Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2021eko urriaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
5286

EBAZPENA, 2021eko irailaren 23koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bitartez SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko irailaren 22ko erabakia argitaratzen baita, 2021eko «Basque Digital Innovation Hub - Konexio» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratzekoa.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko irailaren 22ko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, 2021eko «Basque Digital Innovation Hub - Konexio» laguntzen programaren oinarri arautzaileak aldatu eta argitaratu ziren, eta, dagokion publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Basque Digital Innovation Hub - Konexio» laguntzen programaren oinarri arautzaileak aldatzeari eta argitaratzeari buruzko erabakia, zeina idatzi honetan eranskin gisa atxiki baita.

Bilbao, 2021eko irailaren 23a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA, SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ZUZENDARI NAGUSIAREN 2021EKO IRAILAREN 23KO EBAZPENARENA
ERABAKIA, SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA, 2021EKO IRAILAREN 22KOA, 2021EKO «BASQUE DIGITAL INNOVATION HUB - KONEXIO» LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK ALDATZEN DITUENA ETA ALDAKETA HORI ARGITARATZEKO AGINTZEN DUENA

2021eko ekainaren 30eko ebazpenaren bitartez, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Administrazio Kontseiluak erabakia hartu zuen 2021eko «Basque Digital Innovation Hub - Konexio» Laguntza Programa arautzen duten oinarriak onartu, argitaratu eta deialdia egitearen inguruan, eta oinarri horiek argitaratzeko agindu zuen.

Argitaratu zenetik igarotako aldian, eskaera asko jaso ditugu. Hori horrela, egokitzat jotzen da programari esleitutako baliabide ekonomikoak areagotzea, betiere erabilgarri dagoen aurrekontuaren barruan. Azaldutako guztiagatik, hau

ERABAKITZEN DA:

Lehenengoa.– Onartzea «Basque Digital Innovation Hub - Konexio» 2021 Laguntza Programaren oinarri arautzaileen 4. artikuluko 1. apartatua, 6. artikulua eta 17. artikuluko 2. apartatua aldatzea; horrenbestez, honela idatzita geratuko dira:

«4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2021eko baliabide ekonomikoak 720.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude».

«6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epea.

Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira industria arloko enpresek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek gidatutako laguntza teknikoa emateko proiektuak, honako hauetarako aukera ematen badute:

– Teknologia digitalak eta jasangarriak xurgatzeko gaitasuna areagotzen duen ekintza-plan bat egitea, eta/edo,

– horien kontzeptu-proba bat egitea.

Proiektu horiek, zeinak 2021eko abenduaren 20a baino lehen amaitu behar baitira, teknologia hauek txertatzeko kontzeptu-proba bat diseinatzea izango dute xede:

– Robotika malgua.

– Fabrikazio gehigarria.

– Zibersegurtasuna.

– Makina adimendunak eta konektatuak.

– Material aurreratuak.

– Sare elektriko digitalak.

– Gailu medikoak eta osasun digitala.

Ez dira diruz lagunduko artikulu honetan deskribatzen diren eta erakunde onuradunaren beraren katalogoaren barruan dauden produktuak/zerbitzuak.

Inola ere ez da diruz lagunduko Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea; eta, ondorioz, Programa honen testuinguruan diruz lagundutako dirulaguntzek ezingo dute zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat martxan jarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste ohiko gastu batzuekin».

«17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 2 hilabetez atzeratu ahal izango da proiektuak gauzatzeko gehieneko epea».

Bigarrena.– Ebazpen hau argitaratzeko ahalmena ematea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari.

Hirugarrena.– Erabaki honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, erabaki hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, erabaki hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bilbao, 2021eko irailaren 23a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.


Azterketa dokumentala