Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

262. zk., 2021eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
6478

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2022rako laguntza-deialdia. Lehen Aukera programa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduaren 13ko bileran hartutako Erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2022rako laguntza-deialdia onetsi du (Lehen Aukera programa). Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko o) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2022rako laguntzen deialdia (Lehen Aukera programa), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2021eko abenduaren 13ko bileran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak ondorioak izango ditu ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 13a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO 2022RAKO LAGUNTZA-DEIALDIA. LEHEN AUKERA PROGRAMA

Gazteak dira langabeziak gehien eragin dien biztanleria-taldeetako bat, eta horrek kolektibo horren egiturazko arazoa larriagotzen du, eta ekonomiaren hazkunde potentziala zailtzen epe luzera.

Hain zuzen ere, gazteen langabezia murriztea da gure gizartearen erronka nagusietako bat, eta erronka horri aurre egin behar diote bai erakunde publikoek bai enpresa pribatuek. Arazo honen konponbidean arrakasta, hein handi batean, inplikatutako erakunde eta sektore guztien laguntzaren eta koordinazioaren araberakoa eta ekimen pribatuak neurri egokiak diseinatu, hartu eta abiarazteko duen partaidetzaren araberakoa izango da.

Ildo horri jarraituz, lanik ez duten eta hezkuntza- zein prestakuntza-jardueretan parte hartzen ez duten gazteen kolektiboarentzako neurriak hartzeko beharrizana hauteman da, gazteak lan-munduratzeko eta lan-merkatuan kalitatezko enplegu batekin mantentzeko. Kolektibo hori heterogeneoa da, egoera pertsonal eta prestakuntza-maila oso desberdinak baitaude; horrenbestez, hezkuntzaren eta prestakuntzaren hobekuntzari heldu beharko diote neurriek, eta kontratazioa eta autoenplegua sustatu.

Gazteen Enpleguaren Ekimena lanik ez duten gazte guztientzat eta hezkuntza- edo prestakuntza-sistemetan inolako jarduerarik egiten ez duten gazte guztientzat da; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko EB 1304/2013 Erregelamenduan araututa dago, eta kolektibo horren langabeziaren egitura-arazoari aurre egiteko Europar Batasunaren ekimen enblematikoetako bat da. Ekimen horretan, jarduketa-ekimenak eta -gomendioak babesten dira, eta, horregatik, Gazteen Bermeari buruzko Kontseiluaren Gomendioa betetzeko tresna finantzarioetako bat da.

Enpleguaren Europako Estrategiarekin konprometitutako erakundea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, eta, hori erreferentziatzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 (http://www.euskadi.eus) antolatu du, erronka hauei aurre egiteko, besteak beste: aukera-berdintasuna, gazteen enplegua osotasunean garatzea, eta gure gazteei lanaren arloan eta garapen pertsonalean aukerak ematea. Hala deialdi honen xedea da ikasketak amaitu berri dituzten gazteei lehen lan-aukera ematea, hezkuntza-bizitzatik bizitza profesionalera igarotzen laguntzeko.

Ondorioz, titulua edo prestakuntza izanik, beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak kontratatzeko egiten da deialdi hau. Lan-kontratu mugagabea edo praktikaldiko kontratua egingo zaie, horrela, gazteen enplegagarritasuna bultzatu eta haien laneratzea finkatzeko. Beraz, Lehen Aukera programa honen azken helburua da gazteen lan-aukerak bultzatzea eta hobetzea, euskal ekonomiaren lehiakortasuna eta lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzea, eta gizarte-bazterkeriari aurre egitea.

Eurostat erakundeak 2021eko bigarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 13,33 da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Eustatek 2021eko bigarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera, kolektibo horrek % 17,90eko langabezia-tasa du, eta haren enplegu-tasa % 40,20koa da; EAEko enplegu-tasa orokorra, berriz, % 67,70ekoa da.

Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden aldeak eta horien arteko desberdinkeria. Horrela, Estatistikako Institutu Nazionalaren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren 2021eko bigarren hiruhilekoko datuek erakusten duten bezala, emakumezkoen enplegu-tasa ia 5 puntu handiagoa da gizonezkoena baino (emakumezkoen enplegu-tasa % 64,90ekoa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 70,56koa). Tasa horiek erakusten dute desagerrarazi beharreko arrakala dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2021eko abenduaren 13an onesten du euskal enpresetan gazteak kontratatzeko laguntzen deialdia (Lehen Aukera programa) 2022rako, zehaztapen hauen arabera:

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da titulua edo prestakuntza izanik beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak euskal enpresetan edo 4. eta 12. artikuluetan aurreikusitako bestelako erakundeetan kontratatzeko oinarriak ezartzea eta horretara bideratutako laguntzak arautzea, gazte horien enplegagarritasuna hobetzeko neurri gisa, lanbide-esperientzia lortuta eta haien laneratzea sendotuta.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 4.000.000 euro bideratu dira. Horietatik, 2.153.846 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.846.154 euro, 2023ko konpromiso-kredituari.

2.– Deialdi hau finantzatzeko bideratutako baliabide ekonomikoak honela banatuko dira:

a) 3.846.154 euro lan-kontratu mugagabeak eta praktikaldiko kontratuak finantzatzeko. Aurrekontu horretatik 2.000.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.846.154 euro 2023ko konpromiso-kredituari.

b) 153.846 euro 12. artikuluan adierazitako erakunde laguntzaileek lan-eskaintzak jaso, erregistratu eta kudeatzeko, bai eta trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko ere, 2022ko ordainketa-kredituaren kontura.

3.– Lanbiderekin elkarlanean diharduten erakunde kolaboratzaileei lan-eskaintzak biltzeagatik, erregistratzeagatik eta kudeatzeagatik dirulaguntzak emateko, eta enpresei praktikaldiko kontratuak eta kontratu mugagabeak egite aldera dirulaguntzak emateko 2022ko ekitaldian, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urterako Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kontura egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetu zen.

4.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako lan-kontratuak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, 2014-2020 aldirako EGFren Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren esparruan, baita berariaz REACT-UE ardatzaren barruan ere, Europar Batasunak COVID-19 pandemiari emandako erantzunaren eta/edo 2021-2027 Euskadiko EGF Plus Programa Operatiboaren barruan.

5.– Emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatu kopurua edo hura handitzearen ondorioz ateratakoa, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira (eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen); eta, hala balitz, hori guztia argitara eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

II. KAPITULUA
GAZTE LANGABEAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izango dira EAEn dauden lan-zentroetako lanpostuetan jarduteko lan-kontratu mugagabeak eta gutxienez 6 hilabete irauten duten praktikaldiko kontratuak. Kontratu horiek guztiek, kontratuaren hasieran, deialdi honen 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.

Kontratu horiek deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera hasitakoak izan behar dute, eta 2022ko urriaren 31ra bitartekoak izan beharko dute.

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak Langileen Estatutuetako aurreikuspenetara egokitu beharko dute, baita aplika daitezkeen arauetara ere, eta kasu guztietan eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Kontratuko lanpostuek kontratatutako pertsonaren ikasketa- edo prestakuntza-mailaren araberakoak izan beharko dute.

b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eta berariaz jaso beharko dituzte honako datu hauek: langilearen titulua, kontratua noiz hasi eta, halakorik balitz, noiz amaituko den, zenbat iraungo duen, lanaldia eta zein den bete beharreko lanpostua.

c) Urteko ordainsari gordinak kontratuan agertu beharko du, eta ezingo dira zenbateko hauek baino txikiagoak izan, titulu akademikoaren arabera:

(Ikus .PDF)

d) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan daitezke; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.

3.– Dirulaguntza izateko, kontratazio mugagabeek edo praktikaldiko kontratuek enplegua sorrarazi behar dute enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietako batez besteko plantillaren gainean, diruz lagunduko diren kontratuen xede diren langileak lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan. Kontratazioaren egunean, beraz, kontratu berri horrek gehikuntza ekarri behar du batezbesteko horrekiko.

Eskakizun hori betetzeko, ez dira kontuan hartuko arrazoi hauengatik amaitutako kontratuak: bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, desgaitasuna, adinagatik erretiroa hartzea, lan-denbora borondatez murriztea, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

4.– Honako kontratu hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontideari, oinordekoei eta gainerako senideei (odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino) edo enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideei egindako kontratuak, haien forma juridikoa gorabehera.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta formalizatu daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

1.– Deialdi honetan zehaztutako kontratu mugagabeak eta/edo praktikaldiko kontratuak egiteagatik, dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte enpresa pribatuek (haien forma juridikoa edozein dela ere), banakako enpresaburuek, ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek, baita elkarte eta fundazioek ere, baldin eta 17. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak eta honako eskakizun hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza soziala edo fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.

b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50 edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.

c) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri ematea, kontratu mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak eskaeran berariaz adierazi beharko du LLO baduen ala ez.

d) Europako Batzordearen aurretiazko erabakiaren bidez laguntza bat legearen aurkakoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi ostean ez egotea berreskuratze-agindu baten menpe.

2.– Lan-kontratu mugagabeak edo praktikaldikoak egiteko dirulaguntzei dagokienez, honako hauek ez dira erakunde onuradun izango: erakunde autonomoak eta elkarte publikoak, administrazio publiko baten edo gehiagoren mendeko elkarteak edo erakundeak, eta aldi baterako lanen enpresak, langileak lagatzeko enpleguetarako.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteei buruzko eskakizunak.

1.– Deialdi honen xedea da 16 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago duten gazteak kontratatzea, eta, horretarako, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda eta alta-egoeran egotea, eta kontratua hasteko bezperan langabea izatea.

c) Honako multzo hauetakoren batean zehaztutako tituluren bat izatea:

– Lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo masterra (Bolonia plana)

– Unibertsitateko diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo unibertsitateko gradua (Bolonia plana)

– Lanbide Heziketa arautuko eta berariazko lanbide-heziketako goi-mailako edo erdi-mailako teknikaria. Teknikari laguntzailearen (LH I) eta teknikari espezialistaren (LH II) tituluak horien baliokideak izango dira.

– Oinarrizko Lanbide Heziketa.

– Ofizialki aurrekoen baliokidetzat hartutako beste titulazio batzuk.

– Profesionaltasun-ziurtagiria.

d) Tituluarekin lotutako enpleguetan gehienez 6 hilabeteko esperientzia izatea.

2.– Gazte Bermea Sisteman izena emanda egon behar dute:

a) Enpresak zuzenean egindako hautaketa-prozesuan –7.1.a) artikuluan arautua–, Gazte Bermea Sisteman izena emanda egon beharko dute kontratatutako gazteek, kontratua abiatu bezperatik gutxienez, bat etorriz Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legean xedatutakoarekin.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere bulegoen edo zentro kolaboratzaileen bidez, hautaketa-prozesua egitean –deialdi honen 7.1.b) artikuluan arautua–, lehentasuna emango zaie Gazte Bermea Sisteman izena emanda daudenei, bat etorriz Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legean xedatutakoarekin.

3.– Gazteek prestakuntza duala egin duten enpresak hautatutako gazteekin zuzenean egiten diren kontratuetan, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako titulu bat lortzeko egin bada prestakuntza, kontratuek mugagabeak izan beharko dute, edo gutxienez 12 hilabetekoak praktikaldiko kontratuen kasuan.

4.– Lehen Aukera programako praktikaldiko kontratuaren modalitatea baliatuta aurreko edizioren batean kontratatu ziren pertsonak kontratu mugagabearen modalitatean soilik har daitezke kontuan oraingo deialdian, jada eskuratu duten lan-esperientzia gorabehera, baldin eta kontratu mugagabea egiten duen enpresa ez bada praktiketako kontratua egin zuen enpresa berbera, betiere.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa titulazio akademikoaren arabera zehaztuko da, era honetara:

(Ikus .PDF)

2.– Aipatutako diruz lagundutako zenbateko guztiak % 10 handituko dira, emakumeak kontratatzen badira.

(Ikus .PDF)

3.– Aipatutako dirulaguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.

7. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.

1.– Programan parte hartuko duten gazteak eskaera aurkeztu baino lehenago hautatuko dira. Honela egingo da hautaketa hori:

a) Ikasketak amaitu dituzten prestakuntza-zentroaren bidez, enpresak zuzenean, baldin eta enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen zentroren batean prestakuntza-aldia amaitu duten gazteak badira, bai prestakuntza dualaren formula baliatuta (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko prestakuntza bada), bai enpresetan prestakuntza-aldia egiteko bekak emateko Eusko Jaurlaritzaren programaren baten babesean (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko edo unibertsitate-esparrutik lan-esparrurako trantsizioa egiteko) 2021-2022 ikasturtean zehar. Titulua 2021ean eskuratu duten gazteak kontratatu ahal izango dira.

Kontratatu aurretik, kontratatuko den pertsonak ikasketak egin dituen prestakuntza-zentrora jo beharko du enpresak, baldin eta trantsizio-prozesua kudeatzeko eta haren jarraipena egiteko erakunde kolaboratzailearen izaera lortu badu, zentroak egiazta dezan 5.1 eta 5.2.a) artikuluetan ezarritako eskakizunak betetzen direla eta 13.5 artikuluan deskribatutako gainerako inguruabarrak betetzen direla.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez edo haren kolaboratzaile den erakunde baten bitartez, aurreko atalean jasota ez dauden kasuetan.

Hautaketa mota horretarako, eskaintza kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostu-profil bakoitzeko. Eskaera hori inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztu behar da, eta datu hauek adierazi beharko dira, gutxienez: izen-abizenak edo enpresaren izen soziala, IFK/IFZ, enplegatzailearen kotizazioaren kontu-kodea (halakorik bada), lantokiaren udalerria, lanpostuaren izena eta langintza, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresariaren, legezko ordezkariaren edo baimena duen pertsonaren sinadura.

Lanbideen Sailkapena erreferentziatzat hartuta adieraziko da lanbidea. Sailkapen hori Lanbideren webgunean jarriko da (http://www.lanbide.euskadi.eus), deialdi hau argitaratzen den egunean berean.

Eskaintza kudeatzeko eskabide bakoitza jasotzen duen bulegoak edo erakunde kolaboratzaileak erregistratuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geldituko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio haren erreferentzia.

Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozedurei jarraikiz kudeatuko dira, eta lehentasuna emango zaie Gazte Bermea Sistemako datu-basean identifikatuta dauden pertsonei, 5. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako baldintzetan.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta/edo kudeatzeko eta/edo trantsizio-prozesuaren jarraipena egiteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzailetzat joko dira 12. artikuluan aurreikusitakoak, eta horien zerrenda webgune honetan argitaratuko da: http://www.lanbide.euskadi.eus

3.– Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, epeak, eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://euskadi.eus, eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian:

Izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskaera-inprimakia helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1015911

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

Era berean, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritzak Ahalordeen erregistroan eman ahalko du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu

2.– Lan-kontratuak egiteagatik dirulaguntza-eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona juridiko eskatzailearen izenean eskabidea sinatzen duen legezko ordezkaritza egiaztatzeko dokumentua, baldin eta inskribatuta ez badago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistroan.

b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

c) Enpresaren eratze-eskritura eguneratuen fotokopia edo, hala badagokio, erakundearen bestelako eratze-dokumentua.

d) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea jasotzen duen organo eskudunaren ziurtagiria. Jarduera hastearen ondoriozko atxikipen-tasa murriztua (jarduerak hasteko zergaldia eta hurrengo biak) aplikatzeko Bigarren eta Hirugarren ataletan sartuta badago, eskatzaileak inguruabar horren berri eman beharko dio Lanbideri, jakinarazpen sinatua aurkeztuz helbide honetan dagoen ereduaren arabera: http://www.lanbide.euskadi.eus

e) Egindako kontratuaren kopia.

f) Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (deialdi honen 3.4.a) artikuluan xedatutakoari jarraituz).

g) Bi txosten «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteko aldiari dagokiona, eta bestea, kontratazioaren alta egunari dagokiona.

Baldin eta bi txosten horiek alderatuta ikusten bada plantilla ez dela handitu, 3.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, dokumentuak aurkeztu beharko dira egiaztatzeko aurreko sei hilabeteetan zenbait kontratu amaitu dela, arrazoi hauek tarteko: bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, desgaitasuna, adinagatik erretiroa hartzea, lan-denbora borondatez murriztea, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

h) Gainera, enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen zentroren batean prestakuntza-aldia amaitu duten gazteak izanez gero, bai prestakuntza dualaren formula baliatuta (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko prestakuntza baldin bada), bai enpresetan prestakuntza profesionala egiteko bekak emateko Eusko Jaurlaritzaren programaren baten babesean (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko edo unibertsitate-esparrutik lan-esparrurako trantsizioa egiteko) 2021-2022 ikasturtean zehar, honako hauek aurkeztuko dira.

Aurkeztutako kontratuan adierazitako titulua eskuratu izana egiaztatzen duen dokumentua.

Kontratua egin den enpresan prestakuntza-aldia egin izana egiaztatzen duen dokumentua (enpresa, lantokia, aldia, modalitatea eta abar adierazita).

3.– Aurreko ataleko b) eta d) letretan jasotakoa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, salbu eta pertsona edo erakunde eskatzailea berariaz aurka agertzen bada; kasu horretan, dagokion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 2. puntuan adierazitako nahitaezko dokumentuak aurkezten ez badira, 10 egun balioduneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkez ditzan eskatuko zaio erakunde interesdunari; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola adieraziko du, eta horrek administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu.

5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko urriaren 31n amaituko.

6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean erregistratuta beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

9. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.

1.– Funts publikoak efizientziaz erabiliko direla bermatzeko, praktikaldiko kontratuen kasuan, kontratuen gutxieneko iraupenak eskatutakoa edo diruz lagundua izan beharko du, eta kontratu mugagabeen kasuan, berriz, 24 hilabetekoa izango da gutxienez.

2.– Kontratazioa egin ondoren, kausa jakin batzuk direla-eta kontratua amaitzen bada (probaldia ez gainditzeagatik lan-kontratua amaitzea, kontratatutakoak lana borondatez uztea, bidezko deklaratutako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren baliaezintasuna edo heriotza), idatziz jakinarazi beharko dio enpresak Lanbideri, kontratua amaitu eta gehienez ere zazpi eguneko epean, Lanbidek azken dirulaguntza egokitu dezan kontratatutakoak benetan lan egindako aldiaren arabera.

3.– Kontratu-harremana aurreko paragrafoan aurreikusi ez den beste kausaren batengatik amaitu bada, dirulaguntza osorik itzuli beharko da, deialdi honen 23. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4.– Enpresak beste pertsona bat edo batzuk kontratatu nahi izanez gero, beste dirulaguntza-eskabide bat aurkeztu beharko du nahitaez, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera eta adierazitako epeetan baldin badago, betiere.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:

a) Lehen ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 52 ordainduko da 2022ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura, dirulaguntza ematen den unean.

Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela langilea eta plantilla handitu egin dela.

b) Bigarren ordainketan ordainduko da gainerakoa (% 48, edo justifikazioaren ondoren dagokion kopurua), betiere diruz laguntzekoak diren jarduketak justifikatuta, 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2023ko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura.

Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak alegia.

11. artikulua.– Kontratuak egiteagatiko dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak azken memoria bat aurkeztu beharko du, kontratatu dituen pertsonen zerrenda eta kontratuen iraupena jasoko dituena:

Hori aurkezteko epea hau izango da:

a) Praktikaldiko kontratuen kasuan, kontratua amaitu eta hilabeteko epea.

b) Lan-kontratu mugagabeen kasuan, hasi eta urtebete igaro ondoren.

Kasu batean zein bestean, zerrenda aurkezteko azken eguna 2023ko abenduaren 15a izango da, egun hori barne dela.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du praktikaldiko kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratu mugagabeek gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko. Halaber, 9.1 artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du.

III. KAPITULUA
ERAKUNDE KOLABORATZAILEAK

12. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Lan-eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta kudeatzeko onuradun izan daitezke jarduketa horiek egiteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzaile direnak.

Baldintza hori betetzeko, 2015eko urtarrilaren 23ko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpenean aurreikusitako prozedura jarraitu beharko da (2015eko otsailaren 2ko EHAA, 21. zk.), zeinetan ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzailea izateko prozedura, lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

2.– Halaber, erakunde kolaboratzaile izan daitezke, deialdi honi zehazki lotutako enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko, EAEko honako erakunde hauek:

a) Unibertsitateak.

b) Lanbide-heziketako ikastetxe publikoak eta pribatu itunduak, bai eta ikastetxe horiek biltzen dituzten elkarteak ere.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzaileak, 2020-2022 deialdiko lanerako prestakuntza emateko dirulaguntzen eta 2021-2023 deialdiko lanerako orientazioa emateko dirulaguntzen onuradun badira.

d) Udalak, mankomunitateak, kuadrillak, tokiko garapenerako agentziak eta Behargintzako zentroak.

3.– 13.5 artikuluan definitutako trantsizio-prozesuaren kudeaketa- eta jarraipen-jarduerak egiteko erakunde laguntzaile izan daitezke unibertsitateak, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak eta pribatu itunduak.

4.– Lehen Aukera programari lotutako eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko eta/edo trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko erakunde kolaboratzailea izateko eskaera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar da: https://euskadi.eus; eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian:

Izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskaera-inprimakia helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1089903

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

Era berean, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritzak Ahalordeen erregistroan eman ahalko du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko uztailaren 31n amaituko.

5.– Eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko eta/edo trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko baimena 3 pertsonak izango dute gehienez erakunde kolaboratzaile berean.

6.– Erakunde kolaboratzailea eraginkorra izateko eskakizuna izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileak ematen duten prestakuntza-ekintzetara joatea eta prestakuntza horri onura ateratzea erakundeak eskatutako baimena eskuratuko duten pertsona guztiek, horretarako ezarritako egunetan. Horren aurretik, http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean prestakuntza-ekintzen tokiak eta ordutegiak argitaratuko dira, baita ekintza horietan parte hartuko duten erakundeen zerrenda ere.

Aurreko puntuan aipatutako prestakuntza-ekintza egin beharrik ez dute izango Lehen Aukera programako aurreko urteetako laguntzen deialdietan enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko kolaboratzaile izan ziren zentroek, baldin eta egiaztatzen badute prestakuntza jasotako eta, ondorioz, aipatutako deialdi horretan enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko jarduerak egiteko baimendutako pertsona hori/horiek enpresako plantillan daudela orain ere.

7.– Prestakuntza-ekintzak bukatutakoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du, erakunde laguntzaile izaera emateko adierazitako eskakizunak betetzen dituzten erakundeei, deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako.

13. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagundu ahal izango da 12. artikuluan araututako erakunde kolaboratzaileek enplegu-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea, bai eta trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egitea ere, prozesu horiek, azkenean, eta deialdi honen babesean, diruz lagun daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitzen badira.

2.– Lan-eskaintzen bilketa prozesu bat da, hain zuzen, zenbait enplegu eskaintzailerekin harremanetan jartzeko, lanpostu bateko edo batzuetako estaldura-beharra identifikatzeko, eta identifikazio horretatik eskaintzen den profila duen horri dagokion kudeaketa-eskaera lortzeko prozesua.

3.– Lan-enplegu baten erregistroa da lan-eskaintzen bilketa-prozesuan lortutako datuak kodetzen diren prozesua. Datu horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman sartzen dira, eta, horrela, sisteman enplegu-eskaintza berri bat sortzen da.

4.– Lan-eskaintzen kudeaketatzat hartuko da prozesu hauek guztiak egitea:

a) Aldez aurretik Lanbideren informazio-sisteman erregistratutako eskaintza bat aztertzea, eta, hala badagokio, osatzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda daudenen artetik, une bakoitzean eskatutako lanpostuak betetzeko pertsona egokiak identifikatzea, eskaintza parekatzeko dauden bideak erabilita.

c) Eskainitako lanpostuetan sartzeko identifikatutako izangaien prestasuna egiaztatzea.

d) Izangai bakoitza enpresara bidali ostean, horren emaitza jasotzea. Emaitza jasotzea da bidalitako izangaia bete beharreko lanpostura egokitu den ala ez jakiteko enpresak egiten duen balorazioa eta horren arrazoia jakitea.

5.– Trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena dira entitate kolaboratzailearen jarduera hauek:

a) Enpresak zuzenenean hautatzen dituen gazteen lan-eskaerak berreskuratzea, berritzea, berrikustea eta aldatzea.

b) Egiaztatzea kontratatutako gazteak Gazte Bermea Sisteman izena emanda daudela, kontratua abiatu bezperatik, gutxienez.

c) Enpresak zuzenean hautatzen dituen gazteek, kontratua sinatzeko unean, 5.1 artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituztela ziurtatzea eta bermatzea.

d) Egiaztatzea kontratatutako pertsonak egindako ikasketa- edo prestakuntza-mailari egokitutako praktika profesionala lortzea ahalbidetuko duen lanpostu baterako dela kontratua.

e) Prestakuntza duala enpresan bukatu duten pertsonen kasuan, prestakuntza hori hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako titulu bat lortzeko bada, egiaztatzea kontratua mugagabea dela edo gutxienez 12 hilabeteko praktikaldiko kontratua dela.

f) Kontratatutako pertsona Lanbideko informazio-sisteman identifikatzea Lehen Aukera programaren bidez sustatutako kontratu bati lotutako pertsona gisa.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Erakunde kolaboratzaileek, deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratu bakoitzeko, zenbateko hauek jasoko dituzte, eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko eta/edo trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko jardueren ondorio bada:

– 120 euro, eskaintza bildu eta erregistratu duen erakunde kolaboratzaileak.

– 80 euro, eskaintza kudeatu duen erakunde kolaboratzaileak.

Erakundeak % 10eko gehigarri bat jasoko du deialdi honen babesean diruz lagundutako 20 kontratuko, enplegu-eskaintzak hartu, erregistratu eta/edo kudeatzen baditu.

– 120 euro, hezkuntza-esparrutik lan-esparrurako trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egin duen erakunde laguntzailea.

15. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea, tokia eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://euskadi.eus, eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian:

Izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskaera-inprimakia helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1015912

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

Era berean, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritzak Ahalordeen erregistroan eman ahalko du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitu diren lan-eskaintzak kudeatu dituzten erakunde kolaboratzaileek, dirulaguntza-eskabiderekin batera, erregistratu eta/edo kudeatu dituzten lan-eskaintzen zerrenda bat aurkeztu beharko dute, eta, deialdi honen babesean, lan-eskaintza horietako bakoitzean kontratatutako pertsonek ere agertu beharko dute.

3.– Trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egin duten erakunde kolaboratzaileek deialdi honen babesean kontratatutako pertsonen eta enpresa kontratatzaileen zerrenda aurkeztu beharko dute, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

4.– Eskatzailea pertsona fisikoa bada, ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea jasotzen duen organo eskudunaren ziurtagiria. Jarduera hastearen ondoriozko atxikipen-tasa murriztua (jarduerak hasteko zergaldia eta hurrengo biak) aplikatzeko Bigarren eta Hirugarren ataletan sartuta badago, eskatzaileak inguruabar horren berri eman beharko dio Lanbideri, jakinarazpen sinatua aurkeztuz helbide honetan dagoen ereduaren arabera: http://www.lanbide.euskadi.eus

5.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 1. puntuan adierazitako nahitaezko dokumentuak aurkezten ez badira, 10 egun balioduneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkez ditzan eskatuko zaio erakunde interesdunari; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola adieraziko du, eta horrek administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu.

6.– Eskabideak aurkezteko epea 2022ko azaroaren 1etik 15era izango da:

7.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du erakunde eskatzaileak.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Erakunde kolaboratzaileek ordainketa bakarrean jasoko dute dirulaguntza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak laguntzak emateko ebazpena eman ondoren.

IV. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

17. artikulua.– Dirulaguntzen enpresa eta erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen enpresa eta erakunde onuradunek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.

c) Erakunde eskatzailearen xedeak eta helburuak, onarpen- edo sarbide-sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduketa, antolamendua edo estatutuak gizonen eta emakumeen tratu- nahiz aukera-berdintasunaren printzipioaren araberakoak izatea.

d) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik jaso ez izana, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

2.– Enpresa eta erakunde onuradunei dirulaguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.

18. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, emate-prozedura eta ebazpena.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria da prozedura izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna.

2.– Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitzen diren arte. Kreditua handitzen ez bada, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez eta www.lanbide.euskadi.eus webgunean.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren esanbidezko ebazpen baten bidez onartuko edo ukatuko dira eskabideak.

Dirulaguntzaren emate-ebazpenean datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordainketa-modua eta dirulaguntzaren justifikazioan, hala badagokio.

4.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera; eta epe hori amaitutakoan dirulaguntza-eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta dirulaguntza emateko ebazpena espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren enpresen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

19. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Kontratuak 7.1.a) artikuluan jasotako hautaketa-prozeduraren bidez egingo dituzten enpresek, kontratuak egin aurretik, kontratatuko den pertsonak ikasketak egin dituen prestakuntza-zentrora jo behar dute, ikastetxeak egiazta dezan 5.1 eta 5.2.a) artikuluetan ezarritako eskakizunak eta 13.5 artikuluan adierazitako kudeaketaren eta prozesuaren jarraipenaren gainerako xehetasunak betetzen direla.

b) Kontratuak 7.1.b) artikuluan jasotako hautaketa-prozeduraren bidez egingo dituzten enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo haren erakunde kolaboratzaile batean aurkeztu beharko dute enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabidea.

c) Dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

d) Plantillaren enplegu-mailari eustea 9. artikuluan adierazitako kontratuen gutxieneko iraunaldian.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatzea laguntza jasotzeko eskakizunak eta baldintzak bete direla.

f) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

Diruz lagun daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko eskakizunak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, kontabilitate-identifikazio bereizi batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.

g) Helburu berarekin administrazio honen bidez edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmenki eragiten dion edozein gertakizun ere.

i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari laguntzea jarduera horiek egiaztatzeko, haien jarraipena egiteko eta kontrolatzeko.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

k) 2014-2020rako Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren edo 2014-2020ko EGF Programa Operatiboaren esparruan, deialdi honen babesean diruz lagundutako komunikazio-, zabaltze-, edo argitalpen-material eta ekintza guztietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak elkarrekin finantzatu dituztela adieraztea.

Enpresa onuradunen zerrenda Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. apartatuan adierazitako zerrenda publikoan jasoko da.

l) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

– Probetan edo elkarrizketetan eta lanpostuetarako hautatzean tratu- eta aukera-berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko diskriminazio ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea.

– Dokumentu, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

m) Kontratatutako pertsonen adostasuna lortzea, haien datuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskura jartzeko, eskatutako dirulaguntza kudeatzeko soil-soilik, eta deialdi honen 24. artikuluan xedatutako edukiaren berri ematea kontratatuei.

2.– Era berean, praktikaldiko kontratu bat amaitzean bete beharko den betebehar espezifiko gisa, enpresak ziurtagiri bat egin behar dio langileari. Hor, honako hauek jaso behar dira, gutxienez:

– Kontratuaren iraupena.

– Betetako lanpostuak, eta bakoitzean egindako zeregin nagusiak.

20. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Lan eta Enplegu Sailak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egingo dituzte deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko, eta bereziki egiaztatuko dute betetzen direla enplegua benetan sortzeko eta kontratuen iraupena ezartzeko eskakizunak.

Horretarako, diruz lagundutako kontratazioei buruzko dokumentu guztiak gorde eta zaindu beharko ditu enpresak, gutxienez 2027ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.

21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu beretarako administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrerekin, ez ordea lan-kontratu mugagabeetarako edo praktikaldiko kontratuetarako legez ezarritako Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetako hobariekin edo murrizketekin.

23. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan dirulaguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak). Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio pertsona onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

3.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutako alegazioak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epea izango da.

5.– Borondatezko epean dirulaguntza itzultzen ez bada, hura berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

24. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren erantzulea Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/074300-capa2-es.shtml/

25. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan gazteak kontratatzeagatik jarritako laguntzek bat etorri beharko dute Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan (DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa) ezarritako minimis arauarekin. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen guztizko zenbatekoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izango hiru zerga-ekitalditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

26. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinetan arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

Europako Gizarte Funtsak eta Gazte Enpleguko Ekimenak kofinantzatuak direnez, dirulaguntza hauei xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamendua (EB); Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 Erregelamendua (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzekoa, eta ESS/1924/2016 Agindua, abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsak 2014-2020 programazio-aldian diruz lagundu ditzakeen gastuak zehazten dituena. Europako Plus Gizarte Funtsak kofinantzatzen baditu, 2021-2027 Europako programazio-aldirako aplikatu beharreko erregelamenduei eta gainerako arauei atxikiko zaizkie.


Azterketa dokumentala