243. zk., 2021eko abenduaren 4a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- PDF (275 KB - 4 orri.)
- EPUB (226 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OSASUN SAILA
6123
AGINDUA, 2021eko azaroaren 17koa, Osasuneko sailburuarena, Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) derrigortasuna ezartzen duena, 2021eko urriaren 6ko Aginduan ezarritako neurrien osagarri gisa. Lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa da agindu hori.
Lehendakariaren urriaren 6ko 39/2021 Dekretuak amaiera ematen dio COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera deklaratutako osasun-larrialdiko egoerari. Amaiera horrek indarrean sartzen denetik aurrera izango ditu ondorioak.
Dekretuak honako hau aurreikusten du 2. artikuluan: «Osasun-larrialdia amaitzeak berekin dakar, dekretu honetan xedatutakoaren arabera, ondorioak berehala galtzea Lehendakariaren irailaren 17ko 38/2021 Dekretuan aurreikusitako neurri guztietarako (38/2021 Dekretua, irailaren 17koa, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurrien testuen bat egiteko eta eguneratu eta zehaztekoa.»
Ondorioz, Dekretuaren 5. artikuluaren arabera: «Euskadin osasun-krisia eta osasun-larrialdiko egoera gainditzeari kalterik egin gabe, Osasun Sailak une oro zehaztu ahal izango ditu osasun-dispositiboa aktibatzeko erritmoa eta beharrizanak, bai eta osasun publikoaren zaintzari eta kontrolari dagozkion prebentzio- eta euste-neurriak berraktibatu, berreskuratu edo abian jartzea ere, COVID-19 pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta, eta jarraipen sistematikoari eta kasuen eta kontaktuen kudeaketa eraginkorrari eutsita.
Horretarako, eta hargatik eragotzi gabe aplikagarria den Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko legeria arrunta, krisiaren aurrekoa edo krisi-garaian sortutakoa, eta, bereziki, alde batera utzi gabe prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien martxoaren 29ko 2/2021 Estatuko Legea aplikatzea, eta Estatuko agintariek eskatutako koordinazioari eta kohesioari kalterik egin gabe, gaituta geratzen da Euskadiko osasun-agintaritza, Osasuneko sailburua buru dela, Euskadin normaltasun berrian aplikagarriak izango diren prebentzio-, zaintza- edo kontrol-neurriak hartzeko.»
Bestalde, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien martxoaren 29ko 2/2021 Legeak ezartzen duenez (lege hori COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretua lege-proiektu gisa izapidetzearen emaitza da), Estatuko Administrazio Orokorreko, autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako organo eskudunek izango dituzte, dagokien eskumen-esparruan, lege horretan ezarritako neurriak behar bezala betetzen direla zaindu, ikuskatu eta kontrolatzeko eginkizunak.
Urriaren 6an, Osasuneko sailburuak, Lehendakariaren urriaren 6ko 39/2021 Dekretuak ezarritako gaikuntzaren indarrez eta osasun-agintari gisa legez aitortuta dituen ahalmenak gauzatuz, Agindua eman zuen, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu zela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak ziren prebentzio-neurriei buruzkoa. Agindu hori 2021eko urriaren 7ko 201 zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen. Agindu horren eranskinean hainbat prebentzio-neurri ezarri ziren eta orain neurri horiek une honetako egoera epidemikora egokitu behar dira. Hori guztia, Aginduaren bosgarren puntuan xedatzen denaren arabera «(...) Osasuneko sailburuak, osasun-agintaritza den aldetik, agindu hau aplikatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu, eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera eta osasun-egoeraren bilakaera ikusita, agindu honetan aurreikusitakoez gain beharrezkoak diren neurri osagarri guztiak ezarri ahal izango ditu».
Zirkulazio epidemikoaren intentsitateak gora egin du azken asteotan. Azaroaren 15ean 14 egunetako Intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 181,84 kasukoa zen eta joera goranzkoa zen.
