204. zk., 2021eko urriaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (284 KB - 9 orri.)
- EPUB (224 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5202
221/2021 DEKRETUA, urriaren 5ekoa, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren osaera, antolamendua, funtzionamendua eta zereginak arautzen dituena.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak zehazten ditu kultura-ondarearen arloan euskal administrazio publikoen hiru mailetako bakoitzari dagozkion jarduerak, eta jarduera horien koordinazioaren ardura izango duen organoa sortzen du. Horrela, kultura babesteko sistema finkatzearen aldeko apustu irmoa egiten da. Sistema horrek kudeaketa- eta koordinazio-tresnak izango ditu, hiru administrazio-maila eskudunen arteko egituraketa bermatzeko eta, hartara, sistema hori koherentziaz ezarri, antolatu eta finkatu ahal izateko.
Alde horretatik, 6/2019 Legeak interes argia du kultura-ondarea babesteko eskumenak dituzten hiru administrazio-mailen –autonomikoa, foru maila eta udal maila– arteko lankidetza- eta koordinazio-bideak eta -formulak ezartzeko, eta interes hori, era berean, euskal administrazio publikoen politika publiko sektorialetan proiektatzen da, non kultura-ondarea babestea kontuan hartu beharreko elementua izango den.
6/2019 Legeak, 5. artikuluan, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa sortzen du, kultura-ondarearen eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita, eremu horretan euskal administrazio publikoen erakundearteko elkarlana antolatzeko.
6/2019 Legeak Erakundearteko Organoaren zereginak zehazten ditu, eta, aldi berean, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren osaerari, antolamenduari, funtzionamenduari eta zeregin osagarriei buruzko alderdiak erregelamendu bidez arautzea agintzen du. Araudi horretan ordezkaritza paritarioa aurreikusten da, alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren eta, bestetik, foru-aldundien eta udalen artean.
6/2019 Legeak, halaber, honako alderdi hauek zehazten ditu: Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko presidentea Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen saileko titularra izango da, eta organo horren deialdia egin beharko da hura osatzen duten hiru erakundeetako batek hala eskatzen badu. Gutxienez, urtean bi koordinazio-bilera egin beharko dira.
Azkenik, 6/2019 Legearen bosgarren xedapen iragankorrak xedatzen duenez, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoak, sortzen denetik hiru urteko epean, kutsadura bisualaren eta akustikoaren aurkako plan bat egingo du, kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak onartu beharko duena.
Hori dela eta, aipatutako legearen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren osaera, antolamendua, funtzionamendua eta zeregin osagarriak erregelamendu bidez ezarriko direnez, aurreikuspen hori betetzen da, 6/2019 Legean bertan ezarritakoaren arabera.
Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, dagozkion txostenak eman ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko urriaren 5ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren osaera, antolamendua, funtzionamendua eta zereginak arautzea, euskal administrazio publikoen arteko komunikazio-, lankidetza- eta laguntza-betebeharra baliatze aldera, administrazioen artean eta, zeharka, kultura-administrazioaren eta inplikatuta dauden gainerako administrazio sektorialen artean; betiere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 5. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz.
2. artikulua.– Izaera.
1.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa kide anitzeko organo aholku-emailea, deliberatzailea eta parte hartzekoa izango da arlo horretan. Organo horren bidez, euskal administrazio publikoen arteko lankidetza eta koordinazioa egituratzen da, euskal kultura-ondarea babesteko sistema homogeneoa lortzeko.
2.– Kide anitzeko organo hori kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da.
3.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren proposamenak eta txostenak ez dira lotesleak izango.
3. artikulua.– Zereginak.
Hauek dira Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren zereginak:
a) Euskal kultura-ondarearen babesari buruzko informazio-trukea eta elkarlana bultzatzea.
b) Irizpide bateratuak eta jarduketa-planak proposatzea, euskal kultura-ondarea zaintzeko, transmititzeko, bere balioa nabarmentzeko eta haren zabalkundea egiteko.
c) Euskal kultura-ondarea sustatzeko koordinazio-neurriak proposatzea.
d) Euskal kultura-ondarea babesteko eta kudeatzeko lanean inplikaturiko beste administrazioekin lankidetza eraginkorra bultzatzea, batez ere lurralde-antolamendu eta hirigintzarekin, etxebizitzarekin, industriarekin, ingurumenarekin, turismoarekin eta hezkuntzarekin.
e) Parte hartzeko mekanismoak antolatzea, herritarrek kultura-ondasunen babesa proposatu dezaten 6/2019 Legearen irizpide eta kategorien arabera.
f) Kultura-ondasunen deskontaminazio bisual eta akustikorako plan bat egitea.
g) Euskal kultura-ondarea babesteko eta balioesteko hobekuntza-neurriak proposatzea, kontuan hartuta kultura-ondasun mota bakoitzaren berezitasunak eta indarrean dagoen araudian horretarako esleitutako eskumen-banaketa.
h) Jarduteko metodo eta protokoloen homogeneizazioa bultzatzea, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoan ordezkatutako administrazio publikoen artean adostuta.
i) Kultura-ondarearen arloan erantzukizunak dituzten euskal administrazio publikoetako zerbitzuen arteko lankidetza-hitzarmenak bultzatzea. Nolanahi ere, eraginpeko administrazioek berretsi eta formalizatu beharko dituzte akordio horiek.
j) Kultura-ondareari buruzko informazio-eredu komun bat ezartzea zerbitzu guztietan.
k) Euskal kultura-ondarea babesteko lege-aurreproiektuei eta xedapen orokorren proiektuei buruzko informazioa izatea.
l) Koordinazio-estrategiak eta -proposamenak planteatzea euskal administrazio publikoen politika publiko sektorialen eremuan, euskal kultura-ondarea defendatzeak eta balioesteak horietan nolabaiteko eragina izan dezan.
m) Kultura-ondarea babesteari buruzko araudien (autonomikoak, foru-mailakoak eta tokikoak) gaineko informazioa jasotzea.
4. artikulua.– Osaera.
1.– 6/2019 Legearen 5.3 artikuluan aurreikusitako Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta udalen arteko ordezkaritza paritarioaren irizpideari jarraikiz, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoak hamabi kide izango ditu, Idazkaritza alde batera utzita; horietatik, sei Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izango dira, hiru foru-aldundien ordezkari eta beste hirurak udalenak.
2.– Organoko kideak izendatzerakoan, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan nahikoa gaitasun edukitzea, eta gizonen eta emakumeen arteko oreka bilatuko da.
3.– Aurrekoa kontuan hartuta, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren osaera honako hau da:
a) Presidentetza.
Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen saileko titularrari dagokio.
b) Kideak.
I.– Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailburuordetzako titularra.
II.– Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen zuzendaritzako titularra.
III.– Eusko Jaurlaritzaren hiru ordezkari, kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko titularrak izendatuta, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren zereginekin eta eskumenekin lotutako arloetan duen erantzukizun-maila kontuan hartuta.
IV.– Ahal dela zuzendaritza arloko erantzukizunak dituen pertsona bat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gisa.
V.– Ahal dela zuzendaritza arloko erantzukizunak dituen pertsona bat, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari gisa.
VI.– Ahal dela zuzendaritza arloko erantzukizunak dituen pertsona bat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gisa.
VII.– Kultura arloko arduradun bat, udalen ordezkari gisa, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak izendatua, hori baita toki-erakunde autonomikoen elkarteetatik zabalkunde handiena duena.
c) Idazkaritza.
Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean aritzen den pertsona bat.
Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko idazkaria bileretara joango da. Hitza izango du, baina botorik ez.
4.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa osatzen duten pertsonak kultura-ondarearen arloan eskumena duen saileko titularrak izendatuko ditu, dagokien erakundeek horretarako proposamena egin ondoren.
Pertsona horien kargu-uztea izendapenaren prozedura beraren bidez egingo da.
5.– Lehenago xedatutakoari kalterik egin gabe, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko presidentearen erabakiz, bileretara joan ahal izango dira, bertan aztertuko diren gaien izaera kontuan hartuta, kultura-ondarearen arloko aditutzat har daitezkeen pertsonak, haien ezagutza, esperientzia eta ospea kontuan hartuta.
Pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.
5. artikulua.– Presidentetza.
Hauek izango dira presidentearen eginkizunak:
a) Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren ordezkaria izatea eta, eginkizun hori betetzean, beste administrazio-organo edo erakunde publiko edo pribatu batzuekin harremanetan egotea,
b) ohiko eta ezohiko bilkuretarako deialdia egitea erabakitzea eta gai-zerrenda finkatzea; horretarako, kontuan izango ditu gainerako kideek behar besteko denboraz aurkeztutako eskaerak, aurkeztu badituzte,
c) bilkuren buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, kausa justifikaturik izanez gero, bilkurak bertan behera uztea,
d) botoa emateko eskubideaz baliatu, beren boto partikularra eman eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaldu,
e) legeak betetzen direla ziurtatzea,
f) aktak eta organoaren erabakien ziurtagiriak ikus-onestea,
g) bere sinadurarekin bilkuretako aktak berrestea eta erabakiak bidaltzeko agintzea,
h) erabakiak hartzerakoan berdinketarik bada, bere botoaren bitartez erabakitzea,
i) Dekretu hau betetzea eta betearaztea, zalantzazko kasuetan gainerako kideei bere interpretazioa proposatuz eta Eusko Jaurlaritzari egoki iritzitako aldaketen berri emanez, Erakundearteko organoaren funtzionamendu azkarra, egokia eta eraginkorra bermatze aldera, eta
j) presidentetzari dagozkion gainerako zereginak egitea.
6. artikulua.– Kideak.
Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko kideei honako eskubide eta betebehar hauek dagozkie:
a) Bilera baino gutxienez zazpi egun lehenago, deialdia jasotzea. Deialdian bileraren gai-zerrenda egongo da jasota. Gai-zerrendako aztergaiei buruzko informazioa ere epe berean izango dute eskuragarri.
b) Ohiko eta ezohiko bilkuretara joatea eta eztabaidetan parte hartzea.
c) Botoa emateko eskubideaz baliatzea, beren boto partikularra ematea eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea.
d) Proposamenak eta iradokizunak egitea, gai-zerrendan sar daitezen.
e) Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren bilkura berezirako deialdia eskatzea.
f) Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren saioetan kultura-ondarearekin zerikusia duten zenbait gaitako adituak egon daitezen proposatzea.
g) Galderak eta eskariak egitea.
h) Emandako zereginak betetzeko behar den informazioa lortzea.
i) Isilpean eta zuhurtziaz jokatzea, aztertzen diren gaien izaerak hala eskatzen duenean.
j) Dekretu honen arabera jardutea.
k) Kide izateagatik berezkoak dituzten bestelako zeregin guztiak.
7. artikulua.– Idazkaritza.
Idazkaritzari dagokio:
a) Presidentearen aginduz, organoaren bilkuretarako deialdia egitea eta Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko kideei zitazioak bidaltzea.
b) Aholkuak ematea presidenteari, gai-zerrenda zehazteko orduan.
c) Dokumentu guztiak (bilkuran landuko diren gaiei buruzko txosten, azterlan edo proposamenak) bildu, ordenatu eta prestatzea, eta horien berri ematea Organoko kideei, aurreko bilkurako deialdiarekin eta, hala egokituz gero, aktarekin batera.
d) Landu beharreko gaiei buruzko aurretiazko txostenak prestatzea, hala egokitzen denean.
e) Kideek egindako komunikazioak (jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo bere jakinaren gainean egon beharreko beste idazki oro) jasotzea.
f) Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren ohiko eta ezohiko bilkuretara joatea eta horien akta egitea.
g) Fede-emaile gisa jardutea, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoak egindako txostenak, irizpenak, aktak eta erabakiak egiaztatuz –presidentearen oniritziarekin–, eta, hala badagokio, ziurtagiria dagokion akta onartu baino lehenagokoa dela berariaz adieraziz.
h) Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.
i) Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoak sortzen duen informazioa helaraztea Organoak zehazten dituen pertsona eta erakundeei.
j) Bere ardurapean duen dokumentazioa antolatzea eta zaintzea, eta Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko kideen eskura jartzea.
k) Presidenteak agindutako kudeaketa eta koordinazioko gainerako ekintzak edota idazkari izaerari dagozkionak.
8. artikulua.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa osatzen duten pertsonen agintaldia.
1.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa osatzen duten pertsonen agintaldia kasu hauetan amaituko da:
a) Baliogabetzea edo kargutik kentzea, kultura-ondarearen eskumena duen saileko titularrak hala erabakita, organo horretan parte hartzen duen administrazio publikoak horretarako proposamena egin ondoren.
b) Izendapen horri dagokion izaera –kargua edo lanpostua– galtzea.
c) Ebazpen irmoa, judiziala edo administratiboa, kargu publikoetarako desgaitzea edo etetea dakarrena.
d) Heriotza, edo jardun horretan aritzeko desgaitasuna dakarren gaixotasuna.
e) Uko egitea.
2.– Aurreko arrazoiren batengatik hutsik geratzen diren postuak hilabeteko epean beteko dira, egoera hori Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko idazkariari jakinarazten zaionetik aurrera.
9. artikulua.– Ordezkapenak.
1.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren presidentetzan ordezkapena egitea, baldin eta postu hori hutsik badago, presidentea kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, kultura-ondarearen arloko sailburuorde eskudunari egokituko zaio.
2.– Kiderik ez badago, edo kideak kanpoan edo gaixorik badaude, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, foru-aldundiek eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteak ordezkoak izendatzeko proposatuko diote Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen saileko titularrari.
3.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren Idazkaritzan ordezkapena egitea, baldin eta postu hori hutsik badago, idazkaria kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen saileko sailburuak izendatzen duen pertsonari egokituko zaio.
4.– Aldi berean izendatuko dira organoko kide titularrak eta ordezkoak.
10. artikulua.– Deialdia, eraketa eta funtzionamendua.
1.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa modu presentzialean zein ez-presentzialean eratu ahal izango da, bai eta deialdiak egin, bilerak egin, erabakiak hartu eta aktak egin ere.
2.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa gutxienez urtean bitan bilduko da, ohiko bilkuran.
3.– Era berean, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa osatzen duen administrazio publiko batek hala eskatzen badu, biltzeko deia egin beharko da.
4.– Presidentea arduratuko da Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren bilkuretarako deialdia egiteaz.
5.– Bilkura bakoitzaren gai-zerrenda horretarako prestatutako dokumentuan jasoko da. Dokumentu hori kideei bidali beharko zaie, deialdiaren idazkiarekin batera, eta, hala badagokio, aztertu beharreko gaiei buruz egokitzat jotzen den dokumentazioarekin batera.
6.– Kideek gutxienez zazpi egun lehenago jaso beharko dute bilkuretarako deia, salbu eta presidenteak premia dagoela uste badu. Premia baldin badago, deialdian bertan adierazi beharko da hori. Azken kasu horretan, bilkurarako deia gutxienez hogeita lau ordu lehenago jaso beharko dute kideek, eta bilkura-ordenaren lehen puntu gisa, Organoko kideen gehiengoak berretsi egin beharko du.
Hala ere, aurreko ataleko baldintzak bete ez arren, kide anitzeko organoa osatzen duten pertsona guztiak modu presentzialean edo ez-presentzialean bilduta daudenean, balio osoz eratu ahal izango dira bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, aldez aurreko deialdirik egin gabe, betiere kide guztiek hala erabakitzen badute.
7.– Deialdian, bilkura egiteko eguna, ordua, tokia eta gai-zerrenda adieraziko dira.
8.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko kide batek proposatu ahal izango dio presidenteari gai-zerrendan punturen bat sartzeko, baldin eta saioaren eguneko gai-zerrenda bidali baino gutxienez 48 ordu lehenago egiten badu eta proposamenarekin batera proposamena justifikatzeko memoria labur bat aurkezten badu.
9.– Deialdiak Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko kideei bidaliko zaizkie bitarteko elektronikoen bidez, eta eztabaidatzeko behar den dokumentazioa erantsiko zaie. Era berean, zehaztuko da zer baldintzatan egingo den bilkura, zein izango den konexio-sistema eta, hala badagokio, non dauden bilerara joateko eta bertan parte hartzeko behar diren baliabide teknikoak.
10.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren bilkura bat –ohikoa edo ezohikoa– balio osoz eratutzat jotzeko, organo horretako presidentea eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertaratu behar dira.
11.– Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik, salbu eta Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko kide guztiak bertaratu badira eta gehiengoak erabaki badu aztergaia premiazkoa dela.
11. artikulua.– Erabakiak hartzea.
1.– Erabakiak baiezko bidez onartutzat joko dira, salbu eta presidenteak, bere kabuz edo Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko kide batek eskatuta, erabaki horiek bozkatzea erabakitzen badu.
2.– Erabakiak bozkatzen badira, bertaratutakoen botoen gehiengo soilez hartuko dira, eta berdinketak presidentearen kalitate-botoaren bidez ebatziko dira.
3.– Bilkura modu ez-presentzialean egiten bada, erabakiak Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailaren egoitzan hartu direla ulertuko da.
4.– Botoa zuzenekoa, pertsonala eta eskuordeezina izango da.
5.– Bilkuran dagoen kide batek gehiengoaren erabakiaren aurkako boto partikularra eman ahal izango du, baldin eta bilkura amaitu baino lehen iragartzen badu eta Organoaren Idazkaritzara idatziz bidaltzen badu, bilkura amaitu eta gehienez ere bost egun naturaleko epean. Boto partikular horiek gehiengoaren erabakiaren testuari erantsiko zaizkio.
6.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko kideek aurkako botoa ematen badute edo abstenitzen badira, ez dute beren gain hartuko erabakietatik erator daitekeen erantzukizunik.
12. artikulua.– Aktak eta ziurtagiriak.
1.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren bilkura guztietako akta egingo du idazkariak. Akta horretan, nahitaez, honako hauek jaso behar dira: bildutakoak, gai-zerrenda, bilera non eta noiz izan den, eztabaidetako argudio nagusiak eta erabakien edukiak.
2.– Kide anitzeko organoak egindako bilkura guztiak grabatu ahalko dira. Grabaziotik lortzen den fitxategia, grabazioaren autentikotasunari eta osotasunari buruz idazkariak egindako ziurtagiria eta bilkuran euskarri elektronikoan erabiltzen diren dokumentu guztiak bilkura-aktarekin batera jarri ahalko dira, eztabaidei buruzko gorabehera zehatzak aktan jasotzeko premiarik izan gabe.
3.– Bilkura bakoitzeko akta bilkuran bertan onartu ahalko da edo hurrengo bilkuran. Idazkariak presidentearen iritziarekin egingo du akta, eta bide elektronikoen bidez bidaliko die kide anitzeko organoko kideei. Kide horiek bide horien bidez adierazi ahalko dute testuarekiko adostasuna edo eragozpenak, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bileran bertan onartutzat joko da.
4.– Egindako bilkurak grabatzea hautatu bada edo euskarri elektronikoko dokumentuak erabiltzea hautatu bada, kontserbatu egin beharko dira, fitxategi horien osotasuna eta autentikotasuna bermatzeko eta kide anitzeko organoko kideek horietarako irispidea izateko.
5.– Interes legitimo baten titulartasuna egiaztatzen dutenek Organoaren idazkariarengana jo dezakete, erabakien ziurtagiria egin diezaien. Ziurtagiria baliabide elektronikoen bidez egingo da, salbu eta interesdunak espresuki kontrakoa adierazten badu eta administrazioekin bide horren bitartez harremanetan egoteko obligaziorik ez badu.
13. artikulua.– Batzorde bereziak.
1.– Kideek aldez aurretik adostuta, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoak, beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen badu, batzorde bereziak eratu ahal izango ditu, jarduera-eremu espezifikoetan azterlanak eta plangintza-proposamenak egiteko.
2.– Batzorde horiek kultura-ondarearen arloko gai zehatz batzuk aztertzeko eta horiei buruzko proposamenak egiteko balioko dute, eta analisirako eta erabakiak hartzeko oinarri izango dira. Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoari aurkeztu beharko zaizkio bilkuretan lortutako emaitzak, eta gai horiei buruzko aholkuak eman beharko zaizkio.
3.– Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen saileko titularrak finkatu ahal izango du, oro har, batzorde berezien funtzionamendu-araubidea, edo, bestela, batzorde bereziak sortzeko erabakiaren bidez emandako jarraibideen arabera.
4.– Batzorde bereziak osatu ahal izango dituzte euskal administrazio publikoetako kideek eta batzorde horiek sortzeko helburuaren arabera egokientzat jotzen diren kultura-sektoreko profesionalek.
5.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren batzorde bereziek organo horren Idazkaritzaren laguntza izango dute.
14. artikulua.– Baliabide tekniko eta pertsonalak.
Kultura Ondarearen Zuzendaritza Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailaren menpe dago, eta, bere baliabide tekniko eta materialen bidez, beharrezko laguntza eta babesa emango dizkio Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoari.
15. artikulua.– Konpentsazio ekonomikoa.
1.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko kide izateagatik ez da ordainsaririk jasoko, baina Kontseiluko kideek eta batzorde berezietan parte hartzen dutenek konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea izango dute, parte hartzen duten bileretara joateagatik. Konpentsazio hori bateragarria izango da Kontseiluan parte hartzeko edo bertara joateko egiten diren joan-etorriei dagozkien kalte-ordainekin. Bertaratzeagatiko konpentsazioak eta joan-etorriengatiko kalte-ordainak zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako baldintza, kopuru eta mugen arabera jasoko dira.
2.– Administrazio publikoetan betetzen den karguagatik edo lanpostuagatik Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko kide izan behar denean edo bertan parte hartu behar denean, ez da bertaratzeagatiko ordainsaririk emango.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoko kideak proposatzea:
Dekretu hau indarrean jarri eta hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen saileko titularrak foru-aldundietara eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartera joko du, eta Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa ordezkatuko duen pertsona izendatuko du, bai eta proposatutako ordezkoak ere.
Foru aldundiek eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteak beren proposamenak sail horretara bidali beharko dituzte hilabeteko epean, izendapen-eskaera jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Funtzionamendu-araubidea.
Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoak osatu egin ditzake dekretu honetan ezarritako funtzionamendu-arauak.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa eratzea.
Dekretu hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean eratuko da Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.
Dekretu honetan aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da, bereziki prozedura-gaiei edo kide anitzeko organoei buruzko gaiei dagokienez.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean sartzea.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2021eko urriaren 5ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.