25. zk., 2022ko otsailaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (282 KB - 15 orri.)
- EPUB (228 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Beste iragarki ofizial batzuk
DONOSTIAKO MIRAMAR JAUREGIAREN PARTZUERGOA
617
IRAGARKIA, Miramar Jauregia Partzuergoaren estatutuen aldaketari buruzkoa.
Miramar Jauregia Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak, 2021eko martxoaren 30ean egindako bileran, aho batez erabaki du bere estatutuak osorik aldatzea.
Estatutu horien 29. artikuluaren hirugarren paragrafoa betez, onartutako estatutu berrien testu osoa argitaratzen da.
Miramar Jauregia Partzuergoko Estatutuak:
«HITZAURREA
Nahiz eta Miramar Jauregiaren jabetza eta titulartasuna 1972tik Donostiako Udalari dagokion, 1985eko urtarrilaren 3an partzuergo bat sortu zen Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren artean Miramar Jauregia helburu kulturaletarako behar bezala erabiltzen dela kudeatzeko. Horretarako, 1955eko uztailaren 17ko Dekretuaren bidez onartutako Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduko 85. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako fundazio publikoarena hartu zen kudeaketa-formula gisa.
Orain arte indarrean egon diren Miramar Jauregia Partzuergoaren Estatutuetatik ondorioztatzen denez, Partzuergoaren helburu nagusia Miramar Jauregia helburu kulturaletarako behar bezala erabiltzeko modua antolatzea zen, eta honako helburu hauek zituen:
• Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroen egoitza izatea, eta, horretarako, eraikineko hainbat areto eta gela prestatu ziren ikastaro horiek emateko.
• Bertan Euskaltzaindiaren, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskal Herriko kultura-arloko beste erakunde batzuen zerbitzuak instalatzea.
• Euskal Artxibo bat kokatzea.
• Bisitari ospetsuentzako egoitza bat instalatzea.
• Bertan kultura-arloko beste edozein ekimen kokatzea.
Hala ere, errealitateak hiru helburutara mugatu ditu helburu horiek. Alde batetik, Uda Ikastaroak Miramar Jauregian egin dira gaur egun arte, eta bertan du egoitza Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroak Fundazioak. Bestetik, instalazio horiek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-arloko erakundeek erabiltzen dituzte; batzuk sorrerako estatutuetan aurreikusita daude jada (hala nola Eusko Ikaskuntza, zeinak Miramar Jauregian finkatu baitu egoitza), baina beste batzuk geroago kokatu ziren Miramar Jauregian (esaterako, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia, zeinaren titulartasuna Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegirako –Musikene– Fundazio Pribatuari baitagokio –azken horren bulegoak, zentroa eta bulegoak 2016. urtea aurreratu samar egon arte izan ziren bertan–; eta, berrikiago, Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademia). Eta, azkenik, kultura-arloko beste edozein ekimen antolatu da Miramar Jauregian: hala, azken helburu horren babesean, kultura-arloko hainbat jarduera egin dira Miramar Jauregian, hala nola biltzarrak, erakusketak, prestakuntza...
Miramar Jauregiaren erabilera horiei esker, hainbat diru-iturri eman zaizkio haren kudeaketari. Batetik, Miramar Jauregiko egoitzak erabiltzetik eratorritakoa, eta, horretarako, erabilera horrengatik kobratu beharreko prezio publikoak onartu dira, Miramar Jauregiko espazioak modu jarraituan erabiltzen zituzten erakundeentzat beheratuak, eta prezio orokorrak eraikinean garatutako gainerako jarduera eta erabilerentzat. Bestetik, Partzuergoko erakundeen ekarpenak, garrantzitsuak hasieran, eraikina martxan jartzeko egin behar izan ziren inbertsio handiengatik, estatutu-helbururako baliagarria izan zedin, eta, ondoren, ekarpen finkoetan egonkortuak, aparteko ekarpenak alde batera utzi gabe, egoerak hala eskatzen zuenean.
Miramar Jauregia Partzuergoa kudeatzeko, honela egituratu zen Fundazioa: Zuzendaritza Batzordea (zeina kudeaketa eta administrazio gorenaz arduratuko baitzen, baita Partzuergoari eragiten zioten funtsezko erabakiez ere), eta zuzendaria, eginkizun betearazleekin.
Egia esan, Partzuergoaren funtzionamenduak, haren kudeaketak eta eraikinarenak, bai eta sortu zeneko xedeak eta helburuak betetzeak ere, balantze ona eskaintzen dute, baina horrek ez du eragozten bere antolamendu-egituraren ondorioz Partzuergoaren kudeaketan agerian geratu diren zurruntasun jakin batzuk daudela onartzea. Horren guztiaren ondorioz, eta, horrekin batera, Partzuergoaren eta Partzuergoak berak sortu zuen Fundazioaren artean sortu den nahastearen eraginez, Miramar Jauregia sortu zenetik izandako lege-aldaketen ondorioz (haietako batzuek eragin zuzena dute Partzuergoan; esaterako, 40/2015 Legea indarrean jartzea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena), eta, azkenik, duela gutxi bizi izan den krisi ekonomikoaren beraren ondorioz (zeinak eragin nabarmena izan baitu Miramar Jauregian garatutako jarduera eta erabileretan), azken urteotan, Partzuergoko erakundeek hausnarketa-prozesu bati ekin diote, Partzuergoaren funtzionamenduan agertutako zailtasunak eguneratzeko eta haiei aurre egiteko, bai eta Miramar Jauregiaren kudeaketa gizarteak eta haren jarduera-eremuak eskatzen dituzten etorkizuneko erronketara egokitzeko ere. Hala, horretarako ezinbesteko lehen neurria zen eskakizun horiekin bat datorren antolaketa bat hartzea, eta, horretarako, estatutu berri batzuk onartu behar dira, jarraian garatuko direnak.
ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Eraketa.
1.– Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 1985eko urtarrilaren 3an eratu zuten Miramar Jauregia Partzuergoa estatutu hauen arabera arautuko da.
2.– Estatutu hauetan aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz, irabazi-asmorik gabeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuk sartu ahal izango dira Partzuergoan, Zuzendaritza Batzordeak kasu bakoitzean ezar ditzakeen baldintza orokor eta/edo partikularrei kalterik egin gabe.
3.– Partzuergoa Donostiako Udalari atxikitzen zaio, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 120. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2. artikulua.– Izena eta egoitza.
1.– Partzuergoaren izena Consorcio Palacio Miramar / Miramar Jauregia Partzuergoa izango da.
2.– Miramar Jauregia Partzuergoak Donostian izango du egoitza.
3.– Miramar Jauregia Partzuergoaren helbidea Miramar Jauregian bertan dago (Mirakontxa pasealekua 48, Donostia), eta Zuzendaritza Batzordearen erabakiaren bidez aldatu ahal izango da.
4.– Aurretik xedatutakoak ez du eragotziko kide anitzeko gobernu-organoek, berariaz hala erabakitzen denean, haren egoitza ez den beste leku batean edo aurrez aurrekoak ez diren bitartekoen bidez biltzeko aukera izatea.
3. artikulua.– Nortasun eta gaitasun juridikoa.
1.– Miramar Jauregia Partzuergoa zuzenbide publikoko erakunde bat da, nortasun juridiko propioa du eta jarduteko gaitasun osoa du bere helburu espezifikoak betetzeko.
2.– Miramar Jauregia Partzuergoak ondare propioa izango du eta bere aurrekontu independentearen arabera garatuko du bere jarduera.
3.– Miramar Jauregia Partzuergoak bere helburu orokorrak betetzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren administrazio-eginkizun eta -ahal guztiak garatu ahal izango ditu, estatutu hauetako 5. artikuluan definitzen diren moduan, bai eta administrazio- eta xedapen-egintza guztiak ere.
4. artikulua.– Indarraldia.
Miramar Jauregia Partzuergoaren iraupena mugagabea da, haren eraketa eragin duten xedeak iraunkorrak baitira, hargatik eragotzi gabe hura desegitea, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.
5. artikulua.– Xedea eta helburuak.
Miramar Jauregia Partzuergoaren helburua Miramar Jauregiaren erabilerak antolatzea eta kudeatzea da. Erabilera horiek, funtsean, kultura-, hezkuntza- eta gizarte-arlokoak izango dira.
Zehazki, honako hauek dira Miramar Jauregia Partzuergoaren helburuak:
a) Miramar Jauregiko bulegoak eta instalazioak erabiltzea Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroak emateko eta ikastaro horiek kudeatzen dituen erakundearen egoitza eratzeko.
b) Euskadiko kultura-, hezkuntza- edo gizarte-arloko erakundeen zerbitzuak eta jarduerak hartzea.
c) Bere helburu orokorrak betetzen laguntzen dioten jarduerak eta erabilerak egitea.
d) Eraikinaren, instalazioen, ekipamenduen eta zerbitzuen mantentze-lanak eta kontserbazioa ziurtatzea, bai eta kudeaketa egokia ere.
e) Miramar Jauregiko instalazioak bere helburuak hobeto bete ahal izateko egoitza bat jartzeko erabiltzea.
f) Biltzarrak eta mota guztietako kultura-ekitaldiak egitea.
2.– Hauek dira Miramar Jauregia Partzuergoaren eginkizunak:
a) Funtzionatzeko eta bere helburuak betetzeko behar duen administrazio-azpiegitura ematea.
b) Erabiltzaileek instalazioak, ekipamendua eta zerbitzuak behar bezala erabiltzen dituztela bermatzea.
c) Eraikina behar bezala erabiltzeko beharrezkoak diren egokitzapen-zerbitzuak ematea.
d) Partzuergoko administrazioek esleitzen dizkioten eginkizunak betetzea.
6. artikulua.– Araubide juridikoa.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, aplikatu beharreko toki- eta foru-arauek eta estatutu hauek eta estatutu horiek garatzeko emandako barne-araudiak arautzen dute Miramar Jauregia Partzuergoa.
Zehazki, Miramar Jauregia Partzuergoa Donostiako Udalaren langileen, aurrekontuen, kontabilitatearen eta kontrolaren araubide juridikoaren mende egongo da, atxikitako administrazio publikoa den aldetik.
7. artikulua.– Kudeaketa.
Miramar Jauregia Partzuergoak ordenamendu juridikoak aurreikusten dituen kudeaketa-modu eta -bitarteko guztiak erabili ahal izango ditu.
II. KAPITULUA
GOBERNU- ETA ADMINISTRAZIO-ORGANOAK
8. artikulua.– Gobernu- eta administrazio-organoak.
Honako hauek dira Miramar Jauregia Partzuergoaren gobernu-, administrazio- eta kudeaketa-organoak:
– Zuzendaritza Batzordea.
– Lehendakaria.
– Lehendakariordea.
– Hala badagokio, Batzorde Betearazlea.
– Zuzendaritza.
LEHENENGO ATALA
ZUZENDARITZA BATZORDEA
9. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea.
1.– Zuzendaritza Batzordea Miramar Jauregia Partzuergoaren gobernu-, administrazio- eta kudeaketa-organo gorena da.
2.– Partzuergoko erakunde guztiek izango dute ordezkaritza Zuzendaritza Batzordean.
10. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen osaera eta kideak izendatzea.
1.– Zuzendaritza Batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:
a) Miramar Jauregia Partzuergoko lehendakaria, Donostiako Udaleko alkatea izango dena.
b) Miramar Jauregia Partzuergoko lehendakariordea, Donostiako Udalak izendatua.
c) Partzuergoko erakundeen ordezkariak, honela banatuta:
– Donostiako Udalak izendatutako bi pertsona.
– Eusko Jaurlaritzak izendatutako bi pertsona.
– Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatutako bi pertsona.
2.– Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek hitza eta botoa izango dute egiten diren bilkuretan.
3.– Partzuergoan erakunde berri bat sartzen den bakoitzean, estatutu hauetan aurreikusitakoaren arabera, Zuzendaritza Batzordearen osaera aldatu egingo da, Partzuergoko erakunde berriaren ordezkaritza bermatzeko. Osaera aldatzeak berekin ekarriko du estatutuak ere aldatzea, estatutuetan osaera aldatzeko aurreikusitakoarekin bat etorriz.
4.– Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria ez badago, kanpoan bada, gaixorik badago, legezko kausa badu edo, oro har, justifikatutako arrazoiren bat gertatzen bazaio, lehendakariordeak ordezkatuko du.
Zuzendaritza Batzordeko gainerako kideek, idazkariari zuzendutako idazki baten bidez, ordezkaritza eman ahal izango diote Zuzendaritza Batzordeko beste kide bati, baldin eta idazkaria Partzuergoko administrazio berak izendatu badu edo idazkariak administrazio bera ordezkatzen badu.
5.– Titularrak, lehendakaria izan ezik, kargutik kenduko dira haiek izendatu zituzten erakundeek kargutik kentzen badituzte edo, hala badagokio, izendatuak izateko arrazoi izan zen kargu publikoa galtzen badute.
6.– Zuzendaritza Batzordeko kideek ez dute Miramar Jauregia Partzuergoarengandik inolako kontraprestazio ekonomikorik jasoko batzorde horretako bilkuretan parte hartzeagatik; nolanahi ere, dietak jasotzeko eskubidea izango dute, edo beren eginkizuna betetzeak eragiten dizkien gastuak, behar bezala justifikatuta, kobratzeko eskubidea.
7.– Donostiako Udaleko idazkari nagusia edo hark eskuordetutako pertsona izango da Zuzendaritza Batzordeko idazkaria, kide izan gabe eta onartu ondoren. Onartzen ez bada, Zuzendaritza Batzordeak izendatuko du, eta Donostiako Udaleko karrerako funtzionario bat izango da, zuzenbidean lizentziaduna.
11. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen eskumenak.
1.– Zuzendaritza Batzordeak bere gain hartuko ditu Miramar Jauregia Partzuergoaren gobernua eta administrazio eta kudeaketa gorena, eta haren eskumen guztiak dagozkio, hasiera batean, estatutu hauek lehendakariari ematen dizkioten eskumenak bakarrik kenduta. Hori guztia Zuzendaritza Batzordeak berak Lehendakaritzari, Batzorde Betearazleari (sortzea erabakiz gero) eta/edo Zuzendaritzari berariaz eman diezazkiekeen eskumenei kalterik egin gabe.
2.– Zuzendaritza Batzordeak bere ahalmenak erabiliz emandako egintzek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta haien aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Zuzendaritza Batzordeari.
12. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen bilerak.
1.– Zuzendaritza Batzordea urtean bitan, sei hilean behin, bilduko da gutxienez, eta lehendakariak beharrezkotzat jotzen duenean.
Era berean, Zuzendaritza Batzordea gutxienez kideen heren batek eskatzen duenean bilduko da, eta, horretarako, bileran aztertu beharreko gaiak proposatu beharko ditu. Gai horiek, nolanahi ere, gai-zerrendan sartuko dira, lehendakariak sar ditzakeen beste gai batzuei kalterik egin gabe. Zuzendaritza Batzordeak bilera egiteko deia egin beharko du lehendakariari bilera egiteko eskatu zaionetik hamabost egun igaro baino lehen, eta horren berri eman beharko du deialdian.
2.– Lehendakariak deitu beharko dio Zuzendaritza Batzordeari, gai-zerrenda eta bilera egingo den lekua, eguna eta ordua adierazita, gutxienez 72 ordu lehenago. Aztertuko den gai bakoitzari buruzko dokumentazioa Zuzendaritza Batzordeko kide guztien eskura egongo da, hala badagokio.
Ezin izango da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jasota ez dagoen gairik, salbu eta gai-zerrenda osatzen duten pertsona guztiak bertan badaude eta gaia presakotzat jotzen bada, organoko kideen gehiengo osoaren aldeko botoarekin.
3.– Zuzendaritza Batzordearen bilkurak ez dira publikoak izango, eta Partzuergoaren egoitzan bertan egingo dira, edo, deialdian hala erabaki eta zehazten denean, beste leku batean. Hala ere, aztertu beharreko gaien izaerak ahalbidetzen duenean, Zuzendaritza Batzordeak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ditzake bilerak, eta erabakiak hartu.
4.– Zuzendaritza Batzordeak haren eztabaidetan parte hartzeko aukera emango die administrazio-organoetako titularrei eta Partzuergoko edozein administraziotako funtzionario publikoei edo adituei, edo, oro har, gaiari buruzko ezagutza espezifikoa duen edozein pertsonari, Batzordeko kideek informazio eta ilustrazio hobea izan dezaten, baldin eta landutako gaien izaerak edo konplexutasunak hala gomendatzen badu.
Horrez gain, baimena ematen zaio Donostiako Udaleko Kontu-hartzailetza eta Kontabilitate Zuzendaritzako ordezkari bati Zuzendaritza Batzordearen bilkura guztietara joateko.
5.– Zuzendaritza Batzordearen bilkurak balio osoz eratzeko, lehenengo deialdian, lehendakaria eta idazkaria bertaratu beharko dira, eta, gutxienez, Zuzendaritza Batzordeko gainerako kideen erdiak.
Bigarren deialdian, lehenengoa iragarri eta ordu erdira, lehendakaria, idazkaria eta Zuzendaritza Batzordeko bi kide, gutxienez, bertan egotea eskatuko da.
Lehenengo eta bigarren deialdietarako, gutxienez Partzuergoko bi erakundek egon beharko dute ordezkatuta.
Zuzendaritza Batzordearen bilkurak eratzeko quorumak bilkura osoan mantendu beharko dira.
8.– Aurreko zenbakietan ezarritakoa gorabehera, Zuzendaritza Batzordea balio osoz eratutzat joko da edozein gai aztertzeko, baldin eta, lehendakariak deitu ez badu ere, Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak bertan badaude eta aho batez erabakitzen badute bilera egitea gai hori aztertzeko.
9.– Gehiengo kualifikatuak aurreikusten diren kasuetan izan ezik, bertaratutakoen gehiengoak hartuko ditu Zuzendaritza Batzordearen erabakiak, eta, berdinketa gertatuz gero, lehendakariak erabakiko du bere kalitateko botoarekin, bigarren bozketa egin ondoren.
Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek hitza eta botoa izango dute; hala ere, beren botoa Zuzendaritza Batzordeko beste kide baten esku utzi ahal izango dute, horretarako jakinarazpena idazkariari bidalita, estatutu hauetako 10.4 artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
10.– Bozketak arruntak, izendunak edo isilpekoak izan daitezke. Azken bi modalitateak Zuzendaritza Batzordeko edozein kidek berariaz eskatuta egingo dira.
11.– Zuzendaritza Batzordearen bileren edukia eta, bereziki, hartutako erabakiak idazkariak idatzitako akta batean jasoko dira. Aktak onartu ondoren, lehendakariak eta idazkariak sinatuko dituzte, eta dagokion akta-liburuan transkribatuko dira. Aktak bilkura berean edo hurrengoan onartuko dira; hala ere, hartutako erabaki espezifikoei buruzko ziurtagiria egin ahal izango du idazkariak, akta geroago onartzeari kalterik egin gabe.
BIGARREN ATALA
LEHENDAKARIA
13. artikulua.– Lehendakaria.
Miramar Jauregia Partzuergoko lehendakaria Donostiako Udaleko alkatea izango da.
Miramar Jauregia Partzuergoko lehendakaria ez badago, kanpoan bada, gaixorik badago, legezko kausa badu edo, oro har, justifikatutako arrazoiren bat gertatzen bazaio, lehendakariordeak ordezkatuko du.
14. artikulua.– Lehendakariaren eskumenak.
1.– Hauek dira lehendakariaren eskumenak:
a) Partzuergoaren ordezkaritza gorena izatea mota guztietako pertsona eta erakundeen aurrean.
b) Zuzendaritza Batzordearen bilkurak zuzentzea, deitzea, bertan behera uztea eta amaitzea, eztabaidak zuzentzea eta berdinketak ebaztea, kalitateko botoarekin.
c) Zuzendaritza Batzordeak hartu beharreko erabakiak proposatzea.
d) Zuzendaritza Batzordearen aktak eta erabakien ziurtagiriak ikus-onestea.
e) Kontratazio-organo gisa jardutea Zuzendaritza Batzordeak ezarritako mugatik beherako kontratu guztietan.
f) Zuzendaritza Batzordeak ezarritako muga baino zenbateko txikiagoko betebeharrak baimentzea, xedatzea eta aitortzea, bai eta ordainketak agintzea ere.
g) Antolakuntzaren eta langileen egitura eta lanpostuen zerrenda onartzea, Zuzendaritza Batzordeak onartutako irizpide orokorren arabera.
h) Partzuergoko langileak sartzea, hornitzea eta zerbitzutik kentzea, Zuzendaritza Batzordeak onartutako arau orokorrekin bat etorriz.
i) Presazko kasuetan, Partzuergoari dagozkion ekintza eta errekurtso judizialak edo administratiboak egikaritzea, bere interesak eta ondasunak defendatzeko. Kasu horietan, bere jardunaren berri emango dio Zuzendaritza Batzordeari egiten den lehenengo bilkuran, haren jarduna berresteko.
j) Zuzendaritza Batzordeak eskuordetzen dizkion gainerako ahalmenak.
2.– Lehendakaritzak bere ahalmenak erabiliz emandako egintzek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta haien aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri.
HIRUGARREN ATALA
LEHENDAKARIORDEA
15. artikulua.– Lehendakariordea.
Donostiako Udalak izendatutako pertsona izango da Miramar Jauregia Partzuergoko lehendakariordea.
16. artikulua.– Lehendakariordearen eskumenak.
Zuzendaritza Batzordeko lehendakariordeari dagokio Batzorde Betearazleko lehendakaria izatea, sortzea erabakitzen bada. Halaber, lehendakariaren eginkizunak dagozkio Zuzendaritza Batzordearen bilkurei dagokienez, hura badago, kanpoan bada, gaixorik badago, legezko kausa badu edo, oro har, justifikatutako arrazoiren bat gertatzen bazaio.
LAUGARREN ATALA
BATZORDE BETEARAZLEA
17. artikulua.– Batzorde Betearazlea.
1.– Zuzendaritza Batzordeak Batzorde Betearazle bat sortzea erabaki ahal izango du; kasu horretan, Miramar Jauregia Partzuergoaren administrazio- eta kudeaketa-organo betearazlea izango da, eta Zuzendaritza Batzordeak sortze-ekitaldian zehazten dituen eskumenak izango ditu.
2.– Batzorde Betearazlean Partzuergoko erakunde guztiak egongo dira ordezkatuta, hura sortzea erabakitzen bada.
18. artikulua.– Batzorde Betearazlearen osaera eta kideak izendatzea.
1.– Batzorde Betearazlea sortzea erabakitzen bada, Zuzendaritza Batzordeko kide diren Partzuergoko erakunde bakoitzeko ordezkari banak eta Miramar Jauregia Partzuergoko zuzendariak osatuko dute.
2.– Kasu horretan, Batzorde Betearazleko lehendakaria Miramar Jauregia Partzuergoko lehendakariordea izango da, Donostiako Udalaren ordezkari gisa.
3.– Kasu horretan, erakunde horiek izendatuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Batzorde Betearazleko ordezkariak, Zuzendaritza Batzordeko kide gisa aukeratutakoen artetik.
4.– Batzorde Betearazlea egonez gero, Zuzendaritza Batzordeak erabakitako Eusko Jaurlaritzaren edo Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaria izango da lehendakariordea.
5.– Batzorde Betearazleko lehendakaria ez badago, kanpoan bada, gaixorik badago, legezko kausa badu edo, oro har, justifikatutako arrazoiren bat gertatzen bazaio, lehendakariordeak ordezkatuko du. Partzuergoko erakundeen ordezkariak, berriz, estatutu hauetako 10.4 artikuluan aurreikusitako moduan ordezkatu ahal izango dira.
6.– Titularrak kargutik kenduko dira haiek izendatu zituzten erakundeek kargutik kentzen badituzte, edo, hala badagokio, izendatuak izateko arrazoi izan zen kargu publikoa galtzen badute.
7.– Batzorde Betearazleko kideek ez dute Miramar Jauregia Partzuergoarengandik inolako kontraprestazio ekonomikorik jasoko batzorde horretako bilkuretan parte hartzeagatik; nolanahi ere, dietak jasotzeko eskubidea izango dute, edo beren eginkizuna betetzeak eragiten dizkien gastuak, behar bezala justifikatuta, kobratzeko eskubidea.
8.– Halakorik badago, Batzorde Betearazleko idazkari gisa jardungo du Batzorde Betearazleak berak izendatzen duen Donostiako Udaleko funtzionarioak, kide izan gabe.
19. artikulua.– Batzorde Betearazlearen eskumenak.
1.– Zuzendaritza Batzordeak Batzorde Betearazlea sortzea erabakitzen badu, sortze-egintza berean zehaztuko ditu bere eskumenak, gainerako organoen eskumenak errespetatuz.
2.– Batzorde Betearazleak bere ahalmenak erabiliz emandako egintzek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Zuzendaritza Batzordeari.
20. artikulua.– Batzorde Betearazlearen bilkurak.
1.– Batzorde Betearazlea sortzea erabakitzen bada, lehendakariak edo Partzuergoko erakundeetako batek edo Partzuergoko Zuzendaritzak hala eskatzen duenean bilduko da.
2.– Lehendakariak deitu beharko dio Batzorde Exekutiboari, gai-zerrenda eta bilera egingo den lekua, eguna eta ordua adierazita, gutxienez 48 ordu lehenago. Aztertuko den gai bakoitzari buruzko dokumentazioa Batzorde Betearazleko kide guztien eskura egongo da, hala badagokio.
Ezin izango da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jasota ez dagoen gairik, salbu eta gai-zerrenda osatzen duten pertsona guztiak bertan badaude eta gaia presakotzat jotzen bada, organoko kideen gehiengo osoaren aldeko botoarekin.
3.– Batzorde Betearazlearen bilkurak ez dira publikoak izango, eta Partzuergoaren egoitzan bertan egingo dira, edo, hala erabaki eta deialdian zehazten denean, beste leku batean. Hala ere, aztertu beharreko gaien izaerak ahalbidetzen duenean, Batzorde Betearazleak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ditzake bilerak, eta erabakiak hartu.
4.– Batzorde Betearazlearen bilkurak balio osoz eratzeko, lehendakaria eta idazkaria bertaratu beharko dira, eta, nolanahi ere, gutxienez Partzuergoko erakundeetako bi ordezkatzen dituzten Batzorde Betearazleko kideen erdiak.
Batzorde Betearazlearen bilkurak eratzeko quoruma bilkura osoan mantendu beharko da.
5.– Aurreko zenbakietan ezarritakoa gorabehera, Batzorde Betearazlea balio osoz eratutzat joko da edozein gai aztertzeko, baldin eta, lehendakariak deitu ez badu ere, Batzorde Betearazleko kide guztiak bertan badaude eta aho batez erabakitzen badute bilera egitea gai hori aztertzeko.
6.– Bertaratutakoen gehiengoak hartuko ditu Batzorde Betearazlearen erabakiak, eta, berdinketa gertatuz gero, lehendakariak erabakiko du bere kalitateko botoarekin, bigarren bozketa egin ondoren.
7.– Batzorde Betearazlearen bileren edukia eta, bereziki, hartutako erabakiak idazkariak idatzitako akta batean jasoko dira. Aktak onartu ondoren, lehendakariak eta idazkariak sinatuko dituzte, eta dagokion akta-liburuan transkribatuko dira. Aktak bilkura berean edo hurrengoan onartuko dira; hala ere, hartutako erabaki espezifikoei buruzko ziurtagiria egin ahal izango du idazkariak, akta geroago onartzeari kalterik egin gabe.
BOSGARREN ATALA
ZUZENDARITZA
21. artikulua.– Zuzendaritza.
1.– Zuzendaritza Batzordeak zuzendari bat izendatzea erabaki ahal izango du. Kasu horretan, Miramar Jauregia Partzuergoko zerbitzuak zuzentzea egokituko zaio, bai eta Miramar Jauregia Partzuergoko gaiak ohiko moduan kudeatzea ere, Zuzendaritza Batzordeak eta Batzorde Betearazleak gainbegiratuta (azken hori egonez gero).
Zuzendari bat izendatzea erabakitzen ez bada, Zuzendaritza Batzordeak Partzuergoko administrazioren bati edo administrazio horien bitarteko diren sektore publikoko erakundeei esleitu ahal izango dizkie zerbitzuak zuzentzeko eta gaiak ohiko moduan kudeatzeko eginkizunak, eta eginkizun horiek garatuko dituen pertsona fisikoa identifikatu beharko da.
22. artikulua.– Zuzendaritzaren eskumena.
1.– Zuzendaritza Batzordeak, zuzendaria izendatzeko edo haren eginkizunak Partzuergoko administrazio bati edo administrazio horien bitarteko diren sektore publikoko erakundeei esleitzeko egintzan, haren eskumenak zehaztuko ditu, dauden gainerako organoenak errespetatuz.
2.– Zuzendaritzak bere ahalmenak erabiliz emandako egintzek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Zuzendaritza Batzordeari.
III. KAPITULUA
AURREKONTU-, EKONOMIA- ETA FINANTZA-ARAUBIDEA ETA ONDARE-ARAUBIDEA
23. artikulua.– Aurrekontu-, ekonomia- eta finantza-araubidea.
1.– Partzuergoaren aurrekontu-, ekonomia-, finantza- eta kontabilitate-araubidea Donostiako Udalarentzat haren araudi aplikagarrian aurreikusitakora egokituko da. Zehazki, Partzuergoa aurrekontuen parte izango da eta Donostiako Udalaren kontu orokorrean sartuko da.
2.– Miramar Jauregia Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren arloko jarraibideak onartu ahal izango ditu, besteak beste, aurrekontu-kredituen lotura juridikoari, aurrekontu-aldaketei (haiek onartzeko organo eskudunak aipatuz), gastuak eta ordainketak onartzeari eta eskubideak aitortzeari dagokienez.
Gai horiek ere arautu ahal izango dira urteko aurrekontuak gauzatzeko arauan, eta dagokion ekitaldi ekonomikoan aplikatuko dira.
3.– Ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontrola ikuskapen-prozeduren bidez egingo da. Prozedura horiek kontu-hartzailetzako kontrola ordezkatuko dute, eta Miramar Jauregia Partzuergoaren funtzionamendu ekonomiko-finantzarioa egiaztatzea izango dute helburu.
Donostiako Udalak Partzuergoaren ekonomia- eta finantza-kudeaketa kontrolatuko du.
4.– Urteko kontuen ikuskapena egingo da urtero, Zuzendaritza Batzordeak onartu aurretik. Ikuskapen hori Donostiako Udalaren zuzendaritzapean egingo da.
Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak beste ikuskapen-modalitate batzuk (betetzekoak, operatiboak eta/edo sistemak eta prozedurak) egitea erabaki ahal izango du, jarduera ekonomiko-finantzarioa behar bezala kontrolatzeko beharrezkotzat jotzen dituenean.
4.– Partzuergoaren jarduera ekonomiko-finantzarioa Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kanpoko fiskalizazioaren mende egongo da.
24. artikulua.– Baliabide ekonomiko-finantzarioak.
Miramar Jauregia Partzuergoaren baliabide ekonomiko-finantzarioak honako hauek izango dira:
a) Haren ondare propioa, haren helburuetara berariaz atxikia, dela eratzen den unean, dela ondoren Partzuergoko erakundeen ekarpenen bidez.
b) Ondare horren produktu eta errentetatik datozen diru-sarrerak.
c) Hala badagokio, erakunde publiko edo pribatuek eta lankidetzan diharduten gainerako erakunde eta organismoek egiten dituzten ekarpenak.
d) Miramar Jauregia Partzuergoak ematen dituen zerbitzuen kontraprestazio gisa ezartzen diren tarifak.
e) Miramar Jauregia Partzuergoari ematen zaizkion dirulaguntzak.
f) Administrazioetatik edo erakunde publikoetatik datozen transferentzia arruntak edo kapital-transferentziak.
g) Erakunde publikoen, pribatuen eta partikularren dohaintzak, legatuak eta bestelako ekarpenak.
h) Kreditu-eragiketen emaitza.
i) Eslei dakiokeen beste edozein baliabide.
25. artikulua.– Miramar Jauregia Partzuergoaren finantzaketa publikoa.
1.– Miramar Jauregia Partzuergoaren ohiko funtzionamendurako beharrezkoak diren ekarpenak zati berdinetan ordainduko dituzte Partzuergoko erakundeek.
2.– Ekarpen horiez gain, Partzuergoko erakundeek berariazko ekarpenak egin ahal izango dizkiote Partzuergoari, Partzuergoko erakunderen bati bakarrik mesede egingo dion jarduera bat gara dezan. Kasu horietan, Partzuergoko erakunde onuradunek egin beharreko ekarpenak jarduketa artikulatzeko sinatzen diren hitzarmenetan ezarriko dira.
26. artikulua.– Miramar Jauregia Partzuergoaren ondarea.
Partzuergoaren ondasun eta eskubide propioak dira haren ondarea, Partzuergoko erakundeen titulartasunpekoak, baldin eta Partzuergoa eratu zenetik edo etorkizunean haren alde egiten denetik atxikipena edo lagapena adostu bada, bai eta edozein pertsonak edo erakundek esleitzen dizkion beste batzuk ere.
Partzuergoa atxikita dauden administrazio publikoaren ondare-arauen arabera arautuko da.
IV. KAPITULUA
KONTRATAZIO-ARAUBIDEA
27. artikulua.– Kontratazio-araubidea.
Miramar Jauregia Partzuergoaren kontratazio-araubidea sektore publikoko kontratuen legerian partzuergoentzat aurreikusitakoa izango da.
V. KAPITULUA
LANGILEEN ARAUBIDEA
28. artikulua.– Langileen araubidea.
1.– Miramar Jauregia Partzuergoko langileen araubidea atxikipen-administrazioko langileen araubide juridikoari dagokiona izango da; hau da, Donostiako Udalarena.
2.– Miramar Jauregia Partzuergoak bere eginkizunak betetzeko behar dituen langileak izango ditu.
3.– Oro har, Miramar Jauregia Partzuergoko langileak lan-araubidearen mende egongo dira, administrazio-ahalak funtzionarioek bakarrik baliatu ahal dituzten kasuetan izan ezik.
4.– Miramar Jauregia Partzuergoko langileek parte hartzen duten administrazioetatik etorri beharko dute soilik.
Salbuespen gisa, egin beharreko eginkizunen berezitasunak kontuan hartuta, Miramar Jauregia Partzuergoan parte hartzen duten administrazioetatik etorritako langileak izaterik ez badago, Miramar Jauregia Partzuergoa atxikita dagoen Administrazioko organo eskudunak baimena eman ahal izango du funtzio hori betetzeko langileak zuzenean kontratatzeko.
Kontratazio horiek egitean, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren, publizitatearen, gardentasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak eta aplikatu beharreko lege-arauak bete beharko dira, dagokion deialdi publikoaren bidez.
Nolanahi ere, langileen kontratazioa antolakuntza- eta langile-egituraren irizpide orokorretara eta Zuzendaritza Batzordeak horretarako onartzen duen lanpostuen zerrendara egokituko da, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.
5.– Langileen ordainsari-baldintzak zehaztu eta aldatzeko, nolanahi ere, Zuzendaritza Batzordeak onartzen dituen arauak bete beharko dira, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera eta partzuergoei aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.
VI. KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA
29. artikulua.– Estatutuak aldatzea
1.– Zuzendaritza Batzordearen, Batzorde Betearazlearen (halakorik badago), Lehendakaritzaren edo Partzuergoko erakunde bakoitzaren ekimenez aldatu ahal izango dira Partzuergoaren estatutuak.
2.– Aurreko zenbakian adierazitakoa erabaki, deialdia egin eta Zuzendaritza Batzordea eratu ondoren, estatutuak aldatzea onartuko dute batzordekideek aho batez. Horretarako, egoki iritzitako txosten guztiak aurkeztu beharko dira, eta, hala badagokio, jendaurreko informazioaren izapidea bideratu beharko da.
3.– Horrela onartutako estatutuen aldaketa Partzuergoko erakunde guztiei jakinaraziko zaie, Partzuergoko erakunde gehienek onar dezaten, Partzuergoa eratzeko eskatzen den quorumarekin hartutako erabakiaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko da.
VII. KAPITULUA
MIRAMAR JAUREGIA PARTZUERGOA HANDITZEA ETA MURRIZTEA
30. artikulua.– Miramar Jauregia Partzuergoan erakunde berriak sartzea.
1.– Miramar Jauregia Partzuergoan sartu ahal izango dira irabazi-asmorik gabeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuk, baldin eta haren helburuekin bat datozen interes publikoko helburuak badituzte, Zuzendaritza Batzordeak onartzen baditu eta hark ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
2.– Miramar Jauregia Partzuergoan sartzeko prozedura honako hau izango da:
a) Erakunde interesdunaren aldez aurreko akordioa beharko da, erabakiak hartzeko araubidearen arabera.
b) Zuzendaritza Batzordea osatzen duten kideen gehiengo osoz onartzea. Beharrezkoa izango da bileran Partzuergoko erakunde guztiak ordezkatuta egotea. Gehitzeko erabakian, honako hauek jaso beharko dira: gehitzeko ezartzen diren baldintza orokorrak eta bereziak, estatutuetan egin beharreko aldaketak, eta Zuzendaritza Batzordearen osaera berria, zeinak, betiere, estatutu hauetan Miramar Jauregia Partzuergoari atxikitzeko ezarritako araubidea errespetatu beharko baitu.
c) Zuzendaritza Batzordearen erabakia Partzuergoko erakunde guztiei jakinaraziko zaie, Partzuergoko erakunde gehienek onar dezaten, Partzuergoa eratzeko eskatzen den quorumarekin hartutako erabakiaren bidez.
31. artikulua.– Miramar Jauregia Partzuergotik borondatez banantzea.
1.– Partzuergoko edozein erakunde Miramar Jauregia Partzuergotik bere borondatez banandu ahal izango da, baldin eta erabakia balio osoz hartu badu eta Zuzendaritza Batzordeari formalki jakinarazten badio, gutxienez 90 eguneko aurreabisu-epearekin eta egiteke dauden betebeharrak likidatu ondoren.
Banantze-eskubidea baliatzeak Miramar Jauregia Partzuergoa desegitea dakar, salbu eta Partzuergoko gainerako erakundeek aho batez erabakitzen badute hark jarraitzea.
2.– Banantze-eskubidea baliatzeak ez badakar Partzuergoa desegitea, honako erregela hauek aplikatuko dira:
a) Banantze-eskubidea baliatzen duenari dagokion banantze-kuota likidazioan legokiokeena izango da, estatutu hauetako 33. artikuluan adierazitakoaren arabera.
b) Banantze-kuota zehaztu ondoren bananduko da Miramar Jauregia Partzuergotik, kuota positiboa bada, edo zorra ordaindu ondoren, kuota negatiboa bada.
3.– Partzuergoa banantze-eskubidea baliatu duen administrazioari atxikita badago, Partzuergoak adostu beharko du gainerako administrazioetatik nori atxikitzen zaion.
32. artikulua.– Miramar Jauregia Partzuergotik nahitaez banantzea.
1.– Zuzendaritza Batzordearen iritziz Partzuergoko erakunderen batek legeetan edo estatutuetan ezarritako betebeharrak larriki eta behin eta berriz urratu baditu, erakunde hori Partzuergotik banantzea erabaki ahal izango du, dagokion espedienteari hasiera eman ondoren. Erabaki hori Zuzendaritza Batzordeko kideen gehiengo osoz hartu beharko da.
2.– Nahitaezko banantzea aurreko artikuluan aurreikusitako likidazio-erregelen arabera egingo da.
VIII. KAPITULUA
MIRAMAR JAUREGIA PARTZUERGOA DESEGITEA ETA LIKIDATZEA
33. artikulua.– Partzuergoa desegitea eta likidatzea.
1.– Miramar Jauregia Partzuergoa desegiteko eta likidatzeko, estatutu hauetan ezarritakoa bete beharko da, baita arlo horretan aplikatzekoak diren arauek ezarritakoa ere.
2.– Miramar Jauregia Partzuergoa desegiteak haren likidazioa eta azkentzea dakar.
3.– Miramar Jauregia Partzuergoa arrazoi hauetakoren batengatik desegin ahal izango da:
a) Edozein arrazoirengatik ezin badira bete eratu zeneko helburuak.
b) Legezko xedapen batek hala aurreikusten duenean edo interes publikoak hala eskatzen duenean.
c) Zuzendaritza Batzordeak hala erabakitzen duenean, kideen gehiengo osoaren aldeko botoarekin.
d) Partzuergoaren helburuekin bat datozen beste erakunde publiko edo pribatu batekin bat egitea, hura xurgatzea edo hartan integratzea, Zuzendaritza Batzordeak hala erabakita, bertako kideen gehiengo osoarekin.
4.– Partzuergoa desegiteko prozedura honako hau izango da:
a) Zuzendaritza Batzordeak, desegiteko erabakia hartzean, likidatzaile bat izendatuko du. Likidatzaile hori Partzuergoa atxikita dagoen administrazio publikoari lotutako edo haren mendeko organo edo erakunde bat izango da.
b) Likidatzaileak Partzuergoko kide bakoitzari dagokion likidazio-kuota kalkulatuko du, likidazioaren ondoren ondare garbiaren ondoriozko saldoan dagokion partaidetzaren arabera, kontuan hartuta banaketa-irizpidea honako hau izango dela: Partzuergoko kide bakoitzak haren ondare-funtsari egindako ekarpenen ehunekoa eta urtero emandako finantzaketa hartuko dira kontuan.
c) Likidazio-proposamena egiteko, Zuzendaritza Batzordeko kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da. Onartu ondoren, loteslea izango da Partzuergoko erakunde guztientzat.
d) Likidazio-kuota positiboa bada, Partzuergoko erakundeei ordaintzeko modua eta baldintzak erabakiko ditu Zuzendaritza Batzordeak.
e) Partzuergoko kide diren erakundeek erabaki ahal izango dute, erabaki horretarako Batzordea osatzen duten pertsonen gehiengo osoa beharko dela, aktiboak eta pasiboak juridikoki egokia den beste erakunde bati lagatzea, jardueraren jarraitutasunari eusteko eta likidatzen den Miramar Jauregia Partzuergoaren helburuak lortzeko.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Miramar Jauregia Partzuergoa, hala badagokio, Miramar Jauregia Partzuergoa kudeatzen duen Fundazioari dagozkion eskubide eta betebehar guztietan subrogatuko da. Fundazio hori Miramar Jauregia Partzuergoaren aurreko estatutuetan eratu zen, eta iraungi egingo da.
XEDAPEN IRAGANKORRA
1.– Estatutu hauek indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Miramar Jauregia Partzuergoko gobernu-organoen osaera estatutu hauetan ezarritakora egokitu beharko da.
2.– Egokitzapen hori egin arte, Miramar Jauregia Partzuergoak funtzionatzen jarraituko du hura indarrean jarri arte jarduten zuen organoekin.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Miramar Jauregia Partzuergoaren aurreko estatutuak indargabetuta geratzen dira, Partzuergoa eratu zenetik egin diren aldaketa guztiekin.
AZKEN XEDAPENA
Partzuergoko erakunde gehienek onartu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean estatutu hauek.»
Donostia, 2022ko urtarrilaren 12a.
Miramar Jauregia Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria,
ENEKO GOIA LASO.