Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2021eko abenduaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
6099

AGINDUA, 2021eko abenduaren 2koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez formalki aktibatzen baita Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) Euskadiko Babes Zibilaren Plana, COVID-19aren pandemiaren beste fase bati aurre egiteko.

Eskura ditugun datuak ikusita, COVID-19aren pandemiaren beste fase baten aurrean gaudela esan dezakegu. Azken asteetan, zirkulazio epidemikoaren intentsitateak gora egin du; izan ere, abenduaren 1ean, 14 eguneko intzidentzia metatua 546,71 kasukoa zen 100.000 biztanleko, goranzko joerarekin. Era berean, intzidentziak gora egitearen ondorioz, ospitaleetako oheen okupazioak ere gora egin du. Aipatutako datan, COVID-19a zuten pazienteek okupatutako ospitaleko oheak 232 ziren guztira, eta, ZIUkoak, 51.

Datu horiek adierazten dute beharrezkoa dela ezohiko neurriak eta presakoak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan COVID-19 (eskuarki koronabirus gisa ezaguna) birusaren hedapena geldiarazten laguntzeko, eta, horrela, berehalako erantzuna eman ahal izateko larrialdi-egoera aldakorrei.

Beraz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak ebazpena eman du, zeinaren bitartez deklaratzen baita kontuan hartu beharra dagoela Euskadi berriro ere osasun publikoko larrialdi baten aurrean dagoela, ikusirik azaldutako egoera epidemiologikoa, eragin epidemiologikoa eta Euskal Osasun Sisteman nabarmentzen den eragina. Larrialdiko testuinguru honetan, beharrezkoa da ezohiko neurriak eta presakoak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan COVID-19 birusaren hedapena geldiarazten laguntzeko.

COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, Osasuneko sailburuak, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, berriz, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) Euskadiko Babes Zibilaren Plana aktibatzeko eskatu dio, COVID-19aren pandemiaren beste fase bati aurre egiteko.

Larrialdiei aurregiteko bidea-Labi deritzan Euskadiko Herri Babeseko Plana onartzen duen eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio-bideak arautzen dituen ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuak onartu zuen Euskadiko Herri Babeseko Plana, eta «Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-Labi» deritzan Euskadiko Herri Babeseko Planean berrazterketa berezi bat egitea onartzen duen urtarrilaren 13ko 1/2015 Dekretuaren bidez aldatu zen.

Plan horrek Euskal Autonomia Erkidegoko antolaketa-esparru orokorra ezartzen du mota guztietako larrialdiei aurre egiteko, larrialdiaren izaerak, hedadurak edo administrazio bat baino gehiago koordinatu beharrak autonomia-mailako zuzendaritza eskatzen dutenean (Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren 29.e) artikulua, apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua). Plan horren funtzionaltasuna malgutasunean oinarritzen da; horrela, unean-unean inguruabar jakinek eskatzen dutenaren arabera aktibatzen da plana, eta hartzen dira neurriak. Labia aktibatzeak ez dakar berarekin dagoeneko badagoen antolaketa-egitura alboratzea, ezta ardura sanitarioak alboratzea ere, baizik eta Labiaren beste mekanismo batzuekin integratzea, beste mekanismo horiek beharrezkoak baitira funtsezko zerbitzuen normaltasuna ziurtatzeko edo eremu sanitario soila baino haratago doazen hainbat ekintza koordinatzeko.

Osasun-agintariek azaldutakoa kontuan hartuta, beharrezkoa da haiek ezarritako neurriak indartzea, larrialdiak kudeatzeko eta babes zibileko euskal sistemak eskaintzen duen antolaketaren laguntzarekin. Sistema horrek, arriskuen inbentarioaren barruan, arrisku epidemiologikoa jasotzen du. Gaur egun eskatzen diren neurriek aditu epidemiologoek onartutako osasun publikoko irizpideei erantzuten diete; hala ere, larrialdiak kudeatzeko eta babes zibileko euskal sistema aktibatzeak lagun dezake horrelako egoera batek sor dezakeen nahasmendu soziala minimizatzen, une bakoitzean behar den euskarria eta laguntza ematen baitu.

Segurtasuneko sailburuari dagokio Euskadiko Babes Zibilaren Lurralde Plana (Labi) formalki aktibatzea, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren 11.h) artikuluan ezarritakoaren arabera –apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori–, bai eta haren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa egitea ere, hargatik eragotzi gabe lehendakariak ahalmen horiek bere gain hartzea, hedadura edo intentsitate bereziki larria ikusita.

Horiek horrela, eta Osasuneko sailburuaren eskaera ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) Euskadiko Babes Zibilaren Plana formalki aktibatzea, COVID-19aren pandemiaren beste fase bati aurre egiteko.

Bigarrena.– Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) Euskadiko Babes Zibilaren Planean aurreikusitako zuzendaritza-egitura egokitu egingo da premiek une bakoitzean eskatzen dutenera, eta alerta epidemiologikoaren kudeaketan jarduten duten organoak, batzordeak, taldeak eta azpibatzordeak integratuko ditu. Labiaren egiturak laguntza emango die horiei guztiei.

Hirugarrena.– Agindu hau sinatzen den unetik aurrera aktibatuko da Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) Euskadiko Babes Zibilaren Plana, eta horren berri emango zaie herritarrei, Planean bertan aurreikusitako bitartekoen bidez, eta honako hauei jakinaraziko zaie: lehendakariari, Estatuko Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariari, inplikatutako udal- edo foru-agintariei, bai eta Planari giza baliabideak edo baliabide materialak ematen dizkioten gainerako agintari edo zerbitzuei ere.

Laugarrena.– Argitara bedi agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, herritarrek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 2a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala