256. zk., 2021eko abenduaren 24a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (269 KB - 2 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
6396
EBAZPENA, 2021eko azaroaren 30ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez behin betiko onartzen baita «Loiolako Erriberetako aldageltokiari buruzko informazio-azterlana».
2019ko apirilean, ETSk «Loiolako Erriberetako aldageltokiari buruzko informazio-azterlana» idazteko preskripzio tekniko partikularren agiria argitaratu zuen. 2019ko uztailean, zerbitzu hori emateko kontratua esleitu zitzaion TFP Getinsa Euroestudios-ek eta Asmatu-k osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari, eta 2019ko irailean sinatu zen kontratua.
Ebazpen honen bidez onartzen den informazio-azterlanaren xedea da ETSko E-2 Lasarte-Hendaia linea eta ADIFeko aldirietako C-1 linea lotzeko aukera ematen duen Loiolako Erriberetako aldageltokia definitzea.
Informazio-azterlanaren jarduketa-eremua Donostiako hego-ekialdean dago, Euskotrenek ADIFen linearen gainean duen bidegurutzean, Loiolako Erriberak izeneko bizitegi-eremuan, Zorroaga pasealekuaren kanpoko ertzean, Amara Berri auzoaren ekialdeko muturrean eta Loiolako Erriberetako garapen berriaren hegoaldean.
Egungo egoeran, Euskotreneko E2 Lasarte-Hendaia linea, hegoaldetik iparraldera doana, Zorroaga pasealekuarekiko paraleloan dago, perpendikularki igarotzen da ekialdetik mendebaldera doan ADIFen C1 linearen gainean, Loiolako Erriberak izeneko bizitegi-eremuaren barruan, eta ez dago geltokirik edo geralekurik bi trenbide-lineetako batean ere.
Horrela, hurbilen dauden geltokien urruntasuna dela eta (Anoeta eta Loiolako geltokia Euskotrenen linean eta Loiolako geralekua ADIFen linean), ezinezkoa da linea batetik bestera aldatzea.
Azpiegitura berria Euskotrenen egungo trenbidearen eta ADIFen C1 aldirietako linearen bidegurutzearen bertikalean dago, eta azken horrekiko paraleloan, Urumeako autobidearen hegoaldeko mugan.
Loiolako Erriberetan geltoki berri bat eraikitzeak bi garraiobide bermatzen ditu: metroa eta ADIF aldirikoak. Loiolako Erriberak metropoli-aldaketa egokirako puntu kritiko nagusitzat jotzen da; izan ere, eremu horretan tren-aldaketak egiteko aukerak ahalbidetzen du zenbait auzo (Egia eta Gros, adibidez) metroaren linea berrira hurbiltzea.
Aldageltokia egiteko, bidaiari-eraikin bat egingo da, alboetan bi nasa izango dituena, eta, horren ondorioz, ETSren egungo bideak ekialderantz mugitu beharko dira, bai eta Zorroaga pasealekua mendebalderantz ere, eraikin horri lekua egiteko.
ADIFeko bideak Gregorio Ordoñez kaleko goiko pasabidearen eta GI-20 autobiaren azpitik igarotzen den tunelaren artean garatzen dira azterlan honetan. Bide horiek Zorroaga pasealekuaren azpitik eta ETSren trenbidearen azpitik gurutzatzen dira. Jarduketa horrek ez du eraginik izango ADIFeko bideen geometrian.
Lur gaineko geltoki bat da, eta horrek nolabaiteko izaera sinbolikoa ematen dio. Gainera, lehen esan bezala, geltokiak aldaketagune gisa balio behar du. Geltokiaren egoera periferiko samarra denez, geltokia erabiltzen duten bidaiarien fluxuaren zati handi bat trenbideak aldatzetik etorriko da.
Aldageltoki berri horrek ADIFen trenbideen % 50en estaldura ere hartzen du bere nasa berrietan, geltokiari argia eta aireztapena emateko eta Barcelona hiribidetik haietara sarbide zuzena izateko. Bigarren fasean gauzatuko da hori, aldageltokiaren eskari-bilakaeraren arabera.
Aldageltokia osatu ondoren, argi eta garbi bereizitako bi zatik osatuko dute geltoki osoa: batetik, gainazalean, Euskotreni dagozkion nasa eta instalazioak, eta, bestetik, lurpean, ADIFeko aldirietako trenbidearen nasa eta instalazioak, eta, bi aldeen artean, dagozkien korridoreak, banatzaileak eta komunikazio-eskailerak ezarri beharko dira. Eraikuntza-proiektuan, nasak behar bezala ebakuatzeko beharrezkoak diren larrialdi-irteerak aztertu eta definitu beharko dira.
Obrak gauzatzeko hogeita hamasei (36) hilabeteko epea zehaztu da.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hogeita hemeretzi milioi laurehun eta hogeita zazpi mila zortziehun eta hogeita bat euro eta hirurogeita bost zentimokoa da (39.427.821,65 euro). Administrazioak jakin dezan, obra osoaren aurrekontua, BEZa barne, hogeita hemeretzi milioi laurehun eta hirurogeita hemezortzi mila ehun eta hirurogeita bost euro eta hogeita hamar zentimokoa da (39.478.165,30 euro).
Aipatutako informazio-azterlana jendaurrean jarri zen, informazio publikorako, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 5.5 artikuluan eta Trenbide Sektorearen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretuaren 10.5 artikuluan aurreikusitako moduan. Horretarako, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko maiatzaren 27ko Ebazpena onartu, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta dagokion prentsa-iragarkietan argitaratu zen 2021eko ekainaren 28an. Horrez gain, Donostiako udaletxearen egoitzetan ere egon zen ikusgai hogeita hamar egun balioduneko epean.
Izapide horretan hainbat alegazio aurkeztu ziren, eta banakako erantzuna eman zitzaien.
Organo honek eskumena du Gobernu Kontseiluarentzat erreserbatuta ez dauden trenbide-sareko azterlanak eta proiektuak idatzi eta onartzeko, hala xedatzen baitu Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2. c) artikuluak.
Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Informazio publikoko eta entzunaldiko espedientea onartzea eta behin betiko onarpena ematea «Loiolako Erriberetako aldageltokiari buruzko informazio-azterlana»ri.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi (2) hileko epean, hargatik eragotzi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 30a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.