Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2021eko azaroaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5830

EBAZPENA, 2021eko urriaren 29koa, Industria Administrazioko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiko administrazio-baimena eta eraikuntzako administrazio-baimena eman eta onura publikoko deklarazioa egiten baita proiektu honetarako: Zaratamoko, Arrigorriagako eta Basauriko udalerrian (Bizkaia), «132 kV-ko ST Abadiano-ST Basauri ZB linea elektrikoaren 107. eta 109. euskarrien arteko berrikuntza».

Esp.: 48-AT-Y-2021-00019.

AURREKARIAK

1.– 2021eko otsailaren 24an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk aurretiko administrazio-baimena, eraikuntzako administrazio-baimena, eta onura publikoaren deklarazioa eskatu zituen proiektu honetarako: Bizkaiko Zaratamoko, Arrigorriagako eta Basauriko udalerrietako «132 kV-ko ST Abadiano-ST Basauri ZB linea elektrikoaren 107. eta 109. euskarrien arteko berrikuntza».

2.– Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan adierazitako ondorioetarako, argitara eman zen horren iragarkia, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresaren eskabide hori jendaurrean jartzeko, 2021eko uztailaren 20ko BAOn, 2021eko uztailaren 29ko EHAAn, Zaratamoko, Arrigorriagako eta Basauriko udaletako iragarki-tauletan, eta 2021eko uztailaren 22ko Deia egunkarian.

3.– 2021eko uztailaren 13an, Basauri, Arrigorriaga eta Zaratamoko udalei, baita URAri, ADIFi, REEri (Red Eléctrica de España SA), Bizkaiko Foru Aldundiari (Ekonomia Sustatzeko Saila) eta Gas Naturali eskatu zitzaien txostena egiteko eta bertan adierazteko instalazioaren onura publikoaren deklarazioa egokia zen ala ez, eta, hala bazegokion, egoki iritzitako baldintza teknikoak aurkezteko.

4.– Arauzko epeetan, baldintza teknikoak aurkeztu zituzten: Basauriko Udalak 2021eko abuztuaren 20an, URAk 2021eko irailaren 13an, eta ADIFek 2021eko abuztuaren 11n eta irailaren 7an. Sustatzaileak horiekin guztiekin ados zegoela adierazi zuen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza da espediente hori izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Espediente hau izapidetzeko, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legean ezarritako preskripzioak bete dira.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarritzat hartuta, Industria Administrazioko Bizkaiko lurralde ordezkariak, hau

EBAZTEN DU:

1.– Aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko baimena ematea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresari, proiektu honetarako: Bizkaiko Zaratamoko, Arrigorriagako eta Basauriko udalerrietako «132 kV-ko ST Abadiano-ST Basauri ZB linea elektrikoaren 107. eta 109. euskarrien arteko berrikuntza».

2.– Deklaratzea baimentzen den instalazio elektrikoa onura publikokoa dela. Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, deklarazioak hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, urgentziaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklaraziorako ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Ebazpen hau ematen da 48/2020 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta baldintza orokor hauek kontuan hartuta:

1.– Obrak egiteko, onartutako proiektua bete behar da, kasu bakoitzean eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda.

2.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera.

3.– Lanak amaitutakoan, instalazioen titularrak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko onarpena eman, eta abian jartzeko akta egiteko.

4.– Obrak egiteko behar diren udal- eta probintzia-eskumenetako eta bestelako baimenak edo lizentziak eragotzi eta aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

Bilbao, 2021eko urriaren 29a.

Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.


Azterketa dokumentala