Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

261. zk., 2021eko abenduaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
6449

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 13koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan produktu fitosanitarioekin transakzioak eta eragiketak egiteko erregistro elektronikoan datuak eguneratzeari buruzkoa.

Azaroaren 10ean sartu zen indarrean apirilaren 20ko 285/2021 Errege Dekretua, produktu fitosanitarioak biltegiratzeko, merkaturatzeko, inportatzeko edo esportatzeko, horien kontrol ofiziala egiteko eta haiekin saiakuntzak egiteko baimena emateko baldintzak ezartzen dituena, eta irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretua, produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duena, aldatu zen.

Errege-dekretu horren 15. artikuluak ezartzen duenez, erregistro eguneratu bat izango dute defentsa fitosanitarioko bitartekoen ekoizleen eta operadoreen erregistro ofizialaren (ROPO) hornikuntza-sektorean eta tratamendu fitosanitarioen sektorean inskribatutako operadoreek, egiten dituzten merkaturatze-, inportazio- edo esportazio-eragiketa guztien erregistroa.

Araudi hori betetze aldera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak sistema informatiko bat jarri du eskura, hots, produktu fitosanitarioekin egindako transakzioen eta eragiketen erregistro elektronikoa (RETO), ministerio horrek kudeatzen duena. Bertan, egindako eragiketak erregistratu beharko dira, eta aipatutako errege-dekretuaren I. eranskinean zehaztutako nahitaezko datuen gutxieneko edukia idatzi, produktu fitosanitarioen transakzioen kontrol- eta erregistro-lanak errazteko eta haien trazabilitatea uneoro bermatzeko.

Aplikazio horren bidez, ekoizleek eta banatzaileek hirugarren bati egindako erosketa- eta entrega-eragiketa guztiak denbora errealean edo kargen bidez erregistra daitezke beste aplikazio informatiko edo datu-fitxategi batzuetatik, bai eta produktu fitosanitarioen bidezko tratamendu-zerbitzuak ematen dituzten erakunde eta erabiltzaile profesionalek egindako eragiketa guztiak ere, hala eskuratze-eragiketak nola aplikazio-eragiketak.

Ildo horretan, sektoreko erakunde batzuek adierazi dute zailtasunak dituztela transakzio horiek denbora errealean erregistratzeko, eta beren sistema informatikoak egokitzen ari dira kargak egiteko, datu-fitxategietatik edo txantiloi egokituetatik.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa, da landare- eta animalia-ekoizpen eta -osasunaren arloko programak eta jarduerak egiteko eta koordinatzeko erakunde eskuduna, hargatik eragotzi gabe lurralde historikoen eskumenak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 17.1.b artikuluaren arabera.

Aurreko guztiak kontuan hartuta, eta eraginpeko sektoreak egokitu eta betebehar berriak bete ahal izateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– ROPOn izena emanda dauden Euskal Autonomia Erkidegoko sektore hornitzaileko operadoreek beren transakzioei buruzko datuak zuzenean grabatu beharko dituzte RETO aplikazioan, eta gutxienez hilean behin eguneratu beharko dira datu horiek. Erregistratu beharreko datuak 285/2021 Errege Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoak dira.

Bigarrena.– Produktu fitosanitarioekin transakzioak eta eragiketak egiten dituzten operadoreek egindako eragiketa guztien erregistro eguneratua izaten jarraituko dute, indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, RETO aplikaziorako datuen eguneratzea hilekoa izan daitekeen arren. Erregistro horretako informazioak koherentea izan beharko du RETOko transakzioei buruzko azken informazioarekin.

Hirugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 13a.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria,

JORGE GARBISU BUESA.


Azterketa dokumentala