205. zk., 2021eko urriaren 14a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (269 KB - 10 orri.)
- EPUB (230 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5238
EBAZPENA, 2021eko irailaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita AB Cables SLUk hondakin ez-arriskutsuak kudeatzea baimentzeko Aguraingo udal-mugartean sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2020ko abenduaren 9an, AB Cables SLU merkataritza-sozietateak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako eskaera osatu zuen, Agurainen (Araba) dituen instalazioetan hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioari buruzkoa. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, betiere bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin, arau horren 7.2.a) artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2021eko ekainaren 4an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu duela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; hain zuzen ere, ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. taldeko e) epigrafean dago jasota: «Hondakinak balorizatzea xede duten instalazioak (produkzio-tokitik kanpo biltegiratzea barne), ez baldin badira garatzen industrialde bateko pabiloi batean. Salbuetsita daude hondakin ez-arriskutsuen instalazioak, tratatzeko ahalmena urtean 5.000 tonakoa edo txikiagoa bada, eta biltegiaren edukiera 100 tonatik beherakoa izanez gero».
Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean dagoen legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio AB Cables SLUk Agurainen duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalaziorako proiektuari. Prozedura horretan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio adierazgarriak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-agiria zuzena dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– AB Cables SLUk Aguraingo udalerrian sustatzen duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzea baimentzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako puntu hauen arabera:
A) AB Cables SLU merkataritza-sozietateak (aurrerantzean, AB Cables) Aguraingo (Araba) Galtzar industrialdean dituen instalazioetan garatuko duen jardueraren xedea hondakin ez-arriskutsuen balorizazioa da; zehazki, erabiltzen ez diren kobrezko eta aluminiozko kableak birziklatzea eta berreskuratzea.
B) Hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazioa ezartzeak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
AB Cables SLUk Aguraingo instalazioetan egiten duen jarduera hau da: birrintzearen ondorioz sortutako hondakinak balorizatzea eta erabiltzen ez diren kobrezko eta aluminiozko kableak birziklatzea. Birziklatze-prozesuaren oinarria osagaiak bereiztea da (metalak, plastikoak, etab.), birrinduz eta bahetuz, horrela produktu sorta bat lortzeko. Jarduera hori enpresak Aguraingo Galtzar industrialdean dauzkan instalazioetan egiten da.
Jarduera egiten den pabiloiak zerbitzu guztiak dauzka (hornidura, saneamendua, euri-uren sarea, energia elektrikoa, argiteria publikoa eta telefonia) eta urbanizazioa amaituta dauka.
Balorizazioa honako produktu hauek lortzean datza:
– EHZ 191002 herdoilgaitza.
– EHZ 170405 burdina.
– EHZ 191002 Cu granaila.
– EHZ 191002 Al granaila.
Prozesuan erabilitako lehengaiak hauek dira:
– EHZ 170401 kobrezko kable-biribilkien hondakinak.
– EHZ 170402 aluminiozko kable-biribilkien hondakinak.
Planta 2 txandatan jarduten da, eta, lan-kargaren arabera, salbuespen gisa, 3 txanda jarraitutan. Ekoizpen-ahalmena egunean 25 eta 70 milioi tona ingurukoa da (10.000 tona urtean).
Erabiltzen den makineria nagusia hau da:
– Harrera-tobera.
– Uhal garraiatzaileak (materialak garraiatzen dituzte toberaren eta erroten artean).
– Birrintze-errotak (materialak xehatzen dituzte prozesuko fasearen arabera behar den granulometrian).
– Mahai dentsimetrikoak (granulometria bereko eta dentsitate desberdineko partikulak bereizten dituzte).
– Boxa – Biltegiratzeko eremuak.
– Zikloiak.
Enpresan instalatutako potentzia elektrikoa, guztira, 1.850 Kw da.
Makinen gasolio-kontsumoa 13.500 litro/urte da. Enpresak 3.000 litroko gasolio-depositu bat dauka, MI-IP-03ren arabera behar bezala legeztatua eta barruan kokatua, hormigoizko zolarri baten gainean.
Sareko ur-kontsumoa 320 m3/urte da.
Hondakinen sorrera.
Balorizazioan sortzen diren hondakinak honela sailkatzen dira: ez-arriskutsuak (hiri-hondakin solidoak, Cu eta Al granailadun gomen hondakinak, eta zikloien eta mahuka-iragazkien ondoriozko hauts-hondakinak) eta arriskutsuak (fluoreszenteak, olio erabilia, xurgatzaileak eta trapu kutsatuak, bateriak, pilak, ekipamendu elektriko eta elektronikoak, oliodun urak, olio-lohiak, ontzi metalikoak eta plastiko kutsatuak, aerosolak, olio-iragazki kutsatuak), eta guztiak kudeatzaile baimenduen bitartez kudeatzen dira.
Biltegiratzea.
Hau da biltegiratzeko ahalmena:
– Lehengaia: 400 tona.
– Produktu bukatua: 800 tona.
– Tarteko produktua: 400 tona.
– Sortutako hondakin ez-arriskutsuak: 125 tona.
Kanpoaldean pilatzen dira, hormigoizko zoruan eta inolako estalkirik gabe, lehengaiak, kobrezko kable-biribilkien hondakinak eta aluminiozko kable-biribilkien hondakinak –ez-arriskutsutzat hartzen dira–; denera, 100 tona baino gehiago, 33 m x 56 m x 4 m-ko plataforma batean. Halaber, kanpoan pilatzen da produkzio-prozesuan zikloietan eta mahuka-iragazkietan sortzen den hautsa (hondakin ez-arriskutsuak), itxitako big bag-etan, hormigoizko zoruaren gainean, 33 m x 56 m x 4 m-ko gainazal batean.
Barnean, hormigoizko zoru gainean, produktu bukatua biltegiratzen da (altzairu herdoilgaitza eta burdina, soltean, ehotze-eremuaren ondoan, eta kobrezko eta aluminiozko granaila box bunker-rean); tarteko produktua soltean 2. eta 3. box-etan, eta kobre eta aluminiozko granailadun gomen hondakinak (hondakin ez-arriskutsuak), 1. box-ean.
Olio hidraulikoko bidoi metalikoak eta isurtzeko arriskua duten hondakin arriskutsuak atxikipen-erretiluetan kokatuko dira.
Isurketak.
2019ko prezipitazio-datuen arabera, euri-uren isurketa 10.213,62 m3/urte ingurukoa da. Kutsatuta egon daitezkeen eremuetako (kanpoan pilatutako lehengaietako eta zikloien eta iragazkien hautsa duten big-bag-etako) euri-urak poligonoan dauden saneamendu-kolektore publikoetara bideratzen dira, hidrokarburo- eta olio-bereizgailua duen harea kentzeko tanga batetik igaro ondoren. Bereizgailua koaleszentzia-iragazki bat da, 20 l/seg-ko emaria tratatzeko gai dena, ixte automatikoko sistema batez eta seinale akustiko batez hornitua. Harea kentzeko tangak hormigoi armatu prefabrikatuzko 8 monobloke ditu eta osotara 60 m3-ko bolumena dauka. Plantarako sarrerako kutxatilan gainezkabide bat aurreikusten da, euri-jasa handien ondorioz une jakinetan sor daitekeen gehiegizko emariari irteera emateko.
Normaletik gorako edo batezbestekotik gaineko prezipitazioak gertatzen direnean, prezipitazioen lehenengo 10 minutuei dagokien ura jasotzea bermatzen da; izan ere, denbora-tarte horretan iristen da kutsatutako ia ur guztia. Iraupen handiagoko prezipitazio edo ekaitzak gertatzen badira, ondoren datozen urak diluituta daude eta gainezkabidetik bideratzen dira.
Ur beltzen isuria 162,72 m3/urte da. Kalkulu hori egiteko onartu da bi txandatara egiten dela lan, eta txanda bakoitzean 6 pertsona aritzen direla. Industrialdeko saneamendu-uren sarera isurtzen dira.
Kutsatutako euri-uren eta ur beltzen isurketek, bakoitzak bere kanala du, eta industrialdeko saneamendu-sarera lotuta daude biak.
Emisio atmosferikoak.
Airera egindako emisioei dagokienez, AB Cables enpresaren instalazioaren jarduera nagusia urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren (zeinaren bidez atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen baita, eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak finkatzen baitira) eranskineko 09 10 09 52 kodearekin bat dator; hain zuzen, «Biltegiratzea edo manipulazio-eragiketak egitea, hala nola hondakin ez-metalikoak edo hautsezko hondakin metalikoak nahastea, bereiztea, sailkatzea, garraiatzea edo haien tamaina murriztea, material horiek < 100 tona/egun manipulatzeko gaitasunarekin».
Ingurumen-dokumentuan adierazten denez, atmosfera kutsa dezakeen jarduera den aldetik, AB Cables enpresak atmosfera kutsa dezaketen jardueren (AKDJ) egoera erregularizatu beharko du, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan jasotakoaren arabera.
Jarduerak emisio atmosferikoen zenbait foku ditu, ekoizpen-prozesuari lotuak; foku horiek aireratutako gasak tratatzeko eta kontrolatzeko sistemak dituzte (zikloiak eta mahuka-iragazkiak, eraginkortasun handikoak).
Material gehienak pabiloiaren barruko ekoizpen-lerroan manipulatzen dira, eta prozesu osoa barruan gertatzen da. Prozesu-lerroaren gainean (birrintze-errotak eta mahai dentsimetrikoak) xurgatze-sistemak daude, eta pabiloiaren ateak itxita daudela lan egiten da, pabiloiaren kanpoaldera emisio lausoak egitea eragozteko.
Pabiloiaren kanpoaldean, lehengaia eta zikloietako eta iragazkietako hautsen big-bag-ak biltegiratzen diren lekuan, honako neurri hauek daude emisio lausoak sor ez daitezen:
– Hormigoizko perimetroko euste-horma, 4 m-ko garaierakoa, jabetzaren mugetan, haizearen eraginez materialik ez galtzeko.
– Zorutik hautsa kentzeko erratz-makina.
– Ibilgailuak garbitzea eta mantentzea (pala kargatzaileak eta atzerako hondeamakinak).
– Emisio lausoak saihesteko, manipulatzeko eta garraiatzeko erabiltzen diren palek barneko materiala posizio egokia aukeratuz manipulatzen dute, eta gainera, materiala deskargatzen denean, erortze-altuera murrizten dute.
Ordezko aukerak.
Ordezko aukerak aztertzerakoan, ingurumen-agiriak 0. aukera –ezer ez egitekoa– baztertzen du, honako hau justifikatuta: helburua martxan den jarduera bat legeztatu nahi da. Gainera, jarduera egiteko hautatutako kokapena bi arrazoiren bidez justifikatzen da: egokitasun-arrazoiak (pabiloiaren erabilgarritasuna) eta bezeroekiko kokapena.
Hondakinak tratatzeko teknologiari dagokionez, arrazoitzen da hondakinak balorizatzeko oso teknologia sendotua dela hori, eta, gainera, ez duela ia inpakturik sortzen ingurumenean, oso baliabide gutxi kontsumitzen dituelako, atmosferara oso emisio gutxi sortzen dituelako (partikulak) eta nahi ez diren hondakin oso gutxi sortzen dituelako.
2.– Proiektuaren kokapena.
Jarduera garatzen den AB Cables lurzatiak 10.002,27 m2-ko azalera du, eta horietatik 4.842 m2 eraikita daude. Lurzorua, bai pabiloiaren barruan, bai kanpoaldean, hormigoituta dago.
Instalazioa industria-erabilerako hiri-lurzoru batean dago (Galtzar industrialdea edo Aguraingo industrialdea), Aguraingo hirigunearen mendebaldean eta udalerri horretako bizileku-lurzorutik 1.500 m ingurura. Eremua erabat urbanizatuta dago, eta ez du natura-elementu interesgarririk. Era berean, ez dago euskal kultura-ondarearen elementurik.
Jardueraren inguruan natura-ingurunearen elementurik aipagarrienak Galtzar errekaren ibilgu naturala –kokapenaren ekialdean 650 m ingurura– eta Los Apostoles errekaren ibilgua –450 m-tara hego-ekialdera, zuzen zuzen– dira. Bi ibaiak Zadorra unitate hidrologikokoak dira. Los Apostoles errekako –esan bezala, Zadorran isurtzen dena– bi ibaiadar aire zabalean doaz, kanalizatu gabe; bata, lurzatitik iparraldera 50 m ingurura, A 3100 errepideaz beste aldera, eta, bigarrena, industrialdearen hego-mugatik zehar, proiektuko lurzatitik 300 m-ra. Inguruan ez dago giza kontsumorako ura hartzeko punturik.
Eremua ez dago sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan, eta akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasunik ez dago ia; eremuak ez du beste arriskuekiko nabarmentzeko urrakortasunik.
Zaratari dagokionez, zarata-iturri nagusiak hauek dira: AP-1 autobidea; A 3100 errepidea, industrialdea zeharkatzen duena, eta AP-1ekin lotzen duena; eta industrialdeko pabiloietan egiten diren jardueretako batzuk. Proiektuaren eremua Arabako Foru Aldundiak kudeatzen dituen errepideen (zehazki, AP-1 errepidearen) zortasun akustikoaren eremuan dago. AB Cables enpresaren instalazioetatik hurbilen dauden etxebizitzak ia 1.500 metrora daude, eta, inguruan, ez dago erabilera bereziki sentikorreko etxebizitzarik edo eraikinik: ez osasun-, hezkuntza- edo kultura-erabilerakoak, ez eta bulegoetakoak edo merkataritzakoak ere.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
AB Cables enpresaren jardueraren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak emisio atmosferikoekin lotuta egongo dira: batez ere, ekoizpen-prozesuan sortutako partikulen emisioak eta erabilitako makineriak sortutako gas kutsatzaileen emisioak. Partikula gutxiago aireratzeko helburuz, deskontaminatzeko edo kutsadura murrizteko sistemak erabiltzen dira jardueran (zikloiak eta mahuka-iragazkiak). Era berean, jardueraren zatirik handiena ekoizpen-eraikinaren barruan egiten da, eta kanpoko jarduera noizean behin materiala pilatzera eta makineria osagarria kokatzera mugatzen da. Beraz, inpaktu akustiko handiena, pabiloiaren barruan, bertan kokatutako ekoizpen-prozesuarekin lotutako makineriak eragiten du, eta, kanpoan, materialaren mugimenduak eta airea ateratzeko eta iragazteko ekipamenduek.
Aipagarriak dira, halaber, kutsatuta egon daitezkeen eremuetatik datozen ur beltzek eta euri-uren isurketek eragin ditzakeen inpaktuak. Jarduerak sare bereizleak ditu efluente horientzat, eta, bi kasuetan, industrialdeko saneamendu-sarera isurtzen dituzte. Euri-ur zikinak isurtzeko, hidrokarburoen eta olioen bereizgailua duen harea kentzeko gailu batetik igaro behar dira.
Gainera, aurreikusten diren beste ondorio batzuk balorizatze-prozesuan sortutako hondakinak sortzeari eta biltegiratzeari lotutakoak dira. Hondakin horiek istripuzko isurketak edo jarioak eragin ditzakete, eta, ondorioz, lurzorua eta azaleko eta lurpeko urak kutsa litezke. Nolanahi ere, AB Cablesen jarduera guztiak hormigoizko lurzoruaren gainean egiten dira.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak ikusita, ez da aurreikusten ondore negatibo nabarmenik egotea aipatutako inguruneko alderdietan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Aguraingo udalerrian hondakin ez-arriskutsuak kudeatzea baimentzeko proiektuari –AB Cables SLUk sustatua– ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.
Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gainera, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira isurketa baimentzearen esparruan:
– Material birziklatuen kudeaketarekin lotuta egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira lurzorua, lurpeko urak eta azaleko urak ez kutsatzeko.
– Instalaziotik datozen euri-ur zikinei dagokienez, drainatze-azpiegituren bitartez bildu beharko dira. Azpiegitura horiek isurkinaren izaerara egokitutako arazketa-gailuak eta beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoen araberako neurriak izango dituzte, solidoak ahalik eta hobekien atxiki ahal izateko, isurketa lokalizatua izateko eta isurkinak isurtzeko nahitaezko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoekin bat datozela bermatzeko.
– Arazketa-sistemaren mantentze-lanak behar bestetan egingo dira, sistemak ondo funtzionatuko duela bermatzeko. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.
– Lehengaiak eta balorizatutako materialak horretarako prestatutako kokalekuan bakarrik biltegiratuko dira, eta bertako hormigoizko zola baldintza ezin hobeetan egongo da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arrisku-eremurik gabe.
– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak edukiko dituzte. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.
Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, hauetan xedatutakoa bete beharko da: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzekoa.
– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea. Aipatutako legeriaren arabera, lurzoruaren kalitate-egoerari buruzko aurretiazko txostena aurkeztu beharko zaio ingurumen-organoari.
Airearen kutsadura murriztera zuzendutako neurriak.
– AB Cables SLUk Aguraingo instalazioetan egin beharreko jarduerak (hondakin ez-arriskutsuen kudeaketa) honako hauek bete behar ditu: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa eta Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan zehazten diren betebeharrak.
Instalazioetan ahalik eta hauts gutxien sortuko da. Airearen kalitatean eraginik ez izateko, neurri egokiak hartuko dira hondakinak jasotzeko lanetan eta materialen zamalanetan, bai eta ekipamenduen arteko garraio-eragiketetan eta lortutako materialak biltegiratzean ere.
– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, balorizatze-prozesua AB Cablesen industria-pabiloiaren barruan egingo da (esparru itxia eta estalia), Agurainen dituen instalazioetan, lehengaien eta hondakin ez-arriskutsuen pilatzea izan ezik, horiek aipatutako dokumentazioan adierazitako lekuan pilatu ahal izango baitira, instalazioen kanpoko zabalgunean. Zikloien eta mahuka-iragazkien ondoriozko hauts-hondakinen kasuan, hormigoitutako lurzoruan pilatu beharko dira, big bag itxi eta iragazgaiztuetan; nahikoa toki izanez gero, barnean biltegiratuko dira.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzera bideratutako neurriak.
– Jardunbide egoki operatiboak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki materialak biltegiratzean, eta horien zamalanetan eta garraioan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan ere, eta zaratak eta bibrazioak jatorrian murriztean.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza onenetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.
– Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikulua aplikatuta, zarataren igorpen-foku berri bat egonez gero, Dekretu horren I. eranskinaren 2. zatian azaltzen diren muga-balioak bete beharko ditu.
– Behar diren isolamendu-neurriak hartuko dira, jarduerak transmititutako zarata-mailek I. eranskineko F taulan emisio akustikoen foku berrietarako ezarritako immisio-mugen balioak errespeta ditzaten.
Hondakinak kudeatzera zuzendutako neurriak.
– Ebazpen honen xede diren Aguraingo instalazioetan AB Cables SLUren jardueran onartutako hondakin bakarrak honako hauek izango dira: EHZ 17 04 01 kodea duten kobrezko kableen biribilkien hondakinak eta aluminiozko kableen biribilkien hondakinak (EHZ 17 04 02 kodea), metalen balorizaziotik datozenak.
– Instalazioan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, ezaugarritu egin beharko dira, euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.
– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
– Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.
– Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik baldin badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio haietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.
– Zabortegi baimendura eramaten diren hondakinak kudeatzeko, honako hauek aplikatuko dira: 1481/2001 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duena; 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda deuseztatzea arautzen duena; eta haien aldaketak.
– Hondakinen azken helburua zabortegi baimendu batean deuseztatzea denean, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan adierazitakoaren arabera egingo da karakterizazioa.
– Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
– Baztertuko diren olioen hondakinak, bateriak, makinen mantentze-lanetako hondakin arriskutsuak eta, oro har, arriskutsutzat jotzen diren substantzien/prestakinen hondakinak, haiek barnean izan dituzten ontziak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkurio-lurrunezko lanparak eta abar, behar bezalako baldintzetan erretiratuko dira, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen, Gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta horiekin bat datorren hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.
– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi baterako hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin ez-arriskutsuentzako eta geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
– Lan guztietan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da langileek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen eta hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.
Jarduera uztea.
– Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ikusten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea AB Cables SLUk Agurainen duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren proiektuari.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Aguraingo Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txostena indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektu hori baimendu. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 7a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.