210. zk., 2021eko urriaren 21a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (223 KB - 2 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5378
AGINDUA, 2021eko urriaren 18koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitako Arbitraje Batzordeko idazkariaren kargu-uztea eta izendapena xedatzen dituena.
Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onartutako Kontzertu Ekonomikoaren III. kapituluko 3. atalak Arbitraje Batzorde bat arautzen du. Batzorde horren eginkizunak, Kontzertuaren 66. artikuluko lehenengo atalak ezartzen duen bezala, honako hauek dira:
a) Estatuko Administrazioaren eta foru-aldundien artean, edo foru-aldundien eta beste autonomia-erkidego bateko administrazioaren artean sortzen diren gatazkak ebaztea, zerga itunduen lotura-puntuen aplikazioari dagokionez, eta administrazio bakoitzari zenbateko proportzioa dagokion zehaztea, sozietateen gaineko zerga edo balio erantsiaren gaineko zerga elkarrekin ordaintzen den kasuetan.
b) Banakako zerga-harremanei buruzko kasu zehatzetan ekonomia-itun hau interpretatzearen eta aplikatzearen ondorioz administrazio interesdunen artean sortzen diren gatazken berri izatea.
c) Zergadunen helbideratzeari dagokionez sor daitezkeen desadostasunak ebaztea.
Bestalde, Arbitraje Batzorde horren Erregelamenduak, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren 2007ko uztailaren 30eko akordioaren bidez onartu eta maiatzaren 9ko 335/2014 Errege Dekretuaren bidez aldatutakoak, honako hau ezartzen du 7. artikuluan:
«1.– Arbitraje Batzordeak idazkari bat izango du. Idazkari hori ezin izango da Batzordeko kide izan, eta Estatuko Administrazioaren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo foru-aldundien zerbitzura dagoen pertsona izan beharko du.»
Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan, 2021eko uztailaren 29an, Laugarren Akordioa onartu zen, Arbitraje Batzordearen baliabideak egokitzeko eta esleitutako eginkizunak betetzeko gaitasuna hobetzeko. Akordio horretan, besteak beste, aholkularitza teknikoaz arduratuko diren bi pertsona izendatzea erabaki zen, horietako bat Estatuko Administrazioak izendatzekoa eta bestea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak izendatzekoa. Pertsona horiek txandaka izendatuko dira, hiru urteko aldietarako, Arbitraje Batzordeko Idazkaritzaren eginkizunak betetzeko, Arbitraje Batzordearen Erregelamenduaren 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Ondorioz, aipatutako arauak betez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Olatz García Etxebarria andrea Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalean aurreikusitako Arbitraje Batzordeko idazkariaren kargutik kentzea.
Bigarrena.– José Antonio Cayero Bilbao jauna izendatzea Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. sekzioan aurreikusitako Arbitraje Batzordeko idazkari.
Hirugarrena.– Agindu hau Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroari eta Arbitraje Batzordeko Lehendakaritzari jakinaraztea.
Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek 2021eko urriaren 22tik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 18a.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.