Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

262. zk., 2021eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
6486

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita «Investigo» programa finantzatzeko laguntzen deialdia, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduaren 21eko bileran hartutako erabakiaren bidez, «Investigo» programa finantzatzeko laguntzen deialdia onartu du, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) letran xedatutakoaren arabera, organismo autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan, «Investigo» programa finantzatzeko laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2021eko abenduaren 21eko bileran hartutako erabakiaren bidez onetsitakoa. Ebazpen honen eranskin gisa jaso da erabaki hori.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea, deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
LAGUNTZEN DEIALDIA, «INVESTIGO» PROGRAMA FINANTZATZEKO, EUROPAR BATASUNAREN NEXT GENERATION EU FUNTSAK FINANTZATUTAKO SUSPERTZE, TRANSFORMAZIO ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN BARRUAN

Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana Europar Batasunean sustatutako tresna bat da, COVID-19aren pandemiaren inpaktuak murrizteko eta gizartea eraldatzeko. Helburutzat du ekoizpen-sarea modernizatzea, «deskarbonizazioa» eta ingurumenarekiko errespetua sustatzea, ikerketarako eta prestakuntzarako egituren eta baliabideen digitalizazioa eta hobekuntza bultzatzea, gizartea prestatuagoa egon dadin pandemia bezalako arazoei aurre egiteko, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduan ezarritako esparruarekin bat eginda.

Zehazki, Europako analisiak gazteen langabezia aipatzen du erronka gisa, arrisku bat baitakar belaunaldien arteko orekarako, eta gizartean eta lanean baztertuta egoteko arriskua eragiten baitu egoera ahulenean dauden kolektiboentzat. Arreta berezia jartzen da luzaroko langabezian eta genero-desberdinkeriaren iraunkortasunean.

Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan, «Zaintza-lanen eta enplegu-politiken ekonomia berria» VII. palanka-politikaren barruan, 23. osagaiak –«Lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak»– Espainiako lan-merkatuaren egiturazko erronkak aztertzen ditu, besteak beste, egiturazko langabezia eta gazteen langabezia murriztea eta enplegurako politika aktiboen eraginkortasuna eta efizientzia areagotzea.

Hala, 23. osagai horretan proposatutako erreformen eta inbertsioen barruan, 1. inbertsioa «Gazteen enplegua» da, eta inbertsio horretan sartzen da «Investigo» programa. Programa horren babesean laguntza emateko oinarri arautzaileak azaroaren 17ko TES/1267/2021 Aginduan ezarri dira.

Programa horren helburua da 16 eta 30 urte bitarteko ikertzaileak, teknologoak, teknikariak eta I+G+Bko beste profil profesional batzuk kontratatzea, baita, beharrezkoa denean, ikerketa-laguntzaileak ere, honako hauetan: ikerketarako eta ezagutzaren hedapenerako organismo publikoetan, unibertsitate publikoetan, zentro teknologikoetan, parke zientifiko eta teknologikoetan, zuzenbide pribatuari lotutako entitate publikoetan, irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuetan (fundazioak, esaterako) eta ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen duten enpresetan. Aipatu gazteek gauzatuko dituzte laguntzen xede diren jarduera horiek, osasunari, trantsizio ekologikoari eta ekonomia berdeari (energia berriztagarriak, energia-efizientzia, uren eta hondakinen tratamendua eta nekazaritzako elikagaien industria) lotuta dauden ekimenen barruan, zerbitzuen digitalizazioan eta datuen ingeniaritzan («Data science» izenekoan), eta arlo sozial, kultural, artistiko edo aztertzeko beste edozein esparrutako ikerketa-proiektuetan. Programaren bidez, izan ere, gizartera itzultzen da teknologoen goi-mailako prestakuntza.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduaren 21eko bileran, «Investigo» programa finantzatzeko laguntzen deialdia onetsi du, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren barruan.

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea da «Investigo» programako dirulaguntzak ematea (TES/1267/2021 Agindua, azaroaren 17koa), Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren barruan, ikerketarako eta ezagutzaren hedapenerako organismoei, unibertsitate publikoei, zentro teknologikoei, parke zientifiko eta teknologikoei, zuzenbide pribatuari lotutako entitate publikoei, irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuei eta ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen duten sektore publikoko eta pribatuko enpresei, enplegu-eskatzaile gazteak kontratatzeagatik.

2.– Laguntza horiek ez dira estatu-laguntza bat Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluetan ezarritakoaren arabera, laguntzak emateak ez baitu lehia faltsutzen, ez eta lehia faltsutzeko mehatxurik ekartzen ere, zenbait enpresa edo ekoizpenen alde eginez.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta finantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, baliabide ekonomikoen zenbatekoa 9.715.706 euro da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren 2022 ordainketa-kredituaren kontura, eta lotura dute Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planarekin. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduak ezarri zuen aipatutako mekanismoa.

Laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko aipatutako zenbateko hori edo zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena, aurrekontu-aldaketarik onartzen bada indarreko legeekin bat, bereziki 2022an edo 2023an Euskal Autonomia Erkidegoari Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren barruko funts berriak transferitzen bazaizkio xede bererako eta laguntza hauek finantzatzeari lotutako ordainketa-kreditu berriak sortzen badituzte. Halakorik gertatuz gero, publiko egingo da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, deialdi honetan iragarritako dirulaguntzen ebazpenak emateko, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko aurrekontu orokorretan.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren onuradunak.

1.– Deialdi honetan ezartzen diren laguntzen onuradunak izan daitezke, aldez aurretik eskaera egiten badute eta egoitza fiskala eta soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute, ikerketarako eta ezagutzaren hedapenerako organismo, zentro eta entitate hauek:

a) Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak 47. artikuluan jasotzen dituen ikerketarako organismo publikoak.

b) Unibertsitate publikoak, haien unibertsitate-institutuak eta I+G+B arloan gaitasuna eta jarduera frogatua duten unibertsitate pribatuak, Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan ezarritakoa betez, baldin eta inskribatuta badaude 1509/2008 Errege Dekretuak sortu duen Unibertsitateen, Zentroen eta Tituluen Erregistroan (1509/2008 Errege Dekretua, irailaren 12koa, Unibertsitateen, Zentroen eta Tituluen Erregistroa arautzen duena).

c) Osasunaren arloko zentro eta erakunde publikoak eta pribatuak, irabazi-asmorik gabekoak, Osasun Sistema Nazionalari lotuta edo harekin itunduta daudenak eta I+G+Bko jarduerak garatzen dituztenak.

d) Ikerketa biomediko edo sanitarioko institutuak, ministro-agindu bidez egiaztatuta daudenak.

e) Zentro teknologikoak eta berrikuntza teknologikoa bultzatzeko zentroak, 2093/2008 Errege Dekretuak sortutako zentroen erregistroan inskribatuta badaude (2093/2008 Errege Dekretua, abenduaren 19koa, zentro teknologikoak eta berrikuntza teknologikoa bultzatzeko zentroak arautzen dituena eta zentro horien erregistroa sortzen duena).

f) I+G+Bko beste zentro publiko batzuk, berezko nortasun juridikoa dutenak eta estatutuetan, helburu sozialean edo araudian I+G+B dutenak jarduera nagusi moduan.

g) I+G+Bko zentro pribatuak, irabazi-asmorik gabekoak, berezko nortasun juridikoa dutenak eta estatutuetan, helburu sozialean edo araudian I+G+B dutenak jarduera nagusi moduan.

h) Sektore publikoko edo pribatuko enpresak, deialdi honetan jasotako ikerketa- eta berrikuntza-ekimenetan inbertitzen ari direnak.

i) Halaber, entitate eta zentro onuradunak izan daitezke, ekainaren 1eko 14/2011 Legeak hamalaugarren xedapen gehigarrian jasotzen dituen I+Gko zentroak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-ikerketarako zentro publikoak, autonomia-erkidegoetako nekazaritzako elikagaien ikerketaz arduratzen diren sailetan integratuta daudenak eta INIA-CCAA Nekazaritza Ikerketarako Koordinazio Batzordean parte hartzen dutenak. Horietakoren batek berezko nortasun juridikorik ez badu, haren administrazio publikoa agertuko da onuradun moduan.

2.– Entitate onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, eskakizun hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

c) Ez dute izan behar zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik, ez eta horretarako desgaikuntza dakarren legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 2. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

3.– Entitate onuradunek «ingurumenari kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa («do no significant harm–DNSH» printzipioa) erabat betetzen dutela bermatu beharko dute, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean, Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren 2021eko uztailaren 13ko exekuzio-erabakian (Council Implementing Decision-CID) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, baita hura garatzeko araudian ezarritakoarekin bat ere. Proiektuak diseinatu eta gauzatzeko fase guztietan bete beharko dira, modu indibidualean jarduketa bakoitzerako.

Ondorio horietarako, dirulaguntza-eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute I. eranskineko ereduan. Helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.eiuskadi.eus/servicios/1210001

4.– Halaber, entitate onuradunek konpromisoa hartu beharko dute behar diren eskubideak eta sarbideak onartzeko, Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta estatuko agintari eskudunek dagozkien kontrol-eskumenak betetzeko aukera dutela bermatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren («Finantza Erregelamendua») 129.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Konpromiso hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute, II. eranskineko ereduan. Helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/1210001

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babesean dirulaguntza jaso daiteke gazteak kontratatzen badira, indarrean dagoen legeriaren arabera ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara hobekien egokitzen den kontratu-modalitatean, zertarako eta «Investigo» programaren onuradun diren entitate eta zentroen eskumeneko eginkizunak, zereginak eta ekimenak garatu eta gauzatzeko.

2.– Berrikuntza eta ikerketako ekimenak eta I+G+Bko sailetakoak, ahal dela, honako arlo hauetako lanbideetan garatuko dira: osasuna, trantsizio ekologikoa, ekonomia berdea (energia berriztagarriak, uren eta hondakinen tratamendua eta nekazaritzako elikagaien industria), zerbitzuen digitalizazioa eta «data science».

3.– Edonola ere, enplegu-eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko ditu.

4.– Kontratuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

Ezin izango dira kontratatu entitate, enpresa edo enpresa-talde berean aurreko 6 hilabeteetan edozein motatako ikerketa-lanpostuak bete dituzten gazteak.

Kontratuen iraupena 12 hilabetekoa izango da gutxienez. Dirulaguntzaren iraupena bi urtekoa izango da gehienez.

Kontratuak lanaldi osokoak izan beharko dira.

Kontratatutako pertsonek «Investigo» programaren barruan entitate eta zentro onuradunen eskumenekoak diren eginkizunak, zereginak eta ikerketa- eta berrikuntza-ekimenak garatu beharko dituzte. Eskumena jatorrizkoa izan daiteke, edo eskuordetza, enkargu edo gomendio bidez egikaritua.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– «Investigo» programaren ikerketa- eta berrikuntza-ekimenak garatzeko eta gauzatzeko kontratatzen diren gazteen lan- eta soldata-kostuak finantzatzeko erabiliko dira kontratatzeko emango diren dirulaguntzak, Gizarte Segurantzari kontzeptu guztiengatik egiten zaizkion kotizazio-gastuak barne.

2.– Kontzeptu horiek direla-eta emango den dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: aurkeztutako proiektuan kontratatzeko jasotzen den pertsonen kopuruari buruzko aurreikuspenak, pertsona bakoitza zenbat urtetarako (edo hilabetetarako) kontratatuko den eta Gizarte Segurantzako kotizazio-taldearen arabera aplikatu behar den modulua:

A modulua: modulu honetan 22.405,94 euro emango dira kontratatu den pertsona eta urte bakoitzeko (1.867,16 euro hilean), Gizarte Segurantzako 9tik 5erako kotizazio-taldeetako (biak barne) kontratuen kasuan.

B modulua: modulu honetan 33.108,92 euro emango dira kontratatu den pertsona eta urte bakoitzeko (2.759,07 euro hilean), Gizarte Segurantzako 4tik 1erako kotizazio-taldeetako (biak barne) kontratuen kasuan.

6. artikulua.– Kontratatutako pertsonen betekizunak.

Kontratatzen diren pertsonek betekizun hauek bete beharko dituzte kontratuaren hasieran:

a) Gaztea izatea, 16 urte gutxienez eta 30 urte gehienez.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea.

c) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan alta emanda egotea enplegu-eskatzaile gisa.

d) Formalizatzen den kontratu-modalitaterako eskatzen diren baldintzak betetzea, ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara egokituz, indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz.

e) Ikertzaile, teknologo, teknikari eta I+G+Bko beste profil profesional batzuen gisa ikerketa-proiektuak egiteko gaikuntza izatea, baita, beharrezkoa denean, ikerketa-laguntzaile gisa ikerketa-proiektuak egiteko gaikuntza ere, sektore publikoan zein pribatuan laneratzea erraztuz, ikerketaren eta berrikuntzaren lehiakortasuna areagotzen laguntzeko.

Eskainitako lanpostu guztien % 10 laguntzaileak izan daitezke, administrazio-laguntzako lanak alde batera utzita.

7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa; eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa https://www.euskadi.eus/servicios/1210001 helbidean dago, eta fitxa horren bitartez sartu ahal izango da eskabidea egiteko inprimakian.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2022ko otsailaren 1ean hasiko da, eta, bukatu, 2023ko urriaren 31n bukatuko da.

3.– Entitate bakoitzeko eskabide bakarra aurkeztuko da, egin beharreko kontratazio guztietarako. Deialdian ezarritako epetik kanpo aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko.

4.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Memoria bat, bertan jasota bete beharreko lanpostuen deskripzioa, egin beharreko jardueren ezaugarriak eta kontratuen iraupena eta kopurua; eta programaren kostuen aurreikuspenak, ondo bereizita eskatutako dirulaguntza eta, hala badagokio, entitate onuradunaren ekarpena.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, 3.3 artikuluan aipatzen den «kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa («do no significant harm–DNSH» printzipioa) betetzen dela jasotzen duena, I. eranskineko ereduaren arabera.

c) 3.4 artikuluan aipatzen den eskubideak eta sarbideak emateko konpromisoa, II. eranskineko ereduaren arabera.

d) Datuen lagapenari eta tratamenduari buruzko adierazpena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22. artikuluaren 2.d) eta 3. apartatuetan xedatutakoari dagokionez. III. eranskineko ereduan aurkeztuko da.

e) Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean ezarritako zeharkako printzipioak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, IV. eranskineko ereduaren arabera.

4. apartatu honetan aipatzen diren ereduak https://www.euskadi.eus/servicios/1210001 estekan eskuratu ahal dira.

5.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko apartatuan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten horrekin batera, entitateari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

8. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, epeak, gora jotzeko errekurtsoa eta publikotasuna.

1.– Eskabideak kudeatzeko, izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria da.

2.– Deialdi honetako dirulaguntzak lehiarik gabeko prozeduraren bidez izapidetuko dira.

Horrenbestez, aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte.

Aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, hasieran 2.1 artikuluan aurreikusitakoa edo 2022ko ekitaldian handitutakoa, ez da laguntza berririk emango; soilik hasiko da berriz laguntzak ematen, hura finantzatzeko aurrekontu-kreditua handitzea ahalbidetuko duten funts berriak jaso ondoren. Baliabide ekonomikoak behin betiko agortzen badira, ebazteke dauden eskabideei dirulaguntzak ukatuko zaizkie.

Kasu horretan, EHAAn argitaratuko da laguntzak emateko prozesua eten eta berrabiarazi dela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez; eta ebazpen horretan ondo adieraziko dira aurrekontu-kredituaren zenbatekoa eta laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoen behin betiko agortzea.

3.– Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

4.– Ebazpena ematekoa bada, «Investigo» programa Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren barruan finantzatuta dagoela zehaztuko da, eta elementu hauek izango ditu gutxienez:

a) Emango den dirulaguntzaren zenbatekoa eta kontratatu beharreko pertsonen kopurua.

b) Kontratatuko diren pertsonen lanbide-kategoria, lanbide-taldea edo lanbide-maila, eta garatuko duten jarduera.

c) Pertsona bakoitzari egingo zaion kontratuaren iraupena.

e) Egingo diren kontratazioen kokapen geografikoa (lurraldea).

5.– Entitate onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren organismo autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zehapen-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du erakunde horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenek ez dute amaituko administrazio-bidea, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatuta.

7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, inguruabar hori ere adieraziko da, eta berariaz aipatuko da Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruan finantzatutako programa bat dela.

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Ebazpena eman ondoren, dirulaguntzaren zenbateko osoaren ordainketa aurreratua egingo da. Ez da bermerik eratu beharko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren alde.

Dirulaguntzaren izaera aintzat hartuta, egindako funts-aurrerakinek sortutako finantza-etekinek ez dute handituko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egin ahal izango du: https://euskadi.eus/hirugarrenak

10. artikulua.– Programan parte hartzen duten gazteak aukeratzeko eta langileak kontratatzeko prozedura.

1.– Entitate onuradunek enplegu-eskaintza kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute beteko den lanpostu-profil bakoitzeko, eta dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren aurkeztu beharko da, kontratuak hasi baino hilabete lehenago, gutxienez.

Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak jasotzen dituen bulegoak erregistratuko ditu, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geratuko dira.

Ez da aplikatu behar administrazio publikoetako langileak aukeratzeko prozeduretarako ezarritako araudia, nahiz eta entitate onuraduna administrazio publiko bat izan. Azken kasu horretan, aukeratutako pertsonak ez dira joko erakundeko plantillako edo lanpostuen zerrendako langiletzat, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango aurretik lan-eskaintza publikorik egitea.

2.– Eskaintzak hautagaitzen parekatze automatikoaren bidez kudeatuko dira, eta Lanbideren webgunean argitaratuko dira: https://www.lanbide.euskadi.eus

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen lan-kontratuak betetzeko hautagaien azken aukeraketa entitate onuradunak egingo du, irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Egin nahi den ikerketa-programari dagokionez, prestakuntza akademiko egokiena duen gaztea.

b) Garatu beharreko gaiarekin lotutako berariazko ikasketak izatea, hala nola masterrak, graduak edo/eta ikerketa-programa gauzatzeko gaitasun eta konpetentzia handiagoak ematen dizkien beste edozein, baldin eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak edo Unibertsitateetako Ministerioak homologatuta badaude. Hori ez zaie aplikatuko laguntzaileen lanpostuei.

c) Curriculumaren eta hautagaien balorazioa egiteko, curriculum vitae itsua erabili beharko da, eta inolako diskriminaziorik ez egiteko printzipioa bermatuko da.

d) Eskabidea egiten denean, entitate onuradunak lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko eta genero-berdintasuna bermatzeko jada ezarrita dituen neurriak.

4.– Entitate onuradunek ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara hobekien egokitzen den kontratazio-modalitatea erabiliz kontratatuko dituzte hautatutako langileak, indarrean dauden lan-arloko, lan-arriskuen prebentzioaren arloko eta Gizarte Segurantzari buruzko legeekin bat etorriz.

5.– Kontratatutako gazteak enpresako gainerako langileen eskubide berberak izango ditu, Langileen Estatutuan, aplikatu beharreko Hitzarmen Kolektiboan eta hitzartutako banakako kontratuan ezarritakoaren arabera.

6.– Kontratuak bi hilabeteko epearen barruan hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean salbu. Kasu horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu beharko du atzerapena. Edonola ere, kontratuak hasteko epea 2023ko abenduaren 31n amaituko da.

7.– Entitate onuradunak kontratuak hasi izanaren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, azken kontratua hasi eta 15 egun balioduneko epearen barruan, eta kontratatu dituen pertsonen kopurua adieraziko du.

Aurreko 5. apartatuan ezarritako epearen amaieran benetan kontratatutako pertsonen kopurua eskabidean eta laguntza emateko ebazpenean aurrez ikusitakoa baino txikiagoa bada, entitate onuradunak bere borondatez itzuliko du egin ez diren kontratazioei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa, eta uko egitearen berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, zeinak dagokion ordainketa-gutuna emango baitio entitateari, itzuli beharrekoa ordain dezan.

8.– Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, kontratua hasi eta hamabost egun balioduneko epearen barruan, eta identifikazio hau izan beharko dute, aplikazioan ezarritakoaren arabera: «Programa Investigo. Mecanismo de recuperación y resiliencia».

11. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.

Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 7 eguneko epean, kontratua azkentzen denetik hasita, eta azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, osorik. Halaber, dagokion prozedura izapidetuko da, 16. eta 18. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta itzulketak.

1.– Dirulaguntzen entitate onuradunak diruz lagundutako jarduerak eta egindako gastuak bete izanaren justifikazioa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, bi hilabeteko epean, urteko kontratazioen kasuan, kontratazioak amaitzen direnetik zenbatzen hasita, eta urtebeteko epean, 12 hilabete baino gehiago luzatzen diren kontratazioen kasuan, baina betiere 2025eko hirugarren hiruhilekoa baino lehen. Horretarako, moduluen erregimena hartuko da aintzat, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduak 69. artikuluan eta 76. artikulutik 79. artikulura bitartean aurreikusitakoa betez.

Justifikazio horretan, entitate onuradunak aurkeztu beharreko dokumentazio hau jasoko da:

a) Dirulaguntza ematean ezarri ziren baldintzak bete ote diren justifikatzen duen memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazten dituena. Memoriak honako hauek jasoko ditu:

1) Kontratatu diren parte-hartzaileek egindako jarduerak.

2) Kontratatu diren pertsonen azken aukeraketarako aplikatutako irizpideak, 10.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

3) «Kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa («do no significant harm–DNSH» printzipioa) betetzen dela egiaztatzeko aurrez ikusitako mekanismoak eta printzipio horren ezarpena bermatzeko neurri zuzentzaileak.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua justifikatzeko, lortutako emaitzen arabera. Alderdi hauek jasoko ditu, gutxienez:

1) Onuradunaren egiaztapena edo adierazpena modulutzat jotako unitate fisikoen kopuruari dagokionez. Horretarako, kontratatutako pertsonak dagokien Gizarte Segurantzako kotizazio-taldearen arabera eta kontratatuta egon diren denboraren arabera (urte zein hilabete) zehaztuko dira, 5.2 artikuluan zehaztutakoa kontuan hartuta.

2) Jarduketa-memorian kuantifikatutako jarduerak eta 5. artikuluan ezarritako moduluak oinarritzat hartuta kalkulatutako dirulaguntzaren zenbateko osoa, artikulu horretan ezarritako kostu unitarioen bidezko kalkulurako eta kuantifikaziorako sistemaren arabera.

Dirulaguntzaren likidazioa proiektuan kontratatutako pertsonen arabera egingo da, kontratatuta egon diren urte (edo hilabete) bakoitzeko. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Kalkulua egiteko, kontuan hartuko da kontratatutako pertsonen kopurua, kontratatuta egon diren urte (edo hilabete) bakoitza eta dagokien modulu ekonomikoa, Gizarte Segurtasunaren kotizazio-taldearen arabera.

3) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasuna, zenbatekoa eta jatorria adierazita; eta, hala badagokio, justifikatutako kopuruaren eta aurrerakin gisa jasotakoaren arteko aldeari dagokion zenbatekoa ordaindu izanaren egiaztapena.

2.– Entitate onuradunek frogagiriak eta finantzaketari dagokion gainerako dokumentazioa 5 urtez gorde beharko dituzte, dirulaguntza ordaintzen denetik aurrera, baita formatu elektronikoan dauden erregistroak eta dokumentuak ere; baina dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik beherakoa bada, hiru urtez gorde beharko dituzte horiek guztiak. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduak 132. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute gordetzeko.

3.– Dokumentazioa ez bada aurkezten ezarritako epean, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada justifikatutako kopurua aurrerakin gisa jasotakoa baino txikiagoa dela, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 18. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.

13. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunen betebeharrak dira Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 50.2 artikuluan orokorrean ezarritakoak eta deialdian eta azaroaren 17ko TES/1267/2021 Aginduan ezarritako betebehar bereziak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak aurkeztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan.

b) Kontratuen hasieraren berri ematea azken kontratua egin eta hamabost egun balioduneko epearen barruan, kontratatutako langabeen kopurua zehaztuta.

c) Behar bezala justifikatzea eskakizunak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea kontratuen azkentzeak, 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Xede bererako beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu baten (Estatuko edo nazioarteko baten) dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari horren berri ematea, kostu beraren gainean finantzaketa bikoitzik ez gertatzeko.

f) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Estatuko enplegu-zerbitzu publikoa eta laneko eta gizarte-segurantzako ikuskaritza. Era berean, baiezkoa ematea honako hauen finantza-kontrolerako jarduketei: Estatuaren Kontu-hartzailetza Nagusiari dagozkionak, kontuen auzitegiaren legerian aurreikusten direnak eta Europako Erkidegoetako Batzordeak eta Kontuen Auzitegiak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), Auditoriako Bulego Nazionalak, eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzak egiten dituztenak.

Horrez gain, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planerako ezartzen diren jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egitea, eta informazioaren eta publikotasunaren arloan eta kontrol, egiaztapen, jarraipen eta ebaluazioaren arloan, barne-araudiak eta Europar Batasunak Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen dituzten betebeharrak betetzea (nahitaez betetzekoak direnean), baita «Kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa betetzea ere («do no significant harm–DNSH» printzipioa).

i) «Kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa («do no significant harm–DNSH» printzipioa) erabat betetzen dela bermatzea, eta betetzen dela egiaztatzeko mekanismoak eta mekanismo horien ezarpena bermatzeko neurri zuzentzaileak aurreikustea.

j) Jasotako dirulaguntzaren aplikazioan iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak saihesteko neurriak hartzea.

k) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko betebeharrak:

– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da probetan edo elkarrizketetan eta pertsonak aukeratzeko prozesuetan.

– Zer hautagai aukeratu erabaki behar denean, gutxienez emakume batek parte hartu behar du erabakia hartzeko prozesuan. Ezinezkoa bada, justifikatu egin behar da.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako diskriminazioa edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitatearen pluraltasuna sustatzen dutenak.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira kontzeptu eta helburu bererako beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin. Edonola ere, argi identifikatuta geratu beharko da gastuen trazabilitatea, eta laguntzen eta dirulaguntzen batura ezin izango da izan diruz lagundutako gastuen kostua baino handiagoa.

Hala ere, dirulaguntza hauek bateraezinak dira Europar Batasunaren funtsekin finantzatutako beste laguntza batzuekin, gastu berberak finantzatzeko badira.

15. artikulua.– Identifikazioa eta publizitatea.

Deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketak eta jarduketa horiek eta «Investigo» programa direla-eta egiten den publizitate guztia behar bezala identifikatuta egon beharko dira, Estatuko araudiak eta Europar Batasunak Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen dituzten informazioaren, komunikazioaren eta publizitatearen arloko betebeharrekin bat etorrita.

Ildo horretan, dirulaguntza hauek jasotzen dituzten entitateek finantzaketa horren jatorriaren berri eman beharko dute jarduketen publizitatean, eta ikusteko moduan egiten dela bermatu beharko dute. Hala dagokionean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren logoaren identifikazio grafikoaz gainera, Europar Batasunaren ikurra eta finantzaketa-adierazpena txertatuko dituzte, non hau adierazi behar baita: «Europar Batasunak – Next Generation EUk finantzatuta». Helbide honetan eskuratu ahal izango dira elementu horiek: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual. Bereziki agerikoak izan beharko dira ekintzak eta emaitzak sustatzen direnean, eta informazio koherentea eta eraginkorra eman beharko da, hartzaile ugarirentzako, komunikabideak eta herritarrak barne direla.

16. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie, eta horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.

Emakida-ebazpena eman ondoren, onuradunak dirulaguntza aldatzeko eskatu ahal izango du. Aldaketa hori eskatzeko, ebazpena eman ondoren eta diruz lagundutako jarduera egiteko epearen barruan gertatutako inguruabarrak izango dira oinarri, eta entitate onuradun bakoitzarentzat eskatu beharko da. Eskaera inguruabarra gertatu eta berehala formalizatu beharko da, eta, edonola ere, jarduera egiteko epe hori amaitu baino lehen. Aldaketak ezin die inola ere eragin Batasuneko araudiak edo Estatukoak ezarritako betebeharrei, bereziki Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren 2021eko uztailaren 13ko exekuzio-erabakian (Council Implementing Decision-CID) ezarritako mugarriak edo helburuak edo egiteko epea ez betetzea badakar.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak ebazpena eman beharko du aldaketa onartzeko edo ukatzeko, eskaera egin eta bi hilabeteko epearen barruan. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da. Ebazpen horien bidez, aldatzeko eskabidea aurkezten den unera eraman ahal izango dituzte ondorioak. Nolanahi ere, aldaketa egiteko baimena soilik eman ahal izango da hirugarrenei kalterik eragiten ez badie.

2.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiari jasotako kopuruak eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatuko du ere, bidezkoak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubideari jarraituko zaio.

Ez-betetze partzialen kasuan, hasieran aurrez ikusitako eperako kontratatzeko betebeharra edo ezarritako eran kontratatzekoa betetzen ez bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak zehaztuko du entitate onuradunak itzuli beharreko kopurua, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuta, justifikatutako kostuen eta egiaztatutako jarduketen arabera, zenbatekoa osorik itzuli behar denean salbu.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak entitate interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

2.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

19. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna LANBIDE da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpena bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/065100-capa1-eu.shtml

20. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Deialdi honetan jasotzen diren dirulaguntzei «Investigo» programa finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituen TES/1267/2021 Aginduan xedatutakoa aplikatuko zaie, baita dirulaguntzei buruzko araudi orokorra ere: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinak arautzen baititu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

Halaber, laguntzen programa honi hauek ere aplikatuko zaizkio: 36/2020 Errege Lege Dekretua, abenduaren 30ekoa, zeinaren bidez presako neurriak onartzen baitira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana egikaritzeko; HFP/1030/2021 Agindua, azaroaren 29koa, zeinaren bidez Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen baita; TES/897/2021 Agindua, abuztuaren 19koa, zeinaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako zenbait kreditu banatzen baitira lurraldean, 2021eko ekitaldi ekonomikorako, autonomia-erkidegoek kudea ditzaten; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamendua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua («Finantza Erregelamendua»).

I. ERANSKINA
INGURUMENEKO SEI HELBURUEI «KALTE ESANGURATSURIK EZ ERAGITEKO» PRINTZIPIOA BETETZEARI BURUZKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
KONTROL-ESKUMENAK BERMATZEKO, ESKUBIDEAK ETA SARBIDEAK EMATEKO KONPROMISOA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
DATUEN LAGAPENARI ETA TRATAMENDUARI BURUZKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
ZEHARKAKO PRINTZIPIOAK BETETZEARI BURUZKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala