Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

5. zk., 2022ko urtarrilaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
90

AGINDUA, 2021eko abenduaren 28koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan hegazti-gripearen aurka hartu beharreko prebentzio-neurriak ezartzen baitira.

Hegazti-gripea Orthomyxoviridae familiako A motako birus batek eragindako gaixotasun bat da; hegaztien hainbat espezieri erasaten die birus horrek, eta hainbat azpimota daude. Azpimota horien artean, halaber, patogenotasun altuko eta baxuko aldaerak daude (IAAP eta IABP hurrenez hurren); zaintzapean daude hegazti-gripea eragiten duten birusak; are gehiago, hegazti-gripea nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da, OIEren zerrenda barruan jasotakoa.

Basa-hegaztiek urtaroen arabera egiten dituzten migrazioek garrantzi berezia daukate hegazti-gripearen hedapenean; batez ere itsas hegaztiak dira, kasu askotan asintomatikoak, zeinak gaixotasunaren erreserborio nagusia baitira. Gaur egun birusaren banaketa oso anitza da bai munduan bai EBko estatuetan.

2021ean, IAAPren H5N8 azpimotako –eta are gehiago H5N1 azpimotako– zenbait foku jakinarazi dira estatu kideetako etxeko hegaztietan, nola basatietan hala gatibuetan; estatu horiek, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoa ere zeharkatzen duten hegaztien migrazio-ibilbidearen parte dira.

Foru-erakundeetako eta Eusko Jaurlaritzako albaitaritza-zerbitzuek hartutako erabakietan oinarrituta, neurri osagarriak hartu behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti-ustiategiak babesteko, egoera honek irauten duen bitartean. Erabaki horien helburua prebentzio-neurriak aktibatzea da, Euskal Autonomia Erkidegotik 100 km baino gutxiagora patogenotasun handiko hegazti-gripearen (IAAP) foku bat aurkitu dutelako.

Horrenbestez, lurralde historikoetako foru-aldundiei kontsulta egin ondoren, eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.9 artikuluan, urriaren 11ko 290/2005 Dekretuan eta indarrean dagoen Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legean xedatutakoaren babesean, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Biosegurtasuna indartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan honako debeku eta betebehar hauek aplikatuko dira:

a) Debekatuta dago Anseriformes eta Charadriiformes ordenetako txoriak amu gisa erabiltzea basa-hegaztiak erakartzeko ehiza-jardueretan; salbuetsita daude laginketa-lanetarako erabilitakoak, hegazti-gripea zaintzeko programak direla bide eta ikerketa-proiektuak, azterketa ornitologikoak edo aginte eskudunak baimendutako beste edozein jarduera egitekoak, aldez aurretik arriskuaren inguruko aldeko ebaluazioa egin bada eta biosegurtasuneko neurri egokiak aplikatuko direla egiaztatu ondoren.

b) Etxeko hegaztiak aire zabalean haztea debekatuta dago. Hala ere, hori ezinezkoa denean, kasuan kasuko foru-aldundiari jakinaraziko zaio, eta kasuan kasuko foru-aldundiak etxeko hegaztiak aire zabalean edukitzea baimendu ahalko du, baina txori-sareak edo basa-hegaztiak sartzea eragozten duen beste edozein gailu jarri beharko dira horretarako, betiere etxeko hegaztiek instalazioen barrualdean jan eta edaten badute, edo bestelako aterperen batean, kontuan izanik eragotzi egin behar zaiela basa-hegaztiei bertara iristea eta etxeko hegaztientzako ur eta elikagaiak ukitzea.

c) Debekatuta dago etxeko hegaztiei ura ematea, ur hori basa-hegaztien esku egon den ur-biltegietatik hartua bada, salbu eta biltegi-ur hura tratatu egiten bada, hegazti-gripearen balizko birusak inaktibo bihurtu direla bermatze aldera.

Etxeko hegazti jakin batzuen ongizaterako beharrezkoa bada kanpoaldean ur-biltegiak izatea, ur-biltegiak basa-hegaztien kontra babestu beharko dira.

d) Debekatuta dago etxeko hegaztiak edo bestelako hegazti gatibuak edukitzea Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legearen 3.7 artikuluan definitutako animalien zentroetan, abeltzaintza-sariketak, erakusketak eta kultura-ospakizunak barne; etxeko hegaztien edo beste mota bateko hegazti gatibuen aire zabaleko edozein metaketa ere debekatuta dago.

Horri dagokionez, ez dira hegazti gatibutzat hartuko partikularrei konpainia-hegazti gisa saltzeko baimendutako saltoki batean daudenak, ezta saltoki batean dauden etxeko hegaztiak ere, ondoren txikizka partikularrei saltzeko.

e) Ehiza-jardueretarako ehiza-esparruak birpopulatzeko etxeko hegaztiak askatu ahal izateko, foru-aldundiaren berariazko baimena –aldez aurretik eskatua– eskuratu beharko da, eta ezinbestekoa izango da, halaber, arrisku-analisi batek aldeko irizpena ematea, biosegurtasun-neurri egokiak aplikatzen direla egiaztatu ondoren.

Bigarrena.– Datu-baseak eta erregistroak indartzea.

1.– Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorra ezartzen eta arautzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuan aurreikusitakoa eragotzi gabe, eta hegazti-haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituen uztailaren 27ko 637/2021 Errege Dekretuan ezarritakoa betez, dagokion foru-aldundiak ofizioz eskatu edo egin ahal izango du aipatutako Errege Dekretuaren IV. kapituluan jasotako ustiategien erregistro-datuen eguneratzea, autokontsumoari buruzkoak barnean direla.

Hirugarrena.– Zaintza aktiboa indartzea.

Hegazti-gripearen aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen apirilaren 3ko 445/2007 Errege Dekretuaren hirugarren artikuluari jarraikiz eta gaixotasunaren detekzio goiztiarreko sistemaren osagarri gisa, kasuan kasuko foru-aldundiak, arrisku-ebaluazioaren arabera, osasun-kontrolerako bisitak eta aldizkako analisiak egin ahalko ditu hegazti-gripeak bereziki erasaten dien espezieak dituzten ustiategietan eta gune zoologikoetan.

Laugarrena.– Zaintza pasiboa indartzea.

1.– Pertsona orok –fisiko nahiz juridiko, publiko zein pribatu– berehala jakinarazi beharko dizkio agintaritza eskudunari izaera epizootikoko gaixotasunen foku guztiak, Animalien Osasunari buruzko 8/2003 Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2.– Hegaztien hilotzak aurkituz gero, bereziki itsas espezieak direnean, kasu guztietan foru-aldundietako zerbitzu eskudunei jakinarazi beharko zaie; zerbitzu horiek beharrezko neurriak hartuko dituzte hilotzetan IAAP birusaren presentzia baztertzeko.

Bosgarrena.– Neurrien bilakaera eta ondorioak.

1.– Agindu honetan ezarritako neurriak aldatu edo kendu egingo dira egoera epizootikoaren eta gaixotasunaren bilakaeraren arabera.

2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 28a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala