210. zk., 2021eko urriaren 21a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (255 KB - 2 orri.)
- EPUB (220 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
5380
AGINDUA, 2021eko urriaren 6koa, Hezkuntzako sailburuarena, Durangoko (Bizkaia) «Nevers Ikastetxea» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren baimena aldatzeko dena.
Durangoko (Bizkaia) «Nevers Ikastetxea» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren entitate titularrak hasarazitako espedientea aztertu da, zeinaren bidez Haur Hezkuntzako lehen zikloan erabiltzen diren instalazioak eraberritzeko baimena eskatzen duen.
Espediente horren izapideak araudiak ezarritako prozedura jarraituz egin dira; gainera, indarrean dauden arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio eta arlo horretan eskumena duten erakundeek egin diote txostena.
Arau hauek ikusi dira: apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua, araubide orokorreko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak eskaintzeko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzkoa (apirilaren 9ko BOE); otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretua, apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua aldatzen duena (martxoaren 12ko BOE); otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete behar dituzten derrigorrezko baldintzak ezartzen dituena (martxoaren 12ko BOE), azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezartzen dituena, eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Ondoren zehazten den ikastetxeari Haur Hezkuntzako lehen ziklorako diren instalazioen eraberritzea baimentzen zaio:
Kode zenbakia: 48004131 eta 014726.
Izen generikoa: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatua.
Izen espezifikoa: «Nevers Ikastetxea».
Titularra: «Nevers Sociedad Cooperativa».
Helbidea: Bruno Mauricio Zabala kalea, 6.
Udalerria: Durango.
Lurralde historikoa: Bizkaia.
Ikastetxearen osaera:
– Haur Hezkuntzako 1. zikloa: 6 unitate, honelako edukierakoak:
• 2 unitate 0-1 urte bitarteko haurrentzat, bakoitza 8 ikaspostuko edukierakoa.
• 2 unitate 1-2 urte bitarteko haurrentzat, bakoitza 13 ikaspostuko edukierakoa.
• 2 unitate 2-3 urte bitarteko haurrentzat; bakoitza 18 ikaspostuko edukierakoa.
– Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 5 unitate, 108 ikaspostu.
– Lehen Hezkuntza: 12 unitate, 293 ikaspostu.
– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 8 unitate, 240 ikaspostu.
– Hezkuntza Berezia: 2 unitate.
2. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularraren erantzukizuna izango da baldintza horiek betetzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen edo dirulaguntzen deialdien bitartez laguntzarik lortuko denik.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen kontra, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 6a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.