Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2021eko urriaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5476

AGINDUA, 2021eko urriaren 19koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Beste Bat-Berritzen arte biziak dinamizatzeko programarako 2021. urteko azken hiruhilekorako eta 2022. urteko lehen hiruhilekorako dirulaguntzak ematea arautu eta horietarako deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte eta kultura mailako jarduerei dagozkien egitekoak eta horien zabalkundea. Eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagozkio, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez.

Pandemia hasi zenetik, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna COVID-19aren hedapena mugatzea eta hari aurre egitea da, alde batetik, pandemiak pertsonen osasunean duen eragina minimizatzeko, eta, bestetik, hainbat neurri eta jarduketa abian jartzeko, hedapen globalak eta ustekabekoak euskal gizarte osoarentzat enplegu-iturri eta ongizate-iturri den jarduera ekonomiko eta industrialean eragin duen eta sortzen ari den inpaktu negatiboa murrizteko.

Horrela, Europako Batzordeak, 2020ko martxoaren 19an, COVID-19aren krisiaren aurrean [COM (2020) 1863] Ekonomia laguntzeko Laguntzei buruzko Aldi Baterako Esparrua onartu zuen. Bertan kokatzen da COVID-19a hedatzearen ondoriozko ezohiko, bat-bateko eta ezusteko krisia (aurrerantzean, EBren Aldi baterako Esparrua). Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuaren b) letraren arabera, Batzordeak barne-merkatuarekin bateragarritzat jo ditzake «estatu kide baten ekonomian nahasmendu larri bat konpontzeko» laguntzak.

Ondorioz, Espainiako Gobernuak Batzordearen komunikazioan oinarritutako aldi baterako esparru nazionala jakinarazi zuen. Aldi baterako esparru nazional hori Europako Batzordearen erabaki baten bidez baimendu zen lehenengo aldiz 2020ko apirilean. Geroago, EBren denbora-esparrua eta estatu-mailako denbora-esparrua aldatu egin dira. Aldi baterako esparru nazionalaren helburua da Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoetako administrazioek, toki-administrazioa osatzen duten erakundeek eta aurreko administrazioei lotuta edo haien mendean dauden eta nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko gainerako erakundeek barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzak ematea.

Beraz, estatu-laguntzei buruzko araudia betetzeari dagokionez, laguntza hau EBren Aldi Baterako Esparruaren arabera taxutzen da (EBAO, C91 I, 2020-03-20), egungo COVID-19 agerraldiaren (eta ondorengo aldaketen) testuinguruan ekonomia babesteko estatu-mailako laguntza-neurriei buruzkoa, bai eta aldi baterako esparru nazionalaren arabera ere, enpresei eta autonomoei zuzendutako zuzeneko dirulaguntzak, aurrerakin itzulgarriak, zerga-abantailak, maileguen bermeak eta interes-tasen hobariak ekonomia babesteko maileguetan, Europako Batzordeak apirilaren 2ko SA.56851 (2020/n) Erabakian (eta haren aldaketetan) onartutako egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko helburua dutenak.

Halaber, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartutako 2021eko Dirulaguntzen Urteko Planean sartuta dago. Agindu hori 2021eko uztailaren 15eko Aginduaren eta 2021eko irailaren 13ko Aginduaren bidez aldatu zen, eta aipatutako sailaren webgunean argitaratu zen.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2021. urteko azken hiruhilekoan eta 2022. urteko lehenengoan zuzeneko arteak erakusteko programak eta Europako eta/edo Latinoamerikako zinema erakusteko programak garatzeko dirulaguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea.

2.– Deialdi honetan jasotako modalitate bakoitzari dagozkion kapituluetan zehazten dira diruz lagun daitezkeen jarduerak.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek barne hartzen dituen laguntza-modalitateen arabera, 1.500.000 euroko zenbateko osoa honela banatuko da:

a) Zuzeneko arteak erakusteko programetarako laguntzak: 1.300.000 euro.

b) Europako eta/edo Latinoamerikako zinema erakusteko laguntzak: 200.000 euro.

2.– Modalitate bakoitzerako adierazitako zuzkidurak gorabehera, eskabiderik ez dagoelako, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako eskabideek kalitate falta dutelako modalitateetako batean ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak gehikuntza-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, horrek dagokion ebazpena eman dezan, betiere jasotzaile-modalitatea oraindik ebatzi gabe badago. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Artikulu honetan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, hurrengo kapituluetan laguntza-modalitate bakoitzerako zehazten direnak ere betetzen dituztenek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek.

2.– Pertsona edo erakunde onuradunek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafe egokietan alta emanda egon beharko dute eta, pertsona juridikoen kasuan, diruz lagundutako jardueren garapenarekin bat datorren xede edo helburu soziala izan beharko dute.

3.– Ezin izango dute deialdiko dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako egoeraren batean daudenek, besteak beste:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean ez izatea.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik izatea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik izatea.

4.– Baldintza horiek laguntza-eskaera aurkezten denetik dirulaguntza likidatzen den arte bete beharko dira.

5.– Administrazioak ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan egin ahal izango du egiaztapen hori egitearen aurka; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztuko du.

6.– Gainerako baldintzak eskabidearen formulario elektronikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kontura emango diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, laguntzak emateko, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, modalitate bakoitzean ezartzen diren balorazio-irizpideak kontuan hartuta haien arteko lehentasun-ordena ezartzeko, eta laguntzak esleituko dira, deialdiari esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Bide presentziala: eskabideak Zuzenean Zerbitzuan aurretiko hitzorduarekin bakarrik egin daitezke, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean sartuz, edo aurretiko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez: 945 01 90 00, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasoak, eta 16/2015 Legearen 16. artikuluan eta urriaren 39. artikuluan aurreikusiriko erakundeak, eta haren erakunde autonomoak).

– Bide elektronikoa: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, artikulu honen 4. apartatuan adierazitako helbideen bidez, bai eta administrazio publikoen gainerako erregistro elektronikoetan ere, 39/2015 Legearen 16.4.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, presentziala edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein unetan alda daiteke aukeratutako bidea.

3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, lehen aipatutako helbide elektronikoaren bidez.

4.– Eskabide elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira.

Eskabide-inprimakia eta izapideak egiteko moduari, erantzukizunpeko adierazpenei eta gainerako ereduei buruzko zehaztapenak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko hauetan:

– Zuzeneko arteak erakusteko programak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207301

– Europako eta/edo Latinoamerikako zinema erakustea: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207302

Eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://euskadi.eus/nirekarpeta.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Izapidetze elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistroan aldez aurretik inskribatutako ordezkariaren bidez egin ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera doazen egiaztagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

8.– Pertsona edo erakunde eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa

a) Pertsona fisikoen kasuan:

– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren nortasuna egiaztatzea.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeak:

– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez da beharrezkoa izango inskripzio hori egiaztatzea.

Administrazio honetakoak ez diren erregistroetan inskribatutako erakundeek erakundearen izaera juridikoaren araberako legezko eraketa egiaztatu beharko dute, baita ordezkariaren nortasuna ere, eta ordezkaritza-ahalorde nahikoa justifikatu beharko dute, honako hauen bidez:

– Eratze-eskritura eta estatutuak, bai eta dagozkien erregistro publikoetan inskribatuta daudela egiaztatzen duen agiria ere.

– Identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatzen duen txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna egiaztatzea, bai eta ordezkari horrek duen ahalmena ere.

c) Pertsona fisiko zein juridikoentzat:

– Dagokion EJZn alta ematea, 3.2 artikuluan jasotzen den bezala.

– Lokalaren titulartasuna eta/edo programazioaren kudeaketa.

d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, pertsona edo erakunde interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste edozein administraziok egindakoak ez ekartzeko; horrela, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahal izango ditu, salbu eta pertsona edo erakunde interesdunak horren aurka egiten badu.

2.– Aurkeztu beharreko proiektuari buruzko dokumentazioa:

Dirulaguntza hauen pertsona edo erakunde onuradunek modalitate bakoitzari dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoa aplikatuz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da honako betebehar hauek betetzen direla:

– Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu dituen eta, hala badagokio, lortu dituen.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoen ala ez.

– Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, eta ez duela horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan ezarritako gainerako egoeretan.

– Eskabidean agertzen diren datuak egiazkoak direla, eta eskabidean agertzen diren zehaztasun falten ondoriozko erantzukizunak bere gain hartzen dituela.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatzen diren dokumentuak falta direla edo haietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo balorazioa egiteko alegatutako dokumentazioan akatsak daudela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko, eta ohartaraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, edo eskaera egin aurreko izapidean atzera egin duela.

2.– Pertsona juridikoek aurrez aurre aurkezten badute eskabidea, aurkezpen elektronikoaren bidez zuzen dezala eskatuko diote administrazio publikoek interesdunari. Horretarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

9. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da laguntza horien organo arduraduna.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak modalitate bakoitzean jasotako eskabideak aztertuko ditu, ezarritako hautaketa-irizpideetan oinarrituta, eta bidezko ebazpen-proposamenak egingo dizkio Kulturako sailburuordeari. Ebazpen-proposamen horietan dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea adieraziko dira, bai eta ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak ere.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egindako laguntza-proposamenak ikusita, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzei buruzko ebazpenak emango ditu Kulturako sailburuordeak.

2.– Esleipen-ebazpenek zehaztuko dute eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo, hala badagokio, ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek adieraziko dira: pertsona edo erakunde onuradunaren identitatea, diruz lagundutako jarduera eta emandako zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, pertsona edo erakunde eskatzailearen nortasuna eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko da.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkie interesdunei. Jakinarazpen horretaz gain, ebazpen horien edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lehenengo egin den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

Ebazpenak bide elektronikoz jakinarazteko, «Nire karpeta» sakatu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi-agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Dirulaguntza emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

11. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin.

2.– Beste erakunde batzuek emandako laguntzek edo finantzaketak gainfinantzaketa eragiten badute, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

12. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Izaera publikoko erakundeek kreditua handitzea zuzeneko arteen programaziorako dagokion partidan, emandako zenbatekoan.

c) Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkeztutako baldintzetan gauzatzea.

d) Estatuko edo nazioarteko beste edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako laguntzak edo dirulaguntzak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

f) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoetan. Material hori euskaraz argitaratuko da, beste hizkuntza batzuk ere erabil daitezkeen arren.

g) Era berean, pertsona edo erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren % 40 dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren eta 12.a artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.

b) Gainerako % 60a ordainduko da, betiere 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatu ondoren eta jarduera osoa behar bezala justifikatu ondoren, aurkeztutako gastu-aurrekontuaren arabera.

2.– Laguntzaren pertsona edo erakunde onuraduna ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan, edo bertan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzaren hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen dagokion zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

3.– Ez da inolako ordainketarik egingo pertsona edo erakunde onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen baten bidez zordun bada.

14. artikulua.– Justifikazioa: modua eta tokia.

1.– Diruz lagundutako jarduera amaitu eta bi hilabeteko epean, eta betiere 2022ko maiatzaren 31 baino lehen, modalitate bakoitzari dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute dirulaguntza hauen pertsona edo erakunde onuradunek.

2.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete justifikazioak:

– Justifikazioak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, soilik hitzordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

– Justifikazioak bide elektronikoz ere aurkeztu ahal izango dira, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta webgunean.

3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, lehen aipatutako helbide elektronikoaren bidez.

4.– Justifikazioak modu presentzialean zein elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, agindu honen 5.4 artikuluan adierazitako helbideetan.

15. artikulua.– Aldatzeko ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira – betiere dirulaguntzaren helburua bete bada – edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek hartuko dira ez-betetzetzat:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko egintzan ezarritakoak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Dirulaguntzen arloko xedapenetan oro har ezartzen den eta nahitaez bete behar den beste edozein betebehar.

2.– Kasu horietakoren bat gertatu dela egiaztatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan aurreikusitakoaren arabera eta horiek bete ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotako diru-kopuruak itzuli beharko dira.

II. KAPITULUA
ZUZENEKO ARTEAK ERAKUSTEKO PROGRAMETARAKO LAGUNTZAK

17. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen arloak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak deialdi honetako pertsona edo erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dituzten zuzeneko arteak erakusteko programetara zuzenduta daude, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) antzerkia, dantza, zirkua, bertsolaritza eta musika erakusteko programak badira.

b) programatutako ikuskizunak eta kontzertuak euskal konpainia edo profesionalenak direnean.

2.– Diruz lagundu ahal izateko, aurkeztutako proiektuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aurkeztutako programazio-proiektuak gutxienez 5 ikuskizun eta/edo kontzertu izan beharko ditu.

b) Aurkeztutako ikuskizun eta kontzertu guztietatik, agindu honetan jasotako ezein espezialitatek (antzerkia, dantza, musika, zirkua eta bertsolaritza) ezingo du % 60tik gorako programazio-pisua izan, musika-areto pribatuek izan ezik, horiek % 100eko musika-programazioa garatu ahal izango baitute.

c) Testu batean oinarrituta aurkezten diren ikuskizun eta kontzertu guztietatik, gutxienez % 60 euskaraz izango dira.

d) Astelehenetik ostegunera bitartean egongo dira programatuta emanaldiak, 20.000 biztanletik beherako herrietan kokatutako guneetan izan ezik; horietan, asteko edozein egun programatu ahal izango dute.

e) Deialdi hau argitaratzen den egunetik 2022ko martxoaren 31ra bitartean egin ahal izango da programazioa.

f) Kanpoan geratuko dira ekitaldi tradizionalei lotutako emanaldiak edo beste herri batzuetan antzezteko diseinatuta ez dauden ekoizpenak.

18. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko betekizunak.

3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen honako baldintza hauek betetzen dituztenek ere eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisiko edo juridikoak, pribatuak edo publikoak izatea.

b) Zuzeneko arteen programazioa egin ohi den EAEko espazioen titularrak edo/eta kudeatzaileak izatea.

Pertsona edo erakunde onuradunak artelanen zuzeneko programazioa egin ohi duela ulertuko da, baldin eta 2019ko programazioan gutxienez 20 ikuskizun eta/edo kontzertu kontratatu badira. 20.000 biztanletik beherako herrietan, gutxienez 12 ikuskizun eta/edo kontzertu egin beharko dira. 2019ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean sortutako espazioak badira, gutxienez ikuskizun edo kontzertu bat eskatuko da jardunean egon den hilabete bakoitzeko, pertsona edo erakunde onuradun bat eskuratu ahal izateko.

19. artikulua.– Aurkeztu beharreko proiektuari buruzko dokumentazioa.

Euskadi.eus-en eskuragarri dagoen inprimakia, behar bezala beteta, aurkeztutako emanaldiei dagozkien datuekin eta eskainitako kostua egiaztatzen duen aurrekontuarekin (dirulaguntzaren proposamenean jasoa).

20. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, irizpide objektibo hauek aplikatuko dira:

a) Egindako emanaldien kopurua (gehienez 25 puntu). 80 pertzentilari dagokion balioa baino balio handiagoak dituzten proiektu guztiek 25 puntuko puntuazioa lortuko dute. Gainerako kasuetan, formula hau aplikatuz proportzionalki dagokien puntuazioa emango zaie:

Egindako emanaldien kopurua x eman daitekeen gehieneko puntuazioa / 80. pertzentilaren balioa.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako pertsona edo erakunde onuradunek lortutako gutxieneko puntuazioa izango dute.

b) Inbertsio-ahalegina (gehienez 25 puntu). Jardueretan egindako inbertsioaren eta dagoen herriko biztanle kopuruaren arteko ratioa handiena duen pertsona edo erakunde onuradunak 25 puntuko gehieneko puntuazioa lortuko du. Gainerako onuradunei dagozkien puntuak lehenengoak adierazitako proportzioaren arabera esleituko dira. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako pertsona edo erakunde onuradunek lortutako gutxieneko puntuazioa izango dute.

c) Programazio-oreka (gehienez 20 puntu). Agindu honetan jasotako espezialitate guztien (antzerkia, dantza, musika, zirkua eta bertsolaritza) presentzia puntuatuko da programazio-proiektuan. Espezialitate horietako bakoitzari 4 puntu emango zaizkio, musika-areto pribatuetan izan ezik, horietan 20 puntuko puntuazio finkoa lortuko baita. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako pertsona edo erakunde onuradunek lortutako gutxieneko puntuazioa izango dute.

d) Sustapen-arriskua (gehienez 30 puntu). Erakunde programatzaile pribatua izatea puntuatuko da.

21. artikulua.– Dirulaguntzak kuantifikatzeko irizpideak eta mugak.

1.– Emanaldi bakoitzari dagozkion dirulaguntzak aurkeztutako ikuskizunen katxearen arabera (BEZa barne) kalkulatuko dira. Katxea kontratatutako alderdiak bere jardueragatik jasotzen duen kontraprestazio ekonomikoa da.

2.– Katxearen % 70 lagunduko da diruz pertsona edo erakunde pribatuen kasuan, eta katxearen % 50 erakunde publikoen kasuan.

3.– Laguntzari dagokion ehunekoa % 10 handituko da honako genero-irizpide hauek betetzen dituzten jarduketetarako:

– Musika: lidergo femeninoa duen taldea, edo interprete gehienak emakumeak dituena.

– Antzerki- edo zirku-ikuskizunak, non egilea, zuzendaritza edo interpretazioa (interprete nagusia edo agertokiko interprete gehienak) femeninoa den.

– Emakume batek koreografiatutako dantza-ikuskizunak edo interpretazioa (interprete nagusia edo agertokiko interprete gehienak) femeninoa izatea.

– Bertsolaritzako ikuskizunak, parte-hartzaileen % 50, gutxienez, emakumeak badira.

4.– Aurreko artikuluko hautaketa-irizpideak aplikatu ondoren, laguntzak honela esleituko dira:

a) Lehenengo fasean, aurkeztutako programan jasotako 5 emanaldiei dagozkien laguntzak esleituko dira. Pertsona edo erakunde eskatzaileak aurkeztu dituen ordenaren arabera hautatuko dira emanaldiak. Aurreko puntuetan ezarritako zenbatekoei aurre egiteko nahikoa dirurik ez badago, aurreko artikuluan ezarritako irizpideen arabera eskabide bakoitzari legokiokeen puntuazioaren arabera hainbanatuko dira laguntzak.

b) Lehenengo fase honetan dirulaguntza horietarako bideratutako zenbateko osoa agortzen ez bada, diruz lagun daitezkeen 5 emanaldien muga gainditu ahal izango da, puntuazio handiena lortu duen eskabidetik hasita eta muga unitate batean handituta, eta horrela hurrenez hurren, aurkeztutako emanaldi guztiak diruz lagundu arte edo aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

5.– Edonola ere, honako muga hauek ez dira gaindituko:

a) Ikuskizunagatiko dirulaguntza ez da inolaz ere 3.500 eurotik gorakoa izango, edo 4.000 eurotik gorakoa generoari dagokion % 10a aplikatzen bada.

b) Erakunde onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa ez da 30.000 eurotik gorakoa izango.

c) Ikuskizun edo kontzertu batek hainbat emanaldi egiten baditu, horietako bat bakarrik lagunduko da diruz.

22. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 14. artikuluan ezarritako epean:

a) Memoria zehatza, dirulaguntzaren eskabidearekin batera aurkeztutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzkoa.

b) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien kontratuak.

c) Emanaldi-egunean esku hartzen duten langileen alta gizarte-segurantzan.

d) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien fakturak.

e) Egindako kreditu-handitzearen egiaztagiria.

f) Katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntza-bertsioen aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzen dutenak.

III. KAPITULUA
EUROPAKO ETA/EDO LATINOAMERIKAKO ZINEMA ERAKUSTEKO LAGUNTZAK

23. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen arloak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak deialdi honen pertsona edo erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dituzten Europako edota Latinoamerikako zinema erakusteko programetarako dira.

2.– Diruz lagundu ahal izateko, aurkeztutako proiektuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aurkeztutako programazio-proiektuak aretoko estreinaldiak diren edo estreinaldiaren ondorengo 4 asteetan programatuta dauden 10 film jaso beharko ditu gutxienez.

b) Deialdi hau argitaratzen den egunetik 2022ko martxoaren 31ra bitartean egin beharko da programazioa.

c) Europar Batasuneko edo Latinoamerikako estaturen bateko nazionalitatea duten filmak baino ez dira kontuan hartuko.

24. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Laguntza hauek eskatu ahal izateko, 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, honako hauek ere bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako zinema-aretoen edo zinema-guneen titular edo kudeatzaile diren pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluko l) eta m) tartekiek, hurrenez hurren, ezartzen duten definizioaren arabera.

b) Erakusketa-guneak jendearentzat irekita egon beharko dira deialdia argitaratu baino sei hilabete lehenagotik gutxienez, txarteldegi-sistema batekin eta diru-sarreren aitorpenarekin. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileek Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Enpresa Zinematografikoen Administrazio Erregistroan inskribatuta egon beharko dute.

2.– Nolanahi ere, kanpoan geratuko dira X aretoen erakusketa-programak.

25. artikulua.– Aurkeztu beharreko proiektuari buruzko dokumentazioa.

a) euskadi.eus webgunean dagoen formularioa, behar bezala beteta.

b) Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) zinema-aretoen Erregistroan inskribatuta egotearen egiaztagiria.

c) ICAAri bidalitako emanaldi-txostenaren kopia, dirulaguntza aurkeztu aurreko 6 hilabeteetako programazioari buruzkoa.

26. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, irizpide objektibo hauek aplikatuko dira:

a) Proiektuan sartutako Europako eta Latinoamerikako zinema-filmen kopurua (gehienez 25 puntu). 80 pertzentilari dagokion balioa baino balio handiagoak dituzten proiektu guztiek 25 puntuko puntuazioa lortuko dute. Gainerako kasuetan, formula hau aplikatuz proportzionalki dagokien puntuazioa emango zaie:

Egindako emanaldien kopurua X eman daitekeen gehieneko puntuazioa / 80. pertzentilaren balioa.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako pertsona edo erakunde onuradunek lortutako gutxieneko puntuazioa izango dute.

b) 2021ean egindako inbertsio-ahalegina (gehienez 25 puntu). 2021ean Europako eta Latinoamerikako zinemako filmetan egindako inbertsioaren eta kokatuta dagoen herriko biztanle kopuruaren arteko ratioa handiena duen pertsona edo erakunde onuradunak 25 puntuko gehieneko puntuazioa lortuko du. Gainerako onuradunei dagozkien puntuak lehenengoak adierazitako proportzioaren arabera esleituko dira. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako pertsona edo erakunde onuradunek lortutako gutxieneko puntuazioa izango dute.

c) Programazio-oreka (gehienez 20 puntu). Proiektuan ikus-entzunezko genero desberdinetarako programazioaren presentzia puntuatuko da (fikzioa, animazioa, dokumentala, film laburrak), eta horietako bakoitzak 4 puntu jasoko ditu. Film laburren kasuan, gutxienez 60 minutuko iraupena duten saioak baino ez dira kontuan hartuko. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako pertsona edo erakunde onuradunek lortutako gutxieneko puntuazioa izango dute.

d) Plana osatzen duten produktuetan emakume zuzendarien kopurua (15 puntu); proportzionalki emakume zuzendari gehien aurkezten duen pertsona edo erakunde onuradunari 15 puntu esleituko zaizkio. Gainerako onuradunei dagozkien puntuak lehenengoak adierazitako proportzioaren arabera esleituko dira.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako pertsona edo erakunde onuradunek lortutako gutxieneko puntuazioa izango dute.

e) Euskarazko filmen edo euskarazko azpitituludunen kopurua (15 puntu); proportzionalki euskarazko film-kopururik edo euskarazko azpitituludun film-kopururik handiena duen pertsona edo erakunde onuradunari 15 puntu esleituko zaizkio. Gainerako onuradunei dagozkien puntuak lehenengoak adierazitako proportzioaren arabera esleituko dira.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako pertsona edo erakunde onuradunek lortutako gutxieneko puntuazioa izango dute.

27. artikulua.– Dirulaguntzak kuantifikatzeko irizpideak eta mugak.

1.– Aurreko artikuluko hautaketa-irizpideak aplikatu ondoren, laguntzak honela esleituko dira:

a) Lehenengo fasean, aurkeztutako programan jasotako 5 proiekziori dagozkien laguntzak esleituko dira. Proiekzioak pertsona edo erakunde eskatzaileak aurkeztu dituen ordenaren arabera hautatuko dira. Aurreko puntuetan ezarritako zenbatekoei aurre egiteko nahikoa dirurik ez badago, aurreko artikuluan ezarritako irizpideen arabera eskabide bakoitzari legokiokeen puntuazioaren arabera hainbanatuko dira laguntzak.

b) Lehenengo fase honetan dirulaguntza horietarako bideratutako zenbateko osoa agortzen ez bada, diruz lagun daitezkeen 5 proiekzioen muga gainditu ahal izango da, puntuazio handiena lortu duen eskaeratik hasita eta muga unitate batean handituta, eta horrela hurrenez hurren, aurkeztutako proiekzio guztiak diruz lagundu arte edo aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

2.– Edonola ere, honako muga hauek ez dira gaindituko:

a) Dirulaguntza ez da inolaz ere 2.500 eurotik gorakoa izango film bakoitzeko.

b) Erakunde onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da.

28. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 14. artikuluan ezarritako epean:

a) Memoria zehatza, dirulaguntzaren eskabidearekin batera aurkeztutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzkoa.

b) Diruz lagundutako programaren barruan egindako estreinaldi guztien kontratuak.

c) Banaketa-kostuen fakturak.

d) Katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntza-bertsioen aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzen dutenak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: zuzeneko arteak erakusteko programak eta Europako eta/edo Latinoamerikako zinema erakusteko programak garatzeko dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko beharrezkoa den tratamendua (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

Hartzaileak: arloan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: eskubidea duzu zure datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, bai eta tratamendua mugatzeko edo tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune hauetara:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207301

www.euskadi.eus/servicios/1207302

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, 2. artikuluan adierazitako zenbatekoak handitu ahal izango dira, eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta programa horiei buruzko ebazpena eman aurretik. Horretarako, 2.3 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. Ebazpen hori EHAAn argitaratu beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 19a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala