Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2022ko urtarrilaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
416

AGINDUA, 2022ko urtarrilaren 5ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskadiko industria-ondare higigarriaren «Orkonera-Lutxana Bilduma» sortzen duena.

Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak 10. artikuluko 17. eta 19. apartatuetan kulturaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dizkion eskumenen esparruan sartzen da. Hala, 17. apartatuan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du kulturaren arloan. Bestalde, lehen aipatutako 10. artikuluaren 19. apartatuak eskumen esklusiboa aitortzen dio ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoaren arloan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen du Estatuak ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurka babesteko ezartzen dituen betebeharrak betetzea.

Eskumen-esleipen horren babesean, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko euskal kultura-ondarearen araubide juridikoa ezartzea, ondarea babestu, kontserbatu eta balioesteko, eta pertsona guztiek irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan ezagutu, ikertu, zabaldu eta gozatu ahal izan dezaten.

6/2019 Legearen VIII. titulua industria-ondarearen tratamenduari buruzkoa da, eta honela definitzen du industria-ondarea: ondasun higiezin, higigarri eta immaterialek osatzen dute, eta industriarekin lotutako hainbat jarduerak (teknikoak, erauztekoak, teknologikoak, ingeniaritzakoak, ekoizpenekoak eta eraldatzekoak) izandako bilakaeraren testigantza adierazgarriak dira, bai eta industria-kulturarekin lotutako adierazpenen testigantza adierazgarriak ere.

Irizpide horren arabera, 6/2019 Legearen 61.2 artikuluak industria-ondarearen ondasun higigarrien kontzeptua mugatzen du, eta teknologia-, lantegi- eta ingeniaritza-jarduerekin lotutako tresnak, makinak eta piezak direla adierazten du.

Aipatutako testu bateginaren 104.1 artikuluko c) letran adierazten den bezala, eskatutako doako xedapen-egintza onartzeko eskumena ondasuna atxikita duen sailari edo erakundeari dagokio, kasu honetan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, SPKLTBren 105.1 artikuluan lege-testu beraren 97.1 artikuluarekin lotuta xedatutakoaren arabera.

Autonomia Estatutuak ematen dituen eskumenen babesean onartu zen, halaber, Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legea, Euskadiko museoak eta bildumak antolatzeko, aitortzeko eta eraginkortasunez kudeatzeko arau-esparrua ezartzen duena, eta koordinazio-, lankidetza- eta osagarritasun-printzipioak nagusi dituen museo-sistema antolatzen duena.

Bestalde, lege horren 2.3 artikuluaren arabera, «bildumatzat joko dira jendeari etengabean eta modu koherente eta ordenatuan erakusten zaizkion ondasun higigarrien multzo egonkorrak, museoei lege honetan ezartzen zaizkien baldintza guztiak bete ez arren garrantzi edo balio kultural, tekniko edo zientifikoa eta dituzten funtsen inbentarioak eta kontserbazio eta zaintzarako neurriak baldin badituzte». Gainera, 4. artikuluak bildumaren funts gisa definitzen du «irizpide zientifiko eta teknikoen arabera ordenatzen eta sailkatzen diren testigantza material eta ez-materialak».

Museoei buruzko lege horren 6. artikuluak gutxieneko baldintza hauek ezartzen ditu Euskadiko bildumak aitortzeko:

1.– Erakusketa iraunkor, koherente eta ordenatua izatea.

2.– Funtsen inbentarioa izatea.

3.– Jendearentzako irekita egotea modu finko batean, etenik gabe edo aldi jakin batzuetan.

4.– Segurtasun-neurri egoki eta nahikoak izatea funtsak babesteko.

5.– Irisgarritasun-neurriak izatea funtsak erraz ikertu eta kontsultatu ahal izateko.

Eta ezinbesteko baldintza izango da bildumaren titularrek eskatzea.

Azkenik, 9. artikuluaren babesean, erregistroan inskribatu ahal izango dira aipatutako legean eta garatzen diren arauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten erakundeak. Erregistroan inskribatzea ezinbesteko baldintza da Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondare higigarriaren bilduma «Euskadiko Bilduma» gisa formalki aitortzeko; inskripzioa Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen saileko titularraren agindu baten bidez egingo da, Museoen Aholku Batzordeari entzun ondoren.

Gaur egun, Euskadiko industria-ondare higigarriaren gordailua Bilboko Zorrotzaurreko Consonni enpresaren pabiloi zaharrean dago. Industria-ondare higigarriaren gordailu hori forma, neurri eta jatorri askotako 1.800 pieza inguruk osatzen dute; horien artean, laborategiko tresna txikiak eta bolumen handiko elementuak aurki daitezke, hala nola ibilgailu edo garabi industrialak.

Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondare higigarriaren ekoizpen-elementuak kontserbatzeko, berreskuratzeko, kudeatzeko, erakusteko, interpretatzeko, ikusarazteko eta haien balioa nabarmentzeko bilduma formalki osatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Barakaldoko Udalarekin (Bizkaia) adostu zuen, jabari publikoko emakida bidez, Orconerako pabiloiak Lutxana auzoan lagatzea, eta, beraz, laster, bilduma hau osatzen duten funtsak instalazio horietara eramango dira.

Horrela, bildumak «Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren Orkonera-Lutxana Bilduma» izena hartuko du, aurrerantzean «Orkonera-Lutxana Bilduma», eta euskal industriako sektore tradizionalenen bilakaeraren erakusgarri izango da, hala nola meatzaritza, siderurgia, ontzigintza, makina-erreminta, papergintza, arte grafikoak eta antzekoak.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzari esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondare higigarriaren bildumaren kudeaketa.

Horiek horrela, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak «Orkonera-Lutxana Bilduma» sortu nahi du.

Ondorioz, Museoen Aholku Batzordeak aldeko irizpena eman ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Bilduma sortzea.

«Orkonera-Lutxana bilduma» sortzea, Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legearen 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Bilduma hori agindu honen eranskinean zehaztutako ezaugarrien arabera eratu da.

Bigarrena.– Erregistroan inskribatzea.

«Orkonera-Lutxana Bilduma» Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatzeko agintzea, Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko Araudia onartu eta museo edo bilduma bat «Euskadiko Museoa» edo «Euskadiko Bilduma» dela onartzeko aitorpena arautzen duen ekainaren 21eko 132/2011 Dekretuaren 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bildumaren kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak bere gain hartuko du «Orkonera-Lutxana Bilduma» ren kudeaketa, sail horren egitura eta funtzionamenduari buruzko dekretuan horretarako adierazten denarekin bat etorriz.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bilduma aldatzea.

Kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailak agindu honen eranskinean jasotako alderdiak aldatu ahal izango ditu, baita bildumari emandako izena ere, eta aldaketa horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bilduma zabaltzea.

«Orkonera-Lutxana Bildumako» funtsei gehitu ahal izango zaizkie, hala badagokio, estatu-, foru- edo udal-titulartasuneko ondasunak, garrantzi eta interes zientifiko handikoak, dagozkien lankidetza-tresnak formalizatuz.

Era berean, bildumak antzeko interesa duten beste ondasun batzuk ere jaso ahal izango ditu, erakunde pribatu edo partikularrek egindako dohaintza, legatu edo gordailuetatik datozenak, beren interesagatik ikusgai jartzea merezi duten dokumentuak edo erreplikak barne.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lankidetza erakunde espezializatuekin.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak industria-ondarearen arloan espezializatutako erakundeen laguntza izan ahal izango du, agindu honen eranskinean deskribatutako eginkizunak eta zereginak betetzen direla bermatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 5a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

ERANSKINA
(AGINDUA, 2022KO URTARRILAREN 5EKOA, KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKAKO SAILBURUARENA, «EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO INDUSTRIA-ONDARE HIGIGARRIAREN ZENTROA / ORKONERA-LUTXANA BILDUMA» SORTZEN DUENA)

1. artikulua.– Egoitza.

Euskadiko industria ondare-higigarriaren «Orkonera-Lutxana Bilduma»ren egoitza Barakaldoko Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari lagatako pabilioietan egongo da, jabari publikoko emakida-erregimenean, Barakaldoko (Bizkaia) Andikollano kalean, Lutxana auzoan.

2. artikulua.– Bilduma.

«Orkonera-Lutxana Bilduma» Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen zuzendaritzak esleitzen dizkion industria-funts higigarriek osatuko dute.

3. artikulua.– Helburuak.

Hauek dira «Orkonera-Lutxana Bilduma»ren helburu nagusiak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondare higigarriaren bilduma monografikoa, adierazgarria eta iraunkorra izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondare higigarria gure gizarteko publiko-segmentu guztietan erakutsi eta zabaltzea.

c) Ondare mota horri buruzko ikerketa bultzatzea.

4. artikulua.– Eginkizunak.

«Orkonera-Lutxana Bilduma»ri dagozkio Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondare higigarria kontserbatu, erakutsi, ikertu eta zabaltzeko helburuak, eta eginkizun hauek izango ditu:

a) Bere gain hartuta dituen funtsak kontserbatu eta babesteko eginkizunak betetzea.

b) Funtsen ikerketa garatu eta sustatzea.

c) Funtsak irizpide zientifikoekin dokumentatzea.

d) Funtsak ezagutu eta zabaltzen lagunduko duten ekimenak eta jarduerak antolatu eta sustatzea.

e) Funtsak modu ordenatuan erakustea.

f) Jendeak funtsetara irispidea izan dezan sustatzea, aurrez aurre eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien bidez.

g) Lege- edo erregelamendu-xedapenen bidez esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

5. artikulua.– Bilduma kudeatzea.

5.1.– «Orkonera-Lutxana Bilduma» kudeatzea Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio.

5.2.– Oro har, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak bildumaren xedeak betetzen direla zaindu beharko du; haren jarduerak planifikatu, antolatu, koordinatu eta gainbegiratuko ditu, eta hura kontserbatzea eta babestea bermatzen duten neurriak hartuko ditu.

Zehazki, zeregin hauek beteko ditu:

a) Bildumari esleitutako xedeak betetzeko koordinazioa eta ikuskapena bere gain hartzea.

b) Bilduma, dokumentuak eta administrazio-artxiboaren osaera kudeatzea:

– Funtsen dokumentazioa, idatzizkoa zein fotografikoa, bildu eta antolatzea, eta informazioa emateko sistema informatizatzea.

– Funtsen analisi zientifikorako beharrezkoak diren deskripzio-tresnak prestatzea, hala nola erregistroa, inbentarioa eta katalogoa, eta informazio-, dokumentazio- eta kudeaketa-sistema integratuak garatu eta ezartzea.

– Funtsen biltegiratzea modu sistematiko eta irisgarrian antolatzea.

– Funtsak handitzeko proposamenak aztertzea.

c) Bere funtsen ikerketa sustatzea:

– Ikertzaile partikularrei bildumaren funtsei buruzko aholkularitza eta informazioa ematea.

– Bildumaren funtsak aztertu edo ikertu nahi dituztenei arreta eskaintzea, bai eta funts horiei buruzko informazio-sistemak eta horietan jasotako datuak kontsultatu nahi dituztenei ere.

d) Bilduma osatzen duten funtsen babesa, kontserbazioa, tratamendua eta zaharberritzea bermatzea, zaindutako kultura-ondarearen segurtasunerako beharrezkoak diren neurriak hartuz:

– Bildumaren funtsak prebentzioz kontserbatzeko, birgaitzeko eta zaharberritzeko beharrezkoak diren baldintzak lortzea.

– Kontserbazio- eta zaharberritze-arloan presako arrazoiengatik kautelazko edo ezohiko neurriak proposatzea.

– Txostenak egitea azaltzeko ea komeni den bildumaren funtsak gordailutzea edo aldi baterako maileguan uztea, betiere funtsen kontserbazio-egoera kontuan hartuta.

e) Bilduma gizartera hurbiltzea, bisita gidatuak eta komunikazio- eta hedapen-ekimenak antolatuz, kultura-ondasunak ulertzea eta gozatzea errazteko.

f) Bildumaren ordezkari arrunta izatea, eta haren xedeak betetzen direla zaintzea.

g) Bildumaren kokalekua mantentzea, Barakaldoko Udalarekin adostutako baldintzetan.

h) Bildumari atxikitako ondasun eta eskubideak kudeatu edo erabiltzearen ondoriozko ahalmenak eta betebeharrak konplitzea.


Azterketa dokumentala