Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2022ko urtarrilaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
209

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 27koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuetako Oinarrizko Eskalako agente kategorian txanda irekiaren bidez sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten duena.

Deialdi hau Segurtasuneko sailburuordearen eskariaren eta udal hauetatik jasotako gomendioen arabera egiten da:

– Abadiño.

– Amorebieta-Etxano.

– Amurrio.

– Arrasate/Mondragón.

– Bakio.

– Balmaseda.

– Barakaldo.

– Basauri.

– Berango.

– Bilbao.

– Donostia / San Sebastián.

– Durango.

– Eibar.

– Erandio.

– Errenteria.

– Galdakao.

– Getxo.

– Gorliz.

– Hondarribia.

– Irun.

– Lasarte-Oria.

– Laudio/Llodio.

– Markina-Xemein.

– Mungia.

– Muskiz.

– Pasaia.

– Sondika.

– Tolosa.

– Vitoria-Gasteiz.

– Zarautz.

– Zierbena.

– Zumarraga.

Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 2020ko uztailaren 22ko Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntzarako Erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan ezarritakoaren eta horretan egindako aldaketen arabera egiten da.

Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Errektorearen onespena ere jaso da.

Hori guztia oinarri hartuta, zuzendari nagusi honek Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuetako Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea ebatzi du, honako oinarri hauen arabera:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da, oposizio-lehiaketa irekiaren sistemaren bidez, zeina, hautaketa-prozeduraren zati gisa, prestakuntza-ikastaro batekin eta praktikaldi batekin osatuko baita, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako eta Udaltzaingo Zerbitzuetako Oinarrizko Eskalako agente-plazak betetzeko.

Ertzaintzaren 424 lanpostutarako deialdia egin da, xehetasun hauen arabera:

(Ikus .PDF)

Udaltzain Kidegoetan 69 plaza, xehetasun hauen arabera:

(Ikus .PDF)

Udaltzaingo-zerbitzuen 4 plaza, xehetasun hauen arabera:

(Ikus .PDF)

Deitutako plaza-kopurua handitu ahal izango da, prozesuan parte hartzen duten erakundeetan hautaketa-prozesu hau garatzean edozein arrazoirengatik sortzen diren Euskal Poliziako agenteen kategoriako lanpostu hutsen arabera. Lanpostu-kopuru handitze hori dagokion erakundeko organo eskudunak eskatuta egingo da, eta hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Kopuru handitze horiek ere Oinarri hauen arabera arautuko dira, eta, nolanahi ere, prozesu honen Oposizio-fasean onartutako pertsonen zerrenda argitaratzeko izapidea egin aurretik xedatu beharko dira.

Era berean, eta oposizio-fasea amaitu aurretik, zuzendaritza honen ebazpen bidez jakitera emango da hautaketa-prozesu honetan parte hartzen duten administrazioek nola eragingo dieten emakumeen ordezkaritza txikia zuzentzeari, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko Legegintzako Dekretuaren 66. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek, onartuak izateko, baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte:

a) Aldez aurreko eskaera egitea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea.

c) Gutxienez 1,65 metroko altuera izatea gizonek, eta 1,60 metrokoa emakumeek.

d) 18 urte izatea eta 38 urte bete ez izana. Muga hori konpentsatu ahal izango da Euskal Herriko Poliziaren kidegoetan emandako zerbitzuekin.

e) Batxilergoko titulua edo baliokidea izatea, edo goragoko beste edozein.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuan agertzen den bazterketa medikoen taulan sartuta ez egotea.

g) Dolozko delituagatik kondenatua ez izatea, administrazio publiko baten zerbitzutik bananduta ez egotea, eta funtzio publikoak betetzeko desgaituta edo etenda ez egotea, hargatik eragotzi gabe birgaitzearen onura aplikatzea, arau penalen eta administratiboen arabera.

h) Eskatzailearen adierazpen bidez, armak eramateko konpromisoa hartzea, eta, hala badagokio, armak erabiltzea.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoren edo Udaltzaingo Zerbitzuren batean sartzeko hautaketa-prozeduratik kanpo ez egotea falta astunagatik edo oso astunagatik, salbu eta preskripzio-epearen baliokidea den aldia igaro bada, baztertzeko adierazpenaren datatik kontatzen hasita.

j) Ezintasuneko edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean ez egotea, indarreko araudiaren arabera, praktiketako funtzionarioaren izendapenak ondorioak dituen egunean.

k) Honako gidabaimen hauek izatea:

– B motako baimena, turismoetarako, deialdiko plaza guztietarako eskabideak aurkezteko epearen azken egunean indarrean.

– A1 motako baimena, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean indarrean dagoena:

– Hondarribia.

– A2 motako baimena, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean indarrean dagoena:

– Mungia.

– A2 motako baimena, epaimahaiak plazak behin-behinean esleitzeko eskabideak aurkezteko epea ireki aurreko egunean indarrean dagoena:

– Barakaldo.

– Basauri.

– Irun.

– A2 motako baimena, karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoena:

– Errenteria.

– Laudio/Llodio.

– Tolosa.

– A motako baimena, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean indarrean dagoena, deitutako plaza guztietarako:

– Berango.

– Gorliz.

– A motako baimena, epaimahaiak plazak behin-behinean esleitzeko eskabideak aurkezteko epea ireki aurreko egunean indarrean dagoena:

– Vitoria-Gasteiz.

– A motako baimena, karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoena:

– Zumarraga.

– C1 motako baimena, karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoena:

– Errenteria.

– E motako baimena, karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoena:

– Errenteria.

– Hondarribia.

– Tolosa.

Arestian adierazitako baimenek indarrean egon beharko dute une oro, eskatzen direnetik, gidatzeko eskubidea eten edo kendu gabe, administrazio-izaerakoak edo judizialak izan, eta esleitutako puntu guztiak galdu gabe.

l) Derrigortasun-data igarota duten plazak eskuratu nahi dituztenek 2. hizkuntza-eskakizuna edo hortik gorakoa izatea, edo hautaketa-prozesu honetan horretarako deitzen diren egiaztapen-probak gainditzea (deialdiaren hamargarren oinarrian xedatutakoaren arabera).

m) Eskabidea jaso eta aztertzeagatiko tasa ordainduta izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko maiatzaren 29ko 13/1998 Legean adierazitakoaren arabera, 3.2 oinarrian xedatutakoaren arabera.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eduki beharko dira aipatutako betekizunak, k) letran jasotakoa izan ezik; azken hori deialdian zehazten den egunean eduki beharko da.

3.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dituzte aurreko atalean eskatzen diren baldintzak, k), l) eta m) apartatuetan ezarritako salbuespenarekin, eta karrerako funtzionario izendatu arte mantendu beharko dituzte, Oinarrizko Eskalako agente kategoriarekin, horiek egiaztatzeko prozedura-faseari kalterik egin gabe.

4.– Hautaketa-prozeduraren edozein unetan, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia barne, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak jakiten badu parte-hartzaileetako batek ez dituela deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen, pertsona hori hautaketa-prozeduratik kanpo utziko da, aldez aurretik entzunda.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkeztea.

3.1.– Aurkezpena eta epea.

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean (www.arkauteakademia.eus) eskuragarri egongo den eredu ofizial eta normalizatuan beteko dira.

Eskabidean, oposizioko ariketak zein hizkuntzatan, euskaraz edo gaztelaniaz, egin nahi diren adieraziko da.

