Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2021eko urriaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5217

EBAZPENA, 2021eko irailaren 20koa, Justizia Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren arteko akordioa, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren funtzionamendurako beharrezko hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko zenbait jarduera agintzeko.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Osakidetzak sinatu dute akordio hori, eta, dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren arteko akordioaren testu osoa, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren funtzionamendurako beharrezko hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko zenbait jarduera agintzekoa.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 20a.

Justizia Administrazioko zuzendaria,

JON ARTURO URIARTE UNZALU.

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILAREN ARTEKO AKORDIOA, AUZITEGI MEDIKUNTZAKO EUSKAL INSTITUTUAREN FUNTZIONAMENDURAKO BEHARREZKO HORNIDURAK EA ZERBITZUAK KONTRATATZEKO ZENBAIT JARDUERA AGINTZEKO
BILDU DIRA

Batetik, Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren (aurrerantzean, Osakidetza) Administrazio Kontseiluko presidente gisa eta ente publiko horren izenean. Horretarako eskumenak azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan jasota dauden Osakidetza ente publikoaren Estatutu Sozialetako 7. artikuluak ematen dizkio.

Bestalde, Beatriz Artolazabal Albéniz andrea, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) 13. artikuluan, urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) 4. artikuluan, eta irailaren 7ko 28/2020 Dekretuak (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izendatzekoak) artikulu bakarrean aurreikusitako eskumenen arabera.

Alderdiek, zeinak bere ordezkaritzan, elkarri aitortzen diote akordio hau sinatzeko gaitasun nahikoa, eta hori dela bide, honako hau,

AZALTZEN DUTE

Lehenengoa.– Uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 479.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, auzitegi-medikuntzako eta auzitegi-zientzietako institutuak organo teknikoak dira, Justizia Ministerioari edo gai horretan eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoei atxikita daudenak. Institutu horien zeregin nagusia da beren diziplina zientifiko eta teknikoaren eremuan Justizia Administrazioa laguntzea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 35.3 artikuluan, 13.1 artikuluarekin lotuta, Autonomia Erkidegoari ematen dizkio Justizia Administrazioaren beharrei erantzuteko eskumenak.

Era berean, azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretutik eta martxoaren 1eko 410/1996 eta martxoaren 15eko 514/1996 Errege Dekretuek egindako eskualdatzeetatik eratorritako aurreikuspenek aukera ematen dute Justizia Administrazioaren behar horien araberako garapen egokiagoa egiteko, eskualdatutako eginkizunak bete eta garatzeko eskumena Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari egotzita.

Hala, urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) 2.B artikuluan jasotzen duenez, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua (aurrerantzean, AMEI) sail horri atxikita dago.

Hirugarrena.– Abenduaren 1eko 328/1998 Dekretuaren bidez, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua sortu zen, eta haren izaera eta funtzioak ezartzen dira 2. artikuluan. Horren arabera, organo tekniko horren eginkizuna epaitegi, auzitegi, fiskaltza eta abarrei laguntzea da, peritu-proba medikoak eginez, bai tanatologikoak, bai klinikoak, bai laborategikoak.

Egiturari dagokionez, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua honako hauek osatzen dute: batetik, zuzendaritza batek, haren menpe dagoelarik Auzitegi Laborategi Nagusia, eta, bestetik, hiru zuzendariordetzak, horiei atxikita daudelarik Klinika Orokorreko Zerbitzuak, Auzitegi Klinikako Zerbitzuak eta Auzitegiko Patologiako Zerbitzuak, hurrenez hurren.

Laugarrena.– Azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak (Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Estatutuak ezartzen dituenak) 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren erakunde nagusiaren buru izango da erakunde horren zuzendari nagusia, kudeaketako zuzendaritza-kargu gorentzat jotzen dena, Antolamendu Sanitarioaren Legearen 27. artikuluaren araubideari lotuta, eta 20. artikuluan arautuko da kontratazioaren araubide organikoa:

1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren eta haren zerbitzu-erakundeen eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeko eta eskuratzeko araubide orokorra Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko 13/1995 Legean ezarritakoa izango da (orain Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legea).

2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko kontratazio-organoak izango dira zuzendari nagusia edo zuzendari-kudeatzailea, edo hark eskuordetzen duen taldeko zuzendaritza-kargua, erakunde publikoak aitortuta dituen erakundeetako bakoitzaren arabera. Nolanahi ere, erakunde publikoko zuzendari nagusia edo hark eskuordetzen duen erakunde zentraleko zuzendaritza-kargua izango da eskumena bereganatzeko, kontratazio zentralizatuak egiteko eta dagozkion hornidurak erosteko eskumena izango duen kontratazio-organoa, erakunde publikoko Administrazio Kontseiluak gai horri buruz ezartzen dituen jarraibideen arabera.

Bosgarrena.– Uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuak (Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren erakunde sanitario integratuei buruzkoak) 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, «ESIak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren mendeko zerbitzu sanitarioen erakunde gisa egituratzen dira, osasun-zerbitzuak hornitzeko jarduera gauzatzeko. Hala, lotu egiten dira lehen mailako arretako asistentzia-gailuak eta -prozesuak eta ospitaleko arretakoak, pazientearen asistentzia-prozesuan beharrezkoa den integrazio klinikoari bidea emateko; hartara, osasun-arreta pertsonaren inguruan antolatuko da, hura baita asistentzia-jardueraren helburu».

Seigarrena.– Aipatutako arauaren 7. artikuluaren 1. zenbakiak xedatzen duenez, «ESIaren Gerentziako Zuzendaritza ESIaren hierarkia zuzentzeaz nahiz ospitaleen eta lehen mailako arretako unitateen kudeaketa koordinatzeaz arduratzen da», eta 2. zenbakiak xedatzen duenez, «Gerentziako zuzendaria zuzendaritzako kargutzat hartzen da, honako hauetan ezarritakoari lotuta: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 27. artikuluaren araubideari eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean xedatutakoari».

Zazpigarrena.– Arau horren beraren 8. artikuluaren arabera, Gerentziako Zuzendaritzari dagozkio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuen –azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bidez onetsiak– 15.1 artikuluan emandako eskuduntzak gauzatzea, baita eginkizun hauek gauzatzea ere:

a) ESIaren ordezkari ofizial gisa aritzea, eta erakunde hori osatzen duten zerbitzu eta unitateen gaineko agintea edukitzea.

h) Langileen buru izatea. Nolanahi ere, aintzat hartuko dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Estatutuetan –azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bidez onetsiak– giza baliabideen kudeaketa-arloan Erakunde Zentralari ematen zaizkion ahalmenak.

i) Giza baliabideak, baliabide materialak, teknologikoak, finantzarioak eta ingurumen-baliabideak antolatzea ESIaren esparruan.

Zortzigarrena.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak uste du onuragarria eta beharrezkoa dela administrazio-jarduera arrazionalizatzea, AMEIren zerbitzu klinikoen, patologia-zerbitzuen eta auzitegi-laborategiaren funtzionamendurako beharrezkoak diren zerbitzuak eta hornidurak kontratatzeko gastu publikoaren eraginkortasunari eta arrazionalizazioari begira, eta egokia da jarduera hori Osakidetzari agintzea, Arabako ESIren Kontratazio Zerbitzuaren bidez, erakunde horrek ezagutza teknikoa eta baliabide egokiak dituenez, baldintza egokiak betetzen dituelako AMEIk bere jarduerarako behar dituen horniduren eta zerbitzuen kontratazioa kudeatzeko, eraginkortasuna, bizkortasuna eta arrazionalizazio ekonomikoa betez.

Bederatzigarrena.– Azaldutako argudioek Osakidetzako Arabako Erakunde Sanitario Integratuari, bere Kontratazio Zerbitzuaren bidez, kontratazio hori kudeatzeko behar diren funtzio teknikoak eta administratiboak emateko beharraren eta komenigarritasunaren alde egiten dute, akordio honetan adierazitako baldintzetan, Osakidetzak beharrezko baliabideak/bitartekoak/gaikuntza teknikoa dituelako aipatutako Zuzendaritzak behar duen kontratazio publikoa kudeatzeko, eraginkortasuneko, bizkortasuneko eta arrazionalizazio administratibo eta ekonomikoko baldintzetan.

Hamargarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.1 artikuluan, honako hau xedatzen du: «Administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitateen gomendio utz daitezke, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, efikaziari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».

Hori horrela, Arabako ESIko Kontratazio Zerbitzua –Osakidetzakoa den eta Vitoria-Gasteizen kokatzen den erakundea denez gero– organo egokitzat jotzen da agindu hori betetzeko. Izan ere, erakunde eskatzailearekiko fisikoki hurbil egoteaz gain, giza baliabide eta bitarteko material egokiak eta beharrezkoak ditu xede horretarako, AMEIk bere funtzionamendu egokirako behar dituen zerbitzu edo hornidura berdinak edo antzekoak kontratatzen baititu bere ohiko jarduerarako. Horrek kontratazioa eta erosketa arrazionalizatzen eta antolatzen laguntzen du, eta, horrez gain, kontratu-jardueran eraginkortasun handiagoa lortzen, bai kudeaketaren ikuspegitik, bai ikuspegi ekonomikotik, baldintza ekonomiko onuragarriak lortu baitaitezke, gastu publikoa murriztu ahala.

Beraz, Arabako ESIko Kontratazio Zerbitzuaren kontratazio-logistikan AMEIren beharrak sartzea onargarria da, egitura berrietara jo beharrik gabe eta egungo kontratazio-prozedurak aldatu beharrik gabe. Edonola ere, bete egingo dira Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen eta aplikatu beharreko gainerako kontratu-araudiaren araberako arauak.

Horregatik guztiagatik, bildutakoek, esku hartzen duten ordezkaritzan, kudeaketa-aginduaren akordio hau formalizatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Akordioaren xedea.

Akordio honen xedea honako hau da: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Osakidetzaren aldeko kudeaketa-agindu bat eratzea, Arabako ESIko Kontratazio Zerbitzuaren bitartez, AMEIren funtzionamendurako beharrezkoak diren hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko.

Horrela, Osakidetza zuzenbide pribatuko ente publikoari esleitzen zaio, bere Erakunde Sanitario Integratuaren bidez (Arabako ESI), administrazio-kontratazioari buruzko legeriak kontratazio-organoari esleitzen dizkion zenbait ahalmen gauzatzea, baldin eta ahalmen horiek, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eskumenekoak izanik, beharrezkoak badira Sailari atxikitako Institutu horren funtzionamendurako behar diren hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko.

Bigarrena.– Alderdien betebeharrak.

1.– Osakidetzak garatu beharreko jarduerak.

Osakidetzak bere gain hartuko ditu Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren administrazio-kontrataziorako beharrezkoak diren funtzio teknikoak eta administratiboak, aipatutako Zerbitzu Zuzendaritzak uste baitu horiek Osakidetzaren bidez egiteak eraginkortasun eta arrazionalizazio ekonomiko eta administratibo handiagoa ekarriko duela, modu iraunkorrean edo zirkunstantzialean. Eta, bereziki:

a) Kontratua prestatzeko jarduerak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak adierazitako premien arabera.

b) Espediente bakoitzean bete behar diren klausula berezien aginduak (teknikoak eta administratiboak) prestatzeko lanak.

c) Kontratazio-espedientea izapidetzeko eta kudeatzeko lanak, bai eta eskaintzak baloratzeko txostenak eta esleipen-ebazpenaren proposamena egiteko lanak ere.

d) Dagozkion kontratu-dokumentuak prestatzeko lanak, alderdi sinatzaileek sinatu ditzaten.

e) Kontratuen gorabeherak izapidetzeko eta kudeatzeko lanak: kontratuen aldaketak, ebazpenak eta luzapenak.

f) Kontratazio-espedienteak behar bezala izapidetu eta kudeatzen direla eta behar bezala garatzen direla bermatzeko beharrezkotzat jotzen diren jarduketa guztiak.

Arabako ESIko Kontratazio Zerbitzuak, agindu honen xede diren eskumenak gauzatzeko eta jarduketak eta jarduerak garatzeko, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen eta aplikatu beharreko gainerako kontratu-araudiaren arauak bete beharko ditu.

2.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak garatu beharreko jarduerak:

a) Kontratazio-espedienteak hasteko eta onartzeko erabaki-egintzak onartzea.

b) Klausula berezien agiriak onartzea (teknikoak eta administratiboak).

c) Kontratazio-mahaia izendatzea. Horren osaera eta kideen identifikazioa kontratu bakoitzaren administrazio-klausula berezien agirietan sartuko dira, eta kontratatzailearen profilean argitaratuko dira.

d) Administrazio-kontratua esleitzeko ebazpena ematea.

e) Kontratuen gorabeherei dagozkien erabaki-egintzak onartzea: kontratuen aldaketak, ebazpenak eta luzapenak, eta kontratuen indarraldian sortzen diren gainerako gorabeherak.

f) Enpresa esleipendunek bermeak jartzea kudeaketa-agindua egin duen erakundearen alde.

g) Kontratua sinatzea, espedientearen kontratazio-organo gisa. Kontratuak administrazio-kontratuaren izaera juridikoa izango du.

h) Agindu honen ondoriozko kontratuen jarraipena eta kontrola egitea, eta kontratuen esleipendunei ordainketak egitea.

i) Kontratuak gauzatzearen ondoriozko edozein erantzukizuni erantzutea enpresa kontratatzaileen eta beste hirugarren batzuen aurrean.

Hirugarrena.– Eskumenen titulartasuna.

Kudeaketa-aginduak ez dakar berekin eskumenak lagatzea, ez eta eskumen horiek baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea ere. Eskumen horiek kontratazio-organoak gauzatuko ditu, urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) ezarritakoaren arabera.

Kontratazio guztietan, eta, bereziki, lizitazio-iragarkietan eta agindutako organoren baten partaidetza duten gainerako dokumentuetan, berariaz adieraziko da zer kudeaketa-aginduren arabera jarduten den, lizitatzaileek eta prozedurako interesdun guztiek horren berri izan dezaten.

Laugarrena.– Finantzaketa.

Kudeaketa-agindu honek ez dauka eduki ekonomikorik. Administrazioen arteko lankidetza-akordioa da soilik.

Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.

1.– Akordioaren jarraipen-batzorde bat sortu da, Osakidetzak izendatutako bi ordezkarik eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak izendatutako beste bik osatuko dutena.

2.– Batzorde horrek ebatziko ditu akordioa interpretatzeko orduan sortzen diren zalantzak edo/eta auziak, baita akordioa gauzatzearekin edo betetzearekin, edo akordioaren helburuekin zerikusia dutenak ere. Akordioa sinatu duen alderdietako batek eskatuta bilduko da, edozein momentutan.

Seigarrena.– Datu-babesa.

Agindua gauzatzean eskura ditzaketen datu pertsonalak akordio honetan ezarritako helburuetarako baino ez dira erabiliko. «Kontratazioaren kudeaketa» tratamendu-jardueran sartzen da.

Honako arauak betez garatuko da kudeaketa-agindua: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, kudeaketa-agindua betetzeko darabiltzan datu pertsonalen tratamendu-eragilea izango da Osakidetza, eta, horrenbestez, datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoa bete behar du. Agindu honen eranskinean agertzen den tratamendu-enkarguaren kontratua bi alderdien artean sinatu beharko da.

Zazpigarrena.– Akordioaren aldaketa.

Idatziz jaso beharko da akordio honetan egiten den aldaketa oro.

Alderdietako batek egin beharko du akordioa berrikusteko eskaera, eta beste alderdiari eman beharko dio horren berri, idatziz, horretarako jasotako edozein bide erabilita.

Jakinarazpena jasotakoan, alderdiek fede onez negoziatuko dute akordioaren aldaketa, eta, adostasunez lortuz gero, idatziz dokumentatuko dute.

Prozedura hori bera aplikatuko da akordioa aldatzeko beharra legerian edo araudian egindako aldaketaren batek ekarri badu. Nolanahi ere, akordioko klausula batekin bateraezina den lege- edo erregelamendu-mailako arau bat indarrean jartzen bada, azken horrek zuzenbidez galduko du eraginkortasuna; hala ere, alderdien betebeharra da aginduaren aldaketa sustatu eta betearaztea, beharrezkoa denean.

Zortzigarrena.– Indarrean sartzea, indarraldia eta akordioa azkentzea.

1.– Akordioak lau urteko indarraldia izango du, eta ondorioak sortuko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Akordioa luzatzeko, alderdi sinatzaileen berariazko adostasuna beharko da, aurreikusitako epea amaitu baino lehen, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita.

2.– Edonola ere, horrek ez die kalterik eragingo akordioaren indarraldia azkentzea eragin dezaketen kausei:

a) Hitzarmena sinatu duten erakundeak horretan bat etortzea; hala bada, idatziz egin beharko da.

b) Akordioaren xede diren jarduerak egiteko legezko ezintasuna edo ezintasun materiala bat-batean agertzea.

c) Alderdietako batek larriki urratzea akordio honen edozein klausula.

Bederatzigarrena.– Izaera juridikoa.

Akordio juridiko-administratibo hau egitean bete egin da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

Hamargarrena.– Jurisdikzioa onartzea.

Akordio hau aplikatzean sor daitekeen auzi judizial oro ebazteko, alderdi biek onartzen dute eskumena duen administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren menpean egongo direla.

Eta, ados daudela erakusteko, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

ERANSKINA
Datu pertsonalen tratamendu-enkargua

1.– Tratamenduaren arduraduna eta tratamendu-eragilea identifikatzea.

a) Tratamenduaren arduraduna: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.

b) Tratamendu-eragilea: agindua jaso duen erakundea, Osakidetza.

2.– Tratamendu-enkarguaren xedea.

Osakidetza zuzenbide pribatuko erakunde publikoari agintzen zaio, bere Erakunde Sanitario Integratuaren bidez (Araba ESI), administrazio-kontratazioari buruzko legeriak kontratazio-organoari esleitzen dizkion eginkizun jakin batzuk betetzea. Aginduak ez dakar datu pertsonalen fitxategiak lagatzea tratamenduaren arduradunaren ardurapean. Egoera bereziren batengatik horrelako datuak laga behar badira, eranskin hau aplikatuko da datu horien konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko. Horretarako, berariazko eranskin bat sinatuko da, behar hori dagoen kasuetarako.

3.– Taldeak eta tratatutako datu pertsonalak.

Ez da aurreikusten datu pertsonalak lagatzerik. Salbuespenezko zirkunstantziaren bat dela-eta horrelako lagapen bat egin behar bada, inguruabar horiek gertatzen diren kasu bakoitza zehaztuko da, eta, horretarako, kasu zehatz horretarako datu pertsonalak tratatzeko enkargu espezifiko bat sinatuko da.

4.– Datu pertsonalen tratamenduaren elementuak.

Esan bezala, datu pertsonalen tratamendurik aurreikusten ez bada ere, hala badagokio, egingo diren tratamendu zehatzak honako hauek izan daitezke:

– Bilketa/Erregistroa.

– Sailkapena/Egituraketa.

– Gordetzea/Segurtasun-kopia.

– Aldaketa.

– Irteera.

– Kontsulta.

– Komunikazioa-Helaraztea.

– Mugatzea.

– Ezabatzea / Ezereztea / Ahaztua izateko eskubidea.

– Kopiak suntsitzea.

– Segurtasun-kopiak berreskuratzea.

5.– Enkarguaren iraupena.

Enkargu honek lotzen zaion kudeaketa-aginduaren iraupen bera izango du.

6.– Datu pertsonalen jarduketa kudeaketa-agindua amaitzean.

Kudeaketa-agindua amaitzean, prestazioa amaitu delako, datu pertsonalak badaude, agindua jasotzen duen organoak bere esku dauden datu guztiak itzuli beharko dizkio tratamenduaren ardura duen organoari, tratamenduaren xede den datu pertsonalen bat jasotzen duen euskarri edo dokumentu ororekin batera. Itzultzeaz gain, agindua jasotzen duen erakundeak erabilitako ekipo informatikoetan dauden datu pertsonal guztiak ezabatu beharko dira. Hala eta guztiz ere, kopia bat gorde ahalko du, datuak behar bezala blokeatuta, kudeaketa-agindua betearaztetik erantzukizunak ondoriozta daitezkeen aldirako.

7.– Tratamendu-eragilearen betebeharrak.

Datu pertsonalik egonez gero, tratamendu-eragileak betebehar hauek hartzen ditu bere gain:

– Tratatu beharreko datu pertsonalak edo datu pertsonalak jasotzen dituztenak enkargu honen helbururako baino ez ditu erabiliko. Inola ere ezingo ditu erabili bere helburuetarako.

– Datuak tratamendu-arduradunaren jarraibideen arabera tratatuko ditu, eta ezin izango ditu beste ezein helburutarako aplikatu edo erabili.

– Ez zaizkio hirugarren pertsonei jakinaraziko datuak, salbu eta tratamenduaren arduradunaren berariazko baimena badu, legez onargarri diren kasuetan.

– Tratamenduaren arduradunaren kontura egindako tratamendu-jardueren kategoria guztien erregistro idatzia egingo du, datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudiak eskatzen duen edukia sartuta.

– Eskura dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna zainduko du, eta, tratamenduaren ardura duen erakundearekin harremanak amaitu ondoren, datu horiek gordeko ditu.

– Datu pertsonalak eta, hala badagokio, datu pertsonalak dituzten euskarriak suntsituko ditu edo tratamenduaren arduradunari itzuliko dizkio, eta kopiak suntsituko ditu zerbitzua amaitzen denean.

– Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek konfidentzialtasuna errespetatzeko berariazko konpromisoa idatziz hartzen dutela bermatuko du. Eta, gainera, tratamenduaren arduradunaren eskura izango du hori egiaztatzen duen dokumentazioa.– Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek datu pertsonalak babesteko beharrezko prestakuntza dutela bermatuko du.

– Tratamenduaren arduradunarekin lankidetzan arituko da, datuen babesari buruzko araudian aurreikusitako eskubideak baliatzen dituzten interesdunei erantzunak emateko. Berehala jakinaraziko dio tratamenduaren arduradunari eragindako pertsonek beren eskubideak baliatu dituzten tratamendu-eragilearen aurrean.

– Segurtasun-urraketak jakinaraziko dizkio tratamenduaren arduradunari, bidegabeko atzerapenik gabe eta, betiere, 72 orduko gehieneko epea igaro baino lehen; gorabehera dokumentatzeko eta jakinarazteko garrantzitsua den informazioa helaraziko dio. Ez da beharrezkoa izango jakinaraztea, baldin eta gertagaitza bada segurtasun-urraketak arriskurik ekartzea pertsona fisikoen eskubide eta askatasunetarako.

– Hala dagokion kasuetan, tratamenduaren arduradunari lagunduko dio datuen babesari buruzko eragin-ebaluazioak egiten, baita kontrol-agintaritzari aurretiko kontsultak egiten ere.

– Tratamenduaren arduradunaren esku jarriko du betebeharrak bete izana egiaztatzeko behar den informazio guztia, baita kasuan kasuko auditoretzak edo ikuskapenak egiteko behar den informazioa ere.

– Tratamendu-eragileak datuak beste xede batekin erabiltzen baditu edo hizpaketak bete gabe komunikatu edo erabiltzen baditu, tratamendu-eragilea tratamenduaren arduradun gisa hartuko da, eta urraketen arduraduna izango da.

8.– Segurtasun-neurriak.

Datu pertsonalik badago, Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duena urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan ezarritako segurtasun-neurriak aplikatuko dira datuen tratamenduan.

Datu pertsonalak babesteko, datu horiek arrazoizko konfidentzialtasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna gal ez ditzaten antolakunde ordenatu batek hartu behar dituen neurriak erabili behar dira.

9.– Tratamenduaren arduradunaren betebeharrak.

Ez da aurreikusten datu pertsonalak lagatzerik. Salbuespenezko inguruabarren bat dela-eta horrelako lagapen bat egin behar bada, tratamendu-eragileari datu pertsonalak emango zaizkio, halakorik balego; tratamendu-eragileak, aldez aurretik eta tratamendu osoan, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa betetzen direla zainduko da, eta hura gainbegiratuko da.

Tratamenduaren arduraduna,

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako saila.

Tratamenduaren eragilea,

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua.


Azterketa dokumentala