19. zk., 2022ko urtarrilaren 28a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (252 KB - 2 orri.)
- EPUB (221 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
473
AGINDUA, 2022ko urtarrilaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Vitoria-Gasteizen (Araba) dagoen CPEIPS «Calasanz» HLBHIP Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren baimena aldatzeko dena.
Vitoria-Gasteizko (Araba) «Calasanz» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren erakunde titularraren ordezkariak hasarazitako espedientea aztertu da, zeinaren bidez Lehen Hezkuntzako unitate bat gehitzeko baimena eskatzen duen.
Espediente horren izapideak araudiak ezarritako prozedura jarraituz egin dira; gainera, indarrean dauden arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio eta arlo horretan eskumena duten erakundeek egin diote txostena.
Arau hauek ikusi dira: apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua, ikastetxe pribatuetan unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenei buruzkoa (apirilaren 9ko BOE); 131/2010 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua aldatzen duena (martxoaren 12ko BOE); otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete behar dituzten derrigorrezko baldintzak ezartzen dituena (martxoaren 12ko BOE), eta gai horretan aplikatu beharreko gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Ondoren zehazten den ikastetxeari baimena ematen zaio, 2022-2023 ikasturtetik aurrera, Lehen Hezkuntzako unitate bat gehitzeko:
Kode-zenbakia: 010216 eta 01001191.
Izen espezifikoa: «Calasanz».
Titularra: Escuelas Pías Provincia de Emaús (Escolapios).
Helbidea: Federico Baraibar kalea, 36.
Udalerria: Vitoria-Gasteiz.
Lurralde Historikoa: Araba.
Baimena:
– Lehen Hezkuntzako unitate 1 gehitzea, 25 ikaspostuko edukierakoa.
Ikastetxearen osaera:
– Haur Hezkuntzako 1. zikloa:
● 1-2 urte bitarteko gela: 1 unitate, bakoitza 13 ikaspostuko edukierarekin.
● 2-3 urte bitarteko gela: 3 unitate, bakoitza 18 ikaspostuko edukierarekin.
– Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 9 unitate, 225 ikaspostuko edukierarekin.
– Lehen Hezkuntza: 16 unitate, 400 ikaspostuko edukierarekin.
– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 9 unitate, 270 ikaspostuko edukierarekin.
– Hezkuntza berezia:
● Hezkuntza bereziko 3 gela ireki.
● Zereginen Ikaskuntzarako 2 gela.
2. artikulua.– Indarrean dagoen araudia betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimendutako unitateetako irakasleen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.
3. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularraren erantzukizuna izango da baldintza horiek betetzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen edo dirulaguntza-deialdien bitartez laguntzarik lortuko denik.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 10a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.