216. zk., 2021eko urriaren 29a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (260 KB - 4 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
SEGURTASUN SAILA
5531
AGINDUA, 2021eko urriaren 22koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita lanpostuak izendapen askeko sistemaren bidez hornitzeko deialdi publikoa.
Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkariaren lanpostua hutsik dagoenez –520010 kodea, 42 dotazioa–, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, eranskinean azaldutako lanpostua izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sail honek. Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek, lanpostuen zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, egoera hauetan izan ezik:
a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
b) Lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek, norberaren intereserako edo familia elkartzeko diren borondatezko eszedentzian egonik.
2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, baldin eta espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.
Bigarrena.– Eskabideak.
Eskatzaileek eskabideak bidali ahal izango dituzte, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuta, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzara 15 egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitae» erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere adieraziko dira.
a) Tituluak.
b) Administrazio publikoan edo, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntza-ezagupenak.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.
Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.
Hautagaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.
Laugarrena.– Ebazpena.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da deialdia, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera, gehienez ere hilabeteko epean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epean hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Agindu hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela gainerako hautagaien aldean (baldin badago), merezimenduak alderatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dauden legeek eta lanpostu-zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 22a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
ERANSKINA
Deitutako lanpostua: Goi-kargudunaren idazkaria.
Kodea: 520010.
Dotazioa: 42.
Kidegoak: A05EU/A07EU.
Destino osagarriaren maila: 18.
Berariazko osagarria: VI-A.
Kokapena: Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritza.
Udalerria: Vitoria-Gasteiz.
Hizkuntza-eskakizuna: 2.
Derrigortasun-data: 2020-12-15.
Berariazko ezagutzak: –.