Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

23. zk., 2022ko otsailaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
553

14/2022 DEKRETUA, urtarrilaren 25ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren estatutuak onartzeko dekretua eta indargabetzen baitira Elkartek eta Hazitek programak arautzen dituzten aginduak.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren bidez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzen da, zuzenbide pribatuko ente publiko gisa eratzen da, nortasun juridiko propioa eta bere helburuak lortzeko jarduteko gaitasun osoa dituela, eta industria-politika eta enpresen lehiakortasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita.

Aipatutako xedapenaren 2. apartatuarekin bat etorriz, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikatzekoak zaizkien lege-xedapenen bidez arautzen da, xedapen horretan ezarritako berezitasunetan izan ezik, bai eta bere estatutuen bidez ere, zeinak SPRI-Enpresa-garapenerako euskal agentziaren estatutuak onartzeko azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuaren bidez onartu baitziren.

Aipatutako estatutuen 7. artikuluan, administrazio-kontseiluaren osaera ezartzen da, eta 9., 11. eta 12. artikuluetan, berriz, administrazio-kontseiluaren, zuzendaritza nagusiaren eta nazioartekotzeko zuzendaritzaren egitekoen gaineko preskripzioak, hurrenez hurren. Erakundeak aipatutako artikuluak aldatu nahi ditu. Hala, 7. artikulua aldatuta, bosteraino handitu nahi da industria-politikako sailak proposatutako administrazio kontseiluko kideen kopurua, sail horrek ahalmen handiagoa izan dezan SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren gobernu-organoan. Bestalde, laguntza-programen oinarri arautzaileak errazago onartu ahal izateko aldatu nahi dira 9., 11. eta 12. artikuluak. Aldaketa-proposamen biak onartu zituen aipatutako erakundearen administrazio-kontseiluak; 2020ko ekainaren 22ko bilkuran, lehena, eta 2020ko abenduaren 15ean, bigarrena. Estatutuak dekretu baten bidez onartu zirenez, tresna juridiko bera baliatu behar da aldaketa horiek egiteko.

Bestalde, 2030erako Euskadiko Zientzia eta Teknologia Plan berriak (ZTBP 2030), zeina Horizon Europe esparru-programa berriarekin lerrokatuta baitago, EAE berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea du helburu, erronka sozial nagusiak konpontzen laguntzeko: osasuna, enplegua, digitalizazioa, klima-aldaketa eta genero-berdintasuna, horiek guztiak NBEren 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuekin bat etorriz. Horregatik, plan berriak lotura zuzena du Jaurlaritzaren beste politika batzuekin, hala nola: Garapen ekonomikoa, Hezkuntza, Osasuna, Ingurumena, Etxebizitza, Nekazaritza eta Kultura.

Horizon Europe Esparru Programa berria abiapuntutzat hartuta, 2030erako ZTBPk hiru zutabe estrategiko (bikaintasun zientifikoa, lidergo teknologiko industriala eta berrikuntza irekia) eta elementu nagusi bat planteatzen ditu: talentua.

Horregatik, eta EAEk zientzian eta teknologian dituen erronka sozioekonomikoei erantzuten jarraitzeko eta EAEk trantsizio teknologiko-digital, energetiko-klimatiko eta sanitario eta sozialari aurre egin ahal izateko, beharrezkotzat jotzen da laguntza-tresna berriak arautzea eta, beraz, orain arte zeudenak indargabetzea. Horretarako, xedapen indargabetzaileak sartu dira dekretu honetan.

Ondorioz, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18. artikuluan xedatutakoari eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoari jarraikiz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2022ko urtarrilaren 25ean egindako bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren estatutuak aldatzea, azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuaren bidez onartutakoak.

Honela gelditzen dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren estatutuak aldatu eta gero:

Bat.– 7. artikuluko 1. paragrafoko b) apartatua aldatu eta honela idatzita gelditzen da:

«b) Bost kontseilukide, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren sektore publikoaren ordezkaritzan, Eusko Jaurlaritzak izendatuta, industria-politikaren eta enpresa-lehiakortasunaren gaietan eskumena duen saileko buruaren proposamenez».

Bi.– 9. artikuluko 1. paragrafoko e) apartatua aldatu eta honela idatzita gelditzen da:

«e) Dirulaguntzen eta laguntzen urteko plangintza estrategikoa onartzea, eta, horretarako, helburuak eta lortu nahi diren ondorioak, lortzeko aurreikusitako epeak, kostu globalak eta sustapen-politiken finantzaketa ezartzea, betiere aurrekontu-egonkortasunaren printzipioa betez».

Hiru.– 11. artikuluko 4. paragrafoko h) apartatua aldatu eta honela idatzita gelditzen da:

«h) Administrazio Kontseiluak onartutako dirulaguntzen eta laguntzen urteko plangintza estrategikoaren esparruan, nazioartekotzearen arloan jadanik dauden dirulaguntzen eta laguntzen programak onartzea; programa horiek Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostena beharko dute, eta ezin izango dute xedapen orokorren forma hartu.

Era berean, dirulaguntzen eta laguntzen programa horiek gauzatzea dagokio, prozedura horietan beharrezkoak diren ebazpenak eta egintzak hartuta, nazioartekotze-gaietakoak izan ezik».

Lau.– l) apartatua gehitzen zaio 12. artikuluko 4. paragrafoari, eta honela idatzita gelditzen da:

«l) Administrazio Kontseiluak onartutako dirulaguntzen eta laguntzen urteko plangintza estrategikoaren esparruan, nazioartekotzearen arloko dirulaguntzen eta laguntzen programak onartzea; programa horiek Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostena beharko dute, eta ezin izango dute xedapen orokorren forma hartu.

Era berean, dirulaguntzen eta laguntzen programa horiek gauzatzea dagokio, prozedura horietan beharrezkoak diren ebazpenak eta egintzak hartuz».

XEDAPEN IRAGANKORRA

Orain arte indarrean zeuden xedapenen arabera izapidetuko eta ebatziko dira dekretu hau indarrean jartzen den unean hasita dauden espedienteak, hots, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko abenduaren 9ko Aginduaren (arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketarako laguntza-programa arautzen duena – Elkartek programa) eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 31ko Aginduaren arabera (enpresa I+G bultzatzeko Hazitek programa arautzen duena) hasita daudenak.

LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetua gelditzen da Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko abenduaren 9ko Agindua, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programa arautzen duena (Elkartek Programa).

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetua gelditzen da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 31ko Agindua, enpresa I+G bultzatzeko Hazitek programaren bidez arautua.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko urtarrilaren 25ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala