216. zk., 2021eko urriaren 29a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (357 KB - 14 orri.)
- EPUB (353 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
5539
AGINDUA, 2021eko urriaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez, 2021-2022 ikasturtean, dirulaguntzak ematen baitzaizkie ikasleen nazioarte mailako mugikortasun-programak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateei, unibertsitate mailako ikastetxeei eta goi-mailako arte eta kirol-irakaskuntzen ikastetxeei.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan zehazten denez, unibertsitate-gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek, beren eskumeneko esparruetan, Goi-mailako Hezkuntzaren Europako ikasleen mugikortasuna sustatuko dute. Horretarako, ikasketetarako bekak, dirulaguntzak eta kredituak emateko programak erabiliko dira, edo, bestela, Europar Batasunaren laguntza-programak osatuko dira. Gaur egun, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko maiatzaren 20ko 2021/817 (EB) Erregelamendu bidez, zeinaren bitartez Erasmus+ ezartzen baita (hezkuntza, trebakuntza, gazteria eta kirolerako Batasunaren Programa), eta 1288/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen baita.
Erasmus+ programako mugikortasunerako Europako Erkidegoak egiten dituen diru-ekarpenen bidez ez da kostuen % 100 finantzatzen; beraz, ezinbestekoa da finantzaketa handitzea. Era berean, unibertsitate-mugikortasunen parte bat Erasmus+ programan sartuta ez dauden lekuetara egiten da; horrela, bada, horiek ez dituzte goian adierazitako erakundeen dirulaguntzak jasotzen, eta, beraz, beste mugikortasun-programa horietan parte hartzen duten ikasleak finantzatzeko beharra dago.
Horretarako, mugikortasunak goi-mailako irakaskuntzan duen garrantziaz jabetuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, goian aipatutako esparrua zabalduz, komenigarritzat jo du mugikortasunerako dirulaguntzen deialdi bat egitea, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateei, unibertsitate mailako ikastetxeei eta goi-mailako arte- eta kirol-ikasketetarako zentroei zuzendua, Erasmus+ programan nahiz nazioarteko beste unibertsitate-mugikortasuneko programa batzuetan parte hartzen duten pertsonen mugikortasunen finantzaketa hobetzeko.
Horregatik, eta kontuan hartuz dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoan oinarrituta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2021-2022 ikasturtean ikasleen nazioarte mailako mugikortasun-programak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateei, unibertsitate mailako ikastetxeei eta goi-mailako arte- eta kirol-irakaskuntzen ikastetxeei dirulaguntzak emateko deialdia egitea.
2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
1.– Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura, guztira, 2.200.000 eurokoa da, honela banatuta:
a) 660.000 euroko aurrekontua ezartzen da Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak (SEPIE) emandako laguntzak osatzeko.
b) 1.540.000 euroko aurrekontua ezartzen da Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) laguntzarik ez duten egonaldietarako.
2.– a) eta b) arlo horietako bateko aurrekontua agortzen ez bada, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak partiden birbanaketa egin ahal izango du, beste partidaren hasierako zuzkidura handitzeko.
3.– Ikasketak amaitu dituztenen mugikortasunei legozkiekeen zenbatekoak eragotzi gabe, nahiz eta Eusko Jaurlaritzako dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik ez izan, mugikortasun horietarako bidaiako laguntza-aseguru bat egingo da.
3. artikulua.– Diruz lagundutako jarduerak.
Diruz lagunduko dira 1. artikuluan adierazitako erakundeek aurkeztutako nazioarteko mugikortasunerako eskaerak, baldin eta eskakizun hauek betetzen badituzte:
a) SEPIEk onartutakoak izan beharko dute Erasmus+ programaren esparruan aurkeztutako proiektuek; nazioarte mailako gainerako mugikortasun-programek, berriz, dagozkion nazioarteko akordioen babesa izan beharko dute.
b) Mugikortasun-proiektuetan sartuta dauden ikasleek betekizun hauek bete beharko dituzte:
– Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea. Europar Batasunekoak ez diren atzerritarrek legezko bizilekua dutela egiaztatu beharko dute, eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunerako. Ez dituzte laguntza hauek jasoko ikasketak direla-eta bertan daudenek edo bertan bizilekua dutenek, betiere Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz.
– 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko administrazio-auzotasuna izatea.
– 2021-2022 ikasturtean nazioarte mailako mugikortasun programaren bati atxikita egotea.
– 2021-2022 ikasturtean, honako ikasketa hauetakoren bat egitea edo 2020-2021 ikasturtean amaitu izana:
• Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.
• Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.
• Goi-mailako arte- edo kirol-irakaskuntza ofizialak.
– Berariazko baimena aurkeztea, II. eranskinaren araberakoa.
4. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.
1.– Erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egon beharko dute.
2 – Erakunde onuradunek ezin izango dute dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egon, besteak beste:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalak izatea, baita horretarako ezgaitzen duen legezko debekua ere.
3.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko ataletan adierazitako baldintzak bete beharko dira laguntza-eskabidea aurkezten denetik ematen den dirulaguntza likidatzen den arte.
4.– Baldintzak betetzen direla honela egiaztatuko da:
a) Ofizioz egiaztatuko du Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
b) Gainerako betekizunak erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira, eskabide-orri elektronikoan jasota.
5.– Deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak egiazkoak direla eta proiektuan sartutako pertsonek eskakizunak betetzen dituztela.
5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko. Eskabideak identifikatzeko eta sinatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikoko bitartekoak erabili behar dira, helbide honetan eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
2.– Erakunde eskatzaileak izapideak elektronikoki egin ahal izango ditu ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko luke, eta helbide hauetan eskuratu ahal izango du: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa – Platea – Onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.
4.– Eskabideen aurkezpenari, justifikazioari eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideei buruzko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1017807
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak bide elektronikoz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.
1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikotik, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1017807
2.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
3.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
4.– Eskabide hori aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko urtarrilaren 31n amaituko, egun hori barne.
7. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:
a) Mugikortasun-proiektuaren identifikazioa. Proiektu horretan, erakundeak eskatutako mugikortasun guztiak sartuko dira (I. eranskina).
b) Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) finantzaketa duten mugikortasunak. Erakunde horrek emandako laguntza hileko 330 euro baino gutxiago bada, eskabidean adieraziko da zehazki zenbat diru falta den egonaldiko hilabete bakoitzeko 330 euroraino iristeko, erakunde horrek finantzatutako hilabeteetan zehar. Proiektuan adierazi beharko da, eskabidean sartutako ikasle bakoitzeko, zer laguntza eman dion SEPIEk eta zer zenbateko eskatzen zaion Eusko Jaurlaritzari. Era berean, proiektuan adieraziko da zer laguntza eskatzen den, guztira, deialdi honen kontura finantzatutako mugikortasun guztietarako. Ez dira kontuan hartuko SEPIEk praktiketako egonaldiengatik ematen dituen 100 euroak, ezta ingurune behartsuetako ikaslea izateagatik ematen dituen 200 euroak ere.
c) Erasmus+ programan finantzatzen ez diren egonaldiak egiten badira, programa horren bidez finantzatzen ez den hilabete bakoitzeko 330 euroko laguntzak eskatuko dira. Nazioarteko beste programa batzuetarako, bederatzi hilabeteko egonaldia eskatu ahal izango da gehienez, hileko 330 eurokoa. Proiektuan adierazi beharko da, eskabidean sartutako ikasle bakoitzeko, zer kopuru eskatzen den, bai eta finantzaketarik ez duten mugikortasun guztietarako zer laguntza eskatzen den ere.
2.– Aurkeztutako proiektuaren barruan mugikortasunetan parte hartzen dutenek 3.b) artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria.
Gainera, proiektuetan sartutako pertsonek eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko, unibertsitateak edo zentroak baimena eskatu beharko die Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aldeko proiektuetan sartzen diren pertsonei.
3.– Aurreko paragrafoko b) eta c) letretako mugikortasunen eta kostuen banan-banako informazioa XML formatuan edo XML bihur daitekeen beste formatu batean bidaliko da.
4.– Mugikortasun-programetako eskabidean dauden pertsonen berariazko baimenak.
8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari dagokio laguntza hauek kudeatzea.
9. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera, hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaie, eta adieraziko zaie, hala egiten ez badute, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela.
2.– Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, elektronikoki aurkezteko betebeharra duela adieraziko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, eskabidea bide horretatik benetan egin den eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.
3.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean kontsultatu beharko dira.
4.– Jakinarazpena egintzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean edukian sartu ez bada, jakinarazpena errefusatutzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela jakinarazpena eskuratzea.
5.– Aurrekoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskaera-inprimakian jasotako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute, inola ere, jakinarazpen-ondoriorik izango.
10. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei emango zaie dirulaguntza, hurrengo artikuluan ezarritako kopuruetan.
2.– Onartutako eskabide guztien kostuaren baturak gainditzen badu 2.1 artikuluan a) eta b) letretan jasotako bi modalitateetako baterako aurreikusitako zuzkidura, eta beste lerroan soberakinik ez badago edo hori ez bada iristen hurrengo artikuluan aurreikusitako zenbatekoetan eskaera guztiei erantzuteko, proiektu bakoitzari emandako zenbatekoa izango da dagoen zuzkidura proiektu guztien artean hainbanatzearen emaitza.
11. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak (SEPIE) finantzatutako mugikortasunak. Erakunde horrek emandako laguntza hilean 330 eurotik beherakoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa erakunde horrek finantzatutako hilabeteetan egonaldiko hilabete bakoitzeko 330 eurora iristeko behar dena izango da. Ez dira kontuan hartuko SEPIEk praktiketako egonaldiengatik ematen dituen 100 euroak, ezta ingurune behartsuetako ikaslea izateagatik ematen dituen 200 euroak ere.
2.– Erasmus+ programan finantzatu gabeko egonaldiak egiten badira, laguntzaren zenbatekoa 330 eurokoa izango da programa horretan finantzatu gabeko hilabete bakoitzeko. Nazioarteko beste programa batzuetarako, 330 euroko dirulaguntza emango da hilabete bakoitzeko eta gehienez bederatzi hilabeteko egonaldirako. Proiektuan, eskabidean sartutako ikasle bakoitzeko eskatutako zenbatekoa sartu beharko da, bai eta finantzaketarik gabeko mugikortasun guztietarako eskatutako laguntza ere.
3.– Aurreko bi paragrafoetan finantzatutako hilabeteen baturak ez du inola ere gaindituko ikasle bakoitzeko bederatzi hilabeteko egonaldia.
12. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak ebatziko du laguntza-deialdia, gehienez ere sei hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.
2.– Denek jakin dezaten, emandako dirulaguntzen berri emango da EHAAn argitaratuz. Hala ere, epeak zenbatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egindako jakinarazpenak baino ez du balioa izango, eta jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
3.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
4.– Deialdia ebazteko ezarritako epea igaro ondoren erakunde eskatzaileei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, laguntza-eskaera ukatu dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
5.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
13. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, hilabeteko epean.
2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.
3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du.
Erakundea erregistratuta ez badago edo Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du, https://www.euskadi.eus/hirugarrenak webgunean ezarritako ereduaren arabera.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunek nahitaez bete beharko dituzte dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak. Bereziki, honako hauek:
a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta, hamabost egun naturaleko epean, dirulaguntza emateko ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitartez jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, erakunde onuradunek ez badiote berariaz uko egiten laguntzari «Nire karpetaren» bidez, laguntza onartutzat joko da.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabiltzea.
c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.
d) Hezkuntza Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea.
e) Mugikortasun-proiektuan sartuta dauden pertsonek deialdiko 3.b) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.
f) Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein egoera aldatu dela, bai eta helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik jaso dela ere, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik.
g) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritako hedapen-neurriak hartzea.
15. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Erakunde onuradunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte justifikazioak aurkezteko, egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» izenetako ataletik: http://www.euskadi.net/nirekarpeta
2.– Dokumentazio hori aurkezteko epea 2022ko azaroaren 11n amaituko da, egun hori barne. Erakunde onuradunek jasotako dirulaguntzak justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Jasotako laguntza aurrekontuan sartu dutela egiaztatzen duen agiria. Erasmus+ programaren barruan egindako mugikortasunei dagokienez, egindako mugikortasunen arabera SEPIEk egindako diru-sarreraren ziurtagiria aurkeztuko da.
b) Unibertsitatearen edo ikastetxearen ziurtagiri ekonomikoa, proiektuan zerrendatutako pertsonei egindako banan-banako ordainketena. Pertsona guztiak zerrendatuko dira, bakoitzari egindako ordainketa adierazita.
c) Mugikortasunak amaitu ondoren, erakunde onuradunek aurkeztutako proiektuaren memoria bat aurkeztu beharko dute, eta, han, adieraziko dira helburuak, lortutako emaitzak eta egindako ekintzaren eta banan-banako mugikortasunen azken kostua (zenbat mugikortasun eta bakoitzaren iraupena). Eskabidean egindako aldaketa guztiak justifikatu beharko dira memorian.
Memoriarekin batera, 11. artikuluko 1. eta 2. apartatuetako mugikortasunen eta kostuen banan-banako informazioa aurkeztuko da XML formatuan edo XML bihur daitekeen beste formatu batean.
16. artikulua.– Baldintzak aldatzea COVID-19aren ondorioz.
1.– Ez da ez-betetzetzat hartuko mugikortasun-programa aldi baterako etetea edo bertan behera uztea, baldin eta COVID-19aren pandemiak eragindako salbuespenezko inguruabarren ondorioz gertatzen bada, helmugako herrialdera lekualdatu ondoren.
2.– Ez dira laguntza emateko baldintzak aldatutzat joko, baldin eta ikasleak destinoko herrialdean egon behar badu, nahiz eta programa eten edo bertan behera utzi.
3.– Aldez aurretik itzultzen bada, eta aldi osoa betetzen ez bada laguntza emateko baldintzetan, egin gabeko egonaldiaren zati proportzionala itzuli beharko da, 17. artikuluan aurreikusitako moduan.
4.– Destinoko herrialdeko egonaldia luzatzeak ez du inola ere ekarriko emandako dirulaguntza handitzea.
5.– Programaren etetea edo ezereztea eta kasu bakoitzeko inguruabarrak behar bezala justifikatu beharko dira erakundeak dirulaguntza justifikatzeko aurkeztu behar duen memorian, 15. artikuluan ezarritakoaren arabera.
17. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea eta itzultzea.
1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak, espedienteko erakunde onuradunari entzun ondoren, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak osorik edo zati batean itzultzea bidezkoa dela, eta aplikatu beharreko interesak exijituko ditu, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritako kasuetan, besteak beste:
– Ezarritako baldintzaren bat edo batzuk betetzen ez dituzten ikasleei emandakoak izatea.
– Laguntza emateko baldintzak aldatu izana. Proiektuan aurkeztutako mugikortasunetan aldaketarik gertatuz gero, mugikortasun horiengatik jasotako laguntza osoari edo partzialari dagokion zatia itzuli beharko da. Justifikatu gabeko mugikortasunetarako, laguntzen zenbateko osoa itzuliko da, eta egindako mugikortasunetan, proiektuan eskatutakoak baino egonaldi txikiagoak izanez gero, dagokion zatia.
– Agindu honetan xedatutakoa edozein modutan ez betetzea.
– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntzen onuradunei dagokien edozein betebehar ez betetzea.
2.– Itzultzeko prozedura abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan araututakoa izango da.
3.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, baldin eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publikok zein pribatuk aldi berean emandako dirulaguntzak edo laguntzak jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.
18. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta datuen babesaren arloan indarrean dauden gainerako arauak betez, honako hau jakinarazten da: datu pertsonalak «Laguntzak eta dirulaguntzak» tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkio. Jarduera horrek honako hauek ditu:
Arduraduna: Hezkuntza Saila.
Helburua: ikasleen nazioarteko mugikortasun-programak dituzten EAEko unibertsitateentzako, unibertsitate mailako ikastetxeentzako eta goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeentzako dirulaguntzen eskaerak eta jarraipena kudeatzea.
Legitimazioa: beharrezko tratamendua interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean (Dirulaguntzei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Lege Orokorra) egindako misio bat betetzeko.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea dago, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.
Informazio gehigarria: datuak babesteari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Baimena ematen zaio Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariari agindu honetan xedatutakoa betearazteko beharrezkoak diren jarraibideak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 15a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.