Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

216. zk., 2021eko urriaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5528

228/2021 DEKRETUA, urriaren 26koa, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilua arautzen duena.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak kultura-ondarearen kudeaketa integrala bermatzearen alde egiten du; izan ere, kudeaketa horrek ondarea identifikatu, dokumentatu, ikertu, kontserbatu eta babestu egingo du, eta, gainera, ondarea transmititu, sustatu eta hari balioa emateko konpromisoa sendotuko du.

Era berean, gai honetan funtsezkoak diren hainbat jardun-arlotan koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko interesa du: lehenengoa, zalantzarik gabe, kultura-ondarearen arloan eskumenak dituzten hiru administrazio-mailen –autonomikoa, foru maila eta udal maila– arteko lankidetza, baina baita ondare horren defentsan inplikatuta dauden beste eragile batzuekin ere, lankidetza-bide formalen bidez.

Aurrerapen-ildo horietako lehenengoari dagokionez, lege-testuak garrantzi bereziko konpromisoa hartzen du, batetik, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilua (aurrerantzean, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua) sortzen duelako euskal administrazio publikoen diziplina anitzeko partaidetza-organo nagusi gisa, eta, bestetik, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa sortzen duelako, administrazio publikoen arteko komunikazio-, lankidetza- eta laguntza-betebeharra baliatze aldera, administrazio publikoen artean eta, zeharka, kultura-administrazioaren eta inplikatuta dauden gainerako administrazio sektorialen artean.

Orain arte, Euskadiko Monumentu kategoriako Arkitektura Ondarearen Aholku Batzordea ari zen organo horietako lehenengoari legez esleitutako eginkizun batzuk betetzen, baina organo espezifiko bat sortzeko ekimena (bateratu egingo dituena, arlo arkitektonikoaz gain, kultura-ondarea osatzen duten gainerako arloak) berebiziko mugarria da, gero eta konplexuagoa eta diziplinartekoagoa den gai honi dagokionez. Kultura-balioak aldakorrak direnez, ondarearen kontzeptua bera ere etengabe eraikiz doa, eta hura osatzen duten elementuak ere eraldatu egiten dira eta ekarpen berriak hartzeko prest daude. Hala, legegintza-testuak euskal kultura-ondarearen barruan sartzen ditu gure erkidegoaren kultura-ondarea osatzen duten eta errealitate material zein ez-materialen bidez adierazten diren adierazpen esanguratsu guztiak.

Hori behin eta berriz ikusi zen nazioarteko hainbat eremutan, eta elementu erabakigarria izan zen 6/2019 Lege berriak hartutako orientabideetan, eta, bereziki, EAEko hiru administrazio-mailen eta inplikatutako eragileen arteko koordinazioa eta lankidetza ahalbidetzen zituzten testu horretako neurri guztietan. Neurri horiek Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren sorreran zehazten dira, eta, hain zuzen ere, kontseilu hori arautzea da dekretu honen xedea.

6/2019 Legeak, 4. artikuluan, kultura-ondarearen eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikitzen dio Kontseilua, eta agintzen du haren barruan integratu daitezela EAEko erakundeetako langile kualifikatuak eta kultura-ondarearen arloan diharduten sektore profesionaletako teknikariak, espezialistak edo ordezkariak. Era berean, lege-testuak adierazten du antolaketa- eta funtzionamendu-sistema bat ezarri beharko dela, erabakiak hartzerakoan euskarri tekniko nahikoa izango duena eta gai bakoitzean kualifikatutako espezialisten iritzia jasoko duena; era berean, horretarako sortuko diren osoko bilkuren edo batzordeen bitartez funtzionatuko du, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua izango du, bai Osoko Bilkuraren osaeran, bai sor daitezkeen batzordeetan.

6/2019 Legean xedatutakoaren arabera, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak bere eginkizunen artean ditu, besteak beste, Legean bertan babes bereziko eta ertaineko ondasunen aurri-deklarazioari buruz ezarritako nahitaezko txostena, euskal administrazio publikoei kultura-ondarearen arloan aholkularitza ematea eta deklarazio-proposamenei buruzko txostenak egitea.

Hori dela eta, aipatutako 6/2019 Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren osaera, antolamendua, funtzionamendua eta zereginak erregelamendu bidez ezarriko direnez, aurreikuspen hori betetzen da, 6/2019 Legean bertan ezarritakoaren arabera.

Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, dagozkion txostenak eman ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren iritzia jasota, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko urriaren 26an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren osaera, antolaketa, funtzionamendua eta eginkizunak arautzea, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 4. artikulua aplikatuz eta garatuz.

2. artikulua.– Izaera eta atxikipena.

1.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua euskal administrazio publikoen diziplina anitzeko partaidetza-organoa da kultura-ondarearen arloan, 6/2019 Legearen 4. artikuluan jasotakoaren arabera.

2.– Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailari atxikita dago.

3. artikulua.– Zereginak.

Honako hauek dira Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren zereginak:

a) Aholku ematea euskal administrazio publikoei kultura-ondarearen alorrean.

b) Babes berezia eta ertaina duten kultura-ondasunen deklarazio-proposamenen gaineko txostenak ematea Eusko Jaurlaritzari. Txosten horiek entzunaldi-izapidearen ondoren eman beharko dira, hiru hilabeteko epean. Hala ere, 6/2019 Legearen ondorioetarako, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren aktetan jasotako erabakiek jarduera-prozedurak abiarazteko balioa izango dute, babes berezia eta ertaina duten kultura-ondareetan.

c) 6/2019 Legearen 19., 22., 42.2 eta 51.5 artikuluetan aurreikusitako aurretiazko txostenak egitea, bai eta 6/2019 Legeak edo aplikatzekoa den beste edozein araudik berariaz xedatzen duen beste edozein txosten ere.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Hauek dira Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko kideak:

a) Kontseiluburua Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailburuordea izango da.

b) Kontseiluburuordea Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen zuzendaria izango da.

c) Kontseilukideak:

1) Hiru Lurralde Historikoetako foru-aldundietako ordezkari kualifikatu bana, foru-aldundiek proposatuta.

2) EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkari kualifikatu bat, elkarteak berak proposatuta.

3) Eusko Jaurlaritzan hirigintza-arloan eskumena duen zuzendaritzako ordezkari kualifikatu bat, zuzendaritza horrek proposatuta.

4) Kultura-ondarean aditua den pertsona bat, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) ordezkari gisa, EHUk proposatuta.

5) Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat, Elkargoak proposatuta.

6) Arkeologiaren arloan ospe handia duen pertsona bat, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen gaineko eskumena duen zuzendaritzak proposatuta.

7) Gutxienez bi eta gehienez lau pertsona, kultura-ondarearen arloan lan egiten duten teknikari, espezialista eta elkarteetako ordezkarien artean, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen gaineko eskumena duen zuzendaritzak proposatuta.

d) Idazkaria, EAEko Kultura Ondarearen Zentroaren arduraduna; hitza izango du, baina botorik ez.

2.– Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez izendatuko dira kontseilukideak, 4 urterako.

3.– Emakumeek eta gizonek Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluan duten ordezkaritza orekatua izango da, bai Osokoan eta bai sor litezkeen batzorde teknikoetan.

4.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko kideak izendatzerakoan, kontuan hartuko da kide horiek gaitasun nahikoa dutela Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan.

5.– Aurreko paragrafoetan xedatutakoari kalterik egin gabe, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko buruaren erabakiz, bileretara joan ahal izango dira kultura-ondarearen arloko aditutzat har daitezkeen beste pertsona batzuk, haien ezagutza, esperientzia eta ospea kontuan hartuta. Pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.

5. artikulua.– Kontseilukide izaera galtzea.

1.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko kide izateari utziko zaio kasu hauetan:

a) Izendapena proposatu zuen administrazio publikoko administrazio-organo eskudunak erabakitako ezeztapena edo kargu-uztea, edo izendapen-proposamena egin zuten sektore publiko edo profesionalek erabakitakoa.

b) Izendapen horri dagokion izaera –kargua edo lanpostua– galtzea.

c) Ebazpen irmoa, judiziala edo administratiboa, kargu publikoetarako desgaitzea edo etetea dakarrena.

d) Heriotza, edo jardun horretan aritzeko ezgaitasuna dakarren gaixotasuna.

e) Uko egitea.

f) Agintaldiaren amaiera.

2.– Aurreko edozein arrazoirengatik hutsik geratzen diren lanpostuak hilabeteko epean beteko dira, egoera hori Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko Idazkaritzari jakinarazten zaionetik aurrera.

6. artikulua.– Ordezkapenak.

1.– Kontseiluburua ez badago, gaixorik badago, edo kargua hutsik badago, kontseiluburuordeari dagokio hura ordeztea.

2.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko kontseiluburuak izendatuko du idazkariaren ordezkoa, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko teknikarien artetik, hura ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo haren kargua hutsik dagoenean.

3.– Kontseilukideak izendatzeko proposamena egin duten administrazio publikoko administrazio-organo eskudunak eta sektore publiko eta profesionalek ordezko bat proposatuko dute izendatutako kontseilukide bakoitzeko, hura ez dagoenerako, gaixorik dagoenerako edo haren kargua hutsik dagoenerako. Ordezko horrek ordezkatuaren antzeko profila izan beharko du.

4.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, kontseilukideak izendatzearekin batera izendatuko dira ordezkoak.

7. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua modu presentzialean zein ez-presentzialean eratu ahal izango da, bai eta deialdiak egin, bilerak egin, erabakiak hartu eta aktak egin ere.

2.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua gutxienez urtean behin bilduko da ohiko bilkuran, eta ezohiko bilkuran kontseiluburuak hala erabakitzen duenean.

3.– Ohiko edo ezohiko bilkura bat behar bezala eratutzat jotzeko, beharrezkoa da kontseiluburua, idazkaria eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko kideen erdiak gutxienez bertan izatea.

4.– Kideek aldez aurretik adostuta, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak, beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen badu, batzorde teknikoak eratu ahal izango ditu, jarduera-eremu espezifikoetan azterlanak eta plangintza-proposamenak egiteko.

Batzorde horiek azterketarako eta proposamenak egiteko erabiliko dira, eta bilkuretan lortutako emaitzak Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluari aurkeztu beharko dizkiote, bai eta horietan oinarrituta aholkuak eman ere, Kontseiluak nahitaezko txostena egin dezan edo eztabaidatu eta erabaki dezan.

Batzorde tekniko horien osaera, helburuak, funtzionamendu-arauak eta iraupena, hala badagokio, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak ezarriko ditu, dagokion eratze-akordioan.

8. artikulua.– Erabakiak hartzea.

Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak.

9. artikulua.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko kontseiluburuaren zereginak.

Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko kontseiluburuak zeregin hauek izango ditu:

a) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren ordezkaria izatea eta, eginkizun hori betetzean, beste administrazio-organo edo erakunde publiko edo pribatu batzuekin harremanetan egotea.

b) Ohiko eta ezohiko bilkuretarako deialdia egitea erabakitzea eta gai-zerrenda finkatzea; horretarako, kontuan izango ditu gainerako kideek behar besteko denboraz aurkeztutako eskaerak, aurkeztu badituzte.

c) Bilkuretako buru izatea eta eztabaidak bideratzea.

d) Bere sinadurarekin bilkuretako aktak berrestea eta erabakiak bidaltzeko agintzea.

e) Dekretu hau betetzea eta betearaztea, zalantzazko kasuetan gainerako kideei bere interpretazioa proposatuz eta Eusko Jaurlaritzari egoki iritzitako aldaketen berri emanez, Kontseiluaren funtzionamendu azkarra, egokia eta eraginkorra bermatze aldera.

f) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren bilkuretara kultura-ondarearen arloko aditutzat jo daitezkeen beste pertsona batzuk ere joateko erabakia hartzea. Pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.

g) Erabakiak hartzerakoan berdinketarik bada, bere botoaren bitartez erabakitzea.

10. artikulua.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko idazkariaren zereginak:

Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko idazkariak zeregin hauek izango ditu:

a) Saioak prestatzea, jarduketa hauek eginez:

1) Aholkuak ematea kontseiluburuari, gai-zerrenda zehazteko orduan;

2) Dokumentu guztiak (bilkuran landuko diren gaiei buruzko txosten, azterlan edo proposamenak) bildu, ordenatu eta prestatzea, eta horien berri ematea kontseilukideei, aurreko bilkurako deialdiarekin eta, hala badagokio, aktarekin batera;

3) Landu beharreko gaiei buruzko aurretiazko txostenak prestatzea.

b) Kontseiluburuaren aginduz, bilkuretarako deialdia egitea, gutxienez 7 egun lehenago.

c) Osoko Bilkuraren ohiko eta ezohiko bilkuretara joatea eta horien akta egitea.

d) Fede-emaile gisa jardutea, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak egindako txostenak, aktak eta erabakiak egiaztatuz –kontseiluburuaren oniritziarekin–, eta, hala badagokio, ziurtagiria dagokion akta onartu baino lehenagokoa dela berariaz adieraziz.

e) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak sortzen duen informazioa helaraztea Kontseiluak zehazten dituen pertsona eta erakundeei.

f) Bere ardurapean duen dokumentazioa antolatzea eta zaintzea, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko kideen eskura jartzea.

g) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea.

h) Akordioak eratzeko eta hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

i) Kontseiluburuak agindutako kudeaketa eta koordinazioko gainerako ekintzak, edota Idazkaritzari dagozkionak.

11. artikulua.– Kontseilukideen eskubideak.

Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko kide bakoitzak eskubide hauek izango ditu:

a) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren ohiko eta ezohiko bilkuretan hitzarekin parte hartzea, botoa emateko eskubidea baliatzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren esanahia eta arrazoiak adieraztea ere.

b) Proposamenak eta iradokizunak egitea, gai-zerrendan sar daitezen.

c) Deialdiaren eta bilkurako gai-zerrendaren berri izatea, gutxienez 7 egun lehenago, eta, epe berean, eskura izatea bertan agertzen diren gaiak lantzeko behar den informazioa eta aurreko bilkurako akta.

d) Galderak eta eskariak egitea.

12. artikulua.– Kontseilukideen zereginak.

Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko kide bakoitzak betebehar hauek izango ditu:

a) Ohiko eta ezohiko bilkuretara joatea.

b) Isilpean eta zuhurtziaz jokatzea, aztertzen diren gaien izaerak hala eskatzen duenean.

c) Dekretu honen arabera jardutea.

13. artikulua.– Baliabide tekniko eta pertsonalak.

Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen zuzendaritzak, bere baliabide tekniko eta pertsonalen bidez, beharrezko laguntza eta babesa emango dizkio Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluari.

14. artikulua.– Konpentsazio ekonomikoa.

1.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko kide izateagatik ez da ordainsaririk jasoko, baina Kontseiluko kideek eta batzordeetan parte hartzen dutenek konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea izango dute, parte hartzen duten bileretara joateagatik. Konpentsazio hori bateragarria izango da Kontseiluan parte hartzeko edo bertara joateko egiten diren joan-etorriei dagozkien kalte-ordainekin. Bertaratzeagatiko konpentsazioak eta joan-etorriengatiko kalte-ordainak zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako baldintza, kopuru eta mugen arabera jasoko dira.

2.– Administrazio publikoetan betetzen den karguagatik edo lanpostuagatik Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko kide izan behar denean edo bertan parte hartu behar denean, ez da bertaratzeagatiko ordainsaririk emango.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean eratuko da Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 284/1990 Dekretua, urriaren 23koa, Euskadiko Monumentu kategoriako Arkitektura Ondarearen Aholku Batzordearen egitura eta funtzionamendua arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.

Dekretu honetan aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da, bereziki prozedura-gaiei edo kide anitzeko organoei buruzko gaiei dagokienez.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urriaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala