Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

262. zk., 2021eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
6489

AGINDUA, 2021eko abenduaren 21ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean kudeaketa-sistemak ezartzeko, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa eta jasangarritasuna sustatzeko eta berrikuntzari laguntzeko 2022rako dirulaguntzak arautzen dituena eta haien deialdia egiten duena (Eraikal 2022 programa).

Eraikal ekimen bat da, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarena, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoaren kudeaketa sustatzeko, obra berrian nahiz Eraikinen Ikuskapen Teknikoen ondorioz burutu behar diren birgaitze- eta mantentze-lanetan. Eraispen eta birziklapen lanak ere barneratzen ditu eraikinaren balio-bizitza osoa barnean hartzeko. Gainera, ingurumenaren aldagarria eta laneko arriskuen prebentzioa sartu nahi ditu eraikuntzaren sektorean, jasangarritasuna sustatuz eta berrikuntzaren alde eginez Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresetan eta profesionalen artean.

Bizitegi-eraikuntzaren sektorean eragile ugarik parte hartzen dute zuzenean edo zeharka, zeinek bere funtzioarekin: proiektugileak, sustatzaileak, eraikitzaileak, gremioak, materialen hornitzaileak, kalitatea kontrolatzeko laborategiak eta entitateak, bezeroak, erabiltzaileak. Hori dela eta, azken kalitatean eragin dezaketen puntu kalteberak ugaritu egiten dira. Kalitatea kudeatzeko modu bakarra da sistema bat ezartzea prozesuan esku hartzen duten eragile guztien arteko harremana eta oreka bermatzeko.

Eraikal ekimenaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorea eraldatzen lagundu nahi da, sektore hori sendotzeko eta lehiakor eta eraginkor bihurtzeko, enpresetan etengabe hobetzera bideratutako kudeaketa-praktikak ezarriz. Izan ere, behar-beharrezkoa da praktika horiek abiaraztea, ingurumena errespetatuko duten kalitatezko lan-prozesu seguruen arabera eraikitako etxebizitzak herritarren eskura jartzeko, horien eta oro har gizartearen beharrekin bat etorriz.

Etengabeko hobekuntza indartzea oinarrizko osagaia da lehiakortasunerako, baina ez nahikoa; hori ikusirik, Eraikalek Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean ere berrikuntza sustatzen du, sektore horren oraina ez ezik, etorkizuna ere bermatzeko. Hori dela eta, honako hauekin lotutako proiektuak sustatu nahi dira:

– Eraikinen kontserbazio-egoera.

– Eraikinen kalitatea, eraikuntzarekin lotutakoa zein arkitektonikoa.

– Energia-eraginkortasuna.

– Kalitatearen kudeaketa, kalitate-sistemak ezartzea eta eraikuntzaren informazioa modelatzea.

– Eraikuntza-prozesuak industrializatzea.

– Eraikuntza jasangarria.

– Laneko segurtasuna eta osasuna.

– Irisgarritasuna eta domotika.

XII. legegintzaldirako gobernu-programan (2020-2024), altxatutako eraikin-parkea berroneratzen laguntzeko konpromisoa dago jasota (39. konpromisoa), etxebizitzei eta hiriak leheneratzeari eskainitako blokean. Ildo horretan, konpromiso horren 6. ekimenean arkitekturaren arloko berrikuntza eta eraikuntza iraunkorraren, eko-berrikuntzaren eta energia-eraginkortasunaren arloko ikerketa-proiektuak sustatzea aurreikusten da.

Gainera, Etxebizitza Sailburuordetzak eraikuntza-elementuen kalitatea jagoten eta arautzen du, eta profesionalen esku ipintzen du eraikinen kalitatea berrikuntzaren, energiaren efizientziaren eta jasangarritasunaren hobekuntzaren ikuspegitik kontrolatzeko esparrua.

Laguntza-deialdi honek helburu hori lortzen laguntzen du, horretarako hainbat jarduera finantzatuta, hala nola kudeatzeko sistemak ezartzea, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa eta jasangarritasuna sustatzea eta berrikuntzari laguntzea Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean.

Hala ere, eraikuntzaren sektorean jasangarritasuna sustatzeko jardun honek, programa honen bitartez sektoreko enpresei eta profesionalei bideratzen zaizkien neurriez gain, jardun gehigarriak behar ditu, hain zuzen eraikuntza fasean nazioartean goraipatutako jasangarritasun baldintzak betetzen dituzten eraikinei bideratu behar direnak eta kontrol eta segurtasun estandarrak areagotzen dituen prozesu baten emaitza izatea. Horregatik, deialdi honetan lerro berri batean bereizi da eraikuntza-prozesuaren industrializazio-maila handitzen duten eraikuntza-obrak sustatzen dituzten pertsonentzako laguntza, bereziki bizitegi-sektorean, eta, bereziki, etxebizitza kolektibo eta babestuetan.

Laguntza-erregimen hau Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bidez onartutako dirulaguntzen plan estrategikoan jasotzen da. Agindu horren bidez, Sailaren 2021-2024 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak eskatzen duen bezala, eta manu horretan adierazitako edukiarekin. Dokumentu hori herritarren eskura dago Sailaren webgunean.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen du, eta, ildo horretan, laguntzak eta dirulaguntzak emango diren ekitaldiaren aurreko ekitaldian gastu-espediente bat aurretiaz izapidetzea ahalbidetzen du. Laguntza-deialdi honen bidez Eraikal programari lotutako 2022. urterako jarduerak sustatzen direnez, izapidetze aurreratuko espediente bati hasiera eman behar zaio, dirulaguntzen deialdi honen helburua lortze aldera.

2022ko ekitaldirako Aurrekontuen Proiektua Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2021eko urriaren 26an, eta, aurrekontu horretan, kreditu nahikoa dago Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak konpromiso horiek gauzatu ditzan. Ondorioz, programa honen bidez, beste deialdi aurreratu bat egitea planteatzen da, behar besteko aurrekontu-estaldura baitu.

Horren ondorioz, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak ematen didan eskumena baliatuz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren arabera, eta bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak emango dituen dirulaguntzak arautzea eta haietarako deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean kudeaketa-sistemak ezartzeko, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa eta jasangarritasuna sustatzeko eta berrikuntzari laguntzeko (Eraikal 2022 programa).

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzei Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua (EB) aplikatu beharko zaie; alegia, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Araubide horren arabera, estatu kide batek enpresa jakin bati emango dizkion de minimis laguntzen zenbatekoa gehienez ere 200.000,00 eurokoa izango da hiru zergalditako edozer alditan.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira honako lerro hauekin bat egiten duten jarduerak:

1.1.– I. lerroa: Honako alderdi hauei dagozkien berrikuntza arloko proiektu edo ikerketak:

a) Bizitegi-eraikuntzaren kalitatea, funtzionalitatearekin, arkitekturarekin eta eraikuntzarekin lotuta:

– Obra berria: EKT (Eraikuntzaren Kode Teknikoa) aplikatzea, proiektuaren kontrola, obraren gauzapena eta zerbitzuko probak. Eraikinen energia-eraginkortasuna. Kostuen kudeaketa eta programazioa. Irisgarritasuna eta soluzio domotikoak ezartzea.

– Lehendik altxatuta dauden eraikinak: eraikinen kontserbazio-egoera, Eraikinaren Ikuskapen Teknikoa (EIT), eraikinaren patologia, birgaitzea, erabilera nahiz mantenua eta balio-bizitza. Eraikinen energia-eraginkortasuna. Obraren eta proiektuaren kalitatearen kontrola. Kostuen kudeaketa eta programazioa. Irisgarritasuna eta soluzio domotikoak ezartzea. Ondarearen kontserbazioari eta babesari buruzko azterlanak, eta birgaitzearekin, energia-eraginkortasunarekin eta irisgarritasuna hobetzearekin bateragarriak ote diren aztertzea, dela araugintzaren aldetik, dela alderdi operatiboan.

b) Kudeaketaren kalitatea hobetzeari eta kalitatea ezartzeari buruzko ikerketak eta Eraikuntzaren Informazioa Modelatzea.

c) Bizitegi-erabilerarako eraikinetako obretako laneko segurtasunari eta osasunari buruzko azterlanak.

d) Bizitegi-erabilerako eraikinen instalazioei buruzko azterlanak.

e) Etxebizitza berrien eta lehendik daudenen bizigarritasunari buruzko azterlanak.

1.2.– II. lerroa: Erreminta informatikoak, dibulgazio-kanpainak eta trebakuntza-jardunaldiak eta -ikastaroak garatzea, aurreko apartatuan aurreikusitako auziekin lotuta egiten direnak.

Ez dira ildo honetan sartzen sistema partikularren edo markaren publizitatea egiten duten ekintzak. Kode irekiko tresna edo plataforma informatikoak sortzeko proposamenak bakarrik onartuko dira. Halaber, aplikazio informatikoak behar dituzten sistemak ezartzeko, aplikazio horiek ere kode irekiko soluzioetan oinarritutakoak izan beharko dute.

1.3.– III. lerroa: Bizitegi-eraikuntzaren sektoreko pertsona fisiko edo juridikoentzako kudeaketa-sistemak ezartzea eta ziurtatzea.

a) BIM tresna erabiltzen den eraikuntza eraikuntza-informazioaren modelatze digitalerako sistema ezartzea eta ziurtatzea, ISO 19650-1:2019 Nazioarteko Normalizazio arauan oinarritutakoa.

b) Honako arau hauetan oinarritutako kudeaketa-sistemak ezartzea, ziurtatzea eta integratzea: ISO 9001, ISO 14001 eta ISO 14006 Normalizazioko Nazioarteko Arauak; UNE 166002 Espainiako Araua; EMAS; «Laneko segurtasuna eta osasuna» izeneko ISO 45001 araua.

c) «Entsegu-laborategien gaitasunerako baldintza orokorrak» izeneko ISO/IEC 17025 eta «Ikuskatze-lana egiten duten hainbat motatako erakundeen funtzionamendurako irizpide orokorrak» izeneko ISO/IEC 17020 normalizazioko nazioarteko arauetan oinarritutako kudeaketa-sistemak ezartzea eta egiaztatzea.

d) Eraikuntza sektoreko profesionalei bideratutako eraginkortasun energetiko eta jasangarritasunari buruzko egiaztagirien ziurtapena, beti ere Espainiako Estatuaren barruan egokitutako nazioarteko errekonozimendu-ziurtagiria bada. Adibidez, Passivhaus, Building Research Establishment Environmental Assessment Methodology (BREEAM) egiaztagiriak aholkularientzat eta Berde ziurtagitiak ebaluatzaileentzat. Diruz lagunduko dira baita ere UNE-EN ISO/IEC 17021-1:2015 edo UNE-EN ISO/IEC 17024:2012 arauetan oinarritutako ziurtagiriak, ENAC edo europear entitateak ikuskatze-erakunde egiaztatuak egina.

Aurreko a), b) eta c) apartatuei dagokienez, ENAC egiaztapen-erakunde nazionalak edo haren Europako homologoak egiaztatutako egiaztapen-erakundeak izanez gero, esandako erakunde horiek emandako ziurtagiriak dituztenek bakarrik jaso ahal izango dituzte laguntzak.

1.4.– IV. lerroa: Bizitegi-eraikinetarako ziurtagiriak ezartzea eta egiaztatzea.

Eraikuntzei bideratutako eraginkortasun energetiko eta jasangarritasunari buruzko egiaztagirien ziurtapena, beti ere Espainiako Estatuaren barruan egokitutako nazioarteko errekonozimendu-ziurtagiria bada. Adibidez, LEED (Lider en Eficiencia Energética y Diseño Sostenible) eraikuntza jasangarrien sailkapen sistemari dagokion ziurtagiria, Passivhaus eraikinen egiaztagiria, Building Research Establishment Environmental Assessment Methodology (BREEAM) egiaztagiriak edo Berde ziurtagitiak.

1.5.– V. lerroa: bizitegi-eraikuntzako eraikuntza-prozesuen industrializazioari buruzko azterlan, proiektu eta prototipo espezifikoak.

1.– Egoitza-eraikinen iraunkortasun, funtzio, malgutasun eta espazioko prestazioak ebaluatzea, prozesu industrializatuen ondorioz.

2.– Etxebizitzak eraikitzeko eta industrializatzeko prozesuetan kudeaketaren kalitatea hobetzeari eta kalitatea ezartzeari buruzko azterlanak.

3.– Lan-segurtasunari eta -osasunari buruzko azterlan konparatiboak, bizitegi-erabilerarako eraikinen obretan eta etxebizitza-eraikuntza industrializatuko prozesuetan.

4.– Bizitegi-erabilerarako eraikinen obretan eta etxebizitzen eraikuntza industrializatuko prozesuetan gauzatze materialaren kostuei buruzko azterlan konparatiboak.

5.– EAEko araudiaren arabera babestutako etxebizitzen industrializazioari buruzko azterlan, azterlan eta proiektu espezifikoak.

6.– Etxebizitzen bizigarritasunari buruzko azterlanak, oso prozesu industrializatuen ondorioz.

7.– Moduluak, eraikinak edo eraikin pilotuen zatiak prototipatzea eta fabrikatzea, aztertzeko eta monitorizazio esperimentala egiteko.

2.– Ez dira diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko honako gastu edo inbertsio hauek:

a) Ziurtagiriak mantentzeko edo berritzeko gastuak, eta arauen bertsio berrietara egokitzeko gastuak.

b) Jarduketa osoari aplikatu beharreko zergak aplikatzearen ondoriozko gastuak. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kasuan, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da laguntza eskatu duen pertsonak jasanarazi ezin duen ordaindutako zenbatekoa.

c) Ekipamendua erosteko inbertsioak edo horien amortizazioak.

d) Enpresa bakar bati zuzendutako ekimenak, edo patentea lortzea dakartenak.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honen esparruan diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozen gastuak. Nolanahi ere, egindako gastutzat hartuko da dirulaguntza arautzen duen araudiak zehaztutako justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

2.– IV. lerroaren kasuan, diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten dioten gastutzat hartuko dira, eta, beraz, diruz laguntzeko modukoak izango dira ziurtagiria lortzetik eratorritako gastu guztiak, hala nola entseguak, zerbitzu-probak eta abar, eta ezin izango zaizkio egotzi inolako arau-errekerimenduri.

3.– V. lerroaren kasuan, diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten dioten gastutzat hartzen dira eta, beraz, diruz laguntzeko modukoak izango dira prototipatzearen ondoriozko gastu guztiak, hala nola gauzatze materiala, entseguak, zerbitzu-probak eta abar, eta ezin izango zaizkio egotzi inongo arau-errekerimenduri.

4. artikulua.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea.

1.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 ere azpikontratatu dezake onuradunak. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araubidea onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, ulertzen da onuradun azpikontratatzaileak hirugarrenekin hitzartzen duela dirulaguntzaren helburua eratzen duen jardueraren exekuzio osoa edo partziala. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

2.– Onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jarduerak osorik edo zati batean gauzatzeko itunik egin honako pertsona hauekin:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko debekuren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.

c) Bitartekariak edo aholkulariak, non ordainketak eragiketaren kostu osoaren ehuneko gisa definitzen diren, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanaren edo emandako zerbitzuen merkatu-balioa erreferentziatzat hartuta.

d) Onuradunarekin lotutako pertsonak edo erakundeak, honako egoera hauetan izan ezik:

1) Dirulaguntza ematen duen organoak aldez aurretik berariazko baimena ematea.

2) Diruz lagun daitekeen zenbatekoa ez izatea lotutako erakundeak egindako kostua baino handiagoa. Kostua justifikazioan egiaztatuko da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza berberetan.

e) Deialdi eta programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatzen duten pertsona edo erakundeak, baldintzak betetzen ez dituztelako edo behar besteko balorazioa lortu ez dutelako dirulaguntzarik lortu ez dutenak.

f) Deialdi eta programa berean laguntza edo dirulaguntza jaso duten pertsonak edo erakundeak.

5. artikulua.– Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea.

Nolanahi ere, diruz lagundutako jarduketak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasi beharko dira, eta 2024ko ekainaren 30a baino lehen amaituta egon beharko dute, IV. lerroan jasotako ziurtapenaren xede diren eraikinetako obrak eta V. lerroko prototipoak barne.

6. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan ahalko dira, aurreko artikuluko I., III. Eta V lerroei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan errotutako pertsona hauek:

a) Ekonomia-jardueren gaineko zergaren barnean, bizitegi-eraikuntzarekin lotutako sektore hauetakoren batean dauden enpresak eta profesionalak.

883.2) Higiezinen sustapena.

50) Obra berriko bizitegi-eraikinen eraikuntza, nahiz birgaitze- eta mantenu-lanak. Instalazio elektrikoak, iturgintzakoak eta bestelakoak eraikuntza-obretan. Eraikinen akabera. Eraikuntza espezializatuko bestelako jarduerak.

843) Arkitektura- eta ingeniaritza-zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin zerikusia duten bestelako jarduerak. Jarduera horiek honako hauen parte-hartzera mugatuta egongo dira: arkitektura-azterlanak, aparejadoreen estudioak eta ingeniaritzako eta topografiako zerbitzuak. Ingeniaritza-azterlanek deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteetan bizitzeko eraikuntzaren arloan gutxienez bi proiektu, aholkularitzalan edo txosten egin dituztela egiaztatu beharko dute.

b) Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko erakundeak eta eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko entsegu-laborategiak, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eskumendunaren aurrean dagokion adierazpena aurkeztu dutenak, eraikuntzaren kalitate-kontrolerako erakundeek eta saiakuntza-laborategiek beren jardueran aritzeko bete behar dituzten baldintzak garatzen dituen martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretua eta eraikuntzako kalitate-kontrola arautzeko urriaren 28ko 209/2014 Dekretua betez.

c) Ordezkaritza zabala duten edo jendea biltzeko ahalmen handia duten bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresa eta profesionalen talde edo elkarteak, nortasun juridikoa izan ala ez. Halakotzat hartuko dira bizitegi-eraikuntzaren sektorearekin lotura duten elkargo profesionalak, ikerketa teknologikoko zentroak, merkataritza-ganberak, eraikuntza-arloko klusterrak, etxebizitzen sozietate publikoak eta hirigintza-sozietateak.

2.– Aurreko artikuluan aurreikusitako II. lerroarekin lotuta, agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan ahalko dira bizitegi-eraikuntzaren sektore enpresen eta profesionalen taldeak edo elkarteak, nortasun juridikoa izan ala ez, Euskal Autonomia Erkidegoan daudenak eta ordezkaritza zabala edo jendea biltzeko gaitasuna dutenak. Halakotzat hartuko dira bizitegi-eraikuntzaren sektorearekin lotura duten elkargo profesionalak, ikerketa teknologikoko zentroak, merkataritza-ganberak, eraikuntza-arloko klusterrak, etxebizitzen sozietate publikoak eta hirigintza-sozietateak.

3.– IV. lerroaren kasuan, laguntzaren onuraduntzat hartuko da ziurtagiria lortzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinak sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, bai bizitegi-eraikuntzaren sektorean egiten duten jardueraren ondorioz sustapen hori egiten dutenak, kasu horretan, jarduera hori Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren 833.2 epigrafearekin bat etorri beharko da, eta erabilerarako familia bakarreko etxebizitzak diren eraikinetan eremu pribatuan jardutea sustatzen duten pertsonak badira.

4.– Honako erakunde hauek ezingo dira onuradun izan:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden erakundeak.

b) Horretarako ezgaitzen duen legezko debekua duten erakundeak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

5.– Deialdi honetako eskabidea pertsona fisikoen edo juridikoen talde batek egiten duenean (publikoak edo pribatuak nortasun juridikorik gabe), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluari jarraikiz, taldeko kide guztiek laguntzen onuradun izateko eska daitezkeen baldintza guztiak bete beharko dituzte. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute elkarteek, elkarteari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Elkartea ezingo da desegin harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44 artikuluan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

6.– Dirulaguntzak eman eta ordaintzeko automatikoki egiaztatuko da eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluan. Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan azaltzen den eran.

Era berean, eskatzaileek dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte.

Apartatu honetan jasotako eskakizunak indarrean izango dira harik eta emandako dirulaguntza kitatu arte.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Laguntza-eskabideak bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona juridikoek, nortasun juridikorik gabeko erakundeek eta nahitaez elkargokide izan behar duten jarduera profesionalen bat egiten dutenek, interesatuta egonik, parte hartzen duen prozedurako izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egin eta kontsultatu beharko dituzte. Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak izapidetzeko zehaztasunak eta gainerako ereduak eskura daude honako egoitza elektronikoan (url):

1.– Ildoa:

– Gaztelania: www.euskadi.eus/servicios/1039817

– Euskara: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1039817

2.– Ildoa:

– Gaztelania: www.euskadi.eus/servicios/1039818

– Euskara: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1039818

3.– Ildoa:

– Gaztelania: www.euskadi.eus/servicios/1039819

– Euskara: www.euskadi.eus/zerbitzuak/10398179

4.– Ildoa:

– Gaztelania: www.euskadi.eus/servicios/1039820

– Euskara: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1039820

5.– Ildoa:

– Gaztelania: www.euskadi.eus/servicios/1039821

– Euskara: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1039821

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» bidez egingo dira:

Pertsona fisikoek bide elektronikoak edo aurrez aurrekoak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko. Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak xedatzen duen moduan.

a) Aurrez aurreko kanala: eskabideak aurrez aurreko hitzorduarekin bakarrik aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuan, https://www.euskadi.eus/cita-prona-zuzenean helbidera sartuta, edo aldez aurreko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez (945 01 90 00), EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko 4 artikuluan jasotakoak).

b) Bitarteko elektronikoz: Euskadiko egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, zenbaki honetan adierazten diren helbideen bidez.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

d) Ordezkari baten bitartez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Deialdi honetan jasotzen diren lerro bakoitzean ez zaio emango dirulaguntza bat baino gehiago eskatzaile bati.

Pertsona batek dirulaguntza lerro bakar baterako bi laguntza edo gehiago eskatzen baditu, organo kudeatzaileak zehaztu beharko du deialdiaren parte izango den proiektua puntuazio handiena duena dela. Izapidetu beharreko proiektuaren zehaztapenean puntuazio bera duten proiektuak dituzten eskaerak badaude, deialdiaren zati izango den proiektua lehenengo aurkeztu dena izango dela zehaztuko da.

4.– Interesdunek aukeran dute eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztea. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

5.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak konpromisoa hartzen du datuak –dagokien babes-mailarekin– tratatzeko, Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2016/679 Araudian (UE), 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio libreari lotuta pertsona fisikoak babesteari buruzkoan eta 95/46/CE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datuen babeserako araudi orokorra), datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

8. artikulua.– Eskabidearen edukia eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Plataforma elektronikoan egiten den eskaerak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena barneratzen du. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen testu bategin hura. Deklarazio horren barruan honako puntu hauek jasoko dira:

a) Erakunde eskatzaileak administrazio zein beste erakunde publiko nahiz pribatuei xede bererako laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera nahiz bestelako baliabide guztiak eskatu eta lortu dituen, berariaz adierazita eskatutako kopuruak, emandako dirulaguntzen zenbatekoa eta BEZa ere diruz lagundu daitekeen ala ez dirulaguntza programetan.

b) Erakunde eskatzailea dirua itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean dagoen edo horrelako baten xede izan den. Euskadi Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere entitate autonomoak izaera berdineko dirulaguntzen arloan eta oraindik tramitatzen ari den prozedura bada.

c) Erakunde eskatzailea zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo dirulaguntza publikorik jaso ezin izateko zigortu duten, edo dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren baten pean dagoen.

d) Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez duela betetzen sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik administrazio-zehapen edo zigorrik, eta ez duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako zehapenik.

e) Erakunde eskatzailea ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan onuradun izateko debeku kasuan.

f) Erakunde eskatzaileak abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduarekin (EB) lotutako laguntzarik jaso duen zerga-ekitaldi honetan eta bi aurrekoetan, eta, baiezkoa izanez gero, laguntzon zenbatekoa.

g) Eskatzailea Agindu honetako IV lerroan parte hartu ahal duen eraikuntzaren sustatzailea da.

Eskaria aurrez aurre aurkezten bada, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du eskariarekin eta hurrengo apartatuean jasotzen den dokumentazioarekin batera. Adierazpena sinatuta egon beharko da. Agindu honen eranskinean jasotzen da eskariaren formularioa eskaria aurrez aurre aurkezten bada.

2.– Eskaera egiten duen erakundearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontuan harturik, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proiektuaren memoria, gutxienez honako hauek jasotzen dituena:

1) Sarrera: agente sustatzailearen deskribapen orokorra, enpresaren egituraren zirriborroa eta proiektuaren helburu orokorrak.

2) I lerroan bildutako jardueretarako: berrikuntza arloko proiektu edo ikerketak eta II. lerrokoak: tresna informatikoen, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta prestakuntza-ikastaroen garapena; memoriak honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu:

– Proposatzen den jardueraren deskripzio xehea, proiektuan barneratzen diren jardun bakoitza zehaztuz.

– Proposamena lan-ildoetako batera egokitzen dela.

– Sektorerako egokitasuna, aukera eta zuzentasuna.

– Inpaktu potentziala sektorean, inpaktu hori neurtzeko adierazleak eta neurketak barnean hartuta.

– Proiektu edo ikerketa taldearen kalitate tekniko eta zientifikoa eta esperientzia.

– Finantzaketaren egitura.

– Proiekturako proposaturiko helburuak eta epeak.

3) III., IV., eta IV. lerroetan aurreikusten diren jardueretarako, memoriak proiekturako proposatutako helburuak eta epeak zehaztu beharko ditu.

b) Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion aurrekontua. Aurrekontua urteka banakatuta egongo da 2024. urtera arte, bai eta lanketa eta/edo jardueren arabera ere, lanketa bakoitzaren barne-gastuak (proiektua zuzentzen duen eragilearen beraren gastuak) eta kanpo edo azpikontratatutako eragileen gastuak (kanpo-erakundeak azpikontratatzeagatiko gastuak) bereizita.

Barne-gastuei dagokienez, egin beharreko zereginen aurreikuspena zehaztu beharko da, baita baliatutako ordu-tarifaren egozpena ere.

Kanpo-kontratazioaren kasuan, arrazoitutako balioespena edo, ahal dela, aurrekontua aurkeztu beharko da, eta honako hauetan xedatutakoa bete: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan.

Eskabidea III. edo IV. lerrorako izango balitz, aurrekontuak aholkulariaren eta/edo egiaztatzailearen eskaintza jaso beharko du.

Eskatzaileak ezin badu jasanarazi Balio Erantsiaren gaineko Zergaren zenbatekoa, entitatearen BEZaren araubide orokorraren salbuespena egiaztatzen duen Ogasunaren ziurtagiria edo 390 ereduen kopia. Erakundeak BEZaren zati bat benetan berreskuratzen badu, gastu hori hainbanaketari esleitu beharko zaio, dagokion foru-ogasunak emandako agiri ofizialean amaitutako azken urterako ezartzen den hainbanaketa-ehunekoa aplikatuta.

c) Diruz lagundutako jardueraren eredugarritasuna hedatzeko, jakinarazteko eta indartzeko ekintza-plana.

3.– Laguntza-eskaera ingeniaritza-azterlan baten bidez egiten bada, eskabidearekin batera, Ingeniarien Elkargoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, laguntza eskatzen duen erakundeak bizitegi-eraikuntzaren sektorean jarduten duela egiaztatzeko.

4.– Laguntza-eskaera pertsona fisiko zein juridikoen talde batek egin badu, publikoa edo izaera juridikorik gabeko pribatua izan, dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluari jarraikiz, aurkeztutako eskaeran adierazi beharko dira taldekide bakoitzak hartu dituen egikaritze-konpromisoak, bai eta bakoitzari dirulaguntzaren zein zati dagokion ere; guztiak izango dira onuradun.

Ordezkariak eskabidea sinatu beharko du, eta bere izendapena aurkeztu.

9. artikulua.– Eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza kudeatzen duen erakundeak eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

2.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egokiro balioesteko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.

10. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

11. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak, diruz laguntzeko lerro bakoitzean, dagokion prozeduran izapidetuko dira.

2.– I., II. eta V. lerroetako dirulaguntzak norgehiagoka bidez esleituko dira, eta lehiaketa bidez kuantifikatuko dira, puntuazio handienetik txikienera, harik eta lerro bakoitzeko aurrekontu-kreditua agortu arte, betiere agindu honetan ezarritako laguntzaren gehieneko zenbatekoa gainditu gabe.

I. eta V. ildoetan diruz lagun daitekeen jardueratzat hartzeko gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.

3.– III. lerroari dagozkion dirulaguntzak norgehiagoka bidez esleituko dira, kontuan hartuta erakunde onuradun berak lerro horretan diruz lagun daitezkeen jardueren kopurua eta erakunde onuradunak ezarritako eta ziurtatutako kudeaketa-sistemen mota, irizpide hauen arabera, laguntza-lerro honetara bideratutako aurrekontu-zuzkidurak agortu arte.

Lehenengo eta behin, UNE-EN ISO 19650-1: 2019 arauan oinarritutako BIM erabiltzen duten eraikuntza-obretako informazioa antolatzeko eta digitalizatzeko sistemaren ezarpenari eta ziurtapenari buruzko jarduerak lagunduko dira diruz.

Aurreko paragrafoan deskribatutako proiektuak diruz lagundu ondoren, lineako aurrekontu-zuzkidura kentzen bada, gainerako jarduerak lehentasun-hurrenkera honen arabera diruz lagunduko dira:

– 2.1.1.3 puntuko a) apartatuan jasotako sistemaren ziurtagiria.

– 2.1.1.3 artikuluko b) eta c) apartatuetako hiru sistemaren ziurtagiria.

– 2.1.1.3 artikuluko b) eta c) apartatuetako bi sistemaren ziurtagiria.

– 2.1.1.3 artikuluko b) eta c) apartatuetako sistema baten ziurtagiria.

– Ziurtagiriak egiaztatzea, 2.1.1.3 artikuluko d) apartatuaren arabera

4.– IV. lerroko dirulaguntzak lehiarik gabeko konkurrentziaz esleituko dira.

12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

I., II, eta V. lerroetako dirulaguntzak esleitzeko, ondoren zerrendatutako irizpideak eta neurriak erabiliko dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:

1.– I. lerroa: berrikuntza-proiektuak edo -azterketak.

(Ikus .PDF)

2.– II. lerroa: Tresna informatikoen, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta prestakuntza-ikastaroen garapena.

(Ikus .PDF)

3.– V. ildoa: bizitegi-eraikuntzako eraikuntza-prozesuen industrializazioari buruzko azterlan, proiektu eta prototipo espezifikoak.

(Ikus .PDF)

13. artikulua.– Aurreikusitako kreditua eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Bigarren artikuluan zehaztutako ekintzetarako aurrekontu-zuzkidura osoa milioi bat eta hirurogeita hamar mila (1.070.000,00) eurokoa izango da, honako banakatze honen arabera:

(Ikus .PDF)

Zuzkidura honako aurrekontu-partida honetan dago: 22.0.1.08.21.0000.4.752.02.43122.002/A

2.– Esandako zenbatekoa honela banatuko da dirulaguntzaren lerro bakoitzerako:

a) I. lerroa, berrikuntza-proiektuak edo -azterketak. Gehienez ere berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000,00) euro bideratuko dira.

b) II. lerroa, tresna informatikoen, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta prestakuntza-ikastaroen garapena. Gehienez ere ehun eta berrogeita hamar mila (150.000,00) euro bideratuko dira.

c) III. lerrorako: bizitegi-eraikuntzaren sektoreko pertsona fisiko edo juridikoentzako kudeaketa-sistemak ezartzea eta ziurtatzea. Gehienez ere ehun mila (100.000,00) euro bideratuko dira.

d) IV. lerroa, Bizitegi-eraikuntzei bideratutako egiaztagiriak ezartzea eta egiaztatzea. Gehienez ere hogei mila (20.000,00) euro bideratuko dira.

e) Bizitegi-eraikuntzako eraikuntza-prozesuen industrializazioari buruzko V. lerrorako bostehun eta berrogeita hamar mila (550.000,00) euro bideratuko dira.

3.– Eskabiderik ez dagoelako edo betekizunak betetzen ez direlako aipatutako jardun-lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun-lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehitu ahalko zaio. Soberakina, lehenik, V. lerroari aplikatuko litzaioke, eta, ondoren, I. lerroari, hirugarrenik, II. lerroari, laugarrenik, IV. lerroari, eta, azkenik, III. lerroari, agindu honen 15. artikuluan aurreikusitako organo ebaluatzaileak ildo horretan egiten duen proposamenaren arabera. Egoera hori Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak dirulaguntzak emateko ematen duen ebazpenean jasoko da.

14. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– I. lerroa: Berrikuntza-proiektuak edo -azterketak, eta II. lerroa: tresna informatikoen, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta prestakuntza-ikastaroen eta jardunaldien garapena.

a) Jarduerak puntuazioaren arabera antolatuko dira, puntu gehien lortu duenetik gutxien lortu duenera.

b) Behin ordenatuta, honako formula hau aplikatu ondoren lagunduko dira diruz:

lortutako puntuazioa/100, eta bi zenbateko hauetatik txikienarekin biderkatuta:

1) aurkeztutako eta onartutako aurrekontua (zergak kanpo);

2) dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, lerro honetako proiektu edo azterlan bakoitzeko.

I. lerroan, proiektuko edo azterlaneko dirulaguntzaren gehienezko zenbatekoa 40.000,00 euro izango da, eta II. lerroan, berriz, 30.000,00 euro.

2.– III. lerroa: Bizitegi-eraikuntzaren sektoreko pertsona fisiko edo juridikoentzako kudeaketa-sistemak ezartzea eta ziurtatzea.

a) III. lerroari dagozkion dirulaguntzak norgehiagoka bidez esleituko dira, kontuan hartuta erakunde onuradun berak lerro horretan diruz lagun daitezkeen jardueren kopurua eta erakunde onuradunak ezarritako eta ziurtatutako kudeaketa-sistemen mota, laguntza-lerro honetara bideratutako aurrekontu-zuzkidurak agortu arte.

b) Dirulaguntza kanpoko gastuen (zergak izan ezik) % 50ekoa izango da, Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko ISO 45001 arauaren araberako lan-arriskuen prebentzioari buruzko ziurtagirian izan ezik, hori Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak onartutako proiektuei dagozkien kanpo-gastuen (zergak izan ezik) % 25ekoa izango baita.

c) Ziurtapen bakoitzeko, laguntzen gehieneko zenbatekoa honako hau izango da:

1) UNE-EN ISO 19650 arauan aurreikusitako sistemaren ziurtatzeko: 5.000,00 euro.

2) Sistema bat egiaztatzeko: 5.000,00 euro, «Laneko segurtasuna eta osasuna» izeneko ISO 45001 arauaren egiaztapenerako izan ezik, orduan 2.500,00 eurokoa izango baita.

3) Sistema bi egiaztatzeko: 8.000,00 euro, egiaztapenetako bat «Laneko segurtasuna eta osasuna» izeneko ISO 45001 araua izan ezean, orduan 5.500,00 eurokoa izango baita.

4) Hiru sistema egiaztatzeko: 11.000,00 euro, egiaztapenetako bat «Laneko segurtasuna eta osasuna» izeneko ISO 45001 araua izan ezean, orduan 8.500,00 eurokoa izango baita.

5) Energia eraginkortasunari buruz eta jasangarritasunari buruz eraikuntza arloko profesionalei bideratutako ziurtapena egiaztatzeko: 2.000,00 euro.

d) Eskariak agindu honetan eskatzen diren baldintza objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, dirulaguntza lerro honi dagozkion dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko hurrengo prozesua jarraituko da:

1) Apartatu honetan adierazten den jardueren lehentasun hurrenkerako lehen zatian dauden eskariei dagozkien dirulaguntza kopuruaren hasierako kalkulua egingo da, beti ere aipatu diren portzentajeak eta kopuruak errespetatuz eta eskatutako kopurua gainditu gabe.

Lerro honetako diru zuzkidura hasieran kalkulatu diren kopuru guztiak asetzeko nahiko bada, dirulaguntzak kopuru horien arabera bananduko dira. Bestela, kalkulatu diren kopuruak jaisten joango dira aipatutako zuzkidura guztiak bermatzeko nahikoa izan arte.

2) Jardueren lehentasun hurrenkerako lehen zatian dauden dirulaguntzak esleitu eta gero, diru zuzkidurarik banatzeko balego, dirulaguntzak prozesu berdinarekin bananduko lirateke, lehentasun hurrenkerako beheranzko kasuetan, badagokio, diru zuzkidura agortu arte.

3.– IV. Lerroa: Bizitegi-eraikinetarako ziurtagiriak ezartzea eta egiaztatzea.

a) Dirulaguntza kanpoko gastuen zenbatekoaren % 50 izango da (zergak kanpo).

Eraikuntza bakoitzeko, laguntzen gehieneko zenbatekoa 6.000,00 eurokoa izango da.

b) Dirulaguntza lerro honetako dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko hurrengo prozesua jarraituko da:

1) Agindu honetan ezarritako baldintza subjektiboak eta objektiboak betetzen direla egiaztatu ondoren, dirulaguntzaren zenbatekoaren hasierako kalkulua egingo da apartatu honetan zehaztutako portzentajeak eta zenbatekoak errespetatuz, eskatutako kopurua gainditu gabe.

2) Lerroaren diru zuzkidurak hasieran kalkulatu diren laguntza guztiak bermatzeko nahikoa bada, dirulaguntzak emango dira kopuru horien arabera. Bestera, kalkulatu diren kopuruak jaisten joango dira zuzkidura guztiak emateko nahiko izan arte.

4.– V. ildoa: bizitegi-eraikuntzako eraikuntza-prozesuen industrializazioari buruzko azterlan, proiektu eta prototipo espezifikoak.

a) Jarduketak beheranzko hurrenkeran antolatuko dira, lortutako puntuen arabera.

b) Behin ordenatuta, honako formula hau aplikatu ondoren lagunduko dira diruz: lortutako

puntuazioa/100, eta bi zenbateko hauetatik txikienarekin biderkatuta:

1) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua (zergak izan ezik).

2) Ildo honetako proiektu edo azterlan bakoitzeko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

c) V. lerroko proiektu edo azterketa bakoitzeko gehienez ere 150.000,00 euroko dirulaguntza emango da.

15. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Eskabideak baloratzeko, Balorazio Epaimahaia eratuko da. Epaimahaia Eraikuntzako Arkitektura, Araudi eta Kalitate Kontroleko zerbitzuburuak eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko bi teknikarik osatuko dute, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak izendatuta.

2.– Balorazio-epaimahaiaren osaketa laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan arautzen den uko egiteko araubidearen ondoreetarako.

3.– Esandako epaimahaiak, 12. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta, diruz laguntzeko lerro bakoitzean aurkeztutako eskabideak balioetsiko dituzte, 11. artikuluan haietako bakoitzerako zehaztutakoari jarraikiz, eta, hala, esleituko diren dirulaguntzen zerrenda biltzen duen dagokion ebazpen-proposamena formulatuko dute (onuraduna, diruz lagundutako jarduera, eskuratutako puntuazioa eta zenbatekoa zehaztuta), baita ukatuena ere (eskatzailea eta ukatu izanaren arrazoia zehaztuta).

4.– Bere eginkizunak betetzearren eta beharrezko irizten dien gaiei dagokienez, balorazio-epaimahaiak adituak deitu ditzake hala bileretan parte hartzera nola aholku ematera.

16. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitateko prozedura.

1.– Aurkeztutako eskariak dirulaguntza lerro bakoitzean izapidetuko dira dagokion prozeduraren arabera.

2.– Dirulaguntza lerro bakoitzeko ebazpen bakoitzak interesdunek adierazitako gauza guztiak erabakiko dituzte, Balorazio-epaimahaiak Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariari proposatutakoaren arabera.

3.– Prozedura bakoitzean emango den ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, erakunde edo pertsona onuradunen izena edo izen soziala, finantzatutako jarduera, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, dirulaguntza horren urtekako banaketa adierazi beharko dira. Horrez gain, nortasun juridikorik gabeko elkarte pribatuak badira, idatziz adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa.

Ukatutako proiektuen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala, ukatzeko arrazoiak eta norgehiagoka bidez proposatutako proiektuen puntuazioa jasoko dira.

4.– Aurreko apartatuan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Etxebizitzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraituz.

5.– Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, bakoitzari dagokion prozeduran; halere, eta guztiak jakinaren gainean ipintzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

6.– Ebazteko eta ebatzitakoa pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko azken egunaren biharamunetik hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

7.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean.

17. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Erakunde onuradunek diruz lagundutako jarduera justifikatu beharko dute 2024ko ekainaren 30a baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluak zehazten duen moduan.

2.– Horretarako, kasu guztietan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, dirulaguntza eskaria aurkeztutako modu berdinean:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen dirulaguntza jasotzeko jardun-lerroari dagozkion ekintzak egin direla azaltzeko memoria, haien ezaugarri nagusiak eta helburuen betetze-maila azalduta.

III. eta IV. lerroetan bildutako jarduerak ziurtagiria edo diploma ematen duen erakundearen edo markak egiaztatutako erakundearen ziurtagiriarekin egiaztatzen dira.

b) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak eta ordainagiriak.

c) Sarreren eta gastuen zerrenda; hala badagokio, helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza edo sarrera batzuk jaso diren zehaztuko da.

d) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskribatzailea.

e) Proiektuan sortutako materialen kopia.

f) IV. lerroa justifikatzeko, dagokion elkargo profesionalak bisatutako Obra Bukaerako Ziurtagiria aurkeztu behar da.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak honela ordainduko dira:

1.– Agindu honetako 19. artikuluko lehenengo paragrafokok a) letran finkatutako epea igaro ondoren uko adierazirik ez bada, aldez aurretik ordaintzeko agindua emango da; hain zuzen, egokitutako dirulaguntzaren ehuneko bosti (% 5) dagokion zenbatekoa. Hasierako ordaindutako ehuneko horri dagokion jardueraren justifikazioa aurkezten den lehen txostenarekin batera eman beharko da, laguntzaren gainerako ordainketak egin ahal izateko.

2.– Emandako zenbatekoaren zati bat gordeko da, hau da, dirulaguntzaren ehuneko hamar (% 10). Dirulaguntzaren xede den jarduera benetan egin dela egiaztatu ondoren egingo zaio ordainketa erakunde onuradunari.

3.– Gainerakoa, proposatutako lan-planetan aurkeztutako mugarrien araberako txostenak aurkeztu ondoren ordainduko da, eta dagozkion ordainketak egingo dira, justifikatutako gastuaren zenbatekoari emandako dirulaguntzaren ehunekoa aplikatuta ateratzen den zenbatekoaren baliokideak, aurretik ordaindutakoa kenduta, diruz lagundutako jarduketarako onartutako aurrekontuari dagokionez. Aurrekontu hori laguntza kalkulatzeko oinarria izan zen, bai eta zenbateko horren benetako kostua ere, ekitaldi bakoitzeko zenbateko bakoitza gainditu gabe.

4.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko duzu, helbide honetatik: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren entitateek honako betebeharrak izango dituzte, bai eta xedapen hauetan ezarritako gainerakoak ere, kasu guztietan: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak.

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, dirulaguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako ekintza gauzatzea eta justifikatzea, agindu honetako 5. eta 16. artikuluetan ezarritako epeetan.

d) Hala dagokionean, proiektuak gauzatzea egoki diren lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak betez.

e) Dirulaguntza esleitzen duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egingo dituen egiaztapen-ekintzak bete behar dituzte, eta eskumena duten nazioko zein Europako Erkidegoko kontrol-organoek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen edozein ekintza ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eskaini behar dute onuradunek.

f) Jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela jakinaraztea dirulaguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Onuradunek dirulaguntzei buruzko publizitatea eman beharko dute, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluaren arabera. Publizitatea, gutxienez ere, esleitutako dirulaguntzaren berri erakunde onuradunaren webgunean ematea izango da, eta bestelako publizitaterik ere zehaztu ahal izango da jardueraren izaeraren eta ezaugarrien arabera.

h) Laguntzaren esparruan sortzen den informazio teknikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari doan eta era ez-esklusiboan uztea, guztia ere Sailak bere informazio-sistemetan txerta dezan eta haren zabalkuntza edo argitalpena egin dezan edozer baliabide edo formatu bibliografikotan, ikus-entzunezkotan, informatikotan edota teknikaren erabilerak ahalbidetzen duenetan. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

2.– Onuradunak bere kabuz diruz lagundu den jarduera burutzeko egin behar dituen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada Sektore Publikoko Kontratuen Legean ezarritako zenbatekoak baino, onuradunak, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoa betez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa hartu aurretik, zerbitzua egiteko edo ondasuna emateko.

Alderdi hori hala proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko kontratuan (zerbitzu-kontratua) nola obra-kontratuan aplikatu beharko da. Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia-eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

3.– Erakunde onuradunek Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatutako sentsibilizazio- eta trebakuntza-jardueretan parte hartu ahal izango dute, baita esperientziak trukatzekoetan ere, betiere Eraikal ekimenean bildutako jardueren barruan.

20. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Inbertsioaren behin betiko benetako kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, dirulaguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da. Onartutako aurrekontuaren gaineko ehuneko baten arabera zehazten diren laguntzen kasuan, esandako ehunekoa aplikatuko da oinarri berriaren gainean.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betetzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako dirulaguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten dirulaguntzak edo laguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere agindu honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, dagokion kitapen-ebazpena emango da, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzeko edota, hala badagokio, egoki den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.

2.– Aldaketak ezingo du inola ere jardueraren izaera aldatu, eta, hura onartzeko, erakunde onuradunak txosten bidez justifikatu beharko du aldatutako proiektuaren eragina hasieran diruz lagundutako proiektuaren baliokidea edo handiagoa dela.

3.– Dirulaguntzaren onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea ez denez egin, dirulaguntza eman duen organoaren aukeran geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea, betiere hori eginda beste inoren eskubideak kaltetzen ez badira.

4.– Dirulaguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez du esan nahi onuraduna dagozkion zehapenetatik salbuetsita geratu denik.

5.– Dirulaguntza jaso duen jarduera egiteko eta amaitzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunaren borondatez kanpoko arrazoiak ageri direnean eta behar bezala justifikatuta dagoenean, erakunde horrek, jarduera amaitzeko epea baino gutxienez hilabete lehenago, dirulaguntza jaso duen jarduera amaitzeko aldez aurretik zehaztutako epeak handitzeko eskatu ahal izango du. Epea ez da luzatuko onuradunak justifikatutako atzerapen-denbora baino gehiago, ez eta 2024ko abenduaren 30etik aurrera ere.

Epea luzatzeko eskaera hori Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak onartu beharko du, ebazpen bidez. Ebazpen horretan azken likidazioa egiteko beharrezkoak diren agiri guztiak aurkezteko epe muga berria ere zehaztuko da.

22. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organoari eskaera helarazi beharko diote, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

2.– Onuradunak, gainera, uko egin ahal izango dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahal izango du laguntza onartu ondoren. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote laguntzak kudeatzeko organoari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

3.– Ukoa onartutakoan, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere, eta, hala dagokionean, jasotako zenbatekoak bueltatu beharko ditu.

23. artikulua.– Ez-betetzearen ondorioak.

1.– Erakunde onuradunak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren dirulaguntza eskaeraren eta emakidaren berariazko xederako erabiltzen ez badu, dirulaguntzaren oinarria den ekintza egiten ez badu, dirulaguntza eskatuta lortu nahi ziren helburu zehatzetara aplikatu izana justifikatzen ez badu edo behar bezala egiten ez badu edo, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan, agindu honetan edo emakida-ebazpenean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, emandako eta jasotako kopurua itzuli beharko du legez aplikatu beharreko berandutze-interesekin batera; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen berme eta itzultzeen araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedurari jarraitu beharko dio.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19. artikuluaren 3. zenbakian jasotako kasuan, halaber, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean izandako soberakina itzuli beharko da, eta dirulaguntzei aplikagarri zaien berandutze-interesa ere eskatuko da.

24. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu berbera duten funts publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa eta deialdi honetan emandako dirulaguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, deialdi honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoari gehiegizko kopuru hori kenduko zaio.

25. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean jasota dagoen moduan; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita, administrazioarekiko auzi-errekurtsoei buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legean jasotakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, agindu honetako laguntzen ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko 2022rako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotearen mende dago.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan jasotzen diren laguntzak arau hauek beteko dituzte: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. Izenburuan eta VII. Izenburuko III. kapituluan; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, azken honen erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 21a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

ERANSKINA

Bizitegi-eraikuntzaren sektorean kudeaketa-sistemak ezartzeko eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa eta jasangarritasuna sustatzeko, eta berrikuntzari laguntzeko 2022rako dirulaguntza eskaria aurrez aurre egiteko eredua.

Dirulaguntza eskaria aurkeztu behar zaion organoa:

– Eusko Jaurlaritza.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Erregistro Orokorra.

Donostia kalea, 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Arabako Lurralde Ordezkaritza.

Samaniego kalea 2, 1. solairua.

01008 Vitoria-Gasteiz.

– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza.

Andia kalea, 13.

20004 Donostia.

– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza.

Kale Nagusia 85.

48011 Bilbao.

Datu pertsonalen babesari buruzko informazioa:

Behar bezala betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, jakinarazten da datu pertsonalak tratamendu-jarduera honen barruan sartuko direla: Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendaritzaren dirulaguntzak eta laguntzak.

Tratamendu-arduraduna:

– Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren Zuzendaritza Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila.

Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 01 80 00

Web orria: http://euskadi.eus

– Datuak babesteko ordezkaria

Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 01 86 80

Web orria: www.euskadi.eus/datu-babesa

Tratamenduaren helburua

Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren Zuzendaritzaren dirulaguntzen eta laguntzen kudeaketa.

Legitimazioa

Tratamendua beharrezkoa da, aplikagarriak diren lege-eginbideak betetzeko.

Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

Datuak gordetzeko epea:

Jaso zireneko helburua betetzeko eta egon daitezkeen erantzukizunak zehazteko beharrezkoa den denbora. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritakoa aplikatuko da.

Hartzaileak:

1.– Europako Batasuneko organoak.

Datuen babesaren arloko eskubideak:

2.– Sarbidea:

Tratamenduaren arduradunarengandik interesdunari dagozkion datu pertsonalak tratatzen ari diren ala ez egiaztatzeko eskubidea da, eta, kasu horretan, datu horiek eskuratzeko eskubidea.

3.– Zuzenketa:

Berari dagozkion datu pertsonal okerrak zuzentzeko eskubidea da, baita datu pertsonal osatugabeak osatzeko eskubidea ere, adierazpen gehigarri baten bidez barne.

4.– Ezabatzea.

Ahazteko eskubidea: berari dagozkion datu pertsonalak ezabatzeko eskubidea da, inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Datu pertsonalak ez badira beharrezkoak bildu edo beste era batera tratatu ziren helburuei dagokienez.

b) Interesdunak tratamenduaren oinarri den adostasuna erretiratzen badu eta baimen hori beste oinarri juridiko batean oinarritzen ez bada.

c) Interesduna tratamenduaren aurka badago eta tratamendurako beste arrazoi legitimo batzuk nagusitzen ez badira.

d) Datu pertsonalak legez kontra tratatu badira.

e) Datu pertsonalak ezabatu egin behar dira tratamenduaren erantzuleari aplikatzen zaion Batasuneko edo estatu kideetako zuzenbidean ezarritako legezko betebehar bat betetzeko.

f) Tratamendua legez kontrakoa bada eta interesdunak datu pertsonalak ezabatzearen aurka egiten badu eta, horren ordez, erabilera mugatzeko eskatzen badu.

g) Tratamenduaren arduradunak jada ez baditu datu pertsonalak behar tratamenduaren helburuetarako, baina interesdunak behar baditu erreklamazioak formulatzeko, egikaritzeko edo defendatzeko.

h) Interesduna tratamenduaren aurka agertu bada, tratamenduaren arduradunaren arrazoi legitimoak interesdunaren arrazoien gainetik dauden egiaztatu bitartean.

1.– Oposizioa:

1) Eskubidea da edozein unetan eta bere egoera partikularrarekin zerikusia duten arrazoiengatik aurka egiteko, tratamenduaren erantzuleak berari dagozkion datu pertsonalen tratamendua egin dezan, interes publikoko misio bat gauzatzean, ahal publikoak erabiltzean edo hirugarrenen interes legitimoan oinarrituta, profilak egitea barne.

2) Tratamenduaren erantzuleak datuak tratatzeari utziko dio, salbu eta interesdunaren interes, eskubide eta askatasunen gainetik dauden premiazko arrazoiak egiaztatzen baditu, edo erreklamazioak formulatzeko, egikaritzeko edo defendatzeko beharrezkoak ez badira.

3) Datuak ikerketa zientifiko edo historikorako edo helburu estatistikoetarako tratatzen badira, interesdunak eskubidea izango du, bere egoera partikularrarekin zerikusia duten arrazoiengatik, berari dagozkion datu pertsonalen tratamenduari aurka egiteko, interes publikoko arrazoiengatik egindako misio bat betetzeko beharrezkoa denean izan ezik.

4) Tratamendu automatizatua: eskubide honen bidez bermatu nahi da ez dela zure datuen tratamenduan soilik oinarritutako erabaki baten xede, profilak egitea barne, pertsonarengan ondorio juridikoak eragiten dituena edo antzeko eragin nabarmena duena.

Eskubideak erabiltzea:

Eskubide horiek tratamenduaren arduradunaren aurrean erabiltzeko aukera duzu, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez:

www.euskadi.eus/servicios/10842/

Halaber, edozein erreklamazio egiteko ahalmena duzu Datuak Babesteko Euskal Bulegoan, edo aldez aurretik erreklamazio bat egin dezakezu Datuak Babesteko ordezkariaren aurrean: www.euskadi.eus/servicios/10843/

Datu pertsonalen babesari buruzko informazio zehatza:

– EAEko datuak babesteko ordezkariaren web-orria https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra: (eur-lex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/HTML /?Uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala