Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2021eko azaroaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
6011

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 17koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko Ebazpena aldatzeko dena.

Errektorearen eskumenak eskuordetu eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazten dituen Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen Ebazpena 2021eko urtarrilaren 28an onartu zen (2021eko otsailaren 12ko EHAA).

Gobernu Kontseiluak onartu zuen, 2021eko uztailaren 20ko bileran, aldatzea administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostuen zerrenda, Administrazioaren Berrikuntza eta Modernizazioaren Zerbitzuko gestio hobekuntzako teknikariak, Idazkaritza Nagusiari atxikiak, Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko Errektoreordetzan txertatzeko. Bilera hartan ere onartu zen amortizatzea Berrikuntza eta Modernizazio Zerbitzuko buruaren lanpostua eta, horren ordez, Eraldaketa Digitaleko eta Administrazio Elektronikoko Proiektuen Koordinazioaren arduradunaren lanpostua sortzea, Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko Errektoreordetzari atxikia.

Erabaki horren ondorioz, aldatu egin behar da errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko Ebazpenaren I. eranskineko hirugarren ataleko 3. puntua, bai eta ebazpen horren II. eranskineko lehenengo ataleko 8. zenbakiko 8.1 puntua ere, xedapenen atalean jasota dagoen moduan.

Era berean, aldaketan zehazten dira I. eranskineko hirugarren ataleko 3. puntuan aipatzen diren agintari publiko batzuk, eta e) letra gehitzen zaio I. eranskineko hirugarren ataleko 5. puntuari.

Adierazitakoagatik guztiagatik, eta unibertsitatearen Estatutuetako 178, 180.1 eta 181. artikuluek ematen dizkidaten eskumenen babesean, estatutu horietako 183, 187, 191 eta 198. artikuluetan xedatutakoarekin lotuta, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Aldatzea Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2021eko urtarrilaren 28ko Ebazpenaren I. eranskineko hirugarren ataleko 3. puntua (errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko ebazpena). Aipatutako puntua honela idatzita geratuko da:

«3.– Idazkari nagusiari eskuordetzen zaio agintari publikoen aurrean unibertsitatearen ordezkari ofiziala izateko errektoreak daukan eskumena lege eta administrazio arloan. Batez ere, eta zerrenda osoa egiteko asmorik gabe, unibertsitateak honako hauekin dituen harremanetan: herriaren defendatzailearekin eta arartekoarekin, Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziarekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin eta Estatu Kontseiluarekin, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearekin eta Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Kontseiluarekin, Kontuen Auzitegiarekin eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin, bai eta aldezlearekin ere. Horretarako, zerbitzu guztien lanak bultzatu eta koordinatuko ditu.

Idazkari nagusiari eskuordetzen zaizkio, era berean, errektoreak dituen eskumenak diseinatzeko politikak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eta genero arrazoiengatik edo bestelako arrazoiengatik diskriminaziorik ez izateko, bai eta politika horiek unibertsitateko arlo guztietan ezartzeko eskumenak ere: irakaskuntzan, ikerketan, transferentzian, zientziaren zabalkundean eta gestioan».

Bigarrena.– Gehitzea e) letra Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2021eko urtarrilaren 28ko Ebazpenaren I. eranskineko hirugarren ataleko 5. puntuari (errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko ebazpena). Aipatutako puntua honela idatzita geratuko da:

«e) Ebazpen honen bidez eskuordetutako gaietan eskumena duten administrazio publikoetan eskaerak, administrazio errekurtsoak edo beste idazki eta agiri batzuk aurkeztea».

Hirugarrena.– Gehitzea c) letra Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2021eko urtarrilaren 28ko Ebazpenaren II. eranskineko lehenengo ataleko 8. zenbakiko 8.1 puntuari (errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko ebazpena). Aipatutako puntua honela idatzita geratuko da:

«c) Administrazio elektronikoa planifikatzea eta sustatzea, errektorearen gobernu taldeko beste arloekin koordinatuta, eta horretarako eratzen den organoaren baitan».

Laugarrena.– Kentzea «Lehenengoa.– Gobernu taldearen funtzionamendu arloak» atala Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2021eko urtarrilaren 28ko Ebazpenaren II. eranskinean (errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko ebazpena). II. eranskinaren gainerako idazketari eutsiko zaio.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea, indarrean sar dadin argitaratzen den egunaren biharamunean.

Leioa, 2021eko azaroaren 17a.

Universaidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.


Azterketa dokumentala