3. zk., 2022ko urtarrilaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (272 KB - 3 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSASUN SAILA
38
ERABAKIA, 2021eko abenduaren 13koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, Ente Publikoaren 2021eko enplegu publikoaren eskaintza onesten duena.
Osasun Sailaren 2020-2024 aldiko Esparru Estrategikoan zehaztuta dago zein diren Eusko Jaurlaritzaren osasun-arloko politiken gidalerroak, pertsonen beharrizanei ahalik eta ondoena erantzuteko. Esparru horretan, euskal osasun sistema hobetzen jarraitzeko erronka jasotzen da, eta horretarako inbertitu beharra pertsonalean, azpiegitura berrietan, ikerketan eta prozesuetan, betiere integrazio-, lankidetza- eta efizientzia-printzipioak abiapuntu hartuta.
Pertsonalaren arloan, enplegua egonkortzea aurreikusten da, plantilla handitzeko neurriak hartuz, Osakidetzan lan-egonkortasun handiagoa ekarriko dutenak. Ildo horretatik, hautaketa-prozesuetarako deialdiak egingo dira 2020-2024 aldian, onartutako enplegu publikoaren eskaintzen barruan.
Horrela, Osasun Arloko Mahai Sektorialean 2021eko azaroaren 23an hartutako konpromisoak betez, 2021eko enplegu publikoaren eskaintza onartu behar da.
2021eko enplegu publikoaren eskaintzan, langileen berritze-tasari dagozkion plazak sartuko dira, hau da, 2020an izandako baja guztien % 110, hala ezarrita baitago Estatuaren 2021. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen 19. artikuluan.
Ehuneko hori bi kopuru hauen arteko aldeari aplikatuko zaio: aurreko aurrekontu-ekitaldian zerbitzuak emateari utzi dioten langile finkoen kopurua, batetik, eta –aipatutako ekitaldian eta edozein arrazoi dela medio– sartu diren langile finkoen kopurua, bestetik; lan-eskaintza publikotik datozenak edo lanpostuak erreserbatzea ez dakarten egoeretatik itzuli direnak kontuan hartu gabe, betiere. Ondorio horietarako, zerbitzu-prestazioa honako arrazoi hauek direla-eta uztea hartuko da kontuan: erretiroa, heriotza, uko egitea, lanpostua gorde gabeko eszedentzia-egoeran deklaratzea, karrerako funtzionarioko izaera galtzea edo lan-kontratua amaitzea, edota lanpostua gordetzea edo lanpostua uzten den administrazioaren aldetik ordainsariak jasotzea ez dakarren beste edozer administrazio-egoera. Aintzat hartuko dira, halaber, beste administrazio publiko batzuetara aldatzeko lekualdatze-lehiaketen ondorioz gertatutako altak eta bajak.
Ondorio horietarako, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ziurtagiri bat eransten zaio erabaki honi, non jasotzen baita zenbat baja eta alta hartu diren aintzat berritze-tasa kalkulatzeko.
Langile berriek bete beharreko lanpostuez gain, barne-sustapeneko prozesuen bidez bete beharrekoak ere sartuko dira Enplegu Publikoaren Eskaintzan. Lanpostu horiek ez dira zenbatzen langileen berritze-tasaren ondoriozko gehieneko mugaren barruan, hala ezarrita baitago abenduaren 30eko 11/2020 Legearen 19. artikuluan. Hortaz, Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskatzen zaio onar dezan zenbat lanpostu eskainiko diren EPEn barne-sustapeneko prozesuen bidez, betiere dagokion negoziazio-prozesuaren ondoren, eta plantillaren egoera aztertuta. Deialdi bat zein bestea, hots, txanda librekoa eta barne-sustapenekoa, batera gauzatuko dira.
Osasuneko sektore-mahaian negoziatu beharko dira lanpostuen lanbide-kategorien araberako banaketa eta deialdien oinarriak, eta, Administrazio Kontseilu honek onartu ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Osakidetzak, horrela, berriz ere berresten du bere profesionalen enplegu-kalitatea hobetzeko hartu duen konpromisoa, lege-esparruaren barruan betiere, eta eskaini beharreko plazen kopurua langileen berritze-tasaren arabera izan daitekeen ehuneko handienera egokituta (% 110), aipatutako aurrekontu-legeetan bildutako oinarrizko arauetan ezarritakoari jarraituz.
Adierazitako horren guztiaren ondorioz, Osasun-arloko Mahai Sektorialaren 2021eko azaroaren 23ko bileran negoziatu ondoren, Kontseilu honi aurkeztutako agiriak aztertuta, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza Ente Publikoaren estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.f) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduaren 13ko bilkuran, erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langile finko izateko 2021eko enplegu publikoaren eskaintza onartzea.
2021eko enplegu publikoaren eskaintzan 1.273 lanpostu eskainiko dira, guztira, txanda irekian, langileen berritze-tasari dagozkionak.
Bigarrena.– Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari ahalmena ematen zaio EPEn barne-sustapeneko hautaketa-prozesuen bidez zenbat lanpostu eskainiko diren onar dezan, betiere dagokion negoziazio-prozesuaren ondoren, eta plantillaren egoera aztertuta.
Hirugarrena.– Aurreko apartatuetan aurreikusitako estatutupeko langile finko izateko eta barne-sustapeneko prozesuak batera egingo dira, lehiaketa-oposizioaren sistemaren bidez.
Bi prozesuen fase guztiak publikotasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipio orokorrei jarraituz egingo dira, gardentasun osoz egin ere.
Laugarrena.– Enplegu publikoaren eskaintzaren xede diren kategoriak zehazteko, dagozkien deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Bosgarrena.– Nolanahi ere, eskaintzen diren lanpostuetatik, legez ezarritako ehuneko bat gorde beharko da, desgaitasuna duten pertsonek bete dezaten, hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarrietan ezarriko diren baldintzetan.
Seigarrena.– Oinarri orokorren eta dagozkien deialdiek ezarritako oinarri espezifikoen arabera kudeatuko dira hautaketa-prozesuak garatzeko jarduerak.
Zazpigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren ardura izango da deitzen diren hautaketa-prozesuak oinarri orokor eta espezifikoen arabera kudeatzea, eta ahalmena ematen zaio deialdi hori gauzatzeko behar adina ebazpen emateko, alderdi hauek barnean hartuko dituztenak: deitu beharreko lanpostu zehatzak, epaimahai kalifikatzaileen izendapena, deialdien ebazpena eta destinoen esleipena.
Zortzigarrena.– Erabaki honek izenpetzen denetik izango ditu ondorioak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Beronen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 13a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.