216. zk., 2021eko urriaren 29a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (358 KB - 16 orri.)
- EPUB (928 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5538
AGINDUA, 2021eko urriaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira EAEko esnetarako behien, haragitarako behien, ardien, ahuntzen, haragitarako eta erruterako hegaztien, txerrien, untxien eta zaldien abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko aldi baterako araubidea 2021eko ekitaldirako. Laguntza horiek COVID-19ak eragindako alarmaren ondoriozko aldi baterako laguntza-esparruaren babesean ematen dira.
Abeltzaintzaren sektorea egoera zailean zegoen koronabirusaren krisia baino lehenagotik ere, hein handi batean hauen ondorioz: atomizazio handia, sektore-egituraketa mugatua, jasaten ari zen ekoizpen-kostuen igoera handia, ekoizpen-sektoreak banaketa handiaren aurrean zeukan negoziazio-ahalmen mugatua eta abar. Horrek guztiak, eta nekazaritzako beste elikagai batzuekin izandako zailtasunek, baldintzatuta onartu dira 2019/633 (EB) Zuzentaraua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2019ko apirilaren 17koa (Nekazaritzako elikagaien hornidura-kateko enpresen arteko harremanetan dauden merkataritzako jardunbide desleialei buruzkoa) eta otsailaren 25eko 5/2020 Errege Lege Dekretua (Nekazaritza eta elikadura gaietan zenbait presako neurri hartzen dituena), Elikatze-katea hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 1eko 12/2013 Legean egitekoa den erreforma sakonaren aurrerakin gisa.
COVID-19aren pandemiak hainbat elikagairen merkatuan nahasmendu handia eragin du, bai etxean, bai etxetik kanpo. Ildo horretan, nabarmentzekoa da sektore jakin batzuetan izandako inpaktua, bereziki, edarienean, mahastizaintzan, apaingarriena, etab. Egoera hori arintzeko, salbuespenezko aldi baterako neurriak ezarri eta betearazi dira, arauzko xedapen jakin batzuetatik salbuetsita egotea baimentzeko, betiere COVID-19aren pandemiak eragindako merkatu-nahasmenduari aurre egitearren.
Abeltzaintza-sektoreak ere errealitate hori bizi izan du. EAEko abeltzaintza-ustiategien ezaugarri nagusia da ekoizpen-eredu estentsiboa dutela gehienek, lurraldeari lotua, eta kalitatezko eta urtarokotasun nabarmeneko ekoizpenak dituztela. Gainera, produktuon kontsumoa oso lotuta dago herriko eta/edo familiako ospakizunekin eta ekitaldiekin, jatetxeekin eta ostalaritzarekin lotura handia dutenak.
Krisi sanitarioak gogor kolpatu du EAEko haragi-ekoizleen sektorea (behiak, ardiak, hegaztiak, etab.), kontsumo sozial nabarmeneko eta kalitatezko produktu bati irtenbidea emateko dauden merkataritza-zailtasunengatik, krisi ekonomikoko garaian. Esnearen sektorearen egoera ere zaila da, esnearen salmenta-prezioak ekoizpen-kostuak baino txikiagoak baitira, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak 2021eko uztailean argitaratutako «Estudio de la cadena de valor y formación de precios en la leche líquida envasada de larga duración (LELD)» azterlanak adierazitakoaren arabera.
Eusko Jaurlaritzak, koronabirusak eragindako alarmaren ondorioz, 2020an aparteko laguntza ekonomiko batzuk adostu zituen elikaduraren balio-katerako, besteak beste, produktu galkorren ekoizpen-soberakinak bildu eta merkaturatzea, animaliak erosteko akordioak zenbait erakunderekin, krisi sanitarioaren ondorioz itxita zeuden beste kanal batzuen bidez merkaturatutako produktuei irteera emateko banaketa handiarekin akordioak ezartzea, finantza-neurriak, tokiko produktuaren kontsumoa bultzatzeko sustapen-kanpainak, etab.
Hala ere, hartutako neurriak gorabehera, abeltzaintza-sektoreak egoera zailean jarraitzen du, eta gero eta larriagoa da, ustiategiei ordaindutako prezioen pixkanakako beherakadaren ondorioz, eta epe laburrean ez da hobekuntzarik aurreikusten, kontuan hartuta koronabirusaren krisiaren inguruko ziurgabetasuna eta krisi horren iraupena, jatetxeen eta ostalaritzaren irekiera partziala eta turismoaren beherakada, eta, gainera, ez da espero elikadura-katea hobetzeko aurreikusitako neurriak epe laburrean abian jartzea.
Era berean, azken hilabeteetan, aziendarentzako pentsuen eta bestelako intsumoen prezioak asko igo dira, eta horren eraginez nabarmen igo dira abeltzaintzako ustiategietako ekoizpen-kostuak. Hala ere, abeltzaintzako ustiategi horiek ez dute kostuen igoera hori islatuta ikusi ekoizpenarengatik merkatuan lortzen dituzten prezioetan. Horrek arriskuan jartzen du jada askotariko zailtasunak jasaten zituzten ustiategien iraupena.
Beraz, gaur egun EAEko abeltzaintza-sektoreak bizi duen egoera kritikoagatik beharrezkoa da zuzeneko laguntza-lerroak egituratzea abeltzaintza ustiategiei zuzenduta, ikuspuntu ekonomiko, sozial eta ingurumenekotik estrategikoa den sektore horren egoera arintzeko.
Agindu honetan, aldi baterako esparruari atxikitako estatu-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira. Bere planteamenduan, beharrezkotzat jo da laguntza emateko prozedura bat antolatzea, kudeaketa eta ordainketa errazekoa izango dena, eta, beraz, abere hautagarri bakoitzeko oroharreko ordainketa bat ezartzea erabaki da.
Agindu honetan jasotzen diren laguntzak COVID-19aren gaur egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzako neurriei buruzko denbora-esparruaren arabera emango dira, eta honako hauek beteko dituzte: Batzordearen 2020ko martxoaren 19ko Komunikazioa, C(2020)1863 (AO C 91I, 2020ko martxoaren 20koa), Batzordearen C(2020) 2215 (AO C 112I, 2020ko apirilaren 4koa, 1. or.), C(2020) 3156 (AO C 164, 2020ko maiatzaren 13koa, 3. or.), C(2020) 4509 (AO C 218 2020ko uztailaren 2koa, 3. or.), C(2020) 7127 (AO C 340I, 2020ko urriaren 13koa, 1. or.) eta C(2021) 564 (AO C 34, 2021eko otsailaren 1ekoa, 6. or.) jakinarazpenek aldatua; eta Europako Batzordeak apirilaren 2ko SA.56851 (2020/N) Erabakian onartutako enpresei eta autonomoei laguntzeko neurriei buruzko denbora-esparru nazionala (dirulaguntza zuzenak, itzul daitezkeen aurrerakinak, zerga-arloko abantailak, mailegu-bermeak eta interes-tasekin lotutako hobariak), COVID-19aren gaur egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko helburuarekin, baita hark erabaki hauetan onartutako ondorengo aldaketak ere: SA.57019 (2020/N), 2020ko apirilaren 24koa; SA.59196 (2020/N), 2020ko abenduaren 11koa; eta SA.59723 (2020/N), 2021eko otsailaren 19koa.
Denbora-esparru hori 2021eko abenduaren 31ra arte izango da aplikagarria, eta, pandemiaren testuingurura egokitzeko izan dituen bost aldaketen ondoren finkatutako bertsioan, 3.1 apartatuan zenbateko mugatuko zuzeneko dirulaguntzak emateko aukera gaitzen da.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan jasotako gaikuntzan aurreikusitakoaren arabera, Administrazioarekin bitarteko elektronikoak erabiliz jarri behar da harremanetan laguntza-lerroetarako, kontuan hartuta balizko onuradunek haien arduraldi profesionaletik eratorritako ezaugarri batzuk dituztela (gaikuntza hori ahalbidetzen dutenak), kontuan hartuta sektoreari laguntzeko eta hura kontrolatzeko araudiak harreman elektronikoak ezartzen dizkiela haien hartzaileei (informazio-betebehar guztiak betetzeko) eta kontuan hartuta ohiko ekipamendua dagoela harreman elektronikoak ahalbidetzeko, beharrezkoak diren baliabide elektronikoak erabiltzeko aukera dutela ziurtatuz.
Horregatik guztiagatik, behar adina zuzkidura dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen Legean (otsailaren 11ko 1/2021 Legea) baimendutako kredituen arabera, laguntzen deialdi hau argitaratu da.
Jaurlaritzari buruzko Legearen (ekainaren 30eko 7/1981 Legea) 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako sailburuek, kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute.
Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen Dekretuan (otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua) ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
2021. urterako, aldi baterako aparteko laguntzak deitzea, Agindu honen I. eranskinean jasotzen direnak, EAEko esnetarako behien, haragitarako behien, ardien, ahuntzen, haragitarako eta erruterako hegaztien, txerrien, untxien eta zaldien abeltzaintzako jarduerari eusteko. Laguntza horiek COVID-19aren gaur egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzako neurriei buruzko denbora-esparruaren arabera emango dira, eta honako hauek beteko dituzte: Batzordearen 2020ko martxoaren 19ko Komunikazioa, C(2020)1863 (AO C 91I, 2020ko martxoaren 20koa), Batzordearen C(2020) 2215 (AO C 112I, 2020ko apirilaren 4koa, 1. or.), C(2020) 3156 (AO C 164, 2020ko maiatzaren 13koa, 3. or.), C(2020) 4509 (AO C 218 2020ko uztailaren 2koa, 3. or.), C(2020) 7127 (AO C 340I, 2020ko urriaren 13koa, 1. or.) eta C(2021) 564 (AO C 34, 2021eko otsailaren 1ekoa, 6. or.) jakinarazpenek aldatua; eta Europako Batzordeak apirilaren 2ko SA.56851 (2020/N) Erabakian onartutako enpresei eta autonomoei laguntzeko neurriei buruzko denbora-esparru nazionala (zuzeneko dirulaguntzak, itzul daitezkeen aurrerakinak, zerga-arloko abantailak, mailegu-bermeak eta interes-tasekin lotutako hobariak), COVID-19aren gaur egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko helburuarekin, baita hark erabaki hauetan onartutako ondorengo aldaketak ere: SA.57019 (2020/N), 2020ko apirilaren 24koa; SA.59196 (2020/N), 2020ko abenduaren 11koa; eta SA.59723 (2020/N), 2021eko otsailaren 19koa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, berorren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 26a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.