262. zk., 2021eko abenduaren 31, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (1059 KB - 23 orri.)
- EPUB (1796 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
SEGURTASUN SAILA
6467
AGINDUA, 2021eko abenduaren 2koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzaren uniformetasun orokorrari eta bereizgarriei buruzkoa.
Agindu honen oinarri objektiboa uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 46. artikuluan dago. Artikulu horrek Ertzaintzako funtzionarioen uniformetasuna, armamentua eta ekipamendua arautzen ditu. Zehazki, lehenengo apartatuan ezartzen denez, Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren eskumena daukan sailak zehaztuko ditu Ertzaintzako funtzionarioen uniformea osatzen duten jantziak, erregelamenduzko armamentua, gainerako ekipamenduak eta efektuak, bakoitza nor den egiaztatzen duten bitartekoak eta kategoria bakoitzaren bereizgarriak, eta horiek nola erabili behar diren ezartzen duten arauak.
Orain arte, Ertzaintzaren uniformetasun orokorraren eta bereizgarrien erregulazioa Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko urriaren 31ko Aginduan jasotzen zen. Agindu hori partzialki aldatu zuen Segurtasuneko sailburuaren 2016ko abenduaren 19ko Aginduak.
Araudi horren ondoren, beste aldaketa batzuk gertatu dira, Ertzaintzaren uniformetasun orokorrari eta bereizgarriei buruzko beste agindu bat onartzea eragiten dutenak. Agindu horrek lege-testu bakar batean jasoko du, zorrotz eguneratuta, gai horretan indarrean dagoen araudi osoa.
Lehenik eta behin, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketari buruzko ekainaren 27ko 7/2019 Legea onartzeak superintendentearen kategoria desagerrarazi zuen. Kategoria hori desagertzearen ondorioz, Ertzaintzaren uniformetasun orokorrari eta bereizgarriei buruzko aginduan hura identifikatzeko ezarritako bereizgarriak kendu behar dira.
Kategoria hori desagertzeak ez zuen ekarri Ertzaintzaren antolaketa-egituran Ertzaintzaren Buruaren eta herritarrak babesteko eta ikerketa kriminaleko ataletako buruen lanpostuak ezabatzea; izan ere, zuzendaritza-kargu garrantzitsuak dira, zein bere erantzukizun-eremuan, Ertzaintza osoaren zuzendaritza operatiboa izateagatik, eta intendenteen kategoriari dagozkion lanpostu gisa birsailkatu dira. Beharrezkotzat jotzen da Ertzaintzaren Burutzari eta alorretako burutzei dagozkien lanpostuak betetzen dituzten funtzionarioek karguaren bereizgarri espezifikoak eramatea, eskalari eta kategoriari dagozkien bereizgarrien ordez. Bereizgarri horiek superintendenteek izan zituzten kategoria-bereizgarrien antzekoak izatea nahi da, eta erakundearen memoria gordeko da horrela.
Bigarrenik, fakultatiboen eta teknikarien eskalako bereizgarrien eta ikurren erreferentziak eguneratu behar dira; izan ere, aurreko legea bosgarrenez aldatzen zuen ekainaren 27ko 7/2019 Legeak Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 105. artikuluari emandako idazketa berriak C2 azpitaldea desagerrarazi zuen eskala horretatik.
Azkenik, fakultatiboen eta teknikarien eskalako funtzionarioen bularreko eta sorbaldako ikurren bereizgarriei dagokienez (A1, A2 eta C1 sailkapen-taldeei dagozkien plazak), ikusi da gaur egungo ikurrek ez dutela behar bezala islatzen kasu bakoitzean eskatzen den titulazioa, Ertzaintzaren antzeko titulazio-maila eskatzen duten kategorietako ikurrekin alderatuta. Hala ere, kontuan hartu behar dira Ertzaintzako eskala bakoitzari esleitutako funtzioak, uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 36. artikuluan adierazitakoaren arabera, eta, hortaz, bularreko eta sorbaldetako enblemek edo ikurrek ez dute eskatutako titulazioa soilik adierazten. Horiek horrela, fakultatiboen eta teknikarien eskaletako enblemak edo ikurrak aldatu egin behar dira, eskatutako titulazioa eta ertzaintzako eskala eta kategorietako funtzioen arteko aldea egokiro islatzeko moduan.
Egin beharreko aldaketak ikusita, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta eremua.
1.– Agindu honen helburua da Ertzaintzako uniformetasun orokorra, ezaugarriak eta erabilera arautzea. Horrek ez du eragotziko Ertzaintzan berariazko uniformeak dituzten unitateek, zerbitzuek eta sekzioek uniforme horiekin jarraitu ahal izatea.
Era berean, uniformean agertzen diren bereizgarri orokorrak eta bereziak ere arautuko dira.
2.– Arau honek bereizgarri orokorretarako jasotzen dituen aurreikuspenak Ertzaintzako unitate, zerbitzu eta sekzioetako funtzionario guztiei aplikatuko zaizkie; Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioak eta zerbitzuak barnean hartuta.
3.– Agindu honek ez ditu arautzen Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioetako uniformeen jantzi, ekipamendu eta efektuen deskribapena, diseinua eta ezaugarri teknikoak, diputatu nagusi bakoitzak xedatutakoaren arabera arautuko baitira gai horiek.
2. artikulua.– Uniforme-motak eta kolore korporatiboak.
1.– Ertzaintzaren uniformetasun orokorraren barruan gala-uniformea eta laneko uniformea daude. Biak ondorengo artikuluetan zerrendatu eta agindu honen eranskinetan deskribatzen diren jantziek osatzen dituzte.
2.– Ertzaintzaren uniformeek kolore korporatibo hauek errespetatu beharko dituzte:
a) Laneko uniformeak kolore gorria, urdin iluna, beltza eta zuria erabiliko ditu.
c) Gala-uniformeak kolore gorria, urdin argia, urdin iluna, beltza eta zuria erabiliko ditu.
3. artikulua.– Jantziak, osagarriak, efektuak eta ekipamenduak.
1.– Ertzaintzako funtzionarioen uniformeak agindu honetan zerrendatutako jantziek osatuta egongo dira. Horiez gain, polizia-unitate, -zerbitzu edo -sekzio jakin batzuek dagozkien xedapenetan ezarrita dauden edo etorkizunean ezarriko diren jantziak ere izango dituzte:
a) Ertzaintzako funtzionarioen laneko uniformea osatzen duten jantziak jarraian zerrendatu eta I. eranskinean deskribatzen diren hauek dira:
– Suaren kontrako tubularra, funtzio anitzekoa.
– Suaren kontrako alkandora-niki mahuka-luzea.
– Suaren kontrako alkandora-niki mahuka-motza.
– Suaren kontrako jantzi polarra edo antzekoa.
– Suaren kontrako azpiko arropa, negukoa eta udakoa.
– Suaren kontrako galtzerdi beltzak.
– Suaren kontrako lan-jantzia.
– Suaren kontrako aurpegi-estalkia.
– Suaren kontrako galtza taktikoak.
– Jaka motza.
– Uretarako arropa.
– Txanoa.
– Uhaleria beltz osoa.
– Bota beltzak.
– Ebakien kontrako eskularru beltzak.
– Neguko txanoa.
– Balen kontrako txalekoa.
– Zapata beltzak.
b) Ertzaintzako funtzionarioen gala-uniformea osatzen duten jantziak jarraian zerrendatu eta II. eranskinean deskribatzen diren hauek dira:
– Txapel ikurduna.
– Jaka gorria.
– Gerriko beltza.
– Marra gorri zabaleko galtza urdinak.
– Eskularru zuriak.
– Galtzerdi beltzak.
– Zapata beltzak.
– Uhaleria zuria.
– Alkandora mahuka-motza.
2.– Agindu honetan xedatutakoa gorabehera, Ertzaintzako unitate, zerbitzu edo sekzioei atxikitako funtzionarioen lan-uniformeen jantziek, baldin eta agindu honetan jasotzen ez diren berariazko jantziak badituzte, haiei aplikatzekoak diren xedapen bereziak izango dituzte jarraibide.
3.– Agindu honetan jasotako jantziez gain, uniformeei bestelako ezaugarri teknikoak, osagarriak, efektuak eta ekipamenduak erantsi ahal izango zaizkie hala egitea beharrezkoa bada polizia-lanean funtzionarioen segurtasuna bermatzeko. Horretarako, aplikatzekoak diren xedapenetan ezarritako baldintzak beteko dira.
4. artikulua.– Bereizgarri orokorrak.
1.– Uniformea janzten duten Ertzaintzako funtzionarioek uniformean Ertzaintzaren ezkutu orokorra, ikurrina eta beren eskalari eta lanbide-kategoriari dagozkien bereizgarriak eramango dituzte.
2.– Ertzaintzaren ezkutu orokorra bularreko ikurrean agertuko da, zeinaren diseinua eta ezaugarriak agindu honen III. eranskinean adierazten baitira.
3.– Eskalako eta lanbide-kategoriako bereizgarriak bularreko ikurrean eta uniformearen sorbaldakoetan agertuko dira, betiere agindu honen III. eranskinean jasota dauden diseinuaren eta ezaugarrien arabera. Bularreko ikurrak, eskuineko hegalean, Identifikazio Pertsonaleko Zenbakia eramango du (aurrerantzean IPZ).
Ertzaintzako funtzionario bakoitzaren IPZ Segurtasun Sailburuordetzak horretarako duen aplikazioan geratuko da erregistratuta.
4.– Ikurrina: uniformearen ezkerreko mahukaren goiko aldean, kanpoan, Herrizaingoko sailburuaren 2009ko azaroaren 17ko Aginduan adierazitako diseinua eta ezaugarriak dituen bereizgarri bat agertuko da. Agindu horren bidez, Ertzaintzako laneko uniformeen mahukako bereizgarria Eusko Jaurlaritzako Nortasun Korporatiboaren Eskuliburuan ezarritakora egokitzen da.
5.– Kasu guztietan, aginduzkoa izango da uniformeetan ikurrak eta bereizgarriak jartzea, gaikuntzetako maila-ikurrak barne, eta agindu honetan ezarritakora egokituko dira, baita araudi osagarrian ezarritakora ere.
5. artikulua.– Bereizgarri bereziak.
1.– Miñoien, Foralen eta Mikeleteen Sekzioen kasuan, aurreko artikuluak aipatzen dituen bereizgarrien definizioak aldaketa hauek izango ditu:
a) Bularreko ikurreko Ertzaintzaren ezkutu orokorran ageri den erdiko ezkutua lurralde historiko bakoitzari dagokion ezkutuak ordeztuko du, lurraldeko foru-araudiaren arabera. Ertzaintza hitzaren ordez, hurrenez hurren, «Miñones», «Mikeletes» eta «Forales» edo «Miñoiak», «Mikeleteak» eta «Foralak» hitza jarriko da. Euskarazko eta/edo gaztelaniazko grafia eta bularreko ikur horren neurria lurralde historiko bakoitzeko organo eskudunek zehaztuko dituzte.
b) Bularreko maila-ikurretan eta uniformearen sorbaldakoetan dagoen haritz-hostoa dagokion sekzioa identifikatzen duen beste sinbolo edo anagrama batek ordezka dezake, lurralde historiko bakoitzeko organo eskudunek zehazten dutenaren arabera.
2.– Segurtasun Sailburuordetzaren titularraren ebazpen bidez ezar daiteke –hala behar dutela iritziz gero– atal, unitate, zerbitzu edo sekzio jakin batzuetako kideek bereizgarri bereziak eraman behar dituztela lan-uniformeen bularraldean.
3.– Ertzaintzaren Burutzako eta Ertzaintzako atalburutzetako lanpostuen kasuan, eskala eta kategoria profesionaleko bereizgarriaren ordez, III. eranskinean berariaz jasotako bereizgarria eraman beharko da.
6. artikulua.– Uniformearen erabilera.
1.– Ertzaintzako funtzionarioek uniformea erabiltzeak ziurtatuko du haiek duten agintaritzaren agente izaera; betiere, beren polizia-jarduerak direla eta, herritarrek eskatzen dietenean, lanbide-txartela erakusteko nahitaezkotasuna alde batera utzi gabe.
2.– Ertzaintzako kideen uniformea kide horiek bakarrik erabil dezakete, eta debekatuta dago beste pertsona, talde edo kidego batzuek erabiltzea, baita errakuntza edo nahasketa eragin dezaketen uniformeak janztea ere.
3.– Uniformearen erabilera Ertzaintzaren Burutzak eta Ertzaintzako alor eta unitateetako arduradunek zehaztuko dute, betiere burutzaren aginduei jarraituz, eta egin beharreko zerbitzuak zeintzuk diren, zein egoeratan burutuko diren, gauzatuko diren tokiko klimatologia eta erabili beharreko elementu, baliabide eta tresnak kontuan hartuz.
4.– Horrela behar duten ekitaldi ofizial eta publikoetan jantziko da gala-uniformea, baita Ertzaintzaren Zuzendaritzak zehaztuko dituen garrantzi bereziko polizia-jardunetan ere.
5.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez, hau xedatu ahal izango da: ebazpen horretan berariaz definitzen diren polizia-zerbitzu edo -jarduera zenbait egiterakoan, txanoaren edo neguko txanoaren ordez gala-uniformearen ikurra daukan txapela erabiltzea, laneko uniforme gisa.
7. artikulua.– Kondekorazioak eta sariak erabiltzea eta erakustea.
Segurtasuneko sailburuordeak ebazpenen eta jarraibideen bitartez arautuko ditu uniformeetan kondekorazioak eta sariak erabili eta erakusteko kasuak eta moduak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan jasotzen diren jantziak 2010eko martxoaren 26ko bileran Segurtasun eta Osasuneko Batzordeak landutako uniforme-proposamenean ezarritakora egokituko dira.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Uniformearen jantzietan, beren ezaugarri teknikoetan, eta erantsi daitezkeen osagarri, ekipamendu eta efektuetan egin ahal diren aldaketak aurretiaz aztertuko ditu Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasuneko Batzordeak.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ertzaintzaren uniformeen xedapen arautzaileetan egun jasotzen diren uniformearen jantziak eta osagarriak agindu honetan aurreikusten ez badira, indarrean jarraituko dute, eta, aldatzeko, Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasuneko Batzordearen iritzia eskatuko da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu egiten da Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak emandako 2012ko urriaren 31ko Agindua, Ertzaintzaren uniformetasun orokorrari eta bereizgarriei buruzkoa, baita Segurtasuneko sailburuaren 2016ko abenduaren 19ko Agindua ere, Ertzaintzaren uniformetasun orokorrei eta bereizgarriei buruzko agindua aldatzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikazio-jarraibideak.
Segurtasuneko sailburuordeari baimena ematen zaio agindu hau aplikatzeko behar diren ebazpen eta jarraibide guztiak emateko.
Era berean, Segurtasuneko sailburuordeari baimena ematen zaio Ertzaintzako unitate, zerbitzu eta sekzioetako berariazko uniformeei buruzko xedapenak emateko, hala behar badute, agindu honetan ezarritako zehaztapenak betez.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 21a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
I. ERANSKINA
LANEKO UNIFORMEA OSATZEN DUTEN JANTZIEN DESKRIBAPENA
– Suaren kontrako tubularra, funtzio anitzekoa: haren kolorea itsas-urdin iluna izango da. «Ertzaintza» hitza kolore zuriz brodatua eramango du, ageriko tokian.
– Suaren kontrako alkandora-niki mahuka-motza: ukondoen gainetik mahuka motzak dituen poloa, alkandora-lepoa duena, eta, aurreko aldean, erdian, botoi bidezko itxiera duena. Haren kolorea gau-urdina izango da, eta kanezua zeharka jarritako xingola gorriak mugatuko du. Mahukaren tolesaren josturan errematatuta, zeharkako xingola gorria jarriko da. Bularrean, eskuinaldean, «Polizia» hitza izango du, Ertzaintzaren ikurra ezkerraldean, eta «Ertzaintza» hitza bizkarraldean.
– Suaren kontrako alkandora-niki mahuka-luzea: mahuka motzeko poloaren ezaugarri berberekin, baina mahukak luzeak izango dira.
– Jantzi polarra edo antzekoa: suaren kontrako jantzia izango da, aurrealdetik irekia, kremailera baten bidez itxiko dena. Kolore itsas-urdin gauekoa izango du. Sorbaldakoaren hegia gorria izango da eta, haren gainean, haritz-hosto gorri brodatu bat egongo da. Jaka motzarekin batera erabiltzeko modukoa izango da. Bizkarraldean, «Ertzaintza» hitza eramango du eta, bularraldean, eskuinean, «Polizia» hitza, eta, ezkerrean, polizia-kidegoaren ikurra.
– Suaren kontrako azpiko arropa, negukoa eta udakoa: jantzi-joko bakoitzak bi janzki termoegonkor izango ditu; burua, oinak eta eskuak salbu, gorputz osoa estaliko dutenak. Suaren kontrako azpiko arropak mahuka luzeko elastiko zisne-lepoduna eta galtza luzeak izango ditu, biak itsas-urdin ilun kolorekoak.
Udako azpiko arropa negukoa baino arinagoa izango da. Udakoan, lehentasuna izango du transpirazioa bideratzeak; negukoan, ordea, beroa emateak.
– Suaren kontrako galtzerdi beltzak: garrekiko eta txinpartekiko esposizioaren kontrako ezaugarriak izango dituzten galtzerdi beltzak izango dira.
– Suaren kontrako lan-jantzia: kolore itsas-urdin gauekoa izango du. Sorbaldakoaren hegia gorria izango da eta, haren gainean, haritz-hosto gorri brodatu bat egongo da. Sorbalda luzatua duten alkandora-mahukak eramango ditu. Bularraldean, bi sakela izango ditu, eta beste bi galtza-hanken alboetan. Goiko eskuin-sakelan brodatuta «Polizia» hitza eramango du; beheko ezker-sakelan, ordea, «Ertzaintza» hitza. Bularraldean, ezkerrean, Ertzaintzaren ikur berezia izango du. Bizkarraldean, «Ertzaintza» hitza eramango du.
– Suaren kontrako aurpegi-estalkia.
– Galtza taktikoak: suaren kontrako galtzak. Gerri aldean, bi kanpo-sakela izango dituzte, frantses erakoak eta kremailera bidezko itxiera dutenak; galtza-zangoen alboetan, bi sakela, velcro bidezko ixte-hegal horizontala dutenak, eta, atzean, bi sakela, ezpain-irekierakoak, ezkutuan geratzen den velcro-aren bidez horizontal ixten direnak. Galtzak urdinak izango dira, eta, galtza-zangoen alboko sakelen itxiera-hegalen goi-ertzean, zeharkako xingola gorria eramango dute. Galtza-zangoaren ezker-sakelako ixte-hegalean, «Ertzaintza» hitza agertuko da.
– Neguko txanoa: haren kolorea itsas-urdin iluna izango da. Erdialdean, behealdea tolestean ikusteko moduan, «Ertzaintza» hitza kolore zuriz brodatua eramango du, ageriko tokian.
– Jaka motza: erditik kremailera bidez irekitzen da. Suaren eragina atzeratzeko azpiko bat eramango du, baita negurako zein udarako azal desmuntagarri bat ere. Aurrealdean, bi sakela izango ditu. Gorria izango da, eta eskumuturrek zinta islatzaile ezkutagarri batzuk izango dituzte. Bizkarraldean, «Ertzaintza» hitza eramango du eta, bularraldean, eskuinean, «Polizia» hitza, eta, ezkerrean, polizia-kidegoaren ikurra.
– Uretarako jantzia: bi jantzi izango ditu: galtzak eta jaka, gainezarrita egongo direnak. Goikoa gorria izango da eta behekoa itsas-urdin iluna. Bi jantzietan erraz ikusteko moduko elementuak jarriko dira.
– Txanoa: txanoaren osagaiak kaskoa, uhala, bisera eta sarea dira. Kaskoaren aurrealdean, kidegoaren ikurra jarriko da. Goi-mailako eskalan, ikur hori hondo beltz gaineko urre kolorekoa izango da; oinarrizko, ikuskapen eta betearazpen eskaletan, hondo beltz gaineko zilar kolorekoa izango da, eta, fakultatiboen eta teknikarien eskaletan, hondo gris gaineko zilar kolorekoa izango da (III. eranskinean deskribatutakoak). Kolorea itsas-urdin iluna izango da. Uhalean, otxar koloreko xingola bat eramango du. Ikuskapen eta betearazpen aginte-eskaletako biserak zilar koloreko hegi bat izango du muturrean; hegia urre kolorekoa izango da goi-mailako eskalarako.
– Uhaleria beltza osagai guztiekin: gerriko zurruna, euspen-sistema eraginkorra duena. Arma eta polizia-lana egiteko ezinbestekoak diren gainerako tresnak eramateko beharrezko zorroak jartzeko balio izango du (kargagailua, eskuburdinak, polizia-makila, txilibitua,...).
– Zango-erdiko bota beltzak: bota beltzak izango dira. Boten zangoaldeak orkatila babestuko du. Zola diseinatuta egongo da agenteei zapaldu behar dituzten gainazaletan segurtasuna emateko. Transpiragarriak, iragazgaitzak eta suaren kontrakoak izango dira.
– Ebakien kontrako eskularru beltzak: ebakien eta suaren kontrakoak izango dira, baita urarekiko eta beste likido batzuekiko iragazgaitzak ere. Mahuka-muturraren itxierak ahalbidetuko du gaineko jantziei gainjartzea, era horretan eskumuturra agerian geratzea galarazteko. Beltzak eta bost hatzekoak izango dira.
– Balen kontrako txalekoa: pertsona bakar batek erabiltzeko barne-txalekoa. Arina, malgua eta erosoa izango da, eta balen kontra babesteko Ertzaintzaren Burutzak unean-unean zehaztuko dituen eskakizunekin bat datorrena.
– Zapata beltzak: bi motatakoak izango dira. Batzuk, «taktikoak» izenekoak, larru beltzekoak, lokarridunak, boten antzeko ezaugarriak dituztenak, eta besteak «bulegokoak» izenekoak, larru beltzekoak, lokarridunak eta propietate antiestatikoak dituen zola dutenak.
II. ERANSKINA
GALA-UNIFORMEA OSATZEN DUTEN JANTZIEN DESKRIBAPENA
– Txapel ikurduna: ohiko euskal itxura duen txapela, kolore gorrikoa. Erdialdean, Eusko Jaurlaritzaren armarria eramango du.
– Galako jaka gorria: jaka aurrealdetik itxiko da, botoi/botoi-zuloz. Bularraldean, bi sakela izango ditu. Ezkerreko sakelaren barrualdean, Ertzaintzaren plaka-ikurra lotzeko botoi bat eramango du josita. Barrualdean, ezkerrean, pospolo-sakela bat izango du. Gainera, gerruntzerako tira batzuk eramango ditu galako gerriko zuria pasatzeko. Jaka honek alderen aldeko zulo bat izango du. Zulo horretatik, krokagailu batez errematutako galtzarbe-uhal bat agertuko da, pistola-zorroari lotzeko egokitua. Erabiltzaile ezkertiak egon daitezkeenez, jakak bi zirrikitu simetriko eramango ditu (ezker eta eskuinaldea). Ikurdun sorbaldakoa soingainari pasabide-pieza batez itsatsiko zaio, eta horretatik sorbaldakoak duen zarrailu bat sartuko da. Lepo-zerrenda izango du, lepoa ixteko pieza batez botoituko dena. Mahuka itsatsia egongo da, galtzarbean zirrikitu bat duela errematatuta.
– Marra gorri zabaleko galtza urdinak: janzteko galtzak dira, alderantzirik gabekoak. Alboko bi sakela ditu eta, eskuinaldean, erloju-sakela bat. Atzealdean, bi sakela eramango ditu, binperrean zorroa eta botoi-zuloa dituztenak (emakumezkoentzako diseinuak ez dauka atzeko sakelarik). Alboetan, errasoko galoiak eramango ditu, kolore gorrikoak. Gerrikoa jartzeko tirak izango ditu. Gainera, udarako galtza mota bat egongo da, eta negurako berogarriago den beste bat.
– Eskularru zuriak: bost hatzeko eskularruak dira, bits zurizkoak, gala-ekital-dietarako, gizonezko zein emakumezkoentzat.
– Galtzerdi beltzak: janzteko galtzerdi beltzak izango dira, muturrean elastiko bat dutenak.
– Zapata beltzak: larru beltzezko zapata lokarridunak.
– Janzteko gerriko beltza.
– Uhaleria zuria: kolore zuriko gerrikoa izango da. Ertzaintzaren ikurra duen letoizko belarria izango du.
– Alkandora mahuka-motza: alkandora kolore urdin argikoa da. Mao motako lepoa izango du, kolore zurikoa, botoiaz ixten dena. Alkandora aurretik lotzen da, botoi-zulo bidez. Bularraldean, bi sakela ditu. Ezkerreko sakelaren zorro barruan, Ertzaintzaren plaka-ikurra jartzeko botoi bat darama. Mahukaren eranste-tokitik sortzen diren sorbaldakoak ditu, erpin forman amaitzen direnak, eta botoi-zulo eta botoi batez lotzen direnak. Mahukak banda zuri batekin errematatuta doaz. Behealdeak hegal modukoak dira.