Intzidentziak gora eginda, ospitaleetako oheen okupazioak ere gora egin du. 2021eko azaroaren 15ean COVID-19a duten pazienteek okupatutako ospitaleko oheak 114 dira eta ZIUn okupatutakoak 30.
Egun berean, hauxe da txertaketaren estaldura: dosi bakarra dauka 12 urtetik gorako biztanleriaren % 91,2k, eta pauta osoa, berriz, % 90,3k.
Horregatik, agindu honen xedea da osasun publikoaren zaintza eta kontrolaren berezko prebentzio- eta geldiarazte-neurriak ezartzea eta neurri horiek gaur egungo egoerara egokitzea, kontuan hartuta COVID-19aren pandemiaren aurrekaria, harik eta behin betiko amaitzen den arte.
Oraindik ere COVID-19aren inguruko zenbait prebentzio-neurri mantendu beharko dira; hauek, hain zuzen ere: maskara erabiltzea, distantzia, eskuen higienea, barruko espazioak aireztatzea eta jende-pilaketak saihestea. Era berean, oraindik ere lehentasuna da kasuen eta kontaktuen jarraipen sistematikoari eta kudeaketa eraginkorrari eustea. Beharrezkoa da, baita ere, Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) ildoan bestelako neurri-mota batzuk sartzea, hala nola, gaueko aisialdiko establezimenduetara eta jatetxeetara sartu ahal izateko ziurtagiri hori aurkeztu behar izatea.
Auzitegi Gorenak 1112/2021 zenbakian, 2021eko irailaren 14an, adierazitako jurisprudentziaren hitzetan, «lokal horietara sartzea borondatezkoa da eta bertan ez da funtsezko jarduerarik egiten». Hau da, «pertsonek aisialdia hainbat modutara erabil dezakete eta, noski, lokal horietara joan daitezke, edo ez, nahiago dezakete terrazetara joan, edo ez, baina espazio itxi eta normalean oso aireztatuta ez dagoen batera sartzekotan, kutsatzeko arriskua handitu egiten denez, adierazitako dokumentazioa erakutsi behar da, dokumentazio horrek ziurtatzen baitu une horretan dokumentazioaren jabea ez dela SARS-CoV-2 infekziorik jasaten ari, bermea erabatekoa ez baldin bada ere».
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostenek erakusten dutenez datu zientifiko askok bermatzen dute aisialdiko lokalak ireki ahal izateko osasun publikoari babes-maila eman diezaiokeen neurri eraginkor posible bat dela Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) ezartzea, aisialdiko jarduerak jendearentzako modu seguruagoan egiteko, bai eta lokal horietan lanean ari direnek segurtasun handiagoa izan dezaten ere.
Neurria aldi baterakoa da, Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia-tasarekin lotzen da, eta egoera sanitariora eta egoera horren bilakaerara mugatuta dago, arau honen eraginpeko aisialdiko establezimenduetara edo jatetxeetara sartzeko.
Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, neurriak, indarrean sartu baino lehenago, baimen edo berrespen judiziala behar du, izan ere pertsonen berdintasunerako, intimitaterako eta datu-babeserako oinarrizko eskubideengan eragina izan baitezake.
Nolanahi ere, Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) erabilera gaituta ere, zero arriskuko egoerarik ez dagoenez, berriro ere esan behar da beharrezkoa dela zuhurtasun-, segurtasun- eta zorroztasun-printzipioei eusten segitzea prebentzio- eta autobabes-neurrietan, eta herritarrei dei egiten zaie horretan kolaboratu dezaten, sinetsirik pertsona bakoitzak arduraz jokatzea dela bermerik garrantzitsuenetako bat kutsatzeak areagotu ez daitezen.
Horrenbestez, egoeraren bilakaera ikusita eta kontuan hartuta SARS-COV-2 birusak eragindako pandemia kontrolatu beharra, EAEko osasun-arloko agintaritzari dagokion jardunean, bat etorriz Lehendakariaren 39/2021 Dekretuak, EAEn COVID-19aren pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera Euskadin amaitu dela adierazten duenak eta normaltasun berri batean sartzeko neurriak zehazten dituenak, bere 5. artikuluan araututakoarekin, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4.1 artikuluarekin, eta aplikatzekoa den gainerako araudiarekin lotuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua.
Agindu honen xedea da Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) derrigortasuna ezartzea, osasun publikoa zaintzeko eta kontrolatzeko beharrezkoa den prebentzioko eta eusteko neurri osagarri gisa (Larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzko 2021eko urriaren 6ko Aginduan ezarritako neurrien osagarri gisa alegia), COVID-19 pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta, establezimendu hauetan:
1.– Aisialdiko jarduerak eskaintzen dituzten establezimenduetan, hala nola, diskotekak, dantzalekuak, ikuskizunak eskaintzen dituzten dantzalekuak, musika-tabernak, karaokeak, eta Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren III. eta IV: taldeetan sartzen diren jarduera guztiak. Aipatutako dekretuaren III. taldean sartzen diren pub eta taberna bereziei dagokienez, neurria 22:00etatik aurrera eskatuko da.
2.– Jantokietako toki baimendua 50 lagunetik gorako edukieran daukaten jatetxeetan.
Bigarrena.– Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) nahitaez eskatzea, prebentzioko neurri osagarri gisa.
Aurreko puntuan adierazitako establezimenduetara sartzeko eta bertan egon ahal izateko beharrezkoa izango da Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) erakustea establezimenduetako arduradunei, paperean nahiz euskarri digitalean, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua Euskal Autonomia Erkidegoa osoan 100.000 biztanleko 150ekoa edo gehiagokoa baldin bada.
Betekizun hori ez da beharrezkoa izango 12 urtetik beherakoentzat, adinagatik sartu daitezkeen establezimenduetarako.
Eragin horietarako, Osasun Saileko webgunean (https://www.euskadi.eus) astean bitan zabalduko da lehenengo paragrafoan ezarritako tasaren indizea, astelehenetan eta ostegunetan; erreferentzia hori hurrengo egunetik aurrera izango da eraginkorra, agindu honetan aurreikusten den eraginetarako.
Hirugarrena.– Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) Euskal Autonomia Erkidegoan.
Euskal Autonomia Erkidegoan Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) eskuratzeko bidea lotura honetan ageri da:
https://www.euskadi.eus/certificado-covid-digital-ue/web01-a3korona/eu/
Nolanahi ere, arau honen eraginetarako, baliozkoak izango dira beste osasun-administrazio batzuek emandako Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalak (QR) ere.
Laugarrena.– Neurriak betetzen direla kontrolatzea eta zehapen-araubidea.
Establezimenduetako jabeek nahiz agintaritzaren agenteek noiznahi eskatu ahal izango diete establezimenduetan dauden bezeroei lokalera sartzeko aurkeztutako dokumentazioa erakusteko, benetakoa dela egiaztatu ahal izateko.
Establezimenduetako arduradunek bermatu behar dute datu-babesaren arloan indarrean dagoen araudia errespetatzen dela. Atal honetan adierazten den informazioa, bereziki, egiaztatzeko unean bakarrik eskatu ahal izango da. Ezin izango da bertan daudenen osasunari dagozkien datuekin fitxategirik gorde edo sortu.
Ondo ikus daitezkeen kartelen bitartez jakinaraziko zaie bezeroei, establezimendurako sarreratik bertatik, lokalera sartzeko betebeharrak eta neurri aplikagarriak zein diren. Halaber, bezeroei gogoraraziko zaie maskararen erabilera nahitaezkoa dela eta jateko edo edateko unean bakarrik ken daitekeela.
Ez-betetzeak gertatuz gero, honako xedapen hauetan aurreikusitako moduan zehatuko dira: COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien martxoaren 29ko 2/2021 Legearen VII. kapitulua; Osasun Publikoaren urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren VI. titulua, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 35-39 artikuluak.
Bosgarrena.– Neurrien jarraipena eta aplikazioa.
Agindu honen eranskinean aurreikusitako neurri horien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.
Seigarrena.– Indarrean jartzea.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 17a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.