Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2021eko azaroaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5763

IRAGARKIA, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialaren erabakiari buruzkoa, zeinaren bidez deialdia egitea onartzen baita, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko hamaika kideak berritzeko. Haurren eta nerabeen esparruan lan egiten duten gizarte-erakundeen ordezkari gisa jarduten dute batzordekide horiek. Erabaki horren bidez, deialdi hori arautuko duten oinarriak ere onartzen dira.

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialak, 2021eko urriaren 13an egindako bileran, erabaki hau hartu du:

Lehenengoa.– Onartzea Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kideak izendatzeko deialdia egitea. Batzordekide horiek haurren eta nerabeen arloan lan egiten duten gizarte-erakundeen ordezkari gisa jardungo dute.

Bigarrena.– Deialdia arautuko duten oinarriak onartzea. Hauek dira oinarriak:

I.– Xedea.

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kide izateko eskabidea aurkeztea, Euskal Autonomia Erkidegoan haurren eta nerabeen arloan lan egiten duten eta dagokion erregistroan inskribatuta dauden gizarte-erakundeen ordezkari gisa.

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialaren sorrera, funtzionamendua, osaera eta eginkizunak ezartzeari buruzko urriaren 2ko 165/2007 Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, ulertzen da Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala osatu behar duten gizarte-erakundeek EAEko haurren eta nerabeen esparruan lan egin behar dutela, eta dagokien erregistroan inskribatuta egon behar dutela.

Era berean, haurren eta nerabeen jarduera-eremuei dagokienez, hainbat arlotan lan egin ahal izango dute erakunde horiek: haurren eta nerabeen eskubideen defentsa edo sustapena; aisia eta denbora librea; adopzioa edo familia-harrera; egoera ahulean edo arriskuan dauden adingabeentzako arreta; babesgabetasun-egoeran dauden adingabeentzako arreta, egoitza-harrerako zentroak kudeatuz; desgaitasun aitortua duten adingabeentzako arreta; adingabe arau-hausleentzako gizarte- eta hezkuntza-arreta; edo, esku-hartze psikosoziala, soziala eta hezitzailea adingabeekin (garapen komunitarioa, gurasoen eta seme-alaben arteko gatazketako bitartekaritza, indarkeriaren biktima diren adingabeekiko esku-hartzea, oro har, genero-indarkeriaren biktima diren adingabeengan oinarritutako esku-hartzea, LGTBI+ kolektiboko adingabeengan oinarritutako esku-hartzea, etab.).

II.– Betekizunak.

Eskabidea aurkezten duten erakundeek, oro har, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Egoitza bat izan behar dute EAEn (ez da nahitaez egoitza nagusia izan behar).

2.– Jarduera EAEn garatu behar dute; ondorio horietarako, jarduteko lurralde-eremuak zabala izan behar du, eta gutxienez EAEko hiru lurralde historikoetako batean garatu beharko dute jarduera.

3.– Egitura hauetakoren batekin osatutako erakundeak izan behar dute:

– Hainbat erakunde biltzen dituzten erakundeak edo sareak, haien artean bigarren mailakoak eta goragokoak direla ulertuta, beste erakunde batzuen ordezkari direnak.

– Haurren eta nerabeen sektorean zuzenean esku hartzeko erakundeak edo entitateak.

4.– Haren jardun-eremua haurrak eta nerabeak izango dira, eta hainbat arlotan garatu ahal izango dute beren lana: haurren eta nerabeen eskubideen defentsa edo sustapena; aisia eta denbora librea; adopzioa edo familia-harrera; egoera ahulean edo arriskuan dauden adingabeentzako arreta; babesgabetasun-egoeran dauden adingabeentzako arreta, egoitza-harrerako zentroak kudeatuz; desgaitasun aitortua duten adingabeentzako arreta; adingabe arau-hausleentzako gizarte- eta hezkuntza-arreta; edo, esku-hartze psikosoziala, soziala eta hezitzailea adingabeekin (garapen komunitarioa, gurasoen eta seme-alaben arteko gatazketako bitartekaritza, indarkeriaren biktima diren adingabeekiko esku-hartzea, oro har, genero-indarkeriaren biktima diren adingabeengan oinarritutako esku-hartzea, LGTBI+ kolektiboko adingabeengan oinarritutako esku-hartzea, etab.).

5.– Figura juridikoari dagokion erregistroan inskribatuta egon beharko dute.

III.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari zuzendu beharko zaizkio, eta telematikoki aurkeztu, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen izapidetze elektronikoan bertan integratuta dagoen erregistro elektroniko orokorraren bidez, helbide elektroniko honetan:

https://www.euskadi.eus/erregistro-elektroniko-orokorra/web01-sede/eu/

IV.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko nahitaezko dokumentazioa.

Aurkezten diren eskabideekin batera, II. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, eta, betiere:

1.– Erakundearen estatutuen kopia (erakundearen egoitza, jarduteko lurralde-eremua, erakundearen helburuak eta jardueraren eta jarduketen hartzaileak egiaztatzeko).

2.– Honako alderdi hauek egiaztatzen dituen ziurtagiria:

a) Hala badagokio, erakundea osatzen duten erakundeen kopurua.

b) Bazkideen kopurua.

c) Boluntarioen kopurua.

d) Artatutakoen kopurua, hala badagokio.

3.– Haurren eta nerabeen lan-esperientzia egiaztatzea.

4.– Erakundearen ziurtagiria, haurren eta nerabeen esparruarekin lotutako foro edo organoetan (kontseiluak, batzordeak, elkarrizketa-mahaiak, etab.) parte hartu izana egiaztatzen duena.

5.– Bere figura juridikoari dagokion erregistroko inskripzio-ziurtagiria.

6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzea.

7.– Erakundearen ziurtagiria, egiaztatzen duena bere enplegatuak eta laguntzaileak edo boluntarioak ez direla epai irmoz kondenatuak izan sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik; delitu horien artean daude sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeen ustelkeria, bai eta gizakien salerosketa ere.

V.– Eskabideen balorazioa eta lehentasun-irizpideak.

1.– Aurkeztutako eskabideak gizarte-erakundeen jardun-eremuaren arabera sailkatuko dira, ahal den neurrian, haurren eta nerabeen eremuan lan egiten duten erakundeen presentzia ahalik eta heterogeneoena izan dadin. Premisa horri dagokionez, sailkapen hau hartuko da kontuan:

a) Haurren eta nerabeen eskubideak defendatzea edo sustatzea.

b) Adopzioaren arloko erakundeak.

c) Familia-harreraren arloko erakundeak.

d) Kalteberatasun- edo arrisku-egoeran dauden adingabeei arreta emateko erakundeak.

e) Babesgabetasun-egoeran dauden adingabeei laguntzeko erakundeak, egoitza-harrerako zentroak kudeatuz.

f) Aisialdiaren eta denbora librearen arloko erakundeak.

g) Desgaitasun aitortua duten adingabeekin lan egiten duten erakundeak.

h) Adingabe arau-hausleei gizarte- eta hezkuntza-arreta emateko erakundeak.

i) Esku-hartze psikosozial, sozial eta hezitzaileko erakundeak: komunitatearen garapena; bitartekaritza seme-alaben eta gurasoen arteko gatazketan; biktima diren adingabeei, oro har, informazioa ematea, laguntza ematea edo arreta ematea, edo ezaugarri edo zirkunstantzia pertsonal edo familiar jakin batzuk dituzten adingabeei arreta ematea (genero-indarkeriaren biktimak, LGTBI+ kolektiboko adingabeak, etab.).

2.– Aurkeztutako eskabideak Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialak eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren egindako lehenengo bileran baloratuko dira, horretarako behar bezala deituta.

Nolanahi ere, bilera hori lau hilabeteko epean egin beharko da, eskabideak aurkez daitezkeen azken egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

3.– Inola ere ez dira baloratuko aurkeztu beharreko nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkeztu ez diren eskabideak, IV. oinarrian zehazten direnak.

4.– Eskabide guztiak baloratuta, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kide gisa parte hartzea eskatu duten erakunde guztiek II. puntuan azaldutako baldintzak betetzen dituztela ikusiz gero, lehentasun-irizpide desberdinak erabiliko dira, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialean sartzea eta parte hartzea zehazteko.

Nolanahi ere, haurrekin eta nerabeekin lotutako hainbat lan-eremuren ordezkaritza bermatze aldera, lehentasun-irizpide horiek, lehenik eta behin, jarduera-eremu bakoitzaren barruan hartuko dira kontuan (V. oinarri honetako lehen ataleko sailkapenaren arabera).

Aplikatu beharreko irizpideak honako hauek izango dira, ezartzen den ordenan:

1) EAEko lurralde-eremuko bazkideen kopurua.

2) EAEko lurralde-eremuko boluntarioen kopurua.

3) Haurren eta nerabeen esparruan edo arlo horrekin lotutako edo elkarri lotutako sektoreetan parte hartzeko espazioak (foroak edo organoak –kontseiluak, batzordeak, elkarrizketa-mahaiak, etab.–).

4) Erakundearen ordezkaritza-organoetan ordezkaritza paritarioaren ehuneko handiena izatea.

5) Erakundea eratzeko dataren antzinatasuna.

VI.– Ebazpena.

Eskabideak aurreko oinarrian adierazitako moduan baloratu ondoren, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialak dagokion erabakia hartuko du, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kide izango diren hamaika erakundeak zehazteko, haurren eta nerabeen esparruan lan egiten duten gizarte-erakundeen ordezkari gisa.

VII.– Haurren eta nerabeen esparruan lan egiten duten gizarte-erakundeetako kideak izendatzea.

1.– Aurreko oinarrian aurreikusitako erabakia hartu ondoren, eta erabaki hori administrazio-bidean irmoa denean, haurren eta nerabeen politikaren arloan eskumena duen zuzendariak deialdia egingo die hautatutako hamaika erakundeei, beren artean dagozkien kideak izenda ditzaten.

2.– Horretarako, kideak izendatzeko, kontuan hartuko da emakumeen eta gizonen arteko parekotasuna, eta ahaleginak egingo dira emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan dadin izendapenean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen duen bezala.

VIII.– Errekurtsoak.

Haurren eta nerabeen esparruan lan egiten duten gizarte-erakundeen ordezkari gisa Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kide izango diren hamaika erakundeak zehazteko erabakiak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute aipatutako batzordean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera hau ere.

Hirugarrena.– Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko lehendakariak eta idazkariak egingo dituzte erabaki hau betetzeko eta, bereziki, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira bidaltzeko eta han argitaratzeko beharrezkoak diren betearazpen- eta kudeaketa-egintzak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 14a.

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko lehendakaria,

LIDE AMILIBIA BERGARETXE.

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko idazkaria,

ENEKO GALLETEBEITIA LAKA.


Azterketa dokumentala