Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

252. zk., 2021eko abenduaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
6305

5/2021 FORU ARAUA, abenduaren 3koa, Gipuzkoako A-15 eta N-1 errepideetan salgaien garraioan aritzen diren ibilgailu astunek errepidea erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanona ezartzen duena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «5/2021 Foru Araua, abenduaren 3koa, Gipuzkoako A-15 eta N-1 errepideetan salgaien garraioan aritzen diren ibilgailu astunek errepidea erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanona ezartzen duena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2021eko abenduaren 3a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

Urriaren 3ko 7/2002 Foru Arauaren bidez onetsi zen bide azpiegituren erabilera kanona, Gipuzkoako lurralde osoan exijitu daitekeena, Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA foru sozietate publikoak (aurrerantzean Bidegi SA) kudeatu eta administratu beharreko errepideen eraikuntza, ustiaketa, mantentze eta artapen gastuak ordaintzeko. Gaur egun, hauek dira bide azpiegitura horiek: AP-8 Bizkaiko Golkoko autobidea, AP-1 Vitoria-Gasteiz–Irun autobidea Eibartik, Gipuzkoako zatian, eta A-636 autobidea, Beasain–Durango, Kanpanzarren barrena.

Halaber, martxoaren 29ko 1/2011 Foru Arauaren bidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko araubideari gehitu zitzaion 2006ko maiatzaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/38/EE Zuzentaraua, zeinaren bidez aldatzen baita 1999ko ekainaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1999/62/EE Zuzentaraua, salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailu astunei zenbait azpiegitura erabiltzeagatik kargak aplikatzeari buruzkoa.

Aipatutako zuzentarauaren transposizioaren bidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoan bide azpiegiturak erabiltzeagatiko kargak zehazteko irizpideak ezarri ziren, eta ekainaren 6ko 1/2006 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onartutako Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren indarreko testu bateginaren VII. tituluan txertatu ziren. Gero, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko irailaren 27ko 2011/76/EB Zuzentaraua onetsi zen, arlo horretako araudia osatzeko.

Ondoren, abenduaren 15eko 7/2016 eta azaroaren 12ko 6/2018 foru arauen bidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko A-15 eta N-I gaitasun handiko errepideetako tarte jakin batzuk erabiltzeagatik salgaiak garraiatzeko ibilgailu astunek ordaindu beharreko kanona arautu zen. Arau-xedapen horiek deuseztatu egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 2018ko apirilaren 9ko eta 2020ko maiatzaren 5eko epaien bidez.

Foru arau honek N-I eta A-15 errepideetako kanona arautzen du; eta, behin ezarrita, Gipuzkoako errepideen lehentasunezko intereseko sare osoa erabileragatiko ordainketa sistema baten mende egongo da. Sare hori autobideek eta gaitasun handiko errepideek (AP-8, AP-1, A-15, N-I eta A-636) osatzen dute, eta «Gipuzkoako biribilgunea» izeneko eraztuna osatzen dute.

Kanonak salgaiak garraiatzeko 3,5 tonatik gorako baimendutako gehieneko masa duten ibilgailu astunei soilik eragingo die.

Kanonaren zenbatekoak azpiegitura kostuak berreskuratzeko printzipioa oinarri hartuta ezarri dira. Zehazki, kanonak zerikusia izango du azpiegitura egiteko kostuekin eta ustiaketa kostuekin, kanona kudeatzeko kostuekin eta sarea garatu, hobetu eta mantentzeko kostuekin, egitura konpontzekoak barne. Horiek horrela, lortu nahi da erabilerak eragindako narriadura arintzea eta zerbitzu maila ezin hobeari eustea.

Zenbateko horiek ez dira aldatzen ibilgailuaren emisioaren EURO kategoriaren arabera, praktikan ez baita bideragarria bereizketa hori sartzea, lotutako ibilgailuaren emisioen EURO kategoria modu frogagarrian bermatzen duten gailuen ezarpen eta erabilera urria dela eta; salbuespen hori aplikazioko zuzentarauan bertan onartu eta araututa dago.

Bildutako funtsak azpiegiturara itzuliko dira, ustiapeneko, kanonaren kudeaketako, sarearen garapen eta hobekuntzako eta mantentze lanetako kostuak ordaintzeko, egituraren konponketa barne.

Bestalde, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen berrogeita hirugarren xedapen gehigarrian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoaren izaera juridikoa du kanonak.

Nabarmendu behar da 1999/62/EE Zuzentarauaren 7 nonies artikuluaren arabera, azpiegitura bakoitzeko tasen araubide berria aplikatu baino sei hilabete lehenago, gutxienez, Batzordeari behar den informazioa bidali behar zaiola, Batzordeak nahitaezko irizpena eman dezan hura jaso eta sei hilabeteko epean. Beraz, foru arauaren aplikazioa aipatutako txostenaren mende dago.

Kanona ordaindu behar duten errepideetan zirkulatzen duten ibilgailuak errepidean dauden arkupeetan identifikatuko dira, eta egindako ibilbideei dagokien zenbatekoa egotziko zaie.

Ordaindu behar duten ibilgailuak behar bezala identifikatzeko, free flow sistemak beharrezko elementuak ditu, ibilgailua identifikatu eta sailkatu ahal izateko, gelditu beharrik gabe.

Arau erregulatzaileak datuen tratamenduari buruzko xedapen espezifikoak jasotzen ditu, interes publikoko eta lortu nahi den helburu legitimoarekiko proportzionala den helburu bat betetzeko, hala xedatzen baitute, alde batetik, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak –2016/679 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena– eta, bestetik, Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak.

Foru arau honek free flow sistemak lortu eta sortutako informazio pertsonalaren kudeaketari buruzko zehaztapenak errespetatzen ditu; eta, horretarako, datu pertsonalen tratamenduaren eraginpean dauden agertokiak identifikatzen ditu, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra betez arlo horretan eskatzen diren edukiak deskribatzen ditu.

Foru arau honek N-I eta A-15 gaitasun handiko errepideen kanona kobratzeko puntuak ezartzen ditu Gipuzkoako Lurralde Historikoan egiten duten ibilbide osoan, eta errepide horietan ez dago karga horretatik salbuetsitako tarterik I., II. eta III. eranskinetan adierazten den bezala. Horrela, zehatz-mehatz betetzen dira Auzitegi Gorenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ezarritako irizpideak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko irailaren 27ko 2011/76/EB Zuzentarauan aurreikusitako diskriminaziorik ezaren printzipioaren «zeharkako diskriminazioa» alderdiari dagokionez.

Foru arauak 17 artikulu ditu, bi titulutan banatuta, xedapen gehigarri bat eta bi azken xedapen.

Lehenengo tituluak kanonaren kobrantza arautzen du, eta bigarren titulua sistemak lortutako datuen tratamenduari buruzkoa da.

Xedapen gehigarri bakarrak baimena ematen dio Diputatuen Kontseiluari kobrantzaren hasiera data zehazteko, baina betiere 2023ko martxoaren 31 baino lehen hasi beharko du, kontuan hartuta Batzordearen nahitaezko irizpena lortzeko behar den denbora (sei hilabeteko epea du irizpen hori emateko, azpiegitura bakoitzeko tasen bidesari araubide berri bat aplikatzeari buruzko beharrezko informazio guztia jasotzen duenetik aurrera), bai eta araudi berriak eskatzen dituen kobrantza sistemen beharrezko egokitzapen teknologikoak ere.

Amaitzeko, azken xedapenetako lehenengoak Diputatuen Kontseiluari ahalmena ematen dio foru arau hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan, eta bigarrenak, berriz, indarrean sartzea arautzen du.

I. TITULUA
KANONAREN KOBRANTZA ARAUTZEA

1. artikulua.– Xedea.

Foru arau honen xedea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren titulartasuneko N-I eta A-15 gaitasun handiko errepideak erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanona arautzea.

2. artikulua.– Kanonaren izaera.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren titulartasuneko N-I eta A-15 gaitasun handiko errepideak erabiltzeko kanonak zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoaren izaera juridikoa du.

3. artikulua.– Ordainpeko ibilgailuak.

Gipuzkoako Errepide eta Bideei buruzko Foru Arauaren testu bateginean ibilgailu astun gisa definitutakoei aplikatuko zaie kanona, hau da: ibilgailu motordunei edo ibilgailu artikulatuen multzoei, baldin eta salgaiak errepidez garraiatzeko bakarrik erabiltzen badira eta 3,5 tonatik gorako baimendutako gehieneko masa badute.

4. artikulua.– Sistemaren definizioa.

Ibilgailuak detektatzeko, identifikatzeko eta haiei kanona egozteko ezarriko den bidesari sistema dinamikoa izango da, teleordainketa edo free flow motakoa, ibilgailuak gelditu gabe.

5. artikulua.– Erabiltzaileen betebeharrak.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren titulartasuneko N-I eta A-15 gaitasun handiko errepideak, kanona ordaindu beharrekoak, erabiltzen dituzten pertsonek dagokien zenbatekoa ordaindu beharko dute 3. artikuluan aipatutako ibilgailuekin zirkulatzen badute.

2.– Gainera, free flow motako nahitaezko bidesari sistema bat denez, erabiltzaileek hura baldintza operatiboetan erabiltzea ahalbidetzen duten baliabide teknikoak eduki behar dituzte; edo, bestela, matrikula ordainbide batekin lotzea ahalbidetzen duen informazioa eman beharko dute.

6. artikulua.– Arkupeak eta ibilbideak esleitzea.

1.– N-I eta A-15 errepideetan instalatutako arkupeak ibilgailuak identifikatzeko eta sailkatzeko gailu teknologikoak dira, ibilgailuak gelditu beharrik gabe funtzionatzen dutenak.

2.– 3. artikuluan zehaztutako ibilgailuak arkupeetatik igarotzen badira, I. eranskinean zehaztutako ibilbide luzerak esleituko zaizkie.

7. artikulua.– Ibilgailuen sailkapena.

1.– Foru arau honek ezarritako kanonaren ondorioetarako, honela sailkatuko dira ibilgailuak edo ibilgailu multzo artikulatuak:

a) 1. motako ibilgailu astunak: 3,5 tonatik gorako eta 12 tonatik beherako baimendutako gehieneko masa.

b) 2. motako ibilgailu astunak: 12 tona edo gehiagoko baimendutako gehieneko masa.

2.– Ibilgailu mota bakoitza bi kategorietako batean sailkatzeko, sistemak, irizpide bolumetrikoen bidez (luzera, zabalera eta altuera), ibilgailuaren bolumenaren eta baimendutako gehieneko masaren arteko korrelazioa ezarriko du.

Baimendutako gehieneko masaren (BGM) eta bolumenaren arteko korrelazioa zuzena ez bada, baimendutako gehieneko masa (BGM) lehenetsiko da; eta, behar izanez gero, aplikatutako tarifa 10 egun balioduneko gehieneko epean birkalkulatuko da, kanona kudeatzen duen enpresak edo, hala badagokio, Bidegi SA enpresak korrelazio okerra egiaztatzen duenetik aurrera.

3.– Bolumen antzekoa baina baimendutako gehieneko masa desberdina duten ibilgailuen korrelaziorako, erabiltzaileen matrikularen eta kategoriaren aukerako erregistro bat gaituko du Bidegi SAk.

4.– Trafiko Burutza Nagusia erakunde autonomoaren Ibilgailuen Erregistroko datu baseetan kontsulta egitea ere sailkapenerako baliozko bitartekotzat joko da.

8. artikulua.– Kanonaren gehieneko zenbatekoak.

