242. zk., 2021eko abenduaren 3a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (215 KB - 1 orri.)
- EPUB (217 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
6111
EBAZPENA, 2021eko azaroaren 25ekoa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez argitaratzen baita zein egunetan agortu den 2021eko deialdiari dagokion aurrekontu-kreditua, Gauzatu-Industria programaren esparruan.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko ekainaren 16ko Aginduaren bidez 2021eko ekitaldirako laguntza itzulgarriak deitu eta arautu ziren oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko. Gauzatu-Industria programa 2021.
Honakoa xedatzen du 4. artikuluak (Baliabide ekonomikoak).
«Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria (28.000.000 euro zehazki).
Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortzen denean, eta gertakari hori publiko egin ondoren jasotzen diren eskabideak ez dira onartuko.»
Azaldutakoagatik, 2021eko azaroaren 25ean agortu egin direnez Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko ekainaren 16ko Aginduan aurreikusitako dirulaguntza itzulgarri gisa ematera bideratutako laguntzak emateko fondoak (Agindu horren bidez 2021eko ekitaldirako laguntza itzulgarriak deitzen eta arautzen dira oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko. Gauzatu-Industria programa), eta agindu horren 4. artikuluan ezartzen diren ahalmenen indarrez,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Publiko egitea, 2021eko ekainaren 16ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutako eraginetarako, 2021eko azaroaren 25ean agortu egin dela 2021-2029 aldirako urtez urte gaitzen den kreditua, dirulaguntza itzulgarri gisa ematera bideratutako laguntzetarakoa. Laguntza horiek Gauzatu-Industria programa arautzen duen agindu horretan aurreikusita daude eta oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko dira.
Bigarrena.– Ukoa ematea 2021. ekitaldirako aurkeztutako eta aurrekontu-ekitaldi honetan emateko ezarritako muga gainditzeagatik laguntzarik eskuratu ez duten inbertsio-proiektuei.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren25a.
Industriako sailburuordea,
MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.