209. zk., 2021eko urriaren 20a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (393 KB - 9 orri.)
- EPUB (294 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5345
AGINDUA, 2021eko urriaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita 2021eko ekainaren 29ko Agindua, zeinaren bidez onartzen baitira sektore pribatuaren kaudimenari eta zorpetzearen murrizketari laguntzeko autonomoei (enpresaburuak eta profesionalak) eta enpresei zuzeneko laguntzak emateko oinarriak, eta dagokion deialdia egin, eta eskabideak aurkezteko epea berriro irekitzen baita.
COVID-19aren pandemiari erantzuteko enpresa-kaudimenari laguntzeko ezohiko neurriei buruzko martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren bidez sortu zen, 7.000 milioi euroko zuzkidura globalarekin, Espainiako Gobernuak finantzatuta, COVID lerroa, autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzak emateko, sektore pribatuaren kaudimenari laguntzea helburu duten zuzeneko laguntza finalistak emanez enpresei eta autonomoei. Geroago, arau hori berrikusi egin zuen apirilaren 20ko 6/2021 Errege Lege Dekretuak, COVID-19aren pandemiaren eraginpean dauden enpresa eta autonomoei laguntzeko neurri osagarriak hartzen dituenak, hain zuzen ere autonomia-erkidegoei ahalmena emateko, betiere bakoitzarentzat ezarritako esleipen osoaren barruan, aipatutako errege-lege-dekretuaren I. eranskinean jasotako COVID lerroaren kargura laguntzak jasotzeko aukera duten eta bereziki kaltetuak izan diren beste sektore batzuk zerrendara gehitzeko.
Erregulazio hori martxoaren 25eko HAC/283/2021 Aginduak osatu zuen. Agindu horren bidez, martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. tituluan aurreikusitako COVID lerroko baliabideak (autonomo eta enpresentzako zuzeneko laguntzak) autonomia-erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien artean behin betiko banatzeko behar diren alderdiak zehazten dira (martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretua, COVID-19aren pandemiaren aurrean enpresa-kaudimenari laguntzeko ezohiko neurriei buruzkoa). Xedapen horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari 217.997.300 euro esleitu zaizkio.
Martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 2.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio bere lurraldean kokatutako hartzaileei zuzeneko laguntzak emateko deialdia egitea, bai eta eskabideak izapidetu, kudeatu eta ebaztea, laguntzak ordaintzea eta ordaindu aurreko eta ondorengo kontrolak egitea, eta baliabide horiek behar bezala erabiltzen direla bermatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egitea ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura garatzeko erregelamenduaren arabera.
Ondorio horietarako, ekainaren 22ko 155/2021 Dekretuaren bidez, martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. tituluan aurreikusitako autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzen kudeaketa, izapidetze eta kontrol ekonomikoarekin lotutako ezohiko neurri batzuk onartu ziren, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari eskumen hau emateko: aurrekontu-oinarri arautzaileak onartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan zuzeneko laguntza horien kudeaketa eta kontrol ekonomikoa errazteko eta sinplifikatzeko berariazko administrazio-neurriak eta deialdia onartzea, betiere kudeaketa hori aplikatu behar diren legezko xedapenekin bat datorrela bermatuta.
Gaikuntza horren esparruan, aurreko paragrafoetan aipatutako araudian eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan aurreikusitakoa oinarri hartuta, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2021eko ekainaren 29ko Agindua eman zuen, zeinaren bidez onartzen baitira sektore pribatuaren kaudimenari eta zorpetzearen murrizketari laguntzeko autonomoei (enpresaburuak eta profesionalak) eta enpresei zuzeneko laguntzak emateko oinarriak, eta deialdia egiten baita.
Agindu horretan eskabideak aurkezteko ezarritako epearen zatirik handiena igaro ondoren, egiaztatu zen eskabideak igorpen geldoagoa eska zezakeen kadentzia batekin aurkezten ari zirela. Hori dela eta, baldintzak betetzen dituzten autonomoei eta enpresei epe luzeagoa emateko eta, horrela, dirulaguntzen lerro honek ahalik eta eragin handiena izan dezan saiatzeko, egokitzat jo zen hasieran aurreikusitako eskabideak aurkezteko epea luzatzea, 2021eko irailaren 30eko 12: 00ak arte, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2021eko uztailaren 21eko Aginduaren bidez (2021eko uztailaren 29ko EHAA, 151. zk.).
Berriki, gas naturalaren prezio-igoerak txikizkako gas- eta elektrizitate-merkatuetan duen eragina arintzeko premiazko neurriei buruzko irailaren 14ko 17/2021 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenak funtsezko aldaketa bat eragin du martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuak sortutako autonomo eta enpresentzako zuzeneko laguntzen COVID linearen xedean eta aplikazio-eremuan, laguntzek estalitako denbora-eremua zabalduz eta laguntzen helburu batzuk argituz. Lehenik eta behin, laguntzak emateko epea lau hilabetez luzatzen da, maiatzaren 31tik irailaren 30era. Bigarrenik, egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu-mailako laguntza-neurriei buruzko Europar Batasunaren Aldi Baterako Esparruan aurreikusitakoaren ildotik, xedapen horrek argitzen du ezen, laguntzen xedeen barruan, sortutako kostu finkoen kontzeptuak barne hartzen dituela laguntza horiek edo beste batzuek estali ez dituzten kontabilitate-galerak. Finantza-egitura alde batera utzita, galerek enpresen ondare garbiaren murrizketa islatzen dute, eta, beraz, konpentsaziorako laguntzen aplikazioa, sortutako obligazioak eta zorrak estali ondoren, koherentea da enpresa-kaudimena indartzeko helburuarekin, susperraldi ekonomikoa, inbertsioa eta enplegu-sorrera errazteko.
Aipatutako berritasunak sartzeko, eta hirugarrenentzako ondorio kaltegarririk atzematen ez denez, egokiagotzat jotzen da deialdi-aginduaren oinarriak aldatzea, eskabideak aurkezteko epea berriro irekiz.
Azaldutakoaren arabera, eta ekainaren 22ko 155/2021 Dekretuaren 1. artikuluak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari emandako eskumena baliatuz (155/2021 Dekretua, martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren, enpresa-kaudimenari laguntzeko ezohiko neurriei buruzkoaren, I. tituluan aurreikusitako autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzen kudeaketa, izapidetze eta kontrol ekonomikoarekin lotutako ezohiko neurriak onartzen dituena, COVID-19aren pandemiari erantzunez), honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2021eko ekainaren 29ko Agindua, zeinaren bidez onartzen baitira autonomoei (enpresaburuak eta profesionalak) eta enpresei sektore pribatuaren kaudimenari laguntzeko eta zorpetzea murrizteko zuzeneko laguntzak emateko oinarriak, eta dagokion deialdia egiten baita.
Bat.– Aldatu egin dira 7. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuak. Aurrerantzean, honela egongo dira idatzita:
«7. artikulua.– Laguntzen xedea.
1.– Ematen diren laguntzak helburu jakin baterako izango dira, eta 2021eko martxoaren 13a baino lehenagoko kontratu-konpromisoen ondoriozko zor-betebeharrak ordaintzeko emango dira, honako epe hauetan sortutako betebeharrak badira:
a) 2020ko martxoaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarteko aldian, baldin eta azken data horretan ordaindu gabe badaude,
b) 2021eko ekainaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarteko aldian, baldin eta azken data horretan ordaindu gabe badaude, Laguntzak zor-betebehar horiei dagozkien ordainketak hornitzaileei eta beste hartzekodun batzuei (finantzarioak eta ez-finantzarioak) egiteko izango dira, bai eta estali gabeko kostu finkoak ordaintzeko ere.
Era berean, 2020ko martxoaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean enpresa-jarduerak eragindako kontabilitate-galerak konpentsatzeko erabili ahal izango dira.
2.– Estali gabeko kostu finkotzat hartuko dira enpresek diruz lagundu daitekeen aldian (2020ko martxoaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean) produkzio-maila edozein dela ere sortutako kostu finkoak, baldin eta aldi berean mozkinetarako ekarpenak (diru-sarrerak ken kostu aldakorrak) edo beste funts batzuek (aseguruak edo aldi baterako laguntzen neurriak) estaltzen ez badituzte. Besteak beste, honako hauek hartuko dira estali gabeko kostu finkotzat: energia-hornidurari eta potentzia-aldaketaren kostuari dagozkionak, soldata-kostuak eta nahitaezko gizarte-aseguruak, laguntza eskuratzeko jarduerari dagozkionak eta fakturetan edo zuzenbidean onartutako beste justifikazio-dokumentu batzuetan jasota daudenak, bai eta aurreko paragrafoan aipatutako kontabilitate-galerak ere.
3.– Ematen diren laguntzen erabileran, honako lehentasun hau bete beharko da: lehenik, hornitzaileei egindako ordainketak ordainduko dira, antzinatasunaren arabera, eta, bigarrenik, bidezkoa bada, banku-zorraren nominala murriztuko da, abal publikoa duen zorraren nominalaren murrizketa lehenetsiz. Azkenik, laguntzaren soberakina erabili ahal izango da egindako kostu finkoak konpentsatzeko, enpresa-jardueraren berezko kontabilitate-galerak barne, jada estali ez direnak.
Antzinatasun-ordena fakturen jaulkipen-dataren araberakoa izango da.
Finantza-erakunde baten bidez egindako ordainketak baino ez dira onartuko; beraz, justifikatzen diren ordainketak banku-kontuan islatu beharko dira, bai eta ordaindu izanaren frogagiria ere, eta onuradunari eskatu ahal izango zaizkio justifikazio-prozeduran.»
Bi.– Aldatu egiten da 9. artikuluaren 4. apartatua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:
«4.– Eskaerarekin batera, 2021eko martxoaren 13a baino lehenagoko kontratu-konpromisoetatik sortutako zor-betebeharren zerrenda aurkeztuko da, baldin eta 7. artikuluan adierazitako epeetan eta egunetan sortuak izan badira eta ordaintzeke badaude, betiere artikulu horretan adierazitako ordainketa-ordena kontuan hartuta.
Zerrenda horretan, laguntza hornitzaileen ordainketara bideratzen bada, honako hauek zehaztuko dira: hornitzailearen identitatea, ordaindu gabeko faktura bakoitzaren zenbakia, data eta zenbateko osoa, BEZik gabe, eta sortzapen-antzinatasunaren araberako ordainketa-ordenari jarraituz. Hornitzaileei ordaindu ondoren laguntza banku-zorra ordaintzeko erabiltzen bada, honako hauek adieraziko dira: erakunde hartzekodunaren nortasuna, maileguaren data, zorraren nominala eta printzipaletik murriztu beharreko zenbatekoa, erakunde publiko abal-emailearen identitatea adieraziz, halakorik balego. Estali gabeko kostu finkoen kasuan, horien kontzeptua, zenbatekoa eta, hala badagokio, fakturaren datuak adieraziko dira; enpresa-jardueraren berezko kontabilitate-galeren kasuan, sarreren eta gastuen egoera-orria egingo da.
Fakturen edo betebeharren datak 2021eko martxoaren 13a baino geroagokoak badira, eskaeran kontratuaren, eskaeraren, hornidura-akordioaren, eskaintzaren onarpenaren, aurrekontuaren edo gastuaren jatorri den antzeko dataren berri eman beharko da.
Era berean, aintzat har daitekeen talde bakoitzeko, talde bakoitzerako zorraren zenbateko osoa adieraziko da. Guztizko hori honela kalkulatuko da: fakturen zenbatekoak, banku-zorraren murrizketak edo estali gabeko eta banaka zerrendatutako kostu finkoak eta horien zenbatekoak eskaera-formularioko dagokion atalera aldatuta.
Aipatutako dokumentazioa soilik aurkeztuko da ematen den formatu, egitura eta egiteko moduaren arabera, eta eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1200901».
Hiru.– Aldatu egin da 9. artikuluaren 9. apartatua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:
«9.– Eskatzaile bakoitzeko eskabide bakarra onartuko da. Pertsona edo erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, elektronikoki aurkeztutako azkena bakarrik hartuko da kontuan.
Lehendik erregistratutako eskabide bat duenak beste eskabide bat aurkezteak berekin ekarriko du lehendik erregistratuta dagoen horretan atzera egitea, eta hari buruzko prozedura amaituko da; horretarako, atzera egiteko dagokion ebazpena emango da, legez ezarritako baldintzetan.
2021eko irailaren 30ean eskaera egina duenak, eta agindu hau argitaratzen den egunean hura ebatzi gabe badago eta eskabidea osatu nahi badu, bi aukera izango ditu eskaeran enpresa-jardueraren garapenak eragindako kontabilitate-galerak sartzeko eta 2021eko ekainaren 1etik irailaren 30era bitarteko aldiari dagozkion zorrak gehitzeko: datu horiekin egindako eskaera osatzeko eredua betetzea, edo eskabide berri bat egitea eta han biltzea lehendik aurkeztutakoan bildutako datuak eta datu berriak. Lehenengo kasuan, eskabideak eutsi egingo dio ebazteko hurrenkeran hasieran betetzen zuen lekuari. Beste eskabide oso bat egiteak berekin ekarriko du lehen aurkeztutakoan automatikoki atzera egitea, eta aurkeztu den egunari dagokion ebazpen-ordena izatea.
Egindako eskaera baten ondoriozko laguntza ematen duen ebazpena duenak, laguntza horren zenbatekoa 8. artikuluan jasotako laguntza-muga baino txikiagoa bada, beste eskaera bat egin ahal izango du eskaera horretan jardueran izandako galerak sartzeko, eta 2021eko ekainaren 1etik irailaren 30era bitarteko aldiari dagozkion zorrak gehitzeko. Kasu horretan, eman beharreko laguntzaren zenbatekoak, jada emandakoarekin batera, ezin izango du gainditu aipatutako 8. artikuluan aurreikusitako gehieneko muga.»
Lau.– Aldatu egin da 10. artikuluaren 1. apartatua. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:
«1.– 2. artikuluan ezarritako dirulaguntza lerroetako bakoitzean, eskabideen ebazpena ondoz ondo egingo da, lehiaketaren teknika erabili gabe. Eskaera zuzentzeko edo osatzeko eskatu behar bada, bata edo bestea gauzatzen diren eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat. Horretarako, eskaerak aurkezteko ordena hartuko da kontuan (data eta ordua), espedientea osorik dagoen unearen arabera, salbu eta 6. artikuluaren a) letran aurreikusitako kasua bada, edo aurretiazko eskaera bat osatzen bada 9. artikuluaren 9. apartatuan aipatutako moduan.»
Bost.– Aldatu egin da 16. artikuluko 1. apartatuko b) letra. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:
«b) Laguntzaren zenbatekoa 3.000 eurotik gorakoa eta 100.000 eurotik beherakoa bada, ordaindutako fakturen zerrenda, banku-zorraren murrizketa eta estali gabeko kostu finkoak, laguntzaren kargura ordaindutakoak, eta egindako ordainketen edo amortizazioen datak. Gainera, zorra abal publikoarekin murrizten bada, erakunde abal-emaileari buruzko datuak, abalatutako kontratuaren data, ordaintzeke dagoen printzipalari buruzkoak eta egindako nominalaren murrizketari buruzkoak; enpresa-jardueraren berezko kontabilitate-galeren kasuan, aurreko talde onargarrietan adierazitako zor-betebeharrak ordaindu ondoren emandako laguntzaren zenbateko osora iristeko behar den zenbatekoa. Kontabilitateko zor eta galeren zerrenda III. eranskinean azaltzen den ereduaren arabera aurkeztuko da ("3.000 eurotik gorako laguntzaren justifikazioa"). Eredu horrek barnean hartuko du diruz lagundutako jarduera finantzatzera bideratu ahal izan diren beste laguntza batzuen onuradunaren edo haren ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
Justifikazioan adierazten bada 7. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan aipatzen den enpresa-jardueraren berezko kontabilitate-galeren zenbatekoa 30.000 euro baino handiagoa dela, III. eranskinaz gain, auditoretza-txosten bat aurkeztu beharko da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona fisiko edo juridikoak egina, honako alderdi hauek egiaztatzen dituena:
1) Enpresa-jardueraren kontabilitate-galeren zenbatekoa, gastu eta sarreren egoeratik ondorioztatzen dena, 2020ko martxoaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean sortu da.
2) Gastuak 2021eko martxoaren 13a baino lehenagoko kontratu, eskaera, hornidura-akordio, eskaintzen onarpen, aurrekontu edo antzekoetatik datoz.
3) Gastuen eta sarreren egoera-orrian ez dira sartzen laguntzari dagoeneko egotzi zaizkion zorrak edo ordainketak eragin dituzten kostuak edo gastuak.
4) Gastuen eta sarreren egoera-orrian ez dira sartzen aktiboen narriaduragatiko galerak, ezta eskatzailearen ohiko jarduerari ez dagozkion hornidurengatiko gastuak ere.
5) Galeren zenbatekoa ez dute aseguruek estali, edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu dituzte.
Organo emaileak laginketa-tekniken bidez egiaztatuko ditu egokitzat jotzen dituen eta laguntza eman zen helbururako behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko aukera ematen duten frogagiriak; horretarako, hautatutako gastuen frogagiriak bidaltzeko eskatuko dio onuradunari».
Sei.– Aldatu egin da 16. artikuluaren 1. apartatuaren c) letra. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:
«c) Laguntzaren zenbatekoa 100.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada, III. eranskina –3.000 eurotik gorako laguntzaren justifikazioa– beteta aurkeztu beharko da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona fisiko edo juridiko batek egindako auditoretza-txostenarekin batera, honako alderdi hauek egiaztatuta:
1) Jasotako laguntza eman den zor-betebeharrak ordaintzeko erabili dela. Horretarako, hartzekoduna eta faktura edo zuzenbidean onartutako beste edozein justifikazio-agiri identifikatuko dira, baita zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data ere, edo, hala badagokio, maileguaren edo banku-zorraren kontratua, egindako amortizazioa adierazita.
2) Zor-betebeharrak 2020ko martxoaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean sortu zirela, 7.1 artikuluan adierazitako datetan ordaintzeke zeudela eta 2021eko martxoaren 13a baino lehenagoko kontratu, eskaera, hornidura-akordio, eskaintzen onarpen, aurrekontu edo antzekoetatik datozela.
3) Zor-betebehar horiek 7.3 artikuluan ezarritako sekuentziaren arabera ordaindu direla, eta 12.b) artikuluan adierazitako epean.
4) Diruz lagundutako jarduera eta gastuak finantzatu dituzten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasuna, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
5) Hala badagokio, egin beharreko itzulketaren zenbatekoa, aplikatu gabeko gerakinen kasuan kalkulatutakoa, baita horietatik eratorritako interesak ere.
6) justifikazioak barnean hartzen baditu 7. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aipatutako enpresa-jardueraren berezko kontabilitate-galerak, auditoretza-txostenak artikulu honetako 1.b) paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatuko ditu.
Erakunde onuradunak urteko kontuak auditatu behar dituenean, auditore berak berrikusiko du justifikazio-kontua.»
Zazpi.– III. eranskinaren ordez, agindu honen eranskin gisa agertzen dena ezartzen da.
Bigarrena.– Eskatzeko epea.
Eskabideak aurkezteko beste epe bat ireki da: 2021eko urriaren 21eko 09: 00etan hasiko da, eta 2021eko azaroaren 9ko 12:00etan amaituko. Hala ere, 2.1 eta 19. artikuluetan aurreikusitako zuzkidura ekonomikoak lehenago agortzen badira, amaitu egingo da eskabideak aurkezteko epea. Halakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da horren berri, Ekonomia eta Ogasun Saileko Zerbitzu zuzendariaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori argitaratzen denetik aurrera, ez da beste eskabiderik onartuko, eta ezetsi egingo dira baliabide ekonomikorik ez izateagatik ordaintzeko geratzen direnak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Baliabideak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 13a.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.