1.– Kanonaren gehieneko zenbatekoak (BEZa barne) honako hauek izango dira:

a) 1. motako ibilgailu astunak: 0,22 euro/km.

b) 2. motako ibilgailu astunak: 0,28 euro/km.

2.– 1. eta 2. motako ibilgailu astunen ibilbide luzerei dagozkien gehieneko zenbatekoak II. eta III. eranskinetan daude jasota, hurrenez hurren.

3.– Kanonaren zenbatekoak foru arau mailako xedapen bidez zehaztuko dira.

9. artikulua.– Ordainbideak.

1.– Ordainbide hauek ezartzen dira behartutako ibilgailuek kanona ordain dezaten:

a) TAG gailua.

b) Bidegi SAren webgunearen bidez edo, hala badagokio, garatzen diren beste sistema telematiko batzuen bidez, erregistro telematikoak etorkizunean onartzen duen banku txartela edo beste ordainketa bide batzuk adierazita.

c) AP-8 autobideko edo AP-1 autobideko bidesari bideratuan, Diputatuen Kontseiluak erabaki bidez zehazten duenean, erabiltzen den banku txartela.

Txartel hori free flow sisteman kobratzeko erabiliko da soilik ibilgailuak ez badu beste ordainbiderik lotuta igarotzeko unean.

2.– Inola ere ez da onartuko eskudirutan ordaintzea.

10. artikulua.– Kanona ordainaraztea, kudeatzea eta biltzea.

Bidegi SA foru sozietate publikoari dagokio kanona ordainaraztea, kudeatzea eta biltzea.

Dena den, Bidegi SAk hirugarren baten esku utzi ahal izango du kanonaren kobrantza kudeatzea.

11. artikulua.– Kanona ez ordaintzea.

1.– Bide azpiegitura erabiltzen den unean kanona ordaintzen ez bada, kanona kudeatzen duen erakundeak dagozkion izapideak egingo ditu kobratzeko, eta 3 euroko kudeaketa errekargua erantsiko dio.

Arkupetik igarotako datatik bi hilabete igaro badira eta zorra ordaindu ez bada, kanona ordainarazteaz arduratzen den erakunde kudeatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundiari igorriko dio salaketa, zehapen espedientea ireki dezan eta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Diru Bilketako Erregelamenduan ezarritako prozeduraren arabera, ordaintzeke dagoen zorra eska dezan, ordaindu gabeko kudeaketa errekargua barne dela.

2.– Gertaera horiek egiaztatzeko, azpiegituran instalatutako edozein sistema edo bitarteko tekniko, mekaniko edo irudi-erreproduzitzaile erabili ahal izango da, ibilgailuak garbi identifikatzen dituena. Irudi hori frogabidea izango da salaketan.

12. artikulua.– Kanona ez ordaintzeagatiko arau-haustea.

1.– Arau-hauste arina izango da kanona eta haren kudeaketa errekargua ez ordaintzea arkupetik igarotzen den egunetik bi hilabeteko epean.

Arau-hauste hori Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren testu bateginean edo etorkizunean hura ordezten duen arauan xedatutakoaren arabera zehatuko da.

2.– Arau-haustearen erantzulea ibilgailuaren titularra edo epe luzeko errentaria izango da, baldin eta Trafikoko Burutza Nagusia erakunde autonomoaren Ibilgailuen Erregistroan jasota badago.

13. artikulua.– Biltzen den diruaren erabilera.

Bildutako funtsak honako kostu hauek estaltzeko erabiliko dira: ohiko eta ezohiko kontserbazio kostuak, eragiketakoak, kanona kobratzeko sistema mantentzekoak, araudi edo teknologia berrietara egokitzekoak eta foru arau honen xede diren bideak hobetzeko proiektuetakoak.

II. TITULUA
SISTEMAK ESKURATUTAKO DATUEN TRATAMENDUA

14. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

1.– Free flow sistema kudeatzeko, kanona ordaindu behar duen ibilgailuaren titulartasunari lotutako datu pertsonalak tratatu behar dira, foru arau honen arabera, haren kobrantza kudeatzeko helburuarekin.

Tratamendu horren helburua da sistema horren mendeko bide azpiegituraren erabilerari dagokion kanona ordaindu behar duten ibilgailuak hautatzea; eta, zehazki: kanona kobratzeko prozesuak gauzatzea, fakturak igortzea, ez-ordaintzeak eta ondorio arau-hausleak kudeatzea; egindako kudeaketarekin bat ez etortzeagatik, desadostasunagatik edo akatsengatik erreklamaziorik izanez gero egiaztatzea, eta bide zati hori erabiltzen duten eta ordainketari lotuta ez dauden ibilgailuak baztertzea.

2.– Lortutako datu pertsonalak ez dira erabiliko foru arau honetan aurreikusitako helburuetarako ez diren beste batzuetarako.

3.– Azpiegituraren erabilerari eta/edo zerbitzuaren kalitateari buruzko estatistikak egiteko, artikulu honen lehen zenbakian identifikatutako helburuetarako bildutako informazio pertsonal guztia ezabatuko da.

4.– Artikulu honetan deskribatutako tratamenduen arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundiko bide azpiegituren arloko departamentu eskuduna da.

15. artikulua.– Bildutako datu pertsonalak.

1.– Aurreko artikuluan identifikatutako helburuak lortzeko, hauek dira behar diren datu pertsonalak: free flow sistemako arkupeak zeharkatzen dituen ibilgailuaren matrikularen irudia; lotutako ordainbidea; zirkulazioari lotutako eguna eta ordua, eta ibilgailuaren titularraren identifikazioa; free flow sisteman alta ematea edo erregistratzea; AP-8 eta AP-1 autobideetako bidesari kanalizatuko kobrantza-geltokietan erabilitako banku-txartela, 9.1.c) artikuluan ezarritakoaren arabera; eta informazioaren titularrek eskatzen dituzten fakturak egiteko behar diren datuak.

2.– Gainera, pertsonalak ez diren beste datu batzuk ere bildu ahal izango dira, hala nola matrikulazio herrialdea, ibilgailuaren marka eta modeloa, kategoria eta fitxa teknikoa.

3.– Datu pertsonalak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, ez eta irispidean jarriko ere, salbu eta legez eska daitekeen arauren bat betetzen denean edo zerbitzuari euskarria emateko denean.

16. artikulua.– Datu pertsonalak gordetzeko epeak.

1.– Ordaindu beharrik ez duten ibilgailuei buruzko datuak aldi baterako tratatuko dira, bide-ardatza erabiltzearen ondoriozko kanona ordaindu beharra baztertzeko beharrezkoa den denboran.

2.– Ordaintzeko betebeharra duten ibilgailuei buruz bildutako datuak kanona kobratzeko behar-beharrezkoa den denboran gordeko dira; eta, prebentzioz, urtebeteko epean, ordaintzeko betebeharra sortzen den egunetik zenbatzen hasita, sor daitekeen erreklamazioari erantzuteko. Une horretan blokeatu egingo dira, legez dagozkion akzio administratibo edo judizialen preskripzio epean.

17. artikulua.– Zilegitasun titulua.

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluan xedatutakoaren arabera, garatutako jarduerak sortutako eta bildutako datu pertsonalak tratatzeko gaitzen duen oinarri juridikoa edo zilegitasun titulua honakoa da: datu pertsonal horien tratamenduaren arduraduna den Gipuzkoako Foru Aldundiari emandako botere publikoak erabiltzea eta interes publikoa betetzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Diputatuen Kontseiluari baimena ematea.

Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio kanonaren kobrantza noiz hasiko den zehazteko, foru arau honen arabera. Data hori ezingo da izan 2023ko martxoaren 31 baino geroagokoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamenduz garatzea.

Diputatuen Kontseiluari ahalmena ematen zaio foru arau hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala