209. zk., 2021eko urriaren 20a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (210 KB - 2 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5335
EBAZPENA, 2021eko urriaren 5ekoa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez sailkatzen baita Debagoieneko Mankomunitateko lanpostu bat, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dagoena.
Debagoieneko Mankomunitateko Gobernu Juntak, 2021eko uztailaren 20an egindako bileran, honako erabaki hau hartu zuen: Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea Idazkaritza lanpostua, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordea, hirugarren mailan sailka zezala.
Horri dagokionez, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (TAOL, aurrerantzean) 3 artikuluak bigarren apartatuan ezartzen duenez, Udalerrien mankomunitateak toki-erakundeak dira; hortaz, TAOLaren 92. bis artikuluak –Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL) emandako idazkeran– aipatzen du toki-korporazio guztietan daudela beharrezko diren zenbait funtzio publiko, legez, Estaturako gaikuntza duten funtzionarioen administrazio-erantzukizunerako gordetzen direnak; horren ondorioz, Mankomunitatean, mota horretako funtzionarioek egin behar dituzte funtzio publiko horiek.
TAOLen 92 bis artikuluan aipatzen diren eta toki-korporazio guztietan egon behar diren beharrezko funtzio publikoak betetzen dituzten lanpostuen sailkapenari dagokionez, aintzat hartuta horien gaineko administrazio-erantzukizuna Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei dagokiela, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren bigarren apartatuak berariaz ezartzen duenez, Udalerrietako Mankomunitateetako Idazkaritzak artikulu horren lehen apartatuan aipatutako motaren batean sailkatuko dituzte autonomia-erkidegoek, haien ezaugarri propioen arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoan ez dagoenez indarrean lege-manu hori garatzen duen araudi autonomikorik, mankomunitateetan aplikatu daitekeenik, 128/2018 Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritako parametroak hartu behar dira kontuan.
Horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Mankomunitatearen eskaeraren gainean, eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak txosten hori jaso du, zeinaren bidez Foru Aldundiak aldeko txostena eman baitio Debagoieneko Mankomunitateko Idazkaritza Kontu-hartzailetzaren lanpostua sailkatzeko eskabideari.
Horrenbestez, kontuan hartuta Debagoieneko Mankomunitatearen aurrekontua eta haren jatorrizko xedeak, Mankomunitatearen Idazkaritza hirugarren motan sailkatu behar da (Idazkaritza Kontu-hartzailetza Azpieskalako funtzionarioentzat gordea), eta Mankomunitateak bere lanpostu-zerrendan sartu behar du.
Horregatik guztiagatik, Mankomunitateak aurkeztutako eskabidea ikusirik, TAOLen 92 bis artikuluarekin eta 128/2018 Errege Dekretuaren 7., 8. eta 24.3 artikuluekin bat etorriz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Debagoieneko Mankomunitatearen Idazkaritza lanpostua hirugarren motan sailkatzea; lanpostu hori Idazkaritza Kontu-hartzailetza azpieskalakoak diren eta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeko da.
Bigarrena.– Sailkatutako lanpostua betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.
Hirugarrena.– Debagoieneko Mankomunitateak lanpostua lanpostu-zerrendan sartu beharko du, hura bete baino lehen.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraikiz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Hala ere, errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justiziako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hileko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz. Lehenago, eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eskatu ahal izango diote ebazpen hau deuseztatu edo atzera bota dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 5a.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
MIREN JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.