Eskabideak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkio. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, eta berekin ekarriko du izangai bakoitzak eskabidean berariazko eta zalantzarik gabeko baimena ematea probak eta ariketa psikoteknikoak egiteko, eta proba horien emaitza balorazio-faktore gisa erabiltzea onartzea, oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera.

Parte-hartzaileek emandako datuak hautaketa-prozedura honetan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko. Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi hori hautaketa-prozedura hau kudeatzera eta prozedura horretatik eratortzen diren aldi baterako kontratazio-zerrendak kudeatzera mugatuko da.

Datuen tratamendua, hirugarrenei lagatzea, eta datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera arautuko dira (2018ko abenduaren 6ko BOE, 294. zk.).

Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua aipatutako Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean aurreikusitakora egokituko da.

Fitxategi horren arduraduna Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezabatzeko eskubideak aipatutako erakunde autonomoaren zuzendari nagusiaren aurrean (N-104, 356. km, 01192 Arkauti – Araba) baliatuko dira.

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak aurkezten dituztenek onartzen dute beren datu pertsonalak oinarri hauetan adierazitako moduan eta xederako erabiltzea.

Interesdunak deialdian aurreikusitako bazterketa medikoen taulara egokitzen direla egiaztatzeko, fitxategi hori legez aurreikusitako baldintzetan tratatu eta laga ahal izango da.

Hautatu gabeko pertsonei dagozkien datuak, hautaketa-prozedura amaitu ondoren, ezabatu egingo dira.

3.2.– Tasa ordaintzea.

Deialdi honen 2.1.m) oinarrian aurreikusitako baldintza betetzeko, eta eskabideak aurkezteko epearen barruan, 15,41 euro ordaindu beharko dira eskabidea jaso eta aztertzeagatiko tasa gisa. Ordainketa erakunde hauetako edozein sukurtsaletan egin ahal izango da: Kutxabank (BBK, Vital, Kutxa Gipuzkoa), Laboral Kutxa, La Caixa, Banco Santander, BBVA, Sabadell/Guipuzcoano, Bankia, Bankoa eta Iparkutxa.

Tasa ordaintzeko bi aukera daude:

a) Off-line ordainketa: kasu horretan, aipatutako finantza-erakunde laguntzaileen bulego-sareko edozein puntutara joan beharko da, eta sistemak emandako hartu-agiria edo bertan jasotako datuak aurkeztu beharko dira. Hartu-agirietan barra-kodea dagoenez, irakurketa optikoa duen kutxazain automatikoaren edo datuak eskuz hartzeko kutxazainaren bidez ordain daiteke.

b) On-line ordainketa: banka elektronikoko sistemaren bidez egin ahal izango da ordainketa.

Eskabideak aurkezteko epearen barruan tasa ordaintzen ez bada, edo ordaindutako kopurua oker ordaintzen bada, prozeduratik kanpo geratuko da, deialdi honetako 2.1.m) oinarriko baldintza ez betetzeagatik. Tasa aurkezteak eta ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea, Hirugarren Oinarriko 1. puntuan adierazitakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

2.– Behin-behineko zerrendan, baztertutako pertsona bakoitzari dagokionez, baztertzeko arrazoiak adieraziko dira, eta 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta eskaerak dituen akatsak zuzentzeko.

3.– Epearen barruan aurkeztutako erreklamazioak onartu edo baztertu egingo dira onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtzen duen ebazpenean. Ebazpen hori hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

4.– Aurreko zerrendetan, bai eta argitaratzen diren guztietan ere, parte-hartzaileen identifikazioa jasoko da, eskaera-zenbakiaren bidez.

Bosgarrena.– Hautaketa-sistema.

1.– Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da: oposizio- eta lehiaketa-sistemak egingo dira, izangaien gaitasuna zehazteko eta haien arteko lehentasun-ordena finkatzeko.

2.– Oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioa bi faseetan lortutakoen batura izango da, gehi, hala badagokio, euskararen ezagutzaren merezimendu gisa egindako ebaluazioaren emaitza, eta izangaien lehentasun-ordena zehaztuko du.

Seigarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Oposizio-lehiaketako probak eta merezimenduak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko, eta parte-hartzaileak hautatzeko, Epaimahai Kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko Legegintzako Dekretuaren aurreikuspenen arabera. Aipatu Epaimahaia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak izendatuko du eta honakoek osatuko dute:

– Mahaiburu batek.

– Hiru bokalek, hautaketa-prozesu honetan parte hartzen duten toki-korporazioen artetik EUDELek proposatuta.

– Bi bokalek, Segurtasun Sailak proposatuta.

– Idazkari batek (hitza izango du, baina botorik ez).

– IVAPek proposatuta izendatutako pertsona bat Epaimahaiko kide izango da deialdian eskatzen diren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetan.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpen baten bidez, hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan, epaimahai kalifikatzailea eta haren ordezkoak izendatuko dira. Kideen osaera inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioetara egokituko da, bai eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipiora ere.

Epaimahai kalifikatzaileko kide izatea modu indibidualean izango da beti, eta ezin izango da inoren ordezkari edo inoren kontura izan.

Ezin izango dira Epaimahai Kalifikatzaileko kide izan hautaketa edo izendapen politikoko langileak, behin-behineko langileak, bitarteko funtzionarioak edo aldi baterako lan-kontratudunak, ezta azken bost urteetan enplegu publikora sartzeko izangaiak prestatzen aritu diren pertsonak ere.

Epaimahai kalifikatzaileko kideak abstenitu egin beharko dira arrazoi pertsonalak, profesionalak edo beste edozein motatakoak direla-eta beren inpartzialtasuna zalantzan jar daitekeen egoeretan, bai eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako egoeretan ere.

Espezialitatearen printzipioaren arabera, botoa emateko eskubidea duten kide guztiek sartzeko eskatzen den maila akademiko bereko edo handiagoko titulazioa izan beharko dute, eta horien erdiek, gutxienez, jakintza-arlo berari dagokion titulazio bat.

Ordezkaritza orekatuaren printzipioaren arabera, justifikatutako ezintasunik ezean, Epaimahai Kalifikatzailearen osaera orekatua izango da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen artean. Sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duenean, ordezkaritza orekatutzat joko da.

Kalifikazio Epaimahaiak bere lanetan aholkulari espezialistak sartzea erabaki ahal izango du, beren espezialitateak gauzatzean aholkularitza eta lankidetza teknikoa ematera mugatuko direnak. Aholkulari horien jarduna ere objektibotasun-, inpartzialtasun-, eta konfidentzialtasun-printzipioen mende egongo da.

2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jarduna kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen duten arauen araberakoa izango da.

Epaimahaia osatzen duten pertsonek zerbitzuagatik dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, bertaratzeak barne, gai horri buruz indarrean dagoen araudiaren arabera.

Era berean, probetan zaintza- eta kontrol-lanak egiten dituzten laguntzaileek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, indarrean dagoen araudiaren arabera.

3.– Epaimahai Kalifikatzaileak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

4.– Epaimahai Kalifikatzaileak neurri egokiak hartuko ditu oposizio-faseko ariketak, Epaimahaiaren aurrean idatzi eta irakurri behar ez direnak, zuzenduko direla bermatzeko, izangaien nortasuna jakin gabe.

5.– Epaimahai Kalifikatzaileak hautaketa-sistema garatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu oinarri hauetan aurreikusi ez den guztirako, eta sistemaren interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gai guztiak ebatzi ahal izango ditu, bai eta bere eginkizunak betetzeko ere. Era berean, Epaimahai Kalifikatzaileak arau hauek aplikatzean sor daitezkeen zalantza guztiak argituko ditu, bai eta aurreikusi gabeko kasuetan egin beharrekoak ere.

6.– Epaimahai Kalifikatzaileak ezin izango du deialdiko plaza kopurua baino hautagai gehiago hautatu, eta muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.

7.– Epaimahai kalifikatzailearen erabakiak, probak edo ariketak egiteko datak eta horien emaitzak hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira.

8.– Epaimahai Kalifikatzailearen jarduketei eta/edo argitalpenei buruzko alegazioak, bai eta hari zuzendutako edozein idazki ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiara bidaliko dira, eta baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko dira, helbide honetan:

2022euskalpolizia@seg.euskadi.eus

Epaimahaiak bide beretik erantzungo die jasotzen dituen idazkiei.

Zazpigarrena.– Oposizioa.

Oposizioa honako proba hauek egitean datza:

1.– Lehen proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, proba psikoteknikoa izango da, eta hautagaien gaitasunak neurtzea izango du helburu. Proba horri 0 eta 120 puntu artean emango zaizkio. Lehen proba horretan, lau ariketa egin beharko dira, denak ere nahitaezkoak eta baztertzaileak. Ariketa bakoitza 0tik 30 puntura bitartean baloratuko da.

a) Arrazoitze-ariketa.

b) Pertzepzio gaitasunari buruzko ariketa (identifikazioa, diferentziazioa...).

c) Gaitasun espazialei buruzko ariketa.

d) Hitzezko gaitasunari buruzko ariketa.

Ariketa bakoitzean test erako galdetegi bat erantzun beharko da idatziz.

Testerako galdetegi bakoitzeko galdera bakoitzak lau erantzun aukera izango ditu eta bat bakarra izango da zuzena.

Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza asmatutako erantzun bakoitzaren balioaren herenarekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi erantzun dituztenak ez dira zigortuko.

Proba hori gainditzeko, beharrezkoa izango da lau ariketetan, bakoitzean, gutxienez 10 puntu lortzea (beharrezkoa den gutxieneko puntuazio-atalasea), eta gutxienez 60 puntu proba osatzen duten lau ariketen baturan.

Hautaketa-sistemaren ordena ona izan dadin, Epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila aintzat hartuta eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, ariketa bakoitza gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta erabaki hori argitaratuko du. Horrelakoan, ariketa bakoitzeko puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai Kalifikatzaileak formula hau aplikatuko du:

HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m))

Hau da:

HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.

APgeh = Ariketan gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (deialdiaren oinarrien arabera, ariketan lor daitekeen gehieneko puntuazioa: 30 puntu).

PZ (Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena) = Erantzun zuzenak – (errore kopurua x 0,333).

m = Epaimahaiak ezarritako ariketa gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazio-atalasea.

PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (Proban gehienez lortzen den puntuazio zuzena).

2.– Bigarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, ezagutza-proba, test motako galdetegi bat idatziz erantzutean datzana.

Edukiak zehazteko, I. eranskineko gai-zerrendan jasotakoa hartuko da kontuan.

Test erako galdera-sorta bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta horietako bat bakarrik izango da zuzena.

Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza asmatutako erantzun bakoitzaren balioaren herenarekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi erantzun dituztenak ez dira zigortuko.

Proba hau 0 puntutik 150 puntura baloratuko da, eta gutxienez 75 puntu lortzen ez dituztenak automatikoki baztertuko dira.

Hautaketa-sistemaren ordena ona izan dadin, Epaimahai Kalifikatzaileak, eska daitekeen gutxieneko maila kontuan hartuta, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila aintzat hartuta eta izangaien nortasuna ezagutu aurretik, proba gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ezartzeko gutxieneko puntuazioa erabaki ahal izango du, erabaki hori publiko eginez. Kasu horretan, proba honetako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan deskribatutakoaren arabera, Epaimahai Kalifikatzaileak honako formula hau aplikatuko du:

HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m))

Hau da:

HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.

APgeh = Proban gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (Deialdiaren oinarrien arabera, proban lor daitekeen gehieneko puntuazioa: 150puntu).

PZ (Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena) = Erantzun zuzenak – (errore kopurua x 0,333).

m = Epaimahaiak ezarritako ariketa gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazio-atalasea.

PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (Proban gehienez lortzen den puntuazio zuzena).

3.– Hirugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: proba psikoteknikoa. Proba honi 0 eta 150 puntu artean emango zaizkio. Hirugarren proba honetan, bi ariketa egin beharko dira, biak ere nahitaezkoak eta baztertzaileak:

a) Nortasun-testa: ariketa honen helburua da ebaluatzea hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenen nortasun-ezaugarri nagusiak eta asaldura eta moldatu ezina neurtzeko adierazleak. Proba honetan, 0 puntutik 100era emango dira, eta kanpoan utziko dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dutenak. Proba hori baloratu ahal izateko, item guztiak erantzun beharko dira: erantzun bat edo gehiago zuri uzten badira, 0 puntu emango dira proban.

b) Nortasun-testa: lan-jarduerarekin lotutako jokabideak neurtzea du helburu. Proba honetan, 0 puntutik 50era emango dira, eta kanpoan utziko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dutenak.

Bi ariketa horiek lotuta egongo dira deitutako lanpostuaren profil profesionalarekin.

Hirugarren proba horretako bi ariketetan lortutako datuak ondorengo probetan ere erabili ahal izango dira, neurketa-tresna gisa.

4.– Laugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, gaitasun fisikoari buruzkoa. Proba honi 0 eta 80 puntu artean emango zaizkio. Deialdi honetako II. eranskinean deskribatzen diren lau ariketak egitean datza. Emaitzen balorazioa eranskin horretan bertan zehazten diren baremoen arabera egingo da.

Proba hori gainditzeko, beharrezkoa izango da ariketa bakoitzean gutxienez 10 puntu lortzea, eta gutxienez 40 puntu proba osatzen duten lau ariketen baturan.

Ariketa fisikoak egitearen gaineko erantzukizuna parte-hartzaileena bakarrik izango da. Ariketak egiteko, bestalde, kirola egiteko ekipamendu egokia ekarri beharko dute.

5.– Bosgarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: aurrez aurreko elkarrizketa bat, helburu duena neurtzea hautagaiek jokabide eta gaitasun egokiak dituzten, deitutako lanpostuaren profil profesionaleko eginkizunak eta atazak betetzeko. Proba hori 0 puntutik 50era baloratuko da, eta gutxienez 25 puntu lortu beharko dira hori gainditzeko. Probarako ezarritako baremoen arabera baloratuko da proba; baremo horiek III. eranskinean daude zehaztuta.

Elkarrizketaren ariketa egin aurretik, prozesuan parte hartzen dutenek curriculum vitae sinplifikatu bat bete beharko dute, eskuratuko zaien eredu normalizatuaren arabera. Curriculum hori ez da puntuagarria izango, eta elkarrizketa egiteko oinarri gisa baino ez da erabiliko.

Zortzigarrena.– Oposizioko proben garapena.

1.– Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte ezin izango dira probak hasi.

2.– Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta lekua gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko dira, Hogeita batgarren Oinarrian aurreikusitako moduan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Gainerako probak egiteko iragarkiak ere Hogeita batgarren Oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira, gutxienez 72 ordu lehenago, Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiaren bidez.

3.– Epaimahai Kalifikatzaileak oposizioa osatzen duten probak eta ariketak Zazpigarren Oinarrian ezarritakoaz bestelako hurrenkeran egitea erabaki ahal izango du, bai eta egun berean ariketa bat baino gehiago egitea ere. Kasu horretan, proben eta/edo ariketen emaitzen argitalpenek deialdiko oinarrietan ezarritako hurrenkerari jarraituko diote. Proba eta/edo ariketa bakoitzaren emaitzak zazpigarren oinarriko ordenari jarraituz aurrekoa gainditu dutenei dagokienez bakarrik argitaratuko dira.

4.– Epaimahaiaren deialdira agertzen ez direnak automatikoki baztertuko dira hautaketa-prozeduratik, adierazitako egunean, orduan eta tokian nahitaezko probak eta/edo ariketak egiteko, baita ezinbesteko arrazoiengatik ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba eta/edo ariketa egiten parte hartzen dutenei, proba eta/edo ariketa horiek egiten hasi ondoren.

Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago baditu, ez agertzea edo atzeratzea ariketa horietako edozeini dagokiola ulertuko da.

Arestian ezarritakoaren salbuespen gisa, eta hautaprobetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, emakumeek, haurdunaldian, erditzean edo erditu ostean, gaitasun fisikoko proba egiten badute, eta inguruabar horiek Epaimahai Kalifikatzaileari jakinarazten bazaizkio proba egin aurretik eta mediku-ziurtagiriaren bidez egiaztatzen bada, proba atzeratzeko aukera izango dute, gehienez ere 4 hilabete atzerapena eragin zuen egoeraren amaieratik. Hala ere, gainerako probak egin beharko dituzte, behar diren egokitzapenak eginda.

5.– Proba eta ariketetara indarreko nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko da, eta Epaimahai Kalifikatzaileak une oro eskatu ahal izango du agiri hori aurkeztea.

6.– Proba baztertzaile bakoitza amaitzean, Hogeita batgarren Oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira hautaketa prozeduran parte hartzen dutenek lortutako emaitzak, Epaimahai Kalifikatzailearen erabaki bidez, eta berariaz adieraziko da zer puntuazio lortu duten. Proba eta/edo ariketen emaitzak bi hamartarrekin argitaratuko dira.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dira oposizioko probak.

Bederatzigarrena.– Lehiaketa.

1.– Lehiaketa-fasearen kalifikazioa oposizio-fasea gainditu duten pertsonei soilik aplikatuko zaie.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik hartutako merezimenduak baino ezin izango dira ebaluatu.

3.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta bertan lortutako puntuazioak ezingo dira kontuan hartu oposizio-faseko probak gainditzeko.

4.– Lehiaketa-fasean merezimenduak baloratuko dira, 160 punturaino, baremazio honen arabera:

4.1.– Titulazio eta diploma ofizialak baloratuko dira, eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak hala aitortutakoak soilik hartuko dira halakotzat.

Gehienez 60 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:

a) Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 1. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruko 5. maila) kokatutako titulazio ofiziala 20 punturekin baloratuko da.

b) Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 2. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruko 6. maila) kokatutako titulazio ofiziala 40 punturekin baloratuko da.

c) Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3. mailako edo goragoko titulazio ofiziala (Kualifikazioen Europako Esparruko 7. maila edo goragokoa); 60 puntu emango dira.

Titulazio bakarra baloratuko da, aurkeztutako titulazioen artean mailarik handiena duena beti.

4.2.– Ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea. Hizkuntza horien ezagutza IV. eranskinean jasotako ziurtagiri ofizialen bidez egiaztatzea baloratuko da. Gehienez 60 puntu emango dira, honako xehetasun eta maila hauen arabera:

a) Tarteko maila (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko B2 edo baliokidea): 20 puntu hizkuntza bakoitzeko.

b) Maila aurreratua (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko C1 edo goragoko maila edo baliokidea): 30 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntza berak ezin izango du balorazio bat baino gehiago eragin; beraz, mailarik altuena duena bakarrik hartuko da kontuan.

4.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoko kidegoetan edo Ertzaintzan Oinarrizko Eskalako agente gisa emandako zerbitzuak: 0,05 puntu, emandako zerbitzu-egun bakoitzeko; 40 puntu, gehienez.

Emandako zerbitzuak egiaztatzeko, dagokion administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da (Herri Administrazioan Aldez Aurreko Zerbitzuak Aitortzeari buruzko abenduaren 26ko 70/1978 Legearen I. eranskineko eredua).

5.– Eskabidean merezimenduei buruzko atal zehatz eta bereizi bat egongo da. Eskabidearen atal horretan alegatu eta egiaztatu ez diren merezimenduak ezin izango dira inola ere baloratu edo kontuan hartu. Eskaera ez den beste atal batean alegatuta eta/edo egiaztatuta egonez gero ere, Epaimahai Kalifikatzaileak ez ditu baloratuko. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan egiaztatu ahal izango du.

Hamargarrena.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea eta euskararen ezagutza baloratzea.

1.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea.

Prozesuan parte hartzen duten pertsonek hizkuntza-eskakizunak dituztela egiaztatu ahal izango dute agiri ofiziala aurkeztuz edo horretarako deitutako proba espezifikoen bidez.

Derrigortasun-data igarota duten plazak eskuratu nahi dituzten pertsonek agiri bidez egiaztatu ahal izango dute 2. hizkuntza-eskakizuna edo goragoko bat dutela (Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 maila edo goragokoa), edo hautaketa-prozesu honetan horretarako deitzen diren egiaztapen-probak gainditu ahal izango dituztela.

1.1- Agirien egiaztapena.

Zenbaketa egiteko, hautaketa-prozesuaren barruan bai betekizun gisa bai merezimendu gisa hizkuntza-eskakizunak dituzten pertsonek agiri bidez justifikatu beharko dute, hautaketa-prozesu honen barruan deitutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko lehen proba egin baino bi egun lehenagora arte.

Ez da beharrezkoa izango Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) jasota dauden datuak egiaztatzea. Prozesu honetan parte hartzeak berekin dakar Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari zalantzarik gabeko baimena ematea datu horiek erregistro horretan kontsultatzeko.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila horien baliokideak diren titulazioak azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan (Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliozkotzeari eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeari buruzkoa) eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan (euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzeari eta hizkuntza titulu eta ziurtagiriekin egiaztatzetik salbuesteri buruzkoa) jasotzen dira.

1.2.– Berariazko proba baten bidez egiaztatzea.

Eskainitako plazetan ezarritako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko, borondatezko proba bat edo batzuk egingo dira, Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailari (2. hizkuntza-eskakizuna) eta C-1 mailari (3. hizkuntza-eskakizuna) dagokien zailtasun-mailarekin.

IVAPek proposatuta izendatutako pertsona bat Epaimahai Kalifikatzaileko kide izango da deialdian eskatzen diren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetan.

Proba hau edo horiek egiteko eguna eta lekua jendaurrean jarriko dira, Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiaren bidez, Hogeita batgarren Oinarrian aurreikusitako moduan.

2.– Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea.

Egiaztapena Oinarri honen aurreko atalean aipatutako moduan egin ahal izango da.

Izangaien euskararen ezagutza-maila baremo hauen arabera baloratuko da:

– Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 maila: 60 puntu.

– Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-1 maila: 80 puntu.

Euskararen ezagutza egiaztatzeko, borondatezko proba bat edo batzuk egingo dira, Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 eta C-1 mailei dagokien zailtasun-mailarekin.

IVAPek proposatuta izendatutako pertsona bat izango da Epaimahai Kalifikatzaileko kide euskararen ezagutza egiaztatzeko probetan.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailen baliokideak diren titulazioak dituztenei, Epaimahai Kalifikatzaileak dagozkion puntuak emango dizkie, aurreko paragrafoan aurreikusitako proba edo probak egin beharrik izan gabe.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila horien baliokideak diren titulazioak azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan (Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliozkotzeari eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeari buruzkoa) eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan (euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzeari eta hizkuntza titulu eta ziurtagiriekin egiaztatzetik salbuesteari buruzkoa) jasotzen dira.

Urriaren 16ko 222/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak informazioa eskatu ahal izango du hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten pertsonek lortutako euskararen ezagutza-egiaztapenei buruz. Prozesu honetan parte hartzeak berekin dakar Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari argi eta garbi baimena ematea datu horiek kontsultatzeko Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB), bai eta hautaketa-prozesu honetan parte hartzen duten pertsonei dagozkien tituluak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren mailarekin parekatuta egotea ere. Baimen hori eskabidean eman beharko da.

Era berean, euskararen ezagutza egiaztatzeko lehenengo proba egin baino bi egun lehenago arte, hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten pertsonek euskararen ezagutza dutela egiaztatzeko agiriak onartuko dira.

Proba hau edo hauek egiteko eguna, ordua eta lekua jendaurrean jarriko dira, Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiaren bidez, Hogeita batgarren Oinarrian aurreikusitako moduan.

Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketan onartutako pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrenda.

1.– Oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioa bi faseetan lortutako puntuazioen batura izango da, gehi, hala badagokio, euskararen ezagutzaren merezimendu gisa egindako ebaluazioaren emaitza, eta izangaien lehentasun-ordena zehaztuko du. Sailkapen-ordenan puntuazioarekiko berdinketak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako irizpidearen arabera ebatziko dira. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, oposizioko bigarren proban puntuazio altuena lortu duenaren alde ebatziko da, eta, era subsidiarioan, euskararen ezagutzaren balorazioan puntuaziorik altuena lortu duenaren alde.

Epaimahai kalifikatzaileak onartu eta argitaratu egingo du proba gainditu dutenen behin-behineko zerrenda, dagozkion kalifikazioen arabera, puntuazio-hurrenkerarekin bat etorriz.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko zerrenda argitaratu eta 10 egun balioduneko epean, interesdunek egoki iritzitako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte zerrenda horren aurka, eta behin betiko zerrenda onartu baino lehen ebatziko dira erreklamazio horiek.

3.– Epaimahaiak, epe hori igarotakoan, Seigarren Oinarriko zazpigarren apartatuan aurreikusitakoarekin bat etorriz, onartu eta Hogeita batgarren Oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko du behin betiko zerrenda, dagozkion kalifikazioen arabera.

Hamabigarrena.– Deitutako plazetarako aukera.

Horrela zerrendatutako pertsonek, sailkapen-ordenari eta hizkuntza-eskakizunaren egiaztapenari jarraituz, epaimahai kalifikatzailearen erabakiaren bidez, destinoa aukeratu ahal izango dute prozesuan parte hartzen duten administrazioen artean.

Eskabideak aurkezteko epea gutxienez hiru egun natural lehenago argitaratuko da. Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiaren bidez argitaratuko da destinoko eskabideak aurkezteko epea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko Legegintzako Dekretuaren 66.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, deitutako lanpostu hutsen esleipena hautagaien azken zerrenda bakarrari jarraituz egingo da, lortutako puntuazio-ordenaren eta berdinketa hausteko legezko irizpideen arabera. Horretarako, 11.1 oinarrian zehaztutako zerrenda erabiliko da.

Destinoak izangaien artean esleituko dira, eskabidearen eta lortutako puntuazio-ordenaren arabera, betiere eskatutako lanpostuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Deitutako destino guztiak bete beharko dira, baldin eta hautagaiak oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen baditu.

Eskainitako destino guztiak benetan bete ahal izateko, Epaimahai Kalifikatzaileak aukeran jartzeko ahalmena eman ahal izango die eskainitako lanpostuak baino pertsona gehiagori, eta ezin izango dira esleitu benetan deitutako destinoak baino gehiago.

Epaimahaiak argitara emango du horrela lortutako destinoen behin-behineko esleipena.

Ondoren, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko Legegintzako Dekretuaren 66. artikuluan ezarritakoa betetzen dela egiaztatuko da, segurtasun-zerbitzu publikoan emakumeen eta gizonen presentzia orekatzeko.

Aipatutako lege-testuko 66. artikuluan aipatzen den ehunekoaren helburua ez bada lortzen artikulu horretan xedatutakoaren arabera, lehentasuna emango zaie emakumezko hautagaiei, lortu nahi den helburua bete arte, baldin eta:

a) Hautaketa-sistemako oposizio-faseko probak eta ariketak gainditzeak baldintzatutako gaitasun-baliokidetasuna badago.

b) Lehentasun hori aplikatuz hautatutako emakumezko hautagaietako batek ere ez badu % 15etik gorako puntuazio-diferentzialik oposizio-faseetan eta, hala badagokio, lehiaketa-faseetan, hautaketa-sistemaren arabera, alde batera utzitako gizonezko hautagaien aldean.

c) Beste hautagaiak ez badu betetzen legez aurreikusitako arrazoirik, sexu diskriminaziorik eragiten ez duenik, eta neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duenik, hala nola enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide bada.

Aurreko paragrafoan aipatzen den lehentasuna aplikatuko da, baldin eta hautaketa-prozesuaren deialdian aipatzen den kidego, eskala eta kategorian emakumezko funtzionarioen % 33 edo gehiago ez badago.

Aipatutako 66. artikuluan administrazio parte-hartzaileei buruz ezarritakoa aplikatzeko, prozesu honetan parte hartzen duen administrazio bakoitzak eskainitako plaza-kopuru handienetik txikienera arteko hurrenkerari jarraituko zaio, eta, berdintasunik badago, hurrenkera alfabetikoaren arabera.

Hamahirugarrena.– Hautatutako pertsonen zerrenda.

1.– Aurreko oinarrian ezarritako izapidea egin ondoren, Epaimahaiak, Hogeita batgarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera, hautatutako pertsonen zerrenda onartu eta argitaratuko du, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritzari eta hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten Toki-korporazioetako organo eskudunei bidaliko die. Hautaketa-prozedura gainditu eta deitutako plaza-kopuruan lekua dutenek osatuko dute lanpostua lortu dutenen zerrenda.

2.– Betekizunak egiaztatzea.

Horrela hautatutako pertsonek jatorrizko dokumentuak edo deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak egiaztatzen dituzten kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, Epaimahai Kalifikatzailearen erabakia argitaratu eta hurrengo 15 egun balioduneko epean. Interesdunak eskatuta, eta ezinbesteko kausaren bat gertatuz gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzak epe hori luzatu ahali zango du gehienez ere 10 egun balioduneko beste batez.

3.– Baldintzak ez betetzea edo ez egiaztatzea.

Ez da praktiketako funtzionariorik izendatuko aurreko zenbakian adierazitako epearen barruan, edo luzapenetik, hala badagokio, deialdian parte hartzeko eskatzen diren betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeari buruzko dokumentazioa aurkezten ez dutenak, ez eta deialdian parte hartzeko edo hura aztertzeko dokumentazioa aurkezten ez dutenak edo bazterketa medikoen taula egiaztatzen dutenak ere, baldin eta eskatutako baldintza edo betekizunen bat ez dutela ondorioztatzen bada. Era berean, beren jardun guztiak ondoriorik gabe geratuko dira, eta izendapenerako izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte; horrek ez du eragotziko, halaber, beren eskabidea faltsutzeagatik izan dezaketen erantzukizuna. Kasu horietan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak erabakiko du hautaketa-prozeduratik kanpo uztea eta ordeztea, dagokion sailkapen-ordenaren lehentasun-hurrenkerari jarraituz, baztertze horren ondorioz deialdiko plaza-kopuruan lekua duten pertsonek eskatutako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Hamalaugarrena.– Praktiketako funtzionarioen izendapena.

1.– Hautatutako pertsonek behar bezala egiaztatu badute deialdiaren baldintzak betetzen dituztela, hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten administrazio publikoetako organo eskudunak izendatuko ditu praktiketako funtzionario, eta Hogeita batgarren Oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

Praktiketako funtzionario izendatutako pertsonek egoera horretan jarraituko dute prestakuntza-ikastaroa hasten denetik karrerako funtzionario izendatu arte edo hautaketa-prozeduratik kanpo utzi arte.

2.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ezarriko da prestakuntza-ikastaroa noiz hasiko den.

Hamabosgarrena.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia.

1.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, banaka hartuta, eta horiek ez gainditzeak hautaketa-prozeduratik kanpo geratzea ekarriko du, bai eta deialdi honetan aipatzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako eta Udaltzaingo Zerbitzuetako Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko gainditu ez dituenak izan ditzakeen eskubide guztiak galtzea ere.

2.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia ezin izango dira aldi berean egin, eta horietako bakoitzaren iraupena, ez eta metatutakoa ere, ezin izango da 30 hilabetetik gorakoa izan.

3.– Prestakuntza-ikastaroa.

a) Prestakuntza-ikastaroa ikasturte akademiko bat izango da, nahitaezkoa eta baztertzailea, eta haren edukiak, ebaluatzeko eta gainditzeko moduak eta iraupena Ikasketa-planean eta aplikatu beharreko araudian zehaztutakoak izango dira.

b) Prestakuntza-ikastaroko kalifikazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak argitaratuko ditu, Hogeita batgarren Oinarrian aurreikusitako moduan.

c) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak adieraziko du prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak baztertuta daudela.

d) Ikastaroaren lehen egunean prestakuntza-ikastarora ez sartzeak automatikoki baztertuko du sartu ez den pertsona, salbu eta behar bezala egiaztatutako ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada eta aldez aurretik eskatzen bada. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio ezinbesteko kasua hautematea, eta berari dagokio dagokion ebazpena hartzea.

e) Prestakuntza-ikastaroan ez sartzeagatik bete ez den plaza eskaini egingo da, eta hurrengo pertsonak beteko du, Hamabigarren Oinarriko prozeduraren arabera esleitutako plazarik gabe geratu bada eta horretarako ezarritako baldintzak betetzen baditu.

4.– Praktikaldia.

a) Prestakuntza-ikastaroa gainditzen dutenek praktikaldia egingo dute beren jarduera-arloen arabera prestakuntza integrala lortzeko egokienak diren zentroetan edo bulegoetan, eta dagokion Polizia Kidegoko edo Zerbitzuko polizia-zerbitzuen egitura eta funtzionamendua bereziki ezagutuko dituzte.

b) Praktikaldia hasi aurretik, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak Ebazpena emango du, praktikaldiaren iraupena, balorazio-sistemak eta prozedurak eta praktikaldiko destinoak eta horietan hasteko data ezartzeko. Ebazpen hori Hogeita batgarren Oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

c) Praktikaldian, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agentearen kategoriari dagozkion zereginak betetzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Ebaluazioa praktikaldiak irauten duen bitartean gertatzen diren gertakariei buruzkoa izango da soilik.

d) Praktikaldiko kalifikazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak jakinaraziko ditu, Hogeita batgarren Oinarrian aurreikusitako moduan.

e) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak adieraziko du praktikaldia gainditzen ez duten pertsonak baztertuta daudela.

Hamaseigarrena.– Hautaketa-prozeduraren behin betiko sailkapena eta karrerako funtzionarioen izendapena.

1.– Hautaketa-prozeduraren behin betiko sailkapen-ordena zehazteko, hautaketa-sisteman lortutako kalifikazioak, prestakuntza-ikastaroarenak eta praktikaldiarenak batuko dira eta prozesu honetan parte hartzen duten Polizia Kidego edo Zerbitzu bakoitzerako desberdindu egingo da. Agindu hori Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez argitaratuko da, Hogeita batgarren Oinarrian aurreikusitako moduan.

2.– Praktikaldia amaitu eta hurrengo bi hilabeteen barruan, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak proposatuta, administrazio publikoetako organo eskudunak hautaketa-prozedura gainditu dutenak izendatuko ditu karrerako funtzionario, oinarri hauen arabera.

Dagokion administrazioko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente izendapena egingo da.

3.– Izendapena indarrean dagoen araudian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

Hamazazpigarrena.– Praktiketako funtzionarioen araubide juridikoa.

1.– Praktiketako funtzionario gisa, dagokion administrazioaren aldetik, sartu nahi duten kategoriako sailkapen taldeari dagozkion soldataren eta aparteko ordainsarien baliokidea den ordainsaria jasoko dute, eta, praktikak lanpostu batean egiten badira, lanpostu horri esleitutako ordainsari osagarrietan gehituko da.

2.– Praktiketako funtzionarioei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren barne-araudia eta Barne Erregimeneko Erregelamendua aplikatuko zaie prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian. Era berean, diziplina-araubideko kasuetan, egitate hori ez bada irakaskuntza-diziplinaren falta soila, osagarri gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen diziplina-araubideko arauak aplikatuko dira.

3.– Prestakuntza-ikastaroa edo praktikaldia gainditu ez izana edo ez-gai deklaratzea, bai eta oinarri honen aurreko paragrafoan aipatzen diren arauen arabera astuntzat edo oso astuntzat tipifikatutako arau-hauste bat egiteagatik zehapen bat ezartzea ere, hautaketa-prozeduratik automatikoki kanpo uzteko arrazoi espezifikoak dira, bai eta prozedura horretatik eratorritako eskubide guztiak galtzea ere, Euskal Herriko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko.

Era berean, prestakuntza-ikastaroari aplika dakizkiokeen ebaluazio-irizpideekin bat etorriz, Ikasketa-planean jasotako ikasgaien ebaluazio partzialetik ondorioztatzen bada ezinezkoa dela prestakuntza-ikastaroa gainditzea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hura baztertzea proposatu ahal izango dio praktiketako funtzionario izendatu duen organoari, ukitutako pertsonari entzun ondoren.

4.– Prestakuntza-ikastarora Ikasketa-planean aurreikusitako gehienekoa baino denbora gehiago huts egiten badu, hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko da automatikoki, Barne Erregimeneko Erregelamenduaren arabera ezinbesteko kausarik ez badago behintzat.

5.– Prestakuntza-ikastarorik ez izatea dakarren edozein baimen edo lizentzia hartzeko eskaera Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian aurkeztu beharko da, eta aldez aurretik Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Prestakuntza Ataleko Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren Arloko Burutzak baimendu beharko du. Zerbitzuaren beharren araberako lizentziak edo baimenak hartzeko, horiek existitzen direla ulertuko da, baldin eta derrigorrezko irakaskuntza-jarduera programatuta badago.

6.– Praktikaldian Hamabosgarren Oinarriko 4.b zenbakian aipatzen den ebazpenean ezarritako epea baino epe luzeagoan ez bertaratzeak hautaketa-prozesutik automatikoki kanpo geratzea ekarriko du, ezinbesteko kausarik ez badago behintzat.

7.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ezinbesteko kasua dagoela ikusi ondoren, horrek praktiketako funtzionarioaren izendapena egin duen organoari proposatu ahal izango dio ukitutako pertsonak ikasturte osoa errepikatu ahal izatea egiten diren hurrengo ekitaldietan, edo praktikaldi osoa errepikatu ahal izatea edo praktikaldia osatu ahal izatea, ezinbesteko inguruabarrak desagertu ondoren, betiere hala eskatzen badu.

8.– Prestakuntza-ikastaroaren edo praktikaldiaren kalifikazioa etenda geratuko da, baztertzeko arrazoiren bat gertatzen bada, harik eta hasitako baztertze-espedientea ebatzi arte.

9.– Prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian hautaketa-prozeduratik kanpo geratu diren pertsonek armamentua, dokumentazioa eta emandako ekipo mota guztiak itzuliko dituzte.

10.– Prestakuntza-ikastaroa edo praktikaldia borondatez uzteak edo prestakuntza-ikastarora ikasketa-planean aurreikusitako gehienekoa gainditzen duen denboraz huts egiteak, karrerako funtzionario izendatu aurretik ezinbesteko arrazoiren bat dagoenean izan ezik, dagokion administrazioari aukera emango dio uko egiten duen pertsonari bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzul ditzan eskatzeko.

Horretarako, jarduketa hauen ondoriozko zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:

– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (indarrean dagoen prezio publikoei buruzko araudiaren arabera).

– Prestakuntza-ikastaroan ordaindutako ordainsariak.

– Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipazio pertsonalaren zenbatekoa.

Hemezortzigarrena.– Bazterketa medikoen taulara egokitzea.

1.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautaketa-prozeduraren edozein unetan egiaztatu ahal izango du ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuan (2.1.f oinarria) agertzen den bazterketa medikoen taulan sartuta.

2.– Hori alde batera utzi gabe, prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian edo horiek amaitzean, praktiketako funtzionario izendatutako pertsonei behar adina proba mediko egin ahal izango zaizkie, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuan ezarritako bazterketa medikoen taulara egokitzen diren egiaztatzeko. Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak Mediku-epaimahai bat izendatuko du, eta Hogeita batgarren Oinarrian aurreikusitako moduan izendatuko da.

3.– Mediku-epaimahaia mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute. Otsailaren 28ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da.

4.– Mediku-epaimahaiak egiten dituen txostenak arrazoitu egin beharko dira hautapen-prozesutik baztertzeko arrazoiren bat dagoela ikusten denean, eta jarraitzen den prozedurak, nolanahi ere, errespetatu egingo du ukitutako pertsonaren entzunaldi-eskubidea.

Mediku-epaimahaiak proba medikoak egitea atzeratu ahal izango du, proba horiek egin behar zaizkion pertsonaren inguruabarren arabera, proba horiek egiteko unean ezintasun iragankorreko egoeran badago.

5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia izango da organo eskuduna bazterketa medikoen taulan aurreikusitako arrazoiengatik baztertzea deklaratzeko.

6.– Oinarri honetan aurreikusitako Mediku-epaimahaiari Seigarren Oinarriko 2. eta 7. zenbakietan jasotako arauak aplikatuko zaizkio.

Hemeretzigarrena.– Bigarren Oinarriko 1.g) betekizuna.

Bigarren oinarriko 1.g) apartatuan ezarritako betekizuna egiaztatzeko, eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, parte-hartzaileek baimena ematen diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralari eskatzeko dolozko delituagatik kondenatuak izan ez direla eta Administrazio Publikoaren zerbitzutik bereizi ez direla egiaztatzen duen ziurtagiria, eta funtzio publikoak betetzeko ezgaituta ez daudela.

Baimen hori idatziz eta sinatuta eskatu ahal izango du hautagaiak hautaketa-prozesuaren edozein unetan.

Oinarri honetako lehenengo paragrafoan adierazitako ziurtagiria lortzea ezinezkoa bada, deialdia egin duen organoak izangaiei eskatu ahal izango die gehienez ere 10 egun balioduneko epean ziurtagiri hori aurkezteko.

Hogeigarrena.– Egiteke dagoen prozedura penala edo administratiboa.

1.– Hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten pertsonek dolozko delituagatiko kondena, administrazio publikoetako kidegoren bateko zerbitzutik banatzea edo funtzio publikoetan aritzeko gaitasunik gabe uztea ekar dezakeen prozedura penal edo administratiboa irekita badute edo geroago irekitzen bazaie, prozedura horretatik kondena edo banatzerik gabe atera beharko dute hautaketa-prozeduran onartzeko, bertan jarraitzeko edo dagokion kategorian sartzeko.

2.– Aurreko oinarrian aipatutako alderdiak edo interes berezitzat jo daitezkeen beste batzuk egiaztatzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzak zinpeko adierazpena eskatu ahal izango die pertsona horiei hautaketa-prozeduran dauden bitartean.

Adierazpen horretan, hautaketa-prozedura gainditzeko garrantzitsuak izan daitezkeen datuak faltsuak badira edo falta badira, Barne Erregimeneko Erregelamenduan aurreikusitako erantzukizunak sortuko dira.

Hogeita batgarrena.– Argitalpenak.

Aurkako xedapen espresurik ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki oholean egingo dira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Iragarki-oholean argitaratutako data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean egiten diren argitalpen guztiak Toki-korporazioek ezarrita dituzten iragarki-oholetan edo web-orrietan kontsultatu ahal izango dira, bai eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean ere.

Hogeita bigarrena.– Aldi baterako lan-poltsa.

EAEko Polizia Kidegoetako edo Udaltzaingo Zerbitzuetako beharren arabera, hautaketa-prozedura hau gainditu eta bertan plazarik lortu ez duten pertsonak, indarrean dagoen Udaltzaingoko bitarteko agenteen lan-poltsan sartu ahal izango dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez hala xedatzen den unean.

Aipatutako lan-poltsan sartzeko, pertsona horiek lan-poltsarako eskatzen diren betekizunak bete beharko dituzte, eta lan-poltsa horretan sartzeko eskatzen den prestakuntza egin beharko dute.

Pertsona horiek lan-poltsa horretan sartuko dira, betiere dagoeneko osatuta dagoen zerrendan sailkatutako azken pertsonaren ondorengo hurrenkeran.

Hogeita hirugarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean aurkara dezakete administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Azken kasu horretan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan jasotako administrazioarekiko auzien epaitegien lurralde-eskumeneko arauak errespetatu beharko dira.

Deialdi honetatik, Epaimahaien jardunetik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

Arkauti, 2021eko abenduaren 27a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

I. ERANSKINA
GAI-ZERRENDA

I.– Herritarren eskubideak.

1.– Giza Eskubideak: Giza Eskubideen alderdi orokorrak. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Giza eskubideak babesteko Europako Sistema.

2.– Eskubideak eta askatasunak, Konstituzioaren arabera: Oinarrizko eskubideak eta Askatasun publikoak. Askatasunen bermeak eta oinarrizko eskubideak.

3.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea: Araudiaren helburua eta xedea. Printzipio orokorrak. Administrazio-araudian eta -jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak.

4.– Izaera pertsonaleko datuen babesa eta eskubide digitalen bermea. Datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak. Gardentasuna eta informazioa. Eskubideak baliatzea.

5.– 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: herritarrek administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubide orokorrak. Administrazio-erregistroak.

II.– Antolaketa politiko eta administratiboa.

6.– Europako eremua: Europaren eraikuntzaren historia. Europako erakundeak eta haien eskumenak.

7.– Konstituzioaren arabera, Estatuaren lurralde-antolamendua: toki-administrazioa. Probintzia. Udalerria. Autonomia-erkidegoak.

8.– EAEren antolaketa politiko-administratiboa: Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren aurrekariak eta sorrera. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren Atariko Titulua. Euskal Autonomia Erkidegoaren botereak. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuan bildutako eskumenak. EAEko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko eskumen-banaketa: alderdi orokorrak.

9.– Udalerria: lurraldea eta biztanleria. Antolakuntza. Eskumenak. Erregimen bereziak.

10.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa. Administrazio Publikoen organoak: administrazio-organoak eta eskumena. Administrazio desberdinetako kide anitzeko organoak: funtzionamendua. Abstenitzea eta errekusatzea.

11.– Toki-erakundeen oinarriak: ondasunen kontzeptua, Toki-erakundeen ondarea. Sailkapena. Araubide juridikoa. Toki-ogasunak: sarreren sailkapena.

III.– Administrazio-zuzenbidearen eta -prozeduraren iturriak.

12.– Administrazio-zuzenbidearen iturriak: Legea: kontzeptua eta lege-motak. Araubidea: araudiak egiteko ahalmenaren titularitatea eta haren mugak. Arauen hierarkia. Herri-administrazioaren legezkotasun-printzipioa.

13.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea: administrazio-egintza: alde orokorrak. Eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Administrazioaren isiltasuna.

14.– Administrazio-prozedura: Interesdunak. Administrazio-prozeduraren faseak. Egintzen berraztertzea.

15.– Sektore publikoaren araubide juridikoa. Xedapen orokorrak. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoen Ondare-erantzukizuna.

IV.– Zigor zuzenbidea. Orokorra.

16.– Zigor kodearen Atariko titulua. Zigor-bermeak eta Zigor-legearen aplikazioa.

17.– Delituak (ZK-ko 10. artikulutik 18ra).

18.– Erantzukizun kriminaletik salbuesten duten inguruabarrak (ZK-ko 19. artikulutik 20ra).

19.– Erantzukizun Kriminala arintzen edo astuntzen duten inguruabarrak (ZK-ko 21. eta 22. artikuluak.

20.– Delituei dagokienez erantzukizun kriminala duten pertsonak (ZK-ko 27. artikulutik 30era).

V.– Bide Segurtasuna.

21.– Zirkulazioari buruzko araudi orokorra: Aplikazio-eremua (Atariko titulua).

22.– Bide segurtasunaren legea: I. eranskina.– Oinarrizko kontzeptuak.

23.– Bide segurtasunaren legea: Arau-hausteak.

24.– Bide segurtasunaren legea: Zehapenak.

25.– Bide segurtasunaren legea: Erantzukizuna.

26.– Bide segurtasunaren legea: Zehapen-prozedura.

27.– Bide segurtasunaren legea: Zirkulaziorako arauak.

28.– Bide segurtasunaren legea: Puntuak galtzea dakarten arau-hausteak.

29.– Bide segurtasunaren legea: Gidatzeko baimenak.

VI.– Arriskuen prebentzioa.

30.– Azaroaren 8ko 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: Xedea. Aplikazio-eremua. Eskubideak eta betebeharrak.

31.– Eraikinen ebakuazioa: autobabes-planei buruzko hastapenak. Intzidenteari erantzuna ematea. Gutxieneko portaera-jarraibideak. Okupazio handiko eraikinak. Larrialdi-plana.

32.– Lehen laguntzak: lesioen lehen eta bigarren mailako balorazioa. Bihotz-biriketako bizkortzea. Arnasbideen buxadura. Odoljarioak. Erreduren zaintza orokorra.

VII.– Euskal Herriko Historia, Ingurune Naturala eta Demografia.

33.– XIX. mendeko Euskal Herriaren historia: konstituzio-aldia eta absolutismoaren berrezarkuntza. Gerra karlistak: aurrekariak, bandoak, garapena eta ondorioak. Foru abolizioa. Euskal nazionalismoa: jaiotza eta garapena.

34.– XX. mendeko Euskal Herriaren historia: krisi monarkikoa. II Errepublika. Gerra Zibila, Autonomia Estatutua eta Lehen Eusko Jaurlaritza. Frankismoa: errepresioa, erbesteratzea eta erresistentzia. Trantsizio demokratikoa.

35.– Euskal Autonomia Erkidegoko natura-ingurunea: erliebearen konfigurazioa, unitate morfoestrukturalak. Klima. Sare hidrografikoa. Itsasertza eta itsasoko urak. Landare-paisaia eta lurzoru motak.

36.– 2018ko panorama demografikoa. Biztanleria: bilakaera eremu geografikoen arabera, egituraren bilakaera biztanleriaren adinaren eta sorlekuaren arabera. Jaiotzak: jaiotzen bilakaera eta ugalkortasun-adierazleak. Heriotzak: heriotzen bilakaera eta bizi-itxaropenaren bilakaera. Ezkontzak: ezkontzen bilakaera. Migrazioak: kanpoko migrazioak, barneko migrazioak eta migrazioarekiko harremana.

VIII. Herritarrei zerbitzua emateko polizia.

37.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren jatorria eta garapena: Ertzaintzaren jatorri historikoa. Gernikako Estatutuaren 17. eta 36. artikuluak. Uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretua, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

38.– 15/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa.

IX.– Komunikazioa.

39.– Herritarrak zerbitzu eta prestazio publikoen jasotzaile gisa. Jendearentzako informazioa eta arreta. Kexak eta erreklamazioak kudeatzeko teknikak.

40.– Komunikazioa Administrazioan: administrazio-hizkuntza ez-sexista zuzen erabiltzea.

X. Euskararen Erabileraren Normalkuntza.

41.– Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan nagusia. VI. Plangintzaldia (2018-2022): Plangintzaldi berrirako gidalerroak.

II. ERANSKINA
GAITASUN FISIKOAREN PROBA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
BOSGARREN PROBA - ELKARRIZKETA PERTSONALA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
HAUTAPEN-PROZESU HONETAN ONARTUTAKO HIZKUNTZETARAKO EUROPAKO ERREFERENTZIA ESPARRU BATERATUKO B2 ETA C1 MAILEN TITULUAK ETA ZIURTAGIRIAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala