204. zk., 2021eko urriaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (491 KB - 38 orri.)
- EPUB (705 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
5218
AGINDUA, 2021eko urriaren 5ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendurako 2021eko ekitaldirako laguntza-programa arautzen eta iragartzen duena, COVID-19ari aurre egiteko (MBT 2021).
XII. Legegintzaldiko «Euskadi Martxan» 2020-2024 gobernu-programa lau ardatzetan dago egituratuta, eta horietatik lehenengo ardatza da Oparotasuna izenekoa, non artikulatzen baitira enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko jarduketa-arloak. Programan bertan jaso denez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen du.
Ardatz horietako bederatzi jarduketa-arloetako batean merkataritza eta ostalaritza landu dira, eta helburu hauetarako jarduketa-konpromisoa nabarmendu behar da: establezimenduaren lehiakortasuna hobetzea eraldaketa digitalera bideratutako ekinbideekin, gaitasun profesionalak garatzea, kudeaketa hobetzea eta, oro har, jasangarritasunera eta digitalizaziora bideratutako ekintzak, lurraldearekin lotutako marka sortzearen alde eginez eta arreta berezia jarriz saltoki txikietan. Konpromiso bat da, orobat, erakundearteko gobernantzan sakontzea eta aliantzak bultzatzea zenbait ekimenen bidez, hala nola merkataritza- eta ostalaritza-sektoreetatik sortzen diren elkarlan-sinergiak sustatuz eta agente guztien lankidetza eta koordinazioa indartuz.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko 2017-2020 Planaren plangintza 2020ko ekitaldian bukatu zen. Une honetan, 2021-2025 Merkataritza Plana garatzeko lanean ari gara, 2030 Merkataritza Estrategiaren esparruan; merkataritza-sektorearen erronka nagusiei erantzuteko ardatzak eta politikak ezarri beharko ditu, bereziki COVID-19aren krisi sanitarioaren ondoren, krisiak erritmoak aldarazi baititu; sektorea bizkor eraldatuz, modernizatuz eta gaztetuz erantzun beharko zaio. Horrez gainera, EAEko politika komertziala bultzatu behar duen gobernantza-eredua jorratu eta eguneratu beharko da, betiere erakundearteko elkarlana eta eragile publiko eta pribatu guztien lankidetza oinarri hartuta.
Izan ere, agertokia erabat aldatu zen 2020ko martxoaren 11n, OMEk koronabirus-agerraldia mundu mailako pandemia deklaratu zuenean; oraindik pandemia horretan gaude bete-betean. Alarma-egoeraren deklarazioak, geroko konfinamenduak eta denbora honetan guztian hartu behar izan diren legezko neurriek –bereziki mugikortasun-, ordutegi- eta jarduera-murrizketek– eragin handia izan dute merkataritza-sektorean.
Pandemiaren ondoz ondoko olatuen eta berragerraldien ondorioz hainbat neurri hartu behar izan dira egoera epidemiologikoaren arabera, funtsean mugikortasuna mugatuz bai autonomia-erkidego mailan, bai lurralde historikoan, bai udalen artean; bidenabar, merkataritzako establezimenduei zuzenean zuzendutako neurriak ere izan dira, esaterako, establezimenduen barrualdean bezeroen edukiera mugatzea. Halaber, ostalaritzari ezarritako mugek eta, une batzuetan, ostalaritza ixteko neurriek agerian utzi dute sinergiak daudela merkataritzaren, ostalaritzaren eta aisialdiaren artean.
Horregatik guztiagatik, pandemiaren hasierako uneetatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Erresistentzia Plana jarri zuen martxan, turismo, ostalaritza eta merkataritzaren sektoreetako jarduerei eta enpleguei eusteko helburuarekin.
Erresistentziako fase honetan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren erabateko lehentasun ekonomikoa da EAEko txikizkako merkataritza-sektorea babestea eta laguntzea, inpaktua minimizatzeko eta, alarma sanitarioa amaitu ondoren, jarduera ahalik eta lasterren suspertzeko eta merkataritza-sektorea biziberritzeko.
Deskribatutako guztiagatik, eta aurreko deialdietan egin zen modu berean, komenigarritzat jotzen da Merkataritzako Bulego Teknikoei (MBT) bideratutako laguntza-programa martxan jartzea, eta aurrekontu-ahalegina Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritzako Bulego Teknikoen sareko funtzionamendura bideratzea.
Testuinguru horretan, MBTen sarea autonomia-erkidegoko merkataritza-enpresei laguntza emateko aktibo nagusietako bat da, eta balio handiko profesional taldea du politika publikoak koordinatu eta kudeatzeko. Sektorearekin lotutako jarduerak behar bezala gauzatzeko aholkularitza eta ezagutzak eskaintzen dituzte. Hori guztia, gainera, hiri-merkataritzaren egoera gertutik ondo ezagututa egiten dute.
Beren zereginak garatzean, bulego horiek Sailaren esfortzuak bideratu behar dituzte, eta politikak kudeatu. Gainera, lantalde integratu eta koordinatu gisa jardun behar dute, sektoreko eta zonako espezializazioei modu egituratu eta eraginkorrean erantzunez. Alde horretatik, laguntza espezializatua eman behar dute merkataritza-banaketaren sektoreak dituen erronka berriei aurre egiteko, inguru bakoitzeko merkataritzaren lehiakortasuna areagotzen eta denboran irauten lagunduko duten prozesuak sustatuz.
Programa horretan diruz lagunduko diren jarduketek Merkataritzako Bulego Teknikoen sareak funtzionatzeko aukera eman behar dute. Izan ere, bulego teknikoen bidez, langile kualifikatuek doan eskainiko dute merkatarientzako laguntza-zerbitzua, merkataritzako banaketaren sektore osoari eta sektoreko erakundeei zuzendua.
Laguntzak norgehiagoka-prozedurari jarraikiz emango dira, Agindu honetan ezarritako baremazio-irizpideak erabiliz.
Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barne dago. Plan hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2021eko urtarrilaren 25eko Aginduaren bidez onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean ezarritako aurrekontu-kreditu nahikoa dauka.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea hau da: Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua sustatzeko 2021eko dirulaguntzak ematea arautzea. Izan ere, bulego horien bidez, langile kualifikatuek laguntza-zerbitzua emango dute doan, merkataritzako banaketaren sektore osoari eta sektoreko erakundeei zuzendua, bereziki COVID-19ari aurre egiteko. Bulego Teknikoen funtzionamendurako laguntzak jardun-eremuaren arabera egituratzen dira, dirulaguntza-lerro hauen arabera:
I.– Zonako edo tokiko jardun-eremua:
a) Zonako edo tokiko merkatari-elkarteetan kokatutako zonako edo tokiko Merkataritzako Bulego Teknikoentzako laguntzak, horien egitekoa honako hau denean: beren jardun-eremuan doako laguntza-zerbitzua ematea merkataritzako banaketaren sektore osoari eta hark barne hartzen dituen erakundeei.
b) Udaletxeetan, garapen-agentzietan edo horiek sustatutako garapenerako erakundeetan eta tokiko beste erakunde batzuetan kokatuta dauden Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua ahalbidetzeko laguntzak, horien jardun-eremuak I. eranskineko zonari dagokiona gainditzen ez badu. Izan ere, laguntza horien helburua da zonako merkataritza-sektorearen lehiakortasuna eta tokiko edo eskualdeko hiri-ekonomia areagotzen laguntzea.
II.– Lurralde-eremua:
c) Jardun-eremua dauden lurralde historikoa duten eta merkatarien enpresa-federazioetan edo -konfederazioetan kokatuta dauden Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua ahalbidetzeko laguntzak. Izan ere, honako hau da laguntza horien xedea: doako laguntza-zerbitzua ematea merkataritzako banaketaren sektore osoari, hark barne hartzen dituen erakundeei eta lurralde historikoko elkarte guztiei.
III.– Lurraldeko gremio-eremua:
d) Lurraldeko gremio-eremuko Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua ahalbidetzeko laguntzak, horien xedea honako hau denean: doako laguntza-zerbitzua ematea lurralde historiko horretako gremio jakin bati, hau da, merkataritza-gremio edo hiri-merkataritzako jarduerarekin lotutako zerbitzu-gremio bati.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.920.000 eurokoak dira guztira: 960.000 euro 2021eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 960.000 euro, berriz, 2022ko konpromisoari. Baliabide horiek honela banatuko dira:
– Zonako edo tokiko bulegoentzako laguntzak: 1.400.000 euro (700.000 euro 2021erako, eta 700.000 euro 2022rako).
– Lurralde-eremuko bulegoentzako laguntzak: 440.000 euro (220.000 euro 2021erako, eta 220.000 euro 2022rako).
– Lurraldeko gremio-eremuko bulegoentzako laguntzak: 80.000 euro (40.000 euro 2021erako, eta 40.000 euro 2022rako).
2.– Aurkeztutako eskabideak ebatzi ondoren, aurrez deskribatutako dirulaguntza-lerroen arabera aurreikusitako baliabide ekonomikoak agortu ez badira, gainerako bulegoei banatuko zaizkie laguntzak, lehentasun-hurrenkera honetan: 1. Lurralde-eremuko merkatarien federazio, talde eta elkarteak edo mistoak, 2. Zonako elkarteak, 3. Udalak, garapen-agentziak edo horiek sustatutako garapenerako erakundeak eta tokiko beste erakundeak, eta 4. lurralde-eremuko gremio-elkarteak.
3.– Aurrekontu-ekitaldian eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du aipatutako aurrekontu-kontsignazioa gaindituko inola ere.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetako dirulaguntza-lerroetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke:
I.– Zonako edo tokiko jardun-eremua:
a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten merkatarien elkarteak edo mistoak (hiri-merkataritzako jarduerarekin lotutako beste zerbitzu batzuen presentzia onartzen dutenak, betiere bazkideen artean kideen % 60 baino gehiago saltokiak badira), horien jardun-eremuak dagokien I. eranskineko zona gainditzen ez badu.
Ez dira laguntzen onuradun izango EAEko hiru hiriburuetako hiri-merkataritzako plataforma gisa eratuta dauden elkarteak edo taldeak, horiek administrazioarekiko berariazko hitzarmenen xede izango baitira.
Erakunde eskatzaileak merkataritza-sektorean duen errotze-maila eta bere jardun-eremuan duen ordezkagarritasuna izango dira kontuan. Edonola ere, merkatari-elkarteak edo elkarte mistoak onuradun izan daitezke, betiere elkartearen sostengu ekonomikorako ekarpenak egiten dituzten 20 merkataritza-establezimendu ordezkatzen badituzte gutxienez.
b) Udalak, garapen-agentziak edo horiek sustatutako garapenerako erakundeak eta tokiko beste erakundeak.
II.– Lurralde-eremua:
Nagusiki merkatari-elkartez osatuta dauden federazioak edo taldeak, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta haien jardun-eremua lurralde historiko batera mugatzen bada. Erakunde horiek beren jardun-eremuko bulegoentzako dirulaguntzak baino ezin izango dituzte baliatu, eta bertako elkarte guztiei emango diete zerbitzua.
III.– Lurraldeko gremio-eremua:
Hiri-merkataritzako jarduerarekin lotuta dauden gremio-izaerako merkatari-elkarteak edo zerbitzuak, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko batean badute eta jardun-eremua lurralde historiko bat bada. Erakunde horiek beren jardun-eremuko bulegoentzako dirulaguntzak baino ezin izango dituzte baliatu, eta lurralde horretako gremio zehatzari emango diete zerbitzua.
Erakunde eskatzaileak merkataritza-sektorean duen errotze-maila edo hiri-merkataritzako jarduerarekin lotutako zerbitzuak izango dira kontuan, baita bere jardun-eremuan duen ordezkagarritasuna ere. Edonola ere, gremio-izaerako elkarteak onuradun izan daitezke, betiere elkartearen sostengu ekonomikorako ekarpenak egiten dituzten gremio horretako 20 merkataritza-establezimendu ordezkatzen badituzte gutxienez.
2.– Laguntzak eskatu ahal izateko, merkatarien elkarteek, taldeek eta federazioek behar bezala eratuta eta inskribatuta egon beharko dute dagozkien erregistroetan:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, uztailaren 29ko 145/2008 Dekretuak arautua, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Sindikatu Elkarteen Erregistroan, sindikatuen eta enpresaburuen elkarteen estatutuen gordailuari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuak arautua.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan, ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuak arautua, eta erregelamendu bidez eguneratutako datuekin.
Gremio-izaerako lurraldeko elkarteak edo taldeak b puntutik kanpo geratuko dira, betiere hiri-merkataritzako jarduerarekin lotutako zerbitzuetako profesionalak barne hartzen badituzte.
3.– Aurreko apartatuan aurreikusitako baldintzez gain, erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai dirulaguntza emateko unean, bai ordaintzeko unean.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak automatikoki egiaztatuko du erakundeak egunean dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai laguntza emateko ebazpena eman aurretik, bai ordainketak egin aurretik eta bai dirulaguntzaren likidazioa egin aurretik, berau justifikatu ondoren. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak.
b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik, sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.
d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, ezta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluaren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.
II. KAPITULUA
LAGUNTZAK
4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.
1.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, bulegoek merkataritzako banaketan espezializatuta egon behar dute, zerbitzuak doan eman behar dituzte eta haien jarduerek hiriko merkataritza-ekonomia sustatzea izan behar dute helburu. Horretarako, helburu hauek izan beharko dituzte: berrikuntzarekin, kalitate-prozesuekin eta teknologia berriekin lotutako prozesuen inguruko sentsibilizazioa eta zabalkundea; lankidetza horizontaleko (hiri-eremuetan) eta bertikaleko (banaketa-katean) lankidetza-prozesuen sustapena; emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren sustapena; enpresa-transmisioko eta ikaskuntzako prozesuen jarraipena eta sustapena; ondarea, kultura eta ingurumena iraunarazteko ekonomia bati lotutako estrategien garapena; hirugarren sektoreko estrategien sustapena udal- nahiz eskualde-mailan; eta kontsumitzaileentzako balio erantsia sortzen duten ekintzen garapena, xede-publikoaren fideltasuna lortzeko.
2.– Jardun-eremua zonakoa edo tokikoa, lurraldekoa edo gremiokoa izango da, agindu honen II. eranskinaren arabera.
3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta bulegoko teknikariak kontratatzeko kostuetarako erabiliko dira soilik.
5. artikulua.– Egikaritze-aldia.
Diruz lagunduko den proiektuaren egikaritze-aldia 2021. urtean hasi, eta 12 hilabetez jarraian egin beharko da: horietatik bat, gutxienez, 2021. urtean izango da.
Eskabidean ezingo dira sartu aurreko deialdian diruz lagundutako aldiak.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira, baldin eta zalantzarik gabe erantzuten badiote diruz lagundutako jardueraren izaerari, ezinbestekoak badira, eta deialdi honetan, dirulaguntzak emateko ebazpenean nahiz horiek izan ditzaketen aldaketetan ezarritako epean egiten badira.
2.– Agindu honetan aurreikusitako ondoreetarako, 18. artikuluan zehaztutako justifikazio-aldia bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa joko da egindako gastutzat.
3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izan daitezke:
a) Merkataritzako Bulego Teknikoko (aurrerantzean, MBT) teknikarien soldata-gastuak.
b) Erakundeak MBTko teknikariengatik ordaindu beharreko gizarte-aseguruak.
c) Erakundeak BGAE batean edo gizarte-aurreikuspeneko beste sistema batzuetan bulegoaren teknikarien alde egindako ekarpenak.
d) Kontratua egiteko edo bulegoaren teknikariei dagozkien nominak ordaintzeko erabili diren zerbitzu profesional independenteen kostuak: lan-, zerga- edo administrazio-arloko aholkularitza edo kudeaketa, baita laneko arriskuen arloko aholkularitza-kostuak eta MBTen jarduera estaliko duen erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea ere.
4.– Gastu horiek diruz lagundu ahal izango dira MBTko teknikari izateko kontratatutako pertsonak baldintza hauek betetzen dituenean:
– Goi-mailako unibertsitate-titulua izatea.
– Lanaldi osoan kontratatuta egotea.
– Gizarte Segurantzan altan egotea, eskatzailearen erakundean, proiektua hasten den unean.
– Kontratuko kategoria profesionala bat etorriko da, halaber, eskatutako titulu akademikoarekin.
– Ordainsari ekonomikoa, gutxienez, aplikatu beharreko hitzarmenean jasotakoa izango da.
– Kontratatutako pertsonari bere eginkizuna garatzeko behar duen ekipamendu material guztia helaraziko zaio: ekipamendu informatikoa, telefonoa eta abar.
5.– Gerora agertu diren arrazoiengatik soilik onartuko da teknikariak ordeztea edo beste batzuk kontratatzea, bulego bakoitzak eman behar duen zerbitzua betetzeko, kasu hauetan:
– Hasiera batean baimendutako pertsonak lanaldi-murrizketa eskatzen badu laneko eta familiako bizitza bateratzeko.
– Hasiera batean baimendutako pertsonak laneko baja hartzen badu.
– Hasieran baimendutako pertsonak kargua uzten badu.
Gertaera horrek ez du emandako dirulaguntza handitzerik ekarriko, eta agindu arautzaile honen 15. artikuluan araututako ebaluazio-batzordearen oniritzia izan beharko du.
Kontuan har dadin, 20. artikuluko 3. puntuan deskribatutako prozedurari jarraitu beharko zaio. Idazki bat aurkeztu beharko da gerora gertatu den egoera horren zergatiak azaltzeko eta hasieran diruz lagundutako baldintzak alda daitezela eskatzeko. Era berean, kontratazio berria egiten bada, kontratudun berriaren curriculum vitaea eta kontratu berriaren kopia ziurtatua erantsi beharko dira.
6.– Honako hauek ez dira hartuko diruz laguntzeko gastutzat:
– Joan-etorrietarako, mantenurako edo antzekoetarako gastuak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak deitutako bileretara eta/edo ekitaldietara joateko izan ezik.
– Lan-harremana amaitzearen ondoriozko kalte-ordainei dagozkion langile-gastuak.
7.– Aurreko apartatuetan aurreikusten ez den guztirako, honako arau hauetan ezarritakoa bete beharko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluak eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako lege horren erregelamenduko 83. artikulua.
7. artikulua.– Laguntza ekonomikoen zenbatekoa.
Bulegoaren zerbitzua beteko duen pertsona urtebetez lanaldi osoan kontratatzeko kostuen % 90era arte estal dezake laguntzaren zenbatekoak. Edonola ere, bulego bakoitzak jaso dezakeen gehieneko zenbatekoa ez da 40.000,00 eurotik gorakoa izango.
Diruz lagundu daitezkeen gastuei eta 40.000,00 euroko zenbatekoari % 90eko ehuneko-indizea aplikatu, eta bi kopuru horietan txikiena izango da emango den dirulaguntzaren zenbatekoa.
8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste zeinahi laguntzarekin, betiere helburua berbera baldin bada.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua, estatuko nahiz nazioarteko beste administrazio publiko edo erakunde pribatu edo publiko batzuetatik eskuratutako laguntzak edo dirulaguntzak batuta.
3.– Aurrekoaren ondorioetarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko beste finantzaketa-iturririk dagoen (edo ez) azaltzeko, eta oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskabideen zenbatekoa ere adierazi beharko da hor.
4.– Gehiegizko finantzaketa gertatuko balitz, agindu honen bidez emandako laguntza murriztuko da, gehiegizko zatiaren berdina izango den zenbatekoan.
9. artikulua.– Bulegoen jarduna.
Merkataritzako Bulego Teknikoek, dirulaguntza jaso ahal izateko, agindu honen I. eranskinean ezarritako jardun-eremuetako bat izan beharko dute.
Edonola ere, doako zerbitzua eskainiko diete beren eremuko saltokiei eta merkataritza-jardunarekin lotutako zerbitzuei hala eskatzen dutenean, elkartekideak izan zein ez.
Hizkera inklusibo ez-sexista erabiliko du diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatuko du.
10. artikulua.– Bulegoen kopurua.
Gehienez, 48 merkataritzako bulego teknikori emango zaie dirulaguntza, eta I. eranskinean adierazitako moduan banatuko dira.
III. KAPITULUA
PROZEDURA
11. artikulua.– Eskabideen aurkezpena eta epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta hura argitaratzen denetik hilabetera amaituko.
2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.
3.– Eskabidea eskuratu eta betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren bidez soilik egin daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/1026908
Elektronikoki nola izapidetu jakiteko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri. Era berean, eredu horien edukiak agindu honetako II. eranskinean daude jasota.
Espedientean sartzeko, errekerimenduak eta jakinarazpenak jasotzeko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu/)
4.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak eta Administrazioak urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.
6.– Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:
– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak), edo
– Behar bezala betetako eskabideari borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua erantsita: https://www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea
Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.
7.– Laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentuak aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
8.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuaren 26. artikulua betez, inguruabar hauek egiaztatu beharko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, baita eskabidean ere:
a) Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu diren, beste administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatu batetik etorriak direla ere.
b) Erakunde eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen arloan abian den inongo itzultze- edo zehapen-prozeduratan.
c) Erakunde eskatzaileak ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.
d) Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan erakunde onuradun izateko aurreikusten diren egoeretatik ezeinetan.
e) Ez dagoela Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4.5 eta 4.6 artikuluetan aurreikusitako debeku-egoeretan. Gainera, ez du inskribatzeko administrazio-prozedura geldiarazita eduki behar ez-zilegitasun penalaren zentzuzko aztarnak aurkitu direlako, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ebazpen judizial irmorik eman ez bada.
9.– Subjektu onuradunaren kalifikazioa lortzeko ezinbestekoa izango da, laguntza eman aurretik, zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzakoak egunean edukitzea eta, hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea; halaber, egoera horretan egon beharko da emandako dirulaguntza guztiz likidatzen den arte. Hortaz, hala dirulaguntza ematean nola dagozkion ordainketak egitean egiaztatuko da horiek guztiak betetzen direla.
Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntza emango duen organoari zuzenean ziurtagiri telematikoen bidez egiazta ditzan Dirulaguntzen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) aurreikusita dauden egoerak, zergaren eta gizarte-segurantzaren arloko betebeharrak betetzeari dagokionez; hori horrela, ez dira ziurtagiri horiek aurkeztu beharko.
10.– Era berean, eskabidea egin duen erakundeak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela, orobat, dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak.
11.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan egiaztatu ahal izango da eskaeran jasotako datuen egiazkotasuna. Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, erakunde eskatzaileak zehapen administratiboa edo penala jasoko du, zer araubide dagokion.
12.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen agindu arautzailean zehaztutako eskakizunak.
12. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko gainerako dokumentuena.
Laguntza-eskabidearekin batera, jarraian zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da.
1.– Hau da eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Jardun-eremua.
b) Dirulaguntza eskuratzeko aurkeztutako jarduketa-proiektuaren eta lan-planaren memoria laburtua. Plan hori egituratzeko, 14. artikuluko 2.I.B) puntuan («Jardueren kalitatea eta agindu honetako helburu eta betekizunekin bat etortzea») agertzen diren alderdiei jarraitu beharko zaie, banan-banan eta aipatutako ordenan. Hizkera inklusibo ez-sexista erabili beharko da eta, ahal den neurrian, sexuaren arabera banakatu beharko dira datu guztiak.
Horrela, burutzen diren ekintzek jarraian zehazten den formatua izango dute nahitaez:
– Ekintzaren deskribapena.
– Erakunde eskatzailearen esku-hartzea.
– Aukera eta erdiespenak neurtzeko adierazleak eta helburuak.
– Gauzatzeko egutegia.
– Bideratutako aurrekontua.
– Kontratatuko den teknikariaren esku-hartzea.
– Berdintasunarekin lotutako alderdiak. Beharrik bada, jarduera alderdi horretan nola txertatzen den eta zer zentzu duen azalduko da, baita genero-ikuspegia sartu den ere.
c) Fitxa bat osatuko da (III. eranskina) proposatutako ekintza bakoitzeko. Ekintza bakoitza 14. artikuluko 2.I.B) puntuan deskribatutako helburuetako batekin soilik lotuko da; hortaz, guztien artean nagusia aukeratuko da. Gainera, helburu bera ekintza batean baino gehiagotan erabili ahal izango da. Beraz, proiektuak zenbat ekintza izan, beste hainbeste fitxa erantsiko dira.
d) Kronograma bat, hilekakoa, aurreikusitako ekintza guztiak eta bulegoko teknikariak horietan emandako lanorduak biltzen dituen dirulaguntzaren aldiarena.
e) Kasuan-kasuan eskumena duen organoak hartutako erabakiaren ziurtagiria, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzei heltzeko.
f) Hauekin izenpetutako hitzarmenak: merkatarien elkarteekin edo banaketa-sektorearekin harremana duten erakundeekin, bulego teknikoaren zonako edo jarduera-eremuko enpresa eta erakundeekin, eta udalekin edo udalek sustatutako erakundeekin. Kasu horietan, aurreko apartatuan adierazitako ereduaren arabera aurkeztuko dute proiektua.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorreko edo EAEko Enpresa eta Sindikatu Elkarteen Erregistroko inskripzioaren ziurtagiria.
h) Merkatarien elkarte edo federazioen kasuan, dagokion Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren ziurtagiri eguneratua, erakunde eskatzailearen Merkatarien Elkarteen Erroldako inskripzioari buruzkoa, Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren araberako elkartekideen kopurua adierazita.
i) 2021eko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen aurrekontuak, behar bezala banakatuta, eta 2020ko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen kontuak, bazkideen kuotaren zenbatekoa ere zehaztuta. Udalen, garapen-agentzien edo horiek sustatutako garapenerako erakundeen eta tokiko beste erakunde batzuen kasuan, merkataritzaren eremuari buruzkoak izango dira dokumentu horiek.
j) Erakundearen aurkezpen labur bat egiten duen memoria (izan duen ibilbideari eta gaur egungo errealitateari egingo zaie erreferentzia, haren egitekoari, hartzaileei, egiturari, egindako jarduketa nagusiei eta lortutako emaitzei dagokienez). Bertan, bulego teknikoaren egoitza adierazi beharko da, baita proiektua garatzeko dituen bitarteko material eta tekniko, eta giza baliabide guztiak ere.
k) Bulegoaren pertsona arduradunaren curriculum vitaea, hauek adierazita: prestakuntza akademikoa, egindako ikasketen eta jarduera profesionalen zerrenda, euskarazko jakintza-maila, eskatzaileak interesekotzat jotzen duen bestelako merezimendu oro, hala nola egindako lanak, prestakuntza osagarria eta abar.
l) Lan-bizitzaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzak egina, lan-esperientzia egiaztatzeko.
m) Titulu akademikoaren kopia, edo titulua egiteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren kopia.
n) Euskara ezagutzen duela egiaztatzea, hizkuntza-ziurtagiriak emateko baimena duen erakunde ofizial batek emandako ziurtagiriaren edo tituluaren kopiaren bidez.
o) Beste prestakuntza ofizial egiaztatzeko dokumentu oro, eskola-orduak jasotzen dituztenak. Ez dira kontuan hartuko ikastaro ez-ofizialak edo ordu kopurua adierazita ez daukaten ikastaroak.
p) Bulego Teknikoaren arduradunarentzat zenbatetsi den soldata-kostua, eta aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren jakinarazpena.
q) Hiri-merkataritzako plataforma, elkarte multzo edo elkarteko idazkariaren ziurtagiria, zeinetan honako hauek jasoko baitira: kideen zerrenda, eskabidea-epea hasi zen hilabetearen aurrekoan eguneratua, eta azken ekitaldian bildutako kuotak. Enpresen zerrenda sexuaren arabera banakatu behar da; alegia, merkataritza-enpresa kideetako titular emakumezkoak adieraziko dira, alde batetik, eta titular gizonezkoak, bestetik.
r) Aurreko deialdian dirulaguntza jaso badu, aurkeztutako proiektuan proposatutako jardueren betetze-mailari buruzko memoria laburtua, aurreikusitako eta azkenean gauzatutako ekintza eta ordu kopurua adierazita, onartutako proiektuan ezarritako edo, halakorik izan ezean, egokitzat jotako indize edo adierazleak erabiliz.
s) Aurreko deialdian dirulaguntzarik jaso ez bada, merkataritzarekin lotuta garatu diren ekintzen memoria laburtua, bereziki administrazio publiko honek edo beste batek diruz lagundutakoak, edo 2020ko urritik 2021eko irailera bitartean agindu honetan diruz laguntzeko modukotzat jotzen direnak.
t) Identifikazio fiskalaren txartelaren fotokopia.
u) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko dokumentuak; horretarako, eraketa-eskrituraren kopia, estatutuena eta erregistroko inskripzioarena ekarriko ditu.
2.– Halaber, t) eta u) letretan jasotako bi dokumentuak aurkezteko, gogorarazten da erakunde eskatzaileek eskubidea dutela dokumenturik ez ekartzeko, jarduneko administrazioaren esku badaude edo beste administrazio batek egin baditu, betiere, kontuan izanik zer idazketa eman dien Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren, azken xedapenetako 12.ean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 eta 28.3 artikuluei. Horretarako, dokumentu horiek zer administrazio-organori eta noiz eman zizkion adierazi beharko du erakunde eskatzaileak. Salbuespenez, administrazio publikoek ezin badituzte eskuratu aipatutako dokumentuak, berriz eskatu ahal izango diote eskatzaileari ekar ditzala.
3.– Nolanahi ere, Merkataritza Zuzendaritzak beste dokumentu edo informazio oro eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
4.– Dirulaguntza kobratzeko, eta erakunde onuradunaren bankuari edo izen sozialari buruzko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi badira, hirugarrenari alta egiteko datuak eman beharko dira, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/)
13. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eta dokumentazioan akatsak zuzentzea.
1.– Eskabidea ez bada osorik bete, harekin batera ez bada aurkeztu nahitaezko dokumentazioa edo akats, hutsegite edo zehaztasunik eza antzematen bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Jakinarazpenak eta zuzenketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu/
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den erakunde interesdunaren eskura jakinarazitako egintzaren edukia. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, betiere ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta ez bada egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
14. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Laguntzak emateko lehiaketa-prozedura erabiliko da, kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan xedatutakoa.
2.– Baldintza guztiak betetzen dituzten eskabideak, 100 puntuko guztizko puntuazioari dagokionez, ondoko irizpide eta neurrien arabera baloratuko dira:
I.– Proposatutako jarduketa-proiektua (50 puntu gehienez).
A) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea, oro har: 5 puntu gehienez.
B) Jardueren kalitatea eta agindu honetako helburu eta betekizunekiko egokitasuna: 45 puntu gehienez, apartatu hauekin:
a) Kalitatearen eta teknologia berrien aldetiko prozesuen gaineko sentsibilizazioa eta zabalkundea: 5 puntu gehienez.
b) Lankidetza horizontaleko (hiri-eremuak) prozesuak bultzatzea: 5 puntu gehienez.
c) Lankidetza bertikaleko (banaketa-katea) prozesuak bultzatzea: 5 puntu gehienez.
d) COVID-19ak sortutako egoeraren ondorio ekonomikoak arintzeko ekintzak edo estrategiak sustatzea: 5 puntu gehienez.
e) Berrikuntzarekin lotutako prozesuen sentsibilizazioa eta zabalkundea: 5 puntu gehienez.
f) Enpresa-transmisioko eta ikaskuntzako prozesuen jarraipena eta sustapena: 5 puntu gehienez.
g) Ondarearekin, kulturarekin eta ingurumenarekin jasangarria den ekonomia batekin lotutako estrategien garapena: 5 puntu gehienez.
h) Hirugarren sektoreko estrategien sustapena udal eta/edo eskualde mailan: 5 puntu gehienez.
i) Kontsumitzaileentzako balio erantsia sortzen duten ekintzen garapena, xede-publikoaren fideltasuna lortzeko: 5 puntu gehienez.
II.– Proposatutako egoitza: 8 puntu gehienez.
A) Proposatutako egoitzaren merkataritza-dentsitatea: 4 puntu.
B) Kokalekuaren hurbiltasuna eta irisgarritasuna: 4 puntu gehienez.
a) Kalean bertan: puntu 1.
b) Merkataritza-ingurunea: puntu 1.
c) Kanpotik ikusteko eta identifikatzeko modukoa: puntu 1.
d) Arreta-ordutegi doitua, merkataritza-ordutegiekin bateragarria: 1 puntu.
III.– Langileak: 12 puntu.
A) MBTko teknikariak: 11 puntu gehienez.
a) Euskara: 3 puntu gehienez.
i) 3 puntu C2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
ii) 2 puntu C1 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
iii) Puntu 1 B2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
b) Unibertsitate-titulu ofiziala: gehienez puntu 1 Zientzia Juridiko eta Sozialen adarreko lehentasunezko unibertsitate-titulu ofizial bat bada, merkataritzaren eta enpresaren arlokoa.
c) Beste titulu ofizial batzuk: puntu 1 gehienez.
i) 0,25 puntu beste unibertsitate-titulu bakoitzeko.
ii) 0,5 puntu master ofizialeko titulu bakoitzeko.
Puntuazio hori Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparrua ezarri aurretik lortutako lizentziaturei aplikatuko zaie.
Puntuazio hori bi bider handituko da Zientzia Juridiko eta Sozialen adarreko lehentasunezko unibertsitate-titulu ofizial bat bada, merkataritzaren eta enpresaren arlokoa.
d) Beste prestakuntza ofizial bat: puntu 1 gehienez.
i) 0,5 puntu merkataritzako beken programako prestakuntza-ikastaro bakoitzeko.
ii) 0,5 puntu 600 ordutik gorako master edo graduondo ez-ofizial edo ikastaro ofizial bakoitzeko.
iii) 0,25 puntu 150 eta 599 ordu bitarteko master edo graduondo ez-ofizial edo ikastaro ofizial bakoitzeko.
e) Laneko esperientzia: 5 puntu gehienez. 0,5 puntu MBTko arduradun gisa egindako urte bakoitzeko; 0,25 puntu merkataritza-sektoreko edo lotutako arloetako esperientzia-urte bakoitzeko.
B) Laguntza-taldea: puntu 1 gehienez.
i) Puntu 1 beste teknikari edo goi-mailako langile bakoitzeko.
ii) 0,25 administrari edo maila baxuagoko langile bakoitzeko.
IV.– Jardun-eremuko erakundeen inplikazioa proiektuarekiko: publikoak merkatarien elkarte eta federazioen kasuan, edo pribatuak udalen edo garapen-erakundeen kasuan. 5 puntu.
V.– Proiektuan genero-ikuspegia sartzea: 5 puntu gehienez.
A) Proiektua genero-ikuspegia kontuan harturik planifikatu, garatu eta ebaluatzea: 3 puntu arte.
Erakunde eskatzaileak genero-ikuspegia txertatzea proiektuan zehar: hau da, sistematikoki kontuan hartzea emakume eta gizonen egoera, baldintza eta premia desberdinak; barnean hartzea desparekotasunak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko helburuak eta berariazko jarduketak; eta proiektuan nola txertatu den identifikatu eta balioetsi ahal izateko irizpideak eta indize ebaluagarriak ezartzea.
B) Erakunde eskatzailearen gobernu-organoan kideen artean genero-parekotasuna dagoela egiaztatzea: 2 puntu.
VI.– Aurreko ekitaldian garatutako jardueren gauzatze-maila frogagarria justifikatzea: 17 puntu gehienez.
A) 2020ko ekitaldian erakundea onuradun izan bazen, justifikatu egin beharko dira egindako ekintzen kopurua, garrantzia, koherentzia eta gauzatze-maila, aurkeztutako proiektuari dagokionez, eta hiru hilean behingo txostena aurkezteko betebeharra bete den. 12 puntu gehienez.
B) Erakundeak 2020ko deialdian dirulaguntzarik jaso ez bazuen, merkataritzarekin lotuta garatu zituen ekintzen kopurua, garrantzia eta koherentzia aurkeztuko dira, bereziki Administrazio Publiko honek edo beste batek diruz lagundutakoak, edo 2020ko urritik 2021eko irailera bitartean agindu honetan diruz laguntzeko modukotzat jotzen direnak. 15 puntu gehienez.
Bi kasuetan, bazkideen kuoten bidez egindako gastuaren estaldura: 5 puntu.
VII.– Erakunde eskatzailea elkarte, federazio edo elkarte multzo bat bada: 3 puntu.
3.– I. irizpidean (Proposatutako jarduketa-proiektua) gutxienez 25 puntu eta irizpide guztiak batu ondoren guztira 50 puntu edo gehiago lortzen duten eskabideek soilik jaso ahal izango dute dirulaguntza.
4.– Aurkeztutako proiektuko ekintza bakar bat ere ez da baloratuko I.B. apartatu batean baino gehiagotan (Jardueren kalitatea eta Aginduaren helburu eta betekizunekin bat etortzea).
5.– Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskabide guztiak alderatuko dira eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko, agindu honek I. eranskineko zona bakoitzerako ezartzen dituen hautaketa- eta balorazio-irizpideak kontuan harturik.
6.– Balorazio onena atera duten eskabideek jasoko dute dirulaguntza, balorazio horren ondorioz atera den ordenaren eta puntuazioaren arabera, deitutako bulegoen kopurua osatu arte.
7.– Dirulaguntzen zenbatekoa 7. artikuluan deskribatutako prozeduraren arabera erabakiko da, ezarritako gehieneko dirulaguntza-zenbatekoak eta aurrekontu-zuzkidurak errespetatuz.
15. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
Ebaluazio-batzorde batek espedienteak aztertuko ditu, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, 14. artikuluan jasotako irizpide eta haztapenen arabera baloratuko ditu, eta prozedura ebazteko proposamena egingo dio eskumena duen organoari, eman beharreko laguntzak eta ukatu beharreko eskabideak jasota.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzari atxikitako bost pertsona hauek osatuko dute ebaluazio-batzordea:
– Merkataritza Zuzendaritzako Antolamendu, Sustapen eta Lehiakortasuneko arduraduna izango da batzordeburu. Haren ordezkoa Merkataritza Zuzendaritzako teknikari bat izango da.
– Merkataritza Zuzendaritzako teknikari bat, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin; batzordearen idazkari-lanak egingo ditu.
– Lurralde-bulego bakoitzeko Merkataritza Zuzendaritzako teknikari bat.
Eskabideak I. eranskinean adierazitako zona bakoitzerako baloratu ostean, ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Merkataritzako zuzendaritzako titularrari. Proposamen horretan, emango edo ukatuko dituen dirulaguntzak adieraziko ditu batzordeak, eta, emango dituen dirulaguntzen kasuan, datu hauek zehaztuko ditu: erakunde onuradunen izen soziala, proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza horren banaketa, urteka. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, erakunde eskatzaileen izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.
16. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.
1.– Aurkeztutako eskabideak dagokien prozeduraren bidez izapidetuko dira. Merkataritzako Zuzendaritzako titularrari dagokio horiek ebatzi eta jakinaraztea, ebaluazio-batzordearen proposamenari jarraituz.
2.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta jakinarazitzat emango da argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Honako hau da iragarki-taulan sartzeko helbidea: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/
Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira: (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu/)
Aurrekoa gorabehera, organo kudeatzaileak ohar edo komunikazioak bidaliko dizkie interesdunei, mezu elektroniko bidez edo SMS bidez, eskabidean adierazi dituzten helbide elektroniko edo telefono mugikorretara. Abisu horiek ez dira inoiz jakinarazpentzat hartuko.
3.– Lau hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
4.– Laguntza emateari buruzko ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
5.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzen erakunde onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.
6.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eman edo, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da 11. artikuluko 9. puntuan ezarritako betebeharrak betetzea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.
7.– Merkataritza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea, agindu honetan bertan beste organo batzuei berariaz izendatzen zaizkien gaietan izan ezik.
17. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
Honela ordainduko dira dirulaguntzak:
a) Lehen ordainketa, hots, emandako dirulaguntzaren % 50 19.a) artikuluan aurreikusitako epea igarotzean ordainduko da, tartean berariaz dirulaguntzari uko egin ez bazaio. Erakunde onuradunak aldez aurretik aurkeztu beharko du zerbitzua emateko kontratuaren kopia ziurtatua, dirulaguntza emateko jakinarazpena iragarki-taulan argitaratu eta hilabeteko epean gehienez, eta diruz lagundutako epe osoan zehar egon beharko da indarrean.
b) Bigarren ordainketa, hots, emandako dirulaguntzaren % 30 erakunde onuradunak sei hilean behingo jarraipen-txostena aurkeztu ondoren ordainduko da, 19.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.
c) Gainerakoa, hots, emandako dirulaguntzaren % 20a erakunde onuradunak dirulaguntza justifikatzeko eskatu zaion dokumentazioa aurkeztu ondoren ordainduko da, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.
d) Ordainketa horiek egingo dira, baldin eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean baditu.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Justifikaziora sartzea eta berori betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
2.– Deialdi honetako justifikazio-agiriak jasotzeko epea dirulaguntza jaso duen jarduera amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan amaituko da, edo, beranduenez, 2022ko abenduaren 31n. Epe hori igaro eta dokumenturik aurkeztu ez bada, hamabost eguneko epe luzaezina emango zaio erakunde onuradunari, agiriak aurkez ditzan. Ezarritako epean justifikazio-agiririk aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko dira.
3.– Erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta laguntzaren helburua lortu dutela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, agindu honetako IV-A eranskinaren (Jardueraren memoria) eta IV-B eranskinaren (Jardueraren memoria ekonomikoa) arabera:
a) Egindako jardueraren memoria xehea, diruz lagundutako jarduketak benetan egin direla ziurtatuta: garapena eta ebaluazioa. Memoria horretan adierazi beharko da zenbateraino bete diren lortu nahi ziren helburuak, eta ahal dela, sexuaren arabera banakatuta aurkeztuko dira datu guztiak.
b) Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, honako hauek jasota:
– Diruz lagundutako jardueraren gastuak eta diru-sarrerak. Orobat adierazi beharko da helburu bererako jaso den beste laguntza edo dirulaguntza bat.
– Proiektua gauzatzeko egin diren gastu guztien zerrenda sailkatua. Barnean sartuko da gastuak egiaztatzeko dokumentu guztien zerrenda, eta gutxienez honako hauek adieraziko dira: dokumentu mota, identifikazioa, igorlea, igorpen-data, zenbatekoa, ordainketa-data eta ekintza bakoitzari egotzitako ehunekoa.
– Proiektuaren gastu guztien frogagiriak: bulegoko arduradunen nominak, gizarte-segurantzara egindako kotizazioak, aurkeztutako PFEZ aitorpenak, BGAEetara edo gizarte-aurreikuspeneko beste sistema batzuetara egindako ekarpenak, eta profesional independenteen fakturak, horietako bakoitzaren ordainketa egiaztatzeko dokumentuekin batera.
c) Eskabidea aurkeztu ondoren xede bererako lortu diren beste laguntza edo dirulaguntza guztien zerrenda.
4.– Kasu guztietan, Merkataritza Zuzendaritzak eskatzen duen beste dokumentu bat aurkeztu beharko da, justifikatutako jarduketak osorik egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen bada.
5.– Emandako dirulaguntza likidatzeko, justifikatutako gastuak aztertuko dira, eta egiaztatuko da laguntzaren xede diren jarduketek agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta diruz lagundutako proiektura egokitzen direla.
6.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada zuzendu daitezkeen akatsak daudela dirulaguntzaren erakunde onuradunak aurkeztu dituen justifikazio-agirietan, erakunde onuradunari inguruabar hori jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko.
7.– Hala ere, dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira eta horrek emandako dirulaguntza gutxitzea badakar, Merkataritzako zuzendariari dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari, aurkeztutako dokumentazioa zuzen dezan, hala badagokio.
8.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritzako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, teknikarien txostena kontuan hartuta.
19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrez, Dirulaguntzei buruzko 38/2003, azaroaren 17ko Lege Orokorraren 14. eta 45. artikuluetan jasotakoez eta indarreko araubideak adierazitako gainerako betebehar aplikagarriez gain, agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten dirulaguntza eman zaien jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea eta aurkeztutako proiektua esleitutako eremuan gauzatzea.
c) Esleituta duten eremuko elkarte eta merkatari guztiei doan zerbitzu ematea. Alderdi horretan, merkatariak eta elkarteak ez dira nahitaez erakunde onuraduneko bazkide izan beharko onuradunak dirulaguntzaren esparruan eskaintzen dituen zerbitzuak eskuratzeko.
d) Eskabideen aplikazio informatiko beraren bidez, https://www.euskadi.eus/micarpeta helbidearen bitartez eta lehen seihilekoa amaitu osteko 15 egun naturalen barruan, txosten bat sartzea epealdi horren barruan bulego teknikoak egindako jarduerei buruz, eta, halaber, planteatutako helburuetan egindako aurrerakuntzari buruzko balorazioa, bai eta, hurrengo seihilabetekoari begira, ekintzen orientazio-aldaketa posiblea ere.
e) Merkataritza Zuzendaritzak deitzen dituen bileretara, hitzaldietara eta prestakuntza- edo teknifikazio-ikastaroetara joatea, kontratatutako teknikariaren bitartez, gainerako bulegoekin esperientziak eta jardunbide egokiak trukatu ahal izateko.
f) Merkataritza Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea, eskabidea egiteko unean nahiz ondoren, inguruabarren bat aldatu bada eta eragina badu dirulaguntzak emateko eskatzen eta kontuan hartzen diren baldintzetako batean. Jakinarazpena 15 eguneko epean egingo da gehienez, aldaketa hori eragiten duten inguruabarrak gertatu ondoren.
g) Dirulaguntza emango duen erakundeari egiaztatzea laguntza jasotzeko eskakizun eta baldintza guztiak betetzen direla, eta gauzatu dela dirulaguntza emateko edo baliatzeko arrazoia izan den jarduera, 18. artikuluak zehaztutakoaren arabera.
h) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jardueren garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.
i) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea.
j) Lan-arloko araudia betetzea, baita aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa ere, halakorik bada.
k) Hizkera ez-sexista erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako egintza guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatuko du.
l) Erakunde onuradunek berariaz aipatu beharko dute dirulaguntza jaso dutela, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logotipoa jarrita bulegoaren jarduketa guztietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutakoaren arabera. Era berean, bulego teknikoaren presentzia beti eta ondo ikusteko moduan identifikatu beharko dute, bai gaztelaniaz eta bai euskaraz.
m) Kontratatutako pertsonari bere eginkizuna garatzeko behar duen ekipamendu material guztia helaraziko zaio: ekipamendu informatikoa, telefonoa eta abar.
20. artikulua.– Dirulaguntzarako baldintzak aldatzea.
1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, edo ondoren berariaz onartutako aldaketak aldatu badira, halakorik izanez gero, eta edonola, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira aldi berean, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza emateko erabakia aldatu egin ahal izango da, baldin eta dirulaguntzaren helburua bete dela ulertzen bada, eta dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak gorde badira.
2.– Horretarako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren zerbitzu teknikoen proposamenari jarraituz, Merkataritza Zuzendaritzako titularrak dagokion ebazpena egingo du emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko; hala ere, horrek ez du berekin ekarriko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea. Hala badagokio, adieraziko du ordaindutako dirulaguntzatik zenbat itzuli behar den, eta erakunde onuradunak jaso dituzten gehiegizko zenbatekoak itzultzera behartuta geratuko dira.
3.– Bulegoko arduraduna ordezkatzeko, 6. artikuluko 5. puntuari jarraituz, edo dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan beste aldaketaren bat egiteko, aldaketa-eskabidea bat aurkeztu beharko da, eta aski justifikatu beharko da, eskabide horretan nahiz horrekin batera aurkeztutako memoria batean, ez dela oinarrizko aldaketarik egin dirulaguntza emateko funtsezkoak edo erabakigarriak izan diren alderdietan, eta ez dela urratu hirugarrenen interesik.
Eskatutako aldaketa justifikatzeko kausak suertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, gehienez 15 egun naturaleko epean eta, nolanahi ere, gauzatzeko eta justifikatzeko epea amaitu aurretik.
Aldaketa-eskabidean, edo horrekin batera aurkeztutako dokumentazioan, argi eta garbi jaso behar da zergatik aldatu diren laguntzaren baldintzak, eta zehatz-mehatz azaldu behar da zer betebehar berri hartuko diren aldaketa onartzen bada, eta zer baldintza bete beharko diren. Inguruabar horiek egokiak, dokumentatuak, proportziozkoak eta zentzuzkoak izan beharko dira, eta hala egiaztatuta geratu beharko dira eskabidean.
21. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioaren ebazpena.
1.– Dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Merkataritza Zuzendaritzako titularrak dagokion likidazio-ebazpena emango du kasu hauetan:
a) Dirulaguntzaren justifikazioan beheranzko desbideratze bat badago, % 20tik beherakoa, eskabidean zenbatetsitako eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako soldata-kostuan, eta dirulaguntza txikiagoa badagokio 7. artikuluak dirulaguntza kalkulatzeko ezartzen dituen irizpideak aplikatu ondoren, berriz kalkulatuko da dirulaguntza, hasieran zenbat emango zen kalkulatzeko erabilitako irizpide berberak aplikatuz, eta hala badagokio, adieraziko da ordaindutako dirulaguntzatik zenbat itzuli behar den, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.
b) Justifikazioko desbideratzea % 20koa edo handiagoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egin daiteke, emandako dirulaguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla justifikatzen denean izan ezik. Bigarren kasu horretan, aurreko lerrokadan aurreikusitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
2.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritzako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, teknikarien txostena kontuan hartuta.
22. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Hauek dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntzak, osorik edo zati batean, agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharretakoren bat ez betetzea.
c) Emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.
2.– Enpresa onuradunak ez badu betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 37. artikuluan xedatzen dena, deialdi honetan eta betetzekoak diren gainerako arauetan ezarritako eskakizunak eta, hala dagokionean, ebazpenean ezartzen diren eskakizunak, organo eskudunak ez-betetze horri buruzko txostena egingo du, eta, ondoren, interesdunari entzungo dio. Hari entzun ondoren, ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza eskuratzeko eskubide osoa edo partziala iraungi zaiola, eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta berandutze-interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, osorik edo partzialki, betearazpen-mailarekiko modu proportzionalean, aintzat hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen berme eta itzultzeei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen dutena, eta, itzultze partzialen kasuan, 38/2003 Legearen 37. artikuluan aipatutakoak arautzen duena, egoki diren gainerako ekintzen kalterik gabe. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
3.– Dirulaguntzarako eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko prozedura administrazioko arau-haustea eragin duten gertakarien ondorioz hasten bada, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakari horiek, dagokion zehapen-prozedurari hasiera eman diezaion.
23. artikulua.– Ikuskaritza.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jarduketen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola, betiere beren eginkizunak egikarituz, jasotako laguntzei dagokienez.
24. artikulua.– Datu pertsonalak.
Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.
Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Lege hauek aplikatuko dira: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta prozedura-arloan, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
Horrek ez du galaraziko hauetan xedatutakoa: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bietan ala bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 5(a).
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.