Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2021eko abenduaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

SEGURTASUN SAILA
6104

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 22koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzako Ikerketa Kriminaleko Ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedurarako.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23. artikuluan xedatutakoan oinarriturik, eta Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz; Segurtasun Saileko Segurtasun Sailburuordetzak ezarritako helburuak ikusirik; Ikerketa kriminaleko ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten da Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako funtzionarioentzat.

Hautaketa-prozedura honetarako deialdia honako oinarri hauek kontuan hartuz egiten da:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

1.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako funtzionarioentzako Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan oposizio-lehiaketa sistemaren bitartez sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten da.

Deitutako ikastaroa espezializazio-ikastaroa da, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 54. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako funtzionarioentzat deitzen den plaza kopurua 326 da, honako era honetan banaturik:

– 270 plaza Agente kategoriako funtzionarioentzat.

– 56 plaza Agente Lehena kategoriako funtzionarioentzat.

Deitutako plazen kopurua handitu ahal izango da, hautaketa-prozesu honen garapenean zehar gerta daitekeen edozein arrazoirengatik. Kopurua handituz gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez argitaratuko da, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Plaza-gehikuntza oinarri hauen bidez arautuko da eta hamaikagarren Oinarrian, 3. puntuan, aurreikusitako izapidearen aurretik ezarri beharko da.

Bigarrena.– Betekizunak.

1.– Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi duten pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aldez aurretik eskabidea betetzea.

b) Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalan karrerako funtzionario izendatuta egotea.

c) Jarduneko administrazio-egoeran izatea.

d) Ikerketa Kriminaleko ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa-prozeduretako hiru deialdi baino gehiagotan parte hartu ez izana.

Orokorrean eta ondorio guztietarako, Ikerketa Kriminaleko prestakuntza-sistema berria 2012an hasi zenez, honako hautaketa-prozedura hauetako deialdietan parte hartu izana baino ez da konputatuko:

– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedura, 2012ko ekainaren 29ko Ebazpenaren bitartez deitutakoa (2012ko uztailaren 10eko EHAA, 134. zk.).

– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedura, 2014ko apirilaren 11ko Ebazpenaren bitartez deitutakoa (2014ko apirilaren 24ko EHAA, 77. zk.).

– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedura, 2018ko maiatzaren 24ko Ebazpenaren bitartez deitutakoa (2018ko maiatzaren 5eko EHAA, 107. zk.).

– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedura, 2019ko urriaren 17ko Ebazpenaren bitartez deitutakoa (2019ko urriaren 28ko EHAA, 205. zk.).

– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedura, 2020ko irailaren 11ko Ebazpenaren bitartez deitutakoa (2020ko irailaren 16ko EHAA, 186. zk.).

Deialdi bat agortutzat emango da, eta konputagarritzat joko da, funtzionarioa ikastaroan parte hartzeko ontzat ematen den kasuan. Ez, ordea, deia egiten duen organoak ikusten badu, nahi gabeko kausa dela-eta, izangaia ikastarora ez dela bertaratu edo ikastaroa ez duela amaitu. Hala denean, behar bezala justifikatuta egon beharko du.

e) Ebazpen hau argitaratzen denean, izangaia atxikitako lanpostuan gutxieneko iraunaldi baten mende ez egotea, aldi hori beteta ez badago, edo organo eskudunak errenuntzia onartu ez badu, edo atxikipen bera eskatzen den beste lanpostu baterako parte hartu nahi ez bada, uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.5 eta abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 5.3 artikuluaren azken paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.

f) Ikerketa Kriminaleko espezialitatea ez izatea.

2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko puntuan jasotako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik.

3.– Hautaketa-prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da izangaiek, beren eskaeran, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adieraztea; betiere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte. Egiaztatze horiek deitzen duen organoak burutuko ditu ofizioz; horretarako, Segurtasun Sailari dagokion organo eskudunaren beharrezko ziurtagiriak eskatuko zaizkio.

4.– Aurrekoa hala bada ere, hautaketa-prozeduraren edo prestakuntza-ikastaroaren edo praktikaldiaren uneren batean, onartu eta baztertuen zerrenda egiten duen organo eskudunak jakingo balu izangaietako bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzen bat falta zaiola, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko luke, eta, hala badagokio, prestakuntza-ikastarotik baztertu egingo luke, betiere interesdunari entzun ondoren.

Hirugarrena.– Eskaerak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete beharko dute departamentuko intraneten bitartez –Gurenet–, helbide horretan eskuragarri dagoen eskabide eredua betez.

2.– Eskaerak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrerako 20 egun baliodunekoa izango da.

3.– Eskabidean, zehaztu egin beharko dute zein hizkuntzatan egin nahi dituzten oposizio-probak, gazteleraz edo euskaraz.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hautaketa-prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsiko du. Aipatutako zerrenda hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko da.

2.– Bazter utzitako izangai bakoitzari buruz, bazter utzi izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskaeretako akatsak zuzentzeko 10 egun balioduneko epea izango dute interesdunek.

3.– Hautaketa-prozedurarako aurkeztutako erreklamazioak onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendari behin betikotasuna ematen dion Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenean bertan onartu edo ezetsiko dira. Zerrenda hori hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko da.

Bosgarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan eta 1/2020 Legegintzako Dekretuan (uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren legearen testu bategina onartzen duena) aurreikusitakoen arabera, oposizio-probak erabakitzeko, garatzeko eta ebaluatzeko epaimahai kalifikatzaile bat izendatuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute. Epaimahaia osatzen duten kideek inpartzialtasun, profesionaltasun eta espezialitate printzipioei atxikita izango dira, baita ere emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatuari.

Epaimahai kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta ordezkoen izendapena hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez.

2.– Epaimahai kalifikatzailearen jardunak organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak aintzat hartuko ditu.

3.– Aipatutako epaimahai kalifikatzailean parte hartzen duenak, legez aurreikusitako ordainsaria izango du.

4.– Epaimahaiak aholkulari edo adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, nahiz hautaketa-proba guztietarako, nahiz baterako. Aipatutakoek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dituzte. Aholkulari horien jarduna ere objektibotasun, inpartzialtasun eta konfidentzialtasun printzipioei lotuta izango da.

5.– Epaimahai kalifikatzaileak autonomia osoz jokatuko du eta prozeduraren objetibotasunez arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Hautaketa-prozedura garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta gainera, deialdiko Oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak eta beren lanetarako jardunak sortu ahal dituzten arazo guztiei ebazpena emateko ahalmena izango du.

6.– Epaimahaiak ezin izango du hautatu deialdian jasotako plaza-kopurua baino pertsona gehiago. Muga horretaz kanpo dauden proposamenak erabat deusezak izango dira.

7.– Epaimahai kalifikatzailearen erabakiak hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko dira.

8.– Epaimahaiari zuzendutako idazkiak honako posta elektroniko honetara zuzenduko dira: 2021cic@seg.euskadi.eus

Epaimahaiak jasotzen dituen idazkiei bide hori erabiliz erantzungo die eta Ertzaintzako funtzionarioen posta elektroniko korporatiboko norbanako helbidera zuzenduko ditu erantzunok.

Seigarrena.– Hautaketa-sistema.

1.– Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da eta, horretan parte hartzen dutenen gaitasuna eta lehentasun-ordena zehazte aldera, oposizio- eta lehiaketa-prozedurak bata bestearen atzetik burutuko dira.

2.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango eta horretan lortutako puntuak ez dira kontutan hartuko oposizio ariketa gainditutzat emateko ezta ariketotan lortutako emaitzak aldatzeko ere.

3.– Oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa bere bi faseen gehiketatik lortutakoa izango da. Puntuazio hori gehitu egingo zaio euskararen ezagupenaren merezimendutik ondorioztatutako puntuazioari, eta hautaketa-sisteman parte hartzen dutenen lehentasun-ordena zehaztuko du.

Zazpigarrena.– Oposizioa.

Oposizioa ondorengo probek osatuko dute:

1.– Ezagupenak baloratzeko proba.

Ariketa bat izango da, test erakoa, ebazpen honetako I. eranskinean agertzen den gai zerrendari buruzkoa, epaimahai kalifikatzaileak zehaztutakoa.

Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.

Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako balioaren heren batekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi aldiz erantzundakoak (erantzun bikoitzak) ez dira zigortuko.

Proba hau derrigorrezkoa eta baztertzailea izango da, gehienez 50 punturekin baloratuko da eta gutxienez 25 puntu lortzen ez duten izangaiak bazter geratuko dira hautaketa-prozesutik.

2.– Proba psikoteknikoa.

Polizia eginkizunetan ikerketa funtzioak betetzeko hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehazteko izango da. Proba hori test erakoa izango da. Ebaluatutako gaitasunak deitutako lanpostuaren profil profesionalari buruzkoak izango dira, honako hauek izanik: ahozko gaitasunak, arrazoitzeko gaitasunak, atentzio-pertzepzio gaitasunak eta espazio-gaitasunak.

Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.

Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako balioaren heren batekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi aldiz erantzundakoak (erantzun bikoitzak) ez dira zigortuko.

Proba hori, edonola ere, hautaketa-prozesuaren objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko egingo da, baita ere, merezimendu eta gaitasun printzipioei modu egokian egokitzen den jakiteko.

Proba hau derrigorrezkoa eta baztertzailea izango da, gehienez 50 punturekin baloratuko da eta gutxienez 25 puntu lortzen ez duten izangaiak bazter geratuko dira hautaketa-prozesutik.

Zortzigarrena.– Oposizio proben garapena.

1.– Probak ezin izango dira hasi, harik eta deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte.

2.– Lehenengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran iragarriko dira, zazpi egun natural lehenago gutxienez. Gainerako ariketen segidako iragarpenak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen bitartez, era berean.

3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, epaimahai kalifikatzaileak erabaki ahalko du deialdi hau osatzen duten probak eta ariketa guztiak finkatutakoaz bestelako hurrenkera batean egitea, baita egun berean proba batzuk burutzea ere. Kasu horretan, proben eta/edo ariketen emaitzak deialdiaren oinarrietan ezarritako ordenan argitaratuko dira. Bakar-bakarrik argitaratuko dira aurreko ariketak gainditu dituztenen proba eta/edo ariketa bakoitzaren emaitzak, zazpigarren oinarrian ezarritako ordenari jarraituz. Probak egitea zerbitzuaren beharrekin bateragarria izan dadin, epaimahai kalifikatzaileak erabaki dezake izangaiek probak hainbat txanda eta tokitan egitea.

4.– Automatikoki hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan nahitaezko probak edo ariketak egitera agertzen ez direnak, ezinbesteko kasuak badira ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba edo ariketa hasi ondoren azaltzen direnei.

Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago balu, ez agertzetzat joko da haietako batera ez aurkeztea edo berandu azaltzea.

5.– Parte-hartzaileak proba guztietara aurkeztu beharko du bere nortasuna egiaztatzen duen agiria aldean daramala. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan eska diezaioke agiri hori erakusteko.

6.– Proben emaitzak hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen erabakiaren bitartez. Kategoria desberdinetako plazetan lehiatzen diren pertsonen emaitzak bereiziko dira.

Bederatzigarrena.– Lehiaketa.

1.– Lehiaketa fasearen kalifikazioa oposizioa gainditu dutenei baino ez zaie ezarriko.

2.– Bakarrik ebaluatu ahal izango dira eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehenago lortutako merezimenduak.

3.– Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onartu zuen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, merezimendutzat ezin izango dira hartu deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak eta baldintzak.

4.– Ez da merezimenduak alegatu edo egiaztatu beharko.

Horretan oinarriturik, epaimahai kalifikatzaileak Giza Baliabideen Zuzendaritzari eskatuko dio oposizio fasea behin-behinekotasunez gainditu duten pertsonen merezimenduen balorazioa egiteko, oinarri honetako 5. apartatuan ezarritako parametroekin bat etorriz; izan ere, baloratzeko merezimenduak zuzendaritza horretako datu-baseetan baitaude.

5.– Lehiaketa fasean, merezimenduak guztira 40 punturaino baloratuko dira, baremo honen arabera:

5.1.– Lanbide-historiala gehienez 5 punturaino baloratuko da. Ondorio horietarako, aintzat hartuko da polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak.

Polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak gehienez 5 punturaino baloratuko dira. Hurrengo aitorpenak jaso izana baloratuko da; hau da, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko den urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan araututako aintzatespenak:

a) Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorriko domina: 5 puntu.

b) Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdeko domina: 4 puntu.

c) Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuriko domina: 3 puntu.

d) Polizia-zerbitzuagatiko bereizgarri gorriko diploma: 1 puntu.

e) Polizia-zerbitzuagatiko bereizgarri zuriko diploma: 0,5 puntu.

5.2.– Ikasketak, gaikuntza eta trebatze profesionalerako aktibitateak baloratuko dira gehienez 35 puntu lortuz. Atal honetan daude titulazio eta diploma ofizialak eta ingelesa, frantsesa eta alemana hizkuntzen gaikuntzak.

5.2.1.– Honela baloratuko dira titulu eta diploma ofizialak:

Titulazio eta diploma ofizialak baloratuko dira, eta horrelakotzat joko dira Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak onartutakoak. Gehienez 30 puntu balioko dute honako baremo honen arabera:

a) Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 2. mailan agertzen diren titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 6. maila) 10 punturekin baloratuko da.

b) Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 3. mailan edo goi-mailan agertzen diren titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 7. maila edo goi-maila); 15 punturekin baloratuko da.

Maila handiagoko beste ikastaro batean sartzeko titulaziorik behar izanez gero, mailarik handiena duen titulua bakarrik aintzat hartuko da.

5.2.2.– Hizkuntzen ezagutza: ingelesa, frantsesa eta alemana. Aipatutako hizkuntzen ezagutzak agiri bidez egiaztatzen badira baloratuko dira. Eta balio hori izango dute akademia moduan legez gaitutako hezkuntza-zentroek luzatutako ziurtagiri ofizialak badira. Atal hau 5 punturekin baloratuko da honako xehetasun eta maila hauen arabera:

a) Tarteko maila (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko B2 edo baliokideak): 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.

b) Maila aurreratua (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko C1 edo goragokoak edo baliokideak): 4 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntza bera ez da behin baino gehiago baloratuko, beraz mailarik altuena da kontuan hartuko dena.

6.– Lehiaketa faseko emaitzak hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen erabakiaren bitartez.

Hamargarrena.– Euskararen ezagutza-maila baloratzea.

Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da eta 14 puntu emango zaizkio eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei edo hala baliokidetu zaienei, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.).

Hautaketa-prozesuaren garapenean ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko inolako probarik egingo.

Euskararen ezagutzaren balorazioari dagozkion emaitzak hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen erabakiaren bitartez.

Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketako azken kalifikazioa.

1.– Oposizio-lehiaketako azken puntuazioa bi faseetan lortutakoaren batuketa izango da, baina horri gehituko zaio merezimendu gisa euskara-ezagutzaren ebaluaziotik sortuko dena eta horrexek zehaztuko du hautaketa-prozedurako parte-hartzaileen lehentasun-ordena.

2.– Sailkapeneko ordenan puntuazio berdinketak irizpide hauen arabera ebatziko dira, hain zuzen ere, irizpideak ezartzen diren ordenan:

a) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea.

b) Puntuazio hobea oposizio faseko ezagupenen proban.

c) Antzinatasun handiagoa Ertzaintzan.

3.– Hautaketa-prozedura osatzen duten proben kalifikazioa amaitu ondoren, hamahirugarren oinarriko hirugarren apartatuan aurreikusitako eran onartuko eta argitaratuko da epaimahai kalifikatzailearen bitartez, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari bidaliko dizkio honako hauek:

a) Hautaketa-sistema gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuta. Kategoria desberdinetako plazetan lehiatzen diren pertsonen emaitzak bereiziko dira.

b) Hautatutako pertsonen zerrenda, zeina hautaketa-sistema gainditu dutenek –sailkapen-ordenaren hurrenkeraren arabera– eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnek osatzen baitute. Kategoria desberdinetako plazetan lehiatzen diren pertsonen emaitzak bereiziko dira.

c) Hautatu ez diren pertsonen zerrenda, zeina hautaketa-sistema gainditu –sailkapen-ordenaren hurrenkeraren arabera– baina deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen ez direnek osatzen baitute. Kategoria desberdinetako plazetan lehiatzen diren pertsonen emaitzak bereiziko dira.

4.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez bete ahal izango dira hautatutako pertsonen zerrendan edozein inguruabarrengatik sortu ahal diren lanpostu hutsak, efikaziaren eta efizientziaren printzipioak aplikatuz. Lanpostu huts horiek gertatzen diren kategorian ondorengo izangaiek beteko dituzte, aurreko ataleko c) puntuan ezarritako sailkapen hurrenkerari jarraituz, deitutako plazak bete arte. Ebazpen horiek hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira.

Hamabigarrena.– Ikerketa Kriminaleko ikastaroak.

1.– Hamaikagarren oinarriaren arabera hautatutakoei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez egingo zaie deia Ikerketa Kriminaleko Ikastaroa egiteko. Ikastaroa txanda baten edo hainbat ikastarotan egin ahal izango da.

2.– Ikastaro desberdinetan atxikitua izateari begira, 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun- ordena hartuko da kontuan.

3.– Hautatutako pertsonei ikastarora etortzeko jakinarazpena, Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bidez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak berak egingo die.

4.– Prestakuntza-ikastaroak horien ikasketa-plangintzan aurreikusitakoaren arabera burutuko dira.

5.– Prestakuntza-ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo horretarako zuzendari nagusiak izendatutako zentro edo egoitzetan izango dira.

6.– Familia- eta Lan-bizitza uztartzeari buruzko Legea ezarriz aldagarria izango da prestakuntza-ikastaroetan sartzeko eskubidea; ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak izango dira kontuan. Inguruabar horiek aintzat hartzeko, ukitutako pertsonek Polizia eta Larrialdietako zuzendari nagusiari igorri beharko dizkiote halako alegazioak eta horretarako hamar egun naturaleko epea izango dute 11.3 oinarrian aurreikusitako argitaratzetik kontatzen hasita.

Familia- eta Lan-bizitza uztartzeari buruzko Legea ezartzetik sortutako inguruabarren ezarpenean –ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak– ikastaro batera atxikitako prestakuntza-ikastaroa egingo duen izangaiari dagokionez, 11.3.a) oinarrian ezarritakoaren lehentasun-hurrenkeraren arabera, ez da bere azken kalifikaziorik argitaratuko eta aurreko postuko izangaiaren prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa argitaratu arte etenda geratuko da.

7.– Prestakuntza-ikastaroa egin bitartean, eskoletara joatetik salbuetsita geratzeko edozein lizentzia edo baimen emateko organo eskuduna Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da.

Prestakuntza-ikastaroan zehar emango diren eskoletarako asistentzia ezinbestekoa izango da, eta edozein baimen zerbitzu-betebehartzat joko da.

8.– Prestakuntza-ikastaro bakoitzeko azken kalifikazioa hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

9.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak erabakiko du prestakuntza-ikastaroa gainditu ez dutenak baztertzea.

10.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein momentutan ikusten bada ikaslearen espedientetik prestakuntza-aldia ezin izango duela gainditu, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bazter utzi ahal izango du prozesutik, betiere interesdunari entzun ondoren.

11.– Prestakuntza-ikastaroa edo praktikaldia nahita ikastaroa amaitu aurretik uzten bada, Administrazioak aukera izango du utzi egin duen ikastarogileari eskatzeko horren prestakuntzan inbertitu diren diru-kopuruak itzul ditzan.

Ondorio horietarako, jarduketa hauen ondorio diren diru-kopuruak erreklamatu ahal izango dira:

– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (prezio publikoen indarreko arautegiaren arabera).

– Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipamendu pertsonalaren zenbatekoa.

Hamahirugarrena.– Azken xedapenak.

1.– Hautatutako izangaia ikasle gisa dagoenean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Araudiaren Erregelamenduko barne-erregelamendu eta diziplinazkoaren arauen mende izango da. Araudi hori gehigarria izango da, hain zuzen, Euskal Herriko Poliziaren Kidegoen Diziplinazko Erregelamenduko arauetan, egintza ikasle-diziplina baino gehiago izan ahal den kasuetan.

Euskal Herriko Poliziaren hautapen- eta prestakuntza-araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuta, dena dela, hautaketa-prozesutik baztertzeko arrazoia izango da aurreko puntuan adierazitako bi arauetako batean arau-hauste astuna edo oso astuna egitea.

2.– Euskal Herriko Poliziari buruzko hautapen- eta prestakuntza-araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 56. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, deialdia agortutzat joko da eta konputagarria izango da funtzionarioa horretan parte hartzera onartuta dagoenean, salbu eta hautaketa-prozesuan ez agertzea edo prozesua ez amaitzea nahi gabeko egintza bada eta behar bezala justifikatuta badago. Halakoetan, prozesurako deialdia egiten duen organoak hartuko du erabakia.

Azken kasu horretan, ukitutako pertsonak, 11.3 a) oinarrian aurreikusitakoa baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari eskatuko dio deialdia konputagarria ez izatea, zuzendari nagusiari zuzendutako idazki baten bitartez.

3.– Bereziki ezer kontra adierazi ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean aterako dira, korporazioko intraneten bitartez –GURENET– kontsultak egiteko aukera eragotzi gabe. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean argitaratzen deneko datak epe-zenbaketak zehaztuko ditu.

4.– Deialdi honetan parte hartzea borondatezkoa da, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretua aplikatuta, ez da kalte-ordainen eskubiderik jasoko deialdian parte hartzeagatik, azterketak egiteagatik, ebaluazio-probak egiteagatik edo proba praktikoak egiteagatik eta, deialdiaren garapena eta hautaketa-prozedura direla-eta, parte hartzea beharrezkoa den ekintza guztiak egiteagatik.

5.– Ikastaro bakoitza gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak Ikerketa kriminaleko espezialitatea eskatzen den lanpostuetara atxikituak izango dira behin-behinekotasunez Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

Era berean, Ikerketa Kriminaleko Ikastaroa gainditu duten pertsonek lanpostu horiek betetzeko jasotako prestakuntza eta ezagutzak eskatzen diren lanpostu huts guztietarako eskaera egin beharko dute lehenengoz egiten den deialdian. Horrela egin ezean, deitutako edozein lanpostutara atxikitua izan daiteke ezinbestean. Azken kasu horretan, ez da izango inolako diru-konpentsaziorik.

6.– Ebazpen honen kontra, zeinak administrazio bideari amaiera ematen baitio, interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, edo zuzenean aurkatu administrazioarekiko auzien ordena jurisdikzionalean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean. Azkeneko hori aukeratuz gero, administrazioarekiko auzietarako epaitegien lurralde-eskumenen arauak errespetatu beharko dira, zeinak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan adierazita baitaude.

Deialdi honetatik, epaimahai kalifikatzaileen jardueratik eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik ondorioztatzen diren egintza administratibo guztiak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideari buruzko arauetan ezarritako era eta kasuetan.

Arkauti, 2021eko azaroaren 22a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

ERANSKINA
GAI-ZERRENDA
ZIGOR ZUZENBIDEA

1.– Atal orokorra: Delituak. Erantzukizun kriminaletik salbuesten duten kausak. Erantzukizun kriminala arintzen duten inguruabarrak. Erantzukizun kriminala larritzen duten inguruabarrak. Ahaidetasun-inguruabar mistoa. Delituengatik erantzukizun kriminala duten pertsonak.

2.– Atal berezia: Giza hilketa eta giza-hilketaren formak. Lesioak. Askatasunaren aurkako delituak. Torturak eta osotasun moralaren aurkako beste delitu batzuk. Gizakien salerosketa. Sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituak. Bizitza pribatuaren aurkako delituak, norberaren irudirako eskubidearen aurkako delituak eta egoitzaren bortxaezintasunaren aurkako delituak. Ondarearen, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak: Ebasketak. Lapurretak. Maulak. Kalteak. Bide-segurtasunaren aurkako delituak.

PROZESAL PENALA

3.– Prozedura Kriminalaren Legea: Epaileen eta epaitegien Lurralde eskumena. VI. titulua: II Atala: Atxiloketa. IV. Atala- Defentsa-eskubidearen egikaritza, Abokatuaren laguntza eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua.

4.– Botere Judizialari buruzko 6/1985 Lege Organikoa: Organo jurisdikzionalen eskumenak. Probintzia auzitegiak. Instrukzioko epaitegiak. Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak. Zigor-arloko epaitegiak.

EUSKAL HERRIKO POLIZIA

5.– Euskal Herriko Autonomia Estatutuko abenduaren 18ko 3/1979ko Lege Organikoa: 17. artikulua. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretua: Polizia jardunaren kontrol-mekanismoak. Polizia zerbitzuak hobetzeko ekimen-bulegoa. Kode Deontologikoa.

EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA

6.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea: Atariko titulua. III. titulua: emakumeen aurkako indarkeria.

SALAKETA ETA ATESTATUA

7.– Salaketa: Kontzeptua. Legezko formalidadeak. Betebehar-indarra. Subjektuak. Egiaztatzea. Salaketa idazteko eskema.

8.– Atestatua: Kontzeptua. Subjektuak. Xedea. Isilpeko izaera. Jarduteak jakinaraztea eta bidaltzea. Zabaltzea. Eginbidearen eta aktaren arteko desberdintasuna. Objektibotasuna eta subjektibotasuna eginbideetan.

BIKTIMAK

9.– Biktimenganako arreta: biktimak gizartean. Lehen eta Bigarren biktimizazioa. Biktimak laguntzeko polizia eginkizunaren garapena.

10.– Genero-indarkeria bikote-harremanetan: arazoaren gizarte-errekonozimendua. Kontzeptua eta indarkeria-motak. Indarkeriaren harremana mantentzeari buruzko teoria-azalpenak. Tratu txarrak jasandako emakume biktimarentzako ondorio psikologikoak. Erasotzailearen ezaugarriak.

11.– Sexu-erasoak: Sexu-erasoengatiko salaketa gutxi egotearen faktoreak. Sexu-erasoen ondorio psikologikoak.

12.– Adingabeak babesik gabeko egoeretan. Umeen tratu txarrei buruzko definizioa eta motak. Tratu txarren adierazleak eta umeak eta gazteak bertan behera uztea. Familian genero-indarkeria jasaten duten ume biktimak.

INDARKERIA GAINERAKORRAK

13.– Eskolako indarkeria: egoerazko testuingurua. Definizioa eta ezaugarriak. Eskolako indarkeriaren motak edo bullying-a. Subjektu parte-hartzaileen deskribapena. Eskola indarkeriaren ondorioa edo bullying-a. Ciberbullying-a.

KOMUNIKATZEKO TREBETASUNAK

14.– Ahozko epaiketan testigantza emateko komunikatzeko trebetasunak: atal orokorrak. Ahozko epaiketan nola areagotu deklarazioaren sinesgarritasuna? Ahozko txostenaren ezaugarriak. Komunikazioaren «hiru-V-ak».


Azterketa dokumentala