Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2021eko urriaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5279

AGINDUA, 2021eko irailaren 28koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita «Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» 2021. urterako.

Zahartze Aktiborako 2015-2020 Estrategiak lege-erreferentziatzat hartzen du Gizarte Zerbitzuen Legea, zeinak Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Sistema taxutzen baitu arretarako sare artikulatu moduan, helburutzat hartuta, pertsona, familia eta talde guztien integrazio sozialaren eta autonomiaren alde egitea, sustapen-, prebentzio-, babes- eta laguntza-funtzioak garatuz. Hiru alor nagusitan banatzen da, eta horietako bat da «Lagunkoitasuna eta parte-hartzea ongizate-gizartea eraikitzeko garaian». Alor horren helburua da EAEn lagunkoitasunaren paradigma orokortzea, eta zahartzen ari direnek prozesu horretan parte hartzen dutela eta prozesuko protagonistak direla bermatzea. Zehazki, ekintza boluntarioak eta lankidetza komunitarioko parte-hartze mugimenduak sustatuko dira zahartzen ari diren pertsonen artean. Horrez gain, adinekoek familia-arloan eman dituzten laguntza eta babesaren transferentzia baloratuko da, eta lagunkoitasun-prozesuak bultzatuko dira EAEn.

Adineko pertsonen arloko lagunkoitasun-mugimendua Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) sustatu zuen 2005ean, Rio de Janeiroko XVIII. Gerontologia Batzarrean, Age-Friendly Cities izenpean. Horretarako, munduko biztanleriaren bi joeratan oinarritu zen: zahartze demografikoan eta urbanizazio-prozesuan. Horren atzean dagoen teoria da 2002an definitutako Zahartze Aktiboa, osasun-, parte-hartze eta segurtasun-aukerak optimizatzeko eta pertsonak zahartu ahala bizi-kalitatea hobetzeko prozesu gisa definitu zena.

Beraz, OMEren arabera ingurune lagunkoiak bizitza independentearen, zahartze aktiboaren eta autonomia pertsonalaren alde egiten du osasun-, parte-hartze eta segurtasun-aukeren optimizazioaren bidez, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Adinekoekiko lagunkoiak diren udalerritzat jotzen dira zahartze aktiboa sustatzen duten hiri-ingurune integratzaile eta irisgarriak. Udalerri lagunkoiek beren egitura eta zerbitzuak berrantolatzen dituzte pertsona guztiei kalitate, segurtasun eta erosotasun ezin hobeak eskaintzeko, haien gaitasunak edozein direlarik ere. Horrela, bizitza sozialeko alor guztietako parte-hartzea sustatzen dute.

Testuinguru horren barruan sortu zen «Euskadi Lagunkoia» proiektua. Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren ekimena da, herritarren eta sektore publikoaren, pribatuaren eta sozialaren parte-hartzea sustatzen duena Euskadin lagunkoitasunaren aldeko mugimendu bat garatzeko, eta, horrekin batera, zahartzen ari diren pertsonentzako bizitza-ingurune erraztaileak sustatzeko.

Kontuan hartuta EAEn erakunde, organismo eta pertsona ugarik egiten dutela lan lagunkoitasunaren arloan, agindu honen helburua da berrikuntza eta eraginkortasunagatik nabarmentzen diren jardunbide egokien balioa azpimarratzea, «Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» sortuta.

«Jardunbide egokiaren» kontzeptua pixkanaka sartu da politika publikoetako hainbat sektoretan. Jardunbide Egokia emaitza positiboekin inplementatu den esperientzia edo esku-hartzea da, eraginkorra eta erabilgarria da testuinguru jakin batean, eta arazoei eta/edo zailtasunei aurre egiten, erregulatzen, hobetzen edo konpontzen laguntzen du.

Jardunbide bat egokitzat jotzeko, UNESCO erakundeak Management of Social Transformation programaren (2003) esparruan jasotako proposamena hartzen da kontuan, zeinetan oinarrizko lau ezaugarri zehazten baitira gizarte-alorreko jardunbide egokiak identifikatzeko: berritzailea (konponbide berri edo sortzaileak garatzen ditu); eraginkorra (hobekuntzaren gaineko eragin positibo eta nabarmena frogatzen du); jasangarria, dituen eskakizun sozial, ekonomiko eta naturalengatik (denboran zehar mantendu daiteke eta efektu iraunkorrak izan ditzake), eta errepikagarria (beste toki batzuetan politikak, ekimenak eta jarduketak garatzeko eredu izan daiteke).

Bestalde, 2021. urte honetan COVID-19ak ekarri duen pandemia-egoera dela eta, OMEren Hiri eta Komunitate Laguntzaileen Munduko Sarean sartuta dauden hiri eta komunitateak, eta saretik harago, irtenbideak bilatzen ari dira adinekoei COVID-19ari emandako erantzuna jasotzen eta laguntzen uzteko; beraz, inguruabar hori kontuan hartuko da ekitaldi honetako deialdian parte hartzen duten ekimenak baloratzerakoan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako aurreikuspenak betez, sari hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2021erako dirulaguntzen plan estrategikoan sartu da. Plan estrategiko hori Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2020ko abenduaren 23ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Gardentasun-atarian eta Sailaren webgunean dago argitaratuta. Halaber, 2021eko ekitaldirako luzatu diren Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan badago deialdi honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa.

Azaldutako guztia dela eta,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea «Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» 2021. urtean emateko deialdia, aintzat hartuta onartzen diren oinarriak eta ereduak –agindu honen I., II. eta III. eranskinak–.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako saria xedapen hauen menpe dago: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio; beraz, honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 28a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

I. ERANSKINA
LAGUNKOITASUNEKO JARDUNBIDE EGOKIEN SARIAREN DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen helburua da 2021eko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria ematea, zeinaren bitartez publikoki saritzen diren lagunkoitasunari begira berritzaileak eta eraginkorrak diren jardunbideak garatzen dituzten eta adineko pertsonei begira ingurune erraztaileak sortzen dituzten erakunde publiko eta pribatuak.

Horretarako, lagunkoitasuntzat jotzen da hiri-ingurune integratzaile eta irisgarria osatzen saiatzen den faktorea, zahartze aktiboa sustatzen duena adinekoen osasun-, parte-hartze eta segurtasun-aukeren optimizazioaren bidez. Horrela, pertsona horien parte-hartzea ahalbidetzen da bizitza sozialeko alor guztietan.

Bigarrena.– Saria.

1.– Saria emango zaio balorazio onena lortzen duen jardunbideari, eta 3.000 euroko bidaia-poltsa bat izango da, erakunde sarituak lagunkoitasun-jardunbideak gauzatzen dituen erakunde bat bisitatu ahal izateko. Erakunde sarituak aukeratuko du bisita, eta saria emango duen organoari jakinaraziko diote hark onar dezan, betiere aukeraketaren arrazoiak justifikatzen badira.

Bisita hori 2021. urteko lehen seihilekoa amaitu baino lehen egingo da, eta, bisita egin ondoren, saritutako erakundeak egindako bidaiaren balorazio-txostena bidali beharko dio Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari.

Atal honetan ezarritako edozein baldintza betetzen ez bada, emandako saria itzuli beharko da.

2.– Halaber, bai saritutako jardunbidea bai oinarri hauetan jasotako lagunkoitasun-jardunbide egokiak betetzen dituzten hautagaitzak «Euskadi Lagunkoia» atariaren Jardunbide Egokien Katalogoan gehituko dira, eta atariarekin lotutako webgunean argitaratuko.

Aipatutako katalogoan sartzeak «Euskadi Lagunkoia Sarera» biltzea dakar, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak abian jarri baitu herritarren eta sektore publiko, pribatu nahiz sozialaren parte hartzea sustatzeko eta lagunkoitasun-mugimendu bat sortzeko, zahartzen ari diren pertsonentzako bizi-ingurune erraztaileak sustatzeko. Horrez gain, plataforma erabilgarria da jardunbide egokiak eta esperientziak trukatzeko, beste eragileengandik ikasteko eta egindako aurrerapenak erakusteko.

3.– Sari hori ematea bateragarria da beste administrazio publiko batek edo erakunde pribatu batek emandako sariak lortzearekin.

Hirugarrena.– Hautagaitzak.

1.– Deialdi honetarako hautagaitza aurkeztu ahal izango dute EAEko administrazio publikoek, haien sektore publikoak osatzen dituzten erakundeek eta egoitza soziala EAEn duten eta jarduera nagusia bertan garatzen duten pertsona juridiko pribatuek.

2.– Deialdira biltzen diren erakunde guztiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezterakoan:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

b) Dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta izatea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 21. artikuluan xedatutako baldintzetan –ekainaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua–.

c) Ez izatea laguntza publikoak jasotzeko aukera ukatzen duen zehapen administratibo edo penalik, ezta laguntza publikoak jasotzeko gaitasunik gabe uzten duen legezko debekurik ere.

d) Sexu-bazterkeria egin izanagatik zigor administratibo edo penala betetzen ez egotea edo, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera, debeku horrekin zigortuta ez egotea.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako egoeretako batean.

Aurreko a) letran ezarritako baldintza bete izanaren egiaztapena ofizioz egingo du organo kudeatzaileak, erakunde eskatzaileak egiaztapen horren aurka egin ezean; kasu horretan, erakunde horrek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, egiaztapen horiek egiteko erakunde eskudunek eman beharko dituztenak.

Aurreko b), c), d) eta e) letretan jasotako baldintzen justifikazioa egingo da eskaera-formularioaren jasotako baldintzen arabera emango den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

Laugarrena.– Jardunbideek bete beharreko baldintzak.

Hautagaitzek lotura izan beharko dute adinekoei begira lagunkoitasun-jardunbide egokitzat jotzen diren jarduketekin, eta halakotzat joko dira deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezterakoan honako baldintza hauek betetzen dituzten ekimenak, esperientziak eta esku-hartzeak:

1.– Bizi-ingurune erraztaileen alde egin behar dute honako esku-hartze alor hauetako batean edo gehiagotan:

a) Kanpoko espazioak eta eraikinak.

b) Garraioa.

c) Etxebizitza.

d) Parte-hartzea eta gizarte-ehuna.

e) Errespetua eta inklusioa.

f) Herritarren parte-hartzea eta enplegua.

g) Komunikazioa eta informazioa.

h) Gizarte- eta osasun-zerbitzuak.

2.– UNESCO erakundean «Management of Social Transformation» programaren (2003) esparruan zehaztutako baldintza hauetako bat bete beharko dute:

a) Berrikuntza: konponbide berri edo sortzaileak garatzea.

b) Eraginkortasuna: berrikuntzaren gaineko eragin positibo eta nabarmena frogatzea.

c) Jasangarritasuna: eskakizun sozial, ekonomiko eta naturalengatik luzaroan mantendu daiteke eta efektu iraunkorrak izan ditzake.

d) Errepikatzeko modukoa izatea: beste toki batzuetan politikak, ekimenak eta jarduketak garatzeko eredu izan behar du.

3.– Ezarpen-fasean edo amaituta egon behar dute.

Bosgarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten erakundeek bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

3.– Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria izango da deialdi honen organo kudeatzailea.

Seigarrena.– Eskabideen edukia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Hautagaitzak aurkeztuko dituzten erakundeek deialdiaren aginduko II. eranskinean dagoen eskabide-eredua betebehar dute. Izan ere, eredu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1089403 duen egoitza elektronikoan aurki daiteke.

Eskabidea aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honetako oinarrietan definitzen diren baldintzak.

2.– Eskabideari dokumentu hauek gehituko zaizkio:

a) Erakundearen legezko ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa; betiere, eskabidea sinatzen duen pertsona Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatuta ez badago erakunde eskatzailearen ordezkari gisa, eta egiaztapen hori Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailean agertzen ez bada. Ordezkarien erregistro elektronikorako sarbidea helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zeinetan jaso beharko den hirugarren oinarriko bigarren paragrafoko b), c), d) eta e) letretako baldintzak betetzen direla. Deialdiaren aginduko II. eranskinean jasotako eskabide-ereduaren barruan dago, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1089403

c) Azalpen-memoria bat, saria eskuratzeko aurkezten den jardunbidearen ezaugarriak eta xehetasunak azaltzeko. Horrekin batera, aipatutako memorian jasotako informazioa egiaztatzeko beharrezko dokumentuak ere aurkeztuko dira, baita epaimahaiak baloratu beharrekotzat jotzen direnak ere, saria lortze aldera.

Hautagaitza aurkeztuko duten erakundeek bete beharreko memoria-eredua deialdiaren aginduko III. eranskinean dago, eta eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1089403

3.– Erakunde hautagaiek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Halaber, prozedura guztian zehar, eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

4.– Eskabideak oinarri hauetako baldintza guztiak betetzen ez baditu, osatugabea edo akastuna bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Era presentzialean aurkezten bada eskabide hori, ezarritako bide elektronikoa baztertuta, elektronikoki aurkeztuta zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin deneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen eguntzat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

5.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Zazpigarrena.– Epaimahaia.

1.– Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Lehendakaria:

– Lide Amilibia Bergaretxe andrea, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Politiketako sailburuordea.

Epaimahaikideak:

– Pilar Sorando andrea, Zahartzaroa Geriatria eta Gerontologia Euskal Elkarteko lehendakaria.

– Koldo Aulestia Urrutia jauna, AFAGI- Alzheimer Gipuzkoako lehendakaria.

– Beatriz Gázquez Delgado andrea, 3D Social Movement-eko gerentea.

– Jose Manuel Odriozola jauna Euskofederpen Euskadiko Pentsionisten eta Erretiratuen Elkarte Probintzialen Lurralde Federazioko lehendakaria.

– M.ª Jesus Goikoetxea Iturregui andrea, Giza Eskubideetan doktorea eta Psikologian eta Teologian lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean.

Idazkaria:

– Saioa Landa Ayo andrea, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzako teknikaria. Ez du botorik emango.

2.– Epaimahaiaren jarduerek eta epaimahaikideen abstentziorako eta ezespenerako araubideak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea izango dute arau.

Zortzigarrena.– Balorazio-irizpideak:

1.– Esleipen-proposamena prestatzeko helburuarekin, honako irizpide hauen arabera balioetsiko ditu epaimahaiak hautagaitzak:

a) Jardunbidearen irizpide orokorrak, baremo honen arabera (gehienez 15 puntu):

– Ekintzaren garrantzia, oinarri duen diagnostikoaren informazioa barne: 0 eta 3 arteko eskala.

– Adinekoen parte-hartze aktiboa garapenean: 0 eta 3 puntu arteko eskala.

– Jardunbidearen deskripzio egokia; 0 eta 3 puntu arteko eskalarekin balioetsiko dira honako atal hauek:

• Xedeak.

• Metodologia.

• Ebaluazioa.

b) Jardunbide egokiak balioesteko irizpideak: honako irizpide hauen betetze-maila balioetsiko da, baremo honen arabera (gehienez 12 puntu):

– Berrikuntza: puntuen batura izango da emaitza:

• Ez dauka elementu berritzailerik: 0 puntu.

• Arazo berria: jardunbideak erantzuna ematen dio aurretik planteatu ez den arazo bati: puntu 1.

• Metodologia berria: jardunbideak erantzuna ematen dio arazo ezagun bati, metodologia berritzailea erabiliz: 2 puntu.

• Konponbide berria: jardunbidea berrikuntza argia da, eta erreferentzia bihurtzen da bere ekintza-eremuan: 3 puntu.

– Eraginkortasuna:

• Ez da ebidentziarik edo eraginik frogatu edo aurreikusi: 0 puntu.

• Eragin txikia; eragina jardunbidea martxan dagoen bitartean soilik neurtu da edo neurtzea aurreikusi da: puntu 1.

• Erdi-mailako eragina; eragina jardunbidea amaitu eta denbora gutxira soilik neurtu da edo aurreikusi da (hurrengo 3 eta 6 hilabeteen artean): 2 puntu.

• Epe luzeko eragin jasangarria; eragina jardunbidea amaitu eta denbora gutxira neurtu da edo aurreikusi da (bukatu eta 6 hilabete geroago): 3 puntu.

– Jasangarritasuna:

• Ez da planteatzen jardunbidearekin jarraitzea: 0 puntu.

• Jardunbidea modu autokudeatuan jasangarria da: puntu 1.

• Jardunbideak administrazio publiko baten laguntza teknikoa eta/edo ekonomikoa du: 2 puntu.

• Jardunbidea modu autokudeatuan jasangarria da, administrazio publiko baten laguntza du eta, gainera, xede duen erkidegoak onartzen du: 3 puntu.

– Errepikatzeko aukera:

• Jardunbidea ez da sistematizatu beste toki batzuetan errepikatzeko: 0 puntu.

• Jardunbidea sistematizatu egin da, baina ez da beste leku batzuetara transferitu: puntu 1.

• Jardunbidea EAE barruan transferitu da: 2 puntu.

• Jardunbidea EAEtik kanpo transferitu da: 3 puntu.

c) COVID-19aren krisiaren esparruan abian jarritako jardunbide egokiaren balorazio-irizpidea: COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratu ondoren hasitako jardunbide bat denean eta osasun-larrialdiaren testuinguruan sortutako beharrei erantzuten dienean, 3 puntu emango zaizkio.

2.– Saria jaso ahal izateko gutxienez 15 puntu eskuratu beharko dira.

Bederatzigarrena.– Sariaren epaitza.

1.– Epaimahaiak, hautagaitzak aztertu eta balioetsi ondoren, saria emateko proposamen bat egingo du, eta, horrekin batera, hartutako erabakia justifikatuko duten arrazoien berri emango du. Ondoren, deialdi hau ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio, hots, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari.

2.– Epaimahaiak deialdia huts deklaratzeko proposamena egingo du honako kasu hauetan:

a) Hautagaitzek ez dituztenean betetzen Aginduan jardunbide egokiei begira zehaztutako baldintzak, laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

b) Proiektu batek ere ez duenean erdietsi saria jasotzeko gutxieneko puntuazioa, zortzigarren oinarriaren bigarren apartatuan zehaztutakoa.

3.– Epaimahaiaren proposamena ikusi ondoren, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak agindu bat emango du, saria emateko edo deialdia huts deklaratzeko, hilabeteko epean gehienez ere, hautagaitzen aurkezpena amaitu zenetik. Ebazpen hori bi tokitan argitaratuko da: batetik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak bere esku izango du interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabidean adierazitako telefonoetara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Saria emateko edo deialdia huts deklaratzeko Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu horrek bukaera ematen dio administrazio-bideari eta, aurka egiteko, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Nahi izanez gero, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hamargarrena.– Saria onartzea.

Erakunde sarituak idatziz eta espresuki adierazi beharko du saria onartzen dutela, saria emateko ebazpena jakinarazi eta hiru egun balioduneko epearen barruan. Saria onartzen ez bada, sariari uko egiten zaiola ulertuko da, eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak deialdia hutsik uzteko agindua emango du.

Hamaikagarrena.– Sari-banaketa.

1.– Saria ekitaldi publikoan emango da, eta horren data erakunde sarituari jakinaraziko zaio. Erakunde horren legezko ordezkari batek joan beharko du ekitaldira; aurkeztutako jardunbidearen xehetasunak azalduko ditu pertsona horrek labur-labur, eta 3.000 euroko txeke bat emango zaio, erakunde sarituaren bisita egiteko, bigarren oinarrian jasotako baldintzetan.

Legezko ordezkariak ezin badu parte hartu ekitaldi horretan (justifikatutako arrazoiengatik), egun hori baino lehen beste pertsona bat izendatu beharko du bere ordez saria jasotzeko, eta Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari pertsona horren datuak bidaliko dizkio.

2.– Saritutako erakundearen legezko ordezkaria edo haren ordez izendatua ez bada agertzen sari-banaketara, saria hutsik deklaratuko da automatikoki, eta, formalki, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez emango da egoera horren berri.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala