207. zk., 2021eko urriaren 18a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (250 KB - 2 orri.)
- EPUB (220 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5281
AGINDUA, 2021eko urriaren 5ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Getxoko 105.6 MHz frekuentziari dagokion irrati-komunikazioko zerbitzuaren lizentzia emateko lehiaketa publikoaren deia egiten duena.
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak, 2019ko otsailaren 19an, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposatuta eta dagokion lehiaketa publikoko balorazio-mahaiaren proposamena ikusita, erabaki zuen, besteak beste, Ameba Kultur Elkarteari irrati-komunikazioko zerbitzua emateko lizentzia ematea, Getxoko 105.6 MHz frekuentzian. Hori guztia Kulturako sailburuaren 2012ko otsailaren 29ko Aginduaren bidez deitutako lehiaketa publikoaren ebazpenaren ondorioz, eta frekuentzia-modulazioko uhin metrikoetako irratidifusio soinudunaren plan tekniko nazionala onartu zuen irailaren 1eko 964/2006 Errege Dekretuaren esparruan.
Gauzak horrela, Ameba Kultur Elkarteak modu formalean aurkeztu zuen irrati-komunikazioko zerbitzuaren lizentzia horri uko egitea, elkarteak horri buruzko beharrezko erabakia hartu ondoren. Ondorioz, 2020ko abuztuaren 25ean, Gobernu Kontseiluak Ameba Kultur Elkartearen uko-egitea onartzea erabaki zuen, emandako lizentzia iraungitzat jotzeko titularraren uko formal bat dela-eta.
Ikus-entzunezko Komunikazioaren martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 27.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, lizentzia bakar bat askatzen denean, administrazio eskudunak dagokion lehiaketaren deialdia egin beharko du hura esleitzeko, gaikuntza-titulu gehiago askatu arte itxaron gabe. Horretarako, Gobernu Kontseiluak, 2021eko irailaren 28ko bileran, Getxoko 105.6 MHz frekuentziari dagokion irrati-komunikazioko zerbitzuaren lizentzia emateko lehiaketa publikoa arautzen duten oinarriak onartu ditu (2021eko urriaren 4ko EHAA, 198. zk.).
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko 231/2011 Dekretuaren 8.1 artikuluaren arabera, oinarriak onartu eta hilabeteko epean lizentziak emateko lehiaketarako deia egingo da Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu baten bidez, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14. artikuluari jarraikiz, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren babesean, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Getxoko 105.6 MHz frekuentziari dagokion irrati-komunikazioko zerbitzuaren lizentzia emateko lehiaketa publikoaren deia egitea.
Bigarrena.– 30 egun naturaleko epea irekitzea, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, proposamenak aurkezteko.
Hirugarrena.– Pertsona eta erakunde interesdunen eskura jartzea aipatutako oinarriak eta beraien eranskinak, bai eta lehiaketari buruzko informazio guztia, eta eskaera eta dagokion dokumentazioa aurkezteko sarbide elektronikoa ere, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren webgunean https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1056702 eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren Kabinete eta Gizarte Komunikabideen Zuzendaritzako egoitza Vitoria-Gasteizko Donostia kalea 1ean dagoela adieraztea. Lehiaketari buruzko kontsultak posta elektronikoz (lehiaketa-concurso@euskadi.eus) egin ahal izango dira.
Laugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 5a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.