Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2022ko urtarrilaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
411

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 17koa, Funtzio Publikoko sailburuordearena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidego berezien eskalen funtzioak ezartzen dituen eta espezialitateak arautzen dituen dekretu-proiektua.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak dekretu-proiektua taxutu du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidego berezien eskalen funtzioak ezartzeko eta espezialitateak arautzeko. Proiektu hori Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legeak agintzen duen moduan izapidetu behar da.

Horretarako, lege-arau hori betez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak bi agindu eman ditu: 2021eko abenduaren 10eko Agindua, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio dekretu-proiektua egiteko prozedurari, eta 2022ko urtarrilaren 14ko Agindua, zeinaren bidez aurretiaz onesten baita dekretu-proiektua, behin testu artikulatua idatzirik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluaren arabera, herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten dieten xedapen orokorrak entzunaldiaren izapidetik pasako dira, eta, xedapenen izaerak hala eskatzen badu, informazio publikoaren izapidetik.

Onartu nahi den arauak Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiei eragingo die, zeren eta funtzionarioen kidego berezietako eskalen oinarrizko funtzioak deskribatzen baititu. Hau da, onartu nahi den arauak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan sartzeko eta hartan profesionalki garatzeko moduari eragingo dio. Horrez gainera, eskalen barruko espezialitateak nola sortu behar diren arautuko du.

Hori dela eta, dekretu-proiektua jendaurrean jartzen da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 83. artikuluan xedatutakoarekin; horretarako, aski izango dira 20 egun baliodun, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 4.c) eta 17. artikuluetan xedatuarekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidego berezien eskalen funtzioak ezartzen dituen eta espezialitateak arautzen dituen dekretu-proiektua jendaurrean jartzea, hogei egun baliodunez, ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Aurreko apartatuan adierazitakoaren ondorioetarako eta alegazioak aurkeztu ahal izateko, proiektuaren edukia hemen eskuratu ahal izango da: Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (www.euskadi.eus Legegunean, eta Gobernu Irekiaren Interneteko parte-hartze atarian (www.irekia.euskadi.eus).

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 17a.

Funtzio Publikoko sailburuordea,

JOSE MARÍA ARMENTIA MACAZAGA.


Azterketa dokumentala