Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2021eko azaroaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
5689

6/2021 FORU DEKRETU-ARAUA, urriaren 19koa, Gipuzkoako toki entitateek aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan 2022an aplikatu beharreko arau fiskalak eteteari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bitartez onartuak, 48. artikuluan, besteak beste, honako printzipio hauek ezartzen ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen zerga eta finantza autonomiaren printzipioa, beren eskumenak garatzeko eta exekutatzeko; eta Estatuarekiko koordinazio eta lankidetza printzipioak, aurrekontu egonkortasunaren arloan. artikulu horrek ezartzen du, baita ere, Estatuak toki erakundeen arloan unean-unean gauzatzen dituen finantza tutoretzako ahalmenak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eskudunei dagozkiela. Halaber, 62.b) artikuluan, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoari honako eginkizun hau esleitzen zaio: «Aurrekontu egonkortasunaren arloko lankidetza eta koordinazio konpromisoak adostea».

Bestalde, apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak, aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzkoak, azken xedapenetako hirugarrenaren bitartez, bigarren apartatuan, ezartzen du, lege horretan xedatutakoa Euskal Autonomia Erkidegoari aplikatzerakoan, haren foru araubidea kontuan hartuta, Ekonomia Itunaren Legean ezarritakoari kalterik egin gabe jokatu beharko dela.

Araudi horretan oinarrituta, Gipuzkoako Batzar Nagusiek otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua onartu zuten, Gipuzkoako toki erakundeen finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena, aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren arloan.

Era berean, 4/2021 Legeak, urriaren 7koa, baliabideak banatzeko eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenak zehazteko 2022-2026 aldian aplikatuko den metodologiari buruzkoak, bigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan, ezartzen du Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak erabaki ahal izango dituela Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio publikoen aurrekontu egonkortasuneko helburuak, Ekonomia Itunaren 62. artikuluan aurreikusitakoa aplikatu eta Euskal Autonomia Erkidegorako hartzen diren konpromisoen esparruan.

COVID-19ak sortutako pandemiak aurrekaririk gabeko astindu ekonomikoa eragin zuen, eta agertoki ekonomikoa goitik behera aldatu zuen. Ondorioz, Europako Batzordeak 2020an Egonkortasun eta Hazkunde Itunaren babes klausula orokorra aplikatzea erabaki zuen, 2021eko ekitaldirako luzatu zuen erabaki hura, eta joan den ekainean ebatzi zuen 2022rako ere indarrean mantentzeko baldintzak betetzen zirela. Helburua da Estatuek politikak bideratu ahal izatea susperraldi ekonomikoa sendotzera eta pandemiaren aurreko BPGa lortzera. Ildo beretik, Ministroen Kontseiluak 2021eko uztailaren 27an erabaki zuen 2022rako arau fiskalak etenda mantentzea. Diputatuen Kongresuak, berriz, 2021eko irailaren 13an, akordio hori babestu du, hori justifikatzen duten salbuespen baldintzak mantentzen direla iritzita.

Osasun eta ekonomia krisiaren testuinguru horretan, 2020ko irailaren 30ean, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak defizit gaitasuna aitortu zien foru aldundiei; mugarri historikoa izan zen hori, eta bultzada eman zion euskal autogobernuari finantza arloan. Era berean, 2021eko uztailaren 29an, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru-Aldundien 2022rako defizitaren eta zorraren erreferentzia tasak adostu zituen.

Hori oinarri hartuta, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak, 2021eko urriaren 15ean egindako bileran, foru aldundien aurrekontu egonkortasuneko helburuak adostu zituen 2022rako.

Foru aldundiei defizit helburu horiek esleitzearen arrazoia hau da: arrisku partekatuaren printzipioa dela Ekonomia Itunaren baliabideak banatzeko barne ereduaren ezaugarria. Izan ere, foru aldundiek zerga ahalmen handia dute, eta, beraz, krisi ekonomikoko egoera baten aurrean, berehala jasaten dituzte diru sarreren beherakadak; jaitsiera horiek ezin dira beste administrazio batzuen transferentzia arrunten bidez konpentsatu, eta zorpetzera jo behar izan dezakete.

Era berean, udalek zerga itunduetan duten partaidetzaren ezaugarria arrisku partekatuaren printzipioa da, udalek ere parte hartzen baitute Ekonomia Ituneko baliabideetan izandako irabazietan zein galeretan.

Lehen aipatutako araudiak foru aldundien esku finantza tutoretzaren eskumena utzi izanak ahalmena ematen die tokiko entitateen zorpetze araubidea ezartzeko. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako erakundeekin batera arriskua konpartituz udalek zerga itunduen banaketan parte hartzeak justifikatzen du foru aldundiei esleitutako defizit helburu berriak udalekin partekatu ahal izatea.

Bizi dugun testuinguru honetan, beharrezkoa da gure lurraldeko toki erakundeei zuzendutako neurri batzuk hartzea, bat etorriko direnak aurrekontu egonkortasuneko eta finantza iraunkortasuneko neurri orokorrekin, eta, gainera, errespetatuko dutenak Gipuzkoako foru berezitasuna. Hori guztia zuhurtziaz eta erantzukizunez egin behar da, ez jartzeko arriskuan toki erakunde horien finantza iraunkortasuna etorkizuneko ekitaldietan.

Neurri horiek onartzea presazkoa da honako arrazoi hauengatik: batetik, 2021eko ekitaldiaren aurrerapen maila; eta bestetik, lehen aipatutako akordioetatik ondorioztatutako aparteko egoeraren aurrean toki erakundeek komenigarrienak iruditzen zaizkien neurriak hartzeko duten beharra, bai inbertsio eta zorpetze politikaren arloan, bai 2022ko aurrekonturako jarraibideak ezartzearen arloan.

Hemen proposatzen diren neurriak onartzekotan, ezin da erabili foru arauak onartzeko araugintza prozedura arruntaren bidea, haren epeak oso luzeak direlako. Horregatik, bidezkotzat hartzen da neurriak foru dekretu-arau baten bidez onartzea.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan ezartzen duenaren arabera, behar larri eta apartekoek eraginda, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango ditu, bere eskumen esklusiboen esparruan; xedapen bereziok foru dekretu-arauak izango dira eta ezingo diete eragin foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Horrela hartzen diren xedapenak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu beharko dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Gipuzkoako Finantza Kontseiluaren txostena ikusita, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Arau fiskalak etetea 2022an.

1.– Ezohiko izaeraz, eta 2022rako bakarrik, etenda uzten dira Gipuzkoako toki erakundeen arau fiskalak. Horrek esan nahi du aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak eraginik gabe uztea, eta gastu araua ez aplikatzea urte horretan.

2.– Arau fiskalak eteteak berekin dakar, halaber, eten egingo dela sarrera handiagoak eta diruzaintzako gerakina zorra murriztera bideratzeko eskakizuna.

Toki erakundeek kreditu aldaketak finantzatzeko erabili ahal izango dituzte beren diruzaintzako gerakinak.

3.– Arau fiskalak eteteak ez die eragingo haiekin zuzenean lotuta ez dauden obligazioei, eta jarraipen eta gainbegiratze neurriei eutsi beharko zaie. Bereziki, zorpetze eragiketak baimentzeko prozedura mantenduko da, baita hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epeari dagozkion obligazioak ere, eta horiek betetzen direla egiaztatu beharko da.

Era berean, hurrengo artikuluan araututako defizit helburuak gaindituz gero, toki entitateak behartuta egongo dira plan ekonomiko-finantzario bat egin eta onartzera, plan hori kudeaketa tresna eta epe luzerako planifikazio tresna izan dadin, baina haren betetze mailagatik neurri gehigarriak hartzeko obligaziorik izan gabe.

2. artikulua.– Aurrekontu egonkortasuneko helburuak 2022rako.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei lagako die berari esleitutako defizit helburuaren % 40. Ondorioz, udalentzako eta mankomunitateentzako defizit globaleko helburu hauek ezartzen dira:

(Ikus .PDF)

2.– Udalen banakako defiziteko helburua zehaztuko da lehen aipatutako defizit globala Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren kuoten proportzio berean banatuz.

3.– Gipuzkoako toki erakundeen epe luzeko zorpetzea koherentea izango da ekitaldi bakoitzerako onartutako defizit helburuarekin.

4.– Arau fiskalak etenda gelditu ondoren, artikulu honetan ezarritako defizit eta zor helburuak erreferentzia tasatzat hartuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.

Ahalmena ematen zaie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2021eko urriaren 19a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala