Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2021eko urriaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5344

EBAZPENA, 2021eko irailaren 28koa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita proiektu honen ingurumen-inpaktuari buruzko txostena: Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerriko (Bizkaia) «El Campillo» industrialdean hondakin arriskugabeak kudeatzeko jarduera-proiektua, Reciclados Sarasola SL enpresak sustatuta.

AURREKARIAK

2021eko apirilaren 29an, Reciclados Sarasola SL merkataritza-sozietateak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari egin zion Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerriko El Campillo industrialdean hondakin arriskugabeak kudeatzeko jarduera-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera.

Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuz, kontsulta-izapidea abiarazi zuen, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta eginez.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, bi txosten jaso dira bi organismoren aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; eta, hain zuzen ere, ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. taldeko b) epigrafean dago jasota. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean dagoen legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Reciclados Sarasola SLren hondakin arriskugabeak balorizatzeko Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerriko (Bizkaia) «El Campillo» industrialdeko instalazioaren proiektuari. Prozedura horretan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio adierazgarriak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerriko (Bizkaia) «El Campillo» industrialdean hondakin arriskugabeak kudeatzeko Reciclados Sarasola SL enpresak sustatutako jarduera-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, era honetan:

A) Jarduera honetan hondakin arriskugabeak bildu, sailkatu, hautatu, biltegiratu eta bidaltzen dira, zehazki metalezko hondakin ferrikoak eta ez-ferrikoak, ondoren bidaltzeko. Kablea zuritzeko prozesu bat ere egingo da. Instalazioaren tratamendu-ahalmena urteko 10.545 t-koa da, eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena udalerriko (Bizkaia) «El Campillo» industrialdeko lurzati industrial batean dago.

B) Aipaturiko hondakin arriskugabeak kudeatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-agiria aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Instalazioak kokatuko diren lurzatiak 6.308,94 m2 inguruko azalera du, eta horietatik 2.284 m2 proiektatutako instalazioei dagozkie. Oinplano angeluzuzeneko pabiloi bat du, oinplanoan 843,46 m2-ko azalera eraikia duena, eta aldamenean 1.999,66 m2-ko azalera duen eraikinik gabeko espazio bat, hormigoiztatua eta perimetroan itxia, hormigoizko panel aurrefabrikatuen bidez.

Hondakin arriskugabeak kudeatzeko eragiketak pabiloiaren barruan zein kanpoan egingo dira, hormigoizko zolataren gainean, eta perimetroan hormigoizko panel aurrefabrikatuen bidez itxiko da. Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen arabera, kodeak R12 – R13 dira.

Hondakin horien jatorria hau izango da: obrak eta eraikuntzak, tailerrak, ibilgailuak desegiteko tokiak eta hondakin arriskugabeen kudeatzaileak. Hondakin arriskugabeen kudeatzaile gisa baimendutako instalazioetara eramango dira hondakin horiek.

Hauek dira kudeatu beharreko hondakinak:

(Ikus .PDF)

Urtean kudeatu beharreko hondakin arriskugabeen bolumena 10.545 t/urte da (48 t/egun).

Karraka-hautsak eta metalezko txirbilak pabiloiaren barruan biltegiratuko dira, 41,36 m2-ko azalera batean, zolata estankoaren gainean. Zolata hori perimetroan mugatzen da sareta-hustubide baten bidez, kutxatila itsu eta estanko batera bideratua, ebaketa-likidoaren jarioak biltzeko. Kutxatilan bildutako hondakinak kudeatzaile baimenduak kudeatuko ditu; gainerakoak pabiloiaren barruan eta aire zabalean biltegiratuko dira.

2.– Proiektuaren kokapena.

Esan bezala, jarduera El Campillo I industrialdean egingo da, 2. lokalean. Lurzatiak 6.308,94 m2 inguruko azalera du, eta horietatik 2.284 m2 hondakinak kudeatzeko instalazioei dagozkie.

Proiektuaren eragin-eremuan, ez dago eremu babesturik edo natura- edo geologia-interesekoa denik, eta eremua ez dago sartuta EAEko Korridore Ekologikoen Sarean. Ez da aurkitu, ezta ere, mehatxatutako edo interes bereziko flora- eta fauna-espezierik.

Ez da identifikatu jardueraren eraginpean egon litekeen interes arkeologikoko edo arkitektonikoko elementurik.

Ez dago lurrazaleko ur-ibilgurik, eta ez du akuiferoak kutsatzeko kalteberatasunik, ezta uholde-arriskurik ere.

Bestalde, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dago lurzatia, 48002-00087 kodearekin, minerala erauzteko jardueragatik, eta, jarduera hori amaitu ondoren, industria-hondakinak isurtzeagatik eta lurzorua kutsa dezaketen zenbait jarduera jartzeagatik. Ingurumeneko sailburuordearen 2014ko apirilaren 22ko Ebazpenaren bidez, finka horri dagokion lurzoruaren kalitatea deklaratu zen. Deklarazio horretan, industria-erabilerarako bateragarria den lurzoru eraldatutzat jotzen da, eta, beraz, aurreikusitako erabilerarako bateragarritzat.

3.– Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektua bera eta bere ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuak izan ditzakeen inpaktuak honako hauekin lotuta daude: txatarra pilatuko den eremuan sortzen diren lixibiatuak, materialaren zamalanen ondoriozko emisio akustikoak eta txatarra kargatzean, deskargatzean, mugitzean, sailkatzean, ebakitzean eta pilatzean sor daitezkeen hauts-emisio lausoak.

Biltegiratutako hondakinek isurketak sortzea espero ez bada ere, jarduera hormigoizko zolataren gainean garatuko da, jariatze-urak bilduz, eta horiek hidrokarburoen bereizgailu batean tratatuko dira euri-uren saneamendu-sarera isuri aurretik; era berean, komunetako ur beltzak ur beltzen kolektorera isurtzen dira.

Halaber, hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak sortuko dira, makinen mantentze-lanetatik eta hidrokarburoen bereizgailuko lohietatik.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak ere, aintzat hartuta, ez da aurreikusten ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik proiektuak.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta hondakin arriskugabeak kudeatzeko jarduera-proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Horretaz gain, obretako jardunbide egokiak ere aplikatuko dira.

Hurrengo apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

Ura eta lurzorua babestera bideratutako neurriak.

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gainera, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira isurketa baimentzearen esparruan:

– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

– Instalazioko hormigoizko zolata baldintza optimoetan eduki beharko da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua duen eremurik gabe.

– Aire zabaleko pilatze-eremutik datozen euri-urak drainatze-azpiegituren bitartez bildu beharko dira. Azpiegitura horiek isurkiaren izaerara egokitutako arazgailuak eta beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoen araberako tamaina izango dute, solidoak ahalik eta hobekien atxiki ahal izateko, isuria lokalizatua izateko eta isurtzeko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoak betetzeko.

– Uren arazketa-sistemaren mantentze-lanak behar bestetan egingo dira, sistemak ondo funtzionatuko duela bermatzeko. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak edukiko dituzte. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.

– Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, hauetan xedatutakoa bete beharko da: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

Atmosfera babesteko neurrien kasuan, beste baimen batzuek ezarritakoa alde batera utzi gabe, ahal beste gutxitu beharko dira hondakinak kargatzean, deskargatzean, mugitzean eta sailkatzeko lanetan sortutako emisio lausoak. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:

– Hondakinen zamalanak egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira; besteak beste, materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxituz.

– Pilatzeen baldintzei dagokienez, pilaketak haizetik hobekien babestuta dauden tokietan kokatuko dira, haizeak hondakinak eraman ez ditzan. Era berean, pilaketen altuera kontrolatuko da, lurzatia inguratzen duen hesiaren altuerarekin alderatuta, eta batere urik gabeko denboraldi luzeetan ureztatzeko/lainoztatzeko/langarreztatzeko sistemak erabiliko dira txatarra pilatutako gainazala modu zabalagoan hezetzeko.

– Murru bat jarriko da biltegiratzeko eremuaren inguruan, haizetik babesteko.

– Lurzatiaren inguruko hesiaren altuera aintzat hartuta, pilaketen, solteko gaien eta hauts-itxurako materialen altuera kontrolatuko da.

– Bideak garbitu beharko dira, aldian behin.

– Ebaketa-eragiketarik egonez gero, ahal den neurrian partikulen emisio atmosferikoak minimizatuz egingo dira.

– Hauts-itxurako hondakinak nabearen barruan biltegiratu beharko dira edo, bestela, estali.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza onenetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

– Jarduerak, betiere, zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

– Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden hots-kalitatearen helburuak ez gainditzeko moduan.

Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubetetan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Jarduera bertan behera uztea.

– Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Era berean, jarduera bertan behera utzi ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Reciclados Sarasola SLk Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) El Campillo industrialdean hondakin arriskugabeak kudeatzeko sustatutako jarduera-proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txostena indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektu hori baimendu. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 28a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala