:

Ostalaritzako instalazio eta lokaletan, dantza-aretoetan, dantzalekuetan, diskoteketan eta hoteletako espazio publikoetan instala daitezkeen ustiapen-baimenak aldatu ahal izango dira joko-aretoetan instala daitezkeen ustiapen-baimenen truke, proportzio honetan: 6ren truke, 1.

Joko-aretoetan instala daitezkeen ustiapen-baimenak aldatu ahal izango dira ostalaritzako instalazio eta lokaletan, dantza-aretoetan, dantzalekuetan, diskoteketan eta hoteletako espazio publikoetan instala daitezkeen ustiapen-baimenen truke, proportzio honetan; 1en truke, 3.

Trukea baimendu ostean, enpresa interesdunak trukatu beharreko baimenak entregatuko ditu, eta horren bidez lortutako baimenak emango zaizkio.

Ustiatzeko baimen berriak gehienez ere bi hilabeteko epean instalatu beharko dira, baimen horiek eskatzaileari ematen zaizkion egunetik zenbatzen hasita. Hala ere, instalazioa joko-areto ireki berri batean egiten bada, epea urtebetekoa izango da. Epe horiek igaro eta instalaziorik ez badago, eskatzaileek eskubidea galduko dute, lortutako baimenak kendu egingo zaizkie eta trukerako hasieran emandako baimenak itzuliko zaizkie.

Truke-prozedura honen bidez lortutako baimenak ezin izango dira ez eskualdatu ez trukatu, harik eta, xedapen honetan xedatutakoaren arabera, baimena eman zenetik gutxienez bost urte igaro arte.

12.4.- Truke-prozeduretatik ateratzen diren «B» motako makinak ustiatzeko baimenek zenbakitze eta formatu espezifiko bat izango dute, eta oso ondo bereiziko dira, alde batetik, joko-aretoetan instala daitezkeenak, eta, bestetik, ostalaritzako lokal eta instalazioetan, dantza-aretoetan, dantzalekuetan, diskoteketan eta hoteletako espazio publikoetan instala daitezkeenak.

12.5.- Plangintzaldiaren barruan ekitaldi bakoitzean indarrean dauden ustiapen-baimenen gehieneko kopurua, joko-aretoetan instala daitezkeenak eta ostalaritza-lokaletan eta antzekoetan instala daitezkeenak bereizita, aurreko ekitaldikoaren araberakoa izango da, truke-prozedurei dagozkien aldaketekin eta behin betiko bajekin.

113.– II. ERANSKINEKO 01 eta 02 apartatuak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

"01.- Erruleta frantsesa.

(...)

II.- Jokoaren elementuak.

Erruletaren tresnak.

Joko honetako materiala egurrezko zilindro batez edo biz osatuta dago, eta zilindro bakoitzak 56 cm-ko diametroa du. Zilindro horien barruan metalezko ardatz batek eusten dion disko birakari bat dago. Disko honen goialdeak gainazal ahur samarra dauka eta metalezko trenkada txikiek bereizten dituzten 37 laukitxo erradialetan banatuta dago. Konpartimendu horiek gorriak eta beltzak dira, txandaka, eta 1etik 36ra zenbakituta daude; beste batek zeroa dauka eta zuria edo berdea izaten da, baina ezin da ez gorria ez beltza izan. Ondoz ondoko bi zenbaki ez dira inoiz elkarren ondoan egongo, eta, beste alde batetik, zifra-batura bikoitia duten zenbakiak beltzak dira beti, bai eta 10 eta 29 zenbakiak ere, 19 zenbakia izan ezik. Ardatzetik ateratzen den gailu bat du (elkargurutzatutako bi langet, erruletaren erdi-erdian), eta, horri esker, erruletak bira egiten du, plano horizontalean.

Erruleta mahai luze eta angeluzuzen batean jokatzen da, eta gurpil horiek mahai horren erdian edo muturretan daude. Horren alde batean taula edo taulak daude. Taula horretan, erruletan dauden 36 zenbaki gorri eta beltzak ezarrita daude, hamabina zenbakiko hiru zutabetan jarrita, zeroarentzako espazio bat gordeta dago eta beste espazio batzuk konbinazio edo "zorte" desberdinetarako; espazio horietan konbinazio edo "zorte" horien adierazgarri diren hitz edo laburtzapen desberdinak Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan inprimatuta egongo dira.

Mahaian taula bat edo bi dauden kontuan hartuta, erruleta, hurrenez hurren, «oihal batera» edo «bi oihaletara» deituko da, eta azken horietan soilik egongo dira bi zilindroak.

02.- Zero bakarreko erruleta amerikarra

(...)

a) Joko-mahaia txikia da eta, erruleta frantsesa bezala, zilindro batekoa edo bikoa izan daiteke; halere, baina mahai bikoitzaren erabilera baimen daiteke. Apustuak tapetearen bi aldeetako baten gainean jartzen dira, betiere croupierrak mahaian duen posizioaren kontrako aldean; adibidez, ezkerreko aldeko apustuen kasuan, irudian agertzen dena da."

114.– III. eranskineko 45. puntua kentzen da.

115.– III. eranskineko 46. puntua kentzen da.

116.– III. eranskineko 47. puntua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«47. Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera baimendutako kirol-ekitaldien, galgo-lasterketen eta zaldi-lasterketen emanaldi birtualak».

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.- Aurreko baimenen indarraldia.

Dekretu hau indarrean jarri aurretik joko-aretoak eta bingoak ustiatzeko, instalatzeko eta jardunean jartzeko emandako baimenek indarrean jarraituko dute, haiek ematea ekarri zuten betekizunak betetzen dituzten bitartean.

Dekretu hau indarrean jarri aurretik lehiaketa publiko bidez emandako apustu orokorrak ustiatzeko baimenak beste hamar urtez luzatuko dira, indarrean dagoen baimena edo luzapena iraungitzen denean. Gauza bera egingo dute haiei lotutako apustu-lokalen instalazio- eta funtzionamendu-baimenek.

Dekretu hau indarrean jarri aurretik lehiaketa publiko bidez emandako kasinoak ustiatzeko baimenak beste hamar urtez luzatuko dira, indarrean dagoen luzapena iraungitzen denean."

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.- Distantziak.

Erregelamendua indarrean jarri aurretik joko-lokalak instalatzeko eta jardunean jartzeko emandako baimenak ez dira egokitu beharko erregelamenduan araututako gutxieneko distantzietara.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.- Sarrera-kontrola.

Erregelamendu honen 20. artikuluan ezarritako baldintzetan sarrera-kontrolik ez duten joko-lokalek kontrol hori instalatu eta funtzionamenduan jarri beharko dute, erregelamendua indarrean jarri eta 9 hilabeteko epean.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.- Lokalen aldaketak baimentzea

Joko-lokalen kopurua I. eranskinaren arabera lokal mota bakoitzerako –modu independientean hartuta– ezarritako gehieneko mugatik behera ez dagoen bitartean, ez da baimenduko lekualdatzerik, eraikitako azaleren handitzerik edo sarrerako atearen edo ateen kokapen-aldaketarik, nahiz eta erregelamenduz ezarritako baldintzak bete. Baimendutako azalera erabilgarrian soilik egin ahal izango dira aldaketak.

BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.- «BS» joko-makinak

2017ko abenduaren 1a baino lehen homologatutako eta instalatutako «BS» motako joko-makinak, baldin eta joko-makinen betekizunak eta ezaugarri teknikoak eta interkonexiorako baldintzak arautzen dituen Segurtasuneko sailburuaren 2017ko martxoaren 17ko Aginduan ezarritakoa baino itzulketa-ehuneko txikiagoa badute, agindu horretan ezarritako zehaztapen teknikoetara egokitu beharko dira, hilabeteko epean, dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera.

SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.- «BSM» joko-makinak

7 eta 10 postu bitarteko «BSM» motako bi joko-makina baino gehiago instalatuta dituzten joko-aretoek edo bingoek 3 hilabeteko epean egokitu beharko dute I. eranskinean ezarritakora.

ZAZPIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Makina-postuen ratio orokorrera egokitzea.

3 hilabeteko epean, joko-lokalak I. eranskinean ezarritako metro koadroko makina-postuen ratio orokorrera egokitu beharko dira.

ZORTZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kirol-babesletzak.

Dekretu hau indarrean jartzen denean indarrean dauden joko-operadoreen kirol-babesletzak dekretu honetan aurreikusitakora egokituko dira 6 hilabeteko epean.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ustiakizun dauden baimenak.

«B» motako makinen enpresa operadoreek gehienez ere beren titulartasuneko baimenen % 20 ustiakizun eduki ahal izango dute urtebeteko epean, dekretu hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, gehieneko kopurua 115. artikuluan ezarritakoa izango da."

HAMARGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.- COVID-19aren eraginaren aurkako presako neurriak.

1.- 2021eko abenduaren 31n etenda dauden joko-makinak ustiatzeko baimenak etenda egongo dira 2022ko ekainaren 30era arte.COVID-19aren pandemiak sortutako ezohiko egoerak irauten badu, Jokoa Arautzeko Agintaritzak, ebazpen baten bidez, baimenak eteteko egoera luzatu ahal izango du beharrezkotzat jotzen duen denborarako, eta ondoz ondoko luzapenak egin ahal izango ditu 2022ko abenduaren 31ra arte.

2.- Egun horretara arte, ustiapen-baimenaren titularrak etendura kentzeko eskatu ahal izango du hura ustiatzea eragozten duten baldintzak desagertzen direnean, eta etendura berriz eskatu ahal izango du baldintza horiek berriro gertatzen badira. Ustiapen-baimenaren titularra ez bada baimen horren babesean makina ustiatzen ari den lokalaren titularra, kokatze-buletina sinatzen duten pertsonetako edozeinek eskatu ahal izango du etendura kentzeko. Ustiatzeko baimen baten etendura kentzeko edo etendura berria jartzeko eskatu ondoren, gutxienez 7 egun eman beharko ditu egoera horretan.

3.- Neurri horiek 2022ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izango dute.

AZKEN XEDAPENA.- Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko otsailaren 8an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala