Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2022ko urtarrilaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
25

ERABAKIA, 2021eko abenduaren 13koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluarena, zerbitzu sanitarioak eta irakaskuntzako zerbitzuak jasotzeagatik ordaindu beharra duten hirugarrenei 2022ko ekitaldian kobratuko zaizkien tarifak onartzen dituena.

Ente Publikoko zerbitzu-erakundeek egun badituzte aplikazio-tarifa batzuk, eta, hain zuzen ere, tarifa horiexek erabiltzen dituzte Enteko zerbitzu-erakundeetan ematen diren zerbitzu sanitarioak eta irakaskuntza-arloko zerbitzuak hirugarrenei fakturatzeko. Horren haritik, zehaztu beharra dago zein izango diren tarifa horiek 2022ko ekitaldian.

Ildo horretatik, gogoratu behar da Osakidetza Ente Publikoaren estatutu sozialetan eskumen multzoa ematen zaiola Erakunde Zentralari (azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua); eskumen horien artean, irizpide orokorrak zehazteko gaitasuna eta prezioen politika proposatzekoa (12. artikulua, 4.e apartatua).

Horregatik, Osakidetza Ente Publikoko zuzendari nagusiak tarifei buruz aurkeztu duen proposamena aztertu ondoren, eta Administrazio Kontseilu honek dituen eskumenen arabera (Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/97 Legearen 22. artikuluko 1. eta 2. puntuak), honako erabaki hau hartzen da:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Osakidetza Ente Publikoan 2022ko ekitaldian aplikatu beharko diren zenbatekoak onartzea, jasotako zerbitzuengatik ordaindu beharra duten hirugarrenei kobratu beharrekoak, betiere erabaki honetan kontzeptuka ezartzen diren ildoen arabera.

Erabakia eragingarria izan dadin eta hari publikotasuna eman dakion, betekizun bakarra dago: tarifa-liburua argitaratu behar da, eta ordaindu beharra dutenen eskura jarri.

Bigarrena.– Honako hauek izango dute tarifak ordaindu beharra: irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren IX. eranskinean zehaztutako egoeretarik edozeinetan dauden pertsona fisiko zein juridiko guztiek (irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretua, Osasun Sistema Nazionaleko ohiko zerbitzuen zorroa eta berau eguneratzeko prozedura ezarri zuena); kontuan hartu behar da emandako zerbitzua fakturatutakoan sorraraziko direla tarifak.

Tarifa horiek, halaber, Espainian bizi ez diren Europar Batasuneko herrialdeetako, Europako Esparru Ekonomikoko eta Suitzako aseguratuei edo onuradunei aplikatuko zaizkie. Baita Gizarte Segurantzaren alorrean Espainiak aldebiko hitzarmenak dituzten herrialdeetako aseguratuei edo onuradunei ere.

Erabaki honen bidez onartzen diren tarifak, hirugarrenei zerbitzuak emateagatik kobratu beharrekoak, zuzenbide pribatuko diru-sarrerak izango dira, betiere Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 24.1.d artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ente Publikoko zuzendari nagusiaren eginkizuna izango da egin beharreko jardun guztiak egitea, zerbitzu-zorroan prestazio berriak sartzeko, aurkeztutako egituraren osagarri. Halaber, medikuntzan eta kirurgian fakturazio berezia izan dezaketen prozedura berriak zeintzuk diren definitu behar du, prozedura horien osagaiak zehaztuta, eta horiek dakartzaten gastuak xehakatuta; halaber, prozedura horietatik kanpo dauden proba diagnostikoak eta tratamenduen aparteko probak zeintzuk diren ere zehaztu behar du.

Laugarrena.– Ente Publikoari baimena ematen zaio bestelako hirugarren batzuekiko hitzarmenak edo akordio partikularrak egin ditzan, erabaki honetan jasotako zerbitzuak emateko. Prezio-baldintza onuragarriagoak ezarri ahal izango dira baldintza hauen arabera:

a) Osasun Sailaren eskaera guztiak bete ondoren, bestelako zerbitzuak eskaintzeko modua eduki behar da.

b) Sistema publikoarekiko elkartasun-printzipioa errespetatu behar da, sistemarekin zerikusirik ez duten hirugarrenei ematen zaizkien zerbitzuak diru publikoarekin ez ordaintzeko.

Erakunde Publikoaren interesa justifikatu behar da, irizpide objektiboak erabilita:

– Bezeroen berariazko ezaugarriak (erakunde publikoak, gizarte-erakundeak, irabazi-asmorik gabekoak).

– Ekoizpen-ahalmen marjinaleko salbuespenezko egoerak.

– Negozioaren bolumena.

Puntu honetan adierazitako hitzarmen edo akordio partikularrak, betiere, aipatutako alderdiak aztertzen dituen justifikatze-memoria batekin batera proposatuko dira, eta zuzendari nagusiak sinatu beharko ditu, baldin eta delako hitzarmenak edo akordioak Ente Publikoaren erakundeen multzoa edo zerbitzu-erakunde bat baino gehiago lotzen baditu.

Hitzarmen edo akordio partikularra, dakarren lotura esklusiboa denean, dagokion erakundeak berak sinatuko du; dena dela, Ente Publikoaren erakunde zentralak baimena eman behar du aldez aurretik, estrategia-planarekiko koherentzia eta egokitasuna lortzeko beharrezko diren baldintzak bermatuta egon daitezen. Zuzendari nagusiak eman beharreko jarraibideak eman ditzake, erabaki hau eragingarria izan dadin.

Erabaki hau argitaratzen den egunetik aurrera, indarrean dauden hitzarmenetan ezarritako kopuruak eguneratu eta egokitu egingo dira –behar izanez gero–, hemen ezarritako zenbatekoen arabera; dena dela, prezio-baldintza hobeak ere jar litezke, baina puntu honetan gorago xedatutakoa betez gero.

Bosgarrena.– Baimena ematen zaio Ente Publikoaren zuzendari nagusiari talde jakin eta zehatz batzuen inguruan –erabaki honen aplikazio-eremukoak– hitzarmenak sina ditzan; horrelakoetan, dena delako taldeko pertsona edo onuradun bakoitzeko hilero/urtero zenbateko bat kobratuta emango da asistentzia sanitarioa.

Baimen horretatik kanpo geratzen dira Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.5 artikuluan jasota dauden hitzarmen bereziak, asistentzia sanitarioa ematekoak. Izan ere, Osasun Sailaren eskumena da horiek zehaztu eta sinatzea.

Seigarrena.– Ente Publikoaren zuzendari nagusiari baimena ematen zaio, erabaki honetan zehaztu gabe geratu diren egoeretarako, arrazoitutako ebazpen bidez, behin-behineko tarifak ezar ditzan, betiere, baliabideak hobeto erabiltzeko eta kudeatzeko abagune egokia bada edo egoera estrukturalak hala eskatzen badu; tarifa horiek Administrazio Kontseiluak ere begiratu behar ditu, eta, bi hilabeteko epean gehienez ere, berretsi.

Zazpigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Era berean, erabakia argitaratzen den egunetik aurrera, Osakidetza Ente Publikoko zerbitzu sanitarioetako erakunde guztietan interesdunen eskura jarri behar da Erakunde Publikoaren tarifa-liburua –zerbitzuak hartzeagatik ordaindu beharra duten hirugarrenei eskatu behar zaizkien tarifena, alegia–. Aplikatzekoak diren zenbatekoen arabera egongo da eguneratuta.

Azkenik, web-orri honetan ere argitaratuko dira:

http://osakidetza.euskadi.net/r85-ckproc05/eu/contenidos/informacion/libro_tarifas/eu_libro/tarifas.html

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 13